Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2011ko otsailaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
679

AGINDUA, 2011ko urtarrilaren 19koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena; honen bidez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetako gastu espezifiko bakoitzeko 2011. urtean gehienez eman daitezkeen diru-kopuruak eta laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak finkatzen dira; eta, horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko eta Udal bakoitzarentzat 2011rako aurrekontu-mugak finkatzen dira.

Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak honako baliabide hauek arautzen ditu: bazterkeria-arriskua saihestekoak, bazterkeria pertsonala nahiz gizarte- eta lan-arloko bazterkeriako egoerak arintzekoak, eta herritarren gizarte-eskubideak benetan baliatzeko behar adina baliabide pertsonal, sozial edo ekonomikoak ez dituztenen gizarteratzea erraztekoak. Horien artean daude Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL).

Lege horretako 49. artikuluan gizarte-larrialdietarako laguntzetarako zenbatekoa zehazteko kontuan hartu beharreko irizpideak ezartzen dira. Zehazki, 1. paragrafoan inoiz ere gainditu ezin izango den kopuruetariko bat jasotzen da, hau da, aurreikusten den gastu berezi bakoitzeko araudi bidez gehienez finkatutako diru-kopurua.

Legean jasotzen den aurreikuspen horretan oinarrituz, urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretuak 9. artikuluan ezartzen duenez, gizarte-larrialdietarako laguntza gisa urte bakoitzean gehienez emango diren diru-kopuruak urtero ezarriko dira, agindu bidez ezarri ere.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak emateko esleitutako kredituak banatzeko irizpideei dagokienez, komenigarritzat jo dugu Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko martxoaren 24ko Aginduan erabilitako berberei eustea. Irizpide horiek gaur egun bizi dugun atzeraldiko ziklo ekonomikoaren ondorioz aldatutako errealitate sozio-ekonomikoari erantzuten diote, baita Etxebizitzarako Prestazio Osagarria abian jarri izanari ere.

Beharrizanei dagokienez, laguntza ia soilik eskatzaileen ohiko etxebizitzarekin zerikusia duten gastuetarako erabiltzen ari zela ikusi zen. Gizarte-larrialdietarako laguntzen programa betearaztean azken urteotan izan dugun esperientziatik ondorioztatu zenez, dauden baliabideen ehuneko handi bat -guztia ere batzuetan- etxebizitzaren alokairuak, aprobetxamenduak eta mantentzeak sortutako gastuei aurre egiteko erabiltzen zen, eta oinarrizko beharrizanei dagozkien gastuen kontzeptuek, ordea, estaldura txikiagoa lortzen zuten.

Etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriari (EGPO) buruzko urtarrilaren 12ko 2/210 Dekretua indarrean jarri izanak erantzuna ematen die Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileen etxebizitza-gastuei, alokairu, azpierrentamendu, baterako errentamendu, ostatu-emate, apopilotza edo logela-alokairuaren modalitateetan.

Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarri berriari esker urrats garrantzitsu bat eman da GLLen berezko izaera, hasierakoa, berreskuratzeko da, hau da, ez-aldizkako prestazioa izatea. Ohiko bizitokiak eragindako gastuak estaltzearen ondorioz, sisteman ia aldizkako prestazio bihurtu zen, baina prestazioaren diseinua zela-eta, zailtasun handiak eragiten zituen kudeatzeko garaian, baita asegabetasunak ere, herritar potentzialki hartzaileen artean eta aplikatzen zuten profesionalen artean.

Laguntzak emateari dagokionez, abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 50.1 artikuluak xedatzen duenez, oinarrizko gizarte-zerbitzuek benetako premia-egoera dagoela eta helburu horretarako kontsignatutako kreditua ere badagoela konprobatu eta gero emango dira gizarte-larrialdietarako laguntzak.

Horren ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak 2011ko ekitaldirako onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legean xedatutakoaren arabera, 17.300.000 euroko ordainketa-kreditua dago ekitaldi honetan diru-laguntza horietarako, eta horiek dira Agindu honetan esleitzen direnak.

Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 88. artikuluko g) eta h) idatz-zatietan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie gizarte-larrialdietarako laguntzak onartu edo ukatzea eta ordaintzea. Horretarako, udalek aldez aurretik jakin behar dute urtero gehienez erabil dezaketen diru kopurua, betiere aurrekontu-ekitaldi bakoitzean laguntza horietara zuzendutako guztizko aurrekontu-esleipenaren barruan.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretu arautzaileak ezartzen du programari esleitutako urteko baliabideak udalei banatzeko eta transferitzeko prozedura. Baliabideen banaketa, beraz, printzipio hauetan oinarritzen da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, urtero, gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko behar beste baliabide ekonomiko esleitu beharko da.

b) Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak aztertu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko dagoen dirua erkidego barruko udalerrien artean nola banatuko diren zehazteko irizpideak gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan Eusko Jaurlaritzaren sailak zehaztuko ditu urtero, eta beharren adierazleei begira zehaztu beharko ditu batez ere.

c) Irizpide horiek aplikatuz, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan sailak udal bakoitzari dagokion gehieneko zenbatekoa finkatuko du.

d) Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan sailak diru-baliabideak banatzeko irizpideak berraztertuko ditu aurrekontu-ekitaldiaren barruan. Hartara, behar izanez gero, udal bakoitzarentzat ezarritako kredituak egokitu ahal izango ditu, eta horretarako, udal bakoitzak urtero gehienez ordain ditzakeen zenbatekoak finkatuko ditu.

Prozedura hori aplikatuz, banaketarako irizpideak eta aurrekontuetako gehieneko zenbatekoak ezarri dituzten Aginduak argitaratu ditu Sail honek urtero. Horretaz gain, ekitaldiaren amaieran, esleitutako kredituak birdoitzen zituzten eta aurrekontu-muga berriak ezartzen zituzten aginduak eman dira.

Gizarte-larrialdietarako laguntzei dagozkien baliabide ekonomikoak banaka edo mankomunitateka banatu behar dizkie Eusko Jaurlaritzak udalei, horiek Foru Aldundiarekin bestelako prozedurarik adostu ezean. Aipatutako aukeraz baliatu diren udalek ez badiote Sail honi orain arte horren berririk eman, hartutako akordioaren egiaztagiria bidali behar diotela ezartzen da xedapen honen bitartez.

Azkenik, gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuak dekretua bera garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko ahalmena ematen dio Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari.

Horren arabera, honako hau

EBATZI DUT:

I. KAPITULUA

XEDEA

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea honako hau da: 2011ko ekitaldirako, gizarte-larrialdietarako laguntzetan (GLL) bildutako gastu espezifiko bakoitzari orokorrean eman beharreko gehieneko zenbatekoak finkatzea eta laguntza horiek emateko esleitutako kredituak hainbat udalerriren artean banatzeko irizpideak ezartzea. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko eta Udal bakoitzari urte honetan dagokion aurrekontu-muga zehazten da.

II. KAPITULUA

GEHIENEZKO ZENBATEKOAK

2. artikulua.- Urteko gehieneko diru-kopuruak.

1.- 2011rako Gizarte Larrialdietarako Laguntzen gehieneko zenbatekoak, bizikidetza-unitate (hemendik aurrera, BU) bakoitzeko eta gastu espezifiko bakoitzerako, honako hauek dira:

a) Alokairu-gastuengatik:

a.1.- Maizter bakar bat duten etxebizitzen kasuan, edo BU eskatzaile bakarra izanik, maizter bat baino gehiagoko edo azpierrentan emandako etxebizitzen kasuan, hileroko gehieneko kopurua 250 euro eta 320 euro izango da, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 70 gainditu. Lehenengo zenbatekoa gehieneko orokorra izango da, eta bigarrena honako kasu hauetan aplikatuko da: euren kargurako bi seme-alaba edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateen kasuan edo antzeko kasuetan; edo eskaera egiteko garaian, kideetako edozeinek lan-errenta bat jasotzen duen kasuetan.

a.2.- Etxebizitzan maizter bat baino gehiago badago edo azpierrentak egin badira, ez dira bi eskaera baino gehiago onartuko, indarreko arauetan xedatutakorekin koherente izanik, eta bizikidetza-unitateen kopuruarekin zatituko da. Bi bizikidetza-unitateren kasuan, hona hemen mugak: 125 euro hilean bizikidetza-unitate bakoitzeko, oro har, eta 160 euro euren kargurako bi seme-alaba edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateen kasuan edo antzeko kasuetan, edo kideetako edozeinek lan-errenta bat jasotzen duen kasuetan, baina biak batuta etxebizitzaren alokairu-prezioaren % 80 gainditu gabe.

a.3.- Etxebizitzan ostatu- edo apopilotza-kontraturik egonez gero, kontratu-mota hori duen eskatzaile kopuruaren muga bi izango da, aurrekoarekin koherente izanik; laguntzaren mugak hauek izango dira: 125 euro hilean bizikidetza-unitate bakoitzeko, oro har, eta 160 euro hilean euren kargurako bi seme-alaba edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateen kasuan edo antzeko kasuetan, edo kideetako edozeinek lan-errenta bat jasotzen duen kasuetan.

a.4.- Legez eratutako hotel, hotel-apartamentu eta pentsioetan bizi direnen kasuan, muga hilean 250 euro edo 320 euro izango da bizikidetza-unitateko. Lehenengo muga oro har aplikatuko da, eta bigarrena euren kargurako bi seme-alaba edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateen kasuan edo antzeko kasuetan; edo kideetako edozeinek lan-errenta bat jasotzen duen kasuetan. Kasu horretan, BUen muga ez da bi izango, baizik eta establezimenduan legez onartutako gehieneko gela kopuruaren araberakoa izango da.

b) Etxebizitza edo bizitokia erosteko kredituen interesen eta amortizazioaren gastuengatik, 250 euro eta 320 euro gehienez hilero, eta ezin izango da gainditu kredituaren hileroko interesen edo amortizazioaren % 70. Lehenengo muga oro har aplikatuko da, eta bigarrena euren kargurako bi seme-alaba edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateen kasuan edo antzeko kasuetan; edo kideetako edozeinek lan-errenta bat jasotzen duen kasuetan.

Kontzeptu horretarako gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko gehieneko denboraldia ez da hamabi hilabetetik gorakoa izango bizikidetza-unitatea dagoen denboraldi osoan edo etxebizitza beraren edo ohiko alojamenduaren gainean eskatutako kreditua ordaintzeko. Alabaina, muga horiek ez zaizkie aplikatuko zahartzaroko pentsioen titularrei.

c) Energia, ura, estolderia eta zaborretarako gastuengatik, baita ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionengatik ere, ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan, urtean 1.110 euro gehienez. Bi BUren kasuan, bakoitzari gehienez 555 euro urtean.

d) «Linea zuriko» etxe-tresna elektrikoen eta altzarien gastuak direla-eta, gehienez 1.850 euro urtero. Bi BUren kasuan, bakoitzari gehienez 925 euro urtean.

e) Etxebizitza konpontzeko, egokitzeko eta/edo oinarrizko instalazioak egiteko gastuak direla-eta, gehienez 1.850 euro urtero. Bi BU baldin badira, bakoitzari gehienez 925 euro urtean.

f) Bizikidetza-unitateko kide batek edo gehiagok dituzten oinarrizko premiei buruzko gastuengatik, esate baterako: jantziak, hezkuntza eta prestakuntzakoak eta osasun-arretakoak, betiere sistema publikoek gastu horiek estaltzen ez dituztenean, urtean 1.850 euro gehienez.

g) Aurretiko zorpetze-gastuak direla-eta, 0 euro urtean.

2.- Eusko Jaurlaritzak, beste administrazio publikoek edo administrazioaren mendeko entitateek sustatutako babes publikoko etxebizitzen kasuan ez dira Etxebizitza edo bizitokiaren alokairuaren edo erosteko kredituen interesen eta amortizazioaren gastuengatik dagozkion gizarte larrialdietarako laguntzak emango, udal bakoitzeko oinarrizko gizarte-zerbitzuek eskaera-espedienteari atxikitako txosten sozialaren bidez justifikatutako salbuespenezko egoeratzat emandako kasuetan izan ezik.

3.- Nolanahi ere, artikulu honetako 1. paragrafoko «a», «b», «c», «d» eta «e» idatz-zatietan aipatzen diren kontzeptuei dagozkien GLLak jasotzea ez da bateragarria EGPO jasotzearekin; ez eta, artikulu honetako 1. paragrafoko «a» idatz-zatiari dagokionez, DBE jasotzearekin ere, horren modalitateetako edozeinetan.

4.- Eskabide bakoitzean laguntzari eslei dakiokeen zenbatekoa Agindu honetako I. eranskinean, eskatzailearen baliabideen arabera, ezartzen den ehunekoa aplikatzearen emaitza izango da. Ehuneko hori artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezartzen den gehienezko kopuruaren gainean aplikatuko da, edo benetako gastuaren kopuruaren gainean, kopuru hori kontzeptuko gehienezko kopurua baino txikiagoa bada, Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuko 10.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

5.- Kasu partikular bakoitzean aplika daitekeen zenbatekoa Udal eskudunak murriztu beharko du, dauden aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta; kasu horretan, kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa eskatzaile guztien eskaerari modu berean erantzuteko Udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboan murriztu beharko da.

3. artikulua.- Eskaera-pilaketa eta GLLak eska ditzaketen BUen gehieneko kopurua.

Etxebizitza berean bizi diren gehienez ere 2 BUk eska ditzakete Diru-sarrerak Bermatzeko euskal sistemako prestazioak (GLLak barne hartuta). Hortaz, zenbaketa hori egiteko, sistemako edozein prestazio kobratzeko sortu diren BUak izango dira kontuan: DBE, EGPO edo baita GLLak ere, baina lehentasuna izango du zuzenbideko prestazioak -alegia, DBEa eta EGPOa- jasotzeak.

GLLren bi eskaera baino gehiago pilatuz gero, eskaeraren antzinatasunaren arabera artatuko dira, baldin eta dagozkien Gizarte Zerbitzuek bestelako irizpiderik finkatu ezean, Txosten Sozialaren bidez.

III. KAPITULUA

KREDITUEN BANAKETA UDALEN ARABERA, FINANTZAZIOA ETA TRANSFERENTZIAK

4. artikulua.- Banaketa-irizpideak.

1.- 2011. urtean, gizarte-larrialdietarako laguntzen kredituak banatzeko irizpideak batez ere egoeraren larritasuna zenbaterainokoa den kontuan izanik zehazten dira, udalerrietako honako parametroen arabera eta parametro horietako bakoitzari honako ponderazio-koefiziente hauek aplikatuz:

a) Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria jaso gabe Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten unitateen kopurua: 0,24.

b) Langabetuen kopurua: 0,56.

- Langabetuen guztizko kopurua: 0,46.

- Emakume langabeen kopurua: 0,10.

c) Etorkinen kopurua: 0,20.

2.- Aurreko paragrafoan ezarritakoa alde batera utzita, orobat, 400 biztanle baino gutxiagoko udalerrientzat gutxieneko kopuru bat bermatzen da gizarte-larrialdietarako laguntzen programa gauzatzeko. Kopuru hori, hain zuzen ere, udalerri horiei guztira legokiekeenaren batez bestekoa izango da.

5. artikulua.- Aurrekontu-mugak.

4. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzak 2011n gizarte- larrialdietarako laguntzak ordaintzeko zenbat diru erabil dezakeen ezarri da aurrekontuetan. Agindu honen II. eranskinean ageri dira zenbatekoak.

6. artikulua.- Ziurtagiria bidaltzea.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak Foru Aldundien bitartez jasotzeko akordioa duten udalek akordioaren egiaztagiria igorri beharko diote Sail honi, aurretik jakinarazi ez baldin badiote.

7. artikulua.- Aurrekontu-mugak eta laguntzak banatzeko irizpideak aldatzea.

1.- 2011ko lehen hiru hiruhilekoen amaieran, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak zera egiaztatu beharko du, laguntzak banatzeko irizpideak udal bakoitzak duen eskariaren arabera aplikatzen direla. Irizpideak desegokiak direla egiaztatzen badu, kredituak beste modu batera banatuko ditu, eta horretarako, udal bakoitzak gehienez ordain dezakeen zenbatekoa aldatuko du, ekitaldi bakoitzean laguntza horien aurrekontuan ezarritako kreditua gainditu gabe.

2.- Halaber, laguntzak banatzeko irizpideak aldatzea beharrezkotzat joz gero, Sail horrek, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen azterlanean oinarrituta, laguntzak banatzeko beste irizpide batzuk ezarri ahal izango ditu, eta, hartara, Udal bakoitzak gehienez ordain ditzakeen zenbatekoak aldatuko ditu, ekitaldi bakoitzean laguntza horien aurrekontuan ezarritako kreditua gainditu gabe.

8. artikulua.- Agiriak igortzea.

1.- Hiruhilean behin egin beharreko ordainketak bidali eta hurrengo hilabeteko lehenengo hamabostaldian, aurreko hiruhilekoan eman dituzten laguntzen berri eman beharko diote udalek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari, frogagiriekin batera. Aipatutako informazioa eta dokumentazioa Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioaren Euskal Sistemaren bidez emango da, dagokion gastu-kalkuluarekin batera.

Aurreko hiruhilekoari dagokionez, titularrari eta haren bizikidetza-unitateko kide guztiei buruzko nahiz baliabide ekonomikoei eta ondare-ondasunei buruzko datu pertsonalak eta emandako laguntzen zenbatekoak eta kontzeptuak jaso beharko dituzte aipatutako datuek, emateko edo ukatzeko ebazpenei dagokienez. Era berean, egin behar ez ziren kobrantzak edo ordainketak itzultzeko prozedurak aplikatu behar zaizkien zenbatekoak ere bildu beharko dira.

2.- Egindako hiru hileroko ordainketak udalek -osorik edo partzialki- egiaztatu ezean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak birdoitu egingo ditu geroago egin beharreko hiru hileroko ordainketak. Sailaren aurrekontu-ekitaldia ixten denean, Udal bakoitzari dagozkion kopuru guztiak erregulatu beharko dira behin betiko, aurrekontu-ekitaldi horretan laguntzak emateko benetan hartutako ebazpenetan oinarrituta, eta kontuan hartuz, horretarako, Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuan artikuluan ezarritakoari jarraiki udalek bidalitako dokumentazioa.

Udalek prestazioen ordainketari aplikatu gabeko soberakin-zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko dizkiote.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzen dituen Dekretuko 33. artikuluan aipatzen diren datuen bidalketa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Informazio Sistemaren funtzionamendua araututa ez dagoen bitartean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2004ko urriaren 8ko Aginduan ezarritako moduan egingo da. Agindu horren bidez argitaratu zen Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskabide-eredu berria, eta prestazio horiei buruzko dokumentazioa euskarri informatikoan bidaltzeko modua arautu zen (2004ko azaroaren 17ko EHAA, 220 zenbakikoa). Edo, bestela, aipatutako aginduan ezarritakoa ordezkatzen duen euskarri informatiko estandarizatuaren bitartez, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehazten duen moduan, datuen edukiari buruz aipatutako 33. artikuluan eskatzen diren baldintzak betez, betiere.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta biharamunetik hasita, eta 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urtarrilaren 19a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

I. ERANSKINA

Bizikidetza-unitatearen (BU) baliabideen arabera (diru-sarrerak eta ondarea) dagokion laguntza-ehunekoa

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko eta Udal bakoitzarentzat 2011rako finkatutako aurrekontu-muga.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala