Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2012ko otsailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
649

AGINDUA, 2012ko urtarrilaren 12koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, 511678-1 Zerbitzu Orokorren arduradun lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdia iragartzeko dena (Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zuzendari babeslea).

Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 20. artikuluak ezartzen duenez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren administrazioaren ardura Patronatuak izendatutako zuzendari-babesle bati egokituko zaio. Urriaren 28ko 179/2008 Dekretuaren bidez, aldatu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko sail eta erakunde autonomoetako lanpostu zerrendak onartzen dituen Dekretua; eta bertan dago jasota lanpostu hori, «Zerbitzu Orokorren arduraduna» izenarekin, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzan, eta lantokia Gernika-Lumon (Bizkaia) duela.

Zerbitzu Orokorren arduradun lanpostua hutsik dagoenez -511678 kodea, 1. dotazioa-, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 46.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman duelarik, eranskinean azaltzen den lanpostua izendapen askearen sistema erabiliz betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du sail honek. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.- Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.- Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, agindu honen eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza berdinetan, honakoek ere parte hartu ahal izango dute, lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.- Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeretan egonda hartu dezakete parte deialdi honetan, honako egoeretan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita badute. Ezingo dute parte hartu egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen eszedentzian egon beharreko denbora ez badute bete.

3.- Eskatutako baldintzak bete beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezingo dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.- Eskabideak.

1.- Hautagaiek Zerbitzu Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 15 egun balioduneko epean. Eskabideetan datu pertsonalak eta orain daukaten destinoa adierazi beharko dute hautagaiek.

2.- Hautagaiek eskaerarekin batera curriculum vitae-a aurkeztu beharko dute, eta bertan honako hauek adierazi:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazio publikoan eta enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, dauzkaten hizkuntza-ezagupenak eta egokitzat jotzen dituzten bestelako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Horiek dagoeneko EAEko administrazio orokorreko Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.- Ebazpena.

Deialdi hau Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak izendapena egin ondoren. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitaratzeko epea, gehienez hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzen lanpostua eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek administrazio-bideari bukaera ematen dio. Aurka egiteko, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri dakioke agindua eman duen organoari, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri daiteke Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 12a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua: Zerbitzu Orokorren arduraduna (zuzendari babeslea).

Kodea: 511678.

Dotazioa: 1.

Kidegoak: A Taldeko Kidegoak-Aukerak-Eskalak (EAP).

Lanpostuaren osagarriaren maila: 28.

Berariazko osagarria: IA.

Lantokia: Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

Herria: Gernika-Lumo (Bizkaia).

Hizkuntza-eskakizuna: 4.

Derrigortasun-data: 2008-03-31.

Berariazko ezagutzak: ez.


Azterketa dokumentala