Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2011ko maiatzaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
2868

EBAZPENA, 2011ko apirilaren 6koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, Orozkoko eta Laudioko udalerrietan, «Jesuriko Parke Eolikoa» izeneko energia elektrikoa sortzeko instalazioari baimena emateko dena.

AURREKARIAK

Bat.- Energia eta Meategien zuzendariaren 2008ko apirilaren 23ko Ebazpenaren bidez, Guascor SA enpresak aurkeztutako aurreproiektua egokitzat jo zen, Jesuri izeneko tokian parke eoliko baten instalazioa egiteko.

Bi.- 2008ko urriaren 22an, instalazio horretarako administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren gaineko azterlana eskatu zuen Guascor SAk, eta, horretarako, ingurumen-inpaktuaren gaineko proiektua eta azterlana aurkeztu zuen.

Hiru.- Parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duen maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuan ezarritakoa betez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean eta Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen Testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko Legegintzako 1/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, jendaurrean jarri dira, hilabeteko epean, exekuzio-proiektua eta dagokion ingurumen-inpaktuaren gaineko azterlana.

Lau.- Hori horrela, eta jendaurreko informazioaren izapidearen barruan, iragarkiak argitaratu ziren: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2009ko apirilaren 29an; Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, apirilaren 6an; eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, 2009ko apirilaren 7an.

Izapide horretan bertan ere, iragarkia El Correo egunkarian argitaratu zen 2009ko apirilaren 9an, bai eta Orozkoko eta Laudioko udaletxeetako iragarki-oholetan ere.

Bost.- Jendaurrean erakusteko izapideaz batera, sail honek exekuzio-proiektuari eta ingurumen-inpaktuaren gaineko azterlanari buruzko txostenak eskatu zizkien Eusko Jaurlaritzaren Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzari, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoko Zuzendaritzari. Txostenak eskatu zitzaizkien, orobat, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzako Baso Zerbitzuari, Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, eta Uraren Euskal Agentziari eta Orozkoko eta Laudioko Udalei.

Sei.- Halaber, parke eolikoaren exekuzio-proiektuaren separata bidali zitzaien honako erakunde hauei: Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoa, Uraren Euskal Agentzia, Iberdrola, Orozkoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundiko Baso Zerbitzua, Institutu Geografiko Nazionala eta Sustapen Ministerioko Hegazkingintza Zibilaren Zuzendaritza Nagusia.

Zazpi.- Proiektua jendaurrean erakusteko aldian zenbait txosten eta alegazio jaso ziren, honako erakunde eta interesdun hauek bidalitakoak:

Orozkoko Udala.

Itxinape Mendiko Taldea.

Orein Ehiza Elkartea.

Juan Jose Aguirre Picaza.

Izate Ingurumen Taldea.

Laudioko Udala.

Gaizka Amorrortu Bobeda.

Norberto Aldaiturriaga Zorrozua.

Txirpial Elkartea.

Itxina Abeltzain Elkartea.

Retevisión.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saila.

Uraren Euskal Agentzia.

Zortzi.- Aurkeztutako alegazio eta txostenen berri ematen zaio Guascor SA entitate eskatzaileari. Entitateak idatziz eman zien erantzuna.

Bederatzi.- Aurkeztutako alegazioak eta erakunde interesatuak haiei emandako banan-banako erantzunak jasota daude dagokion administrazio-espedientean.

Hamar.- Ingurumenaren alderdiei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Ingurumeneko sailburuordeak 2011ko urtarrilaren 11ko Ebazpena eman du eta, bertan, «Jesuriko Parke Eolikoa»ri dagokionez, ingurumen-inpaktuaren gaineko aldeko deklarazioa jaso du, betiere ebazpen horretan jasotako zenbait baldintza betetzekotan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bat.- Energia eta Meategien Zuzendaritza da espediente hau ebazteko organo eskuduna, betiere ondoko dekretuetan ezarritakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoan, parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duen maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretua, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen irailaren 22ko 514/2009 Dekretua.

Bi.- Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legeko 21. eta 28. artikuluetan ezartzen denez, energia elektrikoa ekoizteko instalazioak eraiki, ustiatu, nabarmen aldatu, eskualdatu eta ixteko, beharrezkoa izango da aldez aurretik administrazioaren baimena izatea.

Hiru.- Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen du maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuak.

Lau.- Administrazio-prozedurako arau erregulatzaileetan eta aipatu legeetan aurreikusitako prozedura-izapide eta -baldintzak hartu dira kontuan eta bete ere egin dira, espedientea izapidetzerakoan.

Bost.- Jendaurreko izapidean alegatutako ingurumen-gaiak aztertu ditu, batik bat, Ingurumen Sailburuordetzak, ingurumen-inpaktuaren gaineko deklarazioa egiteko prozeduran, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat.

Aipatutako lege-aginduak, eta oro har eta haiekin bat etorriz aplikatzekoak diren gainerako xedapenak aztertu ondoren, honako hau

EBATZI DUT:

Guascor SAri baimena ematea energia elektrikoa sortzeko «Jesuriko Parke Eolikoa» instalazioa jartzeko Orozkoko (Bizkaia) eta Laudioko (Araba) udalerrietan; hona hemen instalazioaren ezaugarria behinenak:

Sortzea:

8 aerosorgailu; bakoitzak 2,3 MW ekoizten du, 690 V-n, eta 2.600 kVA-ko transformadore igotzaileaz hornituak; transformazio-erlazioa: 30.000 V/690 V; eta SF6n dagozkion gelaxka blindatuak, 36 kV-ko tentsio izenduna lortzeko, aerosorgailuentzako lur-sistema bakar batekin.

Ebakuazioaren ondorioetarako, parkeak bi sektore izango ditu: Jesuri I (9,2 MW) eta Jesuri II (9,2 MW).

Lotura elektrikoak:

Lurpeko kanalizazio elektrikoak, goi-tentsioko hiru faseko linea dutenak (36 kV-ko tentsio izenduna) eta sekzionamendu-zentroraino aerosorgailuen arteko interkonexioak dituztenak, barne direla kontroleko, lurreko eta potentziako goi-tentsioko eroaleak; potentziako eroaleak HEPRZ1 18/30 kV motako polo bakarrekoak izango dira, A1 240 mm²-ko sekzioa dutenak, interkonexioen arabera, guztira 4.371 m-ko luzera dutenak.

Sekzionamendu-zentroa:

Hormigoizko eraikin aurrefabrikatuak; bertan, ekipamendu elektrikoak (6 gelaxka) eskema hau izango du: barra bakuna, gelaxka blindatuak, SF6ko isolamendua (36 kV-ko tentsio izenduna lortzeko), eta laguntza-zerbitzuen transformadorea (100 kVA).

Lurpeko ebakuazio-linea, zirkuitu bikoitzekoa (36 kV-ko tentsio izenduna); parke eolikoko sekzionamendu-zentroaren eta Iberdrolako banatze-sare elektrikora konektatzeko puntuaren artean; honako hauek hartuko ditu barnean: kontroleko, lurreko eta potentziako goi-tentsioko eroaleak; potentziako eroaleak HEPRZ1 18/30 kV motako polo bakarrekoak izango dira, AL 240 mm²-ko sekzioa dutenak, guztira 4.067 m-ko luzerakoak. Jesuri I sektoreari dagokion zirkuitua Laudio TA-Aiara TA linean konektatuko da eta, Jesuri II sektorean, aldiz, Laudio TA-Aiara TA 2 linean; bi konexioak euskarri beraren gainean egingo dira.

Instalazioak bete behar dituen baldintzak:

1.- Sustatzaileak exekuzio-proiektua aurkeztu beharko du, 6 hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten den egunetik aurrera, eta aurkeztu ere Energia eta Meategien Zuzendaritzan, onarpena jaso dezan.

2.- Proiektua egitean eta berau gauzatzerakoan, instalazioen titularrak kontuan izan beharko ditu: eragindako erakundeek ezarritako baldintza teknikoak bete beharra, eta, bereziki, Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko urtarrilaren 11ko Ebazpenak finkatutakoak; izan ere, ebazpen horren bitartez, Orozko eta Laudioko udalerrietan, Jesuriko Parke Eolikoaren ingurumen-inpaktuari buruzko deklarazioa formulatzen baita.

Zehazki, aipatutako urtarrilaren 11ko Ebazpenean ezarritakoarekin bat etorriz, parkearen energia elektrikoa ebakuatzeko linea lurperatu beharko da oso-osorik, Astepe erreka desbideratzeko ubide bat egin beharko da eta, landarediaren eta animalien gaineko eragina ahalik eta gehien saihestu eta murrizteko, zenbait neurri ezarri beharko dira «Ingurumen Inpaktuaren gaineko Azterlanaren Agiri Gehigarria» izeneko agirian adierazten diren udalerrietan.

3.- Baimen honetaz gain eta aparte, udalen edo probintzien eskumenpeko baimen edo lizentziak eta beharrezko diren beste batzuk ere eskuratu beharko dira, obrak egiteko beharrezko diren neurrian.

4.- Maiatzaren 28ko 115/2002 dekretuko 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, baimen honek berekin dakar, batetik, instalazioak kendu beharra, eta, bestetik, okupatzen duten terrenoa itzultzea, betiere energia elektrikoa sortzeko jarduera bukatuz gero; guztiarekin ere, itzuliko diren terrenoak lehengoratu egin beharko dira. Betebeharra, halaber, baimen honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak betetzen ez direnean ere bete beharko da.

5.- Betebehar horiek betetzen direla bermatze aldera, Guascor SA enpresak, abian jartzeko akta ematen denetik aurrera hilabeteko epean, proiektuko obra-aurrekontuaren % 2ko fidantza bat ezarriko du, maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuko 11. artikuluan xedatutakoaren arabera. Fidantza horrek instalazioaren bizi osoan iraungo du eta urtero eguneratu beharko da kontsumoko prezioen indizearen arabera.

EAEko Diruzaintza Nagusian jarri beharko da fidantza hori, dagokion kutxan edo kontuan, esku-dirutan edo bankuko abal bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskura.

Fidantzaren diru-zenbatekoa Guascor SAri itzuliko zaio, jarduera amaitu eta gero, eta instalazioak era egokian kendu direla eta lur-sailak itzuli direla egiaztatu ostean.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzaren aurrean, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, hala agintzen baita 4/1999 Legean. Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 6a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

OSKAR ZABALA RABADÁN.


Azterketa dokumentala