Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2011ko otsailaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Gipuzkoako Foru Aldundia
674

3/2010 FORU ARAUA, abenduaren 20koa, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Araua aldatzen duena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Trakzio Mekanikoko ibilgailuen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Araua aldatzen duen abenduaren 20ko 3/2010 Foru Araua», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia-San Sebastián, 2010eko abenduaren 20a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Abenduaren 23ko 4/2009 Foru Arauak hainbat aldaketa sartu zituen Gipuzkoako zergen ordenamenduan, horien artean Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari dagozkionak. Zehazki esanda, zerga horretan araututa dauden salbuespenekin lotuta, foru arauak idazkera berria eman zion Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauaren 2. artikuluari helburu bikoitza harturik: alde batetik, pertsona desgaituen kasuan ponderatuta egotea turismo ibilgailuak Zergatik salbuetsita uztea, betiere salbuespen hori desgaitasun handiko kasuetan edo mugikortasun arazoak daudenean bakarrik aplika dadin, eta bestetik, progresibitatearen printzipioa ageriagoa izatea zergaren aplikazioan diru ahalmen handiagoa duten zergadunek potentzia handiko ibilgailuetarako aurreikusita dagoen salbuespenerako eskubiderik izan ez dezaten.

Mugikortasun arazoak izateagatik beren joan-etorrietarako gurpil aulkiak behar dituzten pertsona desgaituek zaila izaten dute gurpil aulkien erabilera onartzen duten ibilgailuak erosi ahal izatea, eta horren ondorioz, zilegi eta bidezko jo da zaldi fiskalei dagokionez ezarrita dagoen muga ibilgailu horiei ez aplikatzea. Hala iritzi dio Gipuzkoako Eudeleko Kontseiluak, eta hala berretsi du Gipuzkoako Finantzen Kontseiluak.

Hortaz, zilegi da salbuespen horren aplikazioan ezarrita dauden mugak goian adierazitako eran aldatzea.

1. artikulua.- 2. artikuluaren 1. apartatuko e) letra aldatu da Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauan, eta honela geratu da idatzita:

«e) Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako ibilgailuak, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, II. eranskinaren A letran aipatuak, pertsona desgaituen izenean matrikulatuta daudenean.

Era berean, salbuetsita daude 14 zaldi fiskaletik beherako ibilgailuak, baldin eta desgaituen izenean matrikulatuta egonik beraiek ez beste inork erabiltzeko badira. Salbuespen hau zirkunstantzia horiek betetzen diren artean aplikatuko da, pertsona desgaituek gidatutako ibilgailuak izan nahiz horiek garraiatzeko ibilgailuak izan.

Aurreko bi paragrafoetan aipatutako salbuespenak ibilgailu batengatik bakarrik izango zaizkie aplikagarriak horien onuradun diren subjektu pasiboei.

Letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako hauek hartuko dira pertsona desgaitutzat:

a) Minusbaliotasun maila 100eko 33koa edo handiagoa eta 100eko 65ekoa baino txikiagoa duten pertsonak, mugikortasun murriztuko egoeran badaude. Mugikortasun murriztua dutela ulertuko da abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuak, minusbaliotasun maila aitortu, ezarri eta kalifikatzeko prozedurari buruzkoak, 3. eranskinean jasotzen duen baremoaren A, B edo C letretako egoeretan sartuta daudenean edo baremo horren D, E, F, G edo H letretan 7 puntu edo gehiago eman zaizkienean.

b) Minusbaliotasun maila 100eko 65ekoa edo handiagoa duten pertsonak.

Aurreko a) eta b) letretan aipatutako pertsonak mugikortasun murriztuko A egoeran badaude 1971/1999 Errege Dekretuak 3. eranskinean jasotzen duen baremoaren arabera, 14 zaldi fiskaleko muga ez zaie aplikatuko, baldin eta ibilgailua gurpil aulkia eramateko egokituta badago».

2. artikulua.- Uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauaren 2. artikuluko 1. puntuko e) letrari beste paragrafo bat erantsi zaio bukaeran, eta honela geratu da idatzia:

«Salbuetsita daude, baita ere, guraso-ahal, tutoretza edo kuradoretza dela-eta ardurapean minusbaliotasun maila 100eko 65ekoa edo handiagoa duen pertsona bat duten pertsonen jabetzako ibilgailuak. Ibilgailu bat baino gehiago badute jabetzan, ibilgailu bakarrak izango du salbuespena».

3. artikulua.- Uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauaren 2. artikuluko 2. puntuari beste paragrafo bat erantsi zaio bukaeran, eta honela geratu da idatzia:

«e) apartatuaren arabera minusbaliotasuna duen pertsonaren bat ardurapean duten pertsonek Udalaren aurrean egiaztatu behar dute minusbaliotasun maila eta minusbaliotasuna duen pertsonarekin duten harremana».

AMAIERAKO XEDAPENA

Foru arau hau 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana