Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2011ko apirilaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
1883

ERABAKIA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2011ko otsailaren 17an hartutakoa. Erabaki horren bitartez onartzen da, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren esparruan, lan-eskaintzarako prestakuntzari dagokionez, lehentasunez langabezian dauden langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak garatzeko 2011ko ekitaldiari dagozkion dirulaguntzen deialdia.

Azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretu bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion, lan, enplegu eta enplegurako lanbide-heziketaren alorretako lan-legeria gauzatzeko Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak garatzen dituen funtzioak eta zerbitzuak.

Eskualdatutako funtzio eta zerbitzuen kudeaketa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartu zuen. Abenduaren 23ko 2/2009 Legearen, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010 ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzeko denaren bigarren xedapen gehigarriaren bitartez sortu zen Lanbide entitatea. Aipatutako xedapena azaroaren 30eko 329/2010 Dekretuaren, hau da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartzeko denaren, eta abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuaren, hau da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren hasiera eta bitarteko pertsonalak eta materialak atxikitzeko baldintzak arautzeko denaren bitartez garatu zen.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartutako funtzioen artean, lehentasunez langabezian dauden pertsonei zuzendutako enplegurako lanbide-heziketaren kudeaketa dago, kasuan-kasuan diruz lagun daitezkeen deialdien onarpena eta izapidetzea barne hartuta.

Enplegurako lanbide-heziketako ekintzak, langabezian dauden langileei beren enplegagarritasuna sustatzeko eskain daitezkeen zerbitzu garrantzitsuenetako bat dira; izan ere, lanbide jakin baterako langabetuen kualifikazioa hobetzeko balio dute, lanbide-arlo jakin bateko ezagupenak sakontzeko egokiak dira eta sektore eta jarduera ekonomiko desberdinetan erabil daitezkeen zeharkako tresnak eta gaitasunak eskuratzeko lagungarriak dira. Zentzu horretan, enplegurako lanbide-heziketa, oro har, enplegu-politika aktiboen bitartekorik osoena da, bere baitan modu orokor eta integratuan sartzen direlarik orientazio- eta aholkularitza-lana, prestakuntza-ekintzaren garatze eraginkorra -alderdi teorikoa eta praktikoa barne hartuta-, lanez kanpoko lanbide-praktiken garapena, kontratazio-konpromisoen eskaintza eta, batez ere, langabezian eta lanean dauden pertsonekin lanbide-heziketaren azpisisteman garatzen den prestakuntza-ibilbideari eta lanbide-ibilbideari dagokion garrantzia azpimarratzen da.

Europar Batasunean ezagupena oinarrian duen ekonomiaren funtsezko euskarritzat jotzen da Etengabeko Ikaskuntza; globalizazioko ekonomikoak ekarritako aldaketa ekonomikoei eta sozialei erantzuteko funtsezkoa da, eta enplegua indartzeko eta erreforma ekonomikoa eta gizarte-kohesioa laguntzeko balio du.

Europako Gizarte Funtsaren «Egokigarritasuna eta Enplegua» Programa Operatiboaren barruan, lan-txertakuntzarako prestakuntza-ibilbide integratuen kofinantzaketa aurreikusten da 2007-2013 aldirako. Xede horretarako, orientazioa emateko eta kualifikazioa lortzeko prestakuntza-ekintzak barne hartzen dira, bai eta lanez kanpoko lanbide-praktikak ere, lan-merkatuaren eskakizunak kontuan hartuta langileen kualifikazioa hobetzearren.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, lan-merkatuko lan-ehunetan antzemandako beharrak kontuan hartuta, EAEko lurralde-esparruan garatu beharreko prestakuntza-ekintzen plangintza egin du, prestakuntza-espezialitateen arabera, lehentasunez langabezian dauden langileen ezaugarrietara egokitzeko eta ekoizpen-sektoreek dituzten beharretara egokitzeko. Prestakuntza-ekintzen plangintza oinarrian hartuta, garatu beharreko ekintzen programazioaren eskaintza osatu da, programatu beharreko prestakuntza-espezialitateak, prestakuntza-moduluak eta -orduak, ikastaro kopurua eta horien lurralde-banaketa barne hartuta; guztia deialdi honen I. eranskinean jasota dago.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, dagokion hausnarketa egin eta gero, honako akordio hau hartu zuen 2011ko otsailaren 17ko bilkuran, bertaratutako guztien adostasunarekin:

AKORDIOA

Lehenengoa.- Enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren esparruan, lan-eskaintzarako prestakuntzari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan, lehentasunez, langabezian dauden langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak garatzeko, 2011ko ekitaldiari dagozkion dirulaguntzen deialdia onartzea.

Bigarrena.- Akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 17a.

Lanbideren Administrazio Kontseiluko presidentea,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Administrazio Kontseiluko idazkaria,

JAVIER RAMOS SALAZAR.

ENPLEGURAKO PRESTAKUNTZAREN LANBIDE HEZIKETAREN AZPISISTEMAREN ESPARRUAN, LAN-ESKAINTZARAKO PRESTAKUNTZARI DAGOKIONEZ, LEHENTASUNEZ, LANGABEZIAN DAUDEN LANGILEEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA EKINTZAK GARATZEKO 2011KO EKITALDIARI DAGOZKION DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

1. artikulua.- Xedea.

Deialdi honen xedea da enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren esparruan, lan-eskaintzarako prestakuntzari dagokionez, lehentasunez langabezian dauden langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak garatzeko 2011ko ekitaldiari dagozkion laguntzak arautzea.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa.

1.- Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 23.000.000 euroko kantitatera iristen dira.

2.- Deialdi honen babespean onartutako prestakuntza-ekintzek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa eskura dezakete, 2007-2013 aldian garatuko den 2007ES05UPO001 Egokigarritasuna eta Enplegua Eskualde Anitzeko Programa Operatiboaren bitartez. Aipatutako kofinantzaketa % 50ekoa izango da «Eskualde-lehiakortasuna eta enplegua» Lehentasunaren barruan dauden eskualdeen kasuan, eta horien artean dago Euskal Autonomia Erkidegoa.

3. artikulua.- Diruz lagun daitekeen jarduera.

Dirulaguntza jaso ahal izango dute 6. artikuluan aurreikusitako hartzaileak xede dituzten prestakuntza-ekintzen programazioak eta gauzatzeak, I. eranskinean barne hartutako prestakuntza-eskaintzako espezialitateetakoak direnak; I. eranskin horretan zehaztuta daude prestakuntza-moduluak eta ordu kopurua, ikastaro kopurua eta horien lurralde-banaketa.

Prestakuntza-espezialitateen programazioari dagokionez, ibilbide osoak programa daitezke -espezialitatearen ordu guztiak barne hartzen dira kasu horretan-, edo ibilbide partzialak programa daitezke -prestakuntza-espezialitateen fitxategian ezarritakoak baino ordu gutxiago programatzen dira kasu horretan-. Espezialitate modulatuen kasuan, ibilbide partzialak programatuko dira, espezialitateko prestakuntza-modulu bat edo gehiago osatzen bada bakarrik.

Prestakuntza-ekintzetan barne hartuko dira, prestakuntza-espezialitate nagusiaz gain, deialdi honetako prestakuntza-eskaintzan zehazten diren prestakuntza-espezialitate osagarriak. Edozein modutan, ekintza orotan «Lan-txertakuntza, ingurumen-sentsibilizazioa eta genero-berdintasuna» prestakuntza-espezialitatea (FCOO03) programatuko da, salbuespenik gabe. Espezialitate osagarrien ordu kopuruaren eta lanerako espezialitatearen ordu kopuruaren arteko batuketa egitean lortzen den emaitzak erabakiko du prestakuntza-ekintzaren iraupena.

Prestakuntza-ekintzak 2011ko ekitaldian hasiko dira, deialdi honen ebazpena ematen denetik aurrera, eta 2012ko apirilaren 30a baino lehen amaituta egongo dira.

4. artikulua.- Prestakuntza-ekintzak: betekizunak eta gauzatzeko baldintzak.

1.- Prestakuntza eskaintzeko, kalitatea bermatzeko metodologikoki onar daitezkeen irakaskuntza-ordutegiak jarraituko dira. Parte-hartzaileek eguneko 8 prestakuntza-ordu jaso ahal izango dituzte gehienez ere, nahiz eta salbuespenetan bakarrik onartuko diren iraupen hori duten ekintzak. Egunean gehienez ere 5 orduko iraupena edukiko dute honako arlo hauek: Administrazioa eta Kudeaketa (ADG), Merkataritza eta Marketina (COM), Arte Grafikoak (ARG), Informatika eta Komunikazioa (IFC), Gizarte eta Kultur Zerbitzuak (SSC), Irudi Pertsonala (IMP) eta Segurtasuna eta Ingurumena (SEA).

2.- Prestakuntza eskaintzen duten ikastegiek edo entitateek goizez, arratsaldez, edo goizez eta arratsaldez programatu ahal izango dituzte prestakuntza-ekintzak. Goizez edo arratsaldez egiten bada, kasuan-kasuan erabiliko den ikasgelan deialdi honetako prestakuntza-ekintza bakar bat aurreikusi ahal izango da goiza osoan, edo arratsalde osoan. Prestakuntza-ekintza goizez eta arratsaldez eskaintzen bada, gutxienez ordu eta erdiko eta gehienez bi ordu eta erdiko atsedena aurreikusiko da, ekintzako ikasleen guztizkoa kontuan hartuta atsedena malgutzeko eskabidea egiten den kasuan izan ezik.

5. artikulua.- Dirulaguntzaren onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke, Prestakuntza Ikastegi eta Entitateen Estatuko Erroldan, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruaren barruan, izena emanda dauden eta, hala badagokie, ziurtatuta dauden prestakuntza-ikastegiak eta -entitateak.

Modu berean, dirulaguntzen onuradun izan daitezke enplegurako lanbide-heziketa eskaintzen duten sindikatu- eta enpresa-elkarteak, prestakuntza beraiek eskaintzen dutenean edo prestakuntza-programetan barne hartuta dituzten ikastegien edo entitateen bitartez egiten dutenean; guztiek behar den bezala izena emanda edo ziurtatuta egon beharko dute.

6. artikulua.- Prestakuntzaren hartzaileak.

1.- Arau honetan aurreikusitako prestakuntza-ekimenetan parte hartu ahal izango dute:

a) Lehentasunez, eta prestakuntza hasten duten pertsonen guztizkoarekiko gutxienez 100etik 60ko partaidetzarekin, Enplegu Zerbitzu Publikoetan izena emanda dauden langabetuek.

Prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabetuak kontziliazio, garraio, mantenu eta ostaturako laguntzen eta, hala badagokie, beken onuradun izan daitezke, araudiak aurreikusitako baldintzen arabera. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegu Bulegoetan eskura daiteke laguntzei buruzko informazioa.

b) Lehentasunik gabe, eta prestakuntza hasten duten pertsonen guztizkoarekiko 100etik 40ko partaidetzarekin, gehienez ere, lanean egonik laguntza eskatzen duten langileek.

2.- Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetako partaideek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan langabetu gisa edo nekazaritza-langile gisa izena emanda egon behar dute, prestakuntzaren hasieran; eta lanean ari diren langileen kasuan, dagokien eskabidea aurkeztu behar dute. Eskabidea prestakuntza-jarduera garatzen duten entitateetan aurkez dezakete, eta beraiek arduratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazteaz, ezartzen den prozedura jarraituz.

3.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehen hautaketa egingo du aurreko atalean aurreikusitako pertsonen artean, kontuan hartuta plangintzan ezarritako helburuak, programazioan barne hartutako prestakuntza-ekintzen ezaugarriak, langileen prestakuntza-beharrak eta bi sexuen arteko aukera-berdintasunaren printzipioa. Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen behin betiko hautapena prestakuntza eskainiko duten arduradunek egitea erabaki dezake Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.

4.- Parte-hartzaileek prestakuntza-ekintzetara bertaratu behar dute eta probetxua atera behar diete; ekintzetatik kanporatzeko arrazoiak izango dira honako hauek:

- Hilean hirutan baino gehiagotan ekintzara arrazoirik gabe ez bertaratzea.

- Ez-bertaratze metatua prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25era iristea, edozein arrazoi dela medio. Langilea prestakuntza-ekintza hasi eta beranduago sartzen bada, ez-bertaratzea kalkulatzeko kontuan hartuko da ikaslea ekintzan sartzen denetik ekintza amaitu bitartera geratzen den ordu kopurua.

- Prestakuntza eskaintzen duen ikastegiak edo entitateak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzari behar bezalako etekina ateratzen ez zaiola edo langilearen portaera egokia ez dela iriztea.

Kanporatzeko arrazoi bat dagoela baieztatzen bada, prestakuntza-ikastegiak edo -entitateak kanporatzeko idatzizko proposamen arrazoitua bidaliko dio dagokion Enplegu Bulegoari, eta horrek jakinaraziko dio ikasleari kanporatzeko prozedura martxan jarriko dela, hartara, jakinarazpena jaso eta hurrengo bost egun naturaleko epean egoki irizten dituen alegazioak aurkezteko aukera izan dezan. Epe hori amaitzean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari orokorrak prozeduraren ebazpena emango du, ikaslearen kanporatzea edo jarraipena erabakiz.

7. artikulua.- Dirulaguntzen kopuru maximoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa 10. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuko da. Edozein modutan, prestakuntza-ekintza bakoitzerako emango den dirulaguntzaren kopuru maximoa, ekintzaren ordu kopurua, ikasle kopuruarekin eta ondoren datozen moduluei dagokien zenbatekoarekin biderkatzean lortzen den biderkadura izango da.

Irakaskuntza-modalitatea

Prestakuntza-maila, Aurrez aurrekoa

- Oinarrizkoa: 9 euro

- Goi-mailakoa: 13 euro

«Oinarrizko» modulua aplikatuko da, oinarrizko gaitasunak eta kualifikazioak garatzeko trebakuntza ematen duten zehar-irakasgaiak edo irakasgai generikoak eskaintzean.

«Goi-mailako» modulua aplikatuko da, prestakuntzaren barruan espezializazioa eskatzen duten eta/edo programazio- eta/edo zuzendaritza-gaitasunak garatzeko trebakuntza ematen duten irakasgaiak badaude.

8. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Deialdi honetako dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak, Ebazpen honen II. eranskin gisa argitaratutako ereduan formalizatuko dira. Interesdunak diruz laguntzeko eskatutako prestakuntza-ekintza adina eskabide aurkeztuko dira.

Eskabide-inprimakiaren bi ale aurkeztuko dira. Interesdunak eskabidearen kopia bat nahi badu, hiru ale aurkeztuko dira.

2.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan aurkeztuko dira eskabideak, José Atxotegi 1, Arabako lurralde-esparruan; eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegu Bulegoetan aurkeztuko dira Bizkai eta Gipuzkoako lurralde-esparruetan. Modu berean, Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa denaren 38.4 artikuluan aurreikusten den moduan aurkez daitezke eskabideak.

3.- Eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Entitate edo erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela ziurtatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

b) Entitatearen identifikazio fiskaleko txartela.

c) Eskabidea sinatzen duen/duten pertsonak/ek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko betetzen duen/duten ordezkaritzaren agiri bidezko akreditazioa.

d) Entitate bakoitzak eskatutako prestakuntza-ekintza guztien laburpen-orria. Ikastegi bakoitzari dagokion prestakuntza-gaitasuna ziurtatuko da eta horretarako ikastegiak urte batean eskainiko duen ordu kopuruaren guztizkoa zehaztuko da, III. eranskinaren arabera. Xede horrekin, kontuan hartuko dira deialdi honetako 4. artikuluan jasotako irizpideak, eta prestakuntza-ekintzak hasteko aurreikusitako data 2011ko maiatzaren bigarren hamabostaldia izango da, aurreikuspen horren aurretik edo ondoren egiteko aukerari kalterik egin gabe.

e) Enpresetan lanez kanpoko lanbide-praktikak egiteko konpromisoa ziurtatzen duen dokumentazioa, hala badagokio, IV. eranskinaren arabera. Praktiken konpromisoa banaka aurkeztuko da eskatutako prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan.

f) Hirugarren Interesdunaren Datuen Alta Agiria, interesdunak eta kasuan-kasuan banku-entitateak behar den bezala beteta.

4.- Eskabideak eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita, hutsegitea edo akatsa zuzentzeko. Zuzenketarik egiten ez bada, eskabidea bertan behera geratuko da, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa denaren 71. artikuluan -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak egindako idazketadunean- aurreikusitako ondorioak eragingo dira.

5.- Hilabete bateko epea utziko da eskabideak aurkezteko, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

9. artikulua.- Prozedura eta Ebazpena.

1.- Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-erregimenean izapidetuko da.

2.- Enplegurako Prestakuntza Zuzendaritza da eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko arduraduna.

3.- Kide anitzeko organo batek ebaluatuko ditu eskabideak, hurrengo artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera, eta honako kide hauek osatuko dute aipatutako organoa:

- Lehendakaria: Enplegurako Lanbide Heziketako Arloko arduraduna edo bere ordezkaria.

- Organokideak: Enplegurako Lanbide Heziketaren Arloko arduradunak izendatuko dituen lau teknikari; horietako bat idazkaria izango da.

4.- Aurreko paragrafoan aipatutako kide anitzeko organoak Ebazpen-proposamen bat landuko du eta deialdi honen ebazpena emateko eskumena duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari bidaliko dio.

Ebazpena Lanbideren Zerbitzu Zentralen iragarki-oholean argitaratuko da (Vitoria-Gasteizko José Atxotegi, 1.an dago) eta, aldi berean, www.lanbide.net web-orrian argitaratuko da, interesdun bakoitzari banaka bidali ahal zaizkion jakinarazpenei kalterik egin gabe.

5.- Prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehienezko epea ez da sei hilabete baino luzeagoa izango, deialdi hau EHAAn argitaratzen denetik hasita. Epe hori amaitu eta berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea atzera bota dela uler daiteke.

Ebazpenak ez du agortzen administrazio-bidea eta bere aurka gorako jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren aurrean. Horretarako hilabete bateko epea utziko da, jakinarazpena Lanbideko iragarki-oholean eta www.lanbide.net web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. artikulua.- Dirulaguntza baloratzeko eta esleitzeko irizpideak.

1.- Honako irizpide hauek jarraituz baloratuko dira eskabideak:

a) Prestakuntza-eskaintza dagokion esparruko edo jarduera-sektoreko beharretara egokitzea. Programatuko diren espezialitateak deialdi honen I. eranskinean jasota daude, eta baremaziotik kanpo geratzen da eskatzen den beste edozein espezialitate.

b) Entitate eskatzaileak prestakuntza garatzeko duen gaitasun ziurtatua, Prestakuntza Ikastegi eta Entitateen Erroldan sartu zen unean izapidetutako homologaziorako, ziurtapenerako edo izena emateko espedientean adierazitakoaren arabera.

c) Honako irizpide hau aplikatzean lortzen den balorazio teknikoa:

Enpresetan lanbide-praktikak egiteko konpromisoa: 10 puntu gehienez ere.

Gutxienez 10 ikaslerentzako praktikak ziurtatzen dituzten konpromisoek, ikastaroa gainditzen duen ikasle kopurua edozein dela, puntuazio maximoa lortuko dute. Osasungintzaren arloko eta gidabaimenak lortzeko espezialitatearen eta Erabiltzaile-mailako informatika, Etxez etxeko laguntzako laguntzailea, Kutxazaina, Harakina eta Haragikien egilea espezialitateen kasuan, ez da praktikarik egingo enpresetan (ikastaroa garatzen den unean derrigorrezkoak direnak izan ezik), eta puntuazio maximoa emango zaio atal honetan, aipatutako espezialitateetarako egiten den eskabide bakoitzari.

2.- Aipatutako irizpideak aplikatuz eskabide bakoitzari esleitutako puntuazioa zehaztu eta gero, esparru geografikoen eta espezialitate bakoitzaren arabera egingo da hautapena, honako esleipen-irizpide hauek jarraituz:

a) Azken puntuazioaren balio absolutuak zehaztuko du puntuazio altuenetik baxuenera arteko hurrenkera, onartu beharreko prestakuntza-ekintzen espezialitateen eta konkurrentzia-arloaren arabera, esleitutako aurrekontua agortu arte.

b) Ikastegi edo entitate batean prestakuntza-ekintzen esleipenak bere prestakuntza-gaitasuna gainditzen badu, kasuan-kasuan ikastaroak beste ikastegi bati esleituko zaizkio, lortutako puntuazioaren hurrenkeraren arabera.

c) Balorazio-irizpideak aplikatu eta gero eskabide batek baino gehiagok puntuazio bera lortzen badute, kasuan-kasuan espezialitaterako eskainitako ikastaroak esleituko dira, ikastaro bat entitate eskatzaileko, gehienez ere, honako arau hauen arabera:

c.1.- ikastegien artean berdinketarik badago, azken hiru urteetan kasuan-kasuan prestakuntza-espezialitatea eskaini duen ikastegia aukeratuko da, edo horrelakorik ez badago, azken hiru urteetako bitan eskaini duena, edo horrelakorik ez badago azken hiru urteetatik batean eskaini duena. Arau hori aplikatuta ere, berdinketarik badago, lurralde-esparruaren barruan eta lehiatzen diren jarduera-arloaren barruan antzinatasun handieneko ikastegia aukeratuko da.

c.2.- Prozedura hori jarraituta ere, esleitzeko prestakuntza-ekintzak geratzen badira, c) atalean deskribatutako prozesua garatuko da berriro, ekintza guztiak esleitu arte.

11. artikulua.- Dirulaguntza ordaintzea.

Bi ordainketatan ordainduko da esleitutako dirulaguntza:

- % 80koa izango da lehen ordainketa, eta diruz lagundutako prestakuntza-ekintza hasi eta ondoren egingo da.

- Bigarren ordainketan gainerako % 20 ordainduko da, behin prestakuntza-ekintza amaitu eta justifikatu eta kitatu ondoren.

Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako berme eta dirulaguntzen itzultzeak arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betekizunak ezartzen dira. Bada, dekretu horretan ezarritako berme-erregimenari lotua izango da ordainketa aurreratua.

Ordainketak egin aurretik, ikastegi eta entitate onuradunek honakoak aurkeztu beharko dituzte: zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela ziurtatzeko egiaztagiriak.

12. artikulua.- Prestakuntza-ekintzak gauzatzea.

1.- Dirulaguntzaren onuradunak gauzatuko ditu prestakuntza-ekintzak, xede horretarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lantzen dituen jarraibideen arabera. Bertan jasoko dira, besteak beste, hasiera jakinarazteko modua, ondoren egin daitekeen edozein aldaketa eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren amaiera, bai eta parte-hartzaileen bertaratzearen kontrola ere.

2.- Prestakuntza-ekintza hasten denetik prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25 bete bitartean, ikasle berriak sartu edo ikasleak ordezkatu ahal izango dira.

3.- Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten langabetuei dagokienez, prestakuntza eskaintzeko ardura duten ikastegiek eta entitateek berehalakoan jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen aldetik prestakuntza-ekintzen uko-egiterik badago, bertaratzen ez badira eta uzten badituzte, bai eta horretarako izan dituzten arrazoiak ere.

4.- Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtapenak lortzea ez bada, parte-hartzaile bakoitzari bertaratze-ziurtagiri bat edo -diploma bat emango zaio, baldin eta prestakuntzaren ebaluazio positiboa lortu badu. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduak erabiliko dira, eta bertan adieraziko dira, gutxienez, ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, iraupena eta eskaini den aldia, eta Europako Gizarte Funtsak Egokigarritasuna eta Enplegua Programa Operatiboaren esparruan emandako kofinantzaketa.

5.- Dirulaguntzaren onuraduna prestakuntza-ikastegi edo -entitate bat denean, zuzenean gauzatuko ditu prestakuntza-ekintzak, hirugarren bati azpikontratatzeko aukerarik gabe. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat joko diruz lagundutako prestakuntza eskaintzeko onuradunak beharrezkoak dituen irakasleen kontratazioa.

13. artikulua.- Dirulaguntzaren justifikazioa eta kitapena.

1.- Onuradunak diruz lagundutako prestakuntza-jarduera garatu duela justifikatu behar du, eta jarduera horrek sortutako gastu guztiak justifikatu behar ditu, halaber, diruz lagun daitezkeen kostuen arabera eta deialdi honetako V. eranskinean ezarritako egozte-irizpideen arabera.

Kostuak fakturen bitartez edo zuzenbideak onartzen duen beste edozein agiri frogagarri bidez justifikatuko dira, eta kostuak behar den bezala zehaztuko dira, funtsak ondo erabili direla ziurtatzeko. Gainera, ordainketaren agiri frogagarria aurkeztuko da, ildo horretan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen Kostua Justifikatzeko Jarraibideen arabera; Jarraibide horiek www.lanbide.net web-orrian egongo dira eskuragarri.

Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako ekintzak direnez, faktura guztien jatorrizko agiriek eta gastuaren agiri frogagarriek zigilu bat eduki beharko dute, eta zigilu horren bitartez adieraziko da Europako Gizarte Funtsak, Egokigarritasuna eta Enplegua Programa Operatiboaren esparruan, % 50eko kofinantzaketa egin duela 2007-2013 programazio-aldiaren barruan. Halaber, funtsak jaso dituen entitatearen kontabilitatean islatuko da.

2.- Prestakuntza amaitu duten parte-hartzaileen eta egindako irakaskuntza-orduen arabera egingo da dirulaguntzen kitapena, ezarritako modulu ekonomikoak kontuan hartuta. Likidazioak ez du inoiz gaindituko hasiera batean aitortutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Prestakuntza gauzatu eta ondoren dirulaguntza zehazteko, aurrez aurreko ekintzetan ikasle batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean bertaratu bada gutxienez.

Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren lehen laurdenean langile batek edo gehiagok ekintza uzten badu, beste langile batzuei parte hartzeko aukera emango zaie. Aipatutako epearen ondoren gertatzen badira uzteak, ekintza hasi duten parte-hartzaileen ehuneko 15era bitarteko desbideratzeak onartuko dira ekintza bakoitzagatik.

Langabezian dauden pertsonei dagokienez, prestakuntza-ekintza amaitu dutela ulertuko da, lana aurkitu dutela-eta ekintza utzi behar duten langileen kasuan, betiere prestakuntza-jardueraren ehuneko 25 egin badute, gutxienez.

3.- Dirulaguntza justifikatzeko eta azken kitapena egiteko, prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan prestakuntza egin dutela justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute, Kostuak Justifikatzeko Jarraibideetan ezartzen denaren arabera, eta, hala badagokie, justifikatutako kantitatearen eta aurrerakin gisa jasotakoaren arteko aldea sartu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Memoria ekonomikoarekin batera, Kontu Auditorearen Txostena aurkeztuko da, eta Kontu Auditoreen Erregistroan izena emanda egongo da auditorea. Auditorearen gastuak emandako dirulaguntzaren guztizko kantitatearen kontura kitatuko dira.

Ezarritako epea igarotzean, aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioa aurkeztu ez bada, eskumeneko organoak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari, aipatutako dokumentazioa aurkezteko. Azken epe hori igarota justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo 18. artikuluan aurreikusitako itzultze-prozedura hasiko da.

Edozein modutan, aurkeztutako dokumentazioa emandako dirulaguntza justifikatzeko nahiko ez dela erabakitzen bada, onuradunei jakinaraziko zaizkie antzemandako gabeziak, 10 eguneko epean horiek zuzen ditzaten.

4.- Justifikatzeko agiriak aurkeztu eta gero, eta egiaztapen tekniko-ekonomikoa egin ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak azken kitapenaren inguruko ebazpena emango du.

Egiaztapena egin ondoren diruz lagun daitekeen kostua ordaindutako dirulaguntza baino baxuagoa dela ondorioztatzen bada, edo dirulaguntzaren justifikazioa egiteko edo dirulaguntzaren xedea justifikatzeko ezar daitekeen araudiko betekizunak, guztiak edo batzuk, urratu direla erabakitzen bada, interesdunari jakinaraziko zaio, egiaztapen tekniko-ekonomikoaren emaitzekin batera, eta dirulaguntza osorik edo dirulaguntzaren zati bat itzultzeko prozedurari ekingo zaio.

5.- Prestakuntza-jarduerak finantzatzeko, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntzak edo baliabideak jaso badira, justifikazioan zenbatekoa, jatorria eta funts horiei diruz lagundutako jardueretan eman zaien erabilera ziurtatu beharko da.

6.- Kofinantzatutako prestakuntza-ekintzengatiko dirulaguntzaren onuradunak, dirulaguntzaren ematea arrazoitzen duen jarduera garatu dela justifikatzen duten agiriak gorde beharko ditu, bai eta jasotako funtsen erabileraren agiriak ere, zentzu horretan EBko araudiak aurreikusten duen epean -Kostuak Justifikatzeko Jarraibideetan barne hartuta dago epe hori-.

Aipatutako epea igaro gabe jarduera bertan behera uztea erabakitzen duten entitateek, edo desegiten diren entitateek, dagokien dokumentazioaren kopia bidali beharko diote eskumeneko organoari.

14. artikulua.- Dirulaguntzaren baldintza orokorrak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta ordaintzeko, honako baldintza hauek beteko dira:

a) ikastegi eta entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela ziurtatzen duten agiriak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak zentzu horretan ezartzen duenaren arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen eta dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze-prozedura edo zehapen-prozedura amaituta egotea.

c) dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea eragiten duen zigorrik, ez penalik ez administratiborik, ez edukitzea, eta dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen debeku penalik ez edukitzea, 4/2005 Legearen, otsailaren 18koa eta emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa denaren arabera sexu-diskriminazioa dela-eta jarritako zigorrak barne hartuta.

15. artikulua.- Jarraipena eta kontrola: Ikastegi, entitate eta erakunde onuradunen betebeharrak.

1.- Laguntzen onuradunek onartu egingo dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta eskumeneko erakunde europarrek egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak, eta lokal eta instalazioetarako sarbidea erraztuko dute, bai eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi diren gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko modua erraztu ere.

Kontrol-jarduerak onartzeko betebehar orokorraren esparruan, onuradunak honako betebehar hauek ditu:

- Finantzatutako ekimenaren gauzatzearekin edo bere bideragarritasunarekin lotutako edozein informazio ematea, bai eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa betetzea eta bidaltzea ere.

- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetan dirulaguntzen edo laguntzen eskabideak egin direla edo beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako jarduera osoa edo jardueraren zati bat eragiten denean.

- Diruz lagundutako jardueraren xedea edo izaera neurri handi batean eragiten duen edozein gorabehera jakinaraztea, eta dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein alderdi eragiten duten aldaketak jakinaraztea.

- Jarraipen egokia egingo dela ziurtatzeko informazio nahikoa edukitzea, Europako Batzordearen CE 1828/2006 Araudiaren arabera -araudi horretan zehazten dira CE 1083/2006 Araudia, egitura-funtsei buruzko xedapen orokorrak ezartzen dituena, garatzeko arauak-.

2.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzak garatzen diren bitartean horien jarraipena ezartzeaz gain, auditoria eta ikuskapenen plan bat ezar dezake, deialdian zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, bai eta diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintza errealak egiaztatzeko ere.

3.- Europako Batzordearen abenduaren 8ko 1828/2006 Araudian (CE) ezarritakoaren arabera, Europako kofinantzaketa jasotzen duten ekintza guztien kasuan, ekintzen onuradunen informazioa eta publizitatea egokia izango da, eta, bereziki, argi eta garbi jakinaraziko da Europar Batasunak Europako Gizarte Funtsaren bitartez kofinantzatzen duen ekintza bat dela. Zehazki, dirulaguntzen onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa eta Egokigarritasuna eta Enplegua Programa Operatiboaren esparruan Europar Batasunak Europako Gizarte Funtsen bitartez egiten duen kofinantzaketa jaso dela adierazi beharko dute, garatzen dituzten ekintza guztien kudeaketa-agirietan.

16. artikulua.- Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, emandako dirulaguntza aldatzea gerta daiteke, betiere dirulaguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako baldintza minimoak babestuz. Baldintzak aldatzearen ondorioz emandako dirulaguntza osorik edo zati bat itzuli behar bada, dagokion itzultze-prozedura hasiko da.

17. artikulua.- Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin aldiberekotasuna.

Deialdi honetan deskribatutako laguntzak bateragarriak dira beste mota bateko dirulaguntza edo laguntzekin, baina, edozein kasutan, finantzaketa-iturri desberdinen bitartez lortutako laguntzen guztizko kopuruak ezingo du gainditu diruz lagunduko prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gainditzen bada, diruz lagunduko den zenbatekoa murriztuko da.

18. artikulua.- Dirulaguntzak itzultzea.

1.- Jasotako dirulaguntzak osorik edo horien zati bat itzuliko da eta dirulaguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak eskatuko dira, honako kasu hauetan:

- Jarduera burutu izana justifikatzeko betebeharra urratzea eta laguntzaren ematea edo erabiltzeko aukera erabakitzen duten baldintzak eta betekizunak urratzea.

- Laguntza lortzea horretarako baldintzak bete gabe.

- Jarraipen- eta kontrol-jarduerak egiten ez uztea edo oztopatzea.

- Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei dagokienez, errealitatearekin bat ez datozen datuak ematea.

- Deialdi honetan zehaztutako betebehar, baldintza eta betekizunen edozein urratze.

2.- Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hasiko du itzultze-prozedura eta laguntzaren pertsona onuradunari jakinaraziko zaio. Urratzea eragin du(t)en gertaera/k jakinaraziko za(izk)io eta hamabost eguneko epea utziko zaio egoki irizten dituen alegazioak aurkezteko eta dokumentu justifikagarriak aurkezteko, betiere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzeko denak adierazitakoaren arabera.

3.- Alegazioak aurkezteko epea amaitu eta alegaziorik aurkeztu ez bada, edo atzera bota badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari orokorrak ebazpena emango du. Itzultze-prozedura ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa da.

4.- Ebazpenean baldintzak urratu direla adierazten bada, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea eta, hala badagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari kasuan-kasuan dagokion kantitateak itzultzeko betebeharra ezarriko da. Kantitate horiek itzultzeko Ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epea utziko da. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Borondatezko epe horren barruan itzultzerik egiten ez bada, kantitateak premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

5.- CE 1828/206 Araudian xedatutakoaren betetzea ahalbidetzeko, Europako kontrol-agintaritzei bidaliko zaie antzemandako irregulartasunen informazioa eta Europako Gizarte Funtsaren bitartez kofinantzatutako dirulaguntzei dagokienez oker ordaindu diren kantitateen berreskuratzeari buruzkoa.

19. artikulua.- Datu pertsonalen tratamendu automatizatua

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, hau da, datu pertsonalak babesteko denean xedatutakoa betez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere jabetzako fitxategi automatizatuan sartuko ditu deialdi honetan araututako laguntzen eskabideak betetzean lortutako datu pertsonalak.

Modu berean, interesdunek Legeak aurreikusten dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta kontra egiteko eskubideak gauzatzeko aukera dute. Horretarako, idatzi bat bidali beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (José Atxotegi, 1.a, Vitoria-Gasteiz).

Bestalde, 1828/2006 Araudiaren 6. eta 7. artikuluen 2.d idatzi-zatian xedatutakoaren arabera, onuradunen zerrenda, eragiketen zerrenda eta eragiketei esleitu zaien funtsen kantitatea argitaratuko dira Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Unitatearen web-orrian.

20. artikulua.- Deialdia interpretatzea eta integratzea

Deialdi honen interpretazioa egiteko, bai eta, hala badagokio, izan daitezkeen hutsuneak barne hartzeko ere, honakoak jarraituko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilea, hau da, EAEko Ogasun Nagusia antolatzeko printzipioen legearen testu bategina onartzeko denaren VI. Tituluan (48.5 artikuluaren aurreikuspenen arabera) barne hartutako aurreikuspenak, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua, hau da, enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema arautzeko denaren, eta martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren, hau da Errege Dekretua lan-eskaintzarako prestakuntzari dagokionez garate eta eta horren finantzaketarako dirulaguntza publikoak emateko oinarri arauemaileak ezartzen dituena.


Azterketa dokumentala