Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2011ko urriaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Kultura Saila
5032

EBAZPENA, 2011ko irailaren 22koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Eskoriatzan (Gipuzkoa) dagoen Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (lehen «Aitzorrotz»), monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Eskoriatzan (Gipuzkoa) dagoen Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa duen interes historiko-arkeologikoa azterturik (bibliografia zientifikoan ‘Aitzorrotz’ izenaz ere ezaguna), eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Eskoriatzan (Gipuzkoa) dagoen Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa, monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea. Horretarako, I. eranskineko mugaketa eta II. eranskineko deskribapena hartuko dira kontuan, bai eta III. eranskineko babes-araubidea ere.

Espediente honi hasiera ematearen ondorioz, uztailaren 3ko 7/1990 Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak sailkatutako ondasunentzat ezartzen duen babes-araubidea aplikatuko zaio, behin-behinean, Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoari.

Bigarrena.- Eskoriatzan (Gipuzkoa) dagoen Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa, monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta babes araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraiki. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.- Eskoriatzako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari honako honen berri ematea: prozedura honi hasiera emateak eraginpeko aldeetan lur-zatiketak, eraikuntzak edo eraisketak egiteko udal-baimenen ondorioak eten egiten dituela, baita dagoeneko eman direnenak ere. Alde horietan ezinbestean eta gerorako utzi ezin daitezkeen lanak egin behar badira, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko da.

Laugarrena.- Indarrean dauden xedapenen arabera espedientearen izapideak jarraitzea.

Bosgarrena.- Ebazpen honen berri ematea interesdunei, Eskoriatzako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.

Seigarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 22a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.

I. ERANSKINA

MUGAKETA

Atxorrotzeko gazteluaren gune arkeologikoa babesteko behar den eremua ebazpen honetako I. eranskineko planoan zedarritutakoa da, hain zuzen ere, interes historiko-arkeologiko nabarmena duen aztarnategi honetan egindako lan arkeologikoei esker gaur egun arte ezagutzen ditugun okupazio-hondakinak biltzen dituena.

Iparraldetik, mendiaren malkar naturalak berak markatzen du aztarnategiaren muga; mendebaldetik eta hegoaldetik, ermita parean talaia gisa dauden haitzek, Erdi Aroko okupazioaren hondakinak dituztenek, eta ekialdetik, aipaturiko planoan adierazitako lerroak.

Gotorlekuaren erdigunea Santi Kurutzeko ermita dagoen haitza dela badirudi ere, haren ingurumari hurbila ere oso garrantzitsua da. Horregatik, aztarnategia babesteko ezarri den mugaketak haitzen arteko inguru osoa hartzen du, segur aski bertan informazio baliotsu askoa baitago toki honetan mendeen joanean gertatu diren guduen inguruan (XII. mendean hasi eta XIV., XIX. eta XX. mendeetara arte).

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Bolibar auzoan, Eskoriatzako udalerriaren SWko ertzeko haitz batean, 738 metroko garaieran, Atxorrotzeko Santi Kurutzeko ermita dago. Toki horretan, Arlabango pasabideari gaina hartuta, Goi Erdi Aroko gaztelu garrantzitsuenetako bat dago, inguruan oraindik lekukotasun nabariak gordetzen dituena.

Tokia arretaz aztertuz gero, gazteluaren hondakinen nondik norakoak antzeman daitezke: oinplano trapezoidaleko esparru nagusia, 500 bat metro karratukoa, eta hari hegoaldetik erantsita eta beheragoko maila batean, bigarren esparru bat, 250 metro karratukoa.

Iraun duten gotortze-egiturak, harkaitzaren gerria ixten dutenak, harkaitzaren hegoaldean eta mendebaldean daude nagusiki; iparraldetik eta ekialdetik, ordea, ez da itxituraren beharrik, lurraren malda handiak berak sarbide oro ekiditen baitu. Hormak harlangaitzezkoak dira, kareharri txikiz eginak, ia arbastatu gabe eta argamasa ugari erabiliz. Hormen lodiera 1,5 eta 2 metro artekoa da, eta garaiera ez da metro eta erdira iristen.

Itxitura egiteko eraikitze molde hau ohikoa da honelako gotorlekuetan (harkaitz-gazteluak) eta kokalekuaren berezko arroka baliatzen dute gotorlekuaren zatitzat hartzeko. Horma-zatiak altxatzen dira, kanpo-itxituraren funtzioa betetzen duen arrokaren berezko moldearekin tartekatuta, edo, bestela, arroka bera beheratu egiten da, hura zizelkatuz, dena delako erabilerari begira (uharka, egongelak...).

Sarbiderako atea hegoaldean dago, pasabide estu eta malda handiko batean. Gaur egun mailak daude bertan, eta itxitura metaliko bat du abereak pasa ez daitezen. Bertatik bigarren esparrura sartzen da, eta itxitura edo pasabide bikoitz bat dago dorre nagusia zegoen tokira heltzeko. Ustez, oraingo ermita dagoen tokian egongo zen dorrea XVI. mendean.

Mendiaren erpin gorenean, Santi Kurutze izenpeko ermita altxatu zen XVI. mendean. Oraingo oinplano laukizuzena eta lau isurialdeko estalkia 1953. urtean egindako zaharberritzearen ondorioa dira. Eraikinak ez du, antza, garrantzi handirik.

Ermitaren hego-hegalean uharka bat dago, beharbada teilatuko ura hobeto aprobetxatu aldera egindakoa. Haitzean egindako lana da, oinplano laukizuzena duena (4 bider 3,30 metroko oinplanoa, eta 1,50 metroko garaiera) eta 20.000 litro inguru jaso ditzakeena. Oraindik gordetzen ditu hormak iragazteko erabilitako argamasa-geruzaren hondar batzuk.

Haitz honekin aurrez-aurre, 70 metrora hegoalderantz, beste goi-haitz bat dago, gotortze-sistema beraren zatia izango zena, aurre-talaia modukoa, Erdi Aroko materialen hondarrak aurkitu baitira bertan. Gauza bera gertatzen da ermitaren NWan dauden harkaitzekin: aurkitutako material arkeologikoaz gainera, harkaitzetan bertan aztarnak baitaude, biltegi edo halako egitura edo erakinak egiteko erabili izan direla frogatzen dutenak.

III. ERANSKINA

BABES-ARAUBIDEA

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Aplikazio eremua.

Babes-araubide honek bere baitan hartzen du Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren monumentu sailkatuak bere mugaketaren barruan dituen gune, aztarna, egitura eta eraikuntza guztiak. Monumentua Eskoriatza udalerrian dago, Gipuzkoako Lurralde Historikoan alegia.

2. artikulua.- Izaera loteslea.

Babes-araubide hau uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak bere 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da, eta Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa monumentu kategoriako kultura-ondasun sailkatua izendatzeko izapidetzaren baitako da. Araubidea, aipatutako legearen 28.1 artikuluaren arabera, loteslea da hirigintza-planeamenduari begira.

3. artikulua.- Eremu-sailkapena.

Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren babesa bermatuko duen erabilera- eta jarduera-araubide orokorra ezartzerakoan, bi eremu bereizi behar dira:

1. eremua. Aztarnategiaren esparru nagusia, gaur egungo Santi Kurutze ermitaren ingurukoa. Haren mugaketa I. planoan marraztutakoa da. Eremu honetan daude jatorriz gaztelua eratuko zuten egitura gehienak, bai eta ikerketa arkeologikoari begira interesgarrienak diren datuak gordetzen diren tokia. Aztarna horiek guztiak agerian jartzeko, beharrezkoa izango da metodologia arkeologikoa aplikatzea eta, ondasun higiezinen kasuan, bere horretan gorde beharko dira.

2. eremua. Aztarnategia balioztatzeko eta geroko arriskuetatik babesteko beharrezkoa den ingurune zabalagoa da. Haren mugaketa lurraren beraren malda handiak markatzen du iparraldetik, mendebaldetik eta hegoaldetik (03-182c, 03-145a lurzatien mugaketarekin bat), eta I. eranskineko planoko lerroak ekialdetik.

Eremu honetan aztarna material batzuk agertu dira orain arte, eta lekukotza arkeologiko berriak ere ager daitezke aurrerantzean, seguru asko historian zehar gertatu diren gertakizunak argitzen lagunduko dutenak.

4. artikulua.- Babes-maila.

1.- Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoak duen babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.

2.- Kontserbazioaren babes-mailak bermatu egingo du kontserbatu beharreko monumentuak kalterik ez jasotzea. Bertan burutu ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren lehengo jarduera ulertzen lagundu dezaketen oraingo egiturak -edo lehengoen aztarnak- finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.

3.- Gaztelua bere landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu gaztelua bera funtsean aldatzen. Bertan kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.

4.- Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren eremuan (1. eta 2. eremuetan) edozein jarduera egin baino lehen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren aldez aurreko baimena beharko da, aldundia baita babes-araubide honetan ezarritakoa betetzen dela bermatuko duena, betiere Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalaren organo kudeatzaileak ingurumenaren alorrean dituen eskumenak errespetatuta.

5.- Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoan egiten diren esku-hartzeak gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen baimenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinarazi beharko zaizkio, gainerako interesdunei bezalaxe.

5. artikulua.- Hirigintza-planeamendua egokitzeko jarraibideak.

Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa monumentuko kategoriarekin ondasun sailkatu moduan jasota geratuko da Eskoriatzako udalen planeamendu-instrumentuen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, gune hori antolatzerakoan, berariazko babes-araubide honetako arauen mendean geratuko dira planeamendu-instrumentuak eta, nolanahi ere, horiek onartzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena beharko da.

Instrumentu horiek Kultura Ondasunaren honako babes-araubide hau eratu baino lehenago idatzi izan badira, aldatu egin beharko dira, babes-araubide honen babes-neurriekin bat ez badatoz edo horien aurka badoaz.

II. KAPITULUA

ERABILERA ETA JARDUEREN ARAUBIDE OROKORRA

Babes-araubide honetan zehazten diren erabilerak eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ondorengo arau hauetan aipatzen ez diren erabilerak eta jarduerak araubidearen kontrakotzat joko dira.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko aztarna arkeologikoak errespetatzen badira.

6. artikulua.- 1. eta 2. eremuak.

1.- Baimendutako erabilerak.

a) Erlijioarekin loturiko eraikitze-erabilera.

Lehenengo eremuan Santi Kurutze ermita dagoenez, eta ermitak hainbat balio kultural gordetzen dituenez, etorkizunean egin beharreko lanak baimenduko dira, alegia, eraikina zutik atxikitzeko behar diren lanak; ez dira baimenduko, aldiz, handitze-lanak, ez bolumenarenak ezta oinplanoarenak ere.

Dena den, eraikinean edonolako lanik baimendu aurretik -dela lurpean eragiten duten lanak, dela egituran eragiten dutenak- azterketa arkeologiko xehea egin beharko da, bai ermitaren azpiko aztarnategian bai altxadurazko egituretan. Azterketa horrek markatuko du zeintzuk izango diren proiektaturiko kontserbazio-lanetan erabili behar diren jarraibideak. Edonola ere, bai azterketa arkeologikoak bai lanek berek ere Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren baimena beharko dute aldez aurretik.

b) Aztarnategiaren kultur, ikerketa eta difusio erabilera.

1. eremuan baimendutako erabilera nagusia, 2. eremuarekin partekatua, ikerketa arkeologikoari begira eta aztarnak bere horretan mantentzeko helburuari begira egindako jarduera zientifikoak dira.

Lehenengo eremu horretako jarduera zientifikoek (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak, etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagundu beharko dute, gerora begirako balioztatzea ahalbideratzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera burutuz gero, garbi izan beharko da metodologia arkeologikoaren bidez aurkitutako aztarna arkeologiko higiezinak dauden toki berean babestu beharko direla Horretaz gainera, egiten diren ikerketa/sendotze lanek aurrerago babes-araubide honetan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte.

Lehenengo eta bigarren eremuetan kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, aztarnak kontserbatzeko kaltegarriak ez diren artean. Horien bidez aztarnategiak leku eta ondare moduan dituen baloreak ezagutzera emango dira. Babestutako gunea kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta, horretarako, bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat edo beste berreraikiko da, eta abar.

Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

2.- Jarduerak egiteko irizpide orokorrak.

a) Jardun-irizpide orokorra.

Ingurunean erabili beharreko irizpide nagusia, bereziki 1. eremuan, esku-hartzeak ahalik eta gehien murriztea izango da, edozein dela ere esku-hartze mota. Gipuzkoako Foru Aldundiak irizpide hori hartuko du gidari, baimena jasotzeko aurkezten diren proiektuak aztertzerakoan.

Ingurunean ahalik eta esku-hartze txikiena izateko irizpide hau beti aplikatuko da, salbu eta administrazioren batek -gutxienez Lurralde Historikoaren-mailakoa- aztarnategia eta beraren kontserbazioak sortarazten dituen arazoak, oso-osorik, aztertzen dituen proiektu global bat hartzen badu bere gain, alegia, jardun-programa orokor bat ezartzen badu, barne hartzen dituena aztarnategiaren azterketa, kontserbazioa eta balioztatzea, batetik, eta aurreikusitako instalazioen urteko mantentze-lanak eta jarraipena, bestetik.

b) Inguruneko ikerketa- eta balioztatze-proiektuek bete behar dituzten baldintzak.

Indusketak zorua berriz jarriko dela eta haren bolumen naturala berrezarriko dela bermatu behar du, horrekin aztarnategiko hondakin arkeologikoak oso-osorik kontserbatzeko arazorik sortzen ez bada behintzat.

Hori dela eta, paisaia eta natura aldetik gune bereziki baliotsu batean gaudenez gero, ez da baimenduko monumentuaren ikerketa arkeologikorako edo kontserbatzeko eta balioztatzeko esku-hartzerik, ez badago ondasuna bere hasierako egoerara lehengoratuko dela bermatzen duen proiekturik.

Indusketa arkeologikorako lanek aldez aurretik ziurtatu behar dute lurra kentzeko lanak nola antolatu, eta horretarako, zoruari kalte gutxien egiteko moduko tokietan beharrezkoak diren hondakindegiak sortuko dituzte. Hondakindegi hauek balio behar dute lurzorua bere onera ekartzeko, kanpaina arkeologikoko bakoitza amaitu ondoren, behin betiko amaitu arte itxaron gabe. Inoiz ere ezingo dira indusketaren ondorioz ateratako lurrak monumentuaren mugaketaren barruko eremuan jaurti. Gorabehera hauek guztiak ongi bermatu behar ditu baimendu nahi den proiektuak. Osterantzean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, proiektua onartu baino lehen, baldintza horietara egokitzea exijituko du.

Aztarnategi honetako zoruan eta zorupean edozein esku-hartze egiteko, arkeologo baten koordinazio-lana beharko da. Haren gaitasun profesionala Gipuzkoako Foru Aldundiak lana baimendu baino lehen egiaztatu beharko da. Esku-hartzeko proiektuarekin batera, esparru naturala eta hango aztarna arkeologikoak egokiro kontserbatzeko beharrezkoak diren lanak adieraziko dira, bai eta lan horien egutegia eta aurrekontua ere. Baldintza horiek bete ezean, jarduketa-proiektuak ez du baimenik jasoko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gazteluaren hondakinak sendotzeko eta zaharberritzeko proiektuari baimena emateko, proiektuak bi sinadura beharko ditu: lanak koordinatuko dituen arkeologoaren sinadura, eta material mota hauetan aplikatzen diren teknika berezietan aditua den zaharberritzaile profesional baten sinadura, zeinak kasu bakoitzean tratamendurik egokienak ezartzeko ardura izango duen.

Proiektuak, lehenengo eta behin, esku-hartzearen xedea diren egitura edo aztarnen azterketa zehatza jaso beharko du, haien ingurunea, kontserbazio-arazoak, elementu itsusgarriak, eta abar. Handik aurrera, garbitasun, oreka eta luzaroko iraunkortasunari begira tratamendu egokienak zeintzuk diren aztertuko da, betiere bi baldintzarekin: alde batetik, tratamenduak itzulgarriak direla bermatuko da, eta, bestetik, kaltea duten egituraren zatiak ahalik eta gutxien berrezarriko dira, bakar-bakarrik zainketa hobea ziurtatze aldera denbora luzeagoan iraungo duen kontserbazioa bermatzeko.

Monumentua balioztatzeko proiektuek haren iraunkortasuna bermatu beharko dute, aztarnategiaren eta bertako instalazioen kontserbazio-egoerari buruzko jarraipen-programa baten bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio berme horiek exijitzea esku-hartzea egin behar duen administrazioari edo entitate pribatu edo publikoari, esku-hartzea bera hasi baino lehen.

c) Inguruneko instalazio berriak.

Paisaia ez ezik aztarnategia bera ere babesteko neurri gisa, ikerketarako edo monumentua balioztatzeko ezinbestekoak diren instalazio berriak baino ez dira baimenduko.

Ahalik eta txikienak izango dira, eta kopuruan ere ahalik eta gutxien, inpaktu bisuala ere txikiena izan dadin. Gainera, erraz desmuntatzeko modukoak izango dira. Tokiaren kultur interesaren berri ematen duten kartelak, eta hura interpretatzeko eta ulertzeko jartzen direnak, -halakorik planteatzen bada- egitura bakar batez osatua egongo dira lehenengo eremuan, ahal dela Santi Kurutze ermitako hormetan finkatua. Modu horretan, errazago iraungo du bertan eta txikiagoa izango da eragindako inpaktu bisuala. Bigarren eremuan kartelen beharra ikusten bada, nahikoa izango da aztarnategiari buruzko argibideak emango dituen kartel bakar bat (areago, Eskoriatzako museoak ematen duen zerbitzua kontuan hartuta). Kartel horren erreferentzia, ahal dela, gazteluko atea izango litzateke, atetik tarte bat utzita alegia. Instalazio horiek egiteko materiala, ahal dela, zura izango da.

7. artikulua.- 2. eremua.

1.- Baimendutako beste erabilera batzuk.

a) Basogintza erabilera.

Basoek oraingo hedadurari eutsiko diete, baina handitu ahal izango dira baldin eta handitze hori beharrezkotzat jotzen bada eta natur ingurunearen kontserbazio egokiari begira justifikatzen bada.

Dena den, lur-mugimendu txikiena ere sor dezakeen edozein jarduera egin baino lehen, horrek eragindako gune osoa hartuko duen ikerketa arkeologikoari buruzko proiektu bat egin beharko da. Zuhaitz-landatzerik edo baso-berritzerik egin ahal izango da, bakar-bakarrik, esku-hartze arkeologikoa burutu ondoren ikusten bada baso-erabilera berria bateragarria dela azaleratutako aztarna berriekin.

Oro har, debekatuta daude baso-soilketa edo matarrasako mozketak. Zuhaitzik moztu behar izanez gero, ikusita zorua zein ahula den, honako neurri hauek hartu beharko dira naturaren eta kulturaren ikuspegitik:

- Mozketa soila onartuko da, sustraiak erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita alegia. Ezin izango da mendi-pista edo bide berririk egin egur-mozketa edo ateratzeari begira.

- Egurra ateratzeko ez da makineria astuna erabiliko eta saihestu egingo da ibilgailuak eta beldar-ibilgailuak babestutako gunean sartzea; horren ordez txirrikak erabiliko dira edo esku hutsez aterako da egurra, tokian tokiko egur-zatiek aztarnategiak zenbateraino kaltetu dezaketen kontuan hartuta. Baldintza hauek guztiak arkeologiako profesional batek aldez aurretik landuko duen txosten batean jaso beharko dira. Pertsona horrek, gainera, bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu egurra ateratzeko lanak.

- Edozein kasutan ere, jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, berak aurretik baimena eman dezan.

b) Abeltzaintza erabilera.

Ingurunean erabilera tradizionala den aldetik, eta paisaia aldetik interes bereziko naturgune gisa irautea lagundu dezakeen neurrian, abeltzaintza-erabilera zilegi izango da. Hala eta guztiz ere, erabilera horrek ez du inoiz ekarriko naturgunearekin bat ez datorren eta abereak estabulatzeko edo ustiatzeko eskuarki erabiltzen den egiturarik.

Larreak berritzeko lur-mugimendurik egin behar bada, lurpeko balizko aztarnek kalterik ez dutela izango bermatuko duen esku-hartze arkeologikoa egin beharko da aurretik. Bere horretan mantendu beharreko egitura berririk aurkitzen bada, hantxe atxikitzeko behar diren neurriak hartuko dira.

Babes-araubide honek berariaz debekatuko ditu erabilera honekin loturiko instalazio edo eraikin guztiak.

2.- Kendu beharreko erabilera eta elementu itsusgarriak.

a) Postontzi eta erpin geodesiko zaharrak.

Gaur egun, ermitarako sarbidearen alboko harkaitz-gunean hainbat egitura eta tramankulu daude jarrita, batzuetan puntu altimetriko bat markatzeko, mendizaleen erabilerarako beste batzuetan (bata bestearen ondoan, metro gutxiko tarte batean, bost egitura daude; postontzi metaliko bat; desagerturiko beste batzuen oinarriak, eta tamaina handiagoko beste batzuk, hala nola, gurutze batez bukatzen den zutoin zilindriko bat eta hormigoizko oinarria eta zutoin zilindrikoa dituen erpin geodesiko bat). Aztarnategiko egitura hauen ugaritasuna mugatu egingo da, eta guzti-guztiak kentzearen aldeko lana egingo da. Salbuespen bakarra erpin geodesikoa izan liteke, alegia, beharrezkoa bada oraingo tokian jarraitzea, oraingo hormigoizko oinarria erabiliko da, eta inpaktu bisuala gutxitzeko ahalegina egin, ahal den neurrian.

b) Askaldegia.

Muino nagusiaren eta ingurunearen hegoaldeko sarbidean talaia moduan dagoen haitzaren artean askaldegi bat dago. Zurezko mahaiak ditu, obra-parrilla batzuk eta iturri bat, ermita dagoen haitzaren oinperaino doan pistaren bukaeran. Erabilera hau ere baztertzekoa da, inolako zalantzarik gabe aztarnategiaren beraren zatia den eremu batean, zeren eta etorkizuneko ikerketa-lanek aztarna arkeologiko interesgarriak azalaraziko baitituzte, hasierako okupazio-faseen testigantza emango dutenak.

Jokaera nagusia instalazio eta egitura txiki horiek guztiak kentzekoa izango da, eta inola ere ezingo dira beste berri batzuk ipini haien ordez.

c) Pistak.

Espresuki debekatzen da ibilgailu motordunen erabilera babesgunearen barruan (1. eta 2. eremuak); bakar-bakarrik onartuko dira segurtasun, zainketa, suteak direla-eta edo gunearen beraren kontserbazio-beharrak (kultura eta naturaren aldetik) daudenean. Oraingo askaldegirainoko pista ezabatzeko lana bultzatu behar da, monumentuaren eremuaren barruan, harik eta bere egoera naturalera itzultzen den arte.

III. KAPITULUA

BESTELAKO XEDAPENAK

8. artikulua.- Gizarte-interesa.

Gizarte interesekotzat joko da Eskoriatzako Atxorrotzeko gazteluaren eremua (Gipuzkoa), indusketa prozesu sistematikoen ondorioz lurrazpiko egiturak eta aztarna arkeologikoak agerrarazten direnean, Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, beroriek sendotzeko, zaharberritzeko eta balioztatzeko ikusgai jartzea egokitzat jotzen bada.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala