Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2011ko abenduaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
5939

EBAZPENA, 2011ko urriaren 7koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Zumaian Astilleros Balenciaga SA ontziolaren jarduerak Ingurumenean duen Eraginaren Adierazpena egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-erabakiaren aurretik.

Jarduera-lizentzia emateko prozedurari hasiera emanda Zumaian Astilleros Balenciaga SA ontziolak eskatuta, xedapen hauek ezarri behar dira: Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Besteak beste, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira:

● Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren edukia ezartzea. Proiektuaren sustatzaileak eskatuta, Ingurumen Sailburuordetzak 2008ko irailaren 16an ekin zion kontsulten izapideari. Izapide hori jasota dago, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2009ko otsailaren 17an proiektuak ingurumenean zuen eraginaren azterlanaren zabalerari eta xehetasun mailari buruzko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu zen.

● Jendaurrean jartzeko izapidea. Zumaiako Udalak jendaurrean jarri zuen proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako azterlana (2011ko maiatzaren 27ko 100. zenbakiko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala).

● Espedientea bidali eta ingurumenarekiko eraginaren adierazpena eskatzea. 2011ko uztailaren 20an Zumaiako Udalak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, proiektuek Ingurumenean duten Eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2011ko irailaren 6an, ingurumen-organoak formulatutako betekizunekin bat, espedienteko dokumentazioa osatu zen.

Aipatutako proiektuaren espedientean jasotzen diren agiri tekniko eta txostenak aztertu dira, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena da, indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera; beraz, Ingurumen Sailburuordetzak, bera baita organo aginpideduna Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, honako hau

EBATZI DU:

1.- Zumaian Astilleros Balenciaga SA ontziolak sustatutako Ingurumenean duen Eraginaren Adierazpen hau egitea, eta eragina onargarria dela esatea.

2.- Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

2.A.- Proiektua, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera, eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da.

2.B.- Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Haren bidez onartu zen Proiektuek Ingurumenean duten Eragina Ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, jardueraren bilakaeran sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok sartuko dira proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan.

2.C.- Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera egikarituko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako langileek, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpen honetan ezarritako kalitateko helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

2.c.1.- Instalazioaren funtzionamendu-baldintzak eta prebentzio-neurriak.

Kalterik egin gabe ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean proposatzen diren prebentzio-neurriei eta funtzionamendu-baldintzei, honako atal hauetan zehazten diren baldintzak bete beharko dira:

a) Instalazioak egokitzea.

Gai arriskutsuak biltegiratuko edo manipulatuko direla aurreikusten den gainazalek iragazgaizte-sistema izan beharko dute, denboran zehar eraginkorra izango dena, isurketen, ustekabeko jarioen edo ihesen kasuetan ingurumenean eraginik ez izateko. Gainazal horiek drainatzeko eta efluenteak jasotzeko sistemak izango dituzte, gai kutsatzaileen sakabanatze-bideak ingurunera irekitzea ekiditeko.

b) Zamalanak gai arriskutsuekin.

● Mota horretako gaientzat eskatutako segurtasun-baldintzak betez egingo dira zamalanak.

● Gai arriskutsuen zamalanetan eta manipulazioan saihestu egin behar dira isurpen lausoak edo, ezin balitz, ahalik eta gutxien izan daitezen saiatu.

● Zisterna-kamioietatik itsasontziak erregaiz betetzen diren kasu zehatzetan, sustatzaileak ingurumen-eraginaren ebaluaziorako bidalitako agirietan zehazten diren prebentzio- eta eragiketa-neurriak hartuko dituzte, istripuz itsasoa kutsatzen den kasuetarako arriskuen barne-planaren esparruan.

c) Gai arriskutsuak biltegiratzea.

● Prozesuko gai arriskutsuak ingurunera ez sakabanatzeko moduko baldintzetan biltegiratuko dira.

● Hauts-produktuak gordetzeko, iragazkiak dituzten silo itxiak egongo dira.

● Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek bete egin behar dituzte produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak.

d) Instalazioen prebentziozko mantenua.

● Prebentzioko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura saihesteko; era berean, ezarritako neurrien jardun egokia bermatu beharko da. Isuri-ihesak daudenean, lurzorua (eta dagokionean, ura) babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainezkatzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaintzekoak eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa-mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak, zaintzeko eta kontrolatzeko programa bat eduki beharko du, eta hauek bilduko ditu: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulen egoera, presioa arintzeko sistemaren egoera, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskatzeak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua, eta dagokionean ura, kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

● Era berean, atmosferaren eta ingurune urtarraren kutsadurari aurrea hartzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, eta abar) eta zaintza eta kontrolerako sistemen egoera ona bermatzeko neurriak gehituko dira.

● Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

● Era berean, kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura eduki beharko da, husteko prozesuan ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen produktuen jarioak sakabanatu ez daitezen.

2.c.2.- Hondakin-urak kudeatzeko neurriak.

Sustatzaileak emandako agirien arabera, ontziolaren instalazioek euri-ur garbien, ur sanitarioen eta industria-uren sare banatzaileak dituzte.

Ontziolako instalazioetatik datozen efluente kutsatzaileen bilketa- tratamendu- eta isurpen-sistemen ezaugarriei, neurriei eta baldintzei buruzko alderdi guztiak, baita isurpen-mugak eta -kontrolak ere, Uraren Euskal Agentziako Zuzendariaren Ebazpenean, 2010eko ekainaren 14koan, ezarritakora egokituko dira. Ebazpen horretan berrikusten da Balenciaga SA ontziolak hondakin-urak lurretik itsasora botatzeko eskatutako baimena, 196/1997 Dekretuaren babesean 2010eko ekainaren 1ean onartutakoa. Dekretu horretan itsas-lehorreko jabari publikoaren babesaren zortasun-zonetako erabilera-baimenak emateko prozedura ezartzen da, baita lurretik itsasora isurpenak egiteko ere.

Kontrolerako kutxatila bana izan behar da baimendutako isurpen bakoitzerako.

2.c.3.- Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

a) Oro har, prozesuan atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango konfinatuak ez diren emisioak biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez bada, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen bada.

b) Proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako agirien arabera, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinean (atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzeari eta aplikatzeko oinarrizko xedapenei buruzkoan) dauden jardueretakoren bat gauzatuko den instalazio guztietan, hasiera eman zaie ingurumen-organoaren aurrean Errege Dekretu horretan eta azaroaren 15eko 34/2007 Legean (airearen kalitateari eta atmosferaren babesari buruzkoan) ezarritako prozedurei.

Ingurumen-organoak aipatutako prozeduren esparruan ezarritako baldintzetara egokitu beharko da jarduera.

c) Bestalde, kontuan izan behar da Astilleros Balenciaga SA ontziolan urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuaren I. eranskinean -zenbait jardueratan disolbatzaileak erabiltzeagatik isurtzen diren konposatu organiko lurrunkorrak mugatzeari buruzkoan- jasotzen den jarduera bat gauzatzen dela, eta beraz, II. eranskinean zehaztutako disolbatzaileen kontsumo-atalasea gainditzen bada, aipatutako arauan ezarritako baldintzak eta betekizunak bete beharko dituela proiektuaren sustatzaileak.

2.c.4.- Jardueran sortutako hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Instalazioetan sortutako hondakin guztiak uztailaren 28ko 22/2011 Legean -hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoan- eta aplikatzen diren arautegi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

b) Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea, horiek beren jatorritik sakabanatuz, nahasketa horiek ekiditeko biltze eta biltegiratzeko baliabideak eskuragarri daudenean.

c) Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoak kontuan hartuta, hondakin oro balioztatzera bideratu beharko da, bere kabuz kudeatuz edo baimendutako balioztatzaileari eramanez. Kasu honetan soilik ezabatu ahal izango dira hondakinak: behar bezala egiaztatzen bada ez dela bideragarria horiek balioztatzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira, balioztatzeko beste modu material edo energetikoen aurretik.

d) Era berean, hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak baldin badaude Euskal Autonomia Erkidegoan, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

e) Zabortegira eramateko hondakinak, gainera, hondakinak zabortegian utzita ezabatzeari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuari eta hondakinak zabortegian utzita ezabatzea eta betelanak egitea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraiki kudeatuko dira. Hondakin horiek bereizi egin beharko dira 2002ko abenduaren 19an Kontseiluak hartutako 2003/33/EE Erabakiaren arabera; erabaki horrek hondakinak zabortegietan onartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen ditu, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluari eta II. eranskinari jarraituz.

f) Biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isuriak edo lixibatuak sor ditzaketen hondakinetarako, hondakinak biltzeko tanga edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxura daukaten hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin kontaktuan egotea edo haizeak herrestatzea ekidingo da eta, beharrezkoa izatekotan, estali egingo dira.

g) Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari, bai Zumaiako Udalari.

h) Hondakin arriskutsuen kudeaketa.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrun ez daitezen.

Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

Hondakin arriskutsuak gehienez ere sei hilabetez egongo dira biltegiratuta, bai balioztatzera eramaten direnean, bai ezabatzera eramaten direnean; epe hori aldatu ahal izango du, kasu berezietan, biltegiratze hori gauzatuko den autonomia-erkidegoko organo eskudunak, behar bezala frogatutako arrazoiak baldin badaude eta gizakien osasuna eta ingurumenaren babesa bermatzen badira.

Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela agiri baten bidez egiaztatzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak bat datozela administrazio-baimenarekin. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, ezaugarritze xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko.

Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan.

Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak baimendutako kudeatzailearen instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, haien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko zein elektronikoei eta haien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

i) Arriskutsuak ez diren hondakinak.

Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztatzaile baimendu bati.

Hondakin horiek gehienez bi urte egongo dira biltegiratuta balioestera eramaten direnean, eta gehienez urtebete ezabatzera eramandakoan.

Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile batek onartzen dituela dioen agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta dituela. Agiri horren kopia bidali behar da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko.

Arriskutsuak ez diren hondakinak lekuz aldatu aurretik, segimenduari eta kontrolari buruzko agiria bete beharko da.

j) Artxibo fisikoa edo telematikoa egingo da uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoa beteaz. Bertan, kronologikoki jasoko dira: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratamendurako metodoak eta lekuak, hondakin guztiak sortutako eta utzitako datak, jasotzearen maiztasuna eta garraiobideak.

Artxibatutako informazioa gutxienez hiru urtez gordeko da, eta artxibategi hori agintari eskudunen eskura egongo da ikuskapenik edo kontrolik egin behar balitz ere.

2.c.5.- Mugak zaratak igortzeari.

a) Zonifikazio akustikoaren, kalitate-helburuen eta emisio akustikoen esparruan azaroaren 17ko 37/2003 Zarataren Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraituz, obra-fasean erabilitako makinek nahitaez bete behar dute kanpoan lan egiten duten makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen legeria eta, zehazki, aplikagarri zaienean, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, zeinaren bitartez kanpoan erabiltzen diren hainbat makinak ingurura igortzen dituzten zaratak arautzen baitira, eta arau osagarriak.

b) Bestalde, azaroaren 17ko 37/2003 Legea, zaratari buruzkoa, garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, beharrezko neurriak hartu beharko dira instalazio berrian eremu akustikoetatik III. eranskineko B1 taulan ezarritako muga-balioa gainditzen duen zarata (IV. eranskineko prozeduren arabera ebaluatuta) ez igortzeko.

Zuzenean edo zeharka, jardueraren ondorio diren eragin gehigarriengatik, aipatutako arauaren 14. eta 16. artikuluetan zaratarentzat ezarritako soinu-kalitatearen helburuak gainditzen direnean, hori gerta ez dadin neurriak hartu beharko dira jarduera horretan.

2.c.6.- Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Lurzoruaren kutsadura aurreikusteko eta konpontzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen II. eranskinean jasotako jarduera izanik, lurzorua kutsa dezaketen jardueren titularrentzat lege horretan zuzendutako betekizun guztiak bete beharko ditu sustatzaileak, batez ere, jarduera edo instalazioa betirako uzten denean, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozedurari hasiera emateari dagokionez.

Gainera, edozein arrazoirengatik lurzoruak hondeatzea dakarten obrak aurreikusten direnean, hondeatu behar diren materialen ezaugarriak zehaztu behar dira, kutsadurarik egonez gero sor litezkeen eraginak prebenitzeko, batetik, eta material horiek behar bezala kudeatzeko bideak zehazteko, bestetik. Material horiek atera aurretik, karakterizazioaren emaitzak eta aurreikusitako erabilera zehatza Ingurumen Sailburuordetzara igorri behar dira, onar ditzan.

2.c.7.- Funtzionamendu bereziko kasuetarako neurriak eta jarduerak.

Ezohiko funtzionamenduen edo ingurumenean eragin kaltegarriak izan ditzaketen gertakarien kasuetan, ingurumenaren gaineko eraginaren azterketan aipatzen den protokoloa jarraitu beharko da.

Itsasontziak frogatzeko eta abiarazteko lanetan itsasadarrera kontrolatu gabe olioa eta erregaiak isurtzen diren kasuetan, abian jarri beharko da Astilleros Balenciaga SA ontziolaren «Istripuz itsasoa kutsatzen den kasuetarako arriskuen barne-plana», Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak onartutakoa.

2.D.- Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera gauzatuko da Ingurumena Zaintzeko Programa. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

2.d.1.- Hondakin-uren kalitatea kontrolatzea, isuri aurretik.

Ingurumena zaintzeko programak lurretik itsasorako isurien baimenean ezarritako kontrolak izan behar ditu.

2.d.2.- Atmosferarako isurketak kontrolatzea.

Ingurumena zaintzeko programak ebazpen honetako 2.c.3 atalean aurreikusitako kontrolak izan behar ditu.

2.d.3.- Zarata kontrolatzea.

a) Jarduera garatzen den lursailaren kanpoaldean neurketak eginez, Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da urtero, batez ere zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera, aurrerantzean neurketak hiru urtean behin egin ala ez erabakiko da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak entsegu-laborategiek egin beharko dituzte, ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko laborategiek, hain zuzen ere. Dena den, ingurumen-organoak zaindu beharko du ebaluazioak egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek landutako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

d) Sustatzaileak neurketen proposamen zehatza egin beharko du, eta proposamen horren barruan ebaluazio-metodoak modu xehatuan adierazi beharko ditu, azaroaren 17ko 37/2003 Zaratari buruzko Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritako prozedurei jarraituz (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez garatzen du legea).

2.d.4.- Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bategina landu beharko du, Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean, eta ebazpen honetan proposatu diren betebehar guztiak bilduko ditu testu horrek.

Programa horretan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, horien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

2.d.5.- Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu, bi urtez gutxienez, eta Herri Administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.- Baldin eta arautegi berria indarrean sartzean, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumenarekiko eragina saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

2.F.- Ebazpen honek aurreko idatz-zatietan ezarritakori kalterik egin gabe, proiektuaren sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organo honi, espedientean txertatzeko.

2.f.1.- Ebazpen honetako 2.d.4 atalean jasotako ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina, jarduera-lizentzia jaso eta bi hilabete baino lehen, Ingurumen Sailaren Sailburuordetzak onar dezan.

2.f.2.- Ingurumena zaintzeko programa aplikatzearen emaitzak, ebazpen honetako 2.d.5 atalean jasotzen denaren arabera; urtean behin, jarduera-lizentzia jasotzen denetik.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 47.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakitera ematea.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua egikaritzen hasteko, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

5.- Proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

6.- Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 7a.

Ingurumeneko sailburuordea,

M.ª ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.


Azterketa dokumentala