Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2012ko otsailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Arbitraje Batzordea
645

1/2012 ERABAKIA, 2012ko urtarrilaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-kutxei buruzko Lege-proiektuaren gainean Bizkaiko Foru Aldundiak planteatutako eskumen-arazoari buruzkoa.

Gasteizen, 2012ko urtarrilaren 3an, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkura izan da. Juan Luis Ibarra Robles lehendakari jauna eta Alberto López Basaguren jauna, Eduardo Vírgala Foruria jauna, Asunta de la Herrán Unceta-Barrenechea andrea, Andrés María Urrutia Badiola jauna eta Juan Ramón Guevara Saleta jaun batzordekideak bildu dira, eta ondoko erabakia hartu dute.

ERABAKIA

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu eta Eusko Legebiltzarrak 2011ko irailaren 13an egindako saioko Osoko Bilkuraren Akordioaren bidez (Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofiziala, 125. zenbakia, 2011ko irailaren 16koa) aintzat hartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-kutxei buruzko Lege-proiektuaren (EAKLP) 41. artikuluaren gainean, Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) 7/2011 eskumen-arazoa planteatu du.

Eduardo Vírgala Foruria jauna izan da txostengilea eta Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkuraren iritziaren berri eman du.

AURREKARIAK

Lehenengoa.- BFAk, zegokion epearen barruan, aipatu eskumen-arazoa abiarazi zuen 2011ko urriaren 5ean, eta horren berri eman zitzaien legitimazioa duten erakundeei, Ebazpen Batzordea arautzen duen ekainaren 30eko 13/1994 Legearen (EBL) 30. artikuluak xedatutakoa betez, eta hala badagokio, beharrezkoak diren alegazioak aurkezteko xedearekin.

Bigarrena.- 2011ko urriaren 11ko Mahaiaren Akordioari jarraikiz, Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-kutxei buruzko Lege-proiektuaren izapideak eten egin zituen (Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofiziala, 129. zenbakia, 2011ko urriaren 14koa).

Hirugarrena.- 2011ko urriaren 14an, BFAk eskatu zuen «izapideen etenaldia soil-soilik Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-kutxei buruzko Lege-proiektuaren 41. artikulura mugatzea, eskumen-arazoak eragiten duen bakarra delako».

Laugarrena.- Ebazpen Batzordeak, 2011ko urriaren 18an, «[BFAk]egindako eskaera ez onartzea» erabaki zuen, «legitimazio aktiborik ez zuelako. Erabakia Ebazpen Batzordeari buruzko Legearen 51.2 artikuluak jasotzen duenean oinarrituta, izan ere, artikulu horren arabera, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak edo ekimena izapidetzen ari diren Batzar Nagusietako Mahaiek, edo ekimenaren egileak berak dute esklusiboki etenaldia kendu behar dela alegatzeko legitimazioa. Hala badagokio, alegazio hori bost eguneko epean egin beharko litzateke, eskumen-arazoaren izapidetzea onartu dela jakinarazten den egunetik kontatzen hasita».

Bosgarrena.- EBLaren 51.2 artikuluak aurreikusitakoa kontuan hartuz, behin Ebazpen Batzorde honek eskumen-arazoa izapidetzea onartu duela jakinarazi eta gero, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eragindako Lege-proiektuaren izapidetzearen gaineko etenaldia kentzea eskatu zuen 2011ko urriaren 21ean.

Seigarrena.- Etenaldia kentzeko 2011ko urriaren 27an egindako eskariaren aurrean, BFAk hainbat alegazio aurkeztu zituen, eta «etenaldia soil-soilik Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-kutxei buruzko Lege-proiektuaren 41. artikulura mugatzea» eskatu zuen berriz ere.

Zazpigarrena.- Aurreko idatziak ikusita, eta Ebazpen Batzordeari buruzko Legearen 51.1 artikuluak «ulermen eta adostasunaren gaineko batasuna apurtzen ez den artean» Lege-proiektuaren gaineko etenaldia partzialki kentzea ahalbidetzen duenez, Juan Luis Ibarra Robles Ebazpen Batzordeko Lehendakari jaunak Eusko Legebiltzarreko Mahaira eramatea erabaki zuen 2011ko azaroaren 3an, etenaldia soilik aipatu Lege-proiektuaren 41. artikuluaren gainean aplikatu zedin Bizkaiko Foru Aldundiak egindako eskaeraren aurrean Mahaiak egoki zeritzon erabakia jakinarazte aldera.

Zortzigarrena.- 2011ko azaroaren 4an, «Bizkaiko Foru Aldundiak igorritako alegazio-idazkia ikusita, egoki iritzi dion erabakia hartzea Ebazpen Batzordeari berari dagokiola» erabaki zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaiak.

Bederatzigarrena.- 2011ko azaroaren 8an, Ebazpen Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-kutxei buruzko Lege-proiektuaren gaineko etenaldia kentzeko eskaera ezestea erabaki zuen, «etenaldia kentzea justifikatzen duen ezohiko gorabeherarik agerian ez dagoela» argudiatuta (EBLaren 51.2 artikulua).

Hamargarrena.- BFAk adierazitako argudioen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak (EAEE) Lurralde Historikoei ematen dizkien eskumen esklusiboen artean, Konstituzio Auzitegiaren eta Ebazpen Batzordearen doktrinak adierazitako foraltasunaren «gune ukiezina» osatzen dutenak, «euren erakunde propioen antolakuntza, erregimena eta funtzionamendua» eskumena dago (EAEE, 37.3.a artikulua).

«Gune ukiezin» hori apirilaren 26ko 76/1988 KAEak definitu zuen: «a) zuzenean Estatututik eratorritako eskumen esklusiboak: 3. atalean, a) azpiataletik e) azpiatalera bitartekoetan berariaz izendatutakoak eta 1) azpiatalaren lehen parentesian jasotzen direnak dira, «Estatutu honetan zehazten diren guztiak»; b) eskumen horiek Erkidegoko botereen jarduera zehatzaren bidez zehaztu beharko dira, eta Estatutuak nondik jasotzen diren zehaztu gabe botere horiek «transferentzia bidez» jasotako eskumen esklusiboak [37.3.f) artikulua], zein «lurralde barruan, Eusko Legebiltzarrak adierazitako gaien gaineko araudia eta betearazpena garatzea» (37.4 artikulua) izango dira. Horrela, Estatutuaren aginduz, foru-erregimenaren barruan gune ukiezin bat definitzen da, -eta horrenbestez, foraltasunaren irudia bera desagertuko litzateke gutxieneko hori izan ezean-, eta era berean, erregimen hori hedatzeko esparru bat ere definitzen da, beste organo batzuen jardueraren mende dagoena. Ondorioz, foraltasunaren guneari eskumen gehigarriak transferitu edo esleitzeko aukera jasotzen da, eta eskumen horiek Autonomia Estatutuaren bidez zein Konstituzioaren 150.1 eta 2. artikuluetan aurreikusitako prozeduren bidez iritsi daitezke».

Halaber, BFAk argudiatu du Ebazpen Batzordeak «erabaki eta ebazpen askoren bidez eskumen-erregimen hori aitortu eta aldarrikatu» duela, eta martxoaren 17ko 2/2003 Ebazpena, azaroaren 3ko 5/2003 Erabakia eta maiatzaren 13ko 1/2001 Erabakia aipatu ditu. «Foru-erregimenaren gune ukiezinarekin» batera, esku-sartzerik edo iraunkortasunik gerta ez dadin bermea egongo litzateke, eta horrenbestez, ez Eusko Legebiltzarrak ezta Gorte Nagusiek ere ezingo dute berme hori ezabatu edo aldatu, Estatutua edo/eta Konstituzioa erreformatzen ez den bitartean (76/1988 KAE). Konstituzio Auzitegiaren eta Ebazpen Batzordearen doktrinarekin batera, BFAk Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia erantsi du, eta horrek Lurralde Foraletako erakundeen autoantolaketaren eremu berezia babestuko luke. Modu horretan, Auzitegi Gorenaren 2001eko maiatzaren 22ko Epaiak jasotzen duenez, Lurralde Historikoek euren burua antolatzeko dituzten eskumenei esker «egitura propioa izateko aukera dute, eta egitura hori ez da halabeharrez erregimen komuneko Aldundi Probintzialen egituraren araberakoa izan behar» eta «foru-erregimenaren funtsezko zatiari dagokionean, Konstituzioaren eta Auzitegi Gorenaren Areto honen jurisprudentziak Lurralde Historiko bakoitzak antolatzeko duen autonomiaren alde egin dute».

Era berean, BFAk Tomás Ramón Fernández katedradunaren -«foru-erakundeen eta eskubide historikoen alorrean aditu nagusitzat» jotzen du- eta Santiago Larrazábal Basáńez irakaslearen irizpenak aipatu ditu, eta Foru Aldundiak bere egin ditu.

Orduko 34. artikuluari lotuta (EAKLParen 41. artikuluaren aurrekaria), Tomás Ramón Fernández katedradunaren irizpenak dio «Eusko Legebiltzarrak ezin duela ordezkaritzaren onuraduna den foru-organoa hain modu zehatzean finkatu. Autonomia Estatutuaren 37. artikuluak hori egiteko erabateko debekua jartzen dio, izan ere, artikulu horren arabera, Lurralde Historikoek dute »euren erakundeen antolaketa, erregimena eta funtzionamenduari« lotutako guztiaren eskumen esklusiboa (3.a atala). Horrenbestez, »bakoitzaren erregimen juridiko bereziari« jarraikiz (1. atala), Estatutuak xedatutakoak aldatu ez duena eta aldatu ezin duena (2. atala), Lurralde Historikoek xede den aurrezki-kutxan lurraldearen ordezkaritza nori dagokion erabakitzeko eskumena dute, eta halaber, aurrezki-kutxaren batzarrean kontseilari nagusi gisa parte hartuko duten pertsonak izendatzeko prozedura erabakitzeko eskumena dute».

Santiago Larrazábal irakaslearen irizpenak, bere aldetik, orduko 36.1.g) (egun, EAKLParen 38. artikulua, eta eskumen-arazo honen baitan ez da horren aurka egin) eta 39. artikuluak (egun, EAKLParen 41. artikulua) ditu abiapuntu, eta «Lurralde Historikoen eskumenetan argi eta garbi sartzen direla, eta beraz, Estatutuaren eta LHLaren aurkakoak» direla dio. Izan ere, «Eusko Legebiltzarrak ezin du erabaki kutxen gobernu-organoetan zein erakundek ordezkatu behar dituen Lurralde Historikoak (Lurralde Historikoei dagokie hori erabakitzea), eta ordezkari horiek hautatzeko orduan ezin ditu Lurralde Historikoetako organo batek, kasu honetan Batzar Nagusiak, jarraitu beharreko irizpideak ezarri (esaterako, Batzar Nagusiak osatzen dituzten legebiltzar-talde desberdinetako kide kopuruaren gainean proportzionaltasunaren irizpidea ezartzen dien bezala), eta ezin du hori egin, Autonomia Estatutuaren 37. artikulua urratuko lukeelako». Larrazábal irakaslearen aburuz, EAEEren 25.1 artikulua eta Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako (LHL) Foru-organoen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.a) 1 artikulua ere urratuko lituzke, «foraltasunaren gune ukiezinaren» barruan kokatzen direlako.

Amaitzeko, BFAk adierazi du EAKLPak «finka dezakeela % 6 Lurralde Historikoen esku egongo dela, baina ezin duela erabaki ordezkari horiek Batzar Nagusiek izendatuko dituztenik. Batzar Nagusien esku dagoen euren burua antolatzeko eskumen esklusiboa da hori», EAEEaren 37. artikuluak debekatuko lukeelako, eta «ezin da defendatu «Batzar Nagusiek finkatzen dituzten prozeduretara» bideratze hutsak gune ukiezinaren aurkako eraso zuzena saihesten duela, izan ere, proiektuak hautatu behar dutena agintzen die Batzar Nagusiei, eta hori egiteko modu mekanikoa eta prozedurari lotutakoa hautatzeko aukera besterik ez die ematen».

Hamaikagarrena.- Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (AEAO) alegazio-idazki bat aurkeztu zuen 2011ko azaroaren 9an, eta BFAk eskatutakoaren aurka egin zuen. AEAOren argudioen arabera, lehenik eta behin, eskumen-arazoak eragindako gaia zehaztu behar da, eta horretarako, Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia eta Ebazpen Batzordearen doktrina aztertu ditu.

Konstituzio Auzitegiari dagokionean, AEAOk azpimarratu du Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren arabera, funtsean martxoaren 22ko 49/1988 epaiaren arabera, berriki uztailaren 5eko 118/2011 epaiak eta irailaren 14ko 138/2011 eta 139/2011 epaiek berretsitakoa, Aurrezki-kutxen gaineko eskumen autonomikoaren barruan kokatzen da ere estatuko oinarrizko araudia oinarri duen barne-antolaketa. Aurrezki-kutxen antolaketaren inguruan, estatuko oinarrizko araudiaren printzipio informatzaile nagusiak printzipio demokratikoa eta ordezkatze-izaera dira. Bestalde, Auzitegi Gorenak zuzenbide pribatuko pertsona juridiko gisa kalifikatu ditu aurrezki-kutxak, eta horien kideek ez dute kargu publikoen izaera (1999ko maiatzaren 8ko Auzitegi Gorenaren Epaia). Halaber, AEAOk gogora ekarri du 1/2000 Erabakian Ebazpen Batzordeak erabaki zuela aurrezki-kutxetako kontseilariak hautatzeko modua gaiaren gaineko eskumena duenak finkatu behar duela eta erakunde sortzaileei dagokien eskumena ez dela autoantolatzeko eskumenen barruan sartzen.

Jarraian, AEAOk aplikatzekoa den araudia aipatu du, eta Aurrezki-kutxen Gobernu Organoak arautzen dituen abuztuaren 2ko 31/1985 Estatuko Legea (LORCA) nabarmendu du. Lege horren 2.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, Autonomia Erkidegoek, hala badagokio, Batzar autonomikoak izendatutako eta prestigioa eta profesionaltasun aitortua duten kideen bidez parte hartuko dute. Horri jarraikiz, ondoriozta daiteke estatuko legegilearen arabera legebiltzarreko izendapena arautu beharreko oinarrizko eredua osatzen duen elementua dela, eta AEAOk ondorioztatu du EAKLPren 41. artikuluak ez diola foru-antolaketaren barne-osaketari eragiten, aurrezki-kutxen gobernu-organoen osaketari baizik. Euskal Autonomia Erkidegoak aurrezki-kutxen gaineko eskumen esklusiboa duela eta eskumen hori erakunde erkideei dagokiela (EAEEren 37. artikulua eta LHLaren 6. artikulua) azpimarratu ostean, AEAOk baieztatu du EAKLPren 41. artikuluaren xedea ez dela foru-organoek euren eskumenak betetzeko moduan esku-hartzea, aurrezki-kutxen gobernu-organoen antolaketa arautzea baizik. BFAk aurkeztutako eskumen-arazoaren idatziak jasotzen dituen argudioei dagokienez, AEAOk berriz ere azpimarratu du kontua ez dela foru-erakundeek euren burua antolatzeko duten eskumena nori dagokion zehaztea, aurrezki-kutxen gobernu-organoak izendatzeko modua nork arautu behar duen zehaztea baizik.

BFAk aipatutako Tomás Ramón Fernández irakaslearen irizpenaren zenbait baieztapenen aurka egiten du jarraian, esaterako, Lurralde Historikoek Aurrezki-kutxen Batzarrean izan behar duten ordezkaritza funtzio betearazlearen esparruan dagoela dioenean LORCAren 2. artikuluak xedatutakoaren aurka, edo Foru Aldundiak ere tokiko erakundeak direla dioenean, eta ondorioz, horiek bezalaxe, Lurralde Historikoetako ordezkariak zuzenean izendatzeko eskumena eman beharko litzatekeela, estatuko oinarrizko legeriak ez baitie inolako ahalmenik esleitzen Foru Aldundiei eta soilik udal-erakundeak aipatzen baititu.

Santiago Larrazábal irakaslearen irizpenari dagokionean, BFAk ere bere egiten duena, irizpenak Ebazpen Batzordearen 1/2000 Erabakiaz egiten duen interpretazioa, AEAOren aburuz «Aurrezki-kutxak» eskumenen titulua Lurralde Historikoek euren burua antolatzeko dituzten ahalmenen gainetik dagoela dioena, zein Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2003ko urriaren 24ko epaiaz egiten duen interpretazioa, hau da, Aurrezki-kutxen tituluaren eta autoantolatzeko eskumenen arteko borroka nahita alboratzen duena, gaitzetsi egiten ditu.

Hamabigarrena.- 2011ko azaroaren 15ean, AEAOk alegazioak aurkeztu zituen azaroaren 8ko Ebazpen Batzordearen akordioaren aurrean, hain zuzen ere, EAKLPren etenaldia kentzeko eskaerari uko egitea adostu zuena.

Hamahirugarrena.- Ebazpen Batzordeak, 2012ko urtarrilaren 3ko akordioari jarraituz, 2011ko azaroaren 15ean AEAOk aurkeztutako alegazio-idazkiaren xedea bat-batean galdu zela adierazi zuen, akordioaren egun berean Erabakia eztabaidatu eta onetsi baitzen.

Hamalaugarrena.- Erabaki hau 2012ko urtarrilaren 3an eztabaidatu eta onetsiko zela erabaki zuen Batzordearen Osoko Bilkurak.

ZUZENBIDE OINARRIAK

Lehenengoa.- EAKLParen 41. artikuluaren gaineko eskumen-arazoa planteatu du BFAk, honako termino hauek erabilita: «Lurralde Historikoetako ordezkari diren Kontseilari Nagusiak dagozkien Batzar Nagusiek izendatuko dituzte, prestigio eta profesionaltasun aitortua izan beharko dute, eta erakunde horietako osoko bilkurek hautatu beharko dituzte erakundeetako batzarkide talde desberdinetako kideen kopuruarekin proportzionaltasuna mantenduz, Batzar Nagusiek finkatutako prozedurei jarraikiz». Horrenbestez, EAKLParen 41. artikulua Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru-organoen arteko eskumenen banaketaren aurkakoa den erabaki behar da.

Bigarrena.- BFAk bi argumentu-premisa ditu abiapuntu gisa. Lehenaren arabera, Lurralde Historikoek «euren erakundeen antolaketa, erregimena eta funtzionamenduaren» gainean duten eskumen esklusiboa (EAEEren 37.3.a artikulua) foraltasunaren «gune ukiezina» izenez ezagutzen denaren barruan kokatzen da (apirilaren 26ko 76/1988 KAEk eta martxoaren 17ko 2/2003 Ebazpenak, eta Ebazpen Batzordearen azaroaren 3ko 5/2003 eta maiatzaren 13ko 1/2001 Erabakiek aitortu dute). Konstituzio Auzitegiaren eta Ebazpen Batzordearen doktrinari Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia gehitu dio BFAk (2001eko maiatzaren 22ko epaia), eta horrek Foru Lurraldeetako erakundeen autoantolaketaren eremu berezia babestuko luke.

Hirugarrena.- Bigarren premisa aurrekoaren ondorio gisa aurkeztu du BFAk, eta horren arabera, Lurralde Historikoek, foraltasunaren «gune ukiezin» izenez ezagutzen denaren barruan, «euren erakundeen antolaketa, erregimena eta funtzionamenduaren» gainean duten eskumenaren baitan «dagokion aurrezki-kutxan lurraldearen ordezkaritza izatea nori dagokion eta Kontseilari Nagusi gisa aurrezki-kutxaren batzarrean parte hartuko duten pertsonak izendatzeko prozedura zein izan behar den» erabakitzea egongo litzateke. Horrenbestez, «Eusko Legebiltzarrak ezin du esan zein erakundek ordezkatu behar dituen Lurralde Historikoak kutxen gobernu-organoetan (hori erabakitzea Lurralde Historikoei dagokie), eta halaber, ordezkari horiek hautatzeko orduan Lurralde Historikoetako organoak, kasu honetan Batzar Nagusiak, jarraitu beharreko irizpideak ezin ditu inposatu (esaterako, Batzar Nagusiak osatzen dituzten legebiltzar-taldeetako kide kopuruaren inguruko proportzionaltasun irizpidea inposatzen zaienean), eta ezin du hori egin, Autonomia Estatutuaren 37. artikulua urratuko lukeelako». Arrazoi horiei jarraikiz, Eusko Legebiltzarrak «% 6 Lurralde Historikoei egokituko zaiela finka dezake, baina ezin du zehaztu ordezkari horiek Batzar Nagusiek izendatuko dituztenik. Batzar Nagusiei dagokien autoantolatzeko eskumen esklusiboa da hori», eta «ezin da defendatu «Batzar Nagusiek finkatzen dituzten prozeduretara» bideratze hutsak gune ukiezinaren aurkako eraso zuzena saihesten duela, izan ere, proiektuak hautatu behar dutena agintzen die batzarrei, eta hori egiteko modu mekanikoa eta prozedurari lotutakoa hautatzeko aukera besterik ez die ematen».

Laugarrena.- BFAk, EAEEren 37.3.a artikulua dela medio, autoantolatzeko duen eskumenaren alde egindako argudiatzea azaldu ondoren, lehenik eta behin, aurrezki-kutxen gaineko eskumena erakunde erkideei dagokien erabaki behar dugu, eta bigarrenik, zein neurritan dagokien, hau da, kutxen barne-egitura eta -antolaketari buruzko eskumena ere barne hartzen duen. Aurrekoa zehaztuta, euskal legegileak aurrezki-kutxen organoak arautu eta Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiei horietan parte hartzeko aukera ematen dionean, berezko eskumenaz baliatzen den edo autoantolaketaren gaineko foru-eskumenean esku hartzen ari den erabaki beharko litzateke.

Bosgarrena.- EAEEren 10. artikuluak xedatzen duenez, «Euskal Autonomia Erkidegoak honako hauen gaineko eskumen esklusiboa du: (...) 16. Kreditu korporatibo, publiko eta lurraldeko erakundeak eta aurrezki-kutxak, Estatuak kredituaren eta bankuaren antolaketaz ezartzen dituen oinarrien eta diru-politika orokorraren esparruan». Transkribatutako aginduaren bidez uler daiteke Euskal Autonomia Erkidegoak aurrezki-kutxak arautzeari dagokion guztiaren eskumen esklusiboa bere gain hartzen duela, baina kreditua antolatzeko oinarrien eta jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren esparruaren barruan, Konstituzio Auzitegiak zenbait jurisprudentziatan gogora ekarri duen moduan (martxoaren 22ko 48/1988 KAE, 2. oinarri juridikoa; martxoaren 22ko 49/1988 KAE, 16. oinarri juridikoa, edo berriki emandako uztailaren 5eko 118/2011 KAE, 3. oinarri juridikoa). Gogoan izan behar da aurrezki-kutxak «oro har, izaera sozialeko erakunde gisa sortzen direla, nahiz eta Estatuak edo tokiko erakundeek sortutakoen kasuan esku-hartze publikoa handiagoa izan» (otsailaren 7ko 18/1984 KAE, 4. oinarri juridikoa), eta aurrezki-kutxen barne-egiturak eta -antolaketak izaera hori islatzen dute.

Seigarrena.- Aurrezki-kutxen inguruan erakunde erkideen zalantzarik gabeko eskumenetik abiatuta, zalantza bat sor daiteke, hau da, eskumen horrek bere baitan bere gobernu-organoak arautzea zein organo horien osaketa eta kideen estatutua jasotzen dituen, Batzar Orokorra osatzen duten Kontseilariak barne.

Hala eta guztiz ere, gaur egun, zalantza hori behar bezala argitu du Konstituzio Auzitegiak urtarrilaren 28ko 1/1982 KAEren bidez, eta batez ere, 48/1988 KAEren bidez. Horrela, estatuko oinarrizko legeriak aurrezki-kutxen kreditu-jarduerari ez ezik, «aurrezki-kutxen egitura eta antolaketari» eragiten diela nabarmendu du, «gainerako finantza-bitartekarien aurrean, aurrezki-kutxak taxutzen dituzten elementuak diren heinean, edo aurrezki-kutxen egiturak eta antolaketak jarduera horretan zuzenean eragina duten heinean» (martxoaren 22ko 48/1988 KAE, 4. oinarri juridikoa). Are argiagoa da martxoaren 22ko 49/1988 KAE, honako hau adierazteko orduan: «ezin da erabateko bereizketarik egin antolaketari buruzko oinarrizko arauak emateko eskumenaren eta kutxen kanpo-jarduerari buruzko arau mota berdinak emateko eskumenaren artean. Antolaketa jarduera zehatz bat gauzatzeko izan ohi da. Helburu nagusia jarduera ahalbidetzen duten erabakitzeko guneak zehaztea, taxutzea eta koordinatzea da. Hortaz, jarduera horiek arautzeko moduaren arabera gauzatzen da» (2. oinarri juridikoa). Horrenbestez, estatuko oinarrietatik abiatuta, aurrezki-kutxen eskumen autonomikoaren baitan horien barne-egitura eta -antolaketaren arautzea daude.

Gogora ekarri behar da puntu horretan eskumen autonomikoa ez dela estatuko oinarrietan xedatutakoa errepikatzera mugatzen, izan ere, «aipatu erakundeak taxutzeari buruzko estatuko oinarrizko esparrua ezin da aurrezki-kutxen antolaketa berdina bultzatzera bideratzeko moduan zehaztu, modu horretan, Autonomia Erkidegoei euren garapenean dagozkien lurraldeen ezaugarri bereiziak aintzat hartzera eragotziz» (martxoaren 22ko 48/1988 KAE, 4. oinarri juridikoa). Horrenbestez, «bere ildo nagusietan kide bakarreko zein kide anitzeko organoak sortzea eta azken horiek txertatzeko modua (horien osaketa eta Erkidegoko parte-hartzaile desberdinek parte hartzeko gutxienekoak) eta horien funtsezko eskumenak aurreikusten dituen arautzea oinarrizkotzat jo daiteke; horretaz haratago, organo zehatz baten osaketa zehatza edo bere kideak izendatzeko sistema, parte hartzeko organo gehigarrien aurreikuspena ere, aukera konstituzional zehatz gisa jo daitezke, baldin eta estatuko legeriak xedatutako eredu parte-hartzailearen guztiz bestelakoa den osaketa ekartzen ez badute (137/1986 KAE, 4. oinarri juridikoa)».

Hori dela eta, Ebazpen Batzorde honek azaroaren 21eko 1/2000 hasierako Erabakian jada finkatu zuen «aurrezki-kutxak, finantza-erakunde gisa, ez direla euren jabearen erabakimenaren esku egongo,eta enpresak ez duela askatasunik. Aurrezki-kutxak arautzea ez dago enpresaren askatasunaren baitan, eta beraz, horien erregimen juridikoak ez du enpresaren askatasunak eskatzen duen autoantolaketaren printzipioa bermatu behar. Aurrezki-kutxen gobernu-organoak arautzea eta hautatzeko modua Aurrezki-kutxen arloari dagokio. Ondorioz, arlo horretan eskumenak dituenaren esku egongo da arautzea» (2. oinarri juridikoa).

Adierazgarria da azaroaren 21eko 1/2000 Erabaki hartan, aurrezki-kutxak arautzeko orduan erakunde erkideen zalantzarik gabeko eskumenak bere baitan erakunde horien gobernu-organoak hautatzeko modua ere barne hartzen duela aipatu genuela. Une honetan baieztapen horri uko egin ahal izango genioke soilik kontrako zentzuan araudiari edo/eta jurisprudentziari lotutako argudio berri eta garrantzitsuak izango balira, eta hurrengo oinarrian ikusi ahal izango denez, ez da horrelakorik gertatu.

Zazpigarrena.- Aurrezki-kutxen arloari dagokionez behin erakunde erkideen eskumena zehaztuta, horien barne-egitura eta -antolaketa arautzea barne hartzen dituena, euskal legegileak aurrezki-kutxen organoak arautu eta horietan Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiei parte-hartzea esleitzen dienean, dagokion eskumena baliatzen ari den edo autoantolaketari buruzko foru-eskumenean sartzen ari den erabakitzea falta da. Puntu honetan BFAren argudiatzeak jauzi ikaragarria egiten du, eta ezin dugu horrekin ados egon, izan ere, AEAOren alegazioek agerian uzten duten moduan, afera ez da Lurralde Historikoek euren burua antolatzeko duten eskumenaren jabe diren edo ez zehaztea, hori inork ez baitu zalantzan jartzen, baizik eta aurrezki-kutxen gobernu-organoak izendatzeko modua inskribatu behar den eskumen-titulua aztertzea.

«Bere erakundeen antolaketa, erregimena eta funtzionamenduari» buruzko eskumena foraltasunaren «gune ukiezinaren» barruan dagoela eztabaidaezina da. Alabaina, bestelako kontua da autoantolaketari buruzko eskumen horren baitan erakunde erkideei dagokien eskumen bat gauzatzeko moduaren zehaztapena dagoen ala ez. Aurrezki-kutxen egitura eta antolaketari buruzko eskumena erakunde erkideei baldin badagokie, argi dago estatuko oinarrizko legeriak xedatutako esparruaren barruan, erakunde sortzaile diren heinean Foru Aldundiei dagokien eskumenaz gain Lurralde Historikoek Batzar Orokorrean berezko ordezkaritza izan behar duten, ordezkaritza Batzar Nagusiek izan behar duten eta Batzar Nagusiek Aurrezki-kutxen Batzar Orokorretako Kontseilariak hautatzeko orduan zein irizpide izan behar diren erabakitzeko askatasuna dutela erakunde erkideek.

Euskal legegileak Batzar Nagusiek Batzar Orokorrean parte hartzea beharrezkoa ez zela aurretik erabaki zuen moduan (ikus Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxei buruzko azaroaren 8ko 3/1991 Legearen 34. artikulua, maiatzaren 7ko 3/2002 Legeak erreformatu zuena), orain Batzar Orokor horretan parte-hartzaile berriak egoki deritzon moduan izan daitezen erabaki dezake, proposatzen den moduan, betiere bere garaian Konstituzio Auzitegiak martxoaren 22ko 48/1988 epaian ezarritako irizpideak errespetatuz. AEAOren ordezkaritzak adierazi duen bezala, «xedea ez da foru-organoek euren eskumenak betetzeko orduan agintzen duten moduan esku-hartzea, baizik eta Lurralde Historiko bakoitzaren interesaren gainetik, aurrezki-kutxen gobernu-organoen antolaketa eta kutxaren berariazko interesei arreta jarri behar dien batzarrean parte-hartzea arautzea».

Horren haritik, era berean, esan daiteke Lurralde Historikoa ordezkatzen duen organoaren parte-hartzea bete-betean egokitzen dela LORCAren xedera, izan ere, zioen azalpenean dio aurrezki-kutxek «euren gobernu-organoen erabateko demokratizazioa eskatzen dute, horien bidez lan egiten duten inguruetako benetako interes guztiak adierazi ahal izateko». Horrek ez du inolako zerikusirik Lurraldearen ezta Batzar Nagusien barne-antolaketarekin ere, eta ez dagokie EAEEk eta LHLak Lurralde Historikoentzat finkatutako eskumenei. Aurretik aipatutako Ebazpen Batzorde honen 1/2000 Erabakian esan genuen «baiezta daitekeela Batzar Orokorrean erakunde sortzaileetako ordezkariak hautatzeko moduaren arautzea ez dela autoantolaketaren eskumenen barruan sartzen», eta inolako arazorik gabe aplika dakioke hori Aurrezki-kutxen Batzar Orokorrean Lurralde Historikoen ordezkaritza finkatzeko eta Kontseilari Nagusiak hautatzeko moduaren arautzea zehazteko erabakiari ere, aurretik ez Estatutuak ezta legez ere aurreikusten ez delarik, Lurralde Historiko bakoitzaren aniztasuna errespetatuz bakoitzaren interesak adierazteko modu gisa. Horri dagokionez, argitu behar da EAKLParen 41. artikuluak Kontseilari Nagusi gisa izendatutakoak Lurralde Historikoetako «ordezkari» gisa aipatzen dituela, eta ez da ulertu behar Lurralde Historikoen ordezkaritza instituzionala adierazten dutenik; Batzar Nagusien prozesuan, «Lurralde Historikoaren herri ordezkaritza eta partaidetzazko organo gorenean», parte hartzen dutela adierazten du (Arabako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketari buruzko 1983ko martxoaren 7ko Foru-arauaren 4.1 artikulua; Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Egitura, Gobernua eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru-arauaren 4.1 artikulua; Bizkaiko Lurralde Historikoaren Foru-erakundeen Hautaketa, Antolaketa, Erregimena eta Funtzionamenduari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru-arauaren 4.1 artikulua).

Izatekotan, «prestigio eta profesionaltasun aitortua duten» pertsonak izendatu beharko dira (EAKLParen 41. artikulua), eta horrek esan nahi du euskal legegileak ez duela estatuko legeriak aurreikusitakoa gaindituko, eskakizun horiek LORCAren 2.1. artikuluak aurreikusitakoaren hitzez hitzeko errepikapena besterik ez baitira.

Beste alde batetik, gure ordenamendu juridikoan ez da berria ez garaiz kanpokoa ere gai baten gaineko eskumena, hori gauzatzeko organoen zehaztapena barne hartzen dituena, organo horiek hautatzeko prozesuan zein lurralde-erakundek eta zein modutan parte hartzen duten zehazteraino iristea.

Gogoratu besterik ez dago, berriki, maiatzaren 24ko 6/2007 Lege Organikoak xedatu zuela Senatuak izendatu beharreko Konstituzio Auzitegiko magistratu hautagaiak Autonomia Erkidegoen barruan Legebiltzar autonomikoek proposatu behar izatea, metodo zehatz bati jarraikiz eta xedapen legegile horrek Autonomia Erkidego bakoitzak estatutu-organoen gainean duen eskumenaren gainean, Konstituzioaren 152.1 artikuluak xedatutakoa, inolako eraginik ez izateko asmorik gabe.

Zehatz-mehatz aurrezki-kutxei dagokienean, hainbat lege autonomikok Legebiltzar autonomikoa Batzar Orokorrean ordezkariak izendatzeko subjektu legitimatu gisa onartu dute, LORCAren 2.1 artikuluak xedatutako aukera baliatuta («autonomia erkidegoen parte-hartzea, hala badagokio, Batzar autonomikoak izendatutako eta prestigio eta profesionaltasun aitortua duten kideen bidez gauzatuko da»), eta era berean, hori egiteko modua ere arautu dute. Modu horretan, esaterako, Kantabriako Aurrezki-kutxei buruzko uztailaren 24ko 4/2002 Legeak honako hau dio: «Kantabriako Parlamentuak izendatutako kontseilari nagusiek prestigio eta profesionaltasun aitortua izan beharko dute, eta erakunde horren Osoko Bilkurak hautatuko ditu, Parlamentuak berak zehaztutako prozeduren arabera Ganberako legebiltzar-talde desberdinetako diputatuen kopuruarekiko proportzionaltasuna gordez» (26. artikulua). Horrek ez du inolako eraginik legebiltzarraren autonomian. Era berean, Aurrezki-kutxei buruzko 13/1990 Kanarietako Legearen arabera, irletako kabildoek izendatu behar dituzte Batzar Orokorreko ordezkariak (24.2.d artikulua) eta hori egiteko modua, eta kabildo bakoitzari «Kontseilari nagusi bat izendatzea» esleitzen dio, «Talde honetako gainerako kideak irla bakoitzean Aurrezki-kutxen inguruan Udaletako ordezkariekiko proportzionaltasuna gordez izendatuko dira, Batzar Orokorrean ordezkaritza izateko eskubidea duten Udal-erakundeen guztizkoaren arabera» (29.2 artikulua).

EAKLParen 41. artikuluari jarraikiz Batzar Nagusiek egin beharreko hautaketa «erakunde horien osoko bilkurek erakundeak osatzen dituzten taldeetako kideen kopuruarekiko proportzionaltasuna gordez eta Batzar Nagusiek zehaztutako prozedurei jarraikiz» egin beharrari dagokionean, eztabaida daiteke aniztasun politikoa Batzar Nagusiek izendatutako Kontseilariengan islatzea egokia den ala ez. Gogoan izan behar da aurrezki-kutxetako gobernu-organoetako kideak «ez direla kargu publikotzat jotzen, Konstituzioaren 23. artikuluaren ondorioetarako» (otsailaren 7ko 18/1984 KAE, 4. oinarri juridikoa). Nolanahi ere, batzarkide kopuruarekiko proportzioa gordez hautaketa egiteko erabakia legegile autonomikoari dagokio legez, aurrezki-kutxen eta bere organoen gaineko eskumena baitu. Aipatutako 1/2000 Erabakian esan genuen moduan, hori «aurrezki-kutxen arloa arautzeko erakunde eskudunak emandako arauek ezartzen dutenaren araberakoa izango da, sistema bat zein bestea hautatzeko askatasuna baitu, eta Ebazpen Batzorde honek bere funtzioa betetzeko orduan ere ezingo du horren inguruan inolako eragozpenik jarri».

Zortzigarrena.- Horrenbestez, aurrezki-kutxen arloa Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eskumen esklusiboa dela kontuan hartuta, nolanahi ere, horien barne-egitura eta -antolaketa barne hartzen dituelarik, ondoriozta dezakegu aurkaratutako xedapena sartuta azkenean onetsiko balitz, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-kutxei buruzko Eusko Legebiltzarraren Legea bete-betean egokitzen zaiola Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoen Foru-organoen arteko eskumenen banaketari.

ERABAKIA

Azaldutakoari jarraikiz, Ebazpen Batzordeko Osoko Bilkurak

ERABAKI DU:

EAKLParen 41. artikuluan jasotako aurreikuspenari lotuta, Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiei dagokien Aurrezki-kutxetako Kontseilari Nagusiak izendatzeari dagokionean, zalantzan jarritako eskumena Autonomia Estatutuak xedatutako Erakunde Erkideen eta Foru-erakundeen arteko eskumenen banaketari egokitzen zaiola.

Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak boto partikularra iragarri du.

Erabaki hau aldeei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Horrela adostu dute eta sinatu dute Batzordeko kideek, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.

ANDRES URRUTIAK ADIERAZITAKO BOTO PARTIKULARRA, EBAZPEN BATZORDEAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREZKI-KUTXEI BURUZKO LEGE-PROIEKTUAREN GAINEAN HARTUTAKO ERABAKIAREN AURREAN.

1.- Erabaki horren gainean azaldutako argudioei erabateko errespetua eta begirunea adieraziz, esan behar dut ez natorrela bat erabakiarekin; batzordekide honen aburuz, eskumen-arazo honek eragindako arazoa zuzen konpondu ahal izateko azterketa egiten du erabakiak, eta azterketaren puntu batzuekin bat egiten dut eta beste batzuekin ez. Hori dela eta, jarraian, erabakiaren testuarekin bat datozen puntuak azalduko dira, eta ondoren, hausnarketa honen xede diren desadostasuneko puntuak.

2.- Zuzenbideko oinarriei dagokienean, aurkeztutako argudioen artean, 1., 2., 3., 4. eta 5. Oinarri Juridikoekin (aurrerantzean OJ) bat nator. Batzordekide honek bere adostasuna azpimarratu nahi du Aurrezki-kutxen arloan EAEko Erakunde Erkideei eskumena ematearekin, erabakiaren testutik nabarmendutako oinarrietan azaldutako argudioetan oinarrituta. Argudio horiek dagokien korrelatuarekin, legeari zein jurisprudentziari dagokiona, zehazten dira. Era berean, ez dago inolako eragozpenik EAEko Erakunde Erkideek, dagokien eskumen-esparruan, EAKLParen 38.1.g) artikuluan Lurralde Historikoak (aurrerantzean LH) ex novo kontuan hartuko dituen Aurrezki-kutxen Batzar Orokorren osaketa zehazteari dagokionean.

3.- 6. eta 7. OJekin eta horien ondoriozko 8. OJarekin zein proposatutako testuaren atal erabakitzailearekin desadostasunak azaldu ditu hau aurkeztu duen batzordekideak, izan ere, bere iritziz, erabakitzeko testuarekin batera, «bere erakundeen antolaketa, erregimena eta funtzionamenduari» buruzko eskumena foraltasunaren «gune ukiezinaren» barruan egotea ezin baita zalantzan jarri, LHei dagokien foraltasuna baita. Hala eta guztiz ere, hortik abiatuta, batzordekide honen iritziz, «bere erakundeen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua» ezin da berau gauzatzeko modua eta era zehaztetik bereizi, EAEko Erakunde Erkideek dagozkien eskumenak betetzeko orduan, LHari horien barruan jarduera zehatz bat esleitzerakoan (eztabaidatutako auzian, euskal Aurrezki-kutxetako Kontseilarien izendapena).

4.- Idatzia aurkeztu duen batzordekidearen iritziz, proposatutako erabakiaren testuak 7. OJan oso grafikoki bereizten du EAEko Erakunde Erkideek, estatuko oinarrizko legeriaren esparruaren barruan eskudunak diren heinean, askatasuna izan behar dutela, xede honi begira: a) LHek Aurrezki-kutxen Batzar Orokorrean ordezkaritza propioa izan behar duten zehaztea, eta puntu honetan, batzordekide honek bat egiten du erabakiarekin; b) ordezkaritza LHetako Batzar Nagusiek izan behar duten; batzordekide hau ez dago horrekin ados, LHen ordezkaritza zehaztea haiei dagokiela uste baitu, euren burua antolatzeko eskumenez baliatuz, eta c) Aurrezki-kutxen Batzar Orokorretako Kontseilariak aukeratzeko orduan LHetako Batzar Nagusiek zein irizpide jarraitu behar dituzten; batzordekide honek, era berean, ez du bat egiten hartutako erabakiaren testuaren puntu honekin, LHetako Batzar Nagusi horiek hori egiteko erabateko eskumena dutela uste duelako, EAKLParen 41. artikuluak aurrezki-kutxetako kontseilariek izan beharreko ezaugarriekiko, euren xedeari begira egokiak direnak, koordinazioari kalterik egin gabe.

5.- Ondorioz, eta Aurrezki-kutxen Batzar Orokorrean LHek parte hartzeko mekanismoa ezartzeko euskal legegilearen (EAEko Erakunde Erkideak) eskumenaren inguruan hartutako erabakiarekin bat eginez, batzordekide hau ez dago ados EAEko Erakunde Erkideek Batzar Nagusien bidez LHen ordezkaritza hautatzeko irizpideak erabakitzeko ahalmena izatearekin. Era berean, ez dago ados LHetako Batzar Nagusiek hautatzeko garaian EAEko Erakunde Erkideek aurrez ezarritako moduan jardun behar izatearekin, modu horretan aurretik aipatutako autoantolatzeko eskumenak urratuko lirateke eta.

6.- Argudioaren lehen ildoa jada errepikatutako «bere erakundeen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua» izango litzateke (EAEEaren 37.3.a artikulua), LHen foraltasunaren «gune ukiezin» gisa aitortzen dena. «Gune ukiezin» hori apirilaren 26ko 76/1988 KAEak definitu zuen: «a) zuzenean Estatututik eratorritako eskumen esklusiboak: 3. atalean, a) azpiataletik e) azpiatalera bitartekoetan berariaz izendatutakoak eta 1) azpiatalaren lehen parentesian jasotzen direnak dira, «Estatutu honetan zehazten diren guztiak»; b) eskumen horiek Erkidegoko botereen jarduera zehatzaren bidez zehaztu beharko dira, eta Estatutuak nondik jasotzen diren zehaztu gabe botere horiek «transferentzia bidez» jasotako eskumen esklusiboak [37.3.f) artikulua], zein «lurralde barruan, Eusko Legebiltzarrak adierazitako gaien gaineko araudia eta betearazpena garatzea» (37.4. artikulua) izango dira. Horrela, Estatutuaren aginduz, foru-erregimenaren barruan gune ukiezin bat definitzen da, -eta horrenbestez, foraltasunaren irudia bera desagertuko litzateke gutxieneko hori izan ezean-, eta era berean, erregimen hori hedatzeko esparru bat definitzen da, beste organo batzuen jardueraren mende dagoena. Hortaz, foraltasunaren guneari eskumen gehigarriak transferitu edo esleitzeko aukera jasotzen da, eta eskumen horiek Autonomia Estatutuaren bidez zein Konstituzioaren 150.1 eta 2. artikuluetan aurreikusitako prozeduren bidez iritsi daitezke».

7.- LHLak berak honako hau xedatzen du 7.a) 1 artikuluan: «Lurralde Historikoetako Foru-organoek honako gaien eskumen esklusiboa dute, eta lurralde bakoitzaren erregimen juridiko bereziaren arabera gauzatuko dituzte: 1. Bere Foru-organoen hauteskunde-arauak, antolaketa, erregimena eta funtzionamendua».

8.- Bizkaiko Lurralde Historikoko foru-erakundeen antolaketa, erregimena eta funtzionamenduari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru-arauak (BFA errekurtsoa jarri duen erakundea delako aipatzen da) honako hau jasotzen du:

1. artikulua.- Tradizio historikoari jarraikiz, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru-erakundeak eta -organoak dira.

2. artikulua.- Bizkaiko Foru-erakundeak eta -organoak, dagozkien eskumen bereziak betetzeko orduan, legearen eta zuzenbideari erabat men eginez jardungo dira.

3. artikulua.- Bizkaiko Foru-erakundeek eta -organoek euren jarduera publikoa ondorengoek definitutako eskumen-esparru orokorraren baitan beteko dute: a) Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua. b) Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoen arteko Harremanak arautzen dituen Legea, eta eskuordetze zein transferentziako bestelako xedapenak. c) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren arabera moldatutako Ekonomia Itunari buruzko Legea eta zerga-alorreko bestelako xedapenak eta honetarako ezar daitezkeen bestelako arauak. d) Erregimen Komuneko Aldundien egungo eskumen-esparrua ezartzen duten legezko xedapenak, eta bereziki, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 2. Xedapen Gehigarriak xedatutakoaren arabera, eta e) Hautaketa, Antolaketa, Erregimena eta Funtzionamenduari buruzko honako Foru-araua.

4. artikulua.- Batzar Nagusiak Lurralde Historikoaren herri ordezkaritza eta partaidetzazko organo gorena dira.

9.- Hartutako erabakiaren testuaren alde eginez, Ebazpen Batzorde honek 1/2000 Erabakiaren bidez ebatzitakoa aipatzen da; honako hau xedatu zuen: «Xedatutakoa betez, Ebazpen Batzorde honek erabaki du Foru-arauaren proposamena ez zaiola EAEEak eta LHLak egindako Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoen arteko eskumenen banaketa sistemari egokitzen. »Gipuzkoa-Donostia Kutxa-Caja de Gipuzkoa-San Sebastián delakoan, erakunde sortzailea den Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa aritzeko, Batzarreko kide izango diren kontseilari nagusiak izendatzeari« buruzko Foru-araurako Proposamenaren artikulu bakarreko laugarren paragrafoaren eta xedapen iragankorraren edukiaren arautzea Aurrezki-kutxen arloari dagokio. Arautze hori gauzatzeko titulartasuna Erakunde Erkideen esku dago».

10.- Zentzu hertsian, ez dago garai hartan aurkaratutako aginduaren eta EAKLParen 41. artikuluaren arteko erabateko bateragarritasun eta antzekotasunik, batzordekide honen aburuz, argitu beharreko kontua desberdina delako bi kasuetan.

1/2000 Erabakiari dagokionez, Erakunde Sortzailearen (garai hartan GFA) ordezkari gisa aritzeko Aurrezki-kutxetako Kontseilariak izendatzea aipatu zuen, eta izendatzeko ardura Gipuzkoako LHetako Batzar Nagusien esku utzi zuen. Kasu honetan, erakunde sortzaileaz gain (dagokion Foru Aldundia, kasu honetan, BFA), EAKLParen 38.1.g) artikuluan, ex novo aitortzen da Aurrezki-kutxak helbide soziala duen LHak Kontseilariak izendatzeko ahalmenaren inguruan planteatu da afera, eta hori egiteko ardura duen organoa eta izendapena egiteko irizpideak ezartzen dira.

11.- Gauzak horrela, gai honi dagokionean, 1/2000 Erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren, Administrazioarekiko Auzietako Salaren, 2003ko urriaren 24ko Epaiarekin osatu behar da. Ebazpen Batzordeak jada aipatutako erabakian erabakitakoaren gaineko Foru-arauari buruzkoa da epaia, eta argudiatze juridikoaren ikuspuntutik, baztertu behar ez diren hainbat baieztapen jasotzen ditu: «Konponbidea ez da Aurrezki-kutxei buruzko berariazko eskumen-titulua modu abstraktuan autoantolatzeari buruzko eskumen orokorraren gainetik dagoen ala ez, erakunde sortzaileei izendatzeko eskumena ematen dien legezko xedapena halabeharrez izendatzeko barne-arau hipotetiko baten gainetik egon dadin. Aitzitik, Legeak berak izendatzeko sistema bat ezartzen ez duela eta funtzionamendurako barne-arauei lotzen zaiela kontuan hartuta, kontua da antolatzeko eta barne-erregimeneko arau horiek bere horretan funtzionatzen jarraituko duten, erakunde sortzailearen esparru hertsia gainditzen baldin badute eta erakundeen printzipio ordezkakor eta demokratikoaren ikuspuntutik, beste erakunde bereizi batzuei sartzeko aukera ematen dieten» (4. OJ).

12.- Azken batean, hori egiten du EAKLPak 38.1.g) artikuluaren bidez, hau da, LHak Aurrezki-kutxen Batzar Orokorretako kontseilariak izendatzeko aintzat hartzen ditu, eta EAKLParen 41. artikuluaren bidez, ordezkari horiek izendatzeko mekanismo bat finkatu du, eta batzordekide honen iritziz, ez zaio EAEn indarrean den eskumenen banaketaren esparruari egokitzen, LHek autoantolatzeko duten eskumenari eragiten diolako. EAKLParen testuaren idazkera ere nekez egokitzen zaio testuaren zioen azalpenari. Testuaren berrikuntza nagusiak aipatuz, honako hau dio Zioen Azalpenean: «Administrazio Publikoen ordezkaritza ehuneko 40ra mugatzen da, eta Autonomia Erkidegoaren, Batzar Nagusien eta interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeen ordezkaritzak lekua izango du». Zioen Azalpenei eman beharreko balioa alde batera utzita, egia esan, azaldutakoaren bidez ondoriozta daiteke LHei kontseilariak izendatzeko ardura eman beharrean, Batzar Nagusiei ematen zaiela, eta agerikoa den bezala, ńabardura hori oso desberdina da auzi eztabaidagarriaren gainean erabakitzeko orduan.

13.- Horrenbestez, batzordekide honen iritziz, aurretik erabakitakoaren aurrean atzera egiteko ezin da argudiatu araudiari lotutako argudio berri eta jurisprudentziari lotutakoak daudenik. Bi kasuen arteko antzekotasuna ez da erabatekoa eta Ebazpen Batzordearen 1/2000 Erabakian oinarritutako argudiatzea auziaren alderdi bat baino ez da, eta gainera, ez da hemen erabaki behar denaren berbera. Zinez azpimarratzekoa da ez dagoela araudiari eta jurisprudentziari lotutako argudio garrantzitsurik, izan ere, bi ebazpenen antzekotasuna ez da erabatekoa, eta ikusiko den moduan eta batzordekide honen iritziz, ezta modu mimetikoan aplikagarria ere, EAEren eskumen eta antolaketa egituraren arabera.

14.- Egiaz, batzordekide honen iritziz, lehen esandakoa ez da bateragarria aipatutako 3/1987 Foru-arauaren 1. eta 4. artikuluetan xedatutakoarekin,

1. artikulua.- Tradizio historikoari jarraikiz, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru-erakundeak eta -organoak dira.

4. artikulua.- Batzar Nagusiak Lurralde Historikoaren herri ordezkaritza eta partaidetzazko organo gorena dira.

(...)

Aurrezki-kutxen Batzar Orokorrean LHen kontseilari ordezkariak izendatzen dituen LHaren organoa edo erakundea zehaztea, horrenbestez, Batzar Nagusien esku egongo da (kasu honetan, Bizkaikoen esku), EAKLParen bidez behin EAEko Erakunde Erkideek izendatzeko ahalmenak esleitu ondoren, gai honetan eskumen esklusiboa baitute.

Are gehiago, aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2003ko urriaren 24ko Epaiak honako arrazoiak eta argudioak ematen ditu: «Eta erregimen eta betebeharrei dagokienez erakunde sortzailearen funtzionamendu-arauei men egin behar bazaie, berehala ikus daiteke beste erakunde batek egindako xedapen heteronomoa -izendatzeko zeharkako formulak dakartzan izendapen-prozedura agintzen duena, esku artean dugun kasuan bezala, kontseilarien izendapena beste erakunde bati esleituko diona- ezingo dela funtzionatzeko barne-araudi horrekin nahastu».

Horrenbestez, idatzi hau aurkeztu duen batzordekide honen aburuz, LHaren ordezkaritza horrek erabakiko du kontseilariak izendatzeko organoa zein izango den, eta erabaki hori ezartzen den prozeduraren arabera hartuko du, horrek Aurrezki-kutxei dagokienez EAEk duen eskumen-esparruan inolako esku-hartzerik eragin gabe.

15.- Erabakiak nabarmentzen duenez, EAKLParen testuak «LHen ordezkariak» esamoldea erabiltzen duenean, horrek ez du esan nahi lurraldeek inolako ordezkaritza instituzionalik dutenik. Hortaz, Ebazpen Batzordearen iritziz, hori nahikoa da LHen autoantolaketarako Foru-arauen eragozpena gainditzeko eta izendatutako pertsonak LHen ordezkari hutsak direla eta dagokion Aurrezki-kutxaren Batzar Orokorreko kontseilari nagusiek duten kargua baino ordezkaritza handiagorik ez dutela ulertzeko. Egiaz, batzordekide hau ez dago erabat ados baieztapen horrekin, izan ere, kontseilari nagusi horiek izendatzeko mekanismoa LHek euren burua antolatzeko duten eskumena da, ordezkari instituzional gisa aintzat hartzen diren edo ez alde batera utzita, eta izendapenaren xede den kargua betetzeko modua eta izaera kontuan hartu gabe.

16.- Beste alde batetik, erabakiak jasotzen duenez, Espainiako ordenamendu juridikoan ez da berria gai baten gaineko eskumena, hori gauzatzeko organoen zehaztapena barne hartzen dituena, organo horiek hautatzeko prozesuan zein lurralde-erakundek eta zein modutan parte hartzen duten zehazteraino iristea. Hala ere, horrek ez du orain arte batzordekide honek esandakoaren kontrakoa esaten. Lehenik eta behin, batzordekide honek adierazi du eta adierazten du Aurrezki-kutxen arloan EAEko Erakunde Erkideek dutela eskumena, eta eskumen horrek, dagozkien Aurrezki-kutxetako batzar orokorretarako kontseilarien izendapena LHen esku egotea erabakitzeko ahalmena ematen dio euskal legegileari. Eskumen ahalmen horrek, eskumenak berak izendapenak egiteko dituen mekanismoak errespetatu behar ditu (bitxia bada ere, beste erakunde batzuekin egiten du, aurrerago azalduko den moduan), batik bat erakunde politikoa eta ordezkaritza duena dela kontuan hartuta, eta bereziki EAEko egitura juridiko-politikoaren barruan, izan ere, horren baitan EAEEa eta LHLa dira beste Autonomia Erkidego batzuetan ezezaguna den eskumenen banaketaren oinarriak. Gauzak horrela, Aurrezki-kutxei buruzko estatuko oinarrizko legeriaren eta Autonomia Erkidegoek horri buruz egiten duten garapenaren, eta gai honen inguruan EAEko Erakunde Erkideen eta LHen arteko egoeraren arteko paralelismoa egitea ez da hartutako erabakiaren argudioak berresteko modurik egokiena, batzordekide honen aburuz. Aitzitik, EAEren egoerari eskumenak banatzeko eskema bat nolabait automatikoki aplikatzea da, eta ez da guztiz berdina. Batzordekide honek, hartutako erabakiaren aurrean erabateko errespetua adierazten du, baina ez dago aplikazio horrekin ados.

17.- Argumentuaren ildoari jarraikiz, batzordekide honentzat bitxia da EAKLPak kontseilariak izendatzeko orduan, beste interes kolektibo batzuk ordezkatzen eta zuzentzen dituzten erakundeekiko adierazten duen begirunea egiaztatzea, esaterako, EAKLParen 45. artikuluan jasotzen direnak. Izaera desberdineko interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeak dira, eta horietan, Aurrezki-kutxen Batzar Orokorretako kontseilarien izendapena, aurreko paragrafoetan aipatutako erakundeak arautzeko arauek euren kideentzat ezarritako izendapen-arauen arabera egingo da. Hau da, erakunde horiek erabakitzeko dituzten barne-mekanismoetara jotzen da, LHen kasuan gertatzen denarekin alderatuta, eta LHen talde sozialak politikan eta hauteskundeetan ordezkatzen dituen elementua izanik, kasu honetan, ez dute euren kontseilari nagusiak izendatzeko barne-mekanismoak zehazteko ahalmenik. Mekanismo horiek inposatu egiten zaizkie, EAEko Erakunde Erkideentzat aldarrikatzen den eskumen batean oinarrituta. Eskumen hori egon badago eta kontseilariak izendatzeko orduan zalantzarik gabekoa da, baina ez da, besterik gabe, LHek kontseilariak hautatzeko prozeduretara hedatzen.

18.- Azken batean, EAEko Erakunde Erkideek Batzar Orokorrean Kontseilariak izendatzeari buruz EAKLParen 41. artikulua igortzearekin, eta modu horretan, Batzar Nagusiei zuzenean eskumen hori ematearekin, eta gainera, izendapena egiteko eta izendatutakoen ezaugarrien kasuan horiek jarraitu beharreko irizpideak ezartzearekin, batzordekide honen iritziz, arautze hori ez zaio egokitzen EAEEaren 37. artikuluak eta LHLaren 7.a).1. artikuluak xedatutakoari.

19.- Horretarako ez da inolako oztopoa EAKLParen 41. artikuluak berak izendapenak egiteko «Batzarrek erabakitzen dituzten prozeduretara» zuzentzea, LHen titulartasuna eta parametroak aurretiaz ezartzen direnez, prozedura horiek ez baitute EAEko Erakunde Erkideen aldetik inolako birtualtasunik izango. Gainera, erakunde horien autoantolaketari dagokionez, ez da Kontseilariak izendatzeko eta EAEEak eta LHLak LHei bermatzen dizkien antolaketa, erregimena eta funtzionamendua erabakitzeko eskumenaren esleipena errespetatuko. LHen ordezkari izateko kontseilariak hautatzeko orduan LHek beraiek erabakitzen duten modua eta prozedura finkatuko balu testuak, horien autoantolaketa eskumenak errespetatuko lirateke, eta era berean, guztiz bat etorriko litzateke EAEko Erakunde Erkideen eskumenekin eta LHen autoantolaketari lotutako eskumenekin.

20.- Azkenik, gai honen inguruan hausnarketa bat egin beharra dago, eta hausnarketa horrek batzordekide honek azaldutako argudiatze-ildoa indartzen du, 1/2000 Erabakia, eta ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2003ko urriaren 24ko Epaiaren 4. oinarri juridikoa bultzatu zituen Foru-arauari dagokionez, GFAri ordezkaritza ematen zion kontzeptua bereiztearen inguruan: «Gure ustetan, gakoa da Gipuzkoako Foru Aldundiari ordezkaritza ez zaiola Lurralde Historiko baten Gobernu eta Administrazio gisa esleitzen, lurraldearen elkartze-interesak bete ditzan (LORCAn eta Euskadiko 3/1991 Legean udalekin hori gertatzen dela ikusiko dugu). Horrela gertatuko balitz, aurkaratutako Foru-arauak aztertzen ari garen ikuspuntutik erabateko funtsa izango luke. Gakoa da orain ordezkaritza Aurrezki-kutxaren sortzaile bati dagokiola, bere Estatutuak horrela aitortzen dutelako -LORCAren 2.3 artikulua-, ondasun batzuk, ondasunen unibertsaltasun printzipioaren arabera eta ez pertsonen unibertsaltasunaren arabera, helburu zehatz batekin jarri dituen pertsona gisa ulertuta. Azken batean, Kutxaren sortzaile horrek bere izenean kontseilariak izendatzeko boterea edo ahalmena du, eta ez lurralde-izaera eta izaera politikoa duen ordezkaritza-organo gisa (universitas personarum).

Agerikoa da, Batzar Orokorreko kontseilariak izendatzeko ardura duten heinean, LHak barne egotea ez dela horien sortzaile izaeraren ondorio, Foru Aldundien kasuan bezala, lurralde-izaera eta izaera politikoa ordezkatzen duten organo-izaeraren ondorio baizik (3/1987 Foru-arauaren 1. eta 4. artikuluak), eta hain zuzen ere, funtzio hori betetzeko, euren eskumen-esparruan autoantolatzeko eta euren kontseilariak izendatzeko aukera izan behar dute, EAEEak eta LHLak bermatutako EAEren funtzionamendu eskemaren barruan.

17.- Kontrako zentzuan, honako hau berresten du epai berak: «Hitzaurrean Arauak jasotzen duen moduan, Batzar Nagusiek kontseilariak hautatzekotan, Gipuzkoako Lurraldeko herritarrek osatutako» corpus «horren izenean egingo dute; hori da izaera politikoa eta hauteskunde-izaera duen zehaztu gabeko benetako talde soziala, eta aitzitik, ezingo dute Kutxaren sortzailearen izenean egin». Ezbairik gabe, epaiaren argudiatzea LHei, egoki deritzon prozeduren bidez, Aurrezki-kutxen Batzar Orokorretako kontseilariak hautatzeko orduan zein organok ordezkatuko duen, nola izendatu behar diren eta zein ezaugarri izan behar dituzten erabakitzeko ahalmena esleitzen dien zirkulua itxiz amaitzen da, eta hori guztia, LHen gainean aldarrikatutako ordezkaritza politikoa eta lurraldekoa oinarritzat hartuta.

Horrek ez ditu, inondik inora, gai honen inguruan EAEko Erakunde Erkideek dituzten eskumenak murrizten. Aitzitik, eskumen horiek aitortuz eta EAEko Erakunde Erkide horiek LHei Aurrezki-kutxen batzarretan kontseilariak izendatzeko aukera eman ondoren, LHek ez dituzte berez haienak ez diren Aurrezki-kutxen arloan eskumen berriak beren gain hartzen. Deskribatutako eta adierazitako izaera publiko, politiko eta ordezkatzailearen baitan, organo izendatzailea, izendatzeko prozedura eta kargu horietarako -EAEko Erakunde Erkideek euren eskumen eztabaidaezinak betez esleitutakoak- izendatutakoen ezaugarriak erabakiko dituzte.

Kontseilarien baldintzek, gainera, izendatutako kontseilariek EAEko Erakunde Erkideek proposatutako zenbait ezaugarri izatea errespetatu beharko dute, LHLak berak bultzatzen duen koordinazio lanaren barruan, eta LHek horiek kontuan hartu beharko dituzte kontseilariak izendatzeko prozesuan. Prozesu horren baitan, batzordekide honek berriz ere azpimarratu nahi du autoantolatzeko gaitasuna izan behar dutela.

18.- Horregatik guztiagatik, testu hau aurkeztu duen batzordekideak, hartutako erabakiaren inguruko errespetua azpimarratzen du eta horren zati batekin ados ez dagoela jakinarazten du. Bere iritziz, EAKLParen 41. artikulua ez zaio, EAEEak (37. artikulua) eta LHLak (7.a).1. artikulua) xedatutakoaren arabera, EAEn indarrean dagoen eskumenen banaketa sistemari egokitzen. Izan ere, Ebazpen Batzorde honek 1/2000 Erabakiaren bidez adierazi bezala, Aurrezki-kutxen Batzar Orokorretako kontseilariak izendatzeko orduan LHen parte-hartzea zehazteko EAEko Erakunde Erkideen eskumena erabatekoa izan arren, euren eskumenak betez EAEko Erakunde Erkideek izendapenean parte hartzera deitu ondoren, LHen eskumena da kontseilarien izendapena, prozedura eta ezaugarriak finkatuko dituen organoa zein izango den erabakitzea. Horrek ez du inolaz ere adierazten LHek Aurrezki-kutxen arloaren gaineko eskumenak dituztenik, baina hori bai, izendatzeko zeregin horretara mugatu beharko dira, euren foru-organoen antolaketa, erregimena eta funtzionamenduari begira ezarritako moduari jarraikiz.

Bilbao, bi mila eta hamabiko urtarrilaren hirua.


Azterketa dokumentala