Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2011ko otsailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Herrizaingo Saila
966

EBAZPENA, 2011ko otsailaren 2koa, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariarena, Ertzaintzaren Eskala Gorenean eta Euskal Herriko Udaltzain Kidegoen Eskala Teknikoko Intendente Kategorian sartzeko barne-sustapeneko prozeduretan parte hartzeko gaikuntza-ikastarorako deia egiten duena.

Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak, 59.2 artikuluaren bidez, barne-sustapeneko txandan parte hartzeko aukera aintzatetsi die honako hauei: dagokion kategorian sartzeko beharrezko titulazioa izan barik, kategoria horren aurre-aurreko sailkapen-taldeari dagokiona dutenei, baldin eta eskatutako beste betekizun guztiak betetzen badituzte eta Eusko Jaurlaritzak zehaztutako gaitasun ikastaroak gainditu badituzte. Ikastaro horien antolaketa eta garapena Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren ardura izango da.

Hori guztia garatzeko, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntzari buruzko araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 57. artikuluak ezarri ditu zeintzuk izan behar duten ikastaro horiek, zeintzuk izan behar duten beraien helburu eta eduki orokorrak eta zeintzuk ebaluazioa egiteko modu eta erak.

Gorabehera horiek Herrizaingoko sailburuak 2011ko urtarrilaren 18an emandako aginduaren bidez definitu dira, izan ere, agindu horretan ezarri dira Ertzaintzaren Eskala Gorenean eta Udaltzain kidegoen Eskala Teknikoko Intendente Kategorian (titulazio aldetik A1 taldea) sartzeko gaitasun ikastaroetako eduki orokorrak eta ebaluatzeko moduak; hain zuzen ere, ikastaro horiek gaikuntza ematen diete Ertzaintzaren Eskala Gorenean eta Euskal Herriko Udaltzaingoen Eskala Teknikoko Intendente Kategorian sartzeko barne sustapeneko prozeduretan parte hartzeko honako hauei: dagokion kategorian sartzeko beharrezko titulazioa izan barik (doktorea, lizentziatua, injinerua, arkitekto edo unibertsitate mailako titulua), kategoria horren aurre aurreko sailkapen-taldeari dagokiona (unibertsitateko diplomaduna, injineru teknikari titulua, arkitekto teknikaria, goi-mailako prestakuntza zikloen araberako goi-mailako teknikari titulua edo parekoa) dutenei.

Euskal Herriko Udaltzain kidegoen Koordinaketa-Batzordeak Euskal Herriko Poliziari buruzko 4/1992 legearen 121. artikuluan eskatzen den derrigorrezko txostena eman duenez, deitutako ikastaro hori ez dago Ertzaintzari bakarrik zuzenduta, baizik eta Udaltzaingoei ere bai.

Aurrekoaren indarrez, eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Kontseilu Arautzaileak ikasturte honetako Ikasketa Plana onetsi ondoren, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ertzaintzaren Eskala Gorenean eta Udaltzain kidegoen Eskala Teknikoko Intendente Kategorian sartzeko barne-sustapeneko prozeduretan parte hartzeko Gaikuntza ikastarorako deia egitea, hain zuzen ere, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntzari buruzko araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 57.1.c) artikuluan ezarritakoa.

2. artikulua.- Izangaien betekizunak.

Ikastaro honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek honako betekizunak bete beharko dituzte:

a) Ertzaintzan edo Euskal Herriko Udaltzain kidegoren batean Komisario Kategoria izatea, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 81. artikuluan aurreikusitako edozein administrazio egoeratan, zeregin geldialdian izan ezik.

b) Unibertsitate mailako titulua edo injineru teknikari titulua, arkitekto teknikaria, unibertsitateko diplomaduna, edo parekoa izatea.

3. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

Ikastaro honetan parte hartu nahi duten Ertzaintzako funtzionarioek departamentuen arteko Intraneten -Gurenet- bitartez egin beharko dute eskabidea, bertan eskuragarri agertzen den eskabide eredua betez.

Ikastaro honetan parte hartu nahi duten Udaltzain Kidegoetako funtzionarioek Ebazpen honen eranskin gisa dagoen eskabidean eman beharko dute horren berri. Eskabidearekin batera eskatutako titulazio akademikoaren fotokopia aurkeztu beharko dute.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegira bidali beharko dira.

4. artikulua.- Izangaiak onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak, bertako iragarki-oholean, ikastarorako onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko du, eta baztertu direnen kasuan, horretarako arrazoiak adieraziko dira. Zerrenda hori egiteko, Ikastegiak behar beste frogantza egingo ditu, bai bere esku dagoen informazioaz baliatuz edota izangaiei edo dagokien Administrazioari beharrezko zaion dokumentazioa eskatuz.

Zerrenda argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, interesatuek erreklamazioak egin ahal izango dituzte eta eskabidean egin dituzten akatsak konpontzeko aukera izango dute. Aurkeztutako erreklamazioak onartu edo baztertu diren adieraziko da, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko den Ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko iragarki-oholean argitaratuko da.

5. artikulua.- Ikastaroaren eduki orokorrak.

2011ko urtarrilaren 18ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz, gaikuntza-ikastaroak honako arlo eta gaiak izango ditu:

1.- Arlo humanistikoa:

- Antropologia

- Soziologia

- Psikologia kriminala

- Estatistika

2.- Arlo juridikoa:

- Administrazio-zuzenbidea

- Zuzenbide penala

- Zuzenbide prozesala

3.- Kriminologia arloa:

- Zigor-motak

- Biktimologia eta Genero-indarkeria

- Droga eta kontsumoa

4.- Gaikuntza profesionalaren arloa eskumenetan eta zuzentzeko trebetasunetan.

6. artikulua.- Ikastaroa emateko prozedura.

Ikastaroa batzuetan aurrez aurrekoa izango da. Ikastegiak berak eta, hala dagokienean, irakasleek eurek gaiak prestatzeko beharrezkoa den bibliografia edo materiala eskainiko dute.

Ikastaroak hautatuko izangai bakoitzarentzat banakako programa bat izango du. Izangaiek euren aldetik ikasketa prozesuan nabarmen atera behar dira. Ikasketa prozesu horretan banakako lan baten aurkezpena eta ebaluazioa izango dira eta unibertsitateko irakasleek edo katedradunek zuzenduko dute.

7. artikulua.- Ikastaroa gainditzea eta ebaluazioa.

Izangaiek ikasketa planean adierazitako helburuak lortu dituzten egiaztatzeko, proposatutako arloetako gai bati buruz idatzizko lan espezifikoa eginez neurtuko da. Ondoren, lan horren ahozko adierazpena egin beharko da.

Azken kalifikazioa edo ebaluazioa Epaimahaiari dagokio. Epaimahaiaren osaera Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Zuzendaritzak zehaztuko du, eta horren kideen espezializazioa bermatuko du.

Azken kalifikazioa gai edo ez gai izango da.

8. artikulua.- Ikastaroaren emaitzak.

Ikastaroaren emaitzak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Iragarki-oholean argitaratuko dira.

9. artikulua.- Errekurtsoak.

Ebazpen honen kontra, Administrazio-bidea agortzen duena, interesatuek jarri ahal izango diote aukerako berraztertzeko errekurtsoa Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendariari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barruan, edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioari zuzenean aurka egin ahal izango diote.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztuz gero, hau espresuki ebatzi arte, edo presuntziozko ezezpena gertatzekotan administrazioaren isiltasuna dela eta, ezin izango da bide jurisdikzionalera jo.

Interesatuak bide jurisdikzionala aukeratuz gero, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri beharko du Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzenduta, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epearen barruan, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. artikuluaren arabera.

Deialdi honetatik edo Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko organoetatik ondorioztatzen diren egintza administratibo guztiak inpugnatu ahal izango dituzte interesatuek, administrazio prozedura erkidearen araudian ezarritako moduetan eta kasuetan.

Arkaute, 2011ko otsailaren 2a.

Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko zuzendaria,

ELENA MORENO ZALDIBAR.

ERANSKINA/ANEXO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala