Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2012ko otsailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.
802

IRAGARKIA, Compite Programaren araudia onartzeko dena.

Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren Administrazio Kontseiluak batzarra egin zuen 2011ko abenduaren 21ean, eta bertan, Compite programan jasotako laguntzak emateko araudia onartu zen. Honen ondoren ematen da, osorik, testua.

Bi urtetan aplikatu da Compite programa Euskal Autonomia Erkidegoan, eta emaitza onak izan direnez, beharrezkotzat jotzen da programari indarrean eustea Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren esparruan.

Gaur egungo globalizazio-egoeran, ezin da lehiatu lehengai edo soldaten kostu baxuetan oinarritutako ohiko baldintzetan.

Horregatik, enpresek euren produktibitatea handitu behar dute. Horretarako, ekoizpen-prozesuak hobetuko dituzte, ekoizpen-sistema aurreratuak ezarriko dituzte, beste enpresa batzuekin lankidetzan jardungo dute, sare bidezko ekoizpen-ereduak abian jarriko dituzte, eta merkatu berriak aurkituko dituzte. Gainera, enpresa askok dibertsifikazio-prozesuak abian jartzeko beharra dute, beren eskaintzari beste produktu eta/edo zerbitzu batzuk gehitzeko.

Epe ertain eta luzerako erronka izango da euskal enpresa ingurunearen aldaketetara egokitzea.

Horretarako, SPRIk, Eskualde Garapeneko Agentzia denez, EAEko ehun enpresariala eraldaketa lehiakorraren bidean kokatzen jarraitu behar du, eta zeregin horretan, kapilarizazio- eta dinamizazio-funtzioak egin ditzaketen eragileen laguntza izango du.

Eraldaketaz ari garenean, enpresek beren abantaila konparatiboei sistematikoki eusteko duten gaitasuna hobetzeaz ari gara; hots, lehiakide globalen aurrean kokatzea, kokapen hori hobetzea eta/edo hari eustea ahalbidetzen dieten abantailak hobetzeaz.

Testuinguru horretan, enpresen lurraldekako edo sektorekako taldeen lankidetza bultzatzea du helburu Compite programak, hartara lehiakortasunaren aldeko jarduera eta proiektu bateratuak bultzatzeko. Ekimen horien buruzagitza enpresa bultzatzaileek ere bereganatu ahal izango dute, behar-beharrezkoa den buruzagitza hori beren gain hartzeko prest badaude.

Laburbilduz, programa honek bi helburu ditu:

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lehiakortasuna hobetzea.

2.- Programa honen kapilarizazioa eta dinamizazioa gauzatzea helburu duten —sektore, enpresa eta lurralde mailako—eragileei laguntzea.

1. artikulua.- Xedea.

Programaren helburua:

1.- Enpresaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lehiakortasuna hobetzeko ekintzak bultzatzea; horretarako, bai kanpoko aholkularien laguntza pertsonalizatua, bai finantzaketa eskainiko ditu, hartara, eremu globaletan lehiakortasuna hobetzeko proiektuak errazago gauza daitezen.

2.- Sektore, enpresa eta lurralde mailako eragileen eremuan, eragile horiek gauzatutako dinamizazio-jarduerak bultzatzea, euskal enpresen ehunaren kapilartasuna areagotzeko, eta ahalik eta enpresa gehienei Compite programako diru-laguntzak —eta, oro har, SPRIrenak— eskuratzeko ahalmena emateko.

Programan sartzeko baldintzak eta prozedura ezartzen ditu araudi honek.

2. artikulua.- Aplikatzeko araudi nagusia.

Programa honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio:

1.- Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretua.

2.- Prozesu administratiboetan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeari buruzko 232/2007 Dekretua.

3.- Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikatu daitezkeen guztiak.

4.- Minimis laguntzak aplikatzeari buruzko Europako Batzordearen 1998/2006 (EE) Erregelamendua.

5.- Kategoriakako salbuespenen Erregelamendu Orokorrari buruzko Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamendua. I. eranskina.

6.- Europar Batasunaren Funtzionamendu Ituna. 101. eta 102. artikuluak.

3. artikulua.- Zehaztapenak eta definizioak.

Programa honi dagokionez, definizio hauek finkatzen dira:

1.- SPRI. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren izen komertziala.

2.- Enpresa. Jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

3.- Eusko Jaurlaritzaren Administrazioa. Eusko Jaurlaritza eta bere menpeko erakunde eta entitateak barne hartzen ditu.

4.- Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

a) 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dioten enpresak, baldin eta urteko negozio-bolumena, gehienez ere, 50 milioi eurokoa badute, edo urteko balantze orokorra, gehienez ere, 43 milioi eurokoa badute.

b) Langile kopurua zehazteko, finantza-zenbatekoak zehazteko eta erreferentzia epea zehazteko, Batzordearen 800/2008 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa izan beharko da kontuan.

5.- Enpresa handiak. Aurreko puntuan aditzera emandako mugak gainditzen dituzten enpresak.

6.- Enpresa bultzatzailea. Enpresa bultzatzailearen hornitzaile edo kolaboratzaile diren enpresen jokabidean eragin nabarmena duen enpresa handia.

7.- Bitarteko Eragileak. Eskualde- edo herri-garapeneko agentziak eta ekonomia sustatzeko eta enpresak dinamizatzeko bestelako erakundeak.

8.- Sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileak. Eskualde edo Herri Garapeneko Agentziak, Kluster Nagusiak eta Aurrekluster Sektorialak eta Compite Merkataritza Eragileak.

9.- Kluster Nagusiak eta Aurrekluster Sektorialak. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarengandik akreditazio hori eskuratu dutenak.

10.- Compite Merkataritza eragileak.

a) Merkataritza-enpresen erakundeak; gutxienez, probintzia-mailakoak izango dira, eta lankidetzako proiektuak abian jartzeko behar beste elkarte bilduko dituzte.

b) Guztira, 2.000 merkataritza-establezimendutik gora dituzten herrietan dauden hiri-merkataritzako plataformak, lankidetza-proiektu garrantzitsuak abian jarri ahal izateko masa kritiko nahikoa bermatu ahal izateko.

8., 9. eta 10. puntuetan definitutako erakundeek, honako baldintza hauek ere bete behar dituzte:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, eta jarduera ere bertan garatzea.

b) Herri-interesekoak diren xede eta jarduerak izatea, ekonomia—oro har— bultzatzea eta/edo geografia-eremu edo sektore bereko enpresen lehiakortasuna hobetzea, eta euren helburu izatea, batetik, euskal enpresa-ehunaren kapilartasuna areagotzea, eta, bestetik, sektore guztietako ahalik eta enpresa gehienei laguntzak ematea—zehazki, Compite Enpresak programarenak, eta, oro har, SPRIrenak—.

c) Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea, edo bestela, haren kapitalaren gehiengoa publikoa izatea.

1.- Krisialdian dagoen enpresa. Hurrengo baldintzetako bat betetzen badu enpresa batek, krisian dagoela ulertuko da:

a) Erantzukizun mugatudun bazkideak dituzten sozietateak. Harpidetutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteetan.

b) Erantzukizun mugagabedun bazkideak dituzten sozietateak. Berezko funtsen erdia baino gehiago desagertu bada eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteetan.

c) Enpresa-forma guztietarako. Porrot edo kaudimen-gabeziako prozedurari heltzeko baldintzak betetzen ditu.

Hiru urte baino gutxiagoko ETEak ez dira krisialdian diren enpresatzat hartuko, aurreko «c» hizkian ezarritakoa betetzen dutenean salbu.

2.- Enpresen banakako proiektua. ETE batek -berak bakarrik- aurkeztutakoa.

3.- Eragileen banakako proiektua. Eragile batek -berak bakarrik- aurkeztutakoa.

4.- Enpresen lankidetza-proiektua. Hainbat ETEk, enpresa bultzatzaile batek eta ETE batek, edo bitarteko eragile batek eta zenbait ETEk aurkeztutakoa (erakunde guztiek osatzen dute lankidetzaren perimetroa). Bi enpresen artean ez da lankidetzarik egongo, elkartutako edota elkarri lotutako enpresak badira.

5.- Eragileen lankidetza-proiektua. Zenbait eragilek aurkeztutakoa (denek batera osatzen dute, halaber, lankidetzaren perimetroa).

6.- Langile-gastuak. Horren barruan sartzen dira soldata gordina —zergak kontuan hartu gabe— eta legez beharrezkoak diren kotizazioak.

7.- Enpresen proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakundeak gauzatutako txostena, honako informazio hau jasoko duena:

a) Proiektuaren helburuak eta programarekiko adostasuna.

b) Proiektuaren kalitatea. Hasiera eta amaiera.

c) Emaitzen eragina.

d) Talde sustatzailearen kalitatea eta gaitasuna.

e) Proiektuaren kudeaketa-kalitatea.

f) Izendatutako baliabideen egokitzapena.

8.- Eragileen proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakundeak gauzatutako txostena, honako informazio hau jasoko duena:

a) Erakunde eskatzailearen izaera.

b) Proiektuaren helburuak eta programarekiko adostasuna.

c) Eskualdeko eta sektoreko Lehiakortasunerako Jarduera Planeko ekintzen kalitatea. Hasiera eta amaiera.

d) Emaitzek ehunean izango duten eragina.

e) Proiektuaren kudeaketaren kalitatea, eta, kasua bada, talde sustatzailearen gaitasuna.

f) Izendatutako baliabideen egokitzapena.

9.- Laguntza gardena. Aldez aurretik diru-laguntza gordin baliokidea (DLGB) zehazki kalkulatzeko aukera ematen duena, arriskuaren ebaluazioa egiteko beharrik gabe.

10.- Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, diruz laguntzeko moduko gastuen ehunekoetan adierazia.

11.- Eskatzailearen plantillako langileen gastuak. Ikertzaileen eta proiektuari zuzenean laguntza ematen dieten beste langile batzuen gastua.

12.- Kanpoko aholkularitza espezializatuaren gastuak. Aurkeztutako proiektuaren arloan, kanpoko aholkulari adituak azpikontratatzeak eragindako gastua.

Enpresaren kasuan, gastu horiek izango dira, hain zuzen ere, lehiakortasunaren hobekuntzari, berrikuntzari, dibertsifikazioari eta/edo merkatu berriak aurkitzeari dagozkienak; gastu horietan sartu ahal izango dira, halaber, saiakuntza teknikoak egitea, sektore mailako erreferentzialak ezarri eta lehenengoz egiaztatzea, hornitzailearen homologazioak egitea, teknologia, produktu edo merkatu jakin bateko garapen-maila gorenari buruzko irizpenak eskatzea, edo herrialde lehiakideetako enpresen planteamendu estrategikoei buruzko irizpenak eskatzea.

Kanpo-aholkularitzako enpresek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez dira izango herri-administrazioekin lotutako edo haien mende dauden eta nortasun juridikoa duten erakundeak.

b) Ez du izango akzio- edo partaidetza-lotura zuzen edo zeharkakorik laguntza-eskatzailearekin edo lankidetza-perimetroan sartutako enpresen batekin.

13.- Bidaia-gastuak: Hegaldiak, tren-bidaiak eta hoteletako egonaldiak.

14.- Erantzukizunpeko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak, Nortasun Agiri Nazionaleko zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), helbide soziala eta eraketa-eguna.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez jarduera-zentro bat izan eta laguntza-eskabidean zehaztutako jarduera diruz lagungarriak bertan gauzatzea.

d) Diru-laguntza ebatzi eta —gutxienez— hiru urtez, diruz lagundutako jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan jarraitzeko konpromisoa.

e) Jarduera Ekonomikoen Zergan kasu bakoitzari dagokion epigrafean alta emanda egotea.

f) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea, bai eta SPRI taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

g) Emandako minimis laguntzen zerrenda.

h) Proiektu hori gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuk emandako diru-laguntzak.

i) Enpresaren tamaina neurtzeko zehaztasunak.

j) Araudi honen 5. artikuluko 3.c idatzi-zatian adierazitako egoeraren batean ez egotea.

4. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Programa hau gauzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Enpresa Eraldaketako Sailean horretarako ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira.

2.- Programa honen babespean, 2012. urtean, 9.762.500 euro emango dira gehienez ere, edo kopuru hori eguneratu ondoren sortzen den zenbatekoa. Kopurua eguneratzeko, SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpena argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

3.- Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, hori jakinarazteko, SPRIko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, eta zein egunetan agortu den adierazi. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta SPRIren webgunean emango da argitara eta egun horretatik aurrera ez da eskabide berririk onartuko.

4.- Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezin izango da beste diru-laguntzarik eman, eta, hori dela-eta, aurkeztuta baina ebazteko dauden eskabideak ezetsi egingo dira berariaz.

5. artikulua.- Erakunde onuradunak.

A) Enpresaren eremua.

Honako hauek izan ahalko dira programa honetako laguntzen onuradun: ETEak, bitarteko eragileak eta enpresa bultzatzaileak.

Erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) ETEek, banako proiektuetarako, gutxienez, 10 langile izango dituzte plantillan; tamaina berekoak edo handiagoak diren beste ETE batzuekin egingo dituzten lankidetza-proiektuetarako, berriz, 5 langile izango dituzte. Bitarteko eragileek eta enpresa bultzatzaileek laguntza-eskabide hauek bakarrik aurkez ditzakete: gutxienez bi ETErekin egingo dituzten lankidetza-proiektuei dagozkienak, baldin eta ETE horiek, gutxienez, 5 langile badituzte enpresako.

b) Honako jarduera hauetako bat izatea: industria, erauzketa eta/edo eraldaketa, ekoizpena, produktu-prozesuari lotutako zerbitzuak (logistika), aurrekoekin lotura dutenak eta informazio- eta komunikazio-gizartearen eta handizkako merkataritzaren arloekin lotutakoak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomikorako zentro bat edukitzea.

B) Sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileen eremua.

Programa honetako laguntzen onuradun honako hauek izango dira: eskualde- edo herri-garapeneko agentziak, Kluster Nagusiak eta Aurrekluster Sektorialak, eta Compite Merkataritza Eragileak.

C) Bi onuradunek bete beharrekoak:

a) Diruz lagundu daitekeen jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan burutzea.

b) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egotea, bai eta SPRI Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.

c) Honako egoera hauetako batean ez egotea:

Lehenengoa.- Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin kontratuak egiteko debekua edo gaitasun-gabetzea izatea.

Bigarrena.- Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.- 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko eta 13/2003 Legearen 13. artikuluko kasuetan egotearen ondorioz, onuradun izatea ezinezkoa suertatzea.

Laugarrena.- Krisi-egoeran dagoen enpresa izatea, salbu eta egoera hori 2008ko uztailaren 1az geroztik jazotako ekonomia- eta finantza-krisi globalaren ondoriozkoa bada.

Bosgarrena.- Lehia galarazi, mugatu eta faltsutu dezaketen praktikak.

a) Ezin dira onuradun izan honako hauek: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak—horretarako akreditazioa dutenak—eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (EBZ).

b) Laguntza- eta- likidazio-eskabideak aurkezten diren unean bete egin beharko dira laguntzen onuradun izateko baldintzak.

6. artikulua.- Jarduera diruz lagungarriak.

1.- Enpresaren eremua.

Diruz lagundu ahal izango da honako jarduera-mota: lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza, dibertsifikazioa eta/edo merkatu berriak aurkitzea helburu duten enpresa-prozesuak aurrera eramatea, bakarka edo lankidetzaren bidez; izan ere, prozesu horiek nabarmen baldintzatuko dute enpresak eremu globaletan zein leku hartuko duen. Eremu hauek hartuko dituzte jarduera horiek:

a) Bakarkako proiektuak. Lehiakortasuna hobetzea.

b) Lankidetzako proiektuak. Enpresa guztientzat interesgarriak diren jarduerak identifikatzea eta jarduera horiek ezartzeko plana.

Lehiakortasuna hobetzeko prozesuan zehar, enpresek kanpoko eragileen laguntza pertsonalizatua jaso ahal izango dute, eta hala suertatzen bada, Compite programak jarriko ditu eragile horiek haien eskura.

Aurreko paragrafoan aipatutakoa betetzeko, SPRIk Kanpoko Eragileen Erregistroa sortuko du, eta bertan erregistratuko dira SPRIk homologatzeko eskatutako gutxieneko baldintzak (beregaintasuna, esperientzia eta gaikuntza) betetzen dituzten aholkulariak, baldin eta hala eskatzen badute. Baldintza horiek objektiboki, gardenki eta diskriminaziorik gabe ezarriko ditu SPRIk.

Proiektuek izan behar dute hausnarketa estrategikoko prozesu baten ondorio; hain zuzen ere, enpresak —bere baitan edo kanpoko espezialisten laguntzarekin— lehiakortasuna hobetzeko abiarazitako prozesu baten ondorio. Halaber, proiektuek, enpresa eskatzaile(ar)en zuzendaritzek dokumentatu eta onartuta egon behar dute, eta laguntza-eskabidearen xede diren jarduerak zeintzuk diren jaso behar dituzte.

Ez dira onartuko kanpoko aholkularitzaren gastuak sartzen ez dituzten proiektuak.

2.- Sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileen eremua.

Diruz lagundu ahal izango da —onuradun bakoitzeko eta urteko— jarduera-plan bakarra burutzea; honako ekintza hauek jaso behar ditu plan horrek:

Eskualde- edo herri-garapeneko agentziak.

a) Compite programaren edo SPRIren beste programa batzuen bidez, diruz laguntzeko modukoak izan litezkeen proiektuak dituzten enpresa edo enpresa-taldeak identifikatu eta dinamizatzea.

b) Laguntza pertsonalizatua duten enpresek, lehiakortasuna hobetzeko jarduerak bultzatzea; zeregin horretan sartu behar da: egon daitezkeen programak identifikatzea, ezagutzaren hornitzaileak aurkitzea (esate baterako, unibertsitateak, zentro teknologikoak edo aholkularitzak).

c) Aurkeztutako lehiakortasun-proiektuak nola garatzen eta gauzatzen ari diren aztertu eta balioestea.

Kluster Nagusiak eta Aurrekluster Sektorialak.

a) Sektore arteko lankidetzarako proiektuak, interes komuneko eremu zehatz bati —edo batzuei— buruzko proiektuak lantzeko helburua dutenak. Proiektu horiek aukera eman behar dute Compite Enpresak Programaren baitan laguntza jaso dezaketen jarduerak sortzeko.

b) Inplikatutako enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten jarduerak garatzea, lankidetza-proiektuak martxan jarrita. Hartara, enpresa horien plan estrategikoetan jasotako erronkei erantzun ahal izango zaie.

a) idatzi-zatian adierazitako proiektuek lehentasuna izango dute baliabideak banatzerakoan, baldin eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Interkluster Ekimenaren baitan garatzen badira.

Jarduera horiek ez dira bakar-bakarrik izango informazioa estrategikoa biltzeko eta/edo inplikatutatako enpresen artean sinergiak aurkitu eta identifikatzeko.

Compite Merkataritza eragileak.

Enpresen arteko lankidetza-prozesuen diagnosia, hausnarketa, ezarpena, ebaluazioa eta zabalkundea, euren lehiakortasuna hobetzeko.

Erakunde horiek aldiro-aldiro erakunde eta korporazio gisa dituzten helburuak betetzeko egiten dituzten lehiakortasun-jarduerak baino haratago iritsi beharko dute diruz lagundu beharreko jarduera horiek.

3.- Bi onuradunek bete beharrekoak:

a) Prozesu horiek ezingo dituzte Eusko Jaurlaritzako Administrazioaren beste programa batzuetako laguntzak eskuratu, haien onuradunen izaeragatik, gastuen izaeragatik, jarduera motagatik edo duten izaera integralagatik.

b) Programa honetara proiektu bakarra aurkeztu ahal izango da, urteko. Enpresa bakartzat hartuko dira elkartutako edota elkarri lotutako enpresak, betiere Europako Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean (2008ko abuztuaren 9ko L214 EBAO) edota hori ordezkatzen edo aldatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.

c) Proiektuei hasiera emango zaie laguntza-eskabidearen aurkezpen elektronikoa egin eta gero, betiere urte naturalaren barruan; eta proiektuari hasiera ematen zaionetik aurrera, 12 hilabete izango dira, gehienez, proiektua gauzatzeko.

7. artikulua.- Gastu hautagarriak.

Honako hauek izango dira gastu hautagarriak:

1.- Enpresaren eremua.

a) Enpresa eskatzailearen plantillako langileen gastuak.

Bakarkako proiektuak. Onartutako gastu hautagarria, zeinen muga artikulu honen 3.a atalaren % 30 izango baita.

Lankidetza-proiektuak. Onartutako gastu hautagarria, zeinen muga artikulu honen 3.a atalaren 3/7 izango baita.

b) Softwarea eta agiriak.

c) Barne-gastuak, lankidetza-proiektuetan parte hartzen duten bitarteko eragileen dedikazio eta/edo laguntzari dagozkionak; enpresen kasuan, proiektuaren gainerako gastu hautagarrien % 10eko muga izango dute.

2.- Sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileen eremua.

a) Erakunde eskatzailearen plantillako langileen gastuak.

b) Compite programa hedatu, haren gaineko sentsibilizazioa bultzatu, programa animatu eta bultzatzeko jardunaldi eta gainerako ekimenak egin eta antolatzearekin lotutako gastuak.

3.- Bi onuradunen gastuak:

a) Kanpoko aholkularitza espezializatuaren gastuak.

b) Bidaia-gastuak:

8. artikulua.- Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Programa honen helburu den lankidetza-jarduerari zuzenean loturik egon beharko dute gastu hautagarriek.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriek zentzuzkoak izan behar dute, eta Batzorde Betearazlearen iritziz murriztu ahal izango dira.

d) Honako hauek ez dira izango gastu hautagarraik: egitura egonkorrak sortu eta abian jartzea; aldizkako aldaketa normalak, hots, planetan, antolaketan, produktuetan, ekoizpen-lerro eta -prozesuetan eta lehendik dauden zerbitzuetan egin ohi direnak, eta ohikoak diren beste operazio batzuk; Eusko Jaurlaritzako beste programa batzuen laguntza jaso duten bestelako jarduera, kontzeptu eta gastuak, diruz laguntzeko modukoak.

e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarritzat joko. Nolanahi ere, Balio Erantsiaren gaineko Zerga berreskuratu ezin duten erakunde onuradunek egiaztatu egin beharko dute hori, dagokien Foru Aldundiko Ogasun Sailaren ziurtagiri bidez.

f) Ez dira gastu hautagarritzat joko honako hauek: kanpo-aholkulariaren joan-etorri gastuak, materialen lanketa, aretoen alokairua eta dietak.

g) Compite Merkataritza Eragileei onartutako proiektuen diagnosi-, hausnarketa- eta zabalkunde-gastuak ez dira izango gastu hautagarrien % 40 baino gehiago.

9. artikulua.- Laguntza-motak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak diru-laguntza gisa antolatuko dira, hain zuzen ere, gastu hautagarriekiko portzentaje hauetan:

1.- Enpresaren eremua.

a) Bakarkako proiektuak. % 50, eta enpresa eta urte bakoitzeko, gehienez, 75.000 euroko laguntza.

b) Lankidetza-proiektuak. Oro har, % 50, eta, onuraduna ETEa baldin bada, % 60; enpresa eta urte bakoitzeko, gehienez ere 90.000 euro, eta lankidetzaren perimetroan sartutako enpresa guztientzat, guztira, 250.000 euro.

Bitarteko eragileentzat, gehienez, % 100eko laguntza ezartzen da; proiektuko, gehienez, 25.000 euro.

2.- Sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileen eremua.

a) 1) Eskualde- edo herri-garapeneko agentziak. % 100.

b) Kluster Nagusiak eta Aurrekluster Sektorialak. 7.2.a artikuluan adierazitako plantillaren langile-gastuen % 70, eta gainerako gastu hautagarrien % 50.

c) Compite Merkataritza Eragileak. % 100.

Erakundeko eta urteko, gehienez, 100.000 eurokoa izango da diru-laguntza; salbuespen izango dira Compite Merkataritza Eragileak: horien kasuan, 75.000 eurokoa izango da, gehienez, zenbatekoa.

10. artikulua.- Laguntzak metatzea eta mugak.

1.- Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten enpresa onuradunek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri horietarako gehienezko laguntza-mugak gainditzen ez badira.

2.- Programa hau aplikatuz emandako laguntzak minimis laguntzak edo garrantzia txikiagoko laguntzak dira.

Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis-eko laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, 2011, 2009 eta 2010 ekitaldi fiskalak aintzat hartuz. Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko kasu honetan: baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu, hain justu ere onuradunak aurreko hiru ekitaldietan eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

Muga hori edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako zenbatekoa murriztu egingo da programa honen arabera emandako zenbatekotik.

3.- Aurreko paragrafoa ez zaie aplikatuko sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileei.

11. artikulua.- Laguntzak eskatzea.

1.- Baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntzak jaso nahi badituzte, laguntza-eskabidea egin beharko dute, zehazki, SPRIren webgunean: http://www.spri.es/compite.

2.- Izenpe elektronikoaren bidez erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak izenpetu beharko du eskabide hori. SPRIra egin den bidalketa telematikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.- Erakunde eskatzailearen eta beraren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskabidean.

4.- Laguntza-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena.

b) Eskatzaileari dagokion ordezkaritza-ahalordearen kopia.

c) Jarduera Ekonomikoen Zergan kasu bakoitzari dagokion epigrafean alta emanda egotea.

d) Erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

e) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.

f) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.

g) Lehiakortasun Ibilbidearen, Berrikuntza Agendaren, Estrategia Planaren, Berrikuntza Planaren edo antzekoaren kopia, enpresa eskatzaileetako zuzendaritzak bere gain hartuko duena eta laguntza-eskabidearen helburu diren jarduerak bilduko dituena (enpresen eremuan exijitzekoa).

5.- Lankidetza-proiektuak badira, enpresa edo eragile eskatzaileek laguntza-eskabide bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Proiektuan parte hartzen duten guztiek izenpetu beharko dute digitalki eskabidea. Parte-hartzaileetako bat proiektuko liderra izango da, proiektuaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko, eta administrazioarekiko solaskide eta harreman eginkizunak bere gain hartzeko, beharrezkoa baita proiektua SPRIrekin ongi gara dadin eta proiektuko parte-hartze maila egokia izan dadin.

6.- Lankidetza-proiektuan parte hartuko duten guztiek aurkeztu beharko dute 4. atalean eskatzen den dokumentazioa.

12. artikulua.- Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

Enpresaren eremuan laguntza-eskabideak aurkezteko epea: araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik harakoa izango da, eta 2012ko irailaren 18an amaituko da, non eta ez den aurrekontua agortzen.

Sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileen eremuko laguntza-eskabideak aurkezteko epea: 2012ko maiatzaren 15etik ekainaren 28ra , non eta ez den aurrekontua agortzen.

13. artikulua.- Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.

1.- Laguntza-eskabideak ebaluatu eta ebazteko, SPRIren Administrazio Kontseiluak izendatutako lau pertsonek osatutako batzorde betearazle bat sortuko da eta batzorde horren erabakiak batzar-aktetan jasoko dira.

Akta horrek, nahitaez, honako erabakiak jaso beharko ditu, besteak beste: onartutako proiektuak, ukatutako proiektuak, uko egindakoak eta atzera egindakoak.

2.- Laguntza-eskabideak ebaluatzea. Espedientea osorik den unearen arabera.

3.- Ebaluazio-irizpideak. SPRIren Enpresa Eraldaketako Sailetik jasotako proposamen-txostenen arabera ebaluatuko dira proiektuak.

Enpresa Eraldaketako Sailak eta Batzorde Betearazleak ondoko ebaluazio-irizpideak, puntuekin adieraziak, hartuko dituzte kontuan:

Enpresaren eremua.

a) Programaren helburuekiko adostasuna: 15 (9 gutxienez / 15 gehienez).

b) Jardueren kalitatea: 20 (12 gutxienez / 20 gehienez).

c) Emaitzen eragina: 20 (12 gutxienez / 20 gehienez).

d) Talde sustatzailearen kalitatea eta gaitasuna. 15 (9 gutxienez / 15 gehienez).

e) Proiektuaren kudeaketa kalitatea: 15 (9 gutxienez / 15 gehienez).

f) Baliabideen egokitzapena. 15 (9 gutxienez / 15 gehienez).

Sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileen eremua.

a) Erakunde eskatzailearen izaera. 15 (9 gutxienez / 15 gehienez).

b) Programaren helburuekiko adostasuna: 15 (9 gutxienez / 15 gehienez).

c) Eskualdeko eta sektoreko Lehiakortasunerako Jarduera Planeko ekintzen kalitatea. 20 (12 gutxienez / 20 gehienez).

d) Emaitzek ehunean duten eragina: 20 (12 gutxienez / 20 gehienez).

e) Proiektuaren kudeaketaren kalitatea eta talde sustatzailearen gaitasuna —halakorik balego—: 15 (9 gutxienez / 15 gehienez).

f) Jarduera Plana garatzeko esleitutako baliabideen egokitzapena: 15 (9 gutxienez / 15 gehienez).

Ebaluazio-irizpide bakoitzak exijitu daitekeen gutxieneko puntuazioa eta lortu daitekeen gehienezko puntuazioa dauzka. Puntuazioa lortzeko, irizpide bakoitzarentzat definitu diren alderdiak betetzen diren ala ez begiratuko da. Ukatu egingo dira aurreko irizpideetariko batean exjiigarria den gutxieneko puntuazioa gainditzen ez duten laguntza-eskabideak.

Ebaluazio-prozesuan, jardueretan aldaketak egiteko iradoki ahal izango zaie eskatzaileei, proiektuak zehaztutako helburuetara hobeto egokitu daitezen.

4.- Programaren Batzorde Betearazleak ebatziko du, norgehiagoka erregimenean.

Nolanahi ere, enpresaren eremuan hiru batzorde ezarriko dira, eta bakoitzak ezarritako urteko aurrekontuaren herena jasoko du. Lehenengo batzordeak ebatzi eta ebaluatuko ditu epea hasi eta 2012ko apirilaren 18ra arte aurkeztutako proiektuak; bigarrenak, apirilaren 19tik ekainaren 18ra artekoak; eta, hirugarrenak, berriz, ekainaren 19tik irailaren 18ra artekoak. Lehen batzordearen aurrekontu-soberakina bigarren batzordeari esleituko zaio, eta bigarrenaren soberakina, berriz, hirugarrenari.

5.- Ebazteko epea. Hiru hilabeteko epea ezartzen da ebazpena emateko, deialdia ixten den egunetik aurrera. Aipatutako epea zenbatzeko, abuztua ez da kontuan hartuko.

6.- Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

7.- Ebazpenak Batzorde Betearazleko idazkariak jakinaraziko dizkio eskabidea egiten duen erakundeari, eta bertan honakoak jasoko dira: proiektua zein araudiri atxikitzen zaion, laguntzaren helburua, zenbateko diru-laguntza ematen den, forma, baldintzak, eta diruz lagungarri den jarduera egiteko epeak, justifikazioak egiteko epeak eta ordainketa-epeak, eta beharrezko den beste edozein baldintza.

8.- Aipatu ebazpena erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, honako epe honetan: Batzorde Betearazleak —ebazpena emateko— batzarra egin eta, gehienez ere, 20 eguneko epean.

9.- Aurrekoa eragotzi gabe, ebazpena SPRIren webgunean argitaratuko da, guztiek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

14. artikulua.- Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.- Diruz lagungarri den jarduera amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera akreditatu beharko dute, SPRIren web-gunean horretarako ezarri diren likidazio-eskabideko inprimakiak betez: Eskabide hori aurkezteko epea, goitik jota, hiru hilabetekoa izango da, proiektua burutzen den egunetik aurrera.

2.- Sinadura elektronikoaren bidez erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak izenpetu beharko du likidazio-eskabide hori. SPRIra egindako bidalketa telematikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.- Erakunde eskatzailearen eta beraren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.

4.- Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Fakturen koadroa.

b) Fakturen fotokopia.

c) Erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

d) Ordaindu izanaren egiaztagiriak, finantza-erakundeenak.

e) Memoria teknikoa eta ekonomikoa.

f) Ordutegiak, non erakunde eskatzaileetako ikertzaileek proiektuari eskainitako dedikazioa asteka banatzen baita.

g) Proiektuan parte hartzen duten erakundeetako ikertzailearen ordu-tarifarik handienaren kalkulua.

15. artikulua.- Laguntzen ordainketa.

1.- Diru-laguntzak SPRIk gauzatuko ditu, bi ordainketa eginez.

a) % 70eko aurrerapena, indarrean den legedian xedatutakoaren arabera aplikatzekoa den berme-erregimenarekin, laguntza-eskabidea onartu eta 60 eguneko epean.

b) Gainerako % 30, ordainketa bakarrean, proiektua amaitutakoan.

Likidazio-eskabidea eta aurreko artikuluan eskatutako agiriak aurkeztu, eta, gehienez ere, 60 eguneko epean egingo die azken ordainketa SPRIk, betiere, SPRIren Enpresa Sustapeneko Sailak ebaluatu ondoren eta ebaluazio horren arabera. SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea -17 artikuluko 1. paragrafoko c idatzi-zatian aipatua- ez da zenbatuko, ez eta abuztua ere, ez baita hilabete balioduntzat hartzen.

16. artikulua.- Laguntza- edo/eta likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.- Laguntza- eta/edo likidazio-eskabideak behar bezala beteta ez badaude, edo 11. eta 14. artikuluetan eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, SPRIk, 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko dio enpresaren legezko ordezkariari, eta bestalde, ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta horixe jakinaraziko zaiola erakunde eskatzaileari.

2.- Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Betearazleak laguntza ukatuko du, ebazpen bidez.

3.- Enpresa eskatzaileak balioetsi egingo ditu SPRIk —laguntza-eskabidean erakundeak harremanetarako izendatutako pertsonaren posta elektronikora— e-mail bidez egindako komunikazioak.

17. artikulua.- Entitate onuradunen betebeharrak.

1.- Erakunde onuradunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunak, laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean, espresuki —eta SPRIren aurrean—horri uko egiten ez badio, laguntza onartu duela ulertuko da.

b) Eman den diru-laguntza, eskatu den xede horretarakoxe erabiltzea.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, betiere laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.

f) SPRIri lehenbailehen jakinaraztea honako hauek: xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzak eta diru-laguntzak, edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, SPRIri horren berri ematea.

h) Programaren Batzorde Betearazleari aldez aurretik baimena eskatzea, akziodunen egituran aldaketaren bat badago eta horrek erakundearen kontrolean aldaketa badakar, diru-laguntzaren gaineko ebazpena ematen den egunetik hiru urteko epean. Baldintza hori ez zaie aplikatuko sektore, enpresa edo lurralde mailako eragileei.

18. artikulua.- Laguntzak aldatzea.

1.- Diru-laguntzak emateko baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada. eta, edozein kasutan, xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.- Halaber, Batzorde Betearazleak jarduerak gauzatzeko luzapena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; eta hala izanez gero, laguntzaren ordainketa ere atzeratu egin ahal izango da, emandako arrazoiek hori justifikatzen badute. Atzerapenak atzerapen, diruz lagunduko den jarduera amaitzeko ezingo dira igaro hamabi hilabete baino gehiago, proiektua hasten denetik aurrera.

3.- Jarduerek laguntza-eskabidea egindakoan aurkeztutako memorian jasotakoak izan beharko dute ezinbestean; hala ere, Batzorde Betearazleak jarduera horietan aldaketak egiteko baimena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunak, jarduerak amaitu aurretik, aldaketak erabat justifikatzen baditu eta jarduera horien izaera eta helburuak —Programa honetan hasieratik ezarritakoak— aldatzen ez badira.

19. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Erakunde onuradunek ez badute betetzen araudi honetan eta aplikagarriak zaizkien gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, edo laguntzak emateko ebazpenean ezar daitekeen baldintzaren bat, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute. Halakorik gertatuz gero, SPRIri itzuli beharko dizkiote une horretara arte jasotako zenbatekoak eta legezko interesak. Beharrezkoa izanez gero, legezko ekintzak bideratu ahal izango dira, zenbateko horiek itzularazteko.

2.- Dena den, artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea, edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen diren baldintzak ez betetzea.

b) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

c) Proiektua beste edozertan desbideratzea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.- Ez-betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi eta izapidetzea, eta tokatzen den txostena ematea SPRIri dagozkio. Ez-betetzearen inguruko ebazpena emateko eskuduntza SPRIren zuzendari nagusiak izango du, eta hartarako proposamena, Programaren Batzorde Betearazleak egin beharko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Programako 6.1.b artikuluak aipatzen duen Kanpo Aholkularien Erregistroa erabat martxan egon arte, SPRIk baliozkotuko ditu kanpo-aholkulariak, hots, eskatutako laguntzak helburu duen lehiakortasun-hobekuntzaren alorrean nahikoa gaitasun eta lan-eskarmentu dutela egiaztatzen dutenak, eman behar duten laguntza emateko behar bezain beste gaitasun dutela frogatzeko.

Horretarako, kasu bakoitzak eskatzen duen alorrean gutxienez 5 urtetik gorako lan-eskarmentua dutela frogatu beharko dute aholkulari horiek.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Baliogabetuta eta ondoriorik gabe geratzen da EAEko enpresen lehiakortasunaren hobekuntzan laguntzeko den Compite Programaren araudia (2011ko urtarrilaren 31ko EHAA), eta haren ondorengo aldaketak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Erakunde onuradunek programa honekin lotutako argitalpen eta sustapeneko jarduera guztietan zehaztu beharko dute SPRItik laguntza jaso dutela.

Bigarrena.- Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, helarazi dizkiguten izaera pertsonaleko datuak «Laguntzak» izeneko fitxategian bilduko dira. Horren guztiaren arduraduna SPRI da (Urkixo zumardia, 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao).

Fitxategi horren helburua SPRIk diseinatu eta/edo kudeatutako laguntza/diru-laguntzako espedienteak kudeatzea da. Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, arlo horretan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei eman ahal izango zaie, hala behar izanez gero.

Datuak Babesteko Espainiako Agentziari fitxategi horren berri eman zaio; fitxategiak, bestalde, datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko neurriak betetzen ditu.

Nolanahi ere, emandako datuetara sartzeko aukera dago, baita, behar izanez gero, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko aukera ere, betiere, adierazitako legean ezarritakoaren arabera. Horretarako, jakinarazpen bat bidali beharko zaio, idatziz, SPRIko Segurtasuneko arduradunari, helbide honetara: lopd@spri.es.

Hirugarrena.- SPRIren erabakia merkataritza-izaerakoa da eta jurisdikzio-eskumena epaile eta epaitegi zibilena da. Erakunde onuradunak, dagokien edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko, Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskumena dutenak.

Laugarrena.- SPRIren zuzendari nagusiari eskumena ematen zaio araudi hau gauzatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bilbao, 2011ko abenduaren 21a.

Zuzendari nagusia,

TOMÁS ORBEA CELAYA.


Azterketa dokumentala