Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2011ko abenduaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
6298

AGINDUA, 2011ko azaroaren 30ekoa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan industria-ikerketarako eta garapen esperimental estrategikorako proiektuak egiteko laguntza-programa (Etorgai programa) arautzen duena.

Etorgai programari buruzko Agindu honek bat egiten du 2010-2013ko Lehiakortasun Planarekin, Europan Europa 2020 estrategiaren haritik ezarritako helburu estrategikoekiko koherentzia bilatzen duena ekonomia lehiakor eta biziak garatzeko, jakintzan oinarrituak eta iraunkortasunez hazteko eta enplegua ikuspegi kuantitatibo eta kualitatibo batetik hobetzeko gai izango direnak.

Gainera, programa lagungarri izango da Euskadirentzat abantaila lehiakorra lortzeko eta Euskadirentzat estrategikoak diren proiektuetarako jardunak gauzatzeko.

Agindu hau Etorgai deritzon laguntza-programaren aldaketari buruzkoa da, eta Etorgai programaren helburua euskal enpresa-sektoreari industria-ikerketarako eta garapen esperimental estrategikorako proiektu estrategikoak egiten laguntzea da Euskal Autonomia Erkidegoarentzat.

Enpresa-lidergotik eta Euskadiren gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendutik abiatuta sorturiko eta lankidetzan edo bereziki egindako proiektuetan oinarrituriko enpresa-ekimen estrategikoen garapena bultzatzen du programa horrek.

Hortaz, Etorgai programa, lankidetzan egindako industria-ikerketa estrategikorako proiektuak soilik biltzen dituena (2008-08-06ko Aginduan arautu zen, eta 2008-08-26ko EHAAn argitaratu. Horren laguntza-erregimena bat dator Europako Batzordeko Konkurrentziako Zuzendaritza Nagusiak emandako txostenean ezarritakoarekin, Europako Batzordeak 2008-08-04an onartutako «N 89/2008 estatu-laguntzaren» haritik hartutako erabakian jaso dena), aldatu egin da, eta beste proiektu mota bat erantsi zaio -hain zuzen ere enpresa-ikerketa estrategikorako proiektu bereziak-. Proiektu mota hori Europako Batzordearen Lehiaren Zuzendaritza Nagusiak onartu zuen 2007-01-27an eta «SA.32026/N Estatu Laguntza» erabakian aintzat hartuta dago.

Planteatutako berrikuntzaren dimentsio globalak eta I+G+Bko inbertsioaren intentsitateak definitzen dituzte Etorgai proiektuak, inbertsio hori betiere beharrezkoa baita enpresen banako helburuak lortzeko eta, bereziki, trakzio-efektua izateko Euskadiko ekonomiaren gain eta ekonomia horren nazioartekotzea bultzatzeko.

Hortaz, dimentsio eta hedadura zientifiko-teknologiko garrantzitsua duten arlo estrategikoetako industria-ikerketako proiektuak finantzatzera zuzendua dago programa, eta etorkizuneko jardun estrategiko teknologikoko eta nazioartean proiekzioa izan dezaketen arloetan ikerketa planifikatua lortzera bideratua dago, eta baita garapen esperimentaleko proiektuak finantzatzera ere.

Beraz, Etorgai deritzon programaren helburua honako hau da: sortzen den jakintza berria baliagarria izatea, eta horrez gain, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobeak sortzera ere bideratu behar du, edo bestela, interes estrategikoa duten teknologiak txertatzera, edo patente berriak eta oinarri zientifiko-teknologikoa duten enpresa berriak sortzera, enplegua sortzeko eta euskal produkzio-sarearen posizio teknologikoa hobetzeko lagungarri izanik.

Etorgai programaren arauketa berri horren bitartez, lankidetza-proiektuak osatu egiten dira proiektu berezien bitartez, eta, hortaz, enpresa-ikerketa estrategikoaren arloan egindako apustua indartu egiten da, horren bitartez produktu, enplegu eta enpresa berriak sortuta sektoreen eta ekonomiaren dibertsifikazio-prozesuak bizkortzeko.

Europar Batasuneko herrialde eta eskualde aurreratuenetan ere antzeko kezka dute: Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako (I+G+B) baliabide publikoak garapenerako estrategikoak diren gaikako arloetan metatzea. Hori horrela izanik, alde batetik dagoeneko martxan dauden programei eutsi egin zaie, eta bestetik, baliabide berriak esleitu zaizkie Ikerketa eta Garapen Teknologikoko arlo eta politika estrategikoei; aurrekontu-igoeretatik etorri ohi dira baliabide horiek.

Horrez gain, herrialde garatuenetan, elkarlan publiko-pribaturako pizgarrien eta tresnen hobekuntza bilakatu da berrikuntza-politikaren helburu nagusia. Hala ere, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) adierazten duenez, Euskadin eta Estatuan, politika zientifiko-teknologikoaren gakoen artean, benetako sustapena behar dutenetako bat da lankidetza publiko-pribatu hori.

Zientziaren eta teknologiaren politikari dagokionez, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak honako arazo hauek azpimarratzen ditu, besteak beste:

a) Sistemaren erronka garrantzitsuenetako bat lankidetza publiko-pribatua garatzea da, eta elkarlan hori hobetzeko tresna berriak sortzea.

b) Enpresak bultzatzea, ekonomiarako jardun-arlo estrategikoetan ikerketa-ildoak garatzeko.

Hori dela-eta, honako hau ondorioztatzen da: komenigarria da lankidetza-proiektu bereziak bultzatzea, Euskadirako industria-ikerketa estrategikoari helduko dioten proiektuak, hain zuzen ere, iraupen luzekoak, teknologia-arrisku eta merkataritza-arrisku handiagokoak, eta hedadura handiagokoak, eta hori guztia diru-laguntza publikoen funtsezko laguntzarekin eta baliabide pribatuen ekarpen garrantzitsuarekin.

Bestetik, Etorgai programa horren helburu nagusiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren lehentasunezko gaietan eta 2010-2013ko Enpresa Lehiakortasuneko Planean jaso dira, eta, arlo teknologikoak hautatzean, arlo horiek gure ekonomian duten garrantzia hartu dugu aintzat.

Etorgai programaren oinarrizko printzipioak: Etorgai programaren oinarrizko zenbait printzipioren barnean kokatzen da programa. Zehazkiago, Etorgai programaren funtsezko ildo edo parametro hauek hartu dira kontuan proiektuak egiteko:

Euskadirentzat estrategikoak.

Enpresa-lidergoa.

I+G+Bn egindako enpresa-inbertsioaren intentsitate handia.

Euskadiren gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendua.

Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala (I+G nazioartekotzea).

Eta trakzio-efektua Euskadiko ekonomiaren gain.

Orokorrean, agindu honen bitartez araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezkeen jardunen helburuak honako hauek dira:

a) Enpresen gaitasun zientifiko-teknologikoa eta, hala badagokio, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko (hemendik aurrera, ZTBES) Zentroekiko elkarlana areagotuko duten industria-ikerketako proiektu estrategiko garrantzitsuak sortzeko bidea erraztea.

b) Teknologiaren ikerketa eta garapeneko lankidetzaren kultura zabaltzea, zientzia-teknologia-enpresa sistemako eragile guztien artean.

c) Enpresa txiki eta ertainak mobilizatzea, industria-ikerketako proiektu estrategikoetan gehiago parte har dezaten.

d) Ikerketa zientifiko eta garapen teknologikorako lankidetzari buruzko nazioarteko programetan -eta zehazkiago, I+Gko Erkidegoko VII. Esparru Programan- modu eraginkorragoan sartzeko aukera ematea.

e) Euskadin sortutako jakintza zientifiko-teknologiko erabilgarriaren erabilera eta ustiapena zabaltzea eta optimizatzea.

Azkenik, aipatzekoa da Agindu hau indarreko honako arau honen araberakoa dela: Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Europako Erkidegoko Esparrua, 2006ko abenduaren 30eko EBAOn argitaratua, C 323, eta ikerketarako eta garapenerako estatu-laguntzen Batasuneko Zehaztapenak ordezkatzen dituena. Halaber, Agindu honetan, laguntza-erregimenetik kanpo geratzen dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetan aplikatutako foru-arau jakin batzuetatik eratorritako zerga-laguntzei heldu dieten enpresak, baldin eta laguntza horiek, Europako Batzordearen erabakien arabera, behar bezala ordaindu ez badira.

Horri jarraiki, honako hau

XEDATZEN DUT:

I. Kapitulua.- Xedapen orokorrak

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen helburua honako hauetara zuzendutako laguntzen erregimena arautzea da, Etorgai programa izenarekin: sektore estrategikoetan industria-ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak gauzatzeko finantzaketa, eta Ikerketa eta Garapen Teknologikoan eta Berrikuntzan elkarlan publiko-pribatuaren sustapena, eta hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomian trakzio-efektua eragin dezaten, ETEen esku-hartzea eta I+Gko Europako VII. Esparru Programan sartzea ahalbidetuz.

2. artikulua.- Denbora-eremua.

Laguntza-programa hau 2013ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruko (EBAO, C 323, 2006-12-30) 10.3. puntuan xedatutakoa aplikatuz (ikus II. eranskina).

3. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Artikuluan zehaztutako xedeetarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntza guztien bolumenak ez du gaindituko aurrekontuetan esleitutakoa edo esleitutakoa eguneratzetik sortutakoa, indarreko legerian aurreikusitako kredituak lortzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraiki, eta horiei buruzko ebazpena eman aurretik. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpen bidez.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.- Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Politiken barruan edota Europar Batasuneko politika zientifiko-teknologikoen barruan kokatutako Industria-ikerketako proiektu estrategikoek jasoko dute diru-laguntza, eta Erkidego Esparruaren «industria-ikerketaren» 2.2.f) puntuko (ikus II. eranskina) definizioarekin bat datozen enpresek garatuak.

Honako hauek jasoko dute diru-laguntza: artikulu honen 3. puntuan adierazten diren Jardun Arlo zientifiko-teknologikoetan kokatzen diren industria-ikerketako proiektu estrategikoei dagozkien I+G+Bko jarduerek. Produktu, prozesu, edo zerbitzu berri edo hobeak lortzeko baliagarriak diren jakintza berriak sortzera bideratuak egon beharko dute proiektu horiek, eta baita teknologia estrategiko berriak osatzera eta patente berriak eta oinarri zientifiko-teknologikoko enpresa berriak (OTEBak) sortzera ere. Hori guztia enplegua sortzera eta euskal enpresa-sarea dibertsifikatzera bideratua, eta baita enpresa-lehiakortasuna hobetzera ere.

2.- Era berean, Erkidegoko Esparruko (ikus II. eranskina) garapen esperimentaleko proiektuek ere jasoko dute diru-laguntza (2.2.g puntuaren definizioaren arabera).

3.- Diru-laguntza jaso dezaketen proiektu hauentzako jardun-arlo zientifiko-teknologiko estrategikoak, interes berezia izan dezaketen beste batzuk alde batera utzi gabe honako hauek dira:

a) Biozientziak (bioteknologiak, teknologia farmazeutikoak, biomaterialak eta osasunaren teknologiak eta abar).

b) Nanozientziak (Mikro eta Nano Elektronika, Nano Bioteknologia, Mikro eta Nano Materialak, Nano Sistemak, Dimentsio Txikiko Mikro eta Nano Egiturak eta abar).

c) Energia alternatiboak (itsaso-energia, erregai-pilak, biomasa, eguzki-energia eta abar).

d) Garraio adimenduarentzako elektronika (trenbidea, automozioa, abionika, espazioa eta itsas garraioa).

e) Gainera, lehiakortasuna, ekoberrikuntza eta gizarte-berrikuntza hobetzeko jardun-arloak landu ahal izango dituzte proiektuek, baita zenbait diziplina zientifiko-teknologiko bateratzeko estrategiak garatu ere.

4.- Proiektu batek diru-laguntza jaso ahal izateko, gutxienez lau milioi euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du, gutxienez hiru urteko iraupenekoa.

5.- Proiektuak enpresa-partzuergoen lankidetzarekin garatuko dira, eta horrek enpresa horien elkarlan efektiboa dakar. Era berean, enpresa horiek Zientzia Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileekin batera egiten dute lan, azpikontratatu gisa, eta honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Enpresa-partzuergoa gutxienez 3 enpresak osatuko dute, eta horietako bat gutxienez ETE izango da. Era berean, horietako bat gutxienez handia edo ertaina izango da.

b) Horrez gain, ezein enpresak ezin izango du diru-laguntzaz ordain daitezkeen elkarlan-proiektuaren kostuen % 70 baino gehiago ordaindu, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Europako Erkidegoko Esparruaren 5.1.3.b)i) idatzi-zatian ezarritakoari jarraiki (C 323, 2006-12-30ekoa) (ikus II. eranskina).

c) Halaber, bazkide den enpresetako batek kontratista nagusi gisa bere gain hartuko du proiektuaren zuzendaritzarako lidergoa, eta baita partzuergoaren ordezkaritza ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioarekin proiektuaren martxa onerako beharrezkoak diren elkarrizketako eta harremaneko funtzio guztien erantzukizuna hartze aldera.

d) Halaber, gutxienez Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile baten parte-hartzea ere beharrezkoa izango da, Erkidegoko Esparruko 2.2.d) idatzi-zatian «ikerketa-erakundeari» buruz egiten den definizioari jarraiki (ikus II. eranskina), partzuergo horretako enpresa batek edo gehiagok azpikontratatuta. Nolanahi ere, parte-hartze horren multzoa aurkeztutako guztizko aurrekontuaren % 20 izango da gutxienez.

e) Partzuergoko enpresa jakin batek ezin izango du partzuergo bereko beste enpresa bat azpikontratatua eduki.

6.- Bestetik, Etorgai programa honen deialdira aurkeztutako proiektu batek artikulu honetan bildutako ezaugarrietako bat betetzen ez badu, proiektu hori bereziki garatzekoa dela hartuko da aintzat. Hainbat arrazoirengatik, hala nola beste enpresa batzuekiko lankidetzarik ez dagoelako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile bakar batek ez duelako esku hartzen azpikontratatu gisa, edo bi betekizunetako bakar bat ere betetzen ez delako, berezitzat jotako proiektu horiei urteko deialdiaren guztizko diru-baliabideen gehienez % 20 esleituko zaie.

7. Proiektuak programarekin bateragarri egiteko oso kontuan hartzekoa izango da Etorgai programaren oinarrizko printzipio hauek betetzea:

Euskadirentzat estrategikoa.

Enpresa-lidergoa.

I+G+Bn egindako enpresa-inbertsioaren intentsitate handia.

Euskadiren gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendua.

Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala.

Eta trakzio-efektua Euskadiko ekonomiaren gain.

8.- Laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, laguntza horien eskaerak aurkezteko epea ireki baino geroago hasitako proiektuek soilik lortu ahal izango dituzte laguntza horiek.

5. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1.- Langileen kostuak (ikerketa-jardueran aritzen diren erakunde eskatzailearen plantillako ikertzaileak, teknikariak eta bestelako laguntzaileak).

2.- Kanpoko aholkularitzaren eta antzeko zerbitzuen kostuak (erakunde parte-hartzaileen plantillakoak ez diren kolaboratzaileak eta proiektuaren espezializazio-maila handiko zatietako azpikontratazioa barnean hartuta), betiere ikerketa-jarduerarako soilik eta etengabe erabiltzen badira, eta kanpoko iturrietan eskuratuak badira, ikerketako eta teknikako jakintzak barnean hartuta.

3.- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak (horretarako baimendurik daudenak) azpikontratatzeko kostuak, Erkidegoko Esparruko 3.2.1 idatzi-zatian «enpresen konturako ikerketa» deritzonari buruz egindako definizioari jarraiki (ikus II. eranskina).

4.- ETEetarako industria-jabetzarako eskubideengatiko kostuak, Erkidegoko Esparruko 5.3. idatzi-zatiari jarraiki (ikus ii. eranskina).

5.- Ustiapen-gastuak (materialen gastuak, hornikuntzakoak, bidaienak eta abar), betiere ikerketa-jardueraren ondorioz zuzenean sortu badira.

6.- Ikerketa-jarduerarako ez beste ezertarako etengabe erabiltzen diren tresnen eta ekipoen kostuak: Proiektuak irauten duen bitartean, ikerketa-jarduerarako ez beste ezertarako etengabe erabiltzen diren ekipoen eta tresnen kostuen amortizazioa, doan lagata lortutakoen kasuan izan ezik.

6. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Honako erakunde hauek izan daitezke Agindu honetan bildutako diru-laguntzen onuradunak:

a) Enpresak: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa handiak edo ETEak. 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen Gomendioan mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei buruz egindako definizioari jarraiki, [2003/361/EE] (2003-05-20ko Europar Batasuneko Egunkari Ofiziala L-124), honako hauek joko dira ETEtzat: 250 enplegatu baino gutxiago dituzten enpresa txikiak eta ertainak, eta urteko negozio-bolumenean 50 milioi euroko kopurua edo urteko balantze orokorrean 43 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Orobat, enpresa txikitzat joko dira 50 enplegatu baino gutxiagokoak, eta urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak. Bi kasuetan, elkartutako edo lotutako enpresak badira, kopuru eta muga horien zenbaketa aipatutako Batzordearen Gomendioaren eranskineko 6. artikuluko 2. eta 3. idatzi-zatietan xedatutakoaren arabera egingo da.

b) Fundazioak eta enpresa-elkarteak, legezko forma bat edo beste badute ere.

2.- Honako hauek ez dira erakunde onuraduntzat joko:

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak, horretarako baimenduak direnak.

b) Administrazio Publikoekin lotura duten edo horien mendekoak diren eta berezko nortasun juridikoa duten Erakunde edo Sozietate Publikoak, ezta Administrazio Instituzionalekoak direnak ere, Administrazio hori edozein izanik ere.

c) Berregituratze-garaian dauden enpresa handi eta ertainak, betiere Europako Batzordeari laguntza horren berri eman ez bazitzaion zegokion berregituratze-laguntza onesteko erabakia hartu zuenean.

d) Krisialdian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruz Erkidegoko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera (EBAO, L seriea, 337, 2002-12-13koa).

e) Halaber, Agindu honetan, laguntza-erregimenetik kanpo geratzen dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetan aplikatutako foru-arau jakin batzuetatik eratorritako zerga-laguntzei (EBren Justizia Auzitegiaren epaiaren arabera legez kanpokotzat eta bateraezintzat hartu direnak eta behar bezala itzuli ez direnak) heldu dieten enpresak.

3.- Laguntzak jasotzeko baldintzak betetzeari eutsi egin beharko zaio, emandako diru-laguntza guztia likidatu arte.

II. KAPITULUA.- LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

7. artikulua.- Laguntza mota, laguntzak emateko prozedura eta mugak.

1.- Emango diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

2.- Diru-laguntzak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedura bidez emango dira. Ondorio horietarako, eskaerak alderatu ondoren emango dira laguntzak, betiere 13. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideei jarraiki eskaera horien lehentasun-hurrenkera jakin bat ezartzearren; esleitutako kredituaren irismena kontuan hartuz, artikulu horretan jasotako gutxieneko puntuazioak dituzten proiektuei soilik emango zaizkie diru-laguntzak.

3.- Proiektuaren iraupenaren arabera urtekoak edo urte anitzekoak izan daitezkeen diru-laguntzak gehienez hiru ekitalditarako izango dira.

4.- Partzuergoko kide den erakunde onuradun bakoitzak jaso ahal izango duen laguntzaren gehienezko zenbatekoa kalkulatzeko, partzuergo horretako kide den enpresa bakoitzak gauzatutako jardueretan banatuko da proiektua.

Aipatutako gehienezkoak honako hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

5.- Eta nolanahi ere, proiektu bakoitzerako gehieneko diru-laguntzak ezin izango du gainditu diru-laguntzarekin ordain daitezkeen gastuen % 40, betiere Agindu honetako 5. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

8. artikulua.- Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.- Arau honetan ezarritako laguntzak eskuratzen dituzten erakunde onuradunek beste laguntza batzuk ere eskuratu ahal izango dituzte jardun horiek egiteko, laguntza horien izaera edo laguntzak ematen dituen administrazioa edozein izanik ere. Erakunde onuradun bakoitzak jasoko dituen laguntzen guztizkoa zenbat den jakin ondoren, Agindu honetan ezarritakoa betez onuradun horrek jaso ahal izango dituen laguntzak zehazteko, horri buruz Europar Batasunean indarrean dauden arauak hartuko dira kontuan, eta zehazkiago, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan ezarritakoa.

2.- Proiektu berari emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoak (laguntza bakoitzarenak edota beste diru-laguntzekin batera) ezin izango ditu gainditu, inolaz ere, aurreko idatzi-zatian adierazitako mugak, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari diru-laguntza horien berri eman beharko diote erakunde onuradunek. Kasu horietan, gehiegizko kopurua kenduko zaie Agindu hau betez emandako laguntzei.

III. KAPITULUA.- PROZEDURA

9. artikulua.- Deialdia.

1.- Agindu honetan araututako laguntzak urtean behin egingo diren deialdien bidez iragarriko dira eta publizitate, lehiakortasun eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira.

2.- Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpenaren bitartez egingo da deialdia, eta ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko aurrekontu-esleipenen zenbatekoa beharrezkoa izango da, eta baita eskaerak aurkezteko epea eta tokia ere.

10. artikulua.- Eskaerak eta dokumentazioa.

1.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak eta gainerako dokumentazio osagarria Teknologiako Zuzendaritzara igorriko dira, eta urteko deialdi-ebazpenean edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetan aurkeztuko dira.

2.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eskabide-eredu eta inprimaki-eredu posibleak eskainiko ditu, edo bestela https://www.spri.es/idi/idi web-orrian eskura daitezke eredu horiek, behin laguntzen deialdia egin ondoren Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen ebazpenaren bitartez.

3.- Lankidetza-proiektuetarako, erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Beraz, proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren erantzukizuna hartzeko, proiektuan parte hartzen duen enpresetako batek hartuko du bere gain proiektuaren martxa onerako beharrezkoak diren Administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak, kontratista nagusi gisa eta proiektuaren garapenean protagonismo handiagoa edukitzearen eraginez, eta beraz, proiektuaren zuzendaritza eta partzuergoaren ordezkaritza edukiko ditu parte-hartzaile horrek, eta beraz, proiektuaren lidergoa.

Buru den enpresak aurkezten duen eskaeran agertu beharko du egoera horrek; gainera, enpresa horrek ez ezik, gainerako erakunde parte-hartzaile guztiek ere sinatu beharko dute eskaera.

4.- Eskaeraren batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da proiektu bakoitzeko:

a) Proiektuaren lider den enpresak honako hauek aurkeztuko ditu:

1) Eskabide-orria, enpresa liderrak eta parte hartzen duten gainerako erakundeek sinatua.

2) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa, paperean eta euskarri elektronikoan.

3) Partzuergoa eratzeko akordioa; honako alderdi hauek adierazi beharko ditu, gutxienez: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-akordioak, emaitzen jabetza, jabetza industrialaren eta intelektualaren legezko babesa (patenteak), emaitzen etorkizuneko merkataritza-ustiapena, eta emaitzak jendaurrean jartzea.

b) Proiektuan parte hartzen duten erakunde guztiek (enpresa liderra barne) honako hauek aurkeztuko dituzte:

1) Proiektuan parte hartzeko inprimakia

2) Enpresaren jarduerari buruzko oinarrizko datuen deskribapen-memoria.

3) Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren fotokopia.

4) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren kopia.

5) Honako alderdi hauek egiazkoak direla adierazten duen erantzukizun-aitorpena:

Zerga-betebeharrak bete dituela. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako edo haren ordezko araudiko diru-laguntzen erakunde onuradunen zerga-betebeharrak egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantzen sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritako kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak zuzenean eskatuko die zerga-arloan eskumena duten organoei laguntzen eta diru-laguntzen erakunde eskatzaileek dituzten zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria emateko, betiere 2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenen arteko hirugarrenaren 1. paragrafoan -azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikulua aldatzen duenean- ezarritakoaren arabera.

Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete dituela. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak automatikoki egiaztatuko du betebehar hori betetzen dela, abenduaren 23ko 5/2010 Legearen -2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenaren- azken xedapenen arteko hirugarrenaren 1. paragrafoan -azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikulua aldatzen duenean- xedaturikoari jarraiki.

ETE bat bada, bere ezaugarriak Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenetan mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei buruz egindako definizioaren inguruan [2003/361/EE] (2003-05-20ko Europar Batasuneko Egunkari Ofiziala L-124) ezarritakoaren arabera ETEen ezaugarriekin bat datozela. Laguntzak eman aurretik egiaztatu beharko da ETEtzat hartzeko baldintzak betetzen direla.

Herri Administrazioekin loturarik edo mendekotasunik ez dutela, eta ez direla Administrazio Instituzionaleko kide. Herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legearen zati bat garatzen duen azaroaren 6ko 167/2009 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Herri Administrazioen esku dauden datuak eta dokumentuak ez emateko eskubideari (ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan ezarrita dagoena) hel diezaiokete. ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan ezarritako baldintzen arabera, eskubide hori baliatzen bada, baimena ematen da eskubidea baliatzen duen organoak eta erakundeak datuak edo dokumentuak -horiek dauden organo eta erakundeetakoak- lortzeko, betiere datu eta dokumentu horiek baliatzeko eskubidea baldin badago.

Enpresa handi edo ertaina bada, berregituratze-garaian ez dagoela. Eta berregituratze-garaian baldin badago, Europako Batzordeak dagokion berregituratze-laguntzaren berri jaso ote duen.

Beste instituzio publikoetan edo pribatuetan, proiektu berarentzat eskatutako eta/edo emandako laguntzen berri ematea.

Erakunde eskatzailea ez dagoela itzultzeko espedientearen edo zehapen-espedientearen eraginpean, eta, era berean, ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedaturikoari jarraikiz, betiere 2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenen arteko hirugarrenaren 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera. Lege horren arabera, 6. atala eransten da azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan.

Enpresa handi bat baldin bada, emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan xedatutakoa betetzen duela.

6) Erantzukizun deklarazioa, I. eranskinean -legez kanpokotzat edo bateraezintzat hartutako laguntza fiskalei buruzkoa- agertzen den moduan.

7) Erakunde eskatzaileak ez daude behartuta dagoeneko organo eskudunaren esku dauden dokumentuak aurkeztera prozedurari hasiera emateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f) artikuluan aurreikusitakoaren arabera; nolanahi ere, dokumentuak aurkeztu zituenean eman zioten espediente-zenbakia jarri beharko du eskabidean, betiere bost urte baino gehiago igaro ez badira dokumentu horien xede zen prozedura amaitu zenetik. Dokumentua lortzea ezinezkoa bada, organo eskudunak eskatzaileari eska diezaioke dokumentua aurkezteko, edo, bestela, dokumentuan aipatzen diren baldintzak beste bide batzuen bitartez egiaztatzeko.

5.- Eta, proiektu berezien kasuan, 4. artikuluko 5. puntuan zehaztutakoari jarraiki, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Enpresak, eta, hala badagokio, proiektuaren liderrak honako hauek aurkeztuko ditu:

1) Eskabide-orria, enpresak, eta hala badagokio, enpresa liderrak eta parte hartzen duten gainerako erakundeek ere sinatua.

2) Proiektuaren memoria tekniko-ekonomikoa, paperean eta euskarri elektronikoan.

3) Hala badagokio, partzuergoa eratzeko akordioa; honako alderdi hauek adierazi beharko ditu, gutxienez: jardueren banaketa eta aurrekontua, konfidentzialtasun-akordioak, emaitzen jabetza, jabetza industrialaren eta intelektualaren legezko babesa (patenteak), emaitzen etorkizuneko merkataritza-ustiapena, eta emaitzak jendaurrean jartzea.

b) Proiektuan parte hartzen duen enpresak, eta, hala badagokio, proiektuan parte hartzen duten guztiek, liderrak barne, aurkeztu beharrekoa:

Gainerako proiektuetarako eskatzen den dokumentazio bera, artikulu honetako 4 b) idatz-zatian adierazten denaren arabera.

6.- Nolanahi ere, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, edo, kasuan kasu, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAk (SPRI) -agindu honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzen lagunduko duen erakundea baita-, dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diete enpresa eskatzaileei, eskabidea ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkoa dela uste badute; halaber, arau honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.

7.- Pertsona fisikoei, enpresei, fundazioei eta enpresa-elkarteetako ordezkariei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, Agindu honen haritik Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarekin eta Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SArekin (SPRI) izango dituzten harremanetan.

11. artikulua.- Eskaeren onarpena eta zuzenketa.

1.- Eskaera behar bezala beteta ez badago, edo agindu honetan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko zaio interesdunari; eskatutakoa egiten ez badu, Teknologiako zuzendariaren aldez aurreko ebazpen bitartez, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2.- Lankidetzan garatzeko proiektuen kasuan, jardun hori proiektuburu den erakundearekin gauzatuko da.

12. artikulua.- Eskaerak ebaluatzeko organoa.

1.- Ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere, horretarako sortutako organoa baita.

2.- Ebaluazio-organoko presidentea Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiako zuzendaria izango da. Beste hiru mahaikideak, berriz, honako hauek izango dira: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Berrikuntzako zuzendaria (bera izango da presidenteorde Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako kasuetan), Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAko (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoko ordezkari bat eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Teknologiaren Zuzendaritzako lantalde teknikoko pertsona bat. Azken horrek idazkaritzako eginkizunak gauzatuko ditu. Ebaluazio Organoaren gauzatzean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bultzatuko da.

3.- Proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRIko Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu eta, ondoren, Ebaluazio Organoari aurkeztuko dizkio.

4.- Ebaluazio Organoa biltzeko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa izango da lehendakaria eta idazkaria (edo beren ordezkoak), eta gainerako kideetako bat gutxienez bertan egotea. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko II. kapituluko II. tituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

5.- Ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat hartzen bada, eskatzaileei proiektuetan aldaketak sartzea iradoki ahal izango zaie, proiektuak ezarritako helburuetara hobeto egokitzea lortzeko.

13. artikulua.- Ebaluazioa egiteko irizpideak.

1.- Etorgai programa honen proiektuek bat egin beharko dute 4.7 artikuluan zehaztutako oinarrizko printzipioekin.

2.- Industria Ikerketako Proiektu estrategikoentzako laguntzen ehunekoa aukeratzeko eta finkatzeko, ondoren xehatzen diren honako oinarrizko irizpide hauek hartuko dira kontuan, besteak beste:

a) Proiektuko jardueren orientazio zientifiko-teknologikoa. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

Proiektuaren helburuak bat etortzea Industria Ikerketa Estrategikoko proiektuekin.

Proposamena Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planean jasotako jardun-arloetara eta jardun-ardatzetara egokitzea.

Jardun-arlo estrategikoetara bideratuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareak gauzatutako oinarrizko Ikerketa Proiektuekin (burutuak eta martxan daudenak), emaitzak aprobetxatzea edo/eta osatzea.

Euskadiko sektoreek edo kluster-elkarteek identifikatutako premiekin eta aukerekin bat etortzea.

Proiektuak aurre egindako berrikuntzako eta teknologia-erronkako osagarria edukitzea (gaur egungo artearen egoerari egindako ekarpen zientifiko-teknologikoa).

Proiektua VII. Esparru Programarekin osatzea (proiektuak, sareak edo/eta teknologia-plataformak).

b) Proiektutik espero diren emaitzen eragina. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

Produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortzeko aukerak edo/eta patente berriak eta teknologia-edukia duten enpresak sortu izana.

Proiektuan parte hartzen duten erakundeak merkatuan ustiatzeko aurreikuspenak.

Merkatu-arriskua. Proiektutik espero diren emaitzen ziurtasunaren eta merkatu-potentzialaren azterketa.

Euskadiko ekonomia-sarearen trakzio-efektua eta dibertsifikazio-potentziala, eta enplegua sortzekoa.

Erakunde parte-hartzaileen, eta orokorrean euskal ekonomiaren nazioartekotzean laguntzea.

c) Partzuergoaren oreka eta gaitasuna. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

Erakunde parte-hartzaileen kopurua, perfila eta osagarritasuna.

Proiektuan landutako gaian erakunde parte-hartzaileek duten esperientzia eta gaitasuna, I+G+Bari dagokionez.

Proiektuko buruzagitzaren eta taldearen egokitasuna, kontuan hartuko da gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua.

d) Metodologiaren sendotasuna. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

Proiektuaren plangintza (lanen egitura, gertaera garrantzitsuak, entregatzekoak, genero- ikuspegia erabiltzen duela beharrezkoa denean, parte-hartzaileak eta arduradunak).

Proiektua kudeatzeko sistema.

e) Aurrekontua eta finantzaketa-eskema egokitzea. Betetzen direla balioztatzeko, honako elementu hauek hartuko dira kontuan:

Proposatutako helburu eta jarduerekin eta Euskadirako Industria Ikerketako Proiektu Estrategikoaren kontzeptuarekin koherente den aurrekontuaren neurria.

Aurrekontuaren banakapena, proiektuko parte-hartzaileka eta jardueraka.

Proposatutako finantzaketaren oreka eta bideragarritasuna.

3.- Lankidetza-proiektuetarako, aurreko zenbakiko a) eta b) idatzi-zatietan ezarritako irizpide bakoitzak % 30eko balio espezifikoa edukiko du, c) idatzi-zatian ezarritako irizpideak % 20ko balio espezifikoa edukiko du, eta azkenik, d) eta e) idatzi-zatietan ezarritako irizpide bakoitzak % 10eko balio espezifikoa edukiko du.

Partzuergora bildu gabeko proiektu berezietarako, berriz, aurreko 2. puntuko a) eta b) idatzi-zatietan ezarritako irizpide bakoitzak % 35eko balio espezifikoa izango du, eta d) eta e) idatzi-zatietan ezarritako irizpide bakoitzak % 15eko balio espezifikoa, hurrenez hurren.

4.- Proiektu bat hautatzeko, bi baldintza hauek bete behar ditu aldi berean: alde batetik, atera daitekeen gehienezko notaren % 50 baino nota handiagoa ateratzea ebaluazioan, eta bestetik, irizpide bakoitzean atera daitekeen gehienezko notaren % 40 baino nota handiagoa ateratzea.

14. artikulua.- Ebazpen-proposamena.

1.- Aurkeztutako eskaerak balioztatuko ditu ebaluazio-organoak, ezarritako irizpideei jarraiki, eta teknologiako zuzendariari emango dio prozeduraren ebazpen-proposamena.

2.- Ebazpen-proposamenak honako hauek edukiko ditu gutxienez:

a) Deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik ezestea proposatutako eskaeren zerrenda, ezesteko proposamen hori oinarritzen duten arrazoiekin batera.

b) Diru-laguntzak ematea proposatzen diren proiektuen zerrenda, gutxienez ere horietako bakoitza egiteko epeak adieraziz, baita emateko proposatzen den laguntzaren guztizko zenbatekoa ere. Lankidetza-proiektuetarako adieraziko da, halaber, proiektuaren ardura duen partzuergoko kide direnen nortasuna, baita proiektuaren ordezkaritza hartzen duen kidearen nortasuna eta partzuergoko kide bakoitzari emandako laguntzaren zenbateko osoa ere.

15. artikulua.- Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta adierazteko epea, adierazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.- Dagokien deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, prozedura horren ebazpena Teknologiako zuzendariari dagokio, Ebaluazio-organoaren proposamenaren arabera, eta interesdunek proposatutako arazo guztiak erabakiko dira bertan.

2.- Onartutako diru-laguntzen eskaerak eta ezetsitakoenak zehaztuko dira ebazpenean, eta onartutako eskaeren kasuan, honako hauek adieraziko dira: diru-laguntza jasoko duten proiektuak, horiek gauzatzeko epeak eta emandako zenbateko globala. Lankidetza-proiektuen kasuan adieraziko da, halaber, proiektuaren ardura duen partzuergoko kide diren erakunde onuradunen nortasuna eta kide bakoitzari esleitutako diru-laguntza globalaren zenbatekoa. Ezetsitakoen kasuan, ezetsi izana oinarritzen duten arrazoiak jasoko dira.

Ebazpen horri eranskin bat gehituko zaio; bertan erakunde onuradunari espedientea amaitu arte eman behar dituen urrats guztiak eta deskargu-fasean aurkeztu beharko dituen dokumentu guztiak adieraziko zaizkio, eta, era berean, eman egingo zaizkio.

3.- Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion laguntzen deialdiaren argitaratzearen hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta epe horren ostean ebazpenik adierazten ez bada, diru-laguntzaren eskaera ukatu dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.- Emandako ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta haren aurka gorako errekurtsoa jarri dezakete interesdunek Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

5.- Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie proiektuaren buru izatea bere gain hartu duen enpresari eta proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitara daiteke erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako diru-laguntzen zerrenda, jendeak oro har horren berri izan dezan.

6.- Orobat, Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetzealdian badaude behintzat.

IV. KAPITULUA.- PROGRAMA GAUZATZEA

16. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa.

1.- Inbertsioak eta gastuak, edota aurreikusitako gastuen konpromisoa, laguntza emandako urteetan gauzatu beharko dira (gehienez hiru urte), eta laguntza emateko ebazpenean adierazitako epeetan.

2.- Laguntzak zuzenean erakunde onuradunei ordainduko zaizkie zatika, honako modu honetan:

a) Lehen urtekoari dagokion diru-laguntzaren zatiaren % 50, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi bezain laster ordainduko da.

b) Lehen urtekoaren gainerako zatiaren ordainketa, eta gainerako urtekoen ordainketak, aldez aurretik honako hauek agiri bidez justifikatzearen baldintzapean egongo dira: urtekoari dagokion jarduera egin duela, finkatutako helburuen egikaritze-maila, eta egindako gastua, diru-laguntza emateko ebazpenean urteko bakoitzarentzat onartutako aurrekontuaren bolumenera gutxienez iritsi beharko dena.

Agiri bidezko justifikazio hori amaitutako urtearen urteko lehen hiruhilekoan aurkeztu beharko da, eta diru-laguntzaren ordainketa agiri horiek guztiak aurkeztu eta bi hilabeteko epean egingo da.

Justifikazioa deskribatutako baldintzetan egin ondoren, justifikatutako urtekoari dagokion zatiaren eta hurrengo urtekoaren % 50i dagokion aurrerakinaren aldi bereko libramendua egingo da.

c) Azken urtekoari dagokion azken % 50en ordainketa ekitaldi horren jarduera egitearen azken likidazioa eta proiektuaren gauzatze globalaren justifikazioa aurkeztu ondoren egingo da, nagusiki honako hauek adierazten dituen Memoria Tekniko eta Ekonomiko batean oinarrituta: Egindako jardunak; izandako emaitza kuantifikatuak eta/edo balioetsiak; aldaketak eta, hala badagokio, justifikazioak; jardueraren azken aurrekontua, urtekoen eta kontzeptuen araberako gastuekin; azpikontratatutakoekin, eta, hala badagokio, bereziki Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearekin sinatutako kontratuen, hitzarmenen, akordioen eta abarren azken betetze-espedientea; partzuergoaren Nazioartekotze Planaren Eguneratzea, bertan parte hartzen duten erakundeek Europar Batasuneko I+Gko Esparru Programan aurkeztutako proiektuen zerrendarekin; ondorioak, eta abar.

3.- Diru-laguntza jaso duen proiektuan parte hartzen duten erakunde onuradunen kasuan, laguntza jaso baino geroagoko ekitaldiren batean hasten badute beren jarduera proiektu horretan, aldeko lehen libramendua ekitaldi hori baino beranduago gauzatuko da. Gainerako ordainketetarako, aurreko idatzi-zatian ezarritako erregimena aplikatuko da.

4.- Laguntzak ordaindu aurretik, eta ordainketa horren eskakizuna baino lehen, Agindu honen 10. artikuluan aipatutako zinpeko adierazpenean azaltzen diren datuak egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu beharko dio Sailari erakunde onuradunak.

5.- Erakunde onuradunak aurkezturiko dokumentazioko datuak egiazkoak direla egiaztatzeko, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak beharrezkotzat jotako dokumentazio eta/edo informazio guztia eska dezake noiznahi. Ildo horretan, laginketak egiteko tekniken bitartez, proiektuen lagin esanguratsua egiteko, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eskatuko du diruz lagundutako jarduera guztia egin dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko.

17. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

1.- Erakunde onuradunen betebeharra da diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak zuzenean egitea, baita Euskal Autonomia Erkidegoan diruz lagundutako proiektuak gauzatzea ere, proiektuko I+Gko jardueraren zatiren bat EAEtik kanpo azpikontratatzeko aukera alde batera utzi gabe.

2.- Horrez gain, honako hauek ere erakunde onuradunen betebeharrak izango dira:

a) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Ildo horretan, diru-laguntza ematearen jakinarazpena jasotzeko egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunak diru-laguntzari esanbidez uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

b) Emandako diru-laguntza zuzendua dagoen jardueretarako erabiltzea diru-laguntza hori, alde batera utzi gabe Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak jarduera horiek gauzatzean gerta daitezkeen aldakuntzak onar ditzakeela, betiere jarduera horiek behar bezala justifikatzen badira, eta Teknologiaren Zuzendaritzak esanbidez horretarako baimena ematen badu, Agindu honetan ezarritakoaren arabera.

c) Diru-laguntzaren erakunde onuraduna ETE izateko ezaugarriak ez dituen enpresa bada, diru-laguntza hori baliatu ahal izateko, ezinbesteko baldintza izango da enpresak ordura arte eskuarki gauzatzen zuen I+Gko jarduera areagotzea (diru-laguntza jazotzeko eskatzaileari ezarritako pizgarri-eragina, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruak exijitua). Horrelako kasuetan, diru-laguntza jaso baino lehen gauzatzen zituzten jarduerez gainerako ikerketa zientifikoko eta garapen teknologikoko jarduerak egiaztatzen dituen urteko espedientea aurkeztu beharko dute enpresa horiek.

d) Proiektuaren garapena osatzen duten lanetarako, eta proiektu horri lotutako bestelako dokumentaziorako sarbide librea izatera baimentzea Teknologiaren Zuzendaritza, edota horrek izendatutako auditorea.

e) Publikoki hedatzeko sortzen diren dokumentazioetan, karteletan, propagandan, edota argitalpenetan Eusko Jaurlaritzaren logotipoa eta «Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutakoa» esaldia adierazi beharko dira. Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

f) Teknologia Zuzendaritzari egoki iritzitako egiaztatzeak bideratzeko aukera erraztea emandako laguntzen inguruan, eta eskatzen zaien informazio osagarri guztia erantsi beharko dute erakunde onuradunek. Halaber, kasuan kasu, zein enpresa-taldekoak diren ere adierazi beharko dute erakunde onuradunek.

g) Behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea gutxienez hamar urtez.

h) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetzean.

i) Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa lortzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu direla, beste edozein Administraziokoak edo Erakunde publiko nahiz pribatukoak.

j) Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzekoa.

18. artikulua.- Erakunde laguntzailea.

1.- Agindu honetan jasotako araudiari jarraiki, emandako diru-laguntzak kudeatzeko, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A (SPRI) Erakunde Laguntzaile izendatu da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

2.- Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.Ak (SPRI), erakunde laguntzailea denez, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako eskaerak jasotzea, erregistratzea eta hasierako ebaluazioa egitea.

b) Egindako eskaerak aztertzea eta ebaluatzea.

c) Ordaintzeko proposamena eta ikuskapen-errekerimenduak egitea.

d) Onartutako proiektuak kontrolatzeko eta jarraitzeko prozesuak definitzea eta ezartzea.

e) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

f) Programa behar bezala kudeatzeko beharrezko gainerako jardueretan laguntzea, betiere Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren argibideei jarraituz.

g) Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak programaren kudeaketari buruz egin ditzakeen egiaztatze-jardunak onartzea.

19. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuaren 53.1. artikuluan aurreikusitako kasuetan, eta abenduaren 17ko 698/1997 Dekretuaren 4.1. artikuluan (Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena) aurreikusitako kasuetan, Agindu honetan eta aplika daitezkeen gainerako arauetan xedaturiko baldintzaren bat betetzen ez badu erakunde onuradunak, edo kasuan kasu, laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzen ez baditu erakunde onuradunak, interesdunari entzun eta dagokion ez-betetze espedientea egin ondoren, administrazio-ebazpenaren bitartez, organo eskudunak laguntza atzera botako du eta, kasuan kasu, jasotako laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzultzeko betebeharra erabakiko du, dagozkion gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.- Dena den, artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera, ez-betetzat hartuko dira honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere teknologiaren zuzendariak emandako luzapen-baimenik edo aldaketa-baimenik izan ezean.

b) Proiektuaren ildotik ateratzea edo laguntza emateko ebazpenean xedatutako betebeharren bat ez betetzea.

3.- Teknologiaren Zuzendariari dagokio ez-betetze espedientea irekitzea eta ebaztea, baita Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk (SPRI) proposatuta ere, proiektua amaitu aurreko gorabeherek eraginda.

20. artikulua.- Laguntzak aldatzea.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira edota beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko nahiz pribatutatik, diru-laguntza gehiago lortzen bada edota bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko erabakia alda daiteke; betiere, onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.- Halaber, erakunde onuradunak eskatu eta justifikatu ondoren, laguntza eman zuen administrazio-organoak luzapena eman dezake, salbuespen gisa, burutu beharreko jarduerak gauzatzeko; horrelakorik gertatuz gero, dagokion laguntzaren ordainketa ere atzeratu egingo da, alegatutako arrazoiek justifikatzen badute.

3.- Eskaera egitean aurkezturiko memorian jasotako jarduerak gauzatu behar dira, baina Teknologiako zuzendariak aldaketak baimen ditzake, aldez aurretik Teknologiako zuzendariari eskatuz gero, eta erakunde onuradunak behar bezala justifikatuz gero amaitu aurretik, betiere jardueren helburuak eta nondik norakoa indargabetzen ez badira.

4.- Proiektuak porrot teknikoa izaten badu, hau da, eskaera egitean aurkeztutako ikerketa-proiektuaren deskribapen-memorian aurreikusitako helburuak lortezin bihurtzen dituen konpondu ezinezko huts-egite teknikoak atzemanez gero proiektua garatzean edo amaitzean, Teknologiako zuzendariari eska dakioke erakunde onuradunak laguntza emateko administrazio-ebazpena aldatzeko, gauzatutako proiektuaren zatiari egokitzeko. Eskaera onartzeko administrazio-ebazpenean, Teknologiako zuzendariak aukera du eskabidea onartzeko, betiere erakunde onuradunak behar bezala justifikatzen badu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Aurkeztutako proiektuak aztertu ondoren, Agindu honetan ezarritako esparruan, Etorgai Proiektuak ez izateagatik diru-laguntza jasotzekoak ez direla erabakitzen bada, Ebaluazio-organoak ofizioz bidera dezake Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eremuan dauden bestelako Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako laguntza-programetara edo baliabideetara, betiere laguntza-programa horien barruan ezarritako epearen barruan egin bada eskaera; hori guztia interesdunari jakinaraziko zaio dagozkion ondorioetarako.

Bigarrena.- EE itunak araututako sektore guztietako ikerketarako eta garapenerako laguntzei dagokienez, I+G+Bko Erkidegoko Esparrua aplikatzen da, Esparru horren (ikus II. eranskina) 2.1 puntuaren (5. paragrafoa) arabera. Orobat, estatuko laguntzei buruzko erkidego-araudi espezifikoek zuzentzen dituzten sektoreetarako ere Esparru hori aplikatzen da, araudi horietan besterik xedatu ezean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Euskal Autonomia Erkidegoan industria-ikerketarako eta garapen esperimental estrategikorako proiektu integratuak egiteko laguntza-programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2008ko abuztuaren 6ko Aginduan jasotakoaren arabera egin zen diru-laguntza jasotzeko deialdia eta deialdi horretan parte hartu zuten industria-ikerketarako eta garapen esperimental estrategikorako proiektu integratuek Agindu horri jarraituko diote proiektua amaitu arte. Hain zuzen ere, honako Agindu honek indargabetuko du agindu hori

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean hastearekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan industria-ikerketarako eta garapen esperimental estrategikorako proiektuak egiteko laguntza-programa (Etorgai Programa) arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2008ko abuztuaren 6ko Agindua indargabetuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salan, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 30a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana