Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2011ko abenduaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Justizia eta Herri Administrazio Saila
5935

AGINDUA, 2011ko urriaren 21ekoa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Fundación Zubigune» fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

«Fundación Zubigune» fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2011ko abuztuaren 4an Justizia eta Herri Administrazio Sailean sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaera. Fundazio horren eratzaileak honako hauek izan ziren: «Setalde Suministros Integrales SA», «Larrañaga Plásticos SA», «GISAT, S. Coop. Ltda.», «Domusa Calefacción, S. Coop.», «Comercial de Aplicaciones Electrónicas SL», «Alecop, S. Coop.», «Asociación Española de Fabricantes de Maquinas-Herramienta», «Prospektiker, S.A. Instituto Europeo de Prospectiva y Estrategia», «Suministros Eléctricos Erka SL», «Breen Breeded in Green SL», «Centros para La Formación y Prevención Laboral SL», «Fundación Tecnalia, Resarch & Innovation», «Asociación de Empresarios de Gipuzkoa (Adegui) Gipuzkoako Enpresarien Elkartea», «Akaba SA», «Asociación Empresarial de Instaladores y Mantenedores de Guipuzcoa (Instagi)», «Victorio Luzuriaga-Usurbil SA», «Cámara Oficial de Comercio, Industria y Navegación de Gipuzkoa», «Colegio Oficial de Peritos e Ingenieros Técnicos de Gipuzkoa», «Laser-Ken SA», «Syder 2005 SL» eta «Fagor, S. Coop.». Eskabideari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du 2011ko irailaren 28an.

Hirugarrena.- Bere estatutuetako 6. artikuluak dioenez, fundazioaren helburu orokorra hauxe da: «Honako arlo hauetan etengabeko prestakuntza eta etengabeko ikaskuntza sustatu eta garatzea: elektrizitatea, elektronika, mantenimendua eta ekoizpenarekin, fabrikazio mekanikoarekin eta administrazioarekin lotutako zerbitzuak».

Laugarrena.- Estatutuetako 1. eta 2. artikuluek diotenez, fundazioaren egoitza Usurbilen dago (Etarte Bidea, 9, Zubieta Auzoa, Usurbil, Gipuzkoa), eta gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.

Bosgarrena.- Hasierako dotazioa 42.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela -agiri biez- jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.

Seigarrena- Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera. Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4. artikuluan.

Bigarrena.- Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta erregistro-zenbaki honekin: F-311, Usurbilgo «Fundación Zubigune» erakundearen eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak seigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, Donostian, 2011ko ekainaren 16an, Miguel Angel Martínez Urroz notarioaren aurrean (856 protokolo-zenbakia) emandako eskritura publikoan xedatu bezala.

Bigarrena.- Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 21a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala