Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2011ko abuztuaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
3945

AGINDUA, 2011ko uztailaren 27koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Merkataritza Banaketaren sektorean Berrikuntza eta Bikaintasuna garatzera bideratutako laguntza-programa arautzen duena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Euskal Merkataritza Egokitzeko 2015 Planean bildutako berrikuntza eta lehiakortasuneko helburuak lortzearen aldeko apustua egin du, eta argi ikus daiteke hori jarraian zehazten den Aginduaren garapenean.

Laguntza-ildo berritzailea da, hain zuzen ere aitzindaria baita merkataritzaren sektorean, eta euskal merkataritzaren lehiakortasuna bultzatzea du helburu, merkataritzara egokitutako etengabeko hobekuntza-prozesuen bitartez: Merkataritza Bikaina.

Ziurtatzeko prozesuak jada hasi dituzten eta beren merkataritza-kudeaketa, eta, beraz, beren emaitzak hobetzen jarraitu nahi duten merkataritza-enpresei zuzentzen zaie nagusiki.

Aginduan ezarritako helburuak lortzeko, sektoreak Euskalit Euskal Autonomia Erkidegoko kalitaterako Fundazioaren lankidetza dauka.

Era berean, agindu honek merkataritzaren hedapenera eta sentsibilizaziora zuzendutako laguntzen ildoa jasotzen du, Euskal Merkataritza Egokitzeko 2015 Planean ezarritako ildo estrategikoen inguruan.

Horren arabera, honako hau

XEDATU DUT:

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen helburua da Merkataritza Banaketaren sektoreko Merkataritza Berrikuntzarako eta Bikaintasunerako programa arautzea, EAEko merkataritza-enpresetan kudeaketaren hobekuntza eta berrikuntza sustatu eta bultzatzea helburu duten laguntza multzo baten bitartez. Laguntzen helburua da ere Euskal Merkataritza Egokitzeko 2015 Planarekiko koherentziari jarraiki merkataritza-sektorearen enpresa-lehiakortasuna bultzatzen duten tresnen sustapena eta hedapena erraztea.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako baliabide ekonomikoek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituak.

Agindu honetan araututako laguntzen guztizko zenbatekoa dagokion deialdi-ebazpenean esleituko da, proiektu-ildo bakoitzera bideratutako gehieneko diru-kopurua adieraziz: UNE 175.001 araua, Merkataritza Bikaina, Programaren koordinazioa eta jarraipenaren finantzaketa eta Merkataritzako berrikuntzaren eta lehiakortasunaren hedapen eta sustapenerako jarduerak; hala ere, zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programa batzuk egikaritu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango da horren berri.

2.- Programa hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean diru-laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, arlo honetako Sailburuordetza eskudunak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta, ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den eskaerarik.

3.- Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak, esleitutako aurrekontu-hornidura agortu izanagatik erantzun ezin direnak, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela-eta, organo eskudunaren administrazio-ebazpenaren bitartez.

Aurrekontu-krediturik ezean, aurreko ekitaldi ekonomikoan aurkeztutako inbertsio-proiektuek laguntzarik jaso ez badute, eta aurrez ikusitakoaren arabera laguntza ukatu bazaie, hurrengo ekitaldiko aurrekontu-kredituei esleitu ahal izango zaizkie, baldin eta aipatutako proiektuek Agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte. Kasu horretan, beste eskaera bat aurkeztu beharko dute, baina ukatutako lehen eskaeraren eguna gordeko da lehentasunak ezartzeko. Hala ere, hedapen-jarduerei dagokienez, eskabidearen ekitaldian bertan egin beharko dira.

4.- Laguntzak ordena jakin bati jarraiki emango dira, espedientea noiz osatzen den kontuan hartuta, alegia.

3. artikulua.- Laguntzen modalitatea.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez ordainduko dira.

4. artikulua.- Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.- Agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira helburu berbera aintzat hartuta administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein laguntzarekin.

2.- Diru-laguntzaren zenbatekoak -beste administrazio publiko batzuen edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuen laguntzekin edo diru-laguntzekin batera- ezin izango du aurkeztutako aurrekontuaren % 100 gainditu.

3.- Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntza murriztu egingo da, diruz lagundutako proiektua gauzatzeko aurreko paragrafoan ezarritako guztizko kostuaren mugaraino.

5. artikulua.- Onuradunak.

1.- UNE 175001 Arauko eta Merkataritza Bikaineko diru-laguntzetarako Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskatu ahal izango dituzte honako hauek:

A) Merkataritza-bikaintasuna eta kalitatearen sustapena beren helburuen artean biltzen duten eta jendea biltzeko ahalmen handia eta lidergoa bermatzeko sektorean ordezkaritza-maila altua duten erakunde traktoreak.

Agindu honi dagokionez, honako hauek hartuko dira erakunde traktoretzat:

1.- Beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurralde Historikoetan garatzen duten eta zeregin hori gauzatzeko baliabide egokiak dituzten merkatarien Enpresa Elkarteak.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Lurralde Historikoetako Merkataritza, Industria eta, hala badagokio, Nabigazioko Ganbera Ofizialak.

B) Kalitatearen sustapena eta enpresa-bikaintasuna helburu duten eta kalitate-planen garapenean gutxienez 10 urteko esperientzia metatu duten irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta fundazioak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuak.

2.- Berrikuntzako eta merkataritza-lehiakortasuneko hedapen-jarduerak egiteko Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskatu ahal izango dituzte honako hauek:

A) EAEko merkatariren elkarteek eta taldeek edo elkarte mistoek, baita horien federazioek edo taldeek ere, betiere ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuan arautzen den Merkatarien Elkarteen Erroldan inskribatuta badaude.

B) EAEko hiru Lurralde Historikoetako Merkataritza Ganberek.

3.- Agindu honetan araututako laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

4.- Honako hauek ezin izango dituzte Agindu honetan araututako laguntzak baliatu: diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zehatuta dauden erakundeak, eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren bat dutenak, sexu-arrazoiengatiko diskriminazioan erori direnak ere barnean hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako Legearen arabera.

6. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Agindu honen arabera laguntzeko moduko jardueratzat hartuko dira honako hauek:

1.- 5. artikuluko A idatz-zatiaren 1. paragrafoko 1) eta 2) puntuetan adierazitako erakunde traktoreentzat, Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitateari buruzko UNE 175001 arauaren ezarpen eta lehen ziurtapenerako proiektuak, eta Merkataritza Bikaineko Programen garapena: erdiko maila, brontzezko Q-a, merkataritzaren bikaintasunerantz aurrera egiteko erreferentziazko esparruan bilduak, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Merkataritza-enpresa nagusiak, ETEak izan ala ez, 2008ko abuztuaren 6ko Batzordearen 800/2008 zenbakiko Erregelamenduaren 1. eranskinean xedaturikoaren arabera (Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua. L214, 2008ko abuztuaren 8koa), edo hori ordezkatzen edo aldatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.

b) UNE 175.001 Araua ezarriko den merkataritza-establezimendua edo merkataritza-bikaintasuneko sistema txertatuko duen enpresa Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua egotea.

c) Kalitatea eta merkataritza-bikaintasuna kudeatzeko sistemen ezarpena bultzatu eta sustatzera bideratutako prestakuntza-programak Euskalitek Merkataritza Bikaina Programarako homologatutako prestatzaileek ematea, eta Programaren helburuekin bat datorren prestakuntza-metodologia edukitzea.

Era berean, UNE 175.001 Arauaren ziurtapenerako, enpresa ziurtatzaileek zeregin horretarako ziurtatuak egon beharko dute.

d) Ziurtatzaileen kontratazioa, baita prestatzaile homologatuen kontratazioa ere, aldez aurretik gutxienez hiru eskaintza eskatu ondoren egingo da. Horietan honako irizpide hauek balioetsiko dira: merkataritza-jardueraren ordutegiekiko bateragarritasuna, programaren helburuekin bat datorren prestakuntza-metodologia, eta eskaintza ekonomiko hobea.

e) Oro har, laguntza-eskabidea aurkezten den urteko abenduaren 31 baino lehen gauzatu beharko dira proiektuak, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak koordinatu eta ikuskatuko du proiektuen gauzatzea.

2. - Kalitatearen sustapenerako eta bikaintasunerako fundazioen kasuan, honako jarduera hauek finantzatuko dira:

a) Erakunde traktore onuradunek egindako jardunak koordinatzeko zereginak.

b) Ezarpen- eta prestakuntza-ekintzak garatzeko jarraibide eta irizpide homogeneoak ezartzea.

c) Inplikaturiko eragileek erabilitako material, dokumentu eta ereduak aztertzea eta baliozkotzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko saltokietan Kalitatea eta bikaintasuna Kudeatzeko Sistemen ezarpena sustatzeko eta hartarako laguntza emateko prestakuntza-programen edukiak aztertzea eta baliozkotzea.

e) Erakunde traktoreek prestakuntza- eta ezarpen-ekintzak jarraitu eta baliozkotzea, baita horrek dakartzan prozedurak ere. Era berean, erakunde traktoreek garatutako ekintzak eta onartutako sistema berrikustea eta, hala badagokio, egokitzea.

f) Tutoreak homologatzea. Tutoreak enpresa traktoreek kontratatu ahal izango dituzte saltokiaren jarraipen osoa egiteko, merkataritza bikaina programaren barruan.

g) Prestatzaileen homologazioa. Prestatzaileak enpresa traktoreek kontratatu ahal izango dituzte prestakuntza-programak ezartzeko.

h) Merkataritza Bikainerako Erreferentziazko Esparruaren garapen eta eguneratze etengabea eta haren hedapena.

i) «Bikaintasuna da gure Helburua» eta Merkataritzako Brontzezko Q-a errekonozimenduen kanpo-ebaluazioak diseinatzea, kudeatzea, koordinatzea eta egitea.

j) Merkataritza Ebaluatzaileen Klubaren (Comex Kluba) diseinua, kudeaketa, koordinazioa eta prestakuntza.

3.- Merkataritza-berrikuntzaren hedapen eta sustapeneko jarduerek diru-laguntza jaso ahal izango dute honako kasu hauetan:

a) Horien helburua izatea jardunaldi teknikoak, mahai-inguruak, tailerrak eta mintegiak garatzea, betiere Agindu honen helburuari erantzuten badiote, iraupena 10 ordutik gorakoa ez bada, eta laguntza eskatzen duen erakundeak antolatzen baditu.

b) Batez ere merkataritza-enpresaburuentzat edo merkataritza-sektorean enplegatutako langileentzat izatea.

c) 10 merkataritza-enpresetako langileek parte hartzea gutxienez, enpresariak edo langileak diren alde batera utzita.

d) Bestelako elkarteek edo merkatari-taldeek edo horitako kideek emanak ez izatea. Era berean, ez dute diru-laguntzarik jasoko bestelako Erakunde Publikoek garatzen edo finantzatzen badituzte.

e) Laguntza eskatzen den ekitaldi ekonomikoan garatzea.

7. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa.

1.- 6. artikuluko 1. paragrafoan zerrendatutako jarduerak egiten dituzten erakundeen kasuan:

a) Merkataritza txikirako zerbitzuaren kalitateari buruzko UNE 175.001 Arauaren ezarpengatik eta lehen ziurtapenagatik, diru-laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko kanpoko aholkularitza-gastuen % 80, eta gehieneko zenbatekoa ez da 1.100 eurotik gorakoa izango ziurtagiria lortzen duen merkataritza-establezimendu bakoitzeko.

b) Merkataritza Bikaina ezartzeko proiektuak: erdiko maila, brontzezko Q-a. Diru-laguntzaren zenbatekoak ez du gaindituko kanpoko aholkularitza-gastuen % 90, eta bikaintasun-prozesuan enpresaren justifikatutako aurrerapen-mailen arabera zehaztuko da, betiere laguntzak eskatzen diren ekitaldian.

1.- Merkataritzaren hobekuntza-prozesuaren jarraipen osoa tutorearen aldetik: 400 euro gehienez ere enpresa bakoitzeko, honela banakatua: % 25 autodiagnostikoa egiteagatik. % 25 ziurtapenerako prestakuntza-prozesuaren gutxienez % 50 justifikatzeagatik. Gainerako % 50 ziurtapena lortu ondoren.

2- Autodiagnostiko baimendua: 200 euro gehienez ere enpresa bakoitzeko

3.- Tutoretzapeko prestakuntza: 2.580 euro gehienez ere enpresa bakoitzeko; honako arlo hauetako bakoitzak % 20ko garrantzia dauka:

- Enpresa-estrategia

- Langileen kudeaketa

- Baliabideen kudeaketa

- Prozesuen eta bezeroen kudeaketa

- Emaitzak

Hortaz, 3 atalengatik emango den gehieneko diru-laguntzaren zenbatekoa 3.180 euro izango da.

Urtean bertan dagokion ziurtagiria lortzeko behar diren modulu guztiak garatzen ez badira, baliabideen libramendu partzial bat egin ahal izango da, ekintzen eta ezarpen-prozeduren jarraipenaz eta baliozkotzeaz arduratzen den Erakundearen ziurtapena jaso ondoren.

Zuzkidura ekonomikoaren zati bat modulu batetik bestera mugitu ahal izango da, betiere prestakuntzarako behar diren orduen gorakada batekin justifikatzen bada; nolanahi ere, ezin izango da inoiz gainditu aurreko idatz-zatian ezarritako muga ekonomikoa.

2.- Kalitatea sustatzeko Fundazioen kasuan

Bikaintasunerako bidean merkataritzaren kudeaketaren eta berrikuntzaren hobekuntza-prozesuetan esku hartzen duten elementuen funtzionamendua eta koordinazioa bermatzera bideratutako eta Industria, Berrikuntza, merkataritza eta Turismo Sailak onartutako jardueren % 100ek diru-laguntza jaso ahal izango dute. Kontzeptu horrengatiko zenbateko finkoa 60.000 euro izango da gehienez ere; diru- kopuru honako kontzeptu hauentzako izango dira: Programan parte hartzen duen pertsonalaren gastuak ordaintzeko: orduko 60 euro; programaren kudeaketarako aplikazio informatikoa eguneratzeko: 2.000 euro; ebaluatzaileen dietak ordaintzeko: eguneko 80 euro; Era berean, 1.040 euroko diru-laguntza aldakorra jasoko dute ebaluatutako enpresa-proiektu bakoitzeko.

Helburu hori lortzeko, kalitatearen garapenerako erakundeek proiektua egoki kontrolatu eta garatzeko eta haren jarraipenerako beharrezkoak diren giza baliabide eta baliabide material guztiak hornituko dituzte, eta Agindu honen bidez diruz laguntzen diren ekintzetan esku hartzen duten elementu guztiak koordinatuta funtzionatzea bermatzeko beharrezkoak diren ekintzak egingo dituzte.

3.- 6. artikuluko 3. idatz-zatiko jarduerak egiten dituzten erakundeen kasuan:

Diru-laguntzen zenbatekoa diru-laguntza jaso dezaketen gastuen kostuaren % 80raino iritsiko da. Gastu horien kalkuluan honako hauek hartzen dira kontuan:

- Hizlarien kontratazio-gastuak, gehienez 70 euroraino ordu bakoitzeko.

- Egin beharreko jardueraren sustapen-gastuak.

- Jardueraren euskarri dokumentazioaren edo argitaratzearen gastuak.

- Bestelako edozein gastu arrunt, jarduera egiteari zuzenean egotz dakizkiokeenak, erakunde eskatzaileko langileen gastuak izan ezik.

- Jarduera bakoitzeko diru-laguntza jaso dezaketen gastuen guztizko zenbatekoa ez da 1.700 eurotik gorakoa izango (700 euro hitzaldiagatik, eta 1.000 euro gainerako gastuentzat).

- 5.000 euroko gehieneko diru-laguntza ezartzen da urtean laguntza eska dezaketen jarduera guztientzat.

4.- Ez da inola ere diru-laguntzarik emango erakunde traktoreek merkataritza-enpresei emandako ohiko zerbitzuetarako, haien ohiko ustiapen-gastuekin zerikusia duten zerbitzuetarako, ezta auditorearen egonaldi, mantenu eta joan-etorriagatiko dietetarako ere. Era berean, ez dira diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko Balio Erantsiaren gaineko Zergaren eta bestelako zergen kontzeptupean aplikatutako zenbatekoak.

II. KAPITULUA

PROZEDURA

8. artikulua.- Prozeduraren hasiera.

Agindu honek araututako laguntzak urtean behin egingo diren deialdien bidez iragarriko dira eta publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira.

Deialdia Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen bidez egingo da, eta, bertan, ekitaldiko diru-laguntzak emateko bideratutako aurrekontu-izendapenaren zenbatekoa zehaztuko da, baita eskabide-eredua non emango den eta eskabideak aurkezteko epea eta tokiak ere.

9. artikulua.- Eskabideak eta agiriak.

1.- Erakunde interesdunek Merkataritza Zuzendaritzara zuzendutako inprimakian erakundea ordezkatzeko legezko ahalmena daukan pertsonak sinatutako eskabide bat aurkeztu beharko dute. Eskabidea urteko Deialdiaren Ebazpenean zehaztutako lekuetan aurkeztuko da, eta, oro har, honako dokumentazio honekin batera aurkeztuko da:

a) Eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen eta NANaren fotokopia.

b) Erakundearen eraketa-eskrituraren, estatutuen eta erregistroko inskripzioaren fotokopiak.

c) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

d) Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte erakunde onuradunek. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak automatikoki egiaztatuko du betebehar hori betetzen dela, abenduaren 23ko 5/2010 Legearen -2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenaren- azken xedapenen artetik hirugarrenaren 1. paragrafoan -azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikulua aldatzen duenean- xedaturikoari jarriki.

e) Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga-arloko betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Dekretuan edo hori ordezkatzen duen araudian ezarritako kasuak betetzen direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zuzenean eskatuko die zerga-arloan eskudunak diren organoei laguntzen eta diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak bete dituztela ziurtatzen duen agiriak emateko, abenduaren 23ko 5/2010 Legearen -2011ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenaren- azken xedapenen artetik hirugarrenaren 1. paragrafoan -azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikulua aldatzen duenean- xedaturikoari jarriki.

f) Honako alderdi hauek egiazkoak direla adierazten duen erantzukizun-aitorpena:

- Proiektu berarentzako beste erakunde publiko edo pribatuen aldetik jasotako laguntzak.

- Enpresa eskatzailea administratiboki eta penalki zehatua ez izatea, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez duela, sexu-arrazoiengatik diskriminazioan erortzeagatik gertatu direnak barnean hartuta, betiere emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Legearen arabera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluari jarraiki.

2.- Horretaz gain, kalitate-ziurtagiriak eskuratzeko proiektuak egiten dituzten erakundeek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Proiektuaren memoria zehaztua, eta garatu beharreko jarduerak.

b) Horretaz gain, erakunde traktoreek partaidetza-konpromisoa jasotzen duen dokumentu bat aurkeztu beharko dute proiektuan biltzen diren merkataritza-enpresen titularrek sinatua, eta parte hartzen duen enpresa bakoitzaren aurrekontu zehaztua gaineratu beharko da bertan, autodiagnostikoa egin ondoren, ekitaldi ekonomiko bakoitzerako, enpresa bakoitzak hartutako konpromisoak adieraziz, baita saltoki bakoitzeko solaskidearen izena ere.

Era berean, dagokion ziurtagiria lortuz gero, kalitatearen edo merkataritza-bikaintasunaren logotipoa establezimenduan ongi ikusteko moduko tokian jartzeko konpromisoa bilduko da. Logotipoa Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak emango dio establezimenduari, establezimenduak ziurtagiria lortu ondoren.

c) Erakunde traktoreek beren proiektuaren barnean hartutako saltokien jarduera ekonomikoen zergaren (JEZ) alta-dokumentuen kopiak aurkeztu beharko dituzte. Era berean, proiektuaren partida guztien aurrekontu banakatua aurkeztuko dute, partida bakoitzaren BEZaren zenbatekoa adierazita.

3.- Merkataritzako berrikuntzaren eta lehiakortasunaren hedapen eta sustapenerako jarduerak antolatzen dituzten erakundeek, artikulu honen 1. paragrafoan adierazitakoaz gain, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Laguntza eskatzeko xede izan den jarduera bakoitzaren azalpen-memoria, jardueraren arrazoiak, zirkunstantziak eta interesa azalduz, baita jarduera gauzatzeko jasotako diru-sarreren eta gauzatze horrek eragindako gastuen aurrekontu xehatua, jarduera gauzatzeko epeak eta datak, hizlariak, bertaratuko den aurreikusitako jende kopurua eta abar ere.

b) Dagokion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren ziurtagiri eguneratua, erakunde eskatzailea Merkatarien Elkarteen Erroldan erregistratuta dagoela adierazten duena.

c) Merkatarien Elkartearen edo Taldearen, edo elkarteen Federazioaren idazkariaren ziurtagiria; bertan, merkataritza-sozietate elkartuen, edo hala badagokio, elkarteen zerrenda -eskaerak egiteko epea hasi baino hilabete lehenago eguneratua- azalduko da, baita aurreko ekitaldian bildutako kuotak ere. Enpresen zerrenda sexuaren arabera banakatuta azalduko da nahitaez, hau da, alde batetik, elkartutako saltokien enpresetako emakumezko titularrak azalduko dira, eta bestetik, enpresetako gizonezko titularrak. Sozietate elkartuek nortasun juridikoa badute, sexuaren araberako bereizketa sozietatea osatzen duten pertsonei buruzkoa izango da.

4.- Nolanahi ere, Merkataritza Zuzendaritzak beharrezko irizten dion dokumentazio edota informazio osagarri guztia eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko; arau honetan esanbidez aurreikusten ez den guztiari dagokionez, berriz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

5.- Jadanik Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira nahitaez aurkeztu beharko. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu diren aipatutako dokumentuak, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluaren f) idatz-zatian ezarritako baldintzei jarraiki.

6.- Erakunde eskatzaileek laguntza jasotzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute horrekin batera aurkezten den dokumentazioarekin, haiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.- Eskabidea bitarteko elektronikoen bitartez ere egin ahal izango da, honako hauekin bat etorriz: administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuarekin (22. EHAA, 2008ko urtarrilaren 31koa), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin (102. EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin.

Eskabidea eskuratzeko eta Administrazioan aurkezteko, Internet erabiliko da, zehazki http://www.euskadi.net/comercio helbidean, bertako funtzionaltasunen bitartez.

Eskatzailearen baimendutako sinaduraz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da eskabidearekin batera, turismo-arloko administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan xedaturikoaren arabera.

10. artikulua.- Zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean Merkataritza Zuzendaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan; era berean, hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarotakoan zuzendu ez badu, Lurralde-ordezkariak ebazpena emango du eskatzaileak eskaeran atzera egin duela adierazteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

11. artikulua.- Eskabideen azterketa eta ebaluazioa.

1.- ndustria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Ordezkaritzetako zerbitzu teknikoek aztertu eta ebaluatuko dituzte merkataritza-berrikuntzaren hedapen eta sustapeneko jardueretarako aurkeztutako eskabideak, eta Merkataritza Zuzendaritzaren zerbitzu teknikoek aztertu eta ebaluatuko dituzte aurkeztutako gainerako eskabideak. Bi zerbitzu tekniko horiek behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio gehigarri guztia eskatu ahal izango dute.

2.- Eskabide bakoitza aztertu eta ebaluatu ondoren, ebazpen-proposamena emango du Merkataritzako zuzendariak; bertan, eskatutako diru-laguntza onartu edo ukatu den adieraziko du esanbidez, baita diru-laguntzaren zenbatekoa ere.

12. artikulua.- Laguntza emateko ebazpena.

1.- Merkataritzako zuzendariak, aurreko artikuluan adierazitako proposamena aztertu ondoren, espedientea noiz osatu den eta hurrengo sei hilabeteko epean, ebatziko ditu eskabideak, Agindu honen 2. artikuluko 4. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Horretarako, sei hilabeteko epea izango du, dagokion deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.- Erakunde eskatzaile bakoitzari jakinaraztea bazter utzi gabe, laguntza emateko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, laguntzaren onuradunak eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adierazita, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Beteginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

3.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoari jarraiki, ebazpena emateko epea amaitu eta enpresa interesdunari jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza eman dela ulertuko da.

III. KAPITULUA

PROGRAMA GAUZATZEA

13. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

Diru-laguntzak 2 alditan ordainduko dira. Emandako zenbatekoaren % 50 aldez aurretik ordainduko da, 17.a) artikuluan aurreikusitako epea amaitutakoan, betiere erakunde eskatzaileak diru-laguntzari uko egin ez badio.

1.- UNE 175.001 Arau eta Merkataritza Bikaina ezartzeko proiektuak justifikatzeko:

- UNE 175.001 eta merkataritza bikaina ezartzeko laguntzen erakunde onuradunek gainerako% 50a jasoko dute dagokion ereduen ezarpena justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren, lortutako kalitate eta merkataritza-bikaintasuneko ziurtagirien arabera eta eragindako gastuen zenbatekoaren eta justifikazioaren arabera.

- Erakunde traktoreek gastuak justifikatzen dituzten fakturak eta faktura horien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte, proiektuaren gauzatzea amaitu eta bi hilabeteko epean, eta, nolanahi ere, laguntzen eskabidea aurkeztu den ekitaldiaren hurrengo ekitaldiko otsailaren 28an beranduenez. Edonola, 2011 urteko deialdian, salbuespen bezala, justifikazioa egiteko epea ekitaldi horretako abenduaren 31an bukatuko da.

- Kalitatea sustatzeko fundazioek, berriz, egindako ekintzak justifikatzeko memoria eta izandako gastuen justifikazioa aurkeztu ondoren jasoko dute gainerako zenbatekoa. Laguntzen eskabidea aurkezten den ekitaldiaren ondorengo ekitaldiko otsailaren 28an beranduenez aurkeztu beharko da dokumentazio hori. Edonola, 2011 urteko deialdian, salbuespen bezala, justifikazioa egiteko epea ekitaldi horretako abenduaren 31an bukatuko da.

- Halaber, ordainketa izapidetzen den egunean, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoa betetzen denean, Agindu honetako 9.1.e) artikuluan ezarritako eran egingo da egiaztapena.

2.- Hedapen-jarduerak garatzen dituzten erakundeek diru-laguntzaren gainerako ordainketa jasotzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute dagokion Lurralde Ordezkaritzan: garatutako jardunak azaltzen dituen memoria xehatua, jarduera bakoitzera bertaratu diren merkataritza-enpresetako pertsonen zerrenda, zerrenda bakoitzean, alde batetik, enplegatu kopurua eta titular kopurua bereizita, eta bestetik, gizon eta emakume kopurua, eta gauzatutako proiektuen jarduerak izandako diru-sarrerak eta gastuak justifikatzen dituen dokumentazioa (jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak, partiden araberako kitapen-ziurtagiriak, dokumentazio grafikoa, etab.).

- Diru-laguntza emateko kontuan hartutako eta aurkeztutako aurrekontuari dagokionez, aurkeztutako proiektua edo proiektuak justifikatzerakoan % 25 baino gutxiagoko beheranzko desbideratzea gertatzen bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da; izan ere, diru-laguntza kalkulatzeko aurrekontuko zenbatekoari aplikatutako ehuneko berbera aplikatuko zaio benetan gauzatutako zenbatekoari.

- Beheranzko desbideratzea % 25 edo hortik gorakoa bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu ahal izango du onuradunak, salbu eta diru-laguntza ematean kontuan izan ziren helburu guztiak bete direla justifikatzen badu. Bigarren kasu horretan, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan.

- Jarduera batzuk gehiegi justifikatzeak ezin izango du konpentsatu beste batzuk gutxiegi justifikatzea.

Nolanahi ere, diruz lagundutako jardunak egiteko azken data deialdiaren urteari dagokion abenduaren 31 izango da, eta justifikatzeko data deialdiaren hurrengo ekitaldiko otsailaren 28a izango da beranduenez. Edonola, salbuespen bezala, 2011 urteko deialdian justifikazioa ekitaldi horretako abenduaren 31an bukatuko da.

14. artikulua.- Kalitate-ziurtagiriak ezartzeko laguntzak jasotzen dituzten erakunde traktoreen betebeharrak.

a) Laguntza horiek eskuratzen dituzten erakunde traktoreek beren proiektuaren barnean hartutako saltokietan Berrikuntza eta Bikaintasun Plana ezartzea sustatzeko konpromisoa hartu beharko dute.

b) Aurreko idatz-zatian adierazitako helburuarekin, erakunde traktoreek, eskabidearekin eta gainerako dokumentazioarekin batera, urteko proiektu bat aurkeztuko dute, honako hauek bilduta: helburuak, parte hartzen duten saltokietan Plana arian-arian ezartzen laguntzeko aurreikusitako ekintzak, proiektuaren arduradunen izenak, proiektua gauzatzeko egutegia, jarraipen-prozesua eta kostuak.

c) Proiektu bakoitzak kudeaketa-organoa izango du, Lurralde Historiko bakoitzeko pertsona batek (proiektuaren partaide batek, alegia) osatuko duena. Kudeaketa-organoak prestakuntzaren jarraipena egingo du eta Merkataritza Zuzendaritzak ezarritako koordinazio-jarraibideak beteko ditu, eta Zuzendaritzarekiko solaskidea izango da.

d) Erakunde traktoreek enpresa partaideekin komunikazio-maila handia izango dute; izan ere, komunikazioa da proiektua ezartzerakoan esperientzia komunak eta sinergiak trukatzeko oinarria.

e) Programaren helburuak lortzeko behar diren giza baliabide eta baliabide material guztiak jarriko dituzte proiektuaren esku.

f) Ezarpena eta ziurtatzea Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan egiteko aukera ziurtatuko dute.

g) Horrez gain, modu aktiboan parte hartuko dute prestakuntzako, jarraipeneko eta ezartzen diren esperientziak trukatzeko ekintzetan.

15. artikulua.- Hedapen-jarduerak antolatzen dituzten erakundeen betebeharrak.

Hedapen-jarduerak antolatzeko Agindu honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Idazki bidez jakinarazi beharko dute dagokion Lurralde Ordezkaritzan diruz lagundutako jardueretan egiten den aldaketa oro, aldaketa hori egiteko aurreikusitako dataren aurretik.

b) Gutxienez zazpi egun balioduneko epean jakinarazi beharko dute diruz lagundutako jarduerak zein lekutan, egunetan eta ordutan egingo diren.

c) Diruz lagundutako jardunen hedapenean argi eta garbi azaldu beharko du Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ematen duela babesa jarduera horiek zabaltzeko erabiltzen diren euskarri guztietan.

16. artikulua.- Kalitatea eta merkataritza-bikaintasuna sustatzeko Fundazioen betebeharrak.

a) Kalitatea eta merkataritza-bikaintasuna sustatzeko Fundazioek jardun-proiektu bat aurkeztuko eskabidearekin eta Agindu honen 8. artikuluan adierazitako gainerako dokumentazioarekin batera. Proiektu horretan esanbidez adieraziko dituzte urteko helburuak, aurreikusitako ekintzak, horien arduradunak, gauzatzeko egutegia, jarraipen-prozesua eta kostuak.

b) Egindako jardueren eta lortutako helburuen azken memoria landu eta aurkeztuko dute, eskabidea egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen.

17. artikulua.- Erakunde onuradun guztien bestelako betebeharrak.

a) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idazki batean adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren esku jartzea onartutako proiektuen garapena eta egikaritzea egiaztatzeko eskatzen den dokumentazio guztia.

c) Diru-laguntza eskatu den xede jakin horretarako erabili beharko dute eta eskatzen zaien informazio osagarri guztia bidali beharko dute Merkataritza Zuzendaritzara, hark egoki iritzako egiaztapenak egin ditzan, diruz lagundutako jardunen garapenari eta gauzatzeari dagokionez.

d) Behin betiko fakturek artxibatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura egon behar dute, 5 urtez.

e) Erakunde onuradunen betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dion informazio guztia ematea, betiere laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.

f) Hedapen-euskarrietan ezin izango da hizkuntza edo irudi sexistarik erabili (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen 3. artikulua), baldin eta jardueretarako publizitatea edo material didaktikoak egiten badira. Zuzenean sortzen dituzten dokumentuetan ere hizkuntzak inklusiboa izan beharko du.

g) Diruz lagundutako jardunen hedapenean argi eta garbi azaldu beharko du Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ematen duela babesa jarduera horiek zabaltzeko erabiltzen diren euskarri guztietan.

h) Erakunde onuradunek bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dituzte nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean.

18. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.- Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta, edozein kasutan ere, beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, laguntza edo diru-laguntza gehiago lortzen bada, diru-laguntza emateko erabakia aldatu ahal izango da, betiere arau honetan onuradun izateko ezarririko gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.- Horretarako, Merkataritza Zuzendaritzak dagokion ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitu egingo dira. Dena den, planteaturiko aldaketek diru-laguntza gehitzea badakarte, aldaketa horiek onartu ahal izango dira, baina horrek ez du zertan ekarriko hasieran emandako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatu beharra.

3.- Era berean, erakunde onuradunak aldez aurretik eskatuta eta justifikatuta, ekintzak justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epea atzeratu ahal izango du laguntzak eman zituen administrazio-organoak. Nolanahi ere, epe hori ez da inoiz ere eskabidea egin den ekitaldiaren hurrengo ekitaldiko martxoaren 31tik haratago luzatuko, hedapen-jardueren gastuak justifikatzeari dagokionez izan ezik.

19. artikulua.- Ikuskapenak.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak egoki iritzitako ikuskapenak eta egiaztapenak egingo ditu diruz lagundutako proiektuen garapenari eta gauzatzeari dagokionez, eta erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute.

20. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

1.- Erakunde onuradunak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan ezarritakoaz gain, ez baditu betetzen Agindu honetan nahiz aplika daitezkeen gainerako arauetan ezarritako betekizunak eta Ebazpenean ezartzen diren baldintzak, organo eskudunak, interesdunak esateko zer duen entzun ondoren, Ebazpen bat emango du, bertan honako hauek adierazita: diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela dagokion erakundeak eta, hala badagokio, jasotako diru-laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Pentzutan ematen diren Diru-laguntzen Bermeei eta horiek Itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen adierazitako Testu Bateginean ezarritakoaren arabera, betiere dagozkion gainerako ekintzak bazter utzi gabe. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, ondorio guztietarako.

2.- Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo diru-laguntza itzultzeko prozedura administrazioko arau-haustea eragin duten gertakarien ondorioz hasten bada, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakari horiek, dagokion zehapen-prozedurari hasiera eman diezaion.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzen denean, honako hauek indargabetuta geratuko dira: merkataritza-lehiakortasunaren sustapen eta hedapenera bideratutako laguntzen programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko ekainaren 3ko Agindua, eta merkataritza-banaketaren sektoreko Berrikuntza eta Bikaintasunerako laguntzen programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko irailaren 10eko Agindua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.- Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 27a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana