Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2011ko otsailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia eta Herri Administrazio Saila
627

AGINDUA, 2010eko abenduaren 14koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Baserri Antzoki Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Aztertu dugu Derioko (Bizkaia) Baserri Antzoki Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaeraren espedientea, ondorengoetan oinarrituta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.- «Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea» eta Lezamako «Totoan Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioa» pertsona juridikoek «Baserri Antzoki Fundazioa» eratu zuten, Bilbon, 2010eko ekainaren 28an, Bilboko Andrés María Urrutia Badiola notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren bidez (protokolo-zenbakia: 1064).

Bigarrena.- Hona Baserri Antzoki Fundazioaren helburuak, Estatuetako 3. artikuluak ezarritakoaren arabera:

«Baserri Antzoki Fundazioaren helburu nagusia honako hau da: Txorierrin euskara eta euskal kultura sustatzea, bultzatzea eta indartzea.

Helburu nagusi hau lortzeko ekintza lerro nagusiak honako hauek izango dira: Txorierrin euskal giroa berpiztea, kultur ekintza euskaldunak bultzatzea, euskal elkarte eta euskaltzale guztien indarrak batzea, eta euskararen erabilera sendotzea eta areagotzea.

Helburuok bete ahal izateko, indarrean dauden legeek ezarritakoa jagonez, ondorengo ekintzak burutu ahal izango dira: kultura, kirola, folklore, turismo, gastronomia, dibulgazio eta jolas-ekintzak.

Gainera, helburuak betetzeko honako ekintza espezifikoak martxan jarriko dira: edozein jarduera ekonomiko garatu eta baliabideak pilatu; edozein motatako eta izeneko ondasunen jabe izan edo erosi, baita edozein motatako ekitaldi eratu edo kontratu sinatu ere eta legedian esaten dena eta Estatutuotan dagoena jagonez, edozein motatako ekintza aurrera eraman».

Hirugarrena.- Fundazioaren helbidea, Estatuetako 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, Derion (Bizkaia) egongo da, eta hau izango da: Talleri kalea 6 zenbakia.

Laugarrena.- Hasierako dotazioa hogeita hamar mila eta bat (30.001) eurokoa da, eta diru hori jarri dela agiri bidez egiaztatu da fundazioa erregistroan inskribatzeko espedientean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuko 37. artikuluarekin bat etorriz.

Ondare-dotazioa egokitzat eta nahikotzat jotzen da fundazioaren helburuak betetzeko, aplikatzekoa den Fundazioei buruzko abenduaren 26ko 50/2002 Legeko 12.1 artikuluaren arabera, eta azken xedapenetako 1.ari jarraiki.

Bosgarrena.- Fundazioa gobernatzea, administratzea eta ordezkatzea Patronatuari utzi zaizkio. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren Estatutuetako 11. artikuluan jartzen duen moduan.

Seigarrena.- Ondorengo hauek osatuko dute hasierako Patronatua, fundazioaren eratze-eskrituran ezartzen den moduan:

Lehendakaria Luis Javier Goienetxe Bereziartua jauna, Totoan Txorierriko Euskara Elkartearen izenean

Lehendakariordea Aitor Badaya Aparicio jauna, Txorierriko Mankomunitatearen izenean

Idazkaria Juan Luis Goikoetxea Arrieta jauna, Totoan Txorierriko Euskara Elkartearen izenean

Diruzaina José Gabriel Etxebarria Zamakona, Totoan Txorierriko Euskara Elkartearen izenean

Kidea Borja González Bilbao jauna, Totoan Txorierriko Euskara Elkartearen izenean

Kidea Zuriñe Argatxa Begoña andrea, Txorierriko Mankomunitatearen izenean

Kidea Joseba Iñaki Astorkiza Iruretagoiena jauna, Totoan Txorierriko Euskara Elkartearen izenean

Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluaren arabera onartu ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 40. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4. artikuluan eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4. artikuluan agindutakoaren arabera.

Bigarrena.- Eskumena daukan pertsona batek abiarazi du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36. artikuluan eta ondorengoetan agindutako baldintzak bete dira.

Kontuan hartuz indarrean dagoen Konstituzioa, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretua eta aplikagarri diren gainerako arau orokorrak,

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak hauxe

EBATZI DU:

Lehenengoa.- Derioko (Bizkaia) Baserri Antzoki Fundazioa eta Patronatuaren hasierako osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan gaurko datarekin eta F-285 zenbakiarekin inskribatzeko agintzea. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira eta guztiek espresuki onartu dituzte beren karguak.

Bigarrena.- Fundazio hori bere helburuekin bat datorren Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan inskribatzea, kultura, gazteria eta kirolen fundazioen sekzioan hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu hau azkena da administrazio-bidean. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkideko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, hilabete biko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 14a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala