Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2011ko otsailaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
675

EBAZPENA, 2010eko abenduaren 30ekoa, Trafikoko zuzendariarena, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdia egiten duena.

3256/1982 Errege Dekretuak, urriaren 15ekoak, xedatutakoaren babesean; 303/2010 Dekretuak, azaroaren 23koak, 20.5.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritza honi emandako aginpideekin bat; urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Araudiak ematen dituen aginpideen arabera; Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi dutenentzat ikastarorako deialdia egiten da.

Deialdia honako oinarriek arautuko dute:

Lehenengoa.- Parte hartzeko baldintzak.

1.1.- Onartuak izateko, prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek hurrengo baldintza guztiak bete beharko dituzte:

a) Aldez aurretiko eskaera formulatzea.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua edo Teknikariaren titulua (Lanbide Heziketaren Maila Ertaina) izatea ala dokumentuz ikasketa baliokideak edo goi-mailagokoak dituela egiaztatzea.

c) Gutxienez, eskuzko martxa-aldaketak dituzten ibilgailuak gidatzeko gaitzen duen B motako gidabaimenaren titularrak izatea, bi urteko antzinatasun minimoarekin.

d) Gidarien Araudi Orokorrak 45. artikuluan xedatutakoaren arabera, gaur egun 2 taldeko baimena lortzeko eskatzen diren baldintza psikofisikoak eta psikoteknikoak betetzea. Salbuespen gisa, irakaskuntza teorikora mugatutako Bide-Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu ahal izango dute halako baldintzarik bete ez arren, Gidarien Araudi Orokorrak, maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, 7.2 artikuluan xedatutakoaren babesean lortutako baldintza murriztaileen mendeko B motako gidabaimena edo B motako ezohiko gidabaimena dutenek, betiere gutxienez bi urteko antzinatasuna badute.

e) 1/2007 Dekretu Legegileak, irailaren 11koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasei eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duenak, xedatutakoaren arabera, izen-emateko tasak ordaindu izana, hirugarren oinarriko 3. zenbakian xedatutakoarekin bat.

1.2.- Baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira eta prestakuntza-prozesuan indarrean jarraituko dute.

1.3.- Hauta-probetan edo ikastaroan zehar hautagaietakoren batek eskatutako baldintza bat edo batzuk betetzen ez dituela jakiten bada, edo egiaztatutako ziurtagiriari esker eskabideak Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzea galarazten duten akatsak edo faltsukeriak dituela ondorioztatzen bada, interesdunak esan beharrekoa entzun ondoren, Epaimahai Kalifikatzaileak hautagaia kanporatzeko proposamena egingo du.

1.4.- Hautagaiak eskabidean aurkeztutako informazio guztia eta prozedura honi dagozkion datuak, Herrizaingo sailburuak egin ondoren, 2003ko irailaren 2ko Aginduak (170. EHAA, 2003ko irailaren 2koa) aurrez ikusitako fitxategian sartuko dira. Horren organo arduraduna Trafiko Zuzendaritza da. Fitxategia erabili eta funtzionarazteko, 15/1999 Lege Organikoak, abenduaren 13koak, Datu Pertsonalak Babesten dituenak, eta 2/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, titulartasun publikoko datu pertsonalen fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoak, aurrez ikusitakoari erreparatuko zaizkio.

Pertsona interesatuek atzitzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte eta, horretarako, idazkia honako helbidera bidaliko dute:

Trafiko Zuzendaritza, Donostia-San Sebastián kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Prozedura amaitzen denean, hautatu gabe gelditu diren pertsonei dagozkien datuak ezabatu egingo dira.

Bigarrena.- Eskabideak.

Ikastaroan parte hartu nahi duten pertsonek, aurreko deialdietan aldez aurretiko hauta-proba gainditu edo ez gainditu arren edo nahiz eta ebazpenaren 7.2 oinarrian adierazitakoarekin bat, arloren batean salbuetsiak egon, ondoren zehaztutako epean eta moduan eskabidea aurkeztu beharko dute.

2.1.- Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

2.1.1.- Epea.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.1.2.- Aurkezteko modua.

Ikastaroan parte hartu nahi duten pertsonek eskabidea Interneten bidez egin ahal izango dute eta, xede horrez, honako helbide elektronikoan eskura izango den eskabidearen eredua bete beharko da: www.euskadi.net/trafico.

Interneten bidez egindako eskabidea Eusko Jaurlaritzako KZGunea zentro publikoetan egin daiteke. KZGunea zentroen zerrenda eta horien kokapena honako helbide elektronikoan eskura dago: www.kzgunea.net.

2.2.- Eskabidearen edukia eta inplikazioak.

Onartzeko, hautagaiek eskabidearen atal guztiak bete beharko dituzte eta tasa ordaindu beharko dute. Era berean, lehenengo oinarrian adierazitako baldintza guztiak betetzen direla azalduz zinpeko aitorpena edo promesa egin beharko da.

Tasa eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaintzen ez bada, prozeduratik baztertu egingo da, prozesuan onartzeko 1.1.e) atalean eskatutako baldintza ez betetzeagatik. Hala eta guztiz ere, ordaindutako zenbatekoa okerra izanez gero, hamar laneguneko epean zuzen dezan hautagaiari eskea egingo zaio.

2.3.- Izen-emateagatik tasa ordaintzea:

Deialdi honek 1.1.e) oinarrian aurrez ikusitako baldintza betetzeko, tasa eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da, honako erakundeen edozein sukurtsaletan: BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa), Caja Vital Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Caja Laboral-Euskadiko Kutxa, Banco Guipuzcoano, La Caixa, Bankoa, Santander, Caja Madrid eta Iparkutxa.

Tasa ordaintzeko, bi aukera daude:

a) Off-line ordainketa: aipatu diren erakunde finantzario laguntzaileen bulego-sarearen edozein puntutara joatea eta sistemak emandako ordainketa-gutuna aurkeztea. Ordainketa-gutunak barra-kodea duenez, irakurketa optikoa duen edo datuak eskuz jaso ditzakeen kutxazain automatikoaren bidez ordaindu beharko da.

b) On-line ordainketa: banku-sukurtsalera joan gabe, banku elektronikoaren sistemaren bidez ordaintzea, betiere aipatutako erakunderen batean banku elektronikoaren bezeroa izanez gero. Modalitate hori egunean 24 orduz eraginkorra da.

Tasaren zenbatekoa honakoa da: 9,13 euro.

Tasa ordaintzen ez bada edo ordaindutako zenbatekoa okerra izanez gero, ondorioak oinarri hauetan 2.2 atalean zehaztutakoak izango dira. Inolaz ere aurkezpenak eta tasaren ordainketak ez dio ordezkatuko garaiz eta moduz eskabidearen aurkezpenaren izapidea egiteari, 2.1 oinarrian azaldutakoaren arabera.

Hirugarrena.- Hautagaiak onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, Epaimahaiko lehendakariak ebazpena egingo du eta aldez aurretiko hauta-probarako pertsona onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartuko du, baita aurreko deialdietan gainditu izanagatik, pertsona salbuetsiena ere. Behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamazioak Ebazpenean aipatutako epearen barruan aurkeztu beharko dira.

Kasu bakoitzean aurkeztutako alegazioak Epaimahaiak aztertu ondoren, Epaimahaiko lehendakariaren ebazpena, aldez aurretiko hauta-proba egiteko onartuen eta baztertuen zerrenda eta aurreko deialdietan gainditu izanagatik salbuetsiak direnen zerrenda duena, jakinaraziko da.

Laugarrena.- Aldez aurretiko hauta-proba.

Salbuetsiak izan ez badira, pertsona onartuek aldez aurretiko hauta-proba egingo dute. Bi proba baztertzaile, bata teorikoa eta bestea praktikoa, izango dira. Aldez aurretiko hauta-proba gainditzeko, hautagaiak bi probetan gaitu beharko dira.

Partaideek proban indarreko gidabaimenarekin eta NAN edo Egoitza Txartelarekin ala indarreko Identitatearekin edo, horiek izan ezean, Pasaportearekin azaldu beharko dute. Epaimahaiak probaren garapenean dokumentu horiek aurkeztea eska dezake eta aurkezten ez duenari ez zaio onartuko, baita prozesutik baztertu ere.

Aurreko dokumentuez gain, proba praktikorako erabili beharreko ibilgailuari dagokion dokumentazioarekin agertuko dira. Proba praktikoa egin baino lehen, lehenengo oinarrian zehazten den bezala, hautagaia gutxienez bi urteko antzinatasunarekin B motako gidabaimenaren titularra al den egiaztatuko da. Baldintza hori betetzen ez badu, ikastarotik baztertuko zaio eta ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izango.

Aldez aurretiko hauta-probarako deialdi bakarra egingo da eta agertzen ez diren pertsonak baztertuak geldituko dira, alega daitekeen arrazoia alde batera utzita.

4.1.- Proba teorikoa.

Proba teorikoa gidarien, ibilgailuen eta zirkulazioaren arauei, zirkulazioa arautzeko seinaleei eta bide-segurtasuneko gaiei buruzkoa izango da, eta hautagaiak kanporatzeko balioko du. Emandako inprimakian idatziz erantzun beharko zaio aipatutako gaiei buruzko 30 galderako galdera-sortari, horretarako aukera anitzeko sistemari jarraituta.

Proba teorikoa gainditzeko eta proba praktikoa egin ahal izateko, 28 galdera edo gehiago zuzenak izango dira.

Proba egiteko denbora galderako minutu batekoa izango da.

4.2.- Proba praktikoa.

Proba praktikoa salbuetsiak izan ez diren pertsona onartuek egingo dute, zazpigarren oinarrian xedatutakoarekin bat, eta trafikoari irekitako bideetan gidatzeko eta zirkulatzeko teknikei eta horiek menderatzeari buruzkoa izango da. Gutxienez hogeita hamar minutu iraungo ditu.

Hiri-bideetan nahiz hirien artekoetan garatuko da, orokorrean, trafikorako irekiak badaude. Martxa-aldaketa duen turismoa gidatuko da. Hori pertsona interesatuarena izango da.

Hautagaiak kanporatzeko balioko duen proba horren helburua zera izango da bereziki: hautagaiak ibilgailua eta horren aginteak maneiatzeko eta zirkulazioa arautzen duten arauak eta seinaleak betetzeko duen gaitasuna eta esperientzia egiaztatzea, trafikoan eragiten duten faktore ezberdinen aurrean dituen portaera eta jarrerak egiaztatzea, baita eraginkortasunez gidatu eta zirkulazioaren gorabeheretara nahiz egoeretara moldatzeko duen gaitasuna frogatzea ere; proban segurtasuna bereziki garrantzitsua izango da.

Proba kalifikatzeko, Epaimahai Kalifikatzaileak zehaztutakoari erreparatuko zaio. Horrek Gidarien Araudi Orokorrean eta garapen-arauetan xedatutakoak kontuan hartuko ditu eta nahikoa aurrerapenez informazio-oharraren bidez argitaratuko du.

Proba praktikoa gainditzen duten pertsonek ikastaroa egingo dute eta bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat garatuko da.

4.3.- Aldez aurretiko hauta-proban gaituen zerrenda.

Aldez aurretiko hauta-proba amaitzen denean, epaimahaiko lehendakariaren ebazpenez gaituen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Emaitzen kontrako erreklamazioak, bai proba teorikoari, bai proba praktikoari dagozkionak, ebazpenean adierazitako epearen barruan aurkeztu beharko dira. Aldez aurretiko hauta-proban pertsona gaituen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da, hala badagokio, aurkeztutako alegazioak aztertu ostean.

Behin betiko zerrendan aldez aurretiko hauta-proban gaituak aitortutako pertsonak eta aurreko deialdietan gainditu izanagatik salbuetsitakoak azalduko dira. Horiek guztiek 5.1 oinarrian aipatzen den urrutiko irakaskuntza-fasea egingo dute.

Bosgarrena.- Ikastaroaren araubidea.

Ikastaroa teorikoa eta praktikoa izango da, eta bi fase izango ditu: urrutiko irakaskuntzako bata, eta ikastaroa ematen den zentrora bertaratzea edo bertan egotea eskatzen duena bestea.

5.1.- Urrutiko irakaskuntza-fasea.

Fase hori teorikoa izango da, eta jarraian zerrendatutako gaiei edo irakasgaiei buruzkoa izango da:

a) Bideko zirkulazioa arautzen duten arauak eta seinaleak.

b) Bide-segurtasuna, gidatze eta zirkulazio ekonomikorako teknika, ingurumena eta poluzioa, zirkulazio-istripuak, arrazoiak, horietan esku hartzen duten faktoreak.

c) Ibilgailuei eta, bereziki, ibilgailu astunei buruzko araudi orokorra, pertsonen eta merkantzien garraioa, lehentasunezkoak eta bereziak.

d) Ibilgailuen asegurua.

e) Gidabaimenak arautzeko araudia, motak eta lortzeko egin behar diren gaitasun-probak.

f) Gida-ikasketak eta gidarien prestakuntza-zentroak arautzeko araudia.

g) Gidaritzari aplikatutako pedagogia eta psikologia.

h) Ibilgailuen mekanika eta mantentze-lan sinpleak.

i) Trafiko-istripuen aurreko portaera eta lehen laguntzak.

Programa zehatza, jakintzagai bakoitzari dagokion gai-zerrendarekin, Epaimahai Kalifikatzailearen informazio-oharraren bidez argitaratuko da, beranduenen aldez aurretiko hauta-probarako onartuen behin betiko zerrenda argitaratzen duen ebazpenarekin batera.

Urrutiko irakaskuntza-fasean bi ebaluazio egingo dira honako jakintzagaiei buruz:

- Bideko zirkulazioa arautzen duten arauak eta seinaleak.

- Bide-segurtasuna, gidatze eta zirkulazio ekonomikorako teknika, ingurumena eta poluzioa, zirkulazio-istripuak, arrazoiak, horietan esku hartzen duten faktoreak.

- Ibilgailuei eta, bereziki, ibilgailu astunei buruzko araudi orokorra, pertsonen eta merkantzien garraioa, lehentasunezkoak eta bereziak.

- Gidaritzari aplikatutako pedagogia eta psikologia.

- Ibilgailuen mekanika eta mantentze-lan sinpleak.

Honako jakintzagaietan ebaluazio bakarra egingo da:

- Ibilgailuen asegurua.

- Gidabaimenak arautzeko araudia, motak eta lortzeko egin behar diren gaitasun-probak.

- Gida-ikasketak eta gidarien prestakuntza-zentroak arautzeko araudia.

- Trafiko-istripuen aurreko portaera eta lehen laguntzak.

Lehenengo ebaluazioan gidabaimenak arautzeko araudiaren, moten eta horiek lortzeko gaitasun-proben jakintzagai osoak sartuko dira, baita trafiko-istripuetan portaerari eta lehen laguntzei buruzkoak ere. Bigarren ebaluazioan ibilgailuen aseguruaren eta gida-ikasketak eta gidarien prestakuntza-zentroak arautzeko araudiaren jakintzagai osoak sartuko dira.

Ebaluazio bien arteko tartea bi hilabetekoa izango da gutxienez. Ikasleek jakintzagai bakoitzari buruzkoa erantzuteko gehienez hogei minutu izango dituzte.

Aipatutako ebaluazioetako jakintzagairen bat gainditu ez duten ikasleek errekuperazio-ebaluazioa egiteko aukera izango dute. Bigarren ebaluazioaren eta errekuperazio-azterketaren artean hilabete igaro beharko da gutxienez. Errekuperazio-ebaluazioan ikasleek jakintzagai bakoitzari buruzkoa erantzuteko gehienez hogei minutu izango dituzte.

Ebaluazio bakoitzean idatziz erantzun beharko zaio, horretarako emango den inprimakian, irakasgai bakoitzari buruzko hamar galdera dituen galdera-sorta bati.

Ebaluazioak egiteko, ikasleak probara NAN edo egoitza-txartelarekin ala indarreko identitatearekin edo, horiek izan ezenean, pasaportearekin azalduko dira. Epaimahaiak probaren garapenean dokumentu horiek aurkeztea eska dezake eta aurkezten ez duenari ez zaio onartuko, baita prozesutik baztertu ere.

Urrutiko irakaskuntza-fasean ebaluazioak eta errekuperazioa deialdi bakarra egingo da eta agertzen ez diren pertsonak baztertuak geldituko dira, alega daitekeen arrazoia alde batera utzita.

Gainditutako ebaluazioak kitatu egingo dira. Ebaluazio bakoitzean lortutako emaitzak www.euskadi.net/trafico interneteko helbidean argitaratuko dira.

Urrutiko irakaskuntza-fasea amaitzen denean, Epaimahaiko lehendakariaren ebazpenez emaitzak eta bertaratu beharreko prestakuntza-fasean izango diren behin-behineko pertsonen zerrenda argitaratuko dira, Ebazpen honen bosgarren oinarriko 5.1 atalean adierazitakoarekin bat. Zerrenda lortutako kalifikazioaren arabera egingo da.

Emaitzen aurkako alegazioak, bai ebaluazioetan, bai errekuperazioetan, ebazpenean aipatutako epean aurkeztu beharko dira. Pertsona gaituen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da, hala badagokio, aurkeztutako alegazioak aztertu ostean.

Bertaratu beharreko prestakuntza-fasea egiteko behin-behineko zerrendan aipatuak izan diren pertsonak honako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte, behin behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hogei egun naturaleko epean:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako tituluaren edo Teknikariaren tituluaren (Lanbide Heziketako Bigarren Maila) ala baliokidearen edo goi mailagokoaren kopia edo fotokopia, originalarekin behar bezala alderatuta.

Titulu baliokidea izanez gero, baliokidetasun hori frogatu egin beharko da dagokion hezkuntza-agintaritzak emandako egiaztagiriaren bidez.

Espainiakoarekiko hezkuntza-sistema desberdinean ikasketak egin dituzten pertsonek ikasketak ziurtagiriaren edo homologazioaren bidez egiaztatu beharko dituzte. Horiek Hezkuntza Ministerioak egingo ditu.

b) 2. taldeko gidariei eskatzen zaien gaitasun psikofisikoaren txostena, 1. oinarriko c) hizkian xedatutakoa alde batera utzi gabe. Txosten hori Gidariak Aztertzeko Zentro batek eman beharko du.

Arestian aipatutako dokumentuak aztertu ondoren, pertsonaren batek Ebazpen honen 1. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen ez dituela hautematen bada, hamar eguneko epean akatsa konpontzea edo derrigorrezko dokumentuak eranstea eskatuko zaio.

Aurreko paragrafoan finkatzen den epearen barruan eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, edo aztertu ostean hautagaiak Ebazpen honen 1. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen ez badu, bere kasuan aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, bere jarduerak baliogabetuko dira, ikastaroan onartzeko eskabidea faltsutzeagatik izan dezakeen erantzukizuna alde batera utzi gabe.

5.2.- Bertaratu beharreko prestakuntza-fasea.

Urrutiko irakaskuntzako faseari dagozkion gai edo irakasgai guztiak gainditzen dituzten pertsonek bertaratzeko fasean parte hartuko dute, lortutako kalifikazioen araberako hurrenkeran.

Bertaratzeko fasera joateko, hautagaiak behar beste talde eta txandatan banatuko dira, eta ondoz ondo emango zaie fase horretarako hitzordua.

Bertaratzeko fasearen txanda bakoitzerako gehienez onartutako plazen kopurua 100eko 5ean gehi daiteke irakaskuntza teorikorako mugatua dagoen Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria eskatzen dutenentzat.

Fase horretarako hitzordua izan eta bertaratzen ez direnek beren eskubideak galduko dituzte, Kalifikazio Epaimahaiak justifikazio egokitzat jotzen duen arrazoirik frogatu ezean.

Bertaratzeko faseak hamar asteko iraupena izango du, gutxi gorabehera; tarte horretan denbora proportzionalki bananduko da irakaspen teorikoen eta horien aplikazio praktikoaren artean, Epaimahai Kalifikatzaileak prestatutako programaren arabera.

Seigarrena.- Egiteko tokia.

Aldez aurretiko hauta-proba Gasteizen egingo da.

Urrutiko irakaskuntzaren faseko ebaluazioak eta, hala badagokio, errekuperazioak ere Gasteizen izango dira.

Bai aldez aurretiko hauta-proba, bai urrutiko irakaskuntzaren faseko ebaluazioak eta errekuperazioa deialdi bakarrekoak izango dira.

Bertaratzeko fasea Gasteizen izango da, eta Epaimahai Kalifikatzaileak xedatzen duen ordutegiari eta programari atxikiko zaio.

Zazpigarrena.- Salbuespenak.

7.1.- Aldez aurretiko hauta-proba.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak edo Servei Català de Trànsit izenekoak egindako ikastaroetan gainditu duten pertsonak aldez aurretiko hauta-proba teorikoa eta praktikoa egitez salbuetsiak egongo dira, Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Araudiak, urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, xedatutakoaren babesean.

Aldez aurretiko hauta-probari dagokion proba praktikoa egitetik salbuetsita egongo dira 2 taldeko baimena lortzeko behar diren gaitasun psikofisokoko baldintzak betetzen ez dituztelako irakaskuntza teorikora mugatutako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi duten pertsonak.

Era berean, trafikoari irekitako bideetan gidatzeko eta zirkulatzeko proba praktikoa egitez salbuetsiak daude, gutxienez, 2010eko abenduaren 30ean C1 edo D1 motako gidabaimenen titularrak. Hori hauta-proba teorikoa egiten duten egunean egiaztatuko dute.

7.2.- Urrutiko irakaskuntza-fasea.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariaren 2007ko azaroaren 6ko Ebazpenean deitutako ikastaroan edo Trafiko Zuzendaritza Orokorraren 2007ko abenduaren 27ko Ebazpenez deitutakoan parte hartu dutenek ikastaro horien urrutiko irakaskuntza-fasean Ebazpen honek 5.1 oinarrian aipatutako gai edo irakasgai bati buruzko ebaluazio guztiak gainditu badituzte, gai horiez salbuetsiak geldituko dira, eskabidea aurkezten dutenean kalifikazio berria lortzeko proba egitea hautatzen duten kasuetan izan ezik. Hori aukeratu ostean, ezingo da aldatu.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondoreetarako, interesatuek aurreko deialdian (Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariaren 2007ko azaroaren 6ko Ebazpenaren bidez edo Trafiko Zuzendaritza Orokorraren 2007ko abenduaren 27ko Ebazpenaren bidez deitutakoan) gainditutako irakasgaiak baino ez dira kontuan hartuko; horrenbestez, ezingo zaizkie salbuespen horiek aplikatu aipatutako deialdietan salbuetsitako irakasgaiei.

2007. deialdian fase honetan onartutako irakasgaiak, deialdi honetako gaiekin baliozko daitezkeenak, honako hauek dira:

2007ko deialdia 2010eko deialdia

Bideko zirkulazioa arautzen duten arauak eta seinaleak. Bideko zirkulazioa arautzen duten arauak eta seinaleak.

Bide-segurtasunari, trafiko-istripuei, gidaritza ekonomikoari, ingurumenari eta kutsadurari buruzko gaiak. Bide-segurtasuna, gidatze eta zirkulazio ekonomikorako teknika, ingurumena eta poluzioa, zirkulazio-istripuak, arrazoiak, horietan esku hartzen duten faktoreak.

Ibilgailu astunei, lehentasunezko ibilgailuei, ibilgailu bereziei, pertsonen eta salgaien garraioari, ibilgailuen aseguruari eta administrazioko izapideei buruzko araudia. Ibilgailuei eta, bereziki, ibilgailu astunei buruzko araudi orokorra, pertsonen eta merkantzien garraioa, lehentasunezkoak eta bereziak.

Gidaritzari aplikatutako pedagogia eta Gidaritzari aplikatutako psikologia. Gidaritzari aplikatutako pedagogia eta psikologia.

Ibilgailuen mekanika eta mantentze-lan sinpleak. Ibilgailuen mekanika eta mantentze-lan sinpleak.

Trafiko-istripuen aurreko portaera eta lehen laguntzak. Trafiko-istripuen aurreko portaera eta lehen laguntzak.

Aurreko deialdian, hau da, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariaren 2007ko azaroaren 6ko Ebazpenez onartutakoan edo Trafiko Zuzendaritza Orokorraren 2007ko abenduaren 27ko Ebazpenez onartutakoan azterketa egin duten pertsonek gairen bat gainditu badute, edozelan ere, oraingo deialdian urrutiko irakaskuntza-fasean honako gaien azterketa egin beharko dute:

- Ibilgailuen asegurua.

- Gidabaimenak arautzeko araudia, motak eta lortzeko egin behar diren gaitasun-probak.

- Gida-ikasketak eta gidarien prestakuntza-zentroak arautzeko araudia.

Deialdi honetan urrutiko irakaskuntza-fasean gainditutako gaiak etorkizuneko deialdietan ez dira baliozkotuko.

Ez dute urrutiko irakaskuntza-faserik egingo aurreko ikastaroan bertaratzeko fasean izan diren hautagaiek, hori jakintzagairen bat egiteke izateagatik gainditu ez badute. Bertaratzeko fasea oso-osorik errepikatu beharko dute.

Zortzigarrena.- Kalifikazio-sistema.

8.1.- Aldez aurretiko hauta-proba.

Aldez aurretiko hauta-probaren proba teorikoen eta praktikoen kalifikazioa gai edo ez-gai izango da.

Proba teorikoan ez-gai bezala kalifikatuko zaio 4.1 oinarrian azaltzen diren gaiei buruz formulatutako galderen erantzunetan bi akats baino gehiago egin dituen hautagaiari.

Proba praktikoan ez-gai bezala kalifikatuko zaio, Epaimahai Kalifikatzaileak xedatutako irizpideekin bat, ibilgailua eta aginteak behar bezala menderatzen dituela edo zirkulazioa arautzen duten arauak eta seinaleak betetzen dituela frogatzen ez duen hautagaiari.

8.2.- Urrutiko irakaskuntza-fasea.

Fase horretako ebaluazioetan, 5.1 oinarrian adierazitako gai edo irakasgai bakoitza zerotik hamarrerako puntuazioarekin kalifikatuko da.

Gai edo irakasgai bakoitza gainditzeko, ebaluazio bakoitzean, formulatutako hamar galderetatik, gutxienez, zazpi behar bezala erantzun beharko dira. Puntuazioen taula honakoa da:

Zuzenak Puntuazioa

0 0,00

1 0,71

2 1,43

3 2,14

4 2,86

5 3,57

6 4,29

7 5,00

8 6,67

9 8,33

10 10,00

Errekuperazio-ebaluazioan, aurreko ebaluazioetako gaiak gainditutzat emateko, hautagaiak zuzen erantzun beharko ditu gainditu gabeko gai eta ebaluazioko egingo zaizkion hamar galderetatik gutxienez zazpi. Kalifikazioa ez da puntukakoa izango, kualitatiboa baizik, hots, errekuperatua edo ez-errekuperatua, beraz, ebaluazio arruntetan lortutako puntuazioa bere horretan mantenduko da.

8.3.- Bertaratu beharreko prestakuntza-fasea.

Ikastaroaren fasea ebaluazio jarraituaren sistema bidez kalifikatuko da, eta gainditu gabeko ebaluazioak errekuperatzeko aukera egongo da ezagutzak barneratu eta orokortu direla egiaztatzen duten proben bidez.

Deitutako txandan bertaratzeko fasea amaitu edo gainditzen ez duten pertsonak joan badira, bat baino gehiago programatuz gero, Epaimahaiak zehazten duen txandan gainditu gabeko irakasgaiak errepikatu beharko dituzte.

Bertaratzeko fasean txanda guztiak amaitu ostean, gai guztiak gainditu ez dituztenek deialdia egiten den hurrengo ikastaroan bertaratzeko fasea oso-osorik errepikatu beharko dute.

Bederatzigarrena.- Bertaratu beharreko prestakuntza-fasearen gastuak.

Urrutiko irakaskuntza-fasea gainditu eta bertaratu beharreko prestakuntza-fasea egingo duten hautagaiek enpresa esleipendunari edo fasea egitez arduratzen den erakundeari 2.000 euro zuzenean ordainduko dizkiote eta, hala badagokio, zenbateko hori lehenengo txanda egiten den urteko urtarrilaren 1era arte metatutako KPIrekin gehitu beharko da.

Gaixotasuna edo ezinbesteko arrazoiak direla-eta, hasi ondoren prestakuntza-fasea utzi behar duten pertsonei enpresa esleipendunari edo erakundeari ordaindutako zenbatekoa itzuliko zaie, kontsumitutako prestakuntza-denboraren zati proportzionala kenduta. Horretarako, behar bezala justifikatu beharko da eta Epaimahai Kalifikatzaileak baloratu beharko du.

Hamargarrena.- Informazioa.

Deialdi honetan agertzen direnekiko bestelako informazio osagarriak eta beharrezkoak alderdi desberdinak (aldez aurretiko hauta-probarako onartutako eta baztertutako pertsonak, aldez aurretiko hauta-probetan pertsona gaituak eta urrutiko irakaskuntza-fasean onartutakoak, ebaluazio desberdinetan lortutako kalifikazioak, urrutiko irakaskuntza-fasea gainditu duten pertsonak, bertaratu beharreko prestakuntza-faserako deitutakoak edo bestelakoak) argitaratzeko zerrendetan idatziz jasoak gelditu eta jakinaraziko dira. Bestela, informazio-oharrak egingo dira. Horiek guztiak ondoko interneteko helbidean argitaratuko dira: www.euskadi.net/trafico.

Aldez aurretiko hauta-proba osatzen duten probak eta urrutiko irakaskuntza-faseko ebaluazioak egiteko deialdiak, gutxienez, hogeita lau orduko aurrerapenez argitaratuko dira.

Hamaikagarrena.- Errekurtsoak.

Epaimahaiaren behin betiko ebazpenen eta izapide-egintzen aurka interesatuek Trafikoko zuzendariaren aurrean argitaratu edo jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, ebazpen edo egintza horiek gaiaren funtsa zuzenean edo zeharka erabakitzen badute, deialdiarekin aurrera egiteko ezintasuna zehazten badute edo legezko eskubide eta interesekiko babesik eza eta kalte konponezina sortzen badute.

Era berean, pertsona interesatuek beren interesak defendatzeko komenigarritzat jotzen duten beste edozein errekurtso jar dezake.

Hamabigarrena.- Epaimahai Kalifikatzailea.

Epaimahai Kalifikatzaileak 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, organo kolegiatuetarako xedatutakoarekin bat jardungo du. Hala, Ebazpen hau interpretatzeko eta ikastaroa funtzionarazi eta kudeatzeko orduan, plantea daitezkeen zalantzak eta gaiak ebazteko behar duen adina aldiz bilduko da.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako Epaimahaiaren egoitza honakoa izango da:

Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko Epaimahaia

Trafiko Zuzendaritza

Donostia-San Sebastián kalea, 1

01010 Gasteiz

Epaimahai Kalifikatzailea honakoek osatuko dute:

Burua: Xabier Auzmendi Doyharzabal jn.

Ordezkoa: Pedro Marañón Tolosa jn.

Epaimahaikideak:

Beñat García Candina jn.

Martín Gil Osoro jn.

M.ª Jesús Iturralde Arriaga and.

Ordezkoak:

Victorino García de la Red jn.

M.ª Victoria Fernández García and.

Arantza Agirre Vicente and.

Idazkaria: Mikel Etxebarria Díaz de Lezana jn.

Ordezkoa: Esther Montes Pereda and.

Era berean, Epaimahai Kalifikatzailearen kide izango dira, Trafiko Zuzendaritza Orokorrari ordezkatuz, honakoak:

Titularra: Luis Bermúdez Fernández jn., Arabako Trafikoko probintzia-burua.

Ordezkoa: Adolfo Peñaranda Molinos jn., Bizkaiko Trafikoko probintzia-burua.

12.2.- Ikastaroko Kalifikazio Epaimahaian parte hartzeagatiko bertaratzea zerbitzuagatiko kalte-ordainei buruzko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera ordainduko da.

Hamahirugarrena.- Gaitasun Agiria ematea.

Bertaratu beharreko prestakuntza-fasea gainditzen dutenei Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria emango zaie dagokien tasa ordaindu ondoren.

Hamalaugarrena.- Azken xedapena.

Ebazpen honen kontra Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean Herrizaingoko sailburuordearen aurrean gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkerari jarraiki, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 48.2 artikuluarekin lotura duen 115.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 30a.

Trafikoko zuzendaria,

AMPARO LÓPEZ ANTELO.


Azterketa dokumentala