Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2011ko abenduaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
5930

1671/2011 EBAZPENA, azaroaren 14koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako 2012ko ohiko deialdia onartzeko dena.

Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko prozesua arautzen du. Dekretu horrek zehazten du Osakidetzan aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunak apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak direla (86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena). Orobat ezartzen du Osakidetzak eskumena duela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko, entitate horrek helburu zehatz horrekin deituko dituen bai ohiko deialdi bai ohiz kanpoko deialdien bidez.

Horiek horrela, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengo artikulua.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben 2012ko ohiko deialdia onartzea, I. eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

Bigarren artikulua.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengo artikuluekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko azaroaren 14a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JULIÁN PÉREZ GIL.

I. ERANSKINA

HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO DEIALDIA

OINARRIAK

1. oinarria.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2012ko deialdiak egiaztatze-prozesu bat izango du. Era berean, izan liteke bigarren egiaztatze-prozesu bat ere egotea; bigarren prozesu hori, burutuz gero, lehenengoaren segidakoa izango litzateke eta oinarri orokor berek arautua egongo litzateke. Prozesuak atal hauek izango ditu: izena emateko aldia, onartuen eta baztertuen zerrenda, eta dagozkion probak, bakoitza bere behin-behineko kalifikazioekin eta erreklamazio-epearekin, eta guztiak behin betiko kalifikazioak argitaratuta amaituko dira. Era berean, bigarren prozesu bat burutuko balitz, atal berdinak izango ditu, baina aurreko prozesutik bereiztuak.

2. oinarria.- Deialdian hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko ardura izango duen epaimahaia izendatuko da. Kideak 21. oinarrian xedatutakoaren arabera izendatuko dira.

3. oinarria.- Egiaztatze-prozesua ebazpen hau argitaratzearekin hasten da eta jarraibide hauexek arautuko dute azterketaldia. Bigarren egiaztatze-prozesurik egonez gero, jarraibide hauexek arautuko lukete eta Giza Baliabideetako zuzendariaren barne-jarraibide bidez arautuko litzateke.

4. oinarria.- Deialdian parte har dezakete aurreko egiaztatze-prozesuko matrikulazio-epe amaieratik hurrengo prozesuko matrikulazio-epe amaiera bitarteko denboraldian zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egon diren edo dauden Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere.

5. oinarria.- Deialdiak aukera ematen du lehenengo, bigarren eta hirugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko. Edozein modutara, eskatzaileek hizkuntza-eskakizun bakar baten azterketa egin ahalko dute.

6. oinarria.- Bigarren hizkuntza-eskakizunaren probak egiteko lehen hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta eduki behar da eta hirugarren hizkuntza-eskakizunaren probak egiteko bigarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta deialdian izena emateko epearen azken egunerako. Horretarako, egiaztapen hori nahitaez erregistratuta egon behar da Osakidetzako Pertsonalaren Erregistroan.

Eskatutako hizkuntza-eskakizuneko probak egiteko eskatzen den hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiririk ez badago erregistratuta Osakidetzako langileen Erregistroan, izangai horiek hizkuntza-eskakizuneko probetan parte hartzeko eskabidearen fotokopia (intranet bidez egindakoa) eta eskatzen den hizkuntza-eskakizuna baliokidetzeko eskabidea (behar bezala beteta eta dagokion dokumentazioarekin) aurkeztu behar dituzte euren zerbitzu-erakundean inskripzio-epearen barruan (Giza Baliabideetako zuzendariaren 6/2009 Jarraibideak, beste Herri Administrazio batzuek emandako hizkuntza-eskakizunen egiaztagirien aitorpen eta baliokidetzeari buruzkoa).

7. oinarria.- Izangaiak hizkuntza-eskakizun batean baino gehiagotan parte hartzeko eskabidea egiten badu, izangaiak berak egiaztatuta daukanaren hurrengo hizkuntza-eskakizun altuagoko probak egiteko zerrendan sartuko dute ofizioz. Eskatzaileak ez badauka egiaztatuta hizkuntza-eskakizun bat bera ere, Osakidetzak lehen hizkuntza-eskakizuneko zerrendan sartuko du.

Egiaztatze-prozesurako izena eman behar den momentuan aurreko prozesuaren behin betiko kalifikazioak oraindik argitaratu ez badira, aurreko deialdi horretan parte hartu duten izangaiek behin-behineko kalifikazioen arabera eskatu beharko dute hizkuntza-eskakizun jakin baten probetan parte hartzeko. Hala ere, prozesuan zehar behin betiko kalifikazioak argitaratzen badira eta, horren ondorioz, izangairen baten egoera aldatzen bada, horrelako izangaien inskripzioa ofizioz aldatuko da, egiaztatu duten hizkuntza-eskakizuna aintzat hartuta.

8. oinarria.- Probak egiteko egokitzapenen bat behar duten izangaiek eskabidean bertan adierazi behar dute. Behar den egokitzapen horrek ez du ekarriko inolako murriztapenik eskatzen den gaitasunean.

9. oinarria.- Egiaztatze-prozesu bakoitzean izena emateko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak, ebazpen baten bidez, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartuko du. Baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia adieraziko da.

Halaber, hor bertan adieraziko da ahozko proban zein izangaiek parte hartu ahalko duten proba idatzia egin gabe, 15. oinarrian araututakoaren arabera.

Ebazpen hau Osakidetzako web orrian eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan jarriko da jendaurrean.

10. oinarria.- Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jende aurrean jarri eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek hilabeteko epea izango dute gora jotzeko errekurtsoa Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari aurkezteko.

11. oinarria.- Azterketan parte har dezakete onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean onartuta agertzen diren izangaiek.

Era berean, azterketan parte har dezakete, baztertuta egon arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri eta beraren kopia azterketaren egunean aurkezten dutenek. Gora jotzeko errekurtsoaren kopiarekin batera eskabidearen kopia ere aurkeztu beharko dute. Kasu horretan, azterketaren emaitzak bakarrik balio izango du, baldin eta errekurtsoa ebatzi ondoren izangaia onartuta geratzen bada.

12. oinarria.- Egiaztapen-prozesu bakoitzeko azterketen egutegi bat prestatuko da onartutako eskatzaileen kopurua eta azterketak egiteko beharko diren baliabideak kontuan hartuta. Baliteke proba bat baino gehiago bateratzea ekitaldi edo egun bakarrean.

Azterketa egunak, tokiak eta orduak zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetzako web orrian jakinaraziko dira.

13. oinarria.- Edozein hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko prozesuan trebetasun hauek ebaluatuko dira: idatzizko ulermena eta idazmena eta ahozko ulermena eta mintzamena. Proba berezituak dauden baliabideen arabera bateratu ahalko dira.

14. oinarria.- Proba guztiak baztertzaileak direnez, proba bat ez gainditzea nahikoa izango da hurrengo probak ez ebaluatzeko.

Aurreko probetako emaitza guztiak argitaratu gabe probak bateratzen badira elkarren jarraian egiteko, lehen proba bateratuan parte hartzeko eskubidea duten izangaiek proba bateratu guztietan parte hartzeko aukera izango dute.

15. oinarria.- Osakidetzako azken azterketaldian, eta betiere aurrekoan salbuetsita egon gabe, idatzizko probak gainditu bai baina ahozko probak gainditu ez zituzten izangaiak salbuetsita daude azterketaldi honetako idatzizko ulermen eta idazmen probak egitetik. Hortaz, zuzenean joko dute ahozko probetara.

Hala eta guztiz ere, izangai guztiek epe barruan eman beharko dute izena probetarako, salbuetsita dauden ala ez kontuan hartu gabe.

16. oinarria.- Trebetasun ezberdinak (idatzizko ulermena, idazmena, ahozko ulermena eta mintzamena) ebaluatzen dituzten probetako behin-behineko kalifikazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko dira, ebaluatutako proba bakoitzari dagokion «gai» edo «ez gai» kalifikazioa zehaztuta, eta zerbitzu-erakundeetako iragarki-oholetan eta Osakidetzako web orrian jendaurrean jarriko.

Behin-behineko kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 7 egun naturaleko epea izango dute gutxienez, interesdunek erreklamazioak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariari aurkezteko.

Idatzizko ulermen- eta idazmen-proben emaitzen aurka epean eta forman aurkeztutako erreklamazioak onartuak edo baztertuak izango dira ahozko ulermen- eta mintzamen-probak egiteko deituen zerrendaren argitalpenaren bitartez. Ahozko ulermen- eta mintzamen-proben emaitzen aurka epean eta forman jarritako erreklamazioak, berriz, behin betiko kalifikazioak ezagutzera emango dituen ebazpenaren bidez ebatziko dira.

Erreklamazioak egin ahal izateko, Osakidetzako web orrian horretarako dagoen formularioa erabili beharko da, eta betiere bertan agertzen diren jarraibideak oinarri hartuta.

17. oinarria.- Behin-behineko kalifikazioen aurkako erreklamazio-epea amaitutakoan, izangaien behin betiko kalifikazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

18. oinarria.- Izangai bakoitzak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetan lortutako behin betiko kalifikazioa bakarra izango da, eta «gai» edo «ez gai» moduan adieraziko da.

19. oinarria.- Egiaztapen-prozesuko behin betiko kalifikazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzen duen ebazpenaren egunetik beretik izango ditu ondorioak hizkuntza-eskakizunen egiaztapenak.

20. oinarria.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak gainditu dituztenek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ziurtagiria jasoko dute. Ziurtagiri hori izangaiak lan egin zuen azken zerbitzu-erakundera bidaliko da.

21. oinarria.- Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdiaren ardura izango duen epaimahaia izendatuko da. Epaimahaikide izango dira epaimahaiburua, hiru mahaikide eta idazkaria. IVAPek epaimahaikideetako bat izendatuko du. Epaimahaikide gehienak Euskal Herri Administrazioen zerbitzuan dauden langile finkoak izango dira, eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute.

22. oinarria.- Aztertzaileek izangaien ahozko proba grabatu ahalko dute, premia ikusten badute, bakar-bakarrik, kalifikazioaren alderdiren bat berrikusteko, lagungarri bat eskueran edukitzearren.

23. oinarria.- Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatuko den euskara ezagutza-maila neurtzeko ondorengoak hartuko dira kontuan: batetik, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak, 13. artikuluan hizkuntza-eskakizun bakoitzerako zehaztutako hizkuntza-gaitasuna, eta bestetik, apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzekoak, eranskinean ezarritakoa.

24. oinarria.- Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da eskatzaileei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta Osakidetzari eta erakunde eskudunei lagatzea. Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.

Deialdi hauetan parte hartzen duten langileek onartu egiten dute ebazpen honen helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua.

Era berean, onartu egiten dute kalifikazioak erregistratzea, tratatzea, eta erakunde eskudunei lagatzea, euskararen erabileraren helburu eta lehentasunen betetze-mailaren, hizkuntza-gaitasunaren prozesuen eta hizkuntza-eskakizunen egiaztatze-mailaren ebaluazio-txostena egiteko (67/2003 Dekretua, martxoaren 18koa, euskararen erabilera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan normalizatzekoa, 1.3 artikulua). Orobat, datu horiek Osakidetzako Euskera Plana egokiro kudeatzeko ere onartzen dute.

Eskatzaileei buruzko informazioa Datuak Babesteko Espainiako Agentzian erregistratuta dagoen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren «Registro del personal de Osakidetza» deritzan erregistroan egongo da. Eskatzaileek Fitxategietako datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara jo dezakete: Araba kalea, 45; 01006, Vitoria-Gasteiz.

25. oinarria.- Deialdi honetako egiaztatze-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Bigarren prozesua burutuz gero, inskripzio-epea prozesu hori arautuko lukeen Jarraibideetan ezarriko litzateke.

26. oinarria.- Izangaiek eskabide elektronikoa bete beharko dute, horretarako ondorengo helbide elektronikoetara joz:

- http://www.osakidetza.net (honen barruan bide honi jarraitu behar zaio: Giza Baliabideak > Euskara > Ikastaroak, Hizkuntza-Eskakizunen deialdiak > egiaztapenak > 2012ko deialdia > eskabideak).

- http://www.osakidetza.euskadi.net (honen barruan, bide honi jarraitu behar zaio: Osakidetza > Giza Baliabideak > Euskara > egiaztapenak > 2012ko deialdia > eskabideak).


Azterketa dokumentala