Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2011ko abenduaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5929

EBAZPENA, 2011ko urriaren 19koa, Hezkuntzako sailburuordearena, 2012 urtean irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deia egiten duena.

47/1993 Dekretuak(1993-04-02ko EHAA) irakasleen HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunak ezarri zituen. Gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduak (1994-01-26ko EHAA) IRALE programaren ebaluazioa eta hizkuntza-eskakizunen azterketetako edukia eta forma arautu zituen.1995eko apirilaren 10eko Aginduak (1995-05-11ko EHAA)eta 1998ko urriaren 22koak (1998-11-5eko EHAA) azterketaldi mota desberdinen kalifizkazio-sistemak ezarri zituzten. Era berean, apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuak (2005-04-14ko EHAA) HLEA hizkuntza-eskakizuna sortu eta arautzen du Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langileentzat.

Honako Ebazpen honen xede nagusia irakasleen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen deialdia egitea da 2012. urterako.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Ebazpen honen xedea irakasleen HE1, HE2 eta HLEA hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketen deia egitea da 2012 urterako, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan.

2. artikulua.- Hezkuntza Sailak, 2012. urtean zehar hizkuntza-eskakizunen deialdi itxi bat egingo du, IRALEn liberatuta dauden ikasketariei zuzendua eta deialdi ireki bat. Deialdi bakoitzeko matrikulazio-baldintzak Ebazpen honetan zehazten dira. Deialdi itxiak bi azterketaldi izango ditu, bat ekainean eta bestea irailean.

3. artikulua.- Hizkuntza-Eskakizunen deialdi itxian ondoko ikasketariek matrikulatu behar izango dute: 2011-2012 ikasturtean IRALE programan dagokion amaierako ikastaro-mota bat egiteko liberatutako ikasketariek, hau da U2koak eta 3000koak HE1erako, U3koak edo 5000koak HE2rako eta 4000koak HLEArako. Horretaz gain, kasuan kasuko azterketan matrikulatzeko aukera izango dute 3300, 4300, 5300 edo N040 ikastaro-mota egiten ari diren ikasketariek, baldin eta azterketa eguna baino lehen 450 orduko txanda osoa tarteko etenik gabe ikasi izana egiaztatzen badute.

4. artikulua.- Deialdi irekian matrikulatu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan irakasle edo heziketa-lanean aritzeko 2011-2012 ikasturteko hautespen-prozesu publikoetan parte hartzen dutenak, beren deialdiaren baldintzen barnean, eta prozesu horiek finkatzen dituzten arauen arabera, hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatu behar dutenak. Hautespen-prozesuen deialdia beranduegi deitzen bada izangaiek hizkuntza-eskakizunen azterketetara joan ahal izateko, berariazko azterketak egin ahal izango dira geroago, deialdi irekiaren esparruan.

5. artikulua.- Hezkuntza Bereziko HLEA eskakizunerako honako hauek matrikulatu ahal izango dira: 4. artikuluan aipatuez gain, Gizarteratzeko edota Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari titulazioa edo baliokidea dutenak, bai eta Fisioterapeuta, Gizarte-langile, Lanbidezko Terapeuta eta Zeinu Hizkuntzako Interprete titulazioa dutenak ere. Era berean Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Bereziko lan-legepeko heziketa-langile bezala aritzen direnak eta arlo horretan indarrean dagoen ordezkapen-zerrendan daudenak ere.

6. artikulua.- HE2ko deialdi irekirako honako hauek ere egin ahal izango dute matrikula: 4. artikuluan aipatzen direnez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan edo pribatu baimenduetan 2010-2011 edo 2011-2012 ikasturteetan zerbitzuak egin dituzten irakasle eta heziketa-langileak, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten zentroak barne direlarik. Era berean, matrikulatzeko aukera izango dute beste Autonomia erkidegoetan irakaslanean ari diren karrerako funtzionarioek edo berriro laneratzeko eskubidea dutenek eta EAEko irakaskuntza publikoko indarreko ordezkapen-zerrendetan dauden irakasleek. Zerbitzu-egiteari dagokionez, aski izango da egun bateko zerbitzua egin izana, 2010eko irailaren 1etik matrikula egunera arte.

7. artikulua.- HE1eko deialdi irekirako honako hauek egin ahal izango dute matrikula: 4., 5. eta 6. artikuluek harrapatzen dituzten pertsonez gain, irakaslan edo heziketa-lanerako beharrezko titulazioa dutela erakusten dutenek. HE1eko azterketari-nahiek Maisu, Lizentziatu, Diplomatu, Graduatu, Gizarteratzeko edo Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari izan beharko dute, edota irakasle eta heziketa-lanerako balio duen tituluaren jabe. Izangaiok, Maisuak, Pedagogoak, Haur Hezkuntzako Teknikariak eta 5. artikuluan aipatutako titulazioak izan ezik, titulazio hauetariko bat izan beharko dute: Didaktika Espezializazioko Titulua (TED), Pedagogia Gaitasuneko Ziurtagiria (CAP), Irakaskuntzan Gaitzeko Master Titulu Ofiziala ondoko lanbideetan jarduteko balio duena: DBHko irakaslea, Batxillergokoa, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntza, edo baliokidea.

8. artikulua.- Arau orokor gisa, deialdi itxian hizkuntza-eskakizun jakin baterako matrikulatzen diren pertsonak ezin izango dira matrikulatu eskakizun horretarako deialdi irekian 2012ko urte berean, salbu eta langileen hautespen-prozesu publikoen datek hala aholkatu eta Hezkuntza Sailburuordetzak espresuki hala erabakitzen badu.

9. artikulua.- Arau orokor gisa, izangaiak hizkuntza-eskakizun bakar batean matrikulatu ahal izango dira deialdi bakoitzaren barnean, alegia bai deialdi irekian eta bai itxian. Langileriaren hautespen-prozesuetan irizpide berbera aplikatuko da, prozesuaren araudiak beste zerbait ezartzen ez badu.

10. artikulua.- Deialdi irekian matrikulatzeko eskabide normalizatua egin beharko da internet bitartez, helbide honetan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/euskara) Horrez gainera, Hezkuntza Ordezkaritzan dokumentazio gehigarria aurkeztu beharko da: NANaren fotokopia, titulazio akademikoaren, Pedagogia Gaitasuneko Ziurtagiriaren (CAP)edo baliokidearen fotokopia konpultsatuak eta egindako zerbitzuen egiaztagiria. EAEko irakaskuntza publikoko zein pribatuko langile finkoek ez dute dokumentazio gehigarririk aurkeztu beharko, baldin eta datu horiek Hezkuntza Sailean jasoak agertzen badira. Nolanahi ere, sare pribatuko pertsonal tenporalaren kasuan edota dokumentazio hori Ordezkaritzan ez dagoen beste kasu batzuetan, interesatuak agiri horiek aurkeztu egin beharko ditu matrikula gauzatzeko. Izen-ematea bide telematikoz egin izanak ez du esan nahi gainerako dokumentazio guztia Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu behar ez denik.

11. artikulua.- IRALE programan liberatuta dauden irakasleak deialdi itxian matrikulatzeko prozedura IRALEko irakastegiek egingo dute. Aldiz, 3300, 4300, 5300 edo N040 ikastaroetako ikastaroetakoek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko dute beren eskabidea.

12. artikulua.- a) Interesdunek lekuan lekuko Hezkuntza Ordezkaritzara zuzenduko dute matrikula. Matrikulatzeko epea 2012ko urtarrilaren 10ean irekiko da eta hil horretako 19an itxiko.

b) Deialdi itxiko ikasketarien matrikulazioa epe horretan bertan egin beharko da, edota urtarrilean liberatu eta hamabost eguneko epean.

13. artikulua.- Aurreko artikuluan ezarritako matrikulazio-epeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoan irakasle edo heziketa-langileen hautespen-probetara 2012an aurkezten diren izangaiek proba horietarako izen-emate nagusiarekin batera egingo dute hizkuntza-eskakizunen probetarako izen-ematea, beren deialdiren baldintzen barnean.

14. artikulua.- Hizkuntza-Eskakizunen azterketen ebaluazio-irizpide orokorrak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1994ko urtarrilaren 10eko Aginduaren I. eranskinean ezarritakoak izango dira (1994-01-26ko EHAA). Bere aldetik, HLEA hizkuntza-eskakizunean apirilaren 5eko 66/2005 Dekretuan (2005-04-14) ezarritako irizpideak jarraituko dira.

15. artikulua.- Deialdi itxirako kalifikazio-sistema Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1995eko apirilaren 10eko Aginduan ezarritakoa izango da (1995-05-11ko EHAA). Deialdi irekian, berriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko urriaren 22ko Aginduan (1998-11-5eko EHAA) ezarritako kalifikazio-sistema aplikatuko da. HLEAko azterketaren eskema eta kalifikazio-sistemari dagokionez, zati idatzian lehen hizkuntza-eskakizuneko eskemari jarraituko zaio eta ahozkoan bigarren eskakizunekoari.

16. artikulua.- Era berean, arau nagusi horiek garatze eta zehazte aldera, Azterketa-batzorde Bateragileak ezartzen dituen orientabide eta irizpideak bere horretan jarraituko dira. Bereziki, ahozko probaren grabazioa bultzatuko da, azterketaren material-erregistro bat gehiago izan dadin. Baldin eta azterketariak grabazioa egin nahi ez balu, errenuntzia sinatu beharko du. Izan ere, erabaki hori dela medio bere ahozko proba ezin izango baita birzuzendu erreklamazio kasuan.

17. artikulua.- Azterketak egiteko lekuak, egunak eta orduak, bai deialdi irekirako eta bai itxirako, Sailaren webgune ofizialean argitara emango dira: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/euskara.

18. artikulua.- Deialdi itxira aurkezteko obligazioa duen ikasketariren batek azterketaren idatzizko zatira ezin joana izango balu eta behar bezala justifikatuko balu, Euskara Zerbitzuak arrazoi horiek balioetsiko ditu eta ikasketari horri hurrengo deialdi itxian azterketa egiteko aukera eman ahal izango dio. Ezin joana ahozko azterketaren kasuan bada, azterketaldi bereko beste egun bat erabiltzeko aukera hobetsiko da, azterketa-batzordeak horretarako egokiera ikusiz gero. Hurrengo txandarako erreserbaren eskabidea azterketa aurretik egin beharko da edota ezin-etorria gertatu den azterketa-egunetik hasi eta hamabost egun naturaleko epean

19. artikulua.- Aurkeztu diren azterketarien kalifikazioak Hezkuntza Sailaren webgune ofizialean emango dira argitara. Bestalde, hizkuntza-eskakizunen bat lortu dutenen datuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ziurtagirien fitxategian integratuko dira eta pertsona horiek ziurtagiria eskuratu ahal izango dute Hezkuntza Ordezkaritzetan.

20. artikulua.- Lortutako emaitzarekin konforme ez badago, azterketari orok dauka dagokion idatzizko erreklamazioa aurkezteko eskubidea, emaitzak argitara eman eta hiru laneguneko epean, bere kalifikazioa berrikusteko. Horretarako, dagokion Batzordeko lehendakariarengana zuzendu beharko du eta erreklamazioa lurraldeko Hezkuntza-ordezkaritzan entregatu. Azterketa Batzordeak hilabeteko epean erantzun beharko die erreklamazioei, berrikustearen ondoriozko kalifikazioak Hezkuntza Ordezkaritzetan erakutsiko direlarik zerrenda baten bidez. Era berean, Azterketa Batzordeak gutun pertsonal bidez erantzun ahal izango die hala deritzen erreklamazioei.

21. artikulua.- 1.- Azterketetan iruzur egiten edo eragiten duen edozein azterketari, edota bidezko ez diren laguntzak erabiltzen dituena, prozesutik baztertuta geldituko da eta ordura arteko kalifikazioak baliogabetuta geldituko dira, bere jarduerak sor ditzakeen erantzukizunez gain.

2.- Azterketari bat baztertzeko erabakia lurraldeko azterketa-batzordearen lehendakariari dagokio edozein azterketatan, bertan dauden batzordekideen proposamenez, interesatuari entzun ondoren.

22. artikulua.- 1.- Azterketa-material guztiak, alegia idatzizko erantzunak, audio grabazioak eta partezko zein guztizko emaitzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak gordeko ditu, emaitzak argitara eman eta handik urte beteko epean gutxienez.

2.- Aipatutako materialak isilpean daudela garantizatu beharko da, eta ezin izango da horien kopiarik egin, azterketa-batzordeen balioespen-lanerako eta gainerako zereginetarako ez bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ahalmena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari ebazpen honetan ezarritakoa garatzeko neurriak har ditzan.

Bigarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita jarriko da indarrean.

Hirugarrena.- Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, argitara eman eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 19a.

Hezkuntzako sailburuordea,

M.ª ANTONIA OZCARIZ RUBIO.


Azterketa dokumentala