Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2011ko ekainaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3379

AGINDUA, 2011ko ekainaren 22koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikasturte hasierako esleipen-prozedura arautzeko dena, behin betiko destinorik ez duten edo betetzen ez duten karrerako irakasle funtzionarioei edo lan legepeko irakasle finkoei dagokienez.

Ikasturte-hasierako esleipena urtero burutzen diren planifikazio- eta langileen prozedura batzuen azken urratsa da, eta eskola-elkarte osoari eragiten dio.

Hain zuzen, planifikazioa ikasleak matrikulatzen direnean hasten da. Haien datuekin eta antolaketa-irizpideak aplikatuta, hezkuntza-zerbitzu egokia emateko behar diren lanpostuak zehazten dira. Bestetik, langile-zerrendek gorabeherak izaten dituzte, sisteman altak eta bajak izaten direlako, eta destino-aldaketak edo aldi baterako hutsegiteak daudelako.

Lanpostu gehienek horiek betetzen dituzten behin betiko titular bat dute. Beste batzuek, berriz, ez dute titularrik edo, baldin badute, hutsik egongo dira ikasturtean zehar, pertsona horrek ez duelako beteko. Esleipenean azken lanpostu horiek eskaintzen dira.

Prozedura honetan behin betiko destinoa ez duten edo, baldin badute, beteko ez duten irakasle-kidegoetako karrerako funtzionarioek hartzen dute parte. Baita behin betiko lanpostua desagertu den lan legepeko irakasle finkoek ere. Geroago, irakasleen kidegoetan sartzeko edo hasteko prozeduretako praktika aldia egin behar duten pertsonek eta irakasleen ordezkogaien zerrendetako kideek ere hartuko dute parte.

Agindu honek ikasturte-hasierako esleipena arautu nahi du, karrerako langile funtzionarioei eta lan legepeko irakasle finkoei dagokienez. Gainerako pertsonen parte-hartzea berariazko araudi baten bidez zehaztuko da.

Esleipena langileen arteko norgehiagoka-prozedura bat da; bertan nork bere aukerak balia ditzake. Bestalde, prozedura horrekin lortu nahi da, batetik, ikastetxeak egonkorrak izatea, eta, bestetik, irakasleak nor bere espezialitatearen arabera banatzea; azken finean, kalitatezko hezkuntza-sistema lortu nahi da.

Orokorrean, pertsona bakoitzak prozeduran parte hartzen duen irakasle-kidegoko espezialitate propioetako lanpostuak eskura ditzake. Baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako lanpostuei dagokienez, badago salbuespen bat: Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko espezialitateetakoak izan arren, behin betiko destinoa duten maisu-maistrei, edo behin betiko azken destinoa ezaugarri horietako lanpostuetan izan duten maisu-maistrei eskainiko zaizkie lehenbizi. Horrela, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorreko aurreikuspenak jasotzen dira.

Lanpostuak eskuratzeko, espezialitatea izateak lehentasuna du. Hala ere, zenbait kasutan irakasleen titulazioari dagozkion lanpostuak esleitzea salbuespen gisa gertatzen da.

Hizkuntza-eskakizunari dagokionez, antolakuntza hobetzearren eta dauden baliabideak optimizatzearren, lanpostuak banatzeko, parte-hartzaileek egiaztatu duten hizkuntza-eskakizunaren arabera egitea gomendatzen da. Nolanahi ere, espezialitate jakin batzuen konfigurazioak eta ezaugarriek berezitasun batzuk sartzea eskatzen dute, irizpide hori aplikatzearen ondorioak neurrizkoak izan daitezen.

Prozedurak zenbait fase ditu, kontuan izan behar diren lehentasunen arabera definituta: taldeetan banatzea, pertsona erasanen espezialitatea kontuan izatea, edo zerbitzua ematen duten ikastetxearekin duten harremana.

Baina ikuspegi orokor batetik bi fase handi bereiz daitezke talde bakoitzean: finkatzea eta hautatzea.

Lehenengoan, erreferentziako ikastetxearen barruan esleitzen dira lanpostuak. Horrela, klaustroen egonkortasuna lortzen eta lantaldeak egonaldi-bokazioz eratzen laguntzen da.

Lanpostuak esparru geografiko jakinen arabera hautatzen dira, eta pertsona erasanek lanpostu horiek guztiak eskura ditzakete.

Azkenik, taldeak antolatzeko, arloa arautzeko ohituraz erabili diren irizpideak sartu dira, talde horien guztien artean aplikatzen direnak.

Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren 13. artikuluan xedatutakoari jarraituz eman da. Akordioa uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuaren bidez onartu zen, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren (apirilaren 12ko 7/2007 Legearen) 37. artikuluan aurreikusitako negoziazioaren ondorio da. Artikulu horrek honela dio: «Ikasturte-hasierako esleipena, hezkuntza-maila guztietan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindu bidez arautuko da, aurrez Plangintza Batzorde Teknikoan negoziatuta».

Horren ondorioz, honako hau

XEDATU DUT:

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan ikasturte hasierako esleipen prozedura arautzea da, karrerako irakasle funtzionarioei eta lan-legepeko irakasle finkoei dagokienez, betiere behin betiko destinorik ez dutenean edo prozeduraren ikasturtean betetzen ez dutenean.

2. artikulua.- Prozedura irekitzea eta egutegia.

Agindu honetan araututako prozedura urtero irekiko da Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, eta ekainaren bigarren hamabostaldian jarriko da jendaurrean, bai Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian, bai lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan, eta bertan zehaztuko da egutegia.

3. artikulua.- Lanpostuak.

1.- Prozedura honetan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasle-lanpostuak esleituko dira, esleipenaren unean daudenak eta behin betiko titularrik ez dutenak edo, baldin badute, titularrek, ziur aski, prozeduraren ikasturte osoan beteko ez dituztenak.

2.- Prozeduraren barruko lanpostuak zehazteko, prozedura abian den egunetan dagokion ikasturterako lanpostu-zerrendak onartu gabe badaude, onartutako azken lanpostu-zerrendak izango dira kontuan, ikasturte berrirako matrikulazioaren, eta taldeak konfiguratzeko eta lanpostu-zerrendak prestatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero onartzen eta argitaratzen dituen irizpideak aplikatzearen ondorioz izan daitezkeen aldaketekin.

Bereziki, hauek izango dira kontuan:

a) Lanpostu bat eratzeko espezialitateak elkartu behar badira, koherentziako eta curriculum-antzekotasuneko irizpideak aplikatu beharko dira.

b) Zenbait ikasgai barne hartzen dituzten lanpostuak ikasgai nagusiaren arabera esleituko dira. Ikasgai nagusia ordu kopuru handiena duena izango da, ikasgaietakoren bat atzerriko hizkuntza bat ez bada behintzat; kasu horretan, horixe izango da ikasgai nagusia.

3.- Hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa baztertu gabe, prozedurako lanpostuak hura hasi aurretik jarriko dira jendaurrean lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan, horien ezaugarriak biltzen dituzten zerrenden bidez.

Argitaratzeko egunak prozedurak deitzen duen Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez jakinaraziko dira.

4. artikulua.- Parte-hartzaileak.

1.- Prozedura honetan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko karrerako irakasle funtzionarioek edo lan-legepeko langile finkoek hartuko dute parte, nahitaez, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Behin betiko destinorik gabe zerbitzua ematen egotea, edo behin betiko destinoa edozein arrazoirengatik ez betetzea, nahikoa ordu ez egotea barne. Atal honetan sartuko dira, besteak beste, destinoaren zain dauden pertsonak, eta ikastetxe publikoetan irakasle-zerbitzua ematen hasten direnak, dagokion ikasturte-hasieratik hasita.

b) Zerbitzu aktibora itzultzea eskatzea, dagokion ikasturte-hasieratik hasita.

2.- 7.2 artikuluan adierazitako esleipen talde bakoitza definitzen duen egoeran daudenek dagozkien fase guztietan parte hartu beharko dute. Bestela, hezkuntza-administrazioak ofizioz esleituko die lanpostu bat, dagokien fasean.

3.- Prozedura honetan ez dute parte hartuko espresuki lekualdatutako pertsonek, esleipenaren ikasturterako behin betiko destinoko lanpostuaren espezialitatean eta hizkuntza-eskakizunean nahikoa ordu badago, eta lanpostua bete beharko dute. Hala ere, ez da aurrekoa kontuan hartuko ordu horiek egoeraren araberako premien ondoriozkoak ez badira, hala nola egoeraren batengatik pertsona bat ikasturte baterako ordezkatzea.

4.- Ikasturterako egindako plangintzaren arabera, ikastetxe jakin batean behin betiko destinoa duten langile guztientzat ordurik ez badago, esleipenean zer pertsonak parte hartuko duten zehazteko, lanpostu-zerrendetan aldaketak izateagatik erasandako irakasleak zehazteko prozedura arautzen duten arauak aplikatuko dira.

5. artikulua.- Lanpostuak esleitzeko baldintza orokorrak.

1.- Lanpostu bat eslei diezaioten, parte-hartzaileak baldintza orokor hauek bete beharko ditu:

a) Lanpostuari dagokion irakasle-kidegokoa izatea.

Hala ere, Bigarren Hezkuntzako espezialitateetako lanpostuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan soilik daudenean, maisu-maistren kidegoko pertsonei esleitu ahal izango zaizkie, agindu honetan ezartzen diren baldintzetan.

b) Lanpostuari dagokion espezialitatearen titular izatea, edo habilitazioa izatea.

Agindu honen eraginetarako, emango den ikasgaiari dagokion espezialitatea edo habilitazioa dutenei esleituko zaizkie maisu-maistren lanpostu-zerrendetako Helduen Hezkuntzako lanpostuak.

Titulu akademikoak dituztenentzat, agindu honen 11. eta 14. artikuluetan ezartzen diren baldintzetan esleituko dira lanpostuak. Titulu akademiko eta espezialitateen arteko korrespondentzia Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleak ordezkatzeko izangaiak kudeatzeko araudian orokorrean ezarritakoa izango da.

c) Lanpostuak eskatutako euskarazko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea.

2.- Ikasgai edo espezialitate bat atzerriko hizkuntzan ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, baldintza orokorrak betetzeaz gain, atzerriko hizkuntzan eskolak emateko ezarritako espezialitate- edo titulazio-baldintzak egiaztatu beharko dira.

3.- Atzerriko bi hizkuntza ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, baldintza orokorrak betetzeaz gain, gutxienez hizkuntzen erreferentziako esparru komun europarraren B2 maila gainditu izana egiaztatu beharko da, ordu kopuru txikiena duen hizkuntzari dagokionez.

6. artikulua.- Esleipenerako erreferentziako ikastetxea.

Parte-hartzaile bakoitzaren erreferentziako ikastetxea prozedurari dagokion aurreko ikasturteko otsailaren lehen lanegunetik ekainaren azken lanegunera zerbitzua eman zuen ikastetxea da, salbuespen hauekin:

1.- Agindu honen 7.2 artikuluaren a) eta c) letrei dagozkien taldeak:

Behin betiko destinoa duten ikastetxea ez den beste batean aurreko ikasturtean zerbitzua eman zuten talde horietako pertsonek behin betiko destinoa duten ikastetxea erreferentziakotzat hartzea eska dezakete.

2.- Agindu honen 7.2 artikuluaren b) eta d) letrei dagozkien taldeak:

Nahikoa ordu ez zuten, edo kenduaren izaera lortu zuten ikastetxea ez den beste batean aurreko ikasturtean zerbitzua eman zuten talde horietako pertsonek nahikoa ordu ez zuten, edo kenduaren izaera lortu zuten ikastetxea erreferentziakotzat hartzea eska dezakete.

3.- Behin betiko lanposturik gabe eta egoera berezietan dauden pertsonak:

a) Behin betiko lanposturik gabe Iralen egon diren pertsonek programa horretara joan ziren ikastetxean izango dute erreferentzia.

b) Behin betiko lanposturik gabe adin txikiko seme edo alaba edo ahaideak zaintzeagatiko eszedentziatik lanera itzultzen diren pertsonek egoera horretara joan ziren ikastetxean izango dute erreferentzia, salbuespen batekin: behin betiko lanpostua izatekotan, lanpostu-erreserbagatik zegokien epea baino luzeagoa ez igarotzea.

c) Behin betiko lanposturik gabe zerbitzu berezietatik lanera itzultzen diren pertsonek, edo liberazio sindikala amaitzeagatik ikastetxe publikoetan irakasle-lanpostuetara zerbitzua benetan ematera itzultzen direnek egoera horietara joan ziren ikastetxean izango dute erreferentzia.

4.- Aurreko ikasturtean zerbitzu-eginkizun batean jardun duten pertsonentzat:

Erreferentziako ikastetxea zerbitzu-eginkizunetako lanpostua bete dutena izango da, behin betiko destinoa ikastetxe horretan badute soilik, edo esleipen-prozeduraren ikasturtean zerbitzu-eginkizunean jarraitzen badute.

5.- Ikastetxeak aldatzea:

Aurreko ikasturtean fusionatu diren ikastetxeetan zerbitzua eman duten pertsonek fusioaren ondoriozko ikastetxe berrian izango dute erreferentzia.

Ikastetxeak banakatu edo zatitu egin badira, ondoriozko ikastetxe guztietan izango dute erreferentzia.

II. KAPITULUA

ESLEIPEN PROZEDURAREN GARAPENA

1. ATALA

XEDAPEN OROKORRAK

7. artikulua.- Prozeduraren egitura eta esleipen taldeak.

1.- Ikasturte-hasierako esleipen-prozedura fase-segida ordenatu bat da, horietako bakoitzean esleipenerako erabilitako esleipen taldeen eta finkatze- eta hautatze-sistemen arabera definitua.

2.- Parte-hartzaileak esleipen talde hauetan bilduko dira:

a) Haien lanpostua eraldatzeagatik behin betiko destinoa hizkuntza-eskakizuna betea duten lanpostuetan izan eta egiaztatu ez duten pertsonak.

b) Esleipen-prozeduraren ikasturterako nahikoa ordu ez duen behin betiko destinoko lanpostua duten pertsonak.

c) Lanpostu-zerrendetan aldaketek erasandako pertsonak zehazteko prozeduretan espresuki lekualdatutzat jo diren pertsonak.

d) Lanpostu-zerrendetan aldaketek erasandako pertsonak zehazteko prozeduretan behin betiko destinoa espresuki kendu zaien pertsonak.

e) Epaia betetzeagatik behin betiko destinoa galdu duten pertsonak.

f) Lanpostu huts bat betetzeko zerbitzu-eginkizun bat eman zaien pertsonak.

g) Destinoaren zain dauden, edo behin-behineko destinoa duten beste pertsona batzuk.

2. ATALA

ESLEIPEN-FASEAK

8. artikulua.- Maisu-maistren kidegorako esleipen-faseak.

Maisu-maistren kidegorako esleipena segidako fase ordenatu hauen bidez egingo da:

1.- a) taldea finkatzea, behin betiko destinoa duten ikastetxearen barruan.

2.- b) taldea finkatzea, behin betiko destinoa duten ikastetxearen barruan.

3.- d) taldea finkatzea, behin betiko azken destinoa izan zuten ikastetxearen barruan.

4.- a) taldea finkatzea, behin betiko destinoa duten ikastetxea ez den beste baten barruan.

5.- b) taldea finkatzea, behin betiko destinoa duten ikastetxea ez den beste baten barruan.

6.- d) taldea finkatzea, behin betiko azken destinoa izan zuten ikastetxea ez den beste baten barruan.

7.- e) taldea finkatzea.

8.- a) taldea hautatzea.

9.- b) eta d) taldeak erreferentziako ikastetxearen bilgunean batera hautatzea.

10.- b), d) eta e) taldeak erreferentziako ikastetxearen lurralde historikoan batera hautatzea.

11.- f) taldea finkatzea.

12.- g) taldea finkatzea.

13.- f) taldea hautatzea.

14.- Kanpoko lanpostuetako atxikipenetatik behin-behineko destinoarekin datozen pertsonak behin betiko azken destinoa izan zuten herrian hautatzea.

15.- g) taldea hautatzea.

9. artikulua.- Gainerako kidegoetarako esleipen-faseak.

Gainerako kidegoetarako esleipena ondorengo fase-zerrenda ordenatu eta segidakoa izango da:

1.- a) taldea haien espezialitateko lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxean finkatzea.

2.- b) taldea haien espezialitateko lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxean finkatzea.

3.- c) taldea haien espezialitateko lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxean finkatzea.

4.- a) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxean finkatzea.

5.- b) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxean finkatzea.

6.- c) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxean finkatzea.

7.- a) taldea haien espezialitateko lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxea ez den beste batean finkatzea.

8.- b) taldea haien espezialitateko lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxea ez den beste batean finkatzea.

9.- c) eta d) taldeak haien espezialitateko lanpostuetan, behin betiko azken destinoa duten edo izan zuten ikastetxea ez den beste batean finkatzea.

10.- a) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxea ez den beste batean finkatzea.

11.- b) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetan, behin betiko destinoa duten ikastetxea ez den beste batean finkatzea.

12.- c) eta d) taldeak titulu akademikoari dagozkion lanpostuetan, behin betiko azken destinoa duten edo izan zuten ikastetxea ez den beste batean batera finkatzea.

13.- e) taldea haien espezialitateko lanpostuetan finkatzea.

14.- e) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetan finkatzea.

15.- a) taldea haien espezialitateko lanpostuetarako hautatzea.

16.- a) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetarako hautatzea.

17.- b), c), d) eta e) taldeak haien espezialitateko lanpostuetarako batera hautatzea.

18.- b), c), d) eta e) taldeak titulu akademikoari dagozkion lanpostuetarako batera hautatzea.

19.- f) taldea haien espezialitateko lanpostuetan finkatzea.

20.- f) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetan finkatzea.

21.- g) taldea haien espezialitateko lanpostuetan finkatzea.

22.- g) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetan finkatzea.

23.- f) taldea haien espezialitateko lanpostuetarako hautatzea.

24.- f) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetarako hautatzea.

25.- Kanpoko lanpostuetako atxikipenetatik destinoaren zain datozen pertsonak hautatzea, haien espezialitateko lanpostuetarako, behin betiko azken destinoa izan zuten herrian.

26.- g) taldea haien espezialitateko lanpostuetarako hautatzea.

27.- g) taldea titulu akademikoari dagozkion lanpostuetarako hautatzea.

3. ATALA

FINKATZE-SISTEMA

10. artikulua.- Finkatze-sistemaren ezaugarriak.

1.- Finkatze bidezko esleipen-sisteman, administrazioak ofizioz esleituko dio lanpostu bat parte-hartzaile bakoitzari, dagokion erreferentziako ikastetxean.

Finkatzeari uko egin diezaiokete gutxienez azken bi ikasturteak haien erreferentziako ikastetxean eman dituztenak, eta kasu horretan, dagokien hurrengo hautatze-sistema bidezko esleipen-fasera igaroko dira.

2.- Hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoari kalterik egin gabe, finkatze-fase bakoitzaren emaitza langile-unitateek jakinaraziko dute, lurralde-ordezkaritzen iragarki-tauletan jendaurrean jarrita.

Ondoren, epe bat irekiko da, interesdunek esleitu zaiena ez den beste lanpostu bat esleitzea eska dezaten, baldin eta horretan eskolak emateko baldintzak betetzen badituzte, eta lanpostua beterik ez badago.

11. artikulua.- Finkatze-sisteman eslei daitezkeen lanpostuak.

1.- Finkatze bidezko esleipen-sisteman, ikastetxean erabilgarri dauden lanpostu guztiak erabiliko dira, titularra gaixorik egoteagatik hutsik ez badaude. Finkatu behar den pertsonaren berariazko eskabiderik badago, azken lanpostu horiek erabiliko dira, eta titularra zerbitzu berezietan, liberazio sindikalean edo urte sabatikoko baimenarekin egoteagatik hutsik dauden lanpostuak ez dira erabiliko.

2.- Maisu-maistren kidegoan, lanpostuak espezialitate-ordena honetan esleituko dira lanpostuak ikastetxe bakoitzean: Ingelesa (ING), HHE Ingelesa (HHI), Entzumena eta Mintzamena (ENM), Gela Itxiak (GIT), Pedagogia Terapeutikoa (PTE), Kontsultorea (KON), Gorputz Hezkuntza (GHE), Musika (MUS), Haur Hezkuntza (HH), Euskara (EUS), Frantsesa (FRA), HHE Frantsesa (HHF), HHE Matematika (HHM), HHE Gizarte Zientziak (HHG), Lehen Hezkuntza (LH), HHE Hasierako Irakaskuntza (HHH).

Atal honetan ezarritakoaren salbuespen izango dira kasu hauek:

a) Behin betiko destinoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako lanpostuetan duten pertsonei, eta behin betiko azken destinoa ezaugarri horietako lanpostuetan izan dutenei, espezialitate hauetako lanpostuak esleituko zaizkie finkatze bidez, haien erreferentziako ikastetxean: Plastika eta Ikus Hezkuntza (PLA), Gaztelania eta Literatura (GAZ), Matematika (MAT), Natur-Zientziak (NAT), Gizarte Zientziak (GIZ), Teknologia (TEK), ordena horretan. Lanposturik ez badago 2. atal honen lehen paragrafoan ezarritako irizpide orokorra aplikatzea eskatu ahal izango dute.

b) 2007tik aurrera deitutako hautaketa-prozeduretako praktika-aldia gainditu eta lekualdatze-lehiaketan behin betiko destinorik lortu ez duten pertsonei, oposizioan gainditu zuten espezialitateko lanpostu bat esleituko zaie, baldin badago, eta ez badago, 2. atal honen lehen paragrafoan ezarritako irizpide orokorra aplikatuko da.

3.- Gainerako irakasle-kidegoetan, finkatze bidezko esleipena egiteko, esleipendunak lanpostuari dagokion espezialitatearen titular izan beharko du, salbuespen hauekin:

a) a), b), c) eta d) taldeetako pertsonek haien titulu akademikoari dagokion espezialitateko lanpostu bat esleitzea eska dezakete.

b) Espezialitateko lanpostu bati uko egin diezaiokete, talde bakoitzean espezialitate horretako lanpostu guztiak bete badira.

c) Norbait lanposturik gabe geratzen bada, haren titulu akademikoari dagokion espezialitateko lanpostu bat esleituko zaio.

4. ATALA

HAUTATZE-SISTEMA

12. artikulua.- Hautatze-sistemaren ezaugarriak.

1.- Hautatze bidezko esleipen-sisteman, aurreko fasean lanposturik lortu ez duten pertsonei, dagokien esparru geografikoan hautatzen duten lanpostu bat esleituko zaie.

Hori hautatzen ez badute, edo hautatutako lanpostua lortzen ez badute, administrazioak ofizioz esleituko die lanpostu bat haien erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoan edo, ezin bada, Euskal Autonomia Erkidegoan.

2.- Hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoa baztertu gabe, Langileria Kudeatzeko zuzendariak Agindu honen 2. artikuluan aipatutako ebazpenaren bidez deitutako ekitaldi publikoetan hautatuko dute parte-hartzaileek lanpostua.

Hautatze-fase bakoitzaren emaitza langile-unitateek jakinaraziko dute, lurralde-ordezkaritzen iragarki-tauletan jendaurrean jarrita.

13. artikulua.- Hautaketa egiteko esparru geografikoa.

1.- a), b), c) eta d) taldeak:

Talde hauetako pertsonek haien erreferentziako ikastetxea dagoen eskola-bilguneko lanpostuen artean hautatuko dute. Batere lortzen ez badute, edo esparru horretan hautatzeari espresuki uko egiten badiote, dagokien lurralde historikokoen artean hautatuko dute, bilgune bakoitzean taldeak hautatzen amaitu ondoren.

2.- e), f) eta g) taldeak:

Talde hauetako pertsonek haien erreferentziako ikastetxea dagoen lurralde historikoko lanpostuen artean hautatuko dute, salbuespen hauekin:

a) Kanpoko lanpostuetan atxikita egon eta euskal hezkuntza-administrazioko kudeaketa-esparrura esleipen-prozeduraren ikasturtean itzuli nahi duten pertsonek, edo aurreko ikasturteetan itzuli direnek, lehenago behin betiko destinoa izan eta oraindik lortu ez badute, destino hori zegoen herriko lanpostuak hautatuko dituzte. Batere lortzen ez badute, edo esparru horretan hautatzeari espresuki uko egiten badiote, dagokien lurralde historikokoen artean hautatuko dute, taldeko gainerako pertsonekin batera.

b) Prozeduran ikastetxe publikoetan irakaskuntzako lanpostuetan zerbitzua ematera itzultzen diren pertsonek esparru horretan zerbitzua emateari utzi ziotenean zeuden lurralde historikoan hartuko dute parte.

c) Prozeduran itzultzen diren pertsonek nahi duten lurralde historikoan hartuko dute parte.

3.- Edozein parte-hartzailek eska dezake lanpostuak haien erreferentziako ikastetxearena ez den lurralde historikoaren esparru geografikoan hautatzea, baldin eta erreferentziako ikastetxean finkatzeari, eta aurreko atalen arabera dagozkion esparru geografikoei uko egiten badie. Eskabidea ebazteko, kontuan izango da espezialitateko lanposturik badagoen, eta joan nahi duen lurraldean zenbat pertsona dauden.

14. artikulua.- Hautatu eta esleitu daitezkeen lanpostuak.

1.- Maisu-maistren kidegoan, parte-hartzaileek, lanpostuak hautatzeko, Agindu honen 5. artikuluan ezarritzako baldintzak bete behar dituzte. Parte hartzen ari diren esparru geografikoan haien espezialitateko edo habilitazioko lanposturik ez badago, espezialitate hauetako lanpostuak hauta ditzakete: HHE Hasierako Irakaskuntza (HHH), Lehen Hezkuntza (LH).

2.- Gainerako kidegoetan, parte-hartzaileek, lanpostuak hautatzeko, Agindu honen 5. artikuluan ezarritzako baldintzak bete behar dituzte. Parte hartzen ari diren esparru geografikoan haien espezialitateko lanposturik ez badago, haien titulu akademikoari dagozkion lanpostuak hauta ditzakete.

5. ATALA

LEHENTASUNA TALDE BAKOITZAREN BARRUAN

15. artikulua.- Maisu-maistren kidegoan, talde bakoitzaren barruan ordenatzea.

1.- Finkatze-sistemarako, parte-hartzaileak erreferentziako ikastetxean etengabeko antzinatasun handiena lehenetsita ordenatuko dira talde bakoitzaren barruan, salbuespen hauekin: behin betiko destinoa erreferentziako ikastetxean izatea, edo bertan kentzea behin betiko azken destinoa. Kasu horietan, ikastetxe horretan behin betiko izendapenez etengabeko antzinatasun handiena lehenetsita ordenatuko dira, eta kenduaren izaeran betetako zerbitzu-denbora gehituko zaio horri, egoera horretan dauden pertsonen kasuan.

Berdinketa badago, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan.

2.- Hautatze-sisteman, parte-hartzaileak maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora luzeena lehenetsita ordenatuko dira talde bakoitzaren barruan.

Berdinketa badago, maisu-maistren kidegoko irakaskuntza-postuetan emandako zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan, eta berdinketak jarraituz gero, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-postu publikoetan emandako zerbitzu-denbora luzeena.

3.- Ikastoletako edo ikastetxe publifikatuetako pertsonek parte hartzen badute, haiei buruzko berezitasun hauek hartuko dira kontuan:

a) Antzinatasuna ikastetxean, behin betiko izendapenez: apirilaren 16ko 81/1996 Dekretuaren 39. artikuluan xedatua aplikatuko da.

b) Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora: Ikastola, ikastetxe publiko edo publifikatuetan lan-kontratu mugagabearekin eman duten zerbitzu-denbora zenbatuko zaie.

c) Azken irizpide hori aplikatzean berdinketa badago, pertsona erasanak maisu-maistren kidegoko irakaskuntza-postuetan, ikastetxe publiko edo publifikatuetan, emandako zerbitzu-denbora luzeenaren arabera ordenatuko dira.

16. artikulua.- Gainerako kidegoetan, talde bakoitzaren barruan ordenatzea.

1.- Finkatze-sistemarako, parte-hartzaileak irizpide hauen arabera ordenatuko dira talde bakoitzaren barruan:

a) Katedradunen kidegoetako pertsonek, antzinako katedradun numerarioen, edo irakasle numerarioen eta irakaskuntza bateratuetako psikologoen kidegoetarako berariazko lekualdatze-lehiaketetan lortutako lanpostuan oraindik behin betiko destinoa badute, lehentasuna izango dute aukera hori duten gainerako pertsonekiko. Zenbait pertsona badaude, hurrengo b) eta c) letretan adierazitako irizpideak aplikatuko dira.

b) Gainerako langileentzat, erreferentziako ikastetxean parte hartzen duen kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako etengabeko zerbitzu-denbora gehi parte hartzen duen kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora izango da eskubiderik hoberena.

c) Berdinketa badago, erreferentziako ikastetxean parte hartzen duen kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako etengabeko zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan. Berdinketa badago, parte hartzen duen kidegoan dagozkion lanpostuetan, ikastetxe publiko edo publifikatuetan, emandako zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan. Berdinketa badago, parte hartzen duen kidegoan sartu zen urterik zaharrenak erabakiko du, eta berdinketa izanez gero, hautaketa-prozeduran lortutako puntuazio handienak.

2.- Hautatze-sisteman, parte-hartzaileak parte hartzen duten kidegoko karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzu-denbora luzeena lehenetsita ordenatuko dira talde bakoitzaren barruan.

Berdinketa badago, parte hartzen duten kidegoko irakaskuntza-postuetan emandako zerbitzu-denbora luzeena izango da kontuan, eta berdinketak jarraituz gero, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-postu publikoetan emandako zerbitzu-denbora luzeena.

6. ATALA

EUSKARAZKO HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA

17. artikulua.- Hizkuntza-eskakizunari buruzko berariazko xedapenak

1.- 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten pertsonek 2. hizkuntza-eskakizuneko eta derrigorrezkotasun-data beteko lanpostuak eskuratuko dituzte, salbuespen hauekin:

a) Finkatze-sisteman, erreferentziako ikastetxean horrelako lanposturik ez badago, b), c) eta d) taldeko pertsonei 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak esleituko zaizkie finkatze bidez, kontrakoa adierazten ez badute.

b) Hautatze-sisteman, hautatzeko esparru geografikoan horrelako lanposturik ez badago, pertsona erasanek 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak hauta ditzakete.

c) Lanbide Heziketako berariazko irakasleek haien espezialitateko 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eskura ditzakete, baldin eta aukera horrek 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe eta atzeragoko posizio batean dauden karrerako funtzionario batzuek lanpostua eskuratzea eragozten ez badu.

2.- 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten pertsonek 1. hizkuntza-eskakizuneko eta derrigorrezkotasun-data beteko lanpostuak eskuratuko dituzte. 1. hizkuntza-eskakizuneko eta derrigorrezkotasun-data atzeratuko lanpostuak ere eskura ditzakete, baldin eta aukera horrek hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe eta atzeragoko posizio batean dauden karrerako funtzionario batzuek lanpostua eskuratzea eragozten ez badu.

3.- Hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe duten pertsonek derrigorrezkotasun-data atzeratuko lanpostuak eskuratuko dituzte.

7. ATALA

BORONDATEZKO AUKERAK

18. artikulua.- Aplikazio orokorreko borondatezko aukerak.

Orokorrean, aukera hauek balia daitezke:

a) Finkatzeari uko egitea, 10. artikuluaren 1. atalean deskribatutako baldintza eta ondorioekin.

b) Beste lurralde historiko batean hautatze-fasean parte hartzea eskatzea, 13. artikuluaren 3. atalean deskribatutako baldintza eta ondorioekin.

19. artikulua.- Aukerak baliatzeko epeak eta forma.

Agindu honetan bildutako aukerak baliatzeko epeak eta forma 2. artikuluan aipatzen den Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenean zehaztuko dira.

III. KAPITULUA

ESLEITZEA, ERAGINAK ETA IZENDAPENAK

20. artikulua.- Esleipena ebaztea.

Prozedura fase guztiak amaitutakoan ebatzi eta erabakiko da, Langileria Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan jarriko dira jendaurrean.

21. artikulua.- Eraginak eta izendapenak.

1.- Esleitutako lanpostuak betetzeari ezin zaio uko egin.

2.- Behin betiko destinoa duten pertsonak zerbitzu-eginkizunetarako izendatuko dira; gainerakoak, berriz, behin-behineko destinorako, zer egoera duten ikusitakoan.

3.- Esleitutako lanposturako izendapenak ikasturtea hasten den urteko irailaren 1ean izango du eragina, eta hurrengo urteko abuztuaren 31n amaituko da, titularra duten lanpostuetan izan ezik, hura egun hori baino lehenago itzultzen bada; kasu horretan, izendapena lanera itzultzeko bezperan amaituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Lan-legepeko irakasle finkoak.

1.- Agindu hau aplikatzeko, irakasle funtzionarioen kidegoak aipatzean, funtzionario-kidegoari esleitutako antzeko funtzioak betetzen dituzten langile finkoak ere sartzen dira, kontrakorik aurreikusten ez bada.

2.- Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan eskolak ematen dituzten lan-legepeko irakasle finkoen kasuan, lanpostu-zerrenda onartu eta argitaratzeagatik behin betiko esleituta zeukan lanpostua kendu bada, pertsona erasanak agindu honetan araututako esleipen-prozeduran parte hartuko du, 7.2 artikuluaren d) letran aipatutako pertsona kenduen taldean.

Agindu honetan araututako prozeduran esleitzen zaion lanpostua behin betiko kokapenekotzat joko da, baldin eta lanpostu-zerrendan aurreikusi bada, titularrik ez badu eta pertsona erasanak espezialitatearen eta euskarazko hizkuntza-eskakizunaren baldintzak betetzen baditu.

3.- Beste hezkuntza-maila batzuetan eskolak ematen dituzten lan-legepeko irakasle finkoen kasuan, lanpostu-zerrenda onartu eta argitaratzeagatik behin betiko esleituta zeukan lanpostua kendu bada, pertsona erasana beste ikastetxe batera lekualdatuko da eta beste lanpostu bat esleituko zaio, behin betiko bete dezan.

Lekualdatzea agindu honetan araututako esleipen-prozeduraren aurretik egingo da, eta egoera aztertu ondoren, hutsik dauden lanpostu guztiak kontuan izango dira, pertsona erasanari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Lekualdatzearen xede den lanpostua desagertutzat joko da.

Bigarrena.- Irakaskuntza Ertainetako Institutu Teknikoetako irakasle-kidegoa eta «Jarduerak» espezialitateko langileak.

Irakaskuntza Ertainetako Institutu Teknikoetako irakasle-kidegoaren eta «Jarduerak» espezialitateko langileen kasuan, lanpostu-zerrenda onartu eta argitaratzeagatik behin betiko esleituta zeukan lanpostua kendu bada, pertsona erasana beste ikastetxe batera lekualdatuko da eta beste lanpostu bat esleituko zaio, behin betiko bete dezan.

Lekualdatzea agindu honetan araututako esleipen-prozeduraren aurretik egingo da, eta egoera aztertu ondoren, hutsik dauden lanpostu guztiak kontuan izango dira, lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuta erabili direnak izan ezik, pertsona erasanari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Lekualdatzearen xede den lanpostua desagertutzat joko da.

Hirugarrena.- Prozeduran bitarteko informatikoak eta telematikoak erabiltzea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bitarteko informatikoak eta telematikoak ezarriko ditu pixkanaka, agindu honetan araututako prozedura tramitatzeko.

Agindu honen 2. artikuluan aipatutako prozeduraren deialdia egiteko ebazpenean adieraziko da, hala badagokio, bitarteko horiek ezartzeko unea eta modua.

Bitarteko informatikoak eta telematikoak ezartzean, ahal bada, hautatze-sistemaren bidez esleitzeko ekitaldi publiko presentzialerako deialdia kendu egingo da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 22a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala