Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2012ko martxoaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
987

24/2012 DEKRETUA, otsailaren 21ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan La Esperanza biltegi berriaren eta El Ser, Campilo I eta II, eta Abra Industrial III industriaguneetarako horniduraren proiektu berritua burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, 2011ko uztailaren 26an, teknikoki onartu egin zuen egitasmo hau: «La Esperanza biltegi berriaren eta El Ser, Campilo I eta II, eta Abra Industrial III industriaguneetarako horniduraren proiektu berritua». Eta informazioa jendaurrean jartzeko izapidea egitea erabaki zuen: egitasmoa eta jabetza kentzeko hartu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda banakatua. Ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, 2011ko azaroaren 29ko bilkuran, behin betiko onespena eman zion aipatutako egitasmoari eta hartuko diren ondasun eta eskubideen zerrendari, eta hartu egin behar direla adierazi zuen. Eta Eusko Jaurlaritzari egitasmo horrek eragiten dien ondasun eta eskubideak premiaz hartzeko adierazpena eskatzea erabaki zuen, Jabetza Nahitaez Kentzeko Legeko 52. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Beharrezkoa da inguruko industriagunerako ur horniduraren gaur egungo egoera txarra saihestea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2012ko otsailaren 21ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan La Esperanza biltegi berriaren eta El Ser, Campilo I eta II, eta Abra Industrial III industriaguneetarako horniduraren proiektu berritua burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira.

Bilbon, 2012ko otsailaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala