Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2011ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
3428

EBAZPENA, 2008ko apirilaren 30ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Crown Embalajes España SL enpresari ingurumen-baimen bateratua ematen diona,, -Ugao-Miraballes (Bizkaia) udalerrian ontzi metaliko arinak fabrikatzeko jarduera burutu ahal dezan.

AURREKARIAK

2006ko abenduaren 29an Crown Embalajes España SL enpresak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Ugao-Miraballes (Bizkaia) udalerrian ontzi metaliko arinak fabrikatzeko jarduerarako. Eskaerarekin batera, Ugao-Miraballeseko Udalak 2006ko azaroaren 13an eman zuen aldeko hirigintza-txostena eta dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Ingurumeneko Baimen Bateratuaren oinarrizko proiektua.

– Ingurumeneko Baimen Bateratuaren isilpeko dokumentazioa.

– Ingurumeneko Baimen Bateratuaren planoak eta eranskinak.

– Ingurumeneko Baimen Bateratuaren laburpen ez-teknikoa.

Erreferentzia-baimena eskatzeko orduan, Crown Embalajes España SL enpresak, besteak beste honako baimen hauek zituen: jarduera-baimena, 1985eko irailaren 26koa, jarduera martxan jartzeko baimena, 1985eko abenduaren 7koa, ontzi metalikoak fabrikatzeko eta litografiatzeko baimena, hondakin arriskutsuen ekoizle izateko baimena, 2006ko maiatzaren 25ekoa, isurtzeko baimena, jarduera-baimenaren barruan, industria-hondakin geldoen ekoizleen erregistroan izena emanda dago, 2006ko uztailaren 24an, indarrean dagoen araudiaren arabera.

2007ko urtarrilaren 25ean, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran esku-hartzea duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, ingurumen organoaren bidez proiektuaren gaineko eraginaren azterlana jendaurrean jartzeko izapidetzea adosteari dagokionez. Zehazki Ugao-Miraballeseko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari kontsultatu zien.

Ingurumen organoak agiri osagarriak eskatu zizkion sustatzaileari 2007ko martxoaren 29an eta irailaren 17an; espedientea 2007ko azaroaren 13an osatu zen.

Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2007ko abenduaren 17an emandako Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Crown Embalajes España SL enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2007ko urtarrilaren 23an. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan argitaratu zen 2007ko urtarrilaren 27an, eta proiektuak hartuko duen eremuaren ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.

Jendaurrean jartzeko izapidetze-epea bete ondoren, alegazio-idazkirik aurkeztu ez zela egiaztatu zen.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2007ko martxoren 3an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Ugao-Miraballeseko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bizkaiko Ur Partzuergoari, espedientean ageri den emaitza jasoz.

2008ko apirilaren 11n, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Crown Embalajes España SL enpresaren esku utzi zen, eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako ebazpen proposamena gehitu zen.

2008ko apirilaren 29an sustatzailearen jakinarazpena jaso zen. Jakinarazpen hartan hainbat ohar egiten ziren Ingurumeneko Baimen Bateratuaren ebazpen proposamenari lotuta.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoa betez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusia dutenak.

16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudian aurreikusiriko ingurumeneko baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Crown Embalajes España SL enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak sortzeko baimena; ibilgura isurtzeko baimena; eta ingurumen izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadurari aurrea hartu eta zuzentzeari dagozkionak. Era berean, beste administrazio eta erakunde eskudunek egindako txostenak aurkeztuko dituzte, espedientean parte hartzen dutela agerian utziz.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuak aurreikusten duen jarduera sailkatuetarako udal-baimenaren prozedura ordezkatzen du; ez du ordezkatzen, ordea, udal agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita aipatu arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Crown Embalajes España SL enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak; horiez gain, espedientean sartu dira Ugao-Miraballeseko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak.

Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, Ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den arloko legerian ezarritako neurriak eta baldintzak. Zehazkiago, kontuan hartu da Europako Batzordearen 2007ko maiatzeko Reference Document on Best Available Techniques on Surface Treatment using Organic Solvents BREF agiriaren edukia. Gainera, alorreko araudiari dagokionez, kasu honetan apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretua aplikatu behar da. Dekretu horren bidez, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legea garatzeko eta betetzeko Araudia, eta zenbait jardueratan disolbatzaile organikoak erabiltzerakoan sortzen diren konposatu organiko hegazkorrak isurtzeari buruzko urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretua onartzen dira.

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen proposamena sinatu eta Crown Embalajes España SL enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da. Alde horretatik, kontuan hartu behar da organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek sustatzaileak izapidetze honetan egindako oharrak aztertu dituztela, eta guztiak kontuan hartu direla ebazpen hau lantzeko orduan.

Organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako legearen 13. artikuluan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak 2006ko ekainaren 2an emandako ebazpen proposamena; Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 29/1998 Lege Orokorra; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldatu zuena; Legea burutzeko araudia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzeko den gainerako araudia,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Helbide soziala Madrilgo Plaza de España 18-Torre de Madrid (Madril) eta IFK: B-83333948 duen Crown Embalajes España SL enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, Ugao-Miraballeseko udalerrian ontzi metaliko arinak fabrikatzeko, eta ebazpen honen bigarren atalean zehaztutako baldintzak jarraituko ditu.

Jarduera Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean jasota dago. Hain zuzen ere, 10.1 kategorian, «Disolbatzaile organikoak erabiltzen dituzten material, objektu edo produktuen azalerak tratatzeko instalazioak, bereziki distira emateko, estanpatzeko, estaltzeko eta deskoipeztatzeko, iragazgaizteko, itsasteko, lakatzeko, garbitzeko edo bustitzeko, orduko 150 kg disolbatzaile edo 200 tona/urteko kontsumitzeko gaitasunarekin».

Crown Embalajes España SL enpresaren instalazioa Ugao-Miraballeseko (Bizkaia) Bartolome Deuna kaleko 31. zenbakian dago eta ontzi metaliko arinen fabrikazio du jardueratzat. Zehazkiago, latorri elektrolitikoa litografiatu eta bernizatu egiten da, industria-ontziak ekoizten dira eta latorri-bobinak xafletan mozten dira.

Crown Embalajes España SL enpresaren ekoizpen-gaitasuna honakoa da:

Ontzi mota Ekoizpen gaitasuna (unitate/urtea)

165 diametroa 1.413.373

170 diametroa 830.999

179 diametroa 928.841

190 diametroa 1.413.370

240 diametroa 235.876

292 diametroa 1.240.597

Bi fasek osatzen dute industria-prozesua:

Materialak prestatzea.

Materialak prestatzeko ekoizpen-prozesuan, halaber, bobinak mozteko prozesua eta litografiatzeko/bernizatzeko prozesua bereizten dira.

Bobinak moztea (Littell).

Ekoizpen-prozesua latorri-bobinak xafletan moztean hasten da. Mozketa egiteko kontuan hartzen dira ondorengo bernizatzeko eta litografia egiteko egokiak diren estandarrak. Lortzen diren xaflak paletetan jartzen dira, ondoren litografiatzeko/bernizatzeko.

Bernizatzea/Litografiatzea.

Latorria xafletan moztu eta gero, kanpoko eta/edo barruko aurpegia bernizatzen da. Bezeroak eskatu duen dekorazioaren, fabrikatuko den ontzi motaren eta ontziak gordeko duen produktuaren arabera, berniz mota desberdinak erabiltzen dira.

Bernizak erretxinez (desberdina bernizaren arabera), disolbatzailez eta gehigarriz osatuta daude eta kautxuzko arrabol batekin aplikatu ondoren lehortu egiten dira beroa emanez (oxidazioa).

Zazpi lerrok osatzen dute prozesua: hiru lerro bernizadura-lerroak dira eta lau inprimaketa-lerroak. Lehortzeko hiru bernizadura-lerroek eta bi litografia-lerroek gasezko labeekin egiten dute lana; beste bi litografia-lerroetan labe ultramoreak erabiltzen dira lehortzeko.

Latorria bernizatu ondoren, litografiatu egiten da, plangintza-logistikako sailak emandako aginduak jarraituz. Litografia egiteko, tinta-transmisioa egiten da aluminiozko euskarri batetik kautxuzko mantelina batera eta, bertatik, latorriaren gainean inprimatzen da tinta. Inprimatzeko, kolore bakoitzarekin plantxa bat erabili behar da eta ereduak duen kolore adina garbiketa egin behar da. Disolbatzailea erabiltzen da plantxak garbitzeko.

Argipean jartzea.

Eredu bat litografiatu ahal izateko, aurretik inprimatzeko euskarriak egin behar dira. Aluminiozko plantxak dira eta horien gainean argipetzen dira fotolitoak, nahi den litografia lortzeko azkenean. Plantxa horiek argipetzeko errebelatze-prozesua eta lehortze-prozesua egin behar dira eta likido desberdinak, disolbatzaileak gehienak, erabiltzen dira prozesu horietan.

Epe ertainera prozesu horren % 100 azpikontratatzea aurreikusi da.

Ontziak fabrikatzea.

Sekzio honetan osagaiak fabrikatzen dira eta mihiztatu ondoren ontzia osatzen da.

Gaur egun 5 ontzi-diametro fabrikatzen dira, bakoitza bere altuerarekin (diametroak: 165mm, 170mm, 190mm, 240mm, 292mm), lau fabrikazio-lerro desberdinetan.

Ontziak paletetan jarri eta paketatu ondoren, bezeroari bidaltzen zaizkio.

Ontziak fabrikatzeko sekzioa hiru prozesu desberdinek osatzen dute:

Zizailatzea.

Etapa honetan orriak mozten dira, gorputzak, estalkiak, uztaiak eta azpiak (ontzia osatuko dutenak) fabrikatzeko beharrezkoak diren neurrien arabera.

Prentsak:

Edukiera handiko prentsen gainean egiten da azpi, estalki eta uztaien fabrikazioa, osagarriaren tamainaren arabera.

Osagarri horien gainean PVCzko edo kautxuzko juntura bat aplikatzen da, ontziari hermetikotasuna emateko.

Muntatzea.

Azkenik, osagarri desberdinak (gorputzak, azpiak, uztaiak edo gainak) muntatze-linean sartzen dira ontzia osatzeko. Hainbat eragiketa betetzen dira ekintza horretan:

1.– eragiketa: gorputzak soldatzeko eragiketan datza.

2.– eragiketa: enbor-kono formako ontzien kasuan, hedatzeko eragiketa bat burutzen da eta nahi den konikotasuna ematen zaie.

3.– eragiketa: ontziak ixteko prestatzen dira, erlaitz-ebakigailu batean.

4.– eragiketa: azpiak eta uztaiak/gainak jartzen dira (beharrezkoa duten ontzien gainean), ixteko makina erabiliz.

5.– eragiketa: ontziek heldulekurik behar badute, botoi-lokailu batera eraman eta bertan jartzen zaizkie botoi-hegalak. Botoi-hegal horietan jartzen da heldulekua ondoren.

6.– eragiketa: ontziak itxi ondoren, barne-estaldura dutenak bernizatzeko makina batetik pasatzen dira. Makina horrek berniz-geruza arin bat jartzen du gorputzaren soldatzean eta botoi-hegalak jarri diren lekuan. Zona horiek bernizatzean, ontziratuko den produktuak ontzia oxidatzea ekiditen da. Ontzia bernizatu eta gero, lehortzeko labe batean sartzen da.

7.– eragiketa: amaitzeko, ontzia hermetikoki itxita dagoela eta ihesik ez duela egiaztatu behar da, bai eta dagozkion baldintzak betetzen dituela ere.

Erabiltzen diren energia-iturriak dira: elektrizitatea fabrikako argiztapen orokorrerako eta ekipo eta aparatu elektrikoek funtzionatzeko, gas naturala lehortzeko labeetan energia termikoa sortzeko, eta gasolioa, fabrika barruan materialak garraiatzeko erabiltzen diren orgatila eta ibilgailuetarako.

Atmosferara isurtzeak egiten dituzten iturriak honakoak dira:

– 1. fokua RTO isurtzen duen fokua.

– 2. fokua: gasak isurtzen dituen fokua 21 lerroko labearen amaieran.

– 3. fokua: gasak isurtzen dituen fokua 23 lerroko labearen amaieran.

– 4. fokua: gasak isurtzen dituen fokua 25 lerroko labearen amaieran.

– 5. fokua: gasak isurtzen dituen fokua 22 lerroko labearen

Sarreran.

– 6. fokua: gasak isurtzen dituen fokua 22 lerroko labearen amaieran.

– 7. fokua: gasak isurtzen dituen fokua 24 (1) lerroko labearen sarreran.

– 8. fokua: gasak isurtzen dituen fokua 24 (2) lerroko labearen sarreran.

– 9. fokua: gasak isurtzen dituen fokua 24 lerroko labearen amaieran.

– 10. fokua: gasak isurtzen dituen fokua 179,2 estalkian (gas naturala).

– 11. fokua: lurruna isurtzen duen fokua 7 lerroko bernizatzeko makinan.

– 12. fokua: lurruna isurtzen duen fokua 8 lerroko bernizatzeko makinan.

– 13. fokua: isurtzeak egiten dituen fokua 26 lerroko lehortzeko labe ultramorean.

– 14. fokua: isurtzeak egiten dituen fokua 27 lerroko erradiazio ultramore bidez lehortzeko labean.

Crown embalajes España, S.L. enpresan sortutako hondakin-urei ez zaie tratamendurik egiten isuri aurretik, ez baita industriako hondakin-urik sortzen; ur sanitarioak daude batetik, eta kolektorera isurtzen dira, eta euri-ur garbiak daude bestetik, ubide publikora isurtzen direnak, Nerbioi ibaira batez ere.

Crown Embalajes España SL enpresak aurkeztutako proiektuak teknika erabilgarri onenak (TEO) izan daitezkeen ondorengo neurriak hartzen ditu barne: Ingurumena Kudeatzeko Sistema bat du; KOHen isurketen balantzeak egiten ditu; labeetako aire beroa birzirkulatzeko ganberen maiztasun-bihurgailuak ditu eta horri esker gas naturala aurrezten da; ihesak prebenitzeko aire konprimituko sistema bat du, energia elektrikoaren kontsumoa murrizteko; bernizatzeko kautxuzko arrabola bat erabiltzen dute; eta litografia-prozesuan erradiazio ultramore bidezko lehortze-teknika jarraitzen dute.

Bigarrena.– Crown Embalajes España SL enpresak Ugao-Miraballeseko udalerrian sustatutako ontzi metaliko arinak egiteko jarduera ustiatzeko, ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Crown Embalajes España SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

B.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Crown Embalajes España SL instalazioa, ontzi metaliko arinak fabrikatzen dituena ustiatzean atmosferara egingo diren isurketek ez dituzte Ebazpen honetan ezarritako balioak gaindituko.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Neurriak hartuko dira ustekabean gai kutsatzailerik ez botatzeko, eta botatzen direnak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala eraiki, ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

B.1.1.2. Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Crown Embalajes España SL instalazioak ondorengo fokuak ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuta:

(Ikus .PDF)

Foku horiez gain, ondoren adierazitako isurtze-iturriak daude:

– 2, 3 eta 4 fokuen kasuan, by-pass sistema bat du bakoitzak. Foku horien emisioak instalazioaren funtzionamendu globalaren % 5 baino gehiago funtzionatzen hasten badira edo ordubete baino epe luzeagotan urtean 12 aldiz baino gehiago isurtzen hasten badira, foku gisa erregularizatzeko eskatuko da.

Gainera, KOG isurtze barreiatuak egiten dira 21, 23 eta 25 lerroetako bernizatzeko makinetan, modu ez jarraituan. Masa-balantzearen kalkuluaren arabera, sarrerak eta irteerak kontuan hartuta, isurtze barreiatua 63 t/urtean dela kalkulatu da.

B.1.1.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurtzeek ez dituzte isurtzeko muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

Isurtze barreiatuen muga-balioa (disolbatzaileen sarrera-portzentajea) % 20 izango da foku guztietarako.

Muga-balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-eko tenperatura, 101,3 kPa-eko presioa eta gas lehorra.

Neurtutako parametroek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), zortzi ordutan zehar neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa, % 40 gainditzen ez duen zenbatekoa baldin bada. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi honetako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an gehienez onar daitezkeen mailak gainditzea onartuko da, % 25 gainditzen ez duen zenbatekoa denean. Tolerantzia horiek izanda ere, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eraginpeko zonaldean ezin izango dira inoiz higienikoki onar daitezkeen balioak gainditu.

KOHei dagokienez (KOG bezala neurtuta), ez dira isurtzeko muga-balioak gaindituko, arauz egingo diren aldizkako ikuskapenetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), baldin eta neurketa guztien batez bestekoek isurtzeko muga-balioak gainditzen ez badituzte eta ordubeteko neurketa batek ere isurtzeko muga-balioak gainditzen ez baditu (1,5etik gorako faktorea).

B.1.1.4.– Gasak biltzeko eta husteko sistemak.

Fokuetako hondar-gasak kanporatzeko tximiniek ez dute B.1.1.2 atalean jasota dagoen goreneko kota baino baxuagoa izango. Tximinietan behar beste neurri hartuko dira, Industria Ministerioak industriak atmosferan eragiten duen kutsadurari aurrea hartu eta hori zuzentzeari buruz 1976ko urriaren 18an emandako Agindua bete dezaten; besteak beste, laginak hartzeko puntuetara iristeko sarbide seguru eta errazak izango dituzte.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, gas-fluxuak laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein asaldu izan dezakeen gunera bitarteko distantziak (L1 eta L2 parametroak) 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoa beteko dute. L1 = 8D eta L2 = 2D distantziak betetzen ez diren fokuetarako inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliotasuna justifikatzea eskatuko da.

Isurtze barreiatuak minimizatzeko, bernizadura-prozesuan ke-kanpaiak jarri dira, metakrilatozko pantaila bat erabiltzen duen eskuzko konfinamendu-sistema batekin, eta berari esker bernizatzeko makinan sortutako lurrunak modu eraginkorragoan kanpora daitezke. Ke-kanpaietatik irteten diren isurtzeak lehortzeko labeetara eramaten dira eta bertatik Oxidagailu Termiko Leheneratzailera.

B.1.2.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketa saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliotu egin behar da eta horretarako autokudeaketa behar da edo balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira baliotzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, Erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jarraibideekin bat etorriz gauzatuko da.

Hondakinak biltzeko eremuek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira ezbeharrean gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.

Hondakinek desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Ugao-Miraballeseko Udalean.

B.1.2.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:

• 1. Prozesua: «Materialak prestatzea».

– 1. hondakina: «Bernizak oinarri disolbatzaile ez-klorodunean».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/1/1.

Hondakinaren kodea: Q7//R13//P12//C41/43//H3b/6//A811(1)//B8018.

HEZ: 080113.

Urtean sortutako kantitatea: 4 tona.

Bernizatzeko instalazioko bernizen hondarren hondakin gisa sortzen da; disolbatzaile ez-halogenatuak dituzten bernizak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da adierazitako lekuan; bidoia bete ondoren hondakinen biltegira eramaten da.

– 2. hondakina: «Berniza duen disolbatzaile zikina».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/1/2.

Hondakinaren kodea: Q8//R13//L5//C41/43//H3b/

6//A811(1)//B8018.

HEZ: 140603.

Urtean sortutako kantitatea: 85 tona.

Bernizatzeko instalazioa garbitzean hondakin gisa sortzen da; berniz-hondarrak dituen disolbatzaile erabilia da.

Hondakinarentzat identifikatutako plastikozko putzupadetan edo bidoietan jasotzen da adierazitako lekuan; bete ondoren hondakinen biltegira eramaten dira.

– 3. hondakina: «Likido errebelatzailea».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/1/3.

Hondakinaren kodea: Q8//D13//L5/16//C24/41//H5//A811(1)//B8018.

HEZ: 090103.

Urtean sortutako kantitatea: 1,5 tona.

Argipetze-azpiprozesuan sortzen da, errebelatzearen hondakin gisa; gatz alkalinoak, silikatoak batez ere, dituen gai urtsu bat da.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da adierazitako lekuan; bidoia bete ondoren hondakinen biltegira eramaten da.

– 4. hondakina: «Tintak oinarri disolbatzaile ez-klorodunean».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/1/4.

Hondakinaren kodea: Q8//R13//P5/12//C41/43//H3b/6//A811(1)//B8018.

HEZ: 080312.

Urtean sortutako kantitatea: 1,1 tona.

Litografiatze-instalazioko tinten hondarren hondakin gisa sortzen da; disolbatzaile ez-halogenatuak dituzten tintak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da adierazitako lekuan; bidoiak bete ondoren hondakinen biltegira eramaten da.

– 5. hondakina: «Plantxak garbitzeko disolbatzailea».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/1/5.

Hondakinaren kodea: Q8//R13//L5/12//C41/43//H3b/6//A811(1)//B8018.

HEZ: 140603.

Urtean sortutako kantitatea: 2,7 tona.

Litografiatze-instalazioa garbitzean sortzen da; tinta-hondarrak dituen disolbatzaile erabilia da.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da adierazitako lekuan; bidoiak bete ondoren hondakinen biltegira eramaten da.

– 6. hondakina: «Goma oretsuak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/1/6.

Hondakinaren kodea: Q7//R13//P13//C41//H5//A811(1)//B8018.

HEZ: 080409.

Urtean sortutako kantitatea: 400 kilogramo.

Prentsen sekzioan ekoizpen-prozesuaren hondakin gisa sortzen da.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da adierazitako lekuan; bidoiak bete ondoren hondakinen biltegira eramaten da.

– 7. hondakina: «Berniz polimerizatua».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/1/7.

Hondakinaren kodea: Q7//D13//S13//C41//H5//A811(1)//B8018.

HEZ: 080409.

Urtean sortutako kantitatea: 1.000 kilogramo.

Bernizatzeko instalazioko bernizen hondarren hondakin gisa sortzen da; berniz polimerizatuak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da adierazitako lekuan; bidoiak bete ondoren hondakinen biltegira eramaten da.

• 2. Prozesua: «Ontziak fabrikatzea».

Prozesu honetan sortzen diren hondakin arriskutsuak beste prozesu batzuetako izen bereko beste batzuekin kudeatzen dira; batera kodifikatuta agertuko dira Zerbitzu Orokorrak prozesuan.

• 3. Prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

– 1. hondakina: «Erabilitako olioa».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/1.

Hondakinaren kodea: Q7//R13//L8//C51//H5/6//A811(1)//B0019.

HEZ: 130205.

Urtean sortutako kantitatea: 430 kilogramo.

Makina eta instalazioetan olioa birjartzeko eragiketetan sortzen da Mantentze-lan Orokorra azpiprozesuan; olio mekaniko eta hidrauliko erabiliak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da adierazitako lekuan; bidoiak bete ondoren hondakinen biltegira eramaten da.

– 2. hondakina: «Botoi-pilak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/2.

Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C16//H6/14//A811(1)//B0019.

HEZ: 160603.

Urtean sortutako kantitatea: 0,1 kilogramo.

Mantentze orokorreko azpiprozesuan pila agortuak biltzeko lanetan sortzen da. Merkurioa daramaten erabilitako pilak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian biltzen dira berariaz adierazitako zona batean.

– 3. hondakina: «Merkurioa duten materialak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/3.

Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H6//A811(1)//B0019.

HEZ: 160108.

Urtean sortutako kantitatea: 0,5 kilogramo.

Ekipo mekanikoen mantentze-eragiketetan sortzen da; merkurioa duten makinen piezak dira.

Hondakinarentzat berariaz aukeratutako leku batean biltegiratzen eta identifikatzen dira.

– 4. hondakina: «Hodi fluoreszenteak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/4.

Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H6/14//A811(1)//B0019.

HEZ: 200121.

Urtean sortutako kantitatea: 25 kilogramo.

Mantentze-lan orokorren azpiprozesuan lanparak aldatzeko lanetan sortzen da; merkurioa duten fluoreszente eta/edo lanpara erabiliak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako kutxan biltzen da, horretarako berariaz jarritako gunean.

– 5. hondakina: «Ekipamendu elektrikoak eta/edo elektronikoak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/5.

Hondakinaren kodea: Q14//R4//S40//C6/11/18//H6/14//A811(1)//B0019.

HEZ: 160213.

Urtean sortutako kantitatea: hondakin puntuala.

Ekipo elektrikoak eta elektronikoak birjartzeko eragiketetan sortzen da; baztertutako ekipo ofimatikoak dira.

Hondakinen biltegian hondakin horrentzako identifikatutako eremuan jasotzen da.

– 6. hondakina: «PKBak dituzten transformadoreak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/6.

Hondakinaren kodea: Q12//D13//S-L10//C32//H6/7//A811(1)//B0019.

HEZ: 160209.

Urtean sortutako kantitatea: hondakin puntuala.

Mantentze-lan orokorren azpiprozesuan hondakin gisa sortzen da; zuzenean ateratzen da kudeatzaile baimenduari emateko, eta hondakinaren bizitza erabilgarriaren amaieran kudeatu daiteke, aurkeztutako analitikaren arabera.

– 7. hondakina: «PKB duten olioak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/7.

Hondakinaren kodea: Q16//R13//L8/10//C32/51//H6/7//A811(1)//B0019.

HEZ: 130301.

Urtean sortutako kantitatea: hondakin puntuala.

Olioa birjartzeko eragiketetan edo transformadoreak deskontaminatzean sortzen da, Mantentze-lan orokorren azpiprozesuan; PKB duten olio dielektrikoak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

– 8. hondakina: «Disolbatzaile ez-halogenatua (White Spirit)».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/8.

Hondakinaren kodea: Q7//R13//L5//C41//H3b/5//A811(1)//B0019.

HEZ: 140603.

Urtean sortutako kantitatea: 100 kilogramo.

Piezak garbitzean sortzen da hondakin gisa; disolbatzaile erabili ez-halogenatua da.

Zuzenean erabilera-puntutik erretiratzen da, kudeatzaile baimenduari bidaltzeko.

– 9. hondakina: «Sosa kaustikoko disoluzio urtsuko disolbatzailea».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/9.

Hondakinaren kodea: Q7//R13//L21//C24//H8//A811(1)//B0019.

HEZ: 060204.

Urtean sortutako kantitatea: 2,5 tona.

Instalazio desberdinetako labeetako hagaxkak garbitzean sortzen da hondakin gisa.

Hondakinarentzat identifikatutako plastikozko putzupadetan jasotzen da adierazitako lekuan; bete ondoren hondakinen biltegira eramaten da.

– 10. hondakina: «Berniz eta disolbatzailez bustitako zatarrak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/10.

Hondakinaren kodea: Q5//D13//S40//C41//H5//A811(1)//B0019.

HEZ: 150202.

Urtean sortutako kantitatea: 13,2 tona.

Xurgatzaileak eta ehunak jasotzean sortzen da; berniz, tinta eta disolbatzailez bustitako zatarrak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako big-bag zakuetan jasotzen da adierazitako lekuan; bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

– 11. hondakina: «Kutsatutako metalezko ontziak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/11.

Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H14//A811(1)//B0019.

HEZ: 150110.

Urtean sortutako kantitatea: 100 kilogramo.

Ontzi hutsak jaso eta pilatzerakoan sortzen da; disolbatzaileak eta bernizak eduki dituzten metalezko ontziak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako big-bag-etan jasotzen da, sortzen den postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

– 12. hondakina: «Plastikozko ontziak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/12.

Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41//H5//A811(1)//B0019.

HEZ: 150110.

Urtean sortutako kantitatea: 256 unitate.

Ontzi hutsak jaso eta pilatzerakoan sortzen da; disolbatzaileak eta bernizak eduki dituzten plastikozko ontziak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako big-bag-etan jasotzen da, sortzen den postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

– 13. hondakina: «Berreskura ezin diren putzupada hutsak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/13.

Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5//A811(1)//B0019.

HEZ: 150110.

Urtean sortutako kantitatea: 10 unitate.

Ontzi hutsak jaso eta pilatzerakoan sortzen da; disolbatzaileak eta bernizak eduki dituzten plastikozko ontziak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako big-bag-etan jasotzen da, sortzen den postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

– 14. hondakina: «Aerosolak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/14.

Hondakinaren kodea: Q14//R13//S-G36//C41//H5//A811(1)//B001.

HEZ: 160504.

Urtean sortutako kantitatea: 0,5 kilogramo.

Ontzi hutsak bildu eta pilatzerakoan sortzen da; likido deskoipeztatzaileak, eta abar eduki dituzten aerosolak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da, sortzen den postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

– 15. hondakina: «Amiantoa».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/15.

Hondakinaren kodea: Q7//D13//S40//C25//H7//A811(1)//B001.

HEZ: 170601.

Urtean sortutako kantitatea: 68 kilogramo.

Amiantoa duten instalazioen eraispenean sortzen da.

Indarrean dagoen araudiaren arabera jasotzen eta kudeatzen dira.

– 16. hondakina: «Hondakin sanitarioak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/16.

Hondakinaren kodea: Q7//D10//S1//C35//H9//A811(1)//B0019.

HEZ: 180103.

Urtean sortutako kantitatea: 400 kilogramo.

Enpresak garatzen dituen zerbitzu sanitarioetan sortzen da.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian biltzen dira berariaz adierazitako zona batean.

– 17. hondakina: «Botoi-pilak ez direnak».

Identifikazioa: B83333948/4800007167/3/17.

Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C22//H6//A811(1)//B0019.

HEZ: 200133.

Urtean sortutako kantitatea: 400 kilogramo.

Pila agortuak biltzean sortzen da, Mantentze-lan Orokorren azpiprozesuan.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian biltzen dira berariaz adierazitako zona batean.

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

b) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

c) Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

d) Hondakin arriskutsuak gordetzeko denbora ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan.

e) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuan eta hori garatzeko araudietan ezarritakoak izango dira.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Crown Embalajes España SL enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-agiriak, eta kontrol eta jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, beharrezkoak direnean, bost urtean gutxienez.

h) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

i) Crown Embalajes España SL enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako industria-olio erabiliak.

j) Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan aurreikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean, begiesten diren aurreikuspenak bete beharko ditu Crown Embalajes España SL enpresak.

k) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

l) Crown Embalajes España SL enpresak PKB eduki dezaketen gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak, eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

m) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Crown Embalajes España SL enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

m) Crown Embalajes España SL enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda.

o) Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabiliz, Ingurumen Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.

p) Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarriak bete daitezen, hau da, hondakin horiek ahal den gutxiena sortzeko, Crown Embalajes España SL enpresak neurri babesleak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetzan, gutxienez lau urtean behin.

q) Aurreko f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), n) eta o) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

r) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Crown Embalajes España SL enpresak 108/1991 Errege Dekretuan (3. artikulua), amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun eta osasun arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.1.2.2.– Hondakin ez-arriskutsuak:

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu bati.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek onartzen dituelako agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta Ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Crown Embalajes España SL enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

d) Halaber, hondakin geldo eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

e) Erregistro bat egingo da, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

f) Aurreko c) eta d) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta e) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

B.1.3.– Lurzoruaren kalitatea babesteko neurri orokorrak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako betebeharrak jarraituz aurkeztu den lurzoruari buruzko aurretiazko txostenaren arabera, Crown Embalajes España SL enpresak lurzoruaren kalitatea prebenitzeko bitarteko egokiak ditu.

B.1.4.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak hartu eta instalatuko dira:

a) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00ak eta 22:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.

b) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 08:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.

c) ra berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.

d) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Atmosferako isuriak kontrolatzea.

a) Crown Embalajes España SL enpresak isurketak kontrolatu beharko ditu, ondorengoaren arabera:

(Ikus .PDF)

By-pass sistemaren funtzionamenduaren kontrola edo antzekoa adierazten duen txostena aurkeztu beharko da.

Aurreko atalean aipatutako neurketa guztiak kontrol-erakunde baimendu (KEB) batek egin beharko ditu (zortzi ordutan hartutako hiru neurketa, gutxienez ordubetekoa bakoitza), eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek prestatutako «KEBen gutxieneko txostenean» ezarritakora egokitu beharko du. Nolanahi ere, isurtzeen kontrolek eta neurketa-baldintzek Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

Arestian eskatutako parametro guztien neurketen KEB txostenak bidaliko dira. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak Ebazpen honetan ezarritako kontrol-maiztasunaren aurretik egindakoak badira. Atmosferara egiten diren isurtzeen ondorengo kontrolak, egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.

Crown Embalajes España SL enpresak urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuak, jarduera jakin batzuetan disolbatzaileen erabilerak eragindako konposatu organiko hegazkorren emisioak mugatzeko baldintzei buruzkoak, ezarritakoa bete behar du. Xede horretarako, Ingurumen Sailburuordetzak eskatzen duen informazioa aurkeztu beharko du.

b) Urtero, masen balantzea aurkeztu beharko da, zenbait jardueratan disolbatzaile organikoak erabiltzerakoan sortzen diren konposatu organiko hegazkorrak isurtzea saihesteari buruzko urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuak ezarritakoa jarraituz. Balantze horretan justifikatuko da KOHen guztizko isurtzearen muga-balioa betetzen dela, disolbatzaileak dituen lehengai mota bakoitzetik erabilitako kantitatearen arabera.

C.1.1.– Lortutako emaitzak erregistratzea.

Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean. Dokumentazio gaurkotua erabilita gauzatuko da erregistroa, eta industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzeari buruzko 1976ko urriaren 18ko Aginduak 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du. Erregistro horretan adieraziko dira egindako neurketen emaitzak, mantentze-lanak, garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motako gorabeherak, eta abar. Dokumentazio hori eguneratuta egongo da, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskuragarri izango dute.

C.2.– Isuritako uren kalitatearen kontrola.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak 2007ko otsailaren 22an kolektorera isurketak egiteko emandako baimenaren arabera, Crown Embalajes España SL B motako erabiltzailea da eta, hortaz, aipatutako organismoak ez du beharrezkotzat jotzen hondakin-uren isurketak aztertzea.

C.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

Sustatzaileak aurreko taula osatu beharko du, bere jardueraren ohiko adierazleak sartuz.

C.4.– Zarataren kontrola.

Aurkeztutako dokumentazioak egindako proposamenari jarraituz, 2 urtero zarataren barne-neurketak egingo dira, hartuko diren neurri teknikoen baliozkotasuna bermatzeko, baita dokumentazio horretan adierazitako fokurik garrantzitsuenen eragin negatiboak murrizteko ere.

Jarduera garatzen den lur zatiko kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.

Sustatzaileak neurketen proposamen zehatz bat landu beharko du eta neurketa-metodo zehatzak adierazi bertan. Proposamen hori ebazpen honetako C.6 atalean aipatzen den ingurumena zaintzeko programako testu bateginarekin batera aurkeztuko da.

C.5.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenean aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

C.6.– Ingurumena Zaintzeko Programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta Ebazpen honetan proposatutako betekizunak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak edo analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-eragiketei dagokienez, enpresak sor daitezkeen isurtze eta zaratak zenbatetsiko ditu eta kasu bakoitzean egingo den kudeaketa eta tratamendua proposatuko ditu:

(Ikus .PDF)

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (28.72 epigrafea, metalezko ontziak eta paketatze arinak fabrikatzea), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, Crown Embalajes España SL enpresak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

D.3.– Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduerak.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasotako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko isuri edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei dagokienez. Isuri-ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, fabrikako kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak. Era berean, kutsadura atmosferikoaren prebentzio- eta zuzenketa-sistemak (arazketa, minimizazioa, eta abar) egoera onean daudela bermatuko duten neurriak hartuko dira.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, zorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

d) Disolbatzaileak, bernizak, olioak eta abar maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen azalera guztiak irazgaiztuta egongo dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

g) Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunea isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

h) Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

i) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

j) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu horretan, honako baldintza hauek azpimarratu behar dira:

– Estazioan erroilu erako edo gai pikortatuzko, edo antzeko berariazko gai xurgatzailea egongo da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala aplikatu ahal izateko.

– Hausturen, ustekabeko gainezkaldien eta abarren ondorioz gerta daitezkeen isuriei eusteko, gasolioa biltegiratzeko eta manipulatzeko instalazioak modu egokian isolatuko dira.

– Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko isuri edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei dagokienez.

– Halaber, prozesuaren funtzionamendu egokiaren ustiapen- eta zaintza-eskuliburua izango da. Aldizka egindako mantentze-lanen eta kontrolen eragiketak, zein antzemandako gorabeherak jasoko dira bertan, eta enpresa espezializaturen bat bertaratzea aholkatzen da.

k) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, ustekabeko isuri bat egitea), sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio berehala Ingurumen Sailburuordetzari.

l) Gertakari edo arazo larriren bat edo atmosferara ustekabeko isuriren bat eginez gero, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazteaz gain, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 18 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek agertuko dira:

– Gertakari-mota.

– Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Iraupena.

– Ustekabeko isuria bada, emaria eta isuritako gaiak.

– Mugak gaindituz gero, isurtzeei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Berriro gerta ez dadin aurreikusitako neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.

m) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

E) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzean, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin Crown Embalajes España SL enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara botatako kutsagarriei, uretara egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuaren, E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duenari jarraituz.

Informazio hori ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko da. Informazioa Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez gauzatuko da, hori baita kanpoko erakundeek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-L03 Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net web-orrian eskuragarri): Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.

Halaber, Ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) 2007ko apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atalari jarraituz, lehendik dauden instalazioen titularrek agintaritzari jakinarazi beharko diote instalazio horietan erabiltzen eta ekoizten diren substantziek, 1907/2006 EE araudian aurreikusitako erregistratu eta ebaluatzeko prozesuan identifikatu direnak, giza osasunerako eta ingurumenerako izan dezaketen arriskua.

H) Ingurumeneko baimen bateratu honen eraginpeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko 2002ko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

Hirugarrena.– Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio Ebazpen honetako bigarren ataleko puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla: B.1.2.1.f eta B.1.2.2.c (Hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak onartzeko agiriak); B.1.2.1.o eta B.1.2.2.e (Hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen erregistro-eredua); C.1 (Atmosferara egiten diren isurketen kontrola, by-pass-aren funtzionamendua); C.1.1 (Atmosferara egiten diren isurketen erregistro-eredua); C.4 (Zarataren kontrola: hasierako neurketa eta proposamena), C.6 (Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina); D3.a eta b (Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua); D.3.f (Produktu kimikoak biltegiratzeko ziurtapena); D.3.g (Larrialdietarako materialen zerrenda); D.3.m (Suteen kontrako babesaren ziurtapenak).

Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskapen-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.

Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako ebazpen hau jakinarazten den egunetik kontatzen hasita.

Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da.

Laugarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Edozein modutan ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

Seigarrena.– Crown Embalajes España SL enpresak Ebazpen honen xede den tratamendu metalikoen mekanizazioa egiteko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori Ingurumen Sailburuordetzan jakinarazi beharko du, hark onar dezan.

Zazpigarrena. Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:

– Epearen barruan ez egiaztatzea Ebazpen honetako hirugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen ez badu.

– Crown Embalajes España SL enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

– Baimena indarrean jartzen dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Crown Embalajes España SL enpresari, Ugao-Miraballeseko Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuari, hilabeteko epean, Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 30a.

Ingurumeneko sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


Azterketa dokumentala