Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2011ko uztailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
3427

EBAZPENA, 2011ko ekainaren 24koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, Erakunde Nortasunaren Eskuliburuko zehaztasunak publizitatean, papertzan, argitalpenetan, ibilgailuetan eta seinaletan nola aplikatu behar diren onartzen duen 2000ko maiatzaren 24ko Ebazpena aldatzeko dena.

Abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautu zuen. Dekretu horren azken xedapenetako lehenengoan agintzen denaren arabera, Lehendakaritzaren idazkariak ebazpen bidez ezarriko du nola aplikatuko diren erakunde-nortasunaren zehaztasunak eta oinarrizko arauak, besteak beste, papertzan, publizitatean, argitalpenetan, ibilgailuetan eta seinaletan.

Horren arabera, Erakunde Nortasunaren Eskuliburuko zehaztasunak Lehendakaritzaren idazkariaren 2000ko maiatzaren 24ko Ebazpenaren bidez onartu ziren.

Argitalpenei buruzko kapituluan, 6.4 Aldizkariak atalean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari dagokionez (6.4.6 paragrafoa) iritzi da gaur eguneko formatua, hau da, bi zutabetan ematen dena, ez dela egokiena kalitatezko zerbitzu publikoa berme guztiekin eta arrazoizko denboran emateko helburua betetzeko, eta gainera paperezko edizioaren oroitzapen historikoak dituela. Horregatik, beharrezkoa da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren formatua aldatzea, eta testuak hizkuntza ofizial bakoitzaren arabera bereizita argitaratzea, betiere testua bi hizkuntzetan, hau da gaztelaniaz eta euskaraz, bistaratu ahal izateko kontsulta-modu bat ezarrita.

Aurrekoaren ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Lehendakaritzaren idazkariaren 2000ko maiatzaren 24ko Ebazpenak onartu zituen Erakunde Nortasunaren Eskuliburuko zehaztasunen 6.4.6 paragrafoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari dagokiona, aldatzea eta ebazpen honen eranskinean ezarritakoaz ordeztea.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 24a.

Lehendakaritzako idazkari nagusia,

JOSÉ MANUEL SALINERO FEIJOO.

ERANSKINA, LEHENDAKARITZAKO IDAZKARI NAGUSIAREN 2011KO EKAINAREN 24KO EBAZPENARENA. EBAZPEN HORREN BIDEZ, ERAKUNDE NORTASUNAREN ESKULIBURUKO ZEHAZTASUNAK PUBLIZITATEAN, ARGITALPENETAN, IBILGAILUETAN ETA SEINALETAN NOLA APLIKATU BEHAR DIREN ONARTZEN DUEN 2000KO MAIATZAREN 24KO EBAZPENA ALDATZEN DA.

6.4.6 Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

Idazpuruan armarri heraldikoa kokatuko da, koloretan; horren ezkerrean «EHAA» siglak jarriko dira, eta eskuinean «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria» izena, bi lerrotan. Multzo hori orrialdearen goialdean kokatuko da, orrialdeko gainerako datuetatik aparte eta laukizuzen baten barnean sartuta. Ondoren, beste laukizuzen txikiago bat kokatuko da, non jarriko baitira helbide elektronikoa, data eta buletinaren zenbakia.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala