Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2011ko ekainaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
3188

112/2011 DEKRETUA, ekainaren 7koa, zeinen bidez onartzen baita Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea, nekazaritzako nitrato-kutsadura jasateko arriskupeko gunetzat jo ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko guneetarako.

Gure baserria nekazaritza-eredu iraunkor baten itzalpean garatu nahi baldin badugu, eta, aldi berean, ondare ekologikoa babestu nahi baldin badugu, nekazarien betiko ohitura onak zaintzea dugu zutarrietako bat. Bada, ongarriak zentzuz erabiltzea da helburu horiek lortzeko ohitura on horien muina.

Orain arte, ohitura on horiek abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuan izan ditugu nolabait bilduta. Dekretu horretan, bi gauza egin genituen: nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskupean dauden inguruak izendatzeko arauak finkatu; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartu. Kode horren asmoa, azken batean, nitratoen direktiba delakoan jasota datozen helburuak lortzea da, hau da, «abeltzaintzak sortzen dituen hondakinak zabalduz edo isuriz eta ongarri gehiegi erabiliz gerta daiteke urak kutsaturik uztea; ea kutsadura hori kontrolatzea eta murriztea lortzen dugun» (Kontseiluaren 1991ko abenduaren 12ko Direktiba, urak nekazaritzako nitratoen kutsaduratik babesteari buruzkoa (91/676/EEE)).

Aipatu beharreko beste arau bat 2000ko abenduaren 18ko Agindua da, 2000ko abenduaren 28an argitaratua. Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuak, Garraio eta Herri Lan sailburuak eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuak onartu zuten, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden eremuetarako jarduera-plana onartzeko. Bada, plan horretan deklaratu zenez, Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko 1999ko Kodea «derrigor bete beharrekoa da, ura nekazaritzako nitratoek kutsatzeko arriskupean dagoen leku guztietan, alegia, halakotzat deklaraturik dauden edo bihar-etzi egongo diren leku guztietan». Gerora, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai sailburuaren beste agindu bat etorri zen, 2008ko urriaren 15ekoa, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden eremuetarako jarduera-plana onartzen zuena, eta 2000ko abenduaren 18koa indarrik gabe uzten zuena. Bada, beste agindu horretan, ere, kodea betetzeko obligazio hori berretsi egin zen.

Inguru horietan zenbat nitrato metatzen den jakiteko egin diren jarraipen-lanetan ikusi denez, jarduera-plana aplikatzea baliagarria da eta uretan lehen baino nitrato gutxiago aurkitu da metaturik. Baina, edonola ere, bada kontuan hartu beharreko gauza bat: arriskupeko deklaraturik dauden eta ez dauden lekuetan erabil daitezkeen ongarri-kopuruak oso ezberdinak dira.

Hortaz, ikusi dugu Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko beste kode bat onartu beharra dagoela, baina nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskurik ez dagoen lekuetarako, edo, bestela esanda, Euskal Autonomia Erkidegoan halako eremu modura deklaraturik ez dauden lekuetarako, halakoetan ez dagoelako ongarri nitrogenatuen dosiekin zertan hain zorrotz ibili. Kode berri horretan, landare bakoitzerako gehienez ere zenbateko nitrogeno-dosiak erabiltzea komeni den zehaztu dugu, betiere bi helburu lortzera begira: ahalik eta gehien produzitu, eta inguruan ahalik eta nitrogeno gutxien galdu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10. artikuluko 9. eta 11. puntuen arabera, nekazaritzako eskumen guztiak autonomia-erkidegoari dagozkio, ekonomiaren antolakuntza orokorraren arabera.

Dekretu hau egiteko orduan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundietako nekazaritza sailen iritzia ere eskatu dugu, eta baita sektoreko erakunde profesionalena ere.

Horrenbestez, dagozkien aginduzko txostenak igorri ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ingurumen, Lurralde plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposaturik eta Gobernu Kontseiluak 2011ko ekainaren 7an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea.

Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartu dugu, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako nitratoek ura kutsatuko ote duten arriskupeko leku modura deklaraturik ez dauden lekuetarako. Dekretu honetako eranskinean dator testu osoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioari jakinaraziko dio Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea hau onartu izana, Kontseiluaren 1991ko abenduaren 12ko Direktibako 4.2 artikuluaren ondorioetarako (nekazaritzako nitratoen kutsaduratik babesteari buruzkoa da direktiba hori).

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.- Abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuko 2. artikulua aldatu egin dugu. Dekretu horren bidez, bi gauza hauek egin ziren: nekazaritzatik eratorritako nitratoek ura kutsatzeko arriskua dagoela-eta, leku batzuk arriskupeko deklaratzeko arauak finkatu; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartu*. Aurrerantzean, honela idatzita egongo da:

«2. artikulua.- Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea.

Honen bidez, Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartu dugu, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako nitratoek ura kutsatuko ote duten arriskupeko leku modura deklaraturik dauden lekuetarako. Dekretu honetako eranskinean dator testu osoa.»

Bigarrena.- Abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuko I. eranskineko goiburua aldatu egin dugu. Dekretu horren bidez, bi gauza hauek egin ziren: nekazaritzatik eratorritako nitratoek ura kutsatzeko arriskua dagoela-eta, leku batzuk arriskupeko deklaratzeko arauak finkatu; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartu*. Aurrerantzean, honela idatzita egongo da:

«I. ERANSKINA

Nekazaritza-lanetako Egoki Jarduteko Kodea

Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskua dagoen, horrela deklaraturik dauden lekuak.»

Hirugarrena.- Abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuko I. eranskineko sarrerako 1. puntuko laugarren lerrokada aldatu egin dugu. Dekretu horren bidez, bi gauza hauek egin ziren: nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskupean dauden inguruak izendatzeko arauak finkatu; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartu. Aurrerantzean, honela idatzita egongo da:

«Administrazioak izendaturiko arriskupeko lekuetan zer egin behar den jakiteko zehazten diren programetan, hemen bilduta datozen neurriak ere jaso beharko dira.»

Laugarrena.- Abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuko I. eranskineko 13. puntuko lehen lerrokada ezabatu egin dugu (Azken hitzak eta hamar aginduak datoz puntu horretan). Dekretu horren bidez, bi gauza hauek egin ziren: nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskupean dauden inguruak izendatzeko arauak finkatu; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartu.

Bosgarrena.- Xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 7an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

ERANSKINA

NEKAZARITZA-LANETAN EGOKI JARDUTEKO KODEA

Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako nitratoek ura kutsatzeko arriskurik ez dagoen, horrela deklaraturik ez dauden, lekuak.

1.- Sarrera

Kode honetan, bi gauza datoz zehazturik: ongarri nitrogenatuak nola erabili, eta gehienez ere zenbateko dosiak erabiltzea komeni den.

Dosiak adierazten duena da landaketan, guztira, zenbat nitrogeno bota daitekeen. Hortaz, hainbat gauza hartu behar da kontuan: zein ongarri-mota den (minerala, organikoa edo biak), zein nitrogeno-kontzentrazio duen, eta denbora laburrean edo luzean egongo den nitrogenoa lurretan.

2.- Ongarri nitrogenatua noiz bota.

Nitrogenoa ganoraz erabiliz gero, beharrezkoa denean behar bezain beste erabiliz gero, etekin handiagoa lortuko dugu eta ingurumena hobeto babestuko dugu, uretan nitrato eta amonio gutxiago galduko dugulako, eta haizetara amoniako eta oxido nitroso gutxiago isuriko dugulako.

Ahal dela, landareak xurgatzen duenean bota beharra dago ongarri nitrogenatua. Hartara, ongarria bota eta landareak xurgatzen duen bitartean ez dago garbiketa-urak nitrogenoa eramateko denborarik.

Gure eremuetan ongarritze arrazionala egiteko, honako faktore hauek izan behar dira kontuan:

- Zenbait sasoitan, lurreko nitrogeno organikoa nabarmen mineralizatzen da (udazkena, udaberria). Sasoi horietan ereindako laboreek nitrogeno-kopuru handia izango dute lehen faseetarako.

- Neguan, jarduera begetatibo gutxi eta euri asko izaten da. Udazkenean ereindako labore gehienak ez dute nitrogenoa modu eraginkorrean erabiltzen, beraz, udazken amaieran botatako nitrogenoaren proportzio handi bat lixibiazioagatik galduko da.

- Materia organiko ugari duten lur-sailek nitrogeno-kopuru handiak askatzen dituzte. Landare-hondakinak lurperatzeak nahiz estalki berdeek materia organikoa mantentzen laguntzen dute eta, denborarekin, nitrogeno gutxiago beharko da.

Simaurrak edo bestelako ongarri organikoak erabiltzen badira, konposizioa ezagutu behar da. Ez badugu erabiliko den ongarriaren analisirik, honako erreferentzia-taula hau erabil dezakegu:

Materia lehorra

% Guztizko nitrogenoa Fosforoa (P2O5)

kg/m3 Potasioa (K2O)

Esnetarako behien mindak 10,5 4,1 1,9 3,7

Haragitarako behien mindak 12,7 2,8 1,9 4,2

Txerri-mindak 4,0 3,6 1,8 2,4

kg/t

Esnetarako behien simaurra 28,5 5,6 4,3 9,3

Haragitarako behien simaurra 23,3 5,7 5,0 9,5

Ardi-simaurra 33,5 10,6 5,9 16,8

Zaldi-simaurra 30,0 7,0 5,0 6,0

Oilo-simaurra 35,0 19,0 14,0 9,5

Ongarri organikoetako nitrogenoa hartzeko aukera desberdina da ongarriaren jatorriaren arabera, beraz, hori aplikatzeko momenturik egokiena ere desberdina izango da.

- Azkar har daitekeen nitrogenoaren proportzio handiagoa duten ongarri organikoak (txerri-, behi- eta oilo-mindak) laboreak nitrogeno hori eraginkortasunez erabil dezakeen momentuetan aplikatu beharko lirateke. Harea-lurretan edo oso sakonak ez direnetan ez da aplikatuko neguan, lixibiazioagatiko galerak izateko arriskua handiagoa baita.

- Azkar har daitekeen nitrogeno gutxiago duten ongarri organikoak (behi-, ardi- eta zaldi-simaurrak) edozein sasoitan aplika daitezke, betiere ez badago isuriak izateko arriskua handitzen duen egoerarik.

- Kasu bietan, eta ahal bada, lurra landu beharko da, bolatilizazioagatiko amonio-galerak minimizatu eta laboreak har dezakeen nitrogeno-kopurua handitzen baitira.

3.- Ongarri nitrogenatuetarako gomendioak, hainbat laboretarako

3.1.- Neguko zerealak.

Ahal dela, nitrogenoa ereinaldian botatzea saihestuko da, udazken-amaierako ereiteetan. Ongarritze nitrogenatua lurrestalian egingo da nagusiki kimaberritzen eta zurtoina luzatzen hasten denean.

Gehieneko dosi gomendagarria 210 kg N/ha da garirako eta 150 kg N/ha olorako.

3.2.- Udaberriko garagarra.

Urtarrila eta martxoa artean ereiten da; beraz, azkar garatzen da eta nitrogeno-aplikazio bakarra egin daiteke. Gehieneko dosi gomendagarria 170 kg N/ha da.

3.3.- Bazka-artoa.

Bazka-artoa lehorreko lurretan hazten da, udan euri asko egiten duen eremuetan, eta ureztatuta, euri gutxiago egiten duen eremuetan. Udazkenean ereiten da (apirila-maiatza).

Labore horrek ongarri organikoak ereinaldian jaso ohi ditu, bai eta lurrestalian ere, homogeneoki banatu badaiteke. Gehieneko dosi gomendagarria 250 kg N/ha da.

3.4.- Jateko patata.

Patata ekoizpen handiko laborea da; hartara, lurzoru emankorrak eta ongarri asko behar ditu. Gehieneko dosi gomendagarria 220 kg N/ha da.

3.5.- Hazitarako patata.

Patata baino geroago ereitea eta gutxiago ekoizteak eragiten du gehieneko dosi gomendagarria 200 kg N izatea.

3.6.- Erremolatxa.

Gehieneko dosi gomendagarria 220 kg N/ha da.

3.7.- Larreak.

Ez da gainditu behar 300 kg N/ha eta urteko. Ongarri organikoak erabiltzen badira, ez da komeni hektareako 35 m3 (ongarri likidoa bada) edo 35 t (ongarri solidoak badira) baino gehiago botatzea aldi bakoitzean.

3.8.- Mahastiak.

Gehieneko dosi gomendagarria 50 kg N/ha da.

3.9.- Baratze-laboreak.

Letxuga: gehieneko dosi gomendagarria 100 kg N/ha eta zikloko da.

Piperrak: gehieneko dosi gomendagarria 300 kg N/ha da, ureztapen ongarridunean botatako nitrogenoa barne hartuta.

Tomatea: gehieneko dosi gomendagarria 400 kg N/ha da, ureztapen ongarridunean aplikatutako nitrogenoa barne hartuta.

Baratzeko beste produktu batzuk: gehieneko dosi gomendagarria 100 kg N/ha da.

Dosi horiek bikoiztu ahal izango dira labore hidroponikoetan.

3.10.- Beste labore alternatibo batzuk.

Ilar proteaginosoa: 50 kg N/ha bota daitezke ereiterakoan (otsaila-martxoa), lurrean nitrogeno gutxi badago hartzeko.

Ekilorea: gehieneko dosi gomendagarria 100 kg N/ha da.

Koltza: nitrogenoa, ahal bada, lurrestalian botako da, behin edo bitan. Gehieneko dosi gomendagarria 210 kg N/ha da.

Leka: laborantza-ziklo oso laburra du eta ongarri nitrogenatu gutxi behar du. Gehieneko dosi gomendagarria 60 kg N/ha da.

Bazka-laboreak (leguminosoak, alpapa, astorkia, hirusta, eskuhoria, eskuzuria): gehieneko dosi gomendagarria 30 kg N/ha da. Leguminosoak eta gramineoak nahastuta hazten badira, gehieneko dosi gomendagarria 40 kg N/ha izan daiteke.

3.11.- Fruta-arbolak

Kiwia: gehieneko dosi gomendagarria 102 kg N/ha da.

Beste fruta-arbola batzuk: gehieneko dosi gomendagarria 100 kg N/ha da.

4.- Ongarriak landu eta botatzeko baldintzak

Ongarriak lur-sailean uniformeki banatu behar dira, laboreak ondo har dezan, eta, aldi berean, herrestan eraman ez dadin.

4.1.- Maldak.

Oro har, plano berean % 10 baino gehiagokoak ez diren malda uniformeak dituzten lurzoruak aldapa arinekotzat hartzen dira; % 15 eta % 20 artekoak, malda ertaintzat, eta balio horretatik gora dago etengabeko nekazaritza duten nekazaritza-sistemen muga.

Ezin da ongarriak banatzeko malda-muga bat definitu, baina horrek zehaztuko du egokia den ala ez ongarriak botatzea, zein ongarri erabili behar den (solidoa edo likidoa), ongailuztatzeko zein makina erabili behar den, ondoren lurperatu behar den, etab.

Ongarri-mota: malda duten lurzoruetan herrestan eramateko arriskua handiagoa da likidoentzat (ongarri likidoak, mindak) eta txikiagoa solidoentzat (ongarri solidoak, simaurrak). Malda handia duten lurzoru hutsetan, ongarriak botatzen badira, lurperatzea komeni da.

Lur-sailaren forma eta laboreak: lur-sailaren formak eta bertan hazten den laboreak eragina izan dezake isurketan, beraz, horiek baldintzatuko dute erabiliko beharreko ongarriaren mota ere. Laborantza ongarriak galtzea eta herrestan eramatea saihesteko moduan egin behar da. Komeni da laborantza urak eusteko noranzkoan egitea, baina lurzorua istildu gabe.

4.2.- Eguraldia.

Euri asko egiten duen sasoietan botatzen badira ongarriak, isurketagatik galtzeko arriskua handiagoa da.

Ez da gomendatzen inolako ongarririk botatzerik lurzorua urak hartu duenean. Azaleran izoztua dauden eta egunean zehar desizozten diren lurzoruetan, ongarri mineral nahiz organikoak bota daitezke, nahiz eta kasu bakoitzean komeni den aztertu beharko den. Lurzorua egunez izoztuta egoten bada, ez da inolako ongarririk aplikatu behar.

Ez da komeni lurzoru elurtuetan ongarririk aplikatzerik, isuriak eta infiltrazioak gertatzeko arriskuagatik; gainera, baldintza horietan, landareak nitrogeno gutxi xurgatzen du.

5.- Ur-ibilguen gertuko lurretan ongarriak botatzea.

Ur-ibilguetatik gertu botatzen diren ongarriak uretara iristeko arriskua dela eta, ongarria botatzerakoan ahalik eta arreta handiena jarri behar da, eta arrisku gutxien duen ongarria erabili, lur-sailaren eta honako hauen arabera:

5.1.- Gomendio orokorra.

Oro har, ez da gomendatzen ongarririk erabiltzerik ur-ibilguen aldameneko metro bateko zabaleran, gutxienez.

5.2.- Ertzaren izaera.

Topografiak eta landarediak muga ditzakete botatzeak edo isurketak. Ertzetan ezpondak nahiz malda handiak egotea eta landarerik ez izatea urrakortasun-faktoreak dira, beraz, eremu horietan ez da ongarririk aplikatu behar.

5.3.- Urpean gera daitezkeen eremuak

Urpean gera daitezkeen ur-ibilguen ertzek, bai eta mareen mende dauden kostaldeko eremuek ere, azkar iragazten dituzte ongarriak uretara, beraz, ez da komeni eremu horietan ongarririk aplikatzerik.

5.4.- Ongarriak botatzeko ekipoa

Ongarriak botatzeko ekipoek ondo erregulatuta egon behar dute ongarria dagokion eremutik kanpo botatzea edo ekipoa geratuz gero galeraren bat izatea saihesteko.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana