Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2011ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
3381

AGINDUA, 2011ko ekainaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, telelaguntzaren zerbitzu publikoari 2011. urtean aplikatu beharreko prezio publikoaren zenbatekoa eta salbuespena zehazteko dena.

Irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko Legearen Testu Bategineko 33. artikuluak ematen dizkidan eskumenez baliatuz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta horren erakunde autonomoek prezio publikoen bidez ordain ditzaketen zerbitzuak eta jardunak zehaztu zituen irailaren 28ko 249/2010 Dekretuarekin bat etorriz, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak dagokion txostenaren aldeko txostena eman duenez, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Prezio publikoaren zenbatekoa zehaztea.

1.- Eusko Jaurlaritzaren titulartasuneko telelaguntza-zerbitzu publikoaren prezio publikoa hilean 4 eurokoa izango da 2011. urtean.

2.- Eusko Jaurlaritzaren titulartasuneko telelaguntza-zerbitzu publikoari buruzko Dekretua indarrean sartzean Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Gasteizko Udalaren telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaile diren erabiltzaileek ordaindu beharreko prezio publikoaren zenbatekoa ez da izango Telelaguntza Zerbitzu Publikoa arautzen duen Dekretua indarrean sartu aurretik erakunde horiek emandako zerbitzuaren erabiltzaile gisa legokiekeena baino handiagoa.

2. artikulua.- Prezio publikoa administratu eta kobratzea.

1.- Telelaguntza-zerbitzu publikoaren prezioa gizarte-gaien arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailak administratu eta kobratuko du.

Prezio publikoa hilero eskatuko da, hilabete naturala amaitzean, eta zenbatekoa hilabete horretan zerbitzua baliatu den egunen proportzioan zehaztuko da.

2.- Ordainketa eskudiruz egingo da, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko Legearen Testu Bategineko 21. artikuluak zehazten dituen bideetako edozein erabiliz.

3. artikulua.- Salbuespena.

1.- Erabiltzaileak prezio publikoa ordaintzetik salbuetsita egongo dira beren hileroko diru-sarreren zenbatekoa erreferentziako aldirako zehaztutako Ondorio Askotariko Errenta Adierazle Publikoaren (IPREM) berdina edo txikiagoa bada.

2.- Telelaguntza-zerbitzuaren prezioaren ordainketatik salbuesteko eskaera Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Zerbitzuetako zuzendariaren Ebazpenez onartu edo ukatuko da.

3.- Bizikidetzako unitateko kideak ekonomikoki zerbitzuaren erabiltzailearen mende daudenean eta zerbitzuaren erabiltzailea adingabea denean, baliabide ekonomikoak zenbatzeko bizikidetzako unitatea izango da kontuan. Kasu horietan pertsona erabiltzailearen hileroko diru-sarreren zenbatekotzat honakoa hartuko da: Agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatutako bizikidetzako unitateko kide guztien urteko diru-sarreren batura hamabi hilabeteen eta bizikidetzako unitateko kideen kopuruaren artean zatitzearen emaitza.

4.- Erabiltzailearen hileroko diru-sarreren zenbatekoa aldatzen bada, beste ebazpen bat eman ahal izango da telelaguntza-zerbitzua ordaintzeko salbuespena onartu edo ukatzeko.

4. artikulua.- Diru-sarrerak kalkulatzea.

1.- Erabiltzailearen diru-sarrerak zehazteko, diru-sarrera garbi guztiak hartuko dira zenbatgarritzat, ondokoetatik eratorritako sarrerak, hain zuzen:

a) Lan-etekinak -pentsioak eta gizarte-aurreikuspeneko prestazioak barne- haien araubidea edozein dela ere.

b) Kapital higigarri eta higiezinaren etekina.

c) Enpresa- edo lanbide-jardueren etekinak.

2.- Diru-sarrerak zehazteko zenbatu beharreko aldia eskabidearen unearen -edo prezioaren ordainketari buruzko salbuespena onartu edo ukatzeko beste ebazpen bat ematen den unearen- aurreko zerga-aldia izango da, zeinari buruz zerga-datuak baitaude.

5. artikulua.- Prezioa ordaintzeko betebeharretik salbuesteko eskatzen denean aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.- Prezioa ordaintzeko betebeharretik salbuesteko eskatzen dutenek bakarrik aurkeztu beharko dute diru-sarrerak zehazteko dokumentazioa.

2.- Telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzailearen hileroko diru-sarrerak zehazteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken autolikidazioa erabiliko da, edo, bestela, autolikidaziorik ez badago, lortutako errentei buruzko zerga-datuen ziurtagiriak edo egiaztagiriak. Agindu honetako 3.3 artikuluak begietsitako kasuan, erabili beharreko aipatutako agiriok erabiltzailearen bizikidetzako unitateko kide bakoitzari dagozkionak izango dira.

3.- Telelaguntza-zerbitzu publikoaren prezioa ordaintzetik salbuesteko eskabidea ebazteko Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzari zerga-datuak ematea baimendu duten pertsonen kasuan ez da PFEZ deklarazioaren kopiarik aurkeztu beharko, ezta zerga-datuei buruz zerga-administrazioak emandako ziurtagiri edo egiaztagiririk ere.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 57.4 artikulua erregelamendu bidez garatu artean, bizikidetzako unitatearen diru-sarrerak zehazteko, familia-unitatearen diru-sarrerak izango dira kontuan eta ulertuko da ekonomikoki zerbitzuaren erabiltzailearen mende dauden unitate horretako kideak inolako errentarik jasotzen ez dutenak direla.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan xedatu gabekoetan, orohar gizarte zerbitzuei buruzko arauak eta bereziki telelaguntzari buruzkoak aplikatuko dira.

Bigarrena.- Ondorengo urteetan Agindu hau aplikatuko da, telelaguntzaren zerbitzu publikoari dagokion urtean aplikatu beharreko prezio publikoaren zenbatekoa eta salbuespena zehazteko Agindua onartzen ez den artean.

Hirugarrena.- Agindu hau 2011ko uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 30a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala