Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2011ko otsailaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Herrizaingo Saila
938

AGINDUA, 2011ko otsailaren 10ekoa, Herrizaingoko sailburuarena, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 57.1.b) artikuluan jasotako Ertzaintzaren Egiterapen Eskalara eta Udaltzaingoen Eskala Teknikoko komisario eta komisario-ondoko kategorietara sartzeko gaikuntza-ikastaroen eduki orokorrak eta balioesteko erak finkatzen dituena.

Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak 59.2 artikuluan xedatzen duenez, barne sustapeneko txandaz lehiatu ahal izango dira kategoria batera sartzeko beharrezko titulaziorik ez dutenak, baldin eta, kategoria hura dagoen sailkapen-taldearen hurrengo sailkapen-talde apalagoko titulazioa izanik, gainontzeko eskakizunak betetzen badituzte eta Eusko Jaurlaritzak zehazten dituen gaikuntza-ikastaroak gainditu badituzte; horien antolakuntza eta garapenerako ardura Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiarena izango da.

Xedapen hori garatuz, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuak, 57. artikuluan zehazten ditu zeintzuk diren ikastaro horiek eta zein helburu izango duten; gainera, ikastaroen eduki orokorrak eta balioesteko egoki diren erak eta moduak Herrizaingoko sailburuaren Agindu bidez arautuko direla ere badio bertan.

Agindu honek betetzen ditu aurreikuspen horiek, 315/1994 Dekretuaren 57.1 artikuluko b) puntuan aipatzen diren gaikuntza-ikastaroen eduki orokorrak eta balioesteko egoki diren erak eta moduak zehazten baititu, hau da, A2 taldekoak diren Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario eta komisario-ondoko kategorietara edo Udaltzaingoen Eskala Teknikoko komisario eta komisario-ondoko kategorietara sartzeko beharrezko titulaziorik ez izan arren, hurrengo sailkapen-talde apalagoko titulazioa dutenek barne-sustapeneko prozeduretan parte hartu ahal izateko egin beharreko gaikuntza-ikastaroa, hain zuzen.

Horren ondorioz, Ertzaintzaren Kontseiluak txostena eman eta gero, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Helburua.

Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 59.2 artikuluan eta Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 57. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, A2 taldekoak diren Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario eta komisario-ondoko kategorietara edo Udaltzaingoen Eskala Teknikoko komisario eta komisario-ondoko kategorietara sartzeko beharrezko titulaziorik ez izan arren, hurrengo sailkapen-talde apalagoko titulazioa dutenek barne-sustapeneko prozeduretan parte hartu ahal izateko egin beharreko gaikuntza-ikastaroen eduki orokorrak eta ikastaroa balioesteko erak arautzea da Agindu honen xedea.

Horrela, batxiler edo tekniko titulazioa, II mailako lanbide-heziketa edo baliokidea duten ofizialen prestakuntza osatu nahi da; hortaz, Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario eta komisario-ondoko kategorietara edo Udaltzaingoen Eskala Teknikoko komisario eta komisario-ondoko kategorietara sartzeko barne sustapeneko prozeduretan parte hartzeko gai izango dira eta Ertzaintzaren komisario eta komisario-ondoko kategorien eta Udaltzaingoen komisario eta komisario-ondoko kategorien eginkizunak egoki garatzea utziko dien ezagutza eta eskumenak lortuko dituzte.

2. artikulua.- Ikastaroaren eduki orokorra.

Gaikuntza-ikastaroan arlo eta irakasgai hauek landuko dira:

1.- Humanistika arloa:

- Antropologia.

- Soziologia.

- Psikologia Kriminala.

- Estatistika.

2.- Arlo juridikoa:

- Zuzenbide administratiboa.

- Zigor-zuzenbidea.

- Auzi-bideko zuzenbidea.

3.- Kriminologiaren arloa:

- Zigor-tipologia.

- Biktimologia eta genero-indarkeria.

- Droga eta kontsumoak.

4.- Lanbide-gaitasunaren arloa, eskumenen eta zuzendaritzako trebetasunen eremuetan.

3. artikulua.- Metodologia eta emateko prozedura.

Gaitzeko ikastaroa behar besteko kualifikazioa duten langileek emango dute eta Ertzaintzaren Egiterapen Eskalako komisario eta komisario-ondoko kategorietara edo Udaltzaingoen Eskala Teknikoko komisario eta komisario-ondoko kategorietara sartzeko gaikuntza-ikastaroaren irakasleak izango dira.

Ikastaroa urrutiko prestakuntza-modalitatekoa edo bertaratu beharrekoa edo noizean behin bertaratu beharrekoa izan daiteke, beharren arabera zehaztuko baita, eta Ikastegiak berak edota irakasleek emango dute bibliografia eta materiala edo dagozkien gaiak prestatzeko beharrezko edukiak.

Ikastegiak tutoretzak jarriko ditu, ikasleei ikasten laguntzeko eta zuzenketak egiteko, eta, beraren ekimenez, edo irakasleek hala eskatuta, lan-jardunaldiak ere antolatuko ditu, bereziki zailak diren gaiak lantzeko.

Beharrezkoa balitz, metodologia eta burutu beharreko prozedurak eguneratzeko eta homogeneizatzeko asmoz, irakasleek ikastaroa ere jasoko dute aldez aurretik.

4. artikulua.- Ebaluazioa.

1.- Izangaiek, ikastaroa gainditu ahal izateko, ikasketa-plan bakoitzean jarritako helburuak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, bertan finkatzen diren baldintzetan eta horretarako lan berezituak, idatziz, egin beharko dituzte eta, ondoren, horien aurkezpena edo ahozko defentsa.

Azken ebaluazioa Epaimahaiari dagokio eta horren osaera Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Zuzendaritzako titularrak zehaztuko du, bere kideen espezializazioa bermatuz.

2.- Ikastaroaren azken emaitza gai edo ez gai izango da.

5. artikulua.- Ikasketa-plana.

Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko Kontseilu Errektoreak onartuko du gaikuntza-ikastaroaren ikasketa-plana eta, gutxienez, hauek jasoko ditu:

a) Ikasketa-plana osatzen duten arloak, irakasgaiak eta gaiak, eta horietako bakoitzean lortu nahi diren helburuak.

b) Ikastaroa emateko prozedura.

c) Ikastaroaren iraupena, guztira.

d) Ikastaroa ebaluatzeko irizpideak, prozedura eta eskumeneko organoa.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu honetan jasotakoa ez zaie ezarriko udaltzainei, Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordeak dagokion txostena ematen ez duen bitartean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean sartzearekin batera indargabetu egiten da 1995eko ekainaren 8ko Agindua, Herrizaingo sailburuarena, Euskal Herriko Poliziaren hautespen- eta prestakuntza-araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 57.1.b) artikuluan jasotako Ertzaintzaren egiterapen eskalan eta Udaltzaingoen eskala teknikoan sartzeko gaikuntza-ikastaroen eduki orokorrak eta balioesteko erak finkatzen dituena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 10a.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala