Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2011ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
6308

AGINDUA, 2011ko abenduaren 28koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena; honen bidez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetako gastu espezifiko bakoitzeko 2012. urtean gehienez eman daitezkeen diru-kopuruak eta laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak finkatzen dira; eta, horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzarentzat 2012. urterako aurrekontu-mugak finkatzen dira.

Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak honako baliabide hauek arautzen ditu: bazterkeria-arriskua saihestekoak, bazterkeria pertsonala nahiz gizarte- eta lan-arloko bazterkeriako egoerak arintzekoak, eta herritarren gizarte-eskubideak benetan baliatzeko behar adina baliabide pertsonal, sozial edo ekonomikoak ez dituztenen gizarteratzea erraztekoak. Horien artean daude Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL).

Horrez gain, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 6. artikuluan honako hau adierazten da: Herritar guztien gizarte-ongizatea sustatzea da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren helburua. Horretarako, beste sistema eta politika publiko batzuekin koordinatuta arituko da, haiekin lankidetzan eta besteak beste, funtsezko eginkizunetako bat izango da «Larrialdi-egoerek pertsonei eta familiei eragiten dizkieten beharrizanei aurrea hartu eta erantzutea».

Hori dela-eta, abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 16. artikuluan Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko prestazio ekonomikotzat hartzen dira gizarte-larrialdiko, gizarte-premiazko edo babesgabetasunezko egoerek eragindako ondorio ekonomikoak estaltzera edo leuntzera zuzendutakoak.

«Larrialdirako laguntza» kontzeptuaren funtsa hain zuzen ere une jakin batean (denbora-epea) eta norberaren borondateaz besteko edo aparteko arrazoiak eraginda sortutako baliabide ekonomikorik gabeko edo gutxiko egoera artatzeko premia larria da. Egoera horiek estaldura izatea eskatzen dute, herrialdean dagoen ongizate-mailarekin eta EAEko diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazio-estaldurak ezartzen dituen gehieneko mugetan ezarritakoarekin bat datorren bizimodua eramateko.

Ezusteko gertaera batek edo aldizkako prestazio ekonomikoen ondoriozko baliabide ekonomiko urriek sortutako larrialdiko egoera ekonomikoak estaltzean datza. Egoera horiek une jakin batean gerta daitezke edo une desberdinetan, pertsonaren bizitzako denboraldi luzeetan. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) premiazko gabezia eta gabetasunak biltzen dituzten egoerak saihesteko baliabide aringarri modura erabiltzen dira.

Laguntza horiek izan behar duten xederako ulertuta, hau da, larrialdi-laguntza gisa eta ezarritako araudiari jarraiki, aurten jadanik laguntza mota hori sortu zen erabilerara pixkanaka-pixkanaka egokitzeko irizpideen eta baldintzen berregokitze-prozesua hasi da.

Gizarte-larrialdietarako laguntza bat emateko gizarte-diagnostiko bat hartu behar da oinarritzat, hau da, larrialdi izaera duen premia-egoera ziurtatzen duen preskripzio-teknikoa, eta betiere baliabide ekonomikoen gabeziak eragindako gizarte-bazterketako egoeren prebentzio gisa hartuko da.

Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 49. artikuluan, gizarte-larrialdietarako laguntzetarako zenbatekoa zehazteko kontuan hartu beharreko irizpideak ezartzen dira. Zehazki, 1. paragrafoan inoiz ere gainditu ezin izango den kopuruetariko bat jasotzen da, hau da, aurreikusten den gastu berezi bakoitzeko araudi bidez gehienez finkatutako diru-kopurua.

Legean jasotzen den aurreikuspen horretan oinarrituz, urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretuak 9. artikuluan ezartzen duenez, gizarte-larrialdietarako laguntza gisa urte bakoitzean gehienez emango diren diru-kopuruak urtero ezarriko dira, agindu bidez ezarri ere.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak emateko esleitutako kredituak banatzeko irizpideei dagokienez, komenigarritzat jo dugu Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduan erabilitako berberei eustea. Irizpide horiek gaur egun bizi dugun zailtasun ekonomikoen zikloak osatutako errealitate sozio-ekonomikoari erantzuten diote, baita Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren aplikazioari ere.

Beharrizanei dagokienez, laguntza ia soilik eskatzaileen ohiko etxebizitzarekin zerikusia duten gastuetarako erabiltzen ari zela ikusi zen. Gizarte-larrialdietarako laguntzen programa betearaztean azken urteotan izan dugun esperientziatik ondorioztatu zenez, dauden baliabideen ehuneko handi bat -guztia ere batzuetan- etxebizitzaren alokairuak, aprobetxamenduak eta mantentzeak sortutako gastuei aurre egiteko erabiltzen zen, eta oinarrizko beharrizanei dagozkien gastuen kontzeptuek, ordea, estaldura txikiagoa lortzen zuten.

Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriari (EGPO) buruzko urtarrilaren 12ko 2/2010 Dekretua indarrean jarri izanak erantzuna ematen die Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileen etxebizitza-gastuei, alokairu, azpierrentamendu, baterako errentamendu, ostatu-emate, apopilotza edo logela-alokairuaren modalitateetan.

Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarri berriari esker urrats garrantzitsu bat eman da GLLen berezko izaera, hasierakoa, berreskuratzeko da, hau da, ez-aldizkako prestazioa izatea. Ohiko bizitokiak eragindako gastuak estaltzearen ondorioz, sisteman ia aldizkako prestazio bihurtu zen, baina prestazioaren diseinua zela-eta, zailtasun handiak eragiten zituen kudeatzeko garaian, baita asegabetasunak ere, herritar potentzialki hartzaileen artean eta aplikatzen zuten profesionalen artean.

GLLak ezin dira ulertu edozein arrazoi dela-eta diru-sarrerak bermatzeko errentan edo beste edozein prestazio ekonomikotan bilduta ez daudenen oinarrizko premiak betetzen dituen aldizkako prestazio ekonomiko gisa eta horregatik, GLLak emateko ezartzen diren aldiak kasu batzuetan gehieneko 4 hilabetekoak izaten dira edo 6 hilabetekoak, gizarte-zerbitzuen txostena horren aldekoa bada.

Laguntzak emateari dagokionez, abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 50.1 artikuluak xedatzen duenez, oinarrizko gizarte-zerbitzuek benetako premia-egoera dagoela eta helburu horretarako kontsignatutako kreditua ere badagoela konprobatu eta gero emango dira gizarte-larrialdietarako laguntzak.

Horren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak 2010eko ekitaldirako onartzen dituen Lege Proiektuan xedatutakoaren arabera, 17.300.000 euroko ordainketa-kreditua dago ekitaldi honetan laguntza horietarako, eta horiek dira agindu honetan esleitzen direnak.

Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 88. artikuluko g) eta h) idatzi-zatietan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie gizarte-larrialdietarako laguntzak onartu edo ukatzea eta ordaintzea. Horretarako, udalek aldez aurretik jakin behar dute urtero gehienez erabil dezaketen diru kopurua, betiere aurrekontu-ekitaldi bakoitzean laguntza horietara zuzendutako guztizko aurrekontu-esleipenaren barruan.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretu arautzaileak ezartzen du programari esleitutako urteko baliabideak udalei banatzeko eta transferitzeko prozedura. Baliabideen banaketa, beraz, printzipio hauetan oinarritzen da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, urtero, gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko behar beste baliabide ekonomiko esleitu beharko da.

b) Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak aztertu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko dagoen dirua erkidego barruko udalerrien artean nola banatuko diren zehazteko irizpideak gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan Eusko Jaurlaritzaren sailak zehaztuko ditu urtero, eta beharren adierazleei begira zehaztu beharko ditu batez ere.

c) Irizpide horiek aplikatuz, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan sailak udal bakoitzari dagokion gehieneko zenbatekoa finkatuko du.

d) Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan sailak diru-baliabideak banatzeko irizpideak berraztertuko ditu aurrekontu-ekitaldiaren barruan. Hartara, behar izanez gero, udal bakoitzarentzat ezarritako kredituak egokitu ahal izango ditu, eta horretarako, udal bakoitzak urtero gehienez ordain ditzakeen zenbatekoak finkatuko ditu.

Prozedura hori aplikatuz, banaketarako irizpideak eta aurrekontuetako gehieneko zenbatekoak ezarri dituzten aginduak argitaratu ditu Sail honek urtero. Horretaz gain, ekitaldiaren amaieran, esleitutako kredituak birdoitzen zituzten eta aurrekontu-muga berriak ezartzen zituzten aginduak eman dira.

Gizarte-larrialdietarako laguntzei dagozkien baliabide ekonomikoak banaka edo mankomunitateka banatu behar dizkie Eusko Jaurlaritzak udalei, horiek Foru Aldundiarekin bestelako prozedurarik adostu ezean. Aipatutako aukeraz baliatu diren udalek ez badiote Sail honi orain arte horren berririk eman, hartutako akordioaren egiaztagiria bidali behar diotela ezartzen da xedapen honen bitartez.

Azkenik, gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuak dekretua bera garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko ahalmena ematen dio Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari.

Horri jarraiki, honako hau

EBAZTEN DUT:

I. KAPITULUA

XEDEA

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: 2012ko ekitaldirako, gizarte-larrialdietarako laguntzetan (GLL) bildutako gastu espezifiko bakoitzari orokorrean eman beharreko gehienezko zenbatekoak finkatzea eta laguntza horiek emateko esleitutako kredituak hainbat udalerriren artean banatzeko irizpideak ezartzea. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko eta Udal bakoitzari urte honetan dagokion aurrekontu-muga zehazten da.

II. KAPITULUA

GEHIENEKO ZENBATEKOAK

2. artikulua.- Urteko gehieneko zenbatekoak.

1.- 2012rako Gizarte Larrialdietarako Laguntzen gehieneko zenbatekoak, bizikidetza-unitate (hemendik aurrera, BU) bakoitzeko eta gastu espezifiko bakoitzerako, honako hauek dira:

a) Alokairu-gastuengatik:

a. 1- Maizter bakar bat duten etxebizitzen kasuan, edo BU eskatzaile bakarra izanik, maizter bat baino gehiagoko edo azpierrentan emandako etxebizitzen kasuan, hileroko gehieneko kopurua 250 euro izango da, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 70 gainditu.

a. 2- Etxebizitzan maizter bat baino gehiago badago edo azpierrentak egin badira, ez dira bi eskaera baino gehiago onartuko, indarrean den araudian xedatutakorekin koherente izanik, eta bizikidetza-unitateen kopuruarekin zatituko da. Bi bizikidetza-unitaterentzat ezarritako muga hileko 125 euro izango da baina biak batuta ezin izango dute etxebizitzaren alokairu-prezioaren % 80 gainditu.

a.3- Etxebizitzan ostatu- edo apopilotza-kontraturik egonez gero, kontratu mota hori duen eskatzaile kopuruaren muga bi izango da aurrekoarekin koherente izanik eta laguntzaren muga hileko 125 euro izango da.

a.4- Legez eratutako hotel, hotel-apartamentu eta pentsioetan bizi direnen kasuan, muga hileko 250 euro izango da. Kasu horretan, BUren muga ez da bi izango, baizik eta establezimenduan legez onartutako gehieneko gela kopuruaren araberakoa izango da.

b) Gizarte-larrialdiko egoera baino lehenagoko etxebizitza edo bizitokia erosteko kredituen interesen eta amortizazioaren gastuengatik, 250 euro gehienez hilero, eta ezin izango da kredituaren hileroko interesen edo amortizazioaren kopuruaren % 70 gainditu.

c) Bestelako mantentze-gastuengatik:

c.1) Energia-, ura- eta bestelako mantentze-gastuengatik, c.2) puntuan berariaz adierazi gabekoak, gehienez 92,50 euro hilean. Bi BUren kasuan, bakoitzari gehienez 46,25 euro hilean. Kontzeptu horiei dagokienez, gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko gehieneko denboraldia urte naturaleko lau hilekoetan ezarri da bizikidetza-unitateko edo etxebizitzaren edo ohiko bizitokiaren gaineko energia-gastuak edo bestelakoak ordaintzeko. Aipaturiko dagokigun laguntza jasotzeko gehieneko denboraldia beste bi hilekotan luza daiteke sei hileko arte guztira, betiere udalerri bakoitzeko gizarte-zerbitzuek egoera bereziak gertatu direla ulertzen badute eta espedienteari erantsiko den gizarte-txostenaren bitartez justifikatuta.

c.2) Estolderia eta zaborretarako gastuengatik, baita Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagozkionak ere, ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan, gehienez 0 euro urtean.

d) «Linea zuriko» etxe-tresna elektrikoen eta altzarien gastuak direla-eta, gehienez 1.850 euro urtero. Bi BUren kasuan, bakoitzari gehienez 925 euro urtean.

e) Etxebizitza konpontzeko, egokitzeko eta/edo oinarrizko instalazioak egiteko gastuak direla-eta, gehienez 1.850 euro urtero. Bi BU baldin badira, bakoitzari gehienez 925 euro urtean.

f) Bizikidetza-unitateko kide batek edo gehiagok dituzten oinarrizko premiei buruzko gastuengatik, esate baterako: jantziak, hezkuntza eta prestakuntzakoak eta osasun-arretakoak, betiere sistema publikoek gastu horiek estaltzen ez dituztenean, urtean 1.850 euro gehienez.

Sistema publiko desberdinak estaltzen ez dituzten gizarte-larrialdiko berezko kontzeptuak artatuko dira. Ondoko hauek guztiak estalitzat hartuko dira eta, beraz, beste sistema publikoei dagozkiela: osasun-arreta pribatuak agindutako sendagaiak ordaintzea (osasun-sistema) edo derrigorrezko hezkuntza-premiak (jangelako, autobuseko eta abarreko gastuak bilduz) estaltzen dituzten bekak, hezkuntza-sare publikoa eta itundutakoa (hezkuntza-sistema).

g) Aurretik aipatutako a), b) eta c) letretan adierazitako kontzepturen batengatik aurretik ezarritako zorrengatiko gastuak direla-eta, hilean edo urtean ezar daitezkeen gehieneko zenbatekoak ezin izango dira aipatutako letretan kontzeptu horietarako aurreikusitako gehieneko zenbatekoak baino handiagoak izan. Kontzeptu horiei dagokienez, gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko gehieneko denboraldia urte naturaleko lau hilekoetan ezarri da bizikidetza-unitateko edo etxebizitzari edo ohiko bizitokiari dagozkion gastuak ordaintzeko. Aipaturiko dagokigun laguntza jasotzeko gehieneko denboraldia beste bi hilekotan luza daiteke sei hileko arte guztira, betiere udalerri bakoitzeko gizarte-zerbitzuek egoera bereziak gertatu direla ulertzen badute eta espedienteari erantsiko den gizarte-txostenaren bitartez justifikatuta.

2.- Eusko Jaurlaritzak, beste administrazio publikoek edo administrazioaren mendeko entitateek sustatutako babes publikoko etxebizitzen kasuan ez dira Etxebizitza edo bizitokiaren alokairuaren edo erosteko kredituen interesen eta amortizazioaren gastuengatik dagozkion gizarte larrialdietarako laguntzak emango, udal bakoitzeko oinarrizko gizarte-zerbitzuek eskaera-espedienteari atxikitako txosten sozialaren bidez justifikatutako salbuespenezko egoeratzat emandako kasuetan izan ezik.

3.- Nolanahi ere, artikulu honetako 1. paragrafoko «a»,«b», «c», «d» eta «e» idatzi-zatietan aipatzen diren kontzeptuei dagozkien GLLak jasotzea ez da bateragarria EGPO jasotzearekin; ez eta, artikulu honetako 1. paragrafoko «a» idatzi-zatiari dagokionez, DBE jasotzearekin ere, horren modalitateetako edozeinetan.

4.- Eskabide bakoitzean laguntzari eslei dakiokeen zenbatekoa agindu honetako I. eranskinean, eskatzailearen baliabideen arabera, ezartzen den ehunekoa aplikatzearen emaitza izango da. Ehuneko hori artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezartzen den gehienezko kopuruaren gainean aplikatuko da, edo benetako gastuaren kopuruaren gainean, kopuru hori kontzeptuko gehienezko kopurua baino txikiagoa bada, Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuko 10.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

5.- Kasu partikular bakoitzean aplika daitekeen zenbatekoa Udal eskudunak murriztu beharko du, dauden aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta; kasu horretan, kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa eskatzaile guztien eskaerari modu berean erantzuteko Udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboan murriztu beharko da

3. artikulua.- Eskaera-pilaketa eta GLLak eska ditzaketen BUen gehieneko kopurua.

Etxebizitza berean bizi diren gehienez ere 2 BUk eska ditzakete Diru-sarrerak Bermatzeko euskal sistemako prestazioak (GLLak barne hartuta). Hortaz, zenbaketa hori egiteko, sistemako edozein prestazio kobratzeko sortu diren BUak izango dira kontuan: DBE, EGPO edo baita GLLak ere, baina lehentasuna izango du zuzenbideko prestazioak -alegia, DBEa eta EGPOa- jasotzeak.

GLLren bi eskaera baino gehiago pilatuz gero, eskaeraren antzinatasunaren arabera artatuko dira, baldin eta dagozkien Gizarte Zerbitzuek bestelako irizpiderik finkatu ezean, Txosten Sozialaren bidez.

III. KAPITULUA

KREDITUEN BANAKETA UDALEN ARABERA, FINANTZAZIOA ETA TRANSFERENTZIAK

4. artikulua.- Banaketa-irizpideak.

1.- 2012. urtean, gizarte-larrialdietarako laguntzen kredituak banatzeko irizpideak batez ere egoeraren larritasuna zenbaterainokoa den kontuan izanik zehazten dira, udalerrietako honako parametroen arabera eta parametro horietako bakoitzari honako ponderazio-koefiziente hauek aplikatuz:

a) Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria jaso gabe Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten unitateen kopurua: 0,24.

b) Langabetuen kopurua: 0,56.

- Langabetuen guztizko kopurua: 0,46.

- Emakume langabeen kopurua: 0,10.

c) Etorkinen kopurua: 0,20.

2.- Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzita, orobat, 400 biztanle baino gutxiagoko udalerrientzat gutxieneko kopuru bat bermatzen da gizarte-larrialdietarako laguntzen programa gauzatzeko. Kopuru hori, hain zuzen ere, udalerri horiei guztira legokiekeenaren batez bestekoa izango da.

5. artikulua.- Aurrekontu-mugak.

4. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzak 2012an gizarte- larrialdietarako laguntzak ordaintzeko zenbat diru erabil dezakeen ezarri da aurrekontuetan. Agindu honen II. eranskinean ageri dira zenbatekoak.

6. artikulua.- Ziurtagiria bidaltzea.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak Foru Aldundien bitartez jasotzeko akordioa duten udalek akordioaren egiaztagiria igorri beharko diote Sail honi, aurretik jakinarazi ez baldin badiote.

7. artikulua.- Aurrekontu-mugak eta laguntzak banatzeko irizpideak aldatzea.

1.- 2012ko lehen hiru hiruhilekoen amaieran, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak zera egiaztatu beharko du, laguntzak banatzeko irizpideak udal bakoitzak duen eskariaren arabera aplikatzen direla. Irizpideak desegokiak direla egiaztatzen badu, kredituak beste modu batera banatuko ditu, eta horretarako, udal bakoitzak gehienez ordain dezakeen zenbatekoa aldatuko du, ekitaldi bakoitzean laguntza horien aurrekontuan ezarritako kreditua gainditu gabe.

2.- Halaber, laguntzak banatzeko irizpideak aldatzea beharrezkotzat joz gero, Sail horrek, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen azterlanean oinarrituta, laguntzak banatzeko beste irizpide batzuk ezarri ahal izango ditu, eta, hartara, Udal bakoitzak gehienez ordain ditzakeen zenbatekoak aldatuko ditu, ekitaldi bakoitzean laguntza horien aurrekontuan ezarritako kreditua gainditu gabe.

8. artikulua.- Agiriak igortzea.

1.- Hiru hilean behin egin beharreko ordainketak bidali eta hurrengo hilabeteko lehenengo hamabostaldian, aurreko hiruhilekoan eman dituzten laguntzen berri eman beharko diote udalek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari, frogagiriekin batera. Aipatutako informazioa eta dokumentazioa Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioaren Euskal Sistemaren bidez emango da, dagokion gastu-kalkuluarekin batera.

Aurreko hiruhilekoari dagokionez, titularrari eta haren bizikidetza-unitateko kide guztiei buruzko nahiz baliabide ekonomikoei eta ondare-ondasunei buruzko datu pertsonalak eta emandako laguntzen zenbatekoak eta kontzeptuak jaso beharko dituzte aipatutako datuek, emateko edo ukatzeko ebazpenei dagokienez. Era berean, egin behar ez ziren kobrantzak edo ordainketak itzultzeko prozedurak aplikatu behar zaizkien zenbatekoak ere bildu beharko dira.

Hiruhileko natural bakoitzean egindako gastua egiaztatzeko nahikoa izango da Udaleko gizarte-zerbitzuetako pertsona arduradunaren sinatutako justifikazioa. Alabaina, ezinbestekoa izango da erakunde bakoitzeko fede-emaileak urtean egindako gastua egiaztatzea.

2.- Egindako hiru hileroko ordainketak udalek -osorik edo partzialki- egiaztatu ezean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak birdoitu egingo ditu geroago egin beharreko hiru hileroko ordainketak. Sailaren aurrekontu-ekitaldia ixten denean, Udal bakoitzari dagozkion kopuru guztiak erregulatu beharko dira behin betiko, aurrekontu-ekitaldi horretan laguntzak emateko benetan hartutako ebazpenetan oinarrituta, eta kontuan hartuz, horretarako, Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuan artikuluan ezarritakoari jarraiki udalek bidalitako dokumentazioa.

Udalek prestazioen ordainketari aplikatu gabeko soberakin-zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko dizkiote.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehenengoa.- Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzen dituen Dekretuko 33. artikuluan aipatzen diren datuen bidalketa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Informazio Sistemaren funtzionamendua araututa ez dagoen bitartean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2004ko urriaren 8ko Aginduan ezarritako moduan egingo da. Agindu horren bidez argitaratu zen Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskabide-eredu berria, eta prestazio horiei buruzko dokumentazioa euskarri informatikoan bidaltzeko modua arautu zen (2004ko azaroaren 17ko EHAA, 220 zenbakikoa). Edo, bestela, aipatutako aginduan ezarritakoa ordezkatzen duen euskarri informatiko estandarizatuaren bitartez, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehazten duen moduan, datuen edukiari buruz aipatutako 33. artikuluan eskatzen diren baldintzak betez, betiere.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007. urteko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluari jarraiki, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programa egikaritzeko Udal eta Mankomunitate bakoitzari esleitutako aurrekontu-baliabideen mugak (agindu honen II. eranskina) Euskal Autonomia Erkidegoko 2012rako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izatearen eraginpean daude.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean eta 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 28a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala