Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2012ko otsailaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Euskal Herriko Unibertsitatea
781

EBAZPENA, 2012ko urtarrilaren 18koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Akademia Antolakuntzako errektoreordearena, Master Ofizialak Gestionatzeko Arauak argitaratzeko dena.

Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren arabera, unibertsitateko irakaskuntza ofizialak antolatzen dira, eta unibertsitateko irakaskuntza ofizialak garatzea dauka helburu,Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Eremuaren ondorioz zehaztutako lerro orokorren arabera. Errege Dekretu hori, hain zuzen ere, 2007ko urriaren 30ean argitaratu zen, eta argitaratu eta hurrengo egunean sartu zen indarrean.

Errege Dekretu hau unibertsitateek emandako masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialetan ezarri beharra dago, baina orain uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatuta izan da.

EHUko Doktoregoko Azpibatzordeak Master Ofizialak Gestionatzeko Arauak aldatzea erabaki zuen.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, honela dio 10.2. artikuluan: «Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira».

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

ERABAKITZEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Master Ofizialak Gestionatzeko Arauak, eranskinean jasotako modua.

Leioa, 2012 urtarrilaren 18a.

Errektorea,

Eskuordetzeaz (2011-02-25eko Ebazpena, 2011-03-17ko EHAA).

Akademia Antolakuntzako errektoreordea,

CARMEN GONZALEZ MURUA.

I. KAPITULUA

IZENA EMATEA, HAUTAKETA ETA MATRIKULA

I. ATALA

SARBIDEA, IZENA EMATEA ETA HAUTAKETA

1. artikulua.- Sarbidea.

1.- Unibertsitateko master ofizialetako ikasketetara sartzeko, unibertsitateko titulu ofizialen bat izan behar da. Titulu hori Europako Unibertsitate Eremuko goi mailako hezkuntzako erakunderen batek emana izan behar da eta masterreko ikasketetarako sarbidea eman behar du titulua eman duen herrialdean.

2.- Bestalde, Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko tituludunak ere sartu ahal izango dira tutulua homologatu barik, baldin eta unibertsitateak egiaztatzen badu titulu horren bidez lortutako prestakuntza eta Espainiako unibertsitateetan pareko titulu ofizialean eskuratutako maila berekoak direla, eta herrialde hartan titulu horrek graduondoko ikasketetara sartzeko aukera ematen duela.Modu horretan sartzeak ez du esan nahi titulua homologatzen denik: unibertsitateko masterra egiteko baino ez zaio onartuko, hau da, ez du bestelako ondoriorik izango.

2. artikulua.- Master ofizialean onartua izateko baldintzak.

UPV/EHUko unibertsitate masterretan onartua izateko,ondoko baldintzak bete behar dira:

Lizentziatua izatea, ingeniaria, arkitektoa, diplomatuan, arkitekto teknikoa edo ingeniari teknikoa.

Master ofizialaren proposamenean ezarritako baldintza bereziak betetzea.

Unibertsitateko masterrean onartua izatea, arautegi honetako 3-5 artikuluetan zehaztutako prozedurari jarraituz.

3. artikulua.- Izena ematea: ikasleak hautatzea eta dokumentuak aurkeztea.

1.- Master ofizialetan matrikula egiteko prozesua baino lehen, izena emateko epea irekiko da. Izena emateko prozesuan ikasleak hautatzeko ezarriko diren irizpideak master ofizial bakoitzerako zehaztutakoak izango dira, arautegi honetako 5.1 artikuluan jasotakoari jarraituz.

2.- Masterraren arduradunak emango ditu argitara irizpideok web orrian eta masterra irakatsiko duen ikastegiaren, sailaren edo institutuaren iragarki oholean, eta bertan egongo dira jarrita eskariak aurkezteko epea amaitu arte. Masterraren arduradunak, era berean, ikastaroak noiz eta non emango diren argitaratuko du, bai eta eskolen ordutegia ere.

3.- Izena emateko epea, prozedura eta aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren web orrian eta argitaratuko da, bai Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzako Atalak adierazitako idazkaritzetan ere.

4. artikulua.- Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko eta homologatu gabeko atzerriko titulazioa daukaten ikasleek ez dute zertan homologatu titulua master ofizialetako ikasketetara sartzeko. Halakoetan, titulua legeztatuta egon beharko da, eta bera eta gainerako dokumentuak EAEko hizkuntza ofizialetako batera itzulita aurkeztu beharko dira (itzulpena ofiziala izan behar da).

Izena emateko epea, prozedura eta aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren web orrian argitaratuko da, bai eta Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Atalak adierazitako idazkaritzetan ere.

Atzerriko titulua homologatu gabe daukaten ikasleak onartzeko, beharrezkoa izango da Doktoregoko Azpibatzordearen onespena lortzea.

Master bakoitzeko arduradunak Doktoregoko Azpibatzordera bidali beharko du atzerriko titulua homologatzeke izanik masterreko Batzorde Akademikoak onartu dituen ikasleen dokumentazioa, eta horrekin batera ikaslea onartua izateko arrazoiei buruzko txostena. Izena emateko epea bukatu eta 10 eguneko epean bidali beharko da dokumentazioa.

5. artikulua.- Merituak baloratzea eta hautatutako ikasleen zerrendak argitaratzea.

1.- Master bakoitzeko batzorde akademikoak hautatuko ditu ikasleak, unibertsitateko masterra arrazoitzeko memorian merituak ebaluatzeko zehartuta dauden irizpideak kontuan hartuta, eta Unibertsitateko masterrak osatu eta onartzeko prozedurari buruzko arautegiaren babesean.

2.- Hautatutako ikasleen zerrendak argitaratzea:

Ikasleak hautatzeko prozesua behin bukatuta, master ofizialaren arduradunak gestio hauek egin beharko ditu:

Ikasle onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak argitaratu, ikasleak onartzeko epea bukatu eta, gehienez ere, 5 lan eguneko epean.

Erreklamazioak aurkezteko epea ezarri(gehienez ere hurrengo 4 lan egunetan).

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo sei lan egunen barruan, ikasle onartuen behin betiko zerrenda argitaratu. Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari behin betiko zerrenden kontra, zerrendak argitaratu eta biharamunean hasiko den hilabeteko epearen barruan.

Onartutako ikasle bakoitzari tutore bat jarriko zaio, masterreko irakasleen artetik aukeratua. Tutore Horrek zehaztuko du ikasle bakoitzak egin beharreko ikasketa-plana. Horrez gain, jarraibideak emango dizkio eta aholku, bai ikasketetarako, bai lan arlorako.

Masterreko ikasketak hasteko, dena dela, ezinbestekoa da matrikula egitea.

Master bakoitzeko arduradunak Doktoregoko Azpibatzordera bidali beharko du atzerriko titulua homologatzeke daukaten ikasleen dokumentazioa. Izena emateko epea bukatu eta 10 egunera bidali beharko da dokumentazioa, beranduenez.

II. ATALA

MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

Unibertsitateko masterrean onartutako ikasleek ikasturte bakoitzerako Doktoregoko Azpibatzordeak onartutako egutegiari jarraituz egin beharki dute matrikula, eta ikasturte osoan egin nahi dituzten irakasgai guztiak sartu beharko dituzte. Matrikularako gutxieneko kreditu kopurua masterraren araberakoa izango da.

6. artikulua.- Matrikula egiteko prozedura.

Master eta Doktoregoko Atalak ezarritako prozedurari jarraikiz egingo da matrikula-izapidea. Aurkeztu beharreko agirien zerrenda UPV/EHUren web orrian argitaratuko da, bai eta Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Atalak adierazitako idazkaritzetan ere.

28 urtetik beherako ikasle guztiei eskola asegurua kobratuko zaie. 28 urtetik gorako ikasleek berriz, asegurua egin beharko dute nahitaez. Unibertsitateak borondatezko asegurua dauka kontratatuta, horren beharra izan dezaketen ikasleentzat. Aseguru hori kontratatu nahi duten ikasleek zuzenean jo behar dute kasuan kasuko aseguru etxera.

Matrikula aldatu nahi izanez gero, eskari arrazoitua aurkeztu beharko da, eta masterreko tutoreak eta arduradunak baimendu beharko dute. Baimena lortu ezean, erreklamazioa aurkeztu ahal izango zaio masterreko batzorde akademikoari, eta har ere baimena ukatuz gero, UPV/EHUko Doktoregoko Azpibatzordeari. Aldaketak ikasturte bakoitzeko abenduaren 31a baino lehen egin behar dira eta aldatu nahi den irakasgaiko eskolak ezin izango dira hasita egon.

7. artikulua.- Matrikula egiteko egunak.

Bi epe egongo dira matrikula egiteko, eta egutegiak Doktoregoko Azpibatzordeak onartuko ditu. Matrikula egiteko lehenengo epea irailean hasiko da, eta bigarrena, bigarren lauhilekoa hasi baino lehen. Bigarren epea matrikula berrietarako baino ez da, eta ezin izango da, inolaz ere, matrikula zabaldu edo aldaketarik egin.

Aparteko Kasuetan, eta behar bezala arrazoituta, baimena eman ahal izango zaio ikasleren bati epez kanpo egiteko matrikula.

Onartutako ikasleak berresteko epea behin amaituta, Master eta Doktoregoko Atalak zenbat ikasle berretsi diren jakinaraziko dio Doktoregoko Azpibatzordeari. Doktoregoko Azpibatzordeak berretsitako gutxieneko Kopurua ezarri ahal izango du matrikulako epea ireki eta masterra emateko baimena eman ahal izateko.

Azken bi ikasturteetan 10 ikasle baino gutxiago izan dituzten masterrak UPV/EHUren eskaintzatik kanpo gera daitezke. Unibertsitate arteko masterretan, sare osoko ikasleak hartuko dira kontuan.

Jarduera akademikoa ez da hasiko matrikula egiteko epea bukatu arte.

8. artikulua.- Matrikularen zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.- Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urte bakoitzerako zehaztutakoa izango da.

2.- Prezio publiko murriztuak ordaintzeko edo preziook ordaintzetik salbuetsita egoteko eskubidea izateko, matrikula egiteko epearen barruan bete beharko dira horretarako baldintzak.

3.- Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoei buruzko aginduan zehaztutako epeak errespetatu beharko ditu.

4.- Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.

5.- Eskola asegurua, ikaslearen txartela eta gainerako tasa administrazio tasak epe bakarrean ordainduko dira (matrikula egiterakoan).

6.- Kredituak onartzeko, kontuan hartuko da arautegi honetako II. kapitulua. Dena dela, kreditu horiei dagozkien prezioak ordaindu egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasturte bakoitzerako ezarrikoari jarraituz.

7. - Matrikulak behin-behinekoz onartuko dira. Matrikula aurkeztu denetik hiru hilabete igaro eta ez bada hartu Master eta Doktoregoko Atalak matrikularen kontra egindako erabaki edo jakinarazpenik, matrikula onartu egin del ulertuko da.

9. artikulua.- Matrikula motak eta prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egotea.

Matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa ikasle bakoitzaren araberakoa izango da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prezio publikoak ezartzeko ikasturte bakoitzean emandako aginduari jarraituz.

10. artikulua.- Matrikula baliogabetzea.

1.- Aurkeztutako matrikulak ordaintzen diren unean hartuko dira onartutzat, eta behin hiru hilabete igarota Master eta Doktoregoko Batzordeak matrikularen kontrako erabakirik edo jakinarazpenik eman barik, matrikula behin betikoa izango da eta irmoa ondorio guztietarako.

2.- Maiatzaren 29ko 13/1998 Legeak, EAEko Tasa eta Prezio Publikoei buruzkoak, zehaztutakoaren arabera, nahiz eta ikasleek legeak agindutako epe eta moduan eskatu matrikula baliogabetzea, eskariak ez du eragingo, inolaz ere, ordaindutako prezio publikoak berreskuratzerik.

3.- Unibertsitateak matrikula onartzen ez badu, erabaki arrazoitua eman beharko du, eta kasu horretan baino ez da itzuliko ordaindutakoa. Matrikula ez onartzeko erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio UPV/EHUko errektoreari, edo errektorearen eskumenak eskuordetatu dituen aginteari.

Matrikula baliogabetzeko arrazoiak honako hauek dira:

Matrikula ez ordaintzea: ordaindu beharreko guztia ordaindu gabe izateagatik baliogabetutako matrikulen kasuan, ikasleek ez dute berreskuratutako ordaindutako diru kopurua eta ordaintzeko dituztenak zortzat hartuko ditu unibertsitateak. Hori guztia jasotzeko erabakia emango da eta jakinarazpena egingo zaio ikasleari. UPV/EHUrekin zorrak dituzten ikasleek ezin izango dute erabili unibertsitatearen zerbitzurik, bereziki honako hauek: ezingo dute egin beste ikasketarik,ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk ezta espediente akademikoari buruzko informaziorik ere, eta ezin izango dute egin beste matrikularik. UPV/EHUri zor dioten dirua ordaindu bezain laster berreskuratuko dituzte eskubideok. Eskubide horiek indarrean dagoen ikasturtean berreskuratu nahi dituzten ikasleek, urte horretako ekainaren 1a baino lehen ordaindu beharko dute zorra.

Matrikula egiteko eskatzen den baldintzaren bat ez betetzea: eskakizuna egingo zaio interesatuari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo gainerako tramiteak bideratzeko, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 71.1. artikuluan jasotakoari jarraituz.

Beste alde batetik, matrikula baliogabetu egingo da, interesatuak horrela eskatuz gero abenduaren 31 baino lehen, baina ordaindutako diru kopurua ikastaroa oraindik hasi ez bada baino ez da itzuliko, edota ikastegi, sail edo institutu antolatzaileak arautegi honetako aurreko artikuluetan azarritako baldintzaren bat bete ez badu.

Matrikula baliogabetzeko eskaria egin duten ikasle berriek berrio eman beharko dute izena ikasketa horiek egin nahi izanez gero.

Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, bekaren deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak, eta aurretik beka-eskaera egina eduki beharko du. Matrikulatzerakoan beka-eskaeraren agiria aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren beste dokumentuekin batera. Bestela, ordaindu egin beharko ditu matrikulako irakasgaien prezioak, nahiz eta horrek ez duen eragotziko beka eskatzea.

Hala ere, ikasle batek eskakizun akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula eta ondoren beka ukatu egin bazaio eta ukoa jakin ondoren matrikula baliogabetzea eskatzen badu, ikasle hori ez da zorduntzat hartuko.

11. artikulua.- Eskola asegurua.

1.- UPV/EHUko graduondoko ikasketa ofizialean matrikulatuko diren ikasle guztiek ordaindu beharko dute eskola asegurua. Eskola aseguruak 28 urtera arte babesten ditu ikasleak.

2.- Eskola-aseguruak ere atzerriko ikasleak ere babesten ditu, baldin eta kasuan kasuko herrialdearekin elkarrekikotasun-hitzarmena eginda badago, adierazi gabe edo beren-beregikoa.

12.- artikulua.- Borondatezko asegurua.

Unibertsitateak borondatezko asegurua dauka kontratatuta, horren beharra izan dezaketen ikasleentzat. Aseguru hori kontratatu nahi duten ikasleek zuzenean jo behar dute kasuan kasuko aseguru etxera.

II. KAPITULUA

KREDITUAK ONARTZEA ETA KEDITUEN TRANSFERITZEA

13. artikulua.- Definizioa.

Kredituak onartzea da unibertsitateak ontzat hartzea unibertsitate berean edo beste batean egindako ikasketa ofizialen bidez lortutako kredituak beste ikasketa ofizial batzuetarako kontuan hartzea titulu ofiziala lortze aldera. Era berean, beste lizentziatura, ingeniaritza edo arkitekturako tituluak lortzera bideratutako unibertsitate ikasketetan lortutako kredituak ere onartu ahal izango dira.

14. artikulua.- Eragina.

Kredituak onartuz gero, ikasleak titulazioan eskatutako kredituak osatzeko falta duen kreditu kopurua baino ez du egin beharko.

15. artikulua.- Irizpide orokorrak.

Onartuko den unitatea irakasgaia izango da eta gainditutako kredituei loturiko gaitasunen eta aitortzen araberakoa izango da onarpena. Horretarako, ikasleak onarpen eskaerako kredituei dagokien ikasketa planeko buruzko nahikoa informazio eman beharko du nahitaez, arautegi honetako 16. Artikuluarekin bat. Halaber, masterretako batzorde akademikoek kredituen onarpen eskaerei buruzko txostenetan, balioetsitako kreditu-multzoarekin eskuratutako gaitasun eta edukien arteko antzekotasunaz ariko dira,eta ez irakasgaien edukien eta Kreditu balioaren arteko antzekotasunaz. Irakasgaietako kredituak osotasunean hartuko dira kontuan, hau da, ezin izango dira irakasgai bateko Kredituak zatika onartu. Nahitaezko eta hautazko irakasgaien bidez edo kanpoko praktiken bidez lortutako kredituak onartu ahal izango dira, betiere, izaera, helburu eta gaitasunak antzekoak badira. Ezin izango dira onartu, inolaz era, master amaierako lanengatik lortutako kredituak.

Hitzarmen espezifikoen bitartez araututako unibertsitate arteko ikasketa bateratuei dagokienez (mugikortasuna edo titulazio bateratuak), hitzarmenetan ezarritakoa beteko da, betiere, UPV/EHUko araudiaren kontrakoa ez bada.

Irakasgaiak bere osotasunean onartzeaz gain, egiaztatutako lan arloko esperientzia eta esperientzia profesionala ere onartu ahal izango dira kreditu bidez eta kontuan hartu titulu ofiziala lortzeko, betiere, esperientzia horrek lortu nahi den tituluari lotutako ikasketetako gaitasunekin zerikusia badauka.

Lan arloko esperientziagatik, esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko ikasketa ez ofizialengatik, guztira, gehienez ere ikasketa planeko kredituen % 15 onartu ahal izango dira. Kreditu horiek ez dute kalifikaziorik izango, eta, beraz, ez dira kontuan hartuko espedientea barematzerakoan.

Horiek gorabehera, aparteko kasuetan, berezko tituluetan lortutako kredituak onartu ahal izango dira, goiko paragrafoan adierazitako ehunekoan baino kopuru handiagoan, edo kreditu guztiak, baldin eta berezko titulua desagertu egin bada eta haren ordez titulu ofizial bat ezarri.

Masterreko batzorde akademikoak kreditu kopuru bat emango die ikasleek aurkeztutako unibertsitatetik kanpoko prestakuntzari, kontuan hartuta prestakuntzaren edukiak eta kreditu horien bidez lortutako gaitasunak.Kreditu horiek ikaslearen espedientean agertuko dira, onartutako kreditu moduan. Prozedura honi jarraituz gehienez ere titulazioko kredituen % 15 aitortu ahal izango dira.

16. artikulua.- Kredituak onartzeko prozedura.

Kredituak onartzeko prozedura hasteko, ikasleak masterrean matrikulatuta egon behar da eta master horretarako baino ez zaizkio onartuko kredituak, krediturik onartuz gero. Matrikulatu ondoren, ikasleak urrats hauek eman beharko ditu erakunde ofizialetan edo izen handikoetan egindako ikastaroak edo lanak masterrerako onartzeko:

Tramitazioa:

Ikasleak masterreko batzorde Akademikoari zuzenduko dio kredituak onartzeko eskaria. Hori egiteko azken eguna eskolak hasi eta hilabete izango da, eta dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

Eskaria, behar bezala beteta.

Akademi ziurtagiri erkatua edo kopia eta jatorrizkoa, erkatzeko.

Egindako ikastaroaren edo irakasgaiaren programa, edo graduondoko jardueraren xehetasunak.

Doktoregoaren prestakuntza aldiko masterren kasuan, irakasgaiek doktoreek emandakoak izan behar dute.

Kredituak onartzeko eskaerak ikusita, masterreko batzorde akademikoak kredituak onartzeko proposamena aurkeztuko dio UPV/EHUko Doktoregoko Azpibatzordeari, hilabeteko epean. Horretarako, espedienteko dokumentu guztiak bidali beharko ditu Master eta Doktoregoko Atalera.

UPV/EHUko Doktorego Azpibatzordeak eskaerei buruzko erabakia hartu, eta jakinaren gainean jarriko ditu bai masterreko batzorde akademikoa bai ikasleak. Erabaki horretan jasota ageri beharko da zein kreditu onartu den zein ez. Onartu ez diren kredituen kasuan, arrazoiak azaldu beharko dira

UPV/EHUko Doktoregoko Azpibatzordearen erabakien aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote errektoreari, erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean.

Kredituak onartzeko eskariei buruzko erabakian honakoak jaso behar dira:

Onartuko diren kredituen kopurua, kreditu horiek zein irakasgaitakoak diren adierazita.

Ikasketa planeko zein kreditu onartu zaizkion ikasleari.

Lan arloko esperientziagatik edo esperientzia profesionalagatik eta unibertsitateko berezko tituluengatik onartuko den kreditu kopurua.

Kredituak onartzeko eskaria ukatuz gero, azaldu egin beharko dira arrazoiak.

Ikasleak onarpenaren bidez gainditzen dituen kredituak onartutakotzat jo eta hala jasoko dira bere espedientean; hala, idatziz jasoko dira ikasketak gainditzeagatik egindakotzat jotako ikasketa-planeko irakasgaiak eta onartutako kredituei dagozkien irakasgaiak. Espedientean jasota ageriko da jatorrizko irakasgaien tipologia, kreditu kopurua eta lortutako kalifikazioa, eta ikasketak zein erakundetan egin diren.

Onartutako kredituen tasak:

Baliozkotutako kredituen ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasturte bakoitzerako zehaztutakoa izango da.

17. artikulua.- Kredituen transferentzia.

Kredituak transferitzea da UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak ikasleen espedientean sartzea, baldin eta ikasleak titulu ofizialik lortu ez badu.

1.- Eraginak.

Ikasleak egindako ikasketen agiri akademiko ofizialetan jasoko dira UPV/EHUn edo beste unibertsitate batean ikasleak lehendik egindako ikasketa ofizialetan lortutako kredituak,titulu ofizial bat lortzea ekarri ez dutenak.

2.- Helburua.

Unibertsitateko titulazio bateko ikasketak bukatu gabe izanik beste titulazio bateko ikasketak hasi nahi dituzten ikasleei transferituko zaizkie.

3.- Tramitea.

Kredituak ikasleak leku aldatze bidez egiten duenean matrikula transferituko dira, ofizioz eta espedientean jasoko dira unibertsitate berean edo beste batean egindako ikasketa ofizialen bidez ikasketak lortu dituen kreditu guztiak, betiere, ikasketa horien bidez ikasleak ez badu titulu ofiziali lortu.

Transferituriko kredituak 16. artikuluan zehaztutakoari jarraituz jasoko dira ikaslearen espedientean.

III. KAPITULUA

IRAKASKUNTZA ETA KALIFIKAZIOAK

18. artikulua.- Ebaluazioa eta kalifikazio sistema.

1.- Ikasketa planeko gaietan ikasleak bereganatutako ikasketa maila kalifikatzeko zenbakiak erabiliko dira (0tik eta 10era artekoak), hamartar bakarrarekin. Zenbakiez gain, letraz ere adierazi ahal izango dira kalifikazioak, modu honetara:

a) 0,0 eta 4,9 artean: suspentso (S)

b) 5,0 eta 6,9 artean: nahikoa (N)

c) 7,0 eta 8,9 artean: oso ongi (O)

d) 9,0 eta 10 artean: bikain (B)

Ohorezko matrikulak eman ahal izango dira, irakasgai bakoitzean hogei ikasleko edo hogeiko zatiki bakoitzeko bat; akta bakartzat hartuko da irakasgaiko ikasle guztiena, talde kopurua gorabehera.

Masterreko batzorde akademikoak master amaierako ikaslerik onena aukeratu ahal izango du eta, aukeratuz gero, horren berri emango dio Master eta Doktoregoko Atalari.

2.- Irakasgaien aktetan adieraziko diren kalifikazioak sinatu egin beharko dituzte, nahitaez, irakasle arduradunak eta masterraren zuzendaritza akademikoa izan duen arduradunak. Aktek ez dute emendakin, zirriborro edo zuzenketarik izan behar. Halakorik izanez gero, diligentziak egin beharko dira, lehen aipaturiko pertsonek beren-beregi sinatuak.

3.- Kalifikazioak GAUR aplikazioaren bidez argitaratuko dira, bai eta master ofizial bakoitzak adierazitako tokietan ere, eta agerian izan beharko dute zein egunetan argitaratu diren, arautegi honetako 19. artikuluan aipatutako epeak zehazte aldera.

4.- Masterreko gaiak gainditzeko, deialdi bakarra egingo da ikasturte bakoitzeko,eta ez da egongo horretarako salbuespenik. Deialdi bakarra egingo da ikasturtean masterreko gaiak. Ikasleak,gehienez ere, hiru deialdi izango ditu gaia gainditzeko. «Aurkezteke» kalifikazioak deialdia galtzea ekarriko du.

Hala ere, ez zaio arau hori ezarriko ondoko egoeraren batean dagoen ikasleari:

Eskola aldian ikaslea gaixorik egon bada hiruhileko batean baino luzaroago, egoera hori behar bezala egiaztatu beharko du.

Beste egoera larri batzuk.

5.- Ikasleak, lehenengo ikasturtean, matrikulatuta dituen kredituen % 15 gainditu behar ditu, gutxienez. Ez badu baldintza hori bete edo bi deialdiak agortu baditu irakasgaia gainditzeke, ezin izango du ikasketa horietan jarraitu titulazio horretan bi ikasturte matrikulatu gabe egon arte.

Aktak bete eta gero, Master eta Doktoregoko Atalera bulegora igorriko dira hilabeteko epean.

19. artikulua.- Kalifikazioak berraztertzea.

Kalifikazioak berrikustea eskatzeko, erreklamazioa aurkeztuko zaio irakasgaia edo jarduera akademikoa eman duen irakasleari. Ondoren,beharrezkoa bada, masterreko batzorde akademikoak jardungo du.

Erreklamazioak ebatzi eta ikasleari horren berri emango zaio gehienez ere hilabeteko epean, erreklamazioa aurkeztutako egunaren biharamunetik hasita.

Ikasleek gorako administrazio errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio UPV/EHUko errektoreari masterreko batzorde akademikoak hartutako erabakiaren kontra, erabaki horren berri izan eta hilabeteko epean. Errektoreak txostena eskatuko dio UPV/EHUko Doktoregoko Azpibatzordeari, erreklamazioa ebazteko.

Errektorearen erabakia behin betikoa izango da eta administrazio bidea agortuko du.

IV. KAPITULUA

GRADUONDOKO TITULU OFIZIALAK ETA ZIURTAGIRIAK EMATEA

I. ATALA

TITULUAK EMATEA

20. artikulua.- Arau orokorra.

UPV/EHUko master titulu ofizialak errektoreak emango ditu, eredu arautuari jarraiki, eta unibertsitateko Titulu Ofizialen Erregistroan jasotako dira.

21. artikulua.- Prozedura.

1.- Tituluak emateko eskaerak leku hauetan aurkeztuko dira: Master eta Doktoregoko Atalean eta horretarako egongo diren bulegoetan. Hauek dira aurkeztu beharreko dokumentuak:

- Eskaria, eredu arautuan.

- NANaren edo pasaportearen fotokopia.

- Kasuan kasuko tasak ordaindu direla egiaztatzen duen ordainagiria. Tasen salbuespenerako eskubidea duten ikasleen kasuan arautegi honetako 8. artikulua hartuko da kontuan.

Unibertsitate masterra egiteko aukera eman dio tituluaren fotokopia erkatua edo fotokopia eta jatorrizkoa; betiere, agiri hori ez bazen unibertsitateko masterrerako matrikula egitean aurkeztu. Titulu UPV/EHUn lortutakoa izanez gero, ez da zertan aurkeztu.

Unibertsitateko masterraren titulu ofiziala eskuratzeko eskubideak ordainduta izanaren ziurtagiria bidaliko die Master eta Doktoregoko Atalak ikasleei, eta ziurtagiri horrek tituluaren ondorio berberak izango ditu, titulua bera eman arte.

Tituluak ematea

1.- Titulu, behin inprimatuta, ikasleak berak hartu beharko du Master eta Doktoregoko Atalean. Ikasleak ezinezkoa badu bera joatea, baimena eman ahal izango dio beste bati (ahalorde notarialaren bidez) bere izenean titulua hartzeko.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa aldatzeke, interesatuak eskaria egin diezaioke idatziz Master eta Doktoregoko Atalari bere etxetik gertuen dagoen bulego hauetakoren batera bidaltzeko titulua: Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzara, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzara, Arabako Campuseko Errektoreordetzara, probintziako Hezkuntza eta Zientzia Zuzendaritzara, Hezkuntza Bulegora edo Kontsuletxera.

2.- Tituluak jasotzeko onartua dagoen jardunbide bera aplikatuko da bikoiztuen kasuan.

II. ATALA

ZIURTAGIRIAK EMATEA

22. artikulua.- Ziurtagiriak eskatzea.

Egindako ikastaro eta mintegien ziurtagiriak eskuratzeko eskariak Master eta Doktoregoko Atalean eta horretarako zehaztutako bulegoetan aurkeztu behar dira, eta eskariarekin batera aurkeztu beharreko agiriak UPV/EHUko web orrian eta Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzako Atalak adierazitako bulegoetan iragarriko da.

III. ATALA

PREZIO PUBLIKOAK

23. artikulua.- Ziurtagiri eta tituluak ematearren ordaindu beharreko prezio publikoak.

Graduondoko titulu ofizialak eta ziurtagiriak ematearren ordaindu beharreko tasak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztutakoak izango dira.

Tasa horiek eskariak aurkeztean UPV/EHUk adierazitako kontuetako batean ordaindu beharko dira.

V. KAPITULUA

GESTIO EKONOMIKOA

24. artikulua.- Organikoak irekitzeko tramiteak.

1.- Master eta Doktoregoko Atalak, jakinda master ofiziala irakatsi egingo dela, Organikoa irekitzeko eskatuko dio kontabilitate Zerbitzuari, kasuan kasuko masterraren gastuak gestionatzeko.

2.- Organiko hori titulazioaren ardura daukan organoak daukan Organikoaren menpe egongo da. Organo arduradun bat baino gehiago egonez gero, antolatzaileek erabakiko dute zein Organikoren menpe egongo den.

3.- Organikoaren lehen arduraduna master ofizialaren irakasle arduraduna izango da. Bigarren arduraduna masterraren ardura daukan saileko, ikastegiko edo institutuko zuzendaria izango da. Irakasle berberak betetzen baditu kargu biak, bigarren arduraduna graduondokoaren ardura duen organoko idazkaria izango da.

I. ATALA

DIRU-SARREREN GESTIOA

25. artikulua.- Diru sarreren aurrekontua gestionatzea.

Master ofizialen BGGei dirua emango zaie aurrekontutik, ezarriko diren parametroen arabera, masterraren gastu aurre egiteko. Ekitaldi ekonomikoan zehar kanpoko deialdietatik etor daitezkeen diru laguntzak masterretako diru sarreren aurrekontuan sartuko dira.

26. artikulua.- Diru laguntzen gestioa.

Masterraren irakasle arduradunak hitzarmena egiten badu erakunde publiko edo pribaturen batekin diru laguntzak lortzeko, diru hori UPV/EHUren aurrekontuen kontuan sartzeko eskatuko dio. Ondoren, jakinaren gainean jarriko du Master eta Doktoregoko Atala, diru laguntza jasoko duela egiaztatzen dituen dokumentuak aurkeztuta. Master eta Doktoregoko Atalak, dokumentuak aztertu ondoren, Kontabilitate Zerbitzura bidaliko ditu, kontabilizatu eta aurrekontuan jasotzeko.

II. ATALA

GASTUEN GESTIOA

27. artikulua.- Gastuen aurrekontua gestionatzea.

Master ofizialaren BGGren aurrekontua masterreko arduradunek gestionatuko dute.

Master ofizialen irakaskuntzako gastuak guztiz ordaindu beharko dira master bakoitzak bere aurrekontuan jasoko duen diru kopuruarekin. Gastuen gestioa unibertsitatearen aurrekontuei buruzko arau orokorretara lotuko da, kontuan hartuta ondoko hauek:

a) Gastu arruntak kasuan kasuko kontzeptura atxikiko dira, unibertsitatearen kontuen planaren arabera.

b) UPV/EHUkoak ez diren langileen ordainketak ez ohiko finantziazioaren bidez egingo dira (kanpoko ekarpenak, diru laguntzak...), eta kasu bakoitzean aplikagarria izango den gestiorako araudiaren bidez arautuko dira.

Aipatutako langileei gehienera ere ordainduko zaizkien diru kopuruak honako hauek izango dira:

1.- Masterrean eskolak emateagatik: orduko 125 euro.

2.- Bidaiak, joan-etorriak eta mantenua justifikatzeko, berriz, aurrekontua gestionatzeko UPV/EHUn indarrean egongo den arautegiak dioena beteko da.

c) Erositako material inbentariagarria gastuen kasuan kasuko kontzeptuan kontabilizatuko da eta unibertsitatearen ondarean sartuko da. Horrexegatik, inbentario ofizialean agertu beharko da, arlo horretako arautegiak dioenaz bat.

VI. KAPITULUA

INDARRALDIA ETA ESKUORDETZEA

XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi hau UPV/EHUk berak antolatuko ezarriko zaie. UPV/EHUk beste unibertsitate batzuekin batera antolatuko dituen programa ofizialen kasuan ere aplikatuko da arautegi hau baina, horrez gain, erakundeen arteko lankidetza hitzarmena hartuko da kontuan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Master ofizialetan aldaketarik egin nahi izanez gero, Doktoregoko Azpibatzordeak beren-beregi eman beharko du baimena eta horretarako dauden izapide guztiak egin beharko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Arautegi hau 2011-2012 ikasturtean sartuko da indarrean.

Bigarrena.- Doktoregoko Azpibatzordeari ahalmena ematen zaio araudi hau garatzeko arau osagarriak eman ditzan eta ikasturtero datak, egutegiak eta eranskinak egunera ditzan, akademia Antolakuntzako errektoreordearen proposamenari jarraituz.

Akademi Antolakuntzako errektoreordearen gain uzten da araudi hau ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.

Hirugarrena.- Doktoregoko Azpibatzordeari eskumena ematen zaio arautegi hau hurrengo ikasturteetarako egokitzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira araudi honekin bat ez datozen gainerako xedapen guztiak.


Azterketa dokumentala