Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2011ko abenduaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Arbitraje Batzordea
5895

ERABAKIA, 2011ko azaroaren 8koa, Arbitraje Batzordearen Osoko Bilkurarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxen lege-proiektuaren Eusko Legebiltzarreko tramitazioaren etenaldia bertan behera uzteko intzidentean hartua (7/2011 eskumen-arazoa).

Gasteizen, 2011ko azaroaren 8an, Arbitraje Batzordearen osoko bilkura izan da. Juan Luis Ibarra Robles lehendakaria eta Alberto López Basaguren, Eduardo Vírgala Foruria, Asunta de la Herran Unceta-Barrenechea, Andrés María Urrutia Badiola, José Manuel Castells Arteche eta Juan Ramón Guevara Saleta kideak bildu dira eta honako hau erabaki dute.

ERABAKIA

EAKLP Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxen lege-proiektuaren Eusko Legebiltzarreko tramitazioaren etenaldia bertan behera uzteko intzidentean, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eskatuan, Eduardo Vírgala Foruria izan da txostengilea eta batzordearen irizpidearen berri eman du.

AURREKARIAK

1. Bizkaiko Foru Aldundiak, 2011ko urriaren 5ean, eskumen-arazoa aurkeztu zuen Arbitraje Batzorde honetan EAKLPren 41. artikuluari dagokionez. Eusko Legebiltzarreko Mahaiari horren berri eman ondoren, eta Arbitraje Batzordeari buruzko Legearen 49. artikuluan xedatutakoa betez, Mahaiak EAKLPren tramitazioa eteteko agindu zuen.

2. 2011ko urriaren 14an, BFAk eskatu zuen «tramitazioaren etenaldia muga dadila Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxen lege-proiektuaren 41. artikulura, horri baino ez baitio eragiten eskumen-arazoak».

3. Arbitraje Batzorde honek, 2011ko urriaren 18an, erabaki zuen «adieraztea [BFAk] aurkeztutako eskaera ez dela onartzekoa, legitimazio aktiborik ezagatik. Izan ere, etenaldia bertan behera uzteko beharra alegatzeko legitimazioa Eusko Legebiltzarreko edo ekimena tramitatzen ari den Batzar Nagusietako Mahaiari, edo ekimenaren egileari, ematen dio bakarrik Arbitraje Batzordeari buruzko Legearen 51.2 artikuluak. Alegazio hori, egitekotan, bost eguneko epean egin behar litzateke, eskumen-arazoa tramitatzeko onartu dela jakinarazten denetik hasita».

4. EBLren 51.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, jakinarazi zitzaionean Arbitraje Batzorde honek tramitatzeko onartu egin zuela aipatutako eskumen-arazoa, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, 2011ko urriaren 21ean, eskatu zuen bertan behera uzteko lege-proiektuaren tramitazioaren etenaldia.

5. Etenaldia bertan behera uzteko eskaerari alegazioak aurkeztu zizkion BFAk, 2011ko urriaren 27an, eta berriro eskatu zuen «etenaldia muga dadila Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxen lege-proiektuaren 41. artikulura».

6. Aurreko idazkiak aztertuta, Arbitraje Batzordeko lehendakariak, Juan Luis Ibarra Roblesek, kontuan izanda Arbitraje Batzordeari buruzko Legearen 51.1 artikuluak aukera ematen duela etenaldia zati batean bertan behera uzteko «baldin eta lege-proiektua osoan ulertzeko eragozpenik eta batasun-galerarik sortzen ez badu», 2011ko azaroaren 3an erabaki zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaiari jakinaraztea, egoki zeritzona adieraz zezan Bizkaiko Foru Aldundiaren eskariari buruz, hots, bertan behera uzteko eskaera lege-proiektuaren 41. artikulura mugatzeari buruz.

7. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, 2011ko azaroaren 4an, hau erabaki zuen: «Bizkaiko Foru Aldundiak bidali duen alegazio-idazkia ikusita, Mahaiak ulertzen du Arbitraje Batzordeari dagokiola erabakia hartzea».

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1. Eusko Legebiltzarrean tramitatzen hasitako Jaurlaritzaren lege-proiektu honi dagokionez, BFAk eskumen-arazoa aurkeztu du berorren 41. artikuluaren aurka, uste baitu urratu egiten dituela arlo honetan Lurralde Historikoak dituen eskumenak.

Eztabaidagai diren puntuak EBLren 51. artikuluan araututa daudenetako eskumen-arazotzat jota, nahitaez adierazi beharra dago, artikulu horretan eta berari lotutako gainerakoetan xedatutakoaren arabera, eskumen-arazoa aurkeztu zaion lege-proiektuaren tramitazioaren etenaldia bertan behera uztea salbuespenezkoa dela, eta inguruabar mugatu batzuetan oinarrituta baino ez dela posible, eta, halakorik aplikatuko bada, aurretik zenbait baldintza formal bete beharra daukala etenaldia bertan behera uztea alegatzen duenak.

2. Ondorioz, eta lege-proiektuari EBLren 51. artikuluan ezarritakoa aplika dakiokeen ala ez aztertu aurretik, egiaztatu beharra dago bertan behera uzte hori eskatzeko behar diren baldintza formalak betetzen direla. Hauek dira baldintzak: eskaera Eusko Legebiltzarreko edo batzar nagusietako Mahaiak egin behar du, edo tramitazioaren etenaldia bertan behera uzteko eskaera dagokion lege-proiektuaren egileak; eskaera hori eta berorren inguruko alegazioak bost eguneko epean egin behar dira, eskumen-arazoa tramitatzeko onartu dela jakinarazten denetik kontatzen hasita; eta, azkenik, eskumen-arazoa aurkeztu dutenei entzuteko tramitea bete behar da.

Baldintza horiek guztiak bete dira, eta, horrenbestez, galdetu behar da EBLren 51. artikuluko salbuespenezko inguruabarrak gertatzen al diren tramitazioaren etenaldia bertan behera uzteari dagokionez.

3. EBLren 51. artikuluak etenaldia salbuespenez bertan behera uzteko oinarritzat dituen inguruabarrak, dagoeneko esan denez, mugatuak dira eta bi puntu nagusitan bil daitezke: «ohiz besteko edo presako beharrizanak» eta «tartean dauden interes publikoak kontuan hartzea».

4. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak etenaldia bertan behera uzteko eskatu du «jokoan dauden interes publikoen babestea kontuan harturik eta aipaturiko lege-proiektuaren tramitazioa luzatzeak interes horientzat ekar litzakeen kalteak saiheste aldera».

5. BFAk alegatzen du, berriz, aurrezki-kutxen arloko legedi autonomikoa egokitzeko hasierako epea sei hilabetekoa zela legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita (aurrezki kutxen gobernu-organoei eta erregimen juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenari lotutako bigarren xedapen iragankorra); hori dela eta, «egokitzeko epea 2011ko urtarrilaren 13a zen (datatik datara)». Adierazten du, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen azken xedapenetako seigarrenak dioenez, 11/2010 Errege Lege Dekretuko sei hilabeteko epea «lege hau indarrean sartzen den unean hasiko dira Euskal Autonomia Erkidegoan», eta, hartara, egokitzeko epea «2011ko uztailaren 1erainokoa» litzateke Euskal Autonomia Erkidegoan. Azkenik, BFAk adierazten du ezen, EAKLP 2011ko irailaren 2an sartu zenez Eusko Legebiltzarrean, «oker eta bidegabe egotz dakiokeela BFAri EAKL hori egokitzean izandako atzerapenaren erantzukizuna, zergatik eta, bidez eta legez dagokion eskubidea baliatuz, eskumen-arazo bat aurkezteagatik Arbitraje Batzordean EAKLPren 41. artikuluari buruz bakarrik, artikulu horrek Bizkaiko Lurralde Historikoaren ordezkariak bertako Batzar Nagusiek izendatzeari eragiten dion aldetik». Horregatik, berriro egiten du «etenaldia Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxen lege-proiektuaren 41. artikulura mugatzeko eskaera».

6. Eztabaidaren oinarri juridikoak horrela ezarrita, jada adierazi behar da ezen Mahaiak aurkeztutako idazkietan, ez 2011ko urriaren 21ekoan ez 2011ko azaroaren 4koan, ez direla «argi eta garbi agertu etenaldia indargabetzea zuritzen duten ohiz besteko gorabeherak» (EBLren 51.2 artikulua). Beste alde batetik, Mahaiak bere aurreneko idazkian eskatzen du etenaldia bertan behera uzteko «jokoan dauden interes publikoen babestea kontuan harturik eta aipatutako lege-proiektuaren tramitazioa luzatzeak interes horientzat ekar litzakeen kalteak saiheste aldera», baina zehaztu gabe zein izango liratekeen kasu zehatz horretan «interes publikoak» eta sortuko liratekeen «kalteak», zeinak, bestalde, ez baitira xehatzen.

Logikoa denez, «ohiz besteko edo presako beharrizanak» egiaztatzea, eta «tartean dauden interes publikoak» ukituak daudela egiaztatzea, etenaldia bertan behera uzteko eskatu duenari dagokion zama da, eta berari dagokio, orobat, arrazoi bidez demostratzea, frogatzea, argudiatzea edo justifikatzea etenaldia mantentzeak berekin ekarriko lituzkeen kalteen atzeraezintasuna, erreparaezintasuna edo erreparatzeko zailtasuna (hala ezartzen du KA Konstituzio Auzitegiak, adibidez, babes-errekurtsoko etenaldiaren salbuespenezko izaeraren aurkako erregelarako: besteak beste, KAren 107/1981, 226/1982, 123/1983, 193/1984 autoak). Ez litzateke beharrezkoa izango erabat frogatzea etenaldia mantentzearen kalteak eta erreparaezintasuna, baina bai «gutxienez arrazoizko froga-hasiera bat eskaintzea horretaz» (orobat konstituzio-babeseko etenaldiaren salbuespenezko izaeraren aurkako erregelarako: besteak beste, KAren 253/1995, 72/1997 autoak).

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2011ko urriaren 21eko idazkiak, tramitazioaren etenaldia bertan behera uzteko eskatu zuenarenak, «jokoan dauden interesen babestea»ren baldintza errepikatzea besterik ez du egiten, eta horri «lege-proiektuaren tramitazioa luzatzeak interes horientzat ekar litzakeen kalteak saiheste aldera» gehitzen dio. EBLn ezarritakoaren errepikatze hutsa da, eta, beraz, ez da gertatu KAk aipatzen duen gutxieneko «arrazoizko froga-hasiera» hori.

Gogoratu behar da hemen, halaber, Arbitraje Batzorde honek jadanik finkatua duen doktrina 2/02 eskumen-arazoan, Bizkaiko Lurralde Historikoko Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzko Foru Arauaren gainekoan, honela baitio bertan: «Foru Arauaren Proiektuaren izapidetzea eteteak, eskumen-arazoaren funtsari buruzko ebazpena eman arteko epean, jokoan dauden interes publikoei kalte gutxiago sorrarazten die etenaldi hori indargabetu eta izapidetzea amaitu ondoren Arbitraje Batzordeak baietsi egingo balu Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako eskumenen gaineko erreklamazioa, erabakitakoa benetan aplikatzeak izango lituzkeen konplexutasunak ikusita (horien berri ematen du EBLko 57. artikuluak)».

Kasu honetan, jokoan dauden interes publikoak eta sortuko liratekeen kalteak justifikatu gabe daudelarik, EAKLPren tramitazioa eskumen-arazoaren funtsari buruzko erabakia eman arte geldituta kalte gutxiago sortzen dira jokoan dauden interes publikoetan, etenaldia bertan behera utzi eta tramitazioa bukatu ostean legea indarrean sartuta eta, ondoren, Arbitraje Batzordeak BFAk planteatutako eskumen-errebindikazioa aintzat hartuta sortuko liratekeenak baino, zeren eta, orduan, Erabakiak ez bailuke «zuzeneko eraginik izango» onetsitako legeari dagokionez (EBLren 57.1 artikulua).

Aurreko guztia ezertan ez dute aldatzen BFAren alegazioek, haietan bakar-bakarrik adierazten baita Aldundiari ezin zaiola egotzi EAKLPren azken onespenaren balizko atzerapena, hori Eusko Jaurlaritzak EAKLP Legebiltzarrean berandu aurkeztu izatetik bailetorke; kontu horrek ez du eraginik Eusko Legebiltzarreko Mahaiak etenaldia bertan behera uzteko egin duen eskaeran aipatutako, baina argudiatu gabeko, legebiltzar-tramitazioaren luzamenduan. Beraz, etenaldia EAKLPren 41. artikulura mugatzeko egin duen eskaera ere ezin da onartu, alde batera utzita etenaldia EAKLPren 41. artikuluarentzat bakarrik mantentzeak sortuko lituzkeen zailtasunak, EBLren 51.1 artikuluaren amaierari jarraiki, non esaten baita etenaldia zati batean bertan behera uzteak ez duela sortu behar lege-proiektua «osoan ulertzeko eragozpenik eta batasun-galerarik».

EPAITZA

Adierazitako guztia kontuan hartuta, Arbitraje Batzordeak

Erabaki du:

Ezezkoa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki-kutxen lege-proiektuaren tramitazioaren etenaldia bertan behera uzteko eskaerari.

Erabaki hau alderdiei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Hala erabaki dute sinatzen duten batzordekideek, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.

Vitoria-Gastez, 2011ko azaroaren 8a.

Idazkaria,

BEGOÑA BASARRATE AGUIRRE.


Azterketa dokumentala