Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2010eko azaroaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
5377

74/2010 EBAZPENA, urriaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hitzarmen bat, beherago zehaztutakoa, argitaratzea ebazten duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2010eko uztailaren 20an egindako bilkuran, baimena eman du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Donostiako Udalarekin, Irungo Udalarekin eta Errenteriako Udalarekin hitzarmen bat izenpetzeko; izenpetutako hitzarmenak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza eratzea du helburu; eta horren berri behar bezala jakinarazteko, honako hau,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Donostiako Udalarekin, Irungo Udalarekin eta Errenteriako Udalarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren testua argitara ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian; hitzarmenak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza eratzea du helburu, eta ebazpen honen eranskinean jasota dago,

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 18a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK URRIAREN 18AN EMANDAKO 74/2010 EBAZPENARENA

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDI, DONOSTIAKO UDALA, IRUNGO UDALA ETA ERRENTERIAKO UDALAREKIN LANKIDETZA-HITZARMENA, AUTORIDAD TERRITORIAL DEL TRANSPORTE DE GIPUZKOA - GIPUZKOAKO GARRAIOAREN LURRALDE AGINTARITZA ERATZEKO.

Donostia-San Sebastián, 2010eko irailaren 30a.

ELKARTU DIRA:

Maria Aranzazu Tapia Otaegi andrea, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua.

Ignacio María Arriola Lopez jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua.

María Maravillas Dafauce Pozo andrea, Donostiako Udaleko Mugikortasuneko eta Garraioetako zinegotzi ordezkaria.

José Antonio Santano Clavero jauna, Irungo Udaleko alkate-presidentea.

Juan Carlos Merino González jauna, Errenteriako Udaleko alkate-presidentea.

ESKU HARTZEN DUTE:

Maria Aranzazu Tapia Otaegi andreak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritzan. Ordezkaritza Diputatuen Kontseiluak 2010eko ekainaren 8an hartutako erabakiaz eman zitzaion.

Ignacio María Arriola Lopez jaunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkaritzan. Ordezkaritza Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko uztailaren 20an hartutako erabakiaz eman zitzaion.

María Maravillas Dafauce Pozo andreak, Donostiako Udalaren ordezkaritzan. Ordezkaritza Donostiako Udaleko alkate-presidenteak hartutako ebazpenaz eman zitzaion eta baita ere esku hartzen du Udalbatzak 2010eko uztailaren 30ean hartutako erabakia betearaziz.

José Antonio Santano Clavero jaunak, Irungo Udalaren ordezkaritzan. Ordezkaritza Udalbatzak 2010eko uztailaren 28an hartutako erabakiaz eman zitzaion.

Juan Carlos Merino González jaunak, Errenteriako Udalaren ordezkaritzan. Ordezkaritza Toki Jaurbidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21. artikuluan oinarritzen da, Udalaren legezko ordezkaritza ematen diona.

Alde guztiek lankidetza hitzarmen hau sinatzeko gaitasun eta ahalmen nahikoa aitortzen diote elkarri eta, horretarako, ondorengoa

ADIERAZTEN DUTE:

I.- Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskadiko Autonomia Estatutuarenak, 10.32 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskadiko Autonomia Erkidegoari dagozkio, besteak beste, eskumen hauek: «trenbideak, lehor, itsaso, ibai eta kablezko garraioak, portuak, heliportuak, aireportuak, eta Euskal Herriko Meteorologi Zerbitzua, Konstituzioaren 149.1.20 artikuluaren erabakiari kalterik egiteke. Kontratatzeko zentroak eta garraio arazoei dagokienez kargarako burulekuak ere bai.»

Eskumen horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion arau hauen bidez: abuztuaren 25eko 2488/1978 Errege Dekretua (herrizaingo, turismo, jarduera gogaikarri eta garraio arloko Estatuko Administrazioaren eskumenak Euskadiko Kontseilu Nagusira eskualdatzekoa) eta ekainaren 19ko 1446/1981 Errege Dekretua (lurreko garraio arloko Estatuaren zerbitzuak eskualdatzekoa).

Halaber, azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko harremanei buruzkoak, 10. artikuluan hau ezartzen du: «errepidetatiko Ibilgailuzko Garraioen Legegintza, Arauen bidezko Egiterapena, Goren-ikuskaritza, Egitamengintza eta Antolakidetza Autonomia-Elkarte osorako Erakundeei dagozkie. Kondaira-lurraldeek bere mugartean, eta indarrean dauden Erresumarekingo Ituneen arabera, Arabak orain dituen ahalmenak eurak eta nolako berdinez erabiliko dituzte.»

II.- Bestalde, errepideko garraio mekanikoen arloko eskumenak Gipuzkoako Foru Aldundiari dagozkio, bere lurraldearen barruan, ondorengo arauen arabera: uztailaren 30eko 5/1987 Legeak 10. artikulua, uztailaren 30eko 46/1985 Dekretua (errepide eta kable bidezko garraioen eskumenak Estatutik autonomia erkidegoetara eskualdatzekoa), martxoaren 5eko 30/1985 Dekretua (Euskadiko Autonomia Erkidego Osorako Erakundeetatik Gipuzkoako Lurralde Historikora zerbitzuak eskualdatzekoa) eta martxoaren 5eko 5/1985 Foru Dekretua (Euskadiko Autonomia Erkidego Osorako Erakundeetatik garraio gaietako zerbitzuak Gipuzkoako Lurralde Historikoari eskualdatzekoa).

III.- Gainera, Donostia-San Sebastiángo, Irungo eta Errenteriako udalek eskumenak dituzte, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legeriaren arabera, hiri bideetan ibilgailuen eta pertsonen trafikoaren arloan eta bidaiarien herri barneko garraio publikoaren arloan, apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzekoak, 25.2 artikuluan -b) eta ll) hizkiak- ezarritakoari jarraituz.

IV.- Abenduaren 15eko 5/2003 Legea, Euskadiko Garraio Agintaritzarena, bitarteko, eratu zen Euskadiko Garraio Agintaritza, garraioaren eta horren azpiegituren antolaketa arloko Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aholkularitza organo goren bezala, garraio integratuko sistema benetan ezartzeko aukera izateko.

V.- Abenduaren 15eko 5/2003 Legeak, Euskadiko Garraio Agintaritzarenak, 14. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraituz, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko bidaiarien garraio publikoko sistema indartzeko, Euskadiko Garraio Agintaritzaren lankidetzarekin Gipuzkoako bidaiarien garraio kolektiboko zerbitzuak eta horien azpiegiturak koordinatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako eta Irungo Udalek, Debagoieneko Mankomunitateak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea SAk eta Oarsoaldea Eskualde Garapen Agentzia SA sozietateak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza eratu zuten 2007an, merkataritzako sozietate anonimoaren forma juridikoarekin.

VI.- Nolanahi ere, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza SA sozietatea abian jarri zenetik igarotako bi urteetan aurrerapenak izan diren arren, begi bistan geratu da merkataritzako sozietate anonimoaren forma juridikoa ez dela nahikoa etorkizunean esleitu nahi zaizkion eginkizun guztiak gauzatzeko, eta, horregatik, sozietateko erakunde partaideek erabaki dute, sozietatearen gobernuaren eta kudeaketa ereduaren inguruan izandako barne hausnarketa prozesuaren ondorio gisa, izaera administratiboko zuzenbide publikoko entitate bat sortzea, partzuergoaren forma juridikoarekin, etorkizuneko eginkizun berriak gauzatzeko ahalmen administratiboak izan ditzan.

Horrela, azpimarratu behar da entitate berriak, abenduaren 15eko 5/2003 Legeak araututako garraioaren lurralde agintaritza baten xedea eta eginkizunak izateaz gain, xede eta eginkizun hauek ere izango dituela:

a) Entitatea osatzen duten erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza artikulatzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio zerbitzuen eta azpiegituren arloan.

b) Entitatea osatzen duten erakundeen eta garraio arloko beste erakundeen eta eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza artikulatzea, entitateko kide izan gabe ere Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio zerbitzuen eta azpiegituren jabe edo emakidadunak direnekin.

c) Kide diren erakundeen eskumeneko jarduera mota guztiak kudeatzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio zerbitzuen eta azpiegituren arloan. Horretarako, kasu bakoitzean aplikagarri den tresna juridikoa erabilita, beharrezkoa izango da (i) esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak izatea, edo (ii) kudeaketa ardurak ematea.

VII.- Bai azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, bai apirilaren 2ko 7/1985 Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzekoak, partzuergoaren figura aipatzen dute administrazioen arteko koordinaziorako eta lankidetzarako tresna gisa. Administrazioen arteko koordinaziorako eta lankidetzarako tresna gisa partzuergoaren figura berariaz araututa dago Gipuzkoako Lurralde Historikoan apirilaren 10eko 6/2007 Foru Arauaren bidez (udalez gaindiko erakundeak arautzekoa).

Horrela, bada, sustatzen den entitatea eratzeko partzuergoaren forma juridikoa hartu da, apirilaren 10eko 6/2007 Foru Arauan jasotzen diren baldintzetan.

Dena den, entitate berriak, 6/2007 Foru Arauak 18.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ez du tokiko entitate izaerarik izango, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta partzuergoko kide diren tokiko erakundeen interesak kudeatuko dituelako, eta interes nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioarenak izango direlako.

VIII.- Edonola ere, esan behar da, aurretik aipatutako araudiarekin bat etorrita, partzuergoak elkarte izaerakoak eta borondatezkoak direla, eta, ondorioz, beren adierazpen askori dagokienez auto-erregulatu daitezkeela, besteak beste, araubide juridikoa zehazteari dagokionez, eta zehaztapen hori aipatutako estatutuetan egin daitekeela, partzuergoa eratzeko oinarrizko araua delako. Hala, 6/2007 Foru Arauak, partzuergoen ahalmenak eta eskubideak, estatutuen gutxieneko edukia, baliabide ekonomikoak eta partzuergoak nola eratu eta onartu arautzeaz gain -alderdi horiek hitzarmenarekin batera doan partzuergoaren estatutuen proiektuan jasotzen dira- babestu egiten du aurreko aipamen hori partzuergoei buruz hitzaurrean nahiz artikuluetan egiten dituen zenbait aipamenetan:

Hitzaurrean udalez gaindiko erakundeei -besteak beste, partzuergoak- buruz hau dio: «borondatezko izaera nabarmena duten erakundeak direla, horrela, dituzten estatutuen bidez beren buruak arautu eta antolatzeko tarte zabala izan dezaten.»

18.2 artikuluak dio partzuergoek «& (beren) estatutuei jarraitzen diete.»

Horrela, eta 6/2007 Foru Arauko 23. artikuluarekin bat etorriz, foru arau hori arau osagarri izango da partzuergoaren estatutuek berariaz xedatutakoari dagokionez, ekonomia, aurrekontu, kontabilitate eta langile arloan -alderdi horiek hitzarmenarekin batera doan partzuergoaren estatutuen proiektuan jasotzen dira-, eta, gainera, estatutuen 6. artikuluaren arabera arau osagarriak dira: (i) azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena, (ii) abenduaren 15eko 5/2003 Legea, Euskadiko Garraio Agintaritzarena, aplikagarria zaion heinean, eta (iii) aplikagarri zaizkion garraio zerbitzuen eta azpiegituren arloko xedapenak.

IX.- Hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek erabakita, entitate berria Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio kolektiboko alorrean eskumenak izan eta erabiltzen dituzten erakundeek bakarrik osatuko dute, eta, geroago, hasierako eratzaile ez diren baina xedetzat partzuergoaren xedeekin bat datozen herri interesak dituzten bestelako erakundeak sartu ahalko dira, partzuergoaren Batzar Nagusiak onartzen baditu eta partzuergoan sartzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Horrela, bada, aurretik adierazitakoa betez, hasiera batean entitate berri hauek osatuko dute: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Donostiako, Irungo eta Errenteriako udalek.

X.- Azaldutakoa ikusita, eta apirilaren 10eko 6/2007 Foru Arauaren, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzekoaren, 22.1 artikuluaren bigarren paragrafoak eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen, 6 artikuluak diotenaren babesean, aldeek partzuergo izaerako entitate juridiko-publikoa gauzatu nahi dute, lankidetza hitzarmen bat sinatuta, klausula hauei jarraituz:

KLAUSULAK

Lehenengoa.- Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmenaren xedea da lankidetza oinarriak ezartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Donostiako, Irungo eta Errenteriako udalen artean (hemendik aurrera aldeak), Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza (labur: Garraio Agintaritza) izeneko partzuergo izaerako entitate juridiko-publikoa eratze asmoz, I. eranskinean jasotzen den prozeduraren arabera. Partzuergoaren xedea eta eginkizunak VI. azalpenean aipatutakoak izango dira, estatutuen 5. artikuluan zehazten den bezala.

Hitzarmenaren II. eranskin modura doa Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren estatutuen proiektua. Adierazi behar da estatutuen proiektuaren aldeko iritzia eman duela Euskadiko Garraio Agintaritzak, 2009ko abenduaren 10eko bileran.

Bigarrena.- Eginkizunak.

1.- Garraio Agintaritzak bere xedea eta eginkizunak betetzeko beharrezko edo egoki diren jarduerak egingo ditu.

2.- Garraio Agintaritzari dagozkion eginkizunak modu progresiboan garatuko dira aldeek erabakitakoaren arabera, kasu bakoitzean aplikagarri den tresna juridikoaren bidez, haiek (i) esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak egiten edo (ii) kudeaketa ardurak ematen dituzten heinean,

Dena den, eratzen den unetik aldeek Garraio Agintaritzari eginkizun hauek esleitzen dizkiote:

a) Garraio zerbitzuen eta azpiegituren plangintza:

- Gipuzkoako garraio zerbitzuen plangintza egiten lagundu eta zerbitzu horiek modu koordinatuan ustiatzeko programak ezarri.

- Garraio merkatuaren bilakaera aztertzeko behatokia ezarri Gipuzkoan, garraio pribatuaren bilakaerari arreta berezia eskainita.

- Garraio pribatua gutxiago erabiltzeko jarduerak proposatu.

- Gipuzkoako garraio azpiegituren plangintza egiten lagundu.

- Beste arlo batzuetan eskumenak izanik garraio zerbitzuen eta azpiegituren eremuan eragina duten jarduerak egin ditzaketen erakunde eta instituzioekin koordinatzeko mekanismoak proposatu.

b) Tarifak antolatu:

- Tarifen sistema integratua, txartel bakarra barne, zehaztea eta sistema hori jartzea eta garatzea bultzatu.

- Gipuzkoan garraio zerbitzuaren jabe diren administrazioen tarifen gaineko ahalmenen erabilera koordinatu.

c) Sistema ezagutarazi, erabiltzaileari hari buruzko informazioa eman eta sistema ebaluatu:

- Garraio sistemaren irudi korporatiboa ezarri, titularren eta eragileen irudiekin bateragarria izango dena.

- Komunikazio kanpainak egin, Gipuzkoan garraio sistema erabiltzea sustatzeko.

- Garraio erabiltzaileari informazioa eman, informatzeko sistema integratuaren bidez, egokitzat jotzen diren bitartekoak erabilita, internet barne.

- Garraioa ebaluatu, besteak beste, herritarren mugikortasunari buruzko inkesten bitartez eta herritarren parte hartzea bultzatuta.

d) Aholkularitza eta txostenak:

- Aholkularitza eman Gipuzkoako tokiko erakundeei, hiri antolaketako plan orokorrak eta plangintzako beste tresna batzuk prestatzeko orduan, garraioaren plangintzarekin koherenteak diren aztertzeko eta elkarren arteko egokitzapena egiteko.

- Partzuergoko kideei eta Gipuzkoako beste erakunde batzuei aholkularitza eskaini, garraio eragileekin kontratu-programak edo beste hitzarmen motaren bat prestatzeari edo adosteari buruz.

- Partzuergoko kideei eta Gipuzkoako beste erakunde batzuei aholkularitza eskaini, garraio zerbitzuak ustiatzeko emakida administratiboak emateko, aldatzeko eta indargabetzeko espedienteei buruz.

- Partzuergoko kideei eta Gipuzkoako beste erakunde batzuei aholkularitza eskaini, Gipuzkoako garraio eragileen kontratu-programen, hitzarmenen, emakiden eta kudeaketa kontratuen jarraipena egite aldera.

- Partzuergoko kideei eta Gipuzkoako beste erakunde batzuei aholkularitza eskaini, administrazioekin, eragileekin eta garraio arloan garrantzi berezia duten beste erakunde batzuekin lankidetzarako egin daitezkeen proposamenei eta akordioei buruz.

- Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraioaren egoerari buruzko urteko txostena egin.

e) Administrazioek sistema finantzatzea:

- Gipuzkoako garraioa finantzatzeko ardura duten herri administrazioekiko finantzazio hitzarmenen proposamenak prestatu.

3.- Gainera, eta aurreko horiek erabat garatu ondoren, Garraio Agintaritzak beste eginkizun batzuk ere izango ditu, alde batetik, (i) esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kudeaketa ardurak -artikulatzen dituzten tresna juridikoen bitartez gauzatu beharrekoak-, eta, beste aldetik, aldeen eskubideak eta beharkizunak artikulatzen dituzten hitzarmenen bitartez gauzatu beharrekoak; zehazkiago, eginkizun hauek:

a) Garraio zerbitzuen eta azpiegituren plangintza:

- Gipuzkoako garraio zerbitzuen plangintza egin eta zerbitzu horiek modu koordinatuan ustiatzeko programak ezarri.

- Garraio pribatua gutxiago erabiltzeko jarduerak abian jarri.

- Gipuzkoako garraio azpiegituren plangintza egin, inbertsioen ezaugarriak, haien programazioa eta sinatu beharreko finantzazio hitzarmenak zehaztuz, eta dagozkien proiektuak gainbegiratuz, plangintzaren xedeak betetzen dituzten egiaztatze aldera.

- Beste arlo batzuetan eskumenak izanik garraio zerbitzuen eta azpiegituren eremuan eragina duten jarduerak egin ditzaketen erakunde eta instituzioekin koordinatu.

b) Garraio eragileekiko harremanak:

- Gipuzkoako garraio eragileekin programa-kontratuak edo bestelako hitzarmenak prestatu edo adostu.

- Gipuzkoako garraio lineen emakida berrien baldintzak prestatu edo emakidak eman.

- Gipuzkoako garraio eragileekin egindako programa-kontratuen, hitzarmenen, emakiden eta kudeaketa kontratuen jarraipena egin.

- Ikuskatze kanpaina orokorrak eta bereziak proposatu edo aurrera eraman.

c) Tarifak antolatzea:

- Tarifen sistema integratua, txartel bakarra barne, zehaztu eta sistema jarri eta garatu.

- Zerga nahiz prezio publiko edo prezio pribatuen izaera dutela ere, tarifei buruzko ahalmenak erabili, beti ere indarrean dagoen legeriak eta (i) esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kudeaketa ardurak artikulatzen dituzten tresna juridikoek ezartzen dituzten baldintzetan.

- Txartel konbinatuen bidez lortutako diru-sarrerak kudeatu eta eragileen artean banatu.

d) Kontsultak:

- Gipuzkoan, garraio zerbitzuen eta azpiegituren antolaketa arloan, organo aholku-emailearen eginkizunak bete, edozein legezko nahiz erregelamenduzko xedapenetan edo partzuergoko kideekin nahiz beste herri erakunde batzuekin sinatutako hitzarmenetan eslei dakizkiokeen eginkizunekin.

e) Garraio zerbitzuen kudeaketa:

- Garraio Agintaritza osatzen duten erakundeen eskumeneko jarduera mota guztiak kudeatu, Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio zerbitzuen eta azpiegituren eremuan.

f) Etorkizuneko arau esparrua:

- Partzuergoko kideei egin beharreko proposamenak, beraien arau esparrua egokitzeari dagozkionak, aztertu eta prestatu, Garraio Agintaritzak estatutuetan aurreikusitako eskuduntzak erabiltzeko aukera izan dezan, kideen eskumenen esparruan.

Hirugarrena.- Antolaketa eta funtzionamendua.

Garraio Agintaritzaren gobernu eta kudeaketa organoak hauek dira: Batzar Nagusia, Batzar Nagusiaren lehendakaritza eta Batzar Nagusiaren lehendakariordetza (Batzorde Betearazlea ere era daiteke).

Batzar Nagusiko botoak partzuergoko kideen artean banatuko dira Estatutuetako 13. artikuluan xedatutakoaren arabera:

Kideak Botoak ehunekoetan

Gipuzkoako Foru Aldundia % 45

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa % 45

Donostiako Udala % 7

Irungo Udala % 2

Errenteriako Udala % 1

GUZTIRA % 100

Estatutuen II. kapituluko II. atalaren arabera, lehendakari eta lehendakariorde karguak txandaka beteko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari batek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren beste batek, eta Batzar Nagusia eratzeko ekitaldian izendatuko dira Garraio Agintaritzaren lehen bi urteetan kargu horiek bete behar dituztenak.

Nolanahi ere, Batzar Nagusiak batzorde aholku-emaile bat edo gehiago eratzea erabaki dezake, eta, horien partaide, Batzar Nagusiko kideak, partzuergoa osatzen duten erakundeetako kideak, partzuergokoak ez diren tokiko erakundeen ordezkariak edo batzordearen xede den arloarekin zerikusia duten beste batzuk izango dira, bereziki eskualdeko garapen agentziak.

Estatutuen II. kapituluan zehatz-mehatz arautzen da Garraio Agintaritzaren gobernu eta kudeaketa organoen osaketa, eskumenen banaketa eta funtzionamendua.

Laugarrena.- Jardueraren kudeaketa.

Garraio Agintaritzaren zerbitzuak kudeatzeko erari dagokionez, partzuergoan bildutako administrazioei zerbitzuak eskaintzerakoan aplikagarri zaien legerian aurreikusitako edozein erabili ahal izango da.

Dena den, dagozkien (i) esleipen, transferentzia edo eskumen-eskuordetzeen edo (ii) kudeaketa arduren babesean eta kudeaketa ardura horiek artikulatzen dituzten tresna juridikoen esparruan, Garraio Agintaritzak kudea ditzake partzuergoko erakundeen eskumeneko zerbitzu batzuk, zerbitzuaren araberako kudeaketa bereziren baten bidez, betiere bermatuz zerikusia duten partzuergoko erakundeek kudeaketan partaidetza izatea. Gainera, Garraio Agintaritza igaro daiteke partzuergoko kideek egun parte hartzen duten sozietateetan partaidetzen jabe izatera, garraio eremuan dituen xedeak betetzeko.

Osagarri gisa, Estatutuen III. kapituluan arautzen dira beste erakunde edo instituzio publiko nahiz pribatuekiko lankidetza, emakidaren figura erabiltzea eta diru laguntzak ematea.

Bosgarrena.- Aurrekontu, ekonomia-finantzazio, kontabilitate eta kontrol araubidea, tarifen eta zergen araubidea, ondare araubidea, kontratazio araubidea eta langileen araubidea.

Garraio Agintaritzaren aurrekontu, ekonomia-finantzazio, kontabilitate eta kontrol araubidea, tarifen eta zergen araubidea, ondare araubidea, kontratazio araubidea eta langileen araubidea Estatutuen IV. kapituluan berariaz ezarritakoak dira.

Kontuan izanik partzuergoa ez dela partzuergoko kideetako inoren alor publikokoa eta ez duela tokiko erakunde izaerarik, Estatutuen IV kapituluan eta gainerako artikulatuan berariaz finkatu da Garraio Agintaritzaren jarduera eremu bakoitzean aplikagarri den araudia.

Etorkizunean, jarduera eremu bat proposatuko balitz aplikagarri zaion araubide juridikoa Estatutuetan berariaz zehaztuta ez daukana, Estatutuen 6. artikuluan aipatzen diren xedapen orokorretara jo beharko da araubide hori zehazteko, eta arazorik izango balitz, arazoa konpontzeko Estatutuak aldatzea komeni ote den aztertuko da. Horretarako, Estatutuen V. kapituluan arautzen da Estatutuak aldatzeko arina izan nahi duen prozedura bat.

Seigarrena.- Ekarpenak.

1.- Garraio Agintaritzako urteko aurrekontuek zehatz-mehatz zehaztuko dituzte aurreikusitako diru-sarrerak eta gastuak eta partzuergoko kideen partaidetza kuotak.

2.- Garraio Agintaritza eratzeko eta haren funtzionamendurako behar diren ekarpenak partzuergoko kideek ordainduko dituzte, Batzar Nagusian duten ordezkaritza ehunekoaren arabera.

Horretarako, III. eranskin modura doa memoria ekonomiko-finantzarioa, 2010-2013 aldirako jarduera esparrua, behar diren giza baliabideak eta bitarteko materialak eta aurreikusitako finantza-egoerak jasotzen dituena. Dokumentu hori prestatzerakoan kontuan hartu da aldi horretan Garraio Agintaritzak hitzarmenaren 2.2 klausulan eta estatutuen 7.3 artikuluan ezarritako eginkizunak bete behar dituela, hasiera batean behintzat. Hortaz, dokumentazio hori egokitu egin beharko da partzuergoko kideek, kasu bakoitzean aplikagarri den tresna juridikoaren bidez, (i) esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak egiten dituztenean edo (ii) kudeaketa ardurak ematen dituztenean, Garraio Agintaritzari eginkizun berriak esleituta.

3.- Partzuergoko kideek Garraio Agintaritzari egin beharreko ekarpen bereziak, beren eskumeneko jarduerak kudea ditzan, (i) esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kudeaketa ardurak artikulatzen dituzten tresna juridikoetan ezarriko dira.

4.- Partzuergoko kideek, beren arteko bati edo batzuei bakarrik mesede egin dien jardueraren bat gara dezan Garraio Agintaritzari egin beharreko ekarpen bereziak, jarduera hori artikulatzeko sinatuko diren hitzarmenetan ezarriko dira.

5.- Partzuergoko kideren batek Garraio Agintaritzarekin dituen betebehar finantzarioak betetzen ez baditu, Batzar Nagusiak erakunde horri eska diezaioke egin gabeko ekarpena edo ekarpenak hilabeteko epean egiteko. Epe hori amaitzerako aipatutako erakundeak ez baditu egiteke zeuden ekarpenak egin, Batzar Nagusiak hamabost eguneko epea emango dio ekarpenak gauzatzeko. Azken epe hori amaitzerako ekarpenak ez baditu egin, Batzar Nagusiak egokitzat jotzen dituen neurriak hartuko ditu, eta Estatutuen 39. artikulua aplika dezake.

Zazpigarrena.- Langileak eta bitarteko materialak.

Garraio Agintaritzak bera eratzeko unean esleituko zaizkion eginkizunak betetzeko behar dituen langileak eta bitarteko materialak izan ditzan, aldeek, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza SA sozietateko akziodunak diren aldetik, sustatuko dute, haren gobernu organoetan, erabakiak hartzea Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza SA sozietateko ondare guztia Garraio Agintaritzari batera eskualdatzea bideratze aldera, langileak eta bitarteko materialak eta jarduera barne, Garraio Agintaritzak sozietate horren eskubide eta beharkizun guztietan subrogatuta.

Apirilaren 3ko 3/2009 Legeak, Merkataritzako sozietateen egiturazko aldaketei buruzkoak, 81. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraituz egingo den eskualdatzea Merkataritza Erregistroan inskribatuko da, Garraio Agintaritza eratzen den unean eta, orduan, sozietatea iraungita geratuko da.

Zortzigarrena.- Hitzarmena indarrean sartzea eta hitzarmenaren iraupena.

Hitzarmena aldeek sinatzen duten egunean sartuko da indarrean eta epe-mugarik gabekoa da, bere xedeak benetan betetzen dituen bitartean.

Bederatzigarrena.- Iraungitzea.

Hitzarmena iraungi egingo da Estatutuen 40. artikuluko 1 zenbakiko a), b) eta c) hizkietan aurreikusitako egoerak gertatzen direnean.

Hamargarrena.- Izaera eta jurisdikzioa.

Hitzarmenak izaera administratiboa du, eta ordenamendu juridiko-administratiboak zuzenduko ditu beraren interpretazioa eta garapena.

Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren esku geratzen da hitzarmenetik sor litezkeen auziak ezagutu eta ebaztea.

Eta aurreko guztiarekin bat datozela frogatzeko, aldeek lankidetza hitzarmen honen sei ale original sinatzen dituzte, goian aipatutako lekuan eta egunean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritzan,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGI.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkaritzan,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Donostia-San Sebastiángo Udalaren ordezkaritzan,

MARÍA MARAVILLAS DAFAUCE POZO.

Irungo Udalaren ordezkaritzan,

JOSÉ ANTONIO SANTANO CLAVERO.

Errenteriako Udalaren ordezkaritzan,

JUAN CARLOS MERINO GONZÁLEZ.

I. ERANSKINA

GIPUZKOAKO GARRAIOAREN LURRALDE AGINTARITZA ERATZEKO ETA BERAREN ESTATUTUAK ONARTZEKO PROZEDURA

1) Hitzarmena.

- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza eratzeko (hemendik aurrera, Garraio Agintaritza), aurretik, partaide izan behar duten erakundeen artean hitzarmen bat sinatu behar da eta bertan adieraziko da elkartzeko borondatea dutela. Estatutu proiektuaren zirriborroa hitzarmenaren eranskin modura joango da (Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzeko apirilaren 10eko 6/2007 Foru Arauko 22.1 artikulua).

- Halaber, Garraio Agintaritzan parte hartu behar duen erakunde bakoitzak ordezkari bat izendatu behar du hurrengo 2) zenbakian aipatzen den batzar eratzailean parte hartzeko.

2) Batzar Eratzailea.

- Garraio Agintaritzako partaide izan behar duten erakunde guztietako ordezkariek batzar bat osatuko dute, eta ordezkari bakoitzak ordezkatzen duen erakundeari Garraio Agintaritzako Batzar Nagusian dagokion ehunekoaren adinako boto kopurua izango du, estatutuen 13.2 artikuluaren eta hitzarmeneko 3. klausularen arabera. Batzar Eratzaileak lehendakaria eta idazkaria izendatuko ditu.

3) Hitzarmena argitaratzea eta estatutuen proiektua jendaurrean jartzea.

- Batzar Eratzaileak erabakiko du hitzarmena argitaratzea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean zein Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

- Batzar Eratzaileak jendaurrean jarriko du estatutuen proiektua, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta eta baita Garraio Agintaritzako partaide izan behar duten udalen iragarki tauletan jarrita ere, interesatuek alegazioak, eragozpenak eta ohartarazpenak aurkez ditzaten.

- Alegazioak, eragozpenak eta ohartarazpenak Batzar Eratzaileak ebatziko ditu. Batzar Eratzaileak estatutuen testua aldatu, eta aldaketak hitzarmenean eragingo balu, hitzarmenaren testua estatutuetan eginiko aldaketei egokituko zaie.

4) Estatutuak eta, hala behar izanez gero, hitzarmena bidaltzea.

- Batzar Eratzaileko lehendakariak Garraio Agintaritzako partaide izan behar duten erakundeei bidaliko dizkie, alde batetik, estatutuen behin betiko testua eta, bestetik, hitzarmenaren behin betiko testua, baldin aldaketak izan baditu, estatutuei aurkeztutako alegazioen, eragozpenen eta ohartarazpenen ondorioz.

5) Garraio Agintaritzako partaide izan behar dutenek estatutuak eta, hala behar izanez gero, hitzarmena onartzea.

- Bi hilabeteko epean, Garraio Agintaritzako partaide izan behar duten erakundeek, alde batetik, haren eraketa eta estatutuak onartuko dituzte, berariazko legeriaren arabera, eta, bestetik, Garraio Agintaritzako Batzar Nagusian parte hartzeko ordezkariak izendatuko dituzte. Gainera, epe horretan Garraio Agintaritzako partaide izan behar duten erakundeek hitzarmena onartuko dute, baldin estatutuei aurkeztutako alegazioen, eragozpenen eta ohartarazpenen ondorioz aldaketak izan baditu.

- Garraio Agintaritzako partaide izan behar duten erakundeek estatutuei eta, hala behar izanez gero, hitzarmenari emandako onarpenek haiek osatzen dituzten testu guztietan eragingo dute, eta, horregatik, ezin izango da haietan aldaketarik egin.

- Aipatutako bi hilabeteko epean erakunderen batek ez balitu estatutuak eta, hala behar izanez gero, hitzarmena onartuko, ulertuko da Garraio Agintaritzaren eratze prozesutik kanpo geratzen dela, eta prozesuak bere horretan jarraituko du gainerako erakundeei dagokienez. Hori gertatuz gero, Garraio Agintaritzak estatutuak aldatuko ditu.

6) Estatutuak eta, hala behar izanez gero, hitzarmena argitaratzea.

- Behin Garraio Agintaritzako partaide izan behar duten erakundeek estatutuak onartzeko erabakiak hartu, edo horretarako ezarritako epea amaitu ondoren, Batzar Eratzaileko lehendakariak estatutuak argitaratuko ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hitzarmena ere argitaratuko da, baldin estatutuei aurkeztutako alegazioen, eragozpenen eta ohartarazpenen ondorioz aldaketak izan baditu.

7) Garraio Agintaritzako Batzar Nagusia eratzeko ekitaldia.

- Estatutuak argitaratu ondorengo hilabeteko epean, Batzar Eratzaileko lehendakariak Garraio Agintaritzako Batzar Nagusia eratzeko ekitaldira deituko ditu partzuergoko erakundeek izendatutako ordezkariak. Deialdiak aurreikusiko du eratze ekitaldia hamar egun baino lehen egin behar dela.

II. ERANSKINA

AUTORIDAD TERRITORIAL DEL TRANSPORTE DE GIPUZKOA - GIPUZKOAKO GARRAIOAREN LURRALDE-AGINTARITZA

ESTATUTU-PROPOSAMENA

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Eraketa, izena eta forma juridikoa.

1.- Jarraian zerrendatu diren erakundeek borondatez erabaki dute «Autoridad Territorial del Transporte de Gipuzkoa - Gipuzkoako Garraioaren Lurralde-Agintaritza» eratzea (aurrerantzean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza):

- Gipuzkoako Foru Aldundia.

- Eusko Jaurlaritza.

- Donostiako Udala.

- Irungo Udala.

- Errenteriako Udala.

Estatutu hauetako 37. artikuluan xedatutako prozedurarekin bat, bestelako erakundeak ere sar daitezke Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzara.

2.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak partzuergo forma juridikoa izango du, 6/2007 Foru Arauak, apirilaren 10ekoak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzen dituenak, xedatutako baldintzetan. Hala ere, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza ez da izango tokiko erakunde, honako erakunde hauen interesak kudeatuko baititu: Gipuzkoako Foru Aldundiarenak, Eusko Jaurlaritzarenak eta partzuergoko kide diren tokiko erakundeenak. Interes nagusiak izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiarenak eta Eusko Jaurlaritzarenak.

2. artikulua.- Egoitza.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak Donostian (Gipuzkoa) izango du egoitza.

3. artikulua.- Nortasun eta gaitasun juridikoa.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza administrazio-izaerako zuzenbide publikoko erakundea da. Berezko lege-nortasuna du, eta bere helburuak betetze aldera jarduteko gaitasun osoa.

2.- Ondorioz, bere helburuak betetzeko, era guztietako administrazio- eta xedapen-ekintzak egin ditzake.

4. artikulua.- Lurralde-eremua eta xedea.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak Gipuzkoako Lurralde Historikoan jardungo du.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, Euskadiko Garraioaren Agintaritzaren bitartez, bere jarduerak koordina ditzake eta lankidetzan jardun dezake mugakide diren beste lurraldeetako erakunde publiko eta pribatuekin, bai eta beste estatu batzuetakoekin ere, lurralde bat baino gehiagotan eragina duten garraio kolektiboko (aurrerantzean, garraio) zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko helburuarekin.

2.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak bere eginkizunak egingo ditu errepideko, trenbideko, kable bidezko eta bestelako edozein garraiobideren bidezko garraioaren arloan, bai eta organo hori osatzen duten Administrazio Publikoen eskumenekoak diren garraioko zerbitzu laguntzaile eta osagarriei lotutakoak ere.

5. artikulua.- Xedea eta helburuak.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza Garraioaren Lurralde Agintaritza bezala eratu da Gipuzkoan, eta 5/2003 Legeak, abenduaren 15ekoak, Euskadiko Garraio Agintaritzarenak, arautzen du. Hona hemen bere xedea eta helburuak:

a) Honako hauek egiteko laguntza ematea: garraioa antolatzeko politikak definitu, garraioaren politika komuna koordinatu, askotariko garraio-modalitateen plangintza eta garraioko politikak lurraldearen orekara eta, oro har, garapen iraunkorrera egokitu; bai eta garraioaren arloko erkidegoko politikak tresnatu eta gauzatu ere.

b) Garraio-arloan eskumenak dituzten erakunde guztiek ahalmen publikoak era koordinatuan erabil ditzaten sustatu eta erraztea, administrazioen arteko lankidetza bere gain hartzea eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan biltzen diren garraio politikei loturiko askotariko interesak bateratzea.

c) Zerbitzuak, sareak eta tarifak koordinatuta izan daitezen sutatu eta bultzatzea; eta erabiltzailearen eskura jartzea eskaintza hobea, azken helburutzat hartuta garraioaren erabilera bultzatzea eta suspertzea.

d) Garraio-sare bakarra eta osoa sustatzea.

e) Garraio zentzuzko eta eraginkorragoa lor dadin bultzatzea, garapen iraunkorreko gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-alderdiak erabat integratzearen bitartez.

f) Baliabide publikoak eta pribatuak optimizatzea, garraio-mota desberdinen arteko jardutea bultzatzeko eta Europako garraio-sisteman sar daitezen sustatzeko.

2.- Horiez gain, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak honako beste xede eta helburu hauek ere baditu:

a) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza osatzen duten erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza antolatzea, Gipuzkoako garraio-zerbitzuen eta -azpiegituren arloan.

b) Koordinazioa eta lankidetza antolatzea, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza osatzen duten erakundeen eta partzuergo horretakoak ez diren baina Gipuzkoan garraio-zerbitzuen eta -azpiegituren titular edo emakidadun diren garraio-operadore eta erakundeen artean.

c) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza osatzen duten erakundeen eskumenekoak diren jarduera-mota guztiak kudeatzea, Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio-zerbitzuen eta -azpiegituren esparruan. Ondorio horietarako, kasuan kasu aplikagarri izango den agiri juridikoaren bitartez, honako hauek egin beharko dira: (i) kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak; edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak.

6. artikulua.- Antolaketa, funtzionamendua eta araubide juridikoa.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren antolaketa, funtzionamendua eta araubide juridikoa zuzenduko dute Estatutu hauetan eta partzuergoa eratzeko hitzarmenean xedatutakoak eta, osagarri gisa, honako lege eta arau hauetan agindutakoak:

a) 6/2007 Foru Araua, apirilaren 10ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzen dituena.

b) 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

c) 5/2003 Legea, abenduaren 15ekoa, Euskadiko Garraio Agintaritzarena, aplikagarri den neurrian.

d) Garraio-zerbitzu eta -azpiegituren arloko xedapenak (aplikagarri direnak).

7. artikulua.- Eginkizunak.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak egin ditzake bere helburuak betetzeko beharrezko edo egokitzat joko dituen eginkizun guztiak (Estatutu hauetako bosgarren artikuluan zehaztu dira helburuok).

2.- Partzuergoan sartu diren eta partzuergoa osatzen duten erakundeek erabakitakoaren arabera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari dagozkion eginkizunak pixkanaka egingo dira, erakunde horiek (i) kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak, edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak egiten dituzten heinean, kasu bakoitzean aplikagarri den agiri juridikoaren bitartez.

Dena den, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, eratzen den unetik aurrera, zenbait eginkizun egingo ditu. Eginkizun horiek hurrengo 3. zenbakian zehaztu dira.

3.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, jarduera hasten duen unetik aurrera, honako eginkizun hauek egin beharko ditu:

a) Garraio-zerbitzuen eta -azpiegituren plangintza:

- Gipuzkoako garraio-zerbitzuen plangintza egiten lagundu, bai eta zerbitzu horiek era koordinatuan ustiatzeko programak sortzen ere.

- Garraioaren merkatu orokorraren bilakaera aztertzeko behatokia ezarri Gipuzkoan; arreta berezia jarriko da garraio pribatuaren bilakaeraren jarraipenean.

- Garraio pribatua gutxiago erabil dadin konbentzitzeko jarduerak proposatu.

- Gipuzkoako garraio-azpiegituren plangintza egiten lagundu.

- Beste arlo batzuetan eskumenak izanik ere, garraio-zerbitzuen eta -azpiegituren esparruan eragin dezaketen jarduerak egin ditzaketen erakunde eta instituzioekin lan koordinatua egiteko mekanismoak proposatu.

b) Tarifak arautu:

- Tarifen sistema integratua zehatz dadin bultzatu, txartel bakarra barne; eta sistema hori ezar eta lan dadin sustatu.

- Gipuzkoako garraio-zerbitzuaren titular diren Administrazioen tarifen gaineko ahalmenen erabilera koordinatu.

c) Sistema jakinarazi, erabiltzaileari hari buruzko informazioa eman eta ebaluatu:

- Garraio-sistemaren irudi korporatiboa ezarri, titularren eta operadoreen irudiekin bateragarri izango dena.

- Jakinarazpen-kanpainak egin, Gipuzkoan garraio-sistema erabil dadin sustatzeko helburuarekin.

- Garraioaren erabiltzailea informatu, informatzeko sistema integratuaren bitartez; informazioa egokitzat joko diren bitartekoen bidez emango da (Internet barne).

- Garraioa ebaluatu, besteak beste, herritarren mugikortasunari buruzko inkestak egitearen bitartez; eta herritarrek parte har dezaten bultzatu.

d) Aholkularitza eta txostenak:

- Aholkularitza eman Gipuzkoako tokiko erakundeei, hiri-antolamendurako plan orokorrak edo plangintzako bestelako agiriak egiteko orduan, garraioaren plangintzarekin duten koherentzia aztertze aldera, eta elkarren artean egokituta izan daitezen.

- Aholkularitza eskaini partzuergoa osatzen duten erakundeei eta Gipuzkoako bestelako erakundeei, garraio-operadoreekin programa-kontratuak edo bestelako hitzarmenak egitearen eta/edo adostearen gainean.

- Aholkularitza eman partzuergoa osatzen duten erakundeei eta Gipuzkoako bestelako erakundeei, garraio-zerbitzuak ustiatzeko administrazio-emakidak emateko, aldatzeko eta deuseztatzeko espedienteen gainean.

- Aholkularitza eman partzuergoa osatzen duten erakundeei eta Gipuzkoako bestelako erakundeei, Gipuzkoako garraio-operadoreen kudeaketa-kontratuen, emakiden, hitzarmenen eta programa-kontratuen jarraipena egiteko orduan.

- Aholkularitza eman partzuergoa osatzen duten erakundeei eta Gipuzkoako bestelako erakundeei, administrazioekin, operadoreekin edo garraio-arloan garrantzi berezia duten bestelako erakundeekin lankidetzan aritzeko proposamen eta hitzarmenen gainean.

- Gipuzkoako Lurralde Historikoan garraioak duen egoerari buruzko urteko txostena egin.

e) Proposamenak, sistema Administrazioek finantza dezaten:

- Gipuzkoan garraioa finantzatzearen arduradun diren administrazio publikoekin finantzaketa-hitzarmenak egiteko proposamenak egin.

4.- Halaber eta guztiz eratzen denean, funtzio berriak, beste batzuen artean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, tresna juridikoen bitartez eta hauen bitartez artikulatzen (i) diren ondorengo, esleipen, transferentziak edo konpetentzien delegazioak edo (ii) ondorengo kudeaketa aginduak eta ondorengo hitzarmen harpidetzaren bitartez non eskubideak eta aldeen betebeharrak artikulatzen diren honako hauek izango dira:

a) Garraio-zerbitzuen eta -azpiegituren plangintza:

- Gipuzkoako garraio-zerbitzuen plangintza egin, eta zerbitzu horiek era koordinatuan ustiatzeko programak sortu.

- Garraio pribatua gutxiago erabil dadin konbentzitzeko jarduerak tresnatu.

- Gipuzkoako garraio-azpiegituren plangintza egin; horren barruan, inbertsioen ezaugarriak, inbertsioen programazioa eta sinatu beharreko finantzaketa-hitzarmenak zehaztuko ditu, eta kasuan kasuko proiektuak gainbegiratuko ditu, plangintzaren helburuak betetzen ari direla egiaztatzeko.

- Lan koordinatua egin, beste arlo batzuetan eskumenak izanik ere, garraio-zerbitzuen eta -azpiegituren esparruan eragin dezaketen jarduerak egin ditzaketen erakunde eta instituzioekin.

b) Harremana garraio-operadoreekin:

- Programa-kontratuak edo bestelako hitzarmenak egin eta/edo adostu, Gipuzkoako garraio-operadoreekin.

- Gipuzkoan garraio-lineen emakida berrien baldintzak egin eta/edo eman.

- Gipuzkoako garraio-operadoreen kudeaketa-kontratuen, emakiden, hitzarmenen eta programa-kontratuen jarraipena.

- Ikuskatze-kanpaina orokorrak eta espezifikoak proposatu eta/edo egin.

c) Tarifak arautu:

- Tarifen sistema integratua zehaztu, txartel bakarra barne; eta sistema hori ezarri eta landu.

- Tarifen gaineko ahalmenak erabili, tarifak zerga, prezio publiko zein prezio pribatu izan, indarrean den legedian eta agiri juridikoetan xedatuko diren baldintzetan. Agiri juridiko horien bitartez antolatuko dira (i) kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak; edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak.

- Txartel konbinatuen bitartez lortuko diren irabaziak kudeatu, eta irabazi horiek operadoreen artean banatu.

d) Kontsultak:

- Organo aholku-emailearen eginkizunak egin Gipuzkoan, garraio-zerbitzu eta -azpiegituren antolamenduaren arloan; bai eta edozein lege-xedapen edo araudiko xedapenetan edo partzuergoko erakundeekin edo bestelako erakunde publikoekin sina ditzakeen hitzarmenetan egotz dakizkiokeen eginkizunak ere.

e) Garraio-zerbitzuen kudeaketa:

- Gipuzkoako Lurralde Historikoko garraio-zerbitzuen eta -azpiegituren arloan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza osatzen duten erakundeen eskumenekoa den jarduera oro kudeatu.

f) Etorkizuneko arau-esparrua:

- Partzuergoko kide diren erakundeei egingo zaizkien proposamenak aztertu eta proposamenak egin, erakundeotako arau-esparrua egokitzeari buruzkoak, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak aukera izan dezan Estatutu hauetan xedatutako eskudantziak erabiltzeko, beraien titulartasunekoak diren eskumenen esparruan.

8. artikulua.- Koordinazioa Euskadiko Garraio Agintaritzarekin.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak bere jarduera egingo du, Garraioaren Lurralde Agintaritza gisa jokatzen duen neurrian (5/2003 Legeak, abenduaren 15ekoak, Euskadiko Garraio Agintaritzarenak arautzen du hori), Euskadiko Garraio Agintaritzak ezarritako oinarrizko irizpideen arabera.

9. artikulua.- Administrazio-ahalmenak

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak honako ahalmen hauek izango ditu, bere eginkizunak egiteko:

a) Arautegi-ahalmena eta bere burua antolatzeko ahalmena.

b) Finantza-ahalmena eta zerga-ahalmena, salbu bere zergak ezartzeko gaitasuna.

c) Programazio- edo plangintza-ahalmena.

d) Ikertzeko ahalmena, baita ofizioz bere ondasunak mugatzekoa eta berreskuratzekoa ere.

e) Legezkotasun-presuntzioa edukitzeko eta bere ekintzak betetzeko ahalmena.

f) Nahitaez betearazteko ahalmena eta zigortzeko ahalmena.

g) Bere ekintzak eta akordioak ofizioz berrikusteko ahalmena.

h) Bere ondasunak eta eskubideak inork ez enbargatzeko ahalmena, legeetan xedatutakoaren arabera.

i) Bere kredituetarako, Ogasun Publikoari jakinarazi zaizkion lehenespenak eta lehentasunak eta gainerako eskumenak, indarrean den legediaren arabera.

2.- Etorkizunean, eta, kasu bakoitzean aplikagarri izango den agiri juridikoaren bitartez, partzuergoko kide diren erakundeek (i) kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak egiten dituzten neurrian, zehaztu ahalko da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak aipatutako zerga-ahalmena eta zigortzeko ahalmena nola erabiliko dituen, zehazki.

Orobat, testuinguru berean eta, betiere, indarrean den legediak baimentzen duenean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak bestelako ahalmenak -aurreko 1. zenbakian adierazi ez direnak- izan ahalko ditu. Partzuergoko kide diren erakundeek emango dizkie ahalmen horiek.

3.- Gipuzkoako Lurralde Historikoan desjabetze-ahalmena duten erakundeek izapidetutako desjabetze-espedienteen onuradun izan daiteke Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza.

10. artikulua.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren indarraldia

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren iraupen-epea eta indarraldia mugagabea izango da. Hala ere, deusezta daiteke Estatutu hauetan azaldutako kausak direla-eta eta ezarritako prozedurari jarraikiz.

2.- Partzuergoaren jarduerak Estatutuak argitaratzen diren egunean hasiko dira.

II. KAPITULUA

GIPUZKOAKO GARRAIOAREN LURRALDE AGINTARITZAREN GOBERNU- ETA KUDEAKETA-ORGANOAK

11. artikulua.- Gobernu-, kudeaketa- eta kontsulta-organoak.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren gobernu-organoak dira honako hauek:

- Batzar Nagusia.

- Batzar Nagusiko Lehendakaritza.

- Batzar Nagusiko Lehendakariordetza.

2.- Batzar Nagusiak erabaki dezake Batzorde Betearazlea sortzea, kudeaketa eta administrazioko organo txikien gisa. Batzorde horren esku utz ditzake Estatutu hauetako 16. artikuluko 1. zenbakiko h), j), l), m), n), o), p), gg), ii), jj), kk), ll), mm), nn), oo) eta pp) letretan azaldutako gaiei lotutako ahalmenak, muga kuantitatiboak edo horretarako ezarriko diren bestelako mugak jarrita.

Batzorde Betearazlea, baldin halakorik badago, Batzorde Nagusiko gutxienez sei ordezkarik osatuko dute. Ordezkari horiek izendatzeko honako arau hauek beteko dira:

- Nolanahi ere, Batzorde Betearazleko kide izango dira Batzar Nagusiko lehendakaria eta lehendakariordea.

- Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere Batzorde Betearazleko kide izango dira. Ordezkari-kopuru bera izango dute, eta Batzorde Betearazleko kideen gutxienez 2/3 izango dira.

- Edonola ere, Batzorde Betearazleko kide izango da Donostiako Udalaren ordezkarietako bat.

- Halaber, Batzorde Betearazleko kide izango da partzuergoko kide diren gainerako erakundeetako ordezkariek proposatuta izendatuko den ordezkari bat. Ordezkari hori aukeratzeko bozketa egingo da erakunde horien guztien artean, eta boto gehien lortzen duen ordezkaria izendatuko da. Bozketan, bakoitzak Estatutu hauetako 13.2 artikuluan xedatutako boto-kopurua izango du.

Orobat, Estatutu hauetako 16.2 artikuluan aipatutako gehiengo kualifikatua izanik Batzorde Nagusiak hala erabakitzen duenean, Batzorde Betearazleko kide izan ahalko da Batzorde Nagusian ordezkari ez den pertsona bat. Kasu horretan, pertsona hori izango da Batzorde Betearazleko lehendakari, eta Batzar Nagusiak haren esku utzi ahalko ditu Estatutu hauetako 16. artikuluko 1. zenbakiko l), m), n), gg), ii), jj), kk), ll), mm), nn), oo) eta pp) letretan azaldutako gaiei lotutako ahalmenak, muga kuantitatiboak edo horretarako ezarriko diren bestelako mugak jarrita.

Batzorde Betearazleak, baldin halakorik badago, barne-erregimeneko araudia onartuko du, beharrezkoa bada.

3.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak zuzendari nagusia izango du.

4.- Batzar Nagusiak erabakiko du Aholku Batzorde bat edo gehiago sortzea. Aholku Batzorde horretako kide izango dira honako hauek: Batzar Nagusiko kideak, partzuergoko kide diren erakundeetako kideak, partzuergoko kide ez diren tokiko erakundeetako ordezkariak eta/edo kasuan kasuko Batzordearen xede den gaiari lotutako hirugarrenak, bereziki Tokiko Garapenerako Agentziak. Aholku Batzordeek barne-erregimeneko araudia onartuko dute, beharrezko bada.

I. ATALA

BATZAR NAGUSIA

12. artikulua.- Batzar Nagusia.

1.- Batzar Nagusia da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako gobernu-organo gorena.

2.- Batzar Nagusian ordezkaritza izango dute partzuergoko kide diren erakunde guztiek.

13. artikulua.- Batzar Nagusiko kideak izendatzea, boto-kopurua, ordezkariak eta ordezkapenak.

1.- Honako ordezkari hauek izango dira Batzar Nagusiko kide:

- Gipuzkoako Foru Aldundiak 2, 3 edo 4 ordezkari izendatuko ditu, berak nahi bezala.

- Eusko Jaurlaritzak 2, 3 edo 4 ordezkari izendatuko ditu, berak nahi bezala.

- Donostiako Udalak 2 ordezkari izendatuko ditu.

- Irungo Udalak ordezkari bat izendatuko du.

- Errenteriako Udalak ordezkari bat izendatuko du.

2.- Partzuergoko kide diren erakundeek izendatutako ordezkariek honako boto hauek izango dituzte:

Partzuergoko kide diren erakundeak Boto-kopurua

Gipuzkoako Foru Aldundia 180/K1 boto ordezkari bakoitzak

Eusko Jaurlaritza 180/K1 boto ordezkari bakoitzak

Donostiako Udala 14 boto ordezkari bakoitzak

Irungo Udala 8 boto

Errenteriako Udala 4 boto

Guztira 400

(1) «K»: partzuergora sartuko den erakundeak Batzar Nagusian duen ordezkari-kopurua.

3.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzara beste erakunde bat sartzen den bakoitzean, Estatutu hauetako 37. artikuluan xedatutakoaren arabera, egokitu egingo da partzuergoko kide diren erakundeetako ordezkari bakoitzak duen boto-kopurua, eta 13. artikulua (hauxe bera) aldatuko da.

Aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako, honako arau hauek ezarriko dira, baldin partzuergora sartuko den erakundea tokiko erakundea bada eta ez bada aurrez sartu tokiko erakundea ez den beste erakunde batera.

- Nolanahi ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, bietako bakoitzak, guztizko botoen % 45 izaten jarraituko du.

- Botoak partzuergoko kide diren gainerako erakundeen artean banatzeko, kontuan hartuko da haietako bakoitzak duen kide-kopurua. Hori jakiteko, onartutako azken udal-erroldetan adierazitakoari jarraituko zaio. Hala ere, Donostiako Udalak ezingo du izan inolaz ere guztizko botoen % 5 baino gutxiago.

4.- Partzuergoko kide diren erakundeek izendatuko duten ordezkari bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, titularra ez dagoenean hura ordezkatzeko. Ordezkoek soilik Batzar Nagusiko kideen eginkizun orokorrak egingo dituzte; ez dute egingo lehendakariaren eta lehendakariordearen berariazko funtziorik edo ordezkariari hel dakiokeen bestelako edozein eginkizun ere.

5.- Aurreko zenbakian xedatutakoa betez, eta ordezkari titularra eta bere ordezkoa ez badaude, Batzar Nagusiaren bilerara joan ezin duten Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Donostiako Udaleko ordezkarien tokia bete ahalko du bileran erakunde bereko beste ordezkari batek. Horretarako, kasuan kasuko ordezkari-izaera idatziz eman beharko zaio. Bilera bakoitzerako idazki bat egin beharko da. Ordezkariek soilik Batzar Nagusiko kideen eginkizun orokorrak egingo dituzte; ez dute egingo lehendakariaren eta lehendakariordearen berariazko funtziorik edo ordezkari titularrari hel dakiokeen bestelako edozein eginkizun ere.

6.- Partzuergoko kide diren erakundeetako ordezkari bakoitzak teknikari bat eraman dezake lagun Batzar Nagusira.

14. artikulua.- Batzar Nagusiko ordezkarien eta haien ordezkoen agintaldiaren iraupena.

1.- Partzuergoko kide diren erakundeek izendatutako ordezkari eta ordezkoek kargu hori izateari utziko diote izendatu zituzten erakundeek enkaitzea egiten badute.

2.- Orobat, partzuergoko kide diren erakundeek izendatutako ordezkari eta ordezkoek -lehendakariak eta lehendakariordeak izan ezik- kargu hori izateari utziko diote izendatuak izateko zuten kargu publikoa galtzen dutenean. Lehendakariak eta lehendakariordeak jardunean jarraituko dute Batzar Nagusiek lehenengo bilera egiten duten arte. Bilera horretan, haien postuaren jabe egingo dira ordezkoak. Horretarako, lehendakariak edo lehendakariordeak Batzar Nagusiaren bilerarako deia egin beharko du, ahal bezain laster, ordezkoak izendatzeko.

15. artikulua.- Batzar Nagusiaren bilerak.

1.- Batzar Nagusia bilduko da aldez aurretik bilerarako deia eginda.

2.- Lehendakariak Batzar Nagusirako ohiko deialdia egin beharko du, hiru hilez behin.

3.- Lehendakariak Batzar Nagusirako ezohiko deialdia egin ahalko du, egoki joko duen beste alditan.

4.- Lehendakariak Batzar Nagusirako ezohiko deialdia egin ahalko du, Estatutuko hauetako 13.2 artikuluan xedatutako botoen guztizkoaren gutxienez % 50 duten partzuergoko erakundeen gainerakoak izendatutako ordezkariek batera eskatzen dutenean. Halakoetan, Batzar Nagusirako deia egin beharko da, lehendakaria bilerarako deia egiteko presatzen denetik hamabost egun igaro baino lehen bilera egin dadin. Deialdiaren gai-zerrendan jaso beharko dira Batzar Nagusirako deia egiteko premiazko eskea egingo duten partzuergoko erakundeen ordezkariek eskatuko dituzten gaiak.

5.- Oro har, lehendakariak egingo du Batzar Nagusirako deialdia, zazpi egun balioduneko aurrerapenez edo gehiagoz.

Dena den, lehendakariak deitu ditzake Batzar Nagusien premiazko aparteko bilerak, gaiaren larritasunak hala eskatzen duenean. Deialdia gutxienez hiru egun baliodun lehenago egin beharko da. Halakoetan, gai-ordenaren lehenengo puntua izango da Batzar Nagusiak hartu duen erabakia, bilerarako deia egiteko premiazko arrazoiak izan diren ala ez erabakitzeko. Batzar Nagusiak premiazkotasunik ez zegoela jotzen badu, bileraren akta egingo da segidan, eta ezingo da erabakirik hartu.

6.- Nolanahi ere, deialdian honako hauek adierazi beharko dira: bileraren eguna, tokia, ordua eta eztabaidatuko diren gai guztiak. Batzar Nagusiko ordezkari guztiek eskuragarri izango dituzte eztabaidatuko den gai bakoitzari buruzko dokumentuak.

Ezingo da eztabaidatu edo erabakirik hartu gai-zerrendan ez dagoen inolako gairen gainean. Salbuespen bat izango da, hala ere: ohiko Batzar Nagusiak izatea, Batzar Nagusiko kide guztiak bileran izatea eta gaia aztertzea premiazkotzat jotzea partzuergoko kide diren erakundeetako ordezkarien botoen gehiengo osoak alde bozkatuta.

7.- Batzar Nagusiaren bilerak era baliozkoan eratzeko, lehenengo deialdian eskatuko da, gutxienez, Batzar Nagusia osatzen duten ordezkarien guztizkoaren erdia bertan izatea, eta bertaratutakoek Estatutu hauetako 13.2 artikuluan xedatutako guztizko botoen % 50 baino gehiago izatea.

Bigarren deialdian, eskatuko da Estatutu hauetako 13.2 artikuluan adierazitako guztizko botoen % 50 baino gehiago duten ordezkariak bertan izatea.

Batzar Nagusiaren bilerak egiteko eskatzen diren quorumak mantendu beharko dira bilera osoan.

8.- Aurreko zenbakietan xedatutakoa gorabehera, Batzar Nagusia edozein gai aztertzeko era baliozkoan eratu dela joko da Batzar Nagusiko ordezkari guztiak bertan daudenean eta gai hori eztabaidatzeko bilera egitea aho batez erabakitzen dutenean, nahiz eta bilerarako deia lehendakariak egin ez.

9.- Nolanahi ere, Batzar Nagusiaren bilerak modu baliozkoan egin daitezen, eskatuko da bertan izan daitezela lehendakaria edo lehendakariordea eta idazkaria edo idazkariordea.

10.- Batzar Nagusiaren bileren edukia eta, bereziki, hartuko diren erabakiak akta batean jasoko dira. Akta idazkariak idatziko du. Aktak, onartu eta gero, sinatu egingo dituzte lehendakariak eta idazkariak, eta dagokien Akten Liburura kopiatuko dira. Aktak bilera berean edo hurrengo bileran onartuko dira. Hala ere, idazkariak, akta geroago onartuko den arren, harturiko berariazko erabakiei buruzko ziurtagiriak egin ditzake.

16. artikulua.- Batzar Nagusiaren ahalmenak eta ekintzen izaera.

1.- Batzar Nagusiak honako ahalmen hauek izango ditu:

a) Partzuergoko kide izango diren beste erakunde batzuk onartzea; eta, hortaz, partzuergoko kide diren erakundeek izendatutako ordezkariek Batzar Nagusian izango duten boto-kopurua berriz zehaztea eta Estatutu hauetako 1.1 eta 13. artikuluak aldatzea.

b) Partzuergoko kide diren erakundeak bereiztea Estatutu hauetako 39. artikuluan xedatutako kasuetan; eta, beraz, partzuergoko kide diren erakundeek izendatutako ordezkariek Batzar Nagusian izango duten boto-kopurua berriz zehaztea eta Estatutu hauetako 1.1 eta 13. artikuluak aldatzea.

c) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza desegitea, Estatutu hauetako 40. artikuluan xedatutako arrazoiak direla-eta; eta likidazio-proposamena onartzea.

d) Estatutuak aldatzea; eta beste erakunde publiko edo pribatu batekin bat egitea, xurgatzea edo erakunde horietako batean edonola sartzea.

e) Egoitza soziala aldatzea.

f) Batzar Nagusiaren funtzionamendurako arauak ematea, Estatutu hauetan xedatu ez diren gaietarako; eta barne-erregimenerako araudia onartzea, beharrezko baldin bada.

g) Plan estrategikoa onartzea eta aldatzea.

h) Urteko kudeaketa-planak onartzea eta aldatzea, aldatzerik behar bada.

i) Bere jarduerak eta zerbitzuak arautzen dituzten araudiak onartzea.

j) Bere jardueren eta zerbitzuen tarifak onartzea, tarifak zerga, prezio publiko zein prezio pribatu izan.

k) Partzuergoko kide diren erakundeek egin behar dituzten ekarpenak onartzea. Edonola ere, partzuergoko kide diren erakundeek Estatutu hauetako 30. artikuluan xedatutakoaren arabera egin beharko dituzte ekarpenak.

l) Bere jardueren eta zerbitzuen tarifak kudeatu, likidatu eta biltzea, tarifak zerga, prezio publiko zein prezio pribatu izan.

m) Zigorrak ezartzea.

n) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren jarduera-esparruan dagozkion baimenak, lizentziak eta administrazio-emakidak ematea.

o) Garraio-zerbitzuen eta -azpiegituren arloan, partzuergoko kide diren erakundeekin edo bestelako erakunde publiko edo pribatuekin era guztietako akordioak edo hitzarmenak onartzea.

p) Operadoreekin egin daitezkeen finantzaketa-hitzarmenak eta programa-kontratuak onartzea, eta horien jarraipena egitea.

q) Bere zerbitzuak kudeatzeko erak zehaztea.

r) Negozioak, merkataritza-sozietateak edo enpresak, edo erakundeak, fundazioak, elkarteak edo mozkinik ateratzeko asmorik gabeko bestelako pertsona juridikoak sortzea eta haietan parte hartzea onartzea; bai eta, hala dagokionean, haien Estatutuak onartzea ere.

s) Batzar Nagusiko lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria eta idazkariordea izendatu eta kargutik kentzea.

t) Ahalmenak eskuordetzea Batzar Nagusiko Lehendakaritzari eta eskuordetze hori baliogabetzea.

u) Batzorde Betearazlea eratu eta osatzea; eta batzordeko kideak izendatzea eta kargutik kentzea.

v) Ahalmenak eskuordetzea Batzorde Betearazleari.

w) Ahalmenak Batzorde Betearazleari eskuordetzea baliogabetzea.

x) Batzar Nagusian ordezkari izan gabe Batzorde Betearazleko kide izan daitekeen pertsona izendatzea, Estatutu hauetako 11.2 artikuluko azken-aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera.

y) Ahalmenak eskuordetzea Batzorde Betearazleko lehendakariari.

z) Ahalmenak eskuordetzea Batzorde Betearazleko lehendakariari eta eskuordetze hori baliogabetzea.

aa) Zuzendari nagusia izendatzea, eta hura kontratatzeko araubidea eta lan-baldintzak erabakitzea.

bb) Ahalmenak eskuordetzea zuzendari nagusiari.

cc) Zuzendari nagusiari ahalmenak eskuordetzea baliogabetzea.

dd) Zuzendari nagusia kargutik kentzea.

ee) Aholku Batzordeak eratu eta osatzea; eta batzorde horietako kideak izendatzea.

ff) Behin-behineko aurrekontuak onartzea, bai eta urteko kontuetakoak ere.

gg) Honako hauek onartzea: antolaketa- eta langileria-egiturako irizpide orokorrak, lanpostuen zerrenda, ordainsari-baldintzak ezartzeari eta aldatzeari buruzko arau orokorrak eta hitzarmen kolektiboa.

hh) Zuzendari nagusiak proposatuta, langileak kontratatzeko oinarriak eta prozedura onartzea.

ii) Langileak kontratatzea, kaleratzea/kargutik kentzea eta haien ordainsaria zehaztea.

jj) Zuzendari nagusiak proposatuta, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza antolatuko duten unitate organikoak zuzentzeko ardura emango zaien langileak izendatzea, kasuan kasu.

kk) Ondarea besterentzea eta eskuratzea.

ll) Gastuak baimentzea eta xedatzea eta beharkizunak onartzea, horien zenbatekoa gastuen aurrekontuaren % 5 baino handiagoa denean. Halaber, edozein eratako kontratuak onartzea, gastuen aurrekontuaren % 5 baino zenbateko handiagoa dutenak; eskumen horrek bere baitan hartzen ditu kontratu arloan legeriak kontratazio organoari esleitzen dizkion gainerako eskumen guztiak.

mm) Jesapen-eragiketak, kredituen, abalen edo bestelako bermeen gaineko eragiketak edo beste edozein finantza-tresnaren eragiketak onartzea.

nn) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak bere interesak eta ondasunak babesteko beharrezko izango dituen ekintza eta errekurtso judizialak edo administratiboak egitea; eta egite hori Batzar Nagusiko Lehendakaritzak berrestea, premiazko kasuetan.

oo) Hizkuntza-helburuak aztertu eta jartzea, eta helburuok modu eraginkorrean betetzeko neurriak hartzea.

pp) Estatutu hauetan emango zaizkien gainerako ahalmenak, eta Estatutu hauetan Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako beste erakundeei esleitu ez zaizkien baina helburuak betetzeko eta eginkizunak egiteko beharrezko diren bestelako ahalmenak.

2.- Oro har, Batzar Nagusiaren erabakiak hartuko dira bileran dauden edo ordezkaritza duten partzuergoko erakundeen botoen gehiengo soilez, salbu aurreko 1. zenbakiko a), b), d), g), k), r), t), v), x), y), aa) eta bb) letretan adierazitakoari lotutako erabakietan. Horiek onartzeko, Estatutu hauetako 13.2 artikuluan adierazitako boto guztien % 90en edo gehiagoren gehiengoa izan beharko da.

3.- Batzar Nagusiek beren ahalmenak erabiltzean egingo dituzten ekintzek administrazio-bidea amaitzen dute. Ekintza horien aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke Batzar Nagusian.

II. ATALA

BATZAR NAGUSIKO LEHENDAKARITZA ETA LEHENDAKARIORDETZA

17. artikulua.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako Batzorde Nagusiko Lehendakaritza.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako lehendakaria izango da Batzar Nagusiko lehendakari ere. Garraioaren Lurralde Agintaritzako lehendakaria izango da Batzorde Betearazleko lehendakari ere, baldin halakorik badago, salbu Estatutu hauetako 11.2 artikuluko azken-aurreko paragrafoan azaldutako kasuan.

2.- Batzar Nagusiak hautatuko du lehendakari izango den pertsona, ordezkarien artean, hirugarren zenbakian -hurrengoa- xedatutakoaren arabera.

3.- Lehendakari-kargua txandakakoa izango da. Bi urtero txandakatuko dira Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarietako bat eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarietako bat.

Horretarako, bi urterik behin, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzakoek Batzar Nagusiari proposatuko diote lehendakari-kargua betetzeko izen bana.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Lehendakaritzan hasieran jarduten duen pertsona, Batzar orokorreko eraketa bilerarako aukeratua izango da.

18. artikulua.- Lehendakaritzaren ahalmenak eta ekintzen izaera.

1.- Lehendakaritzak honako ahalmen hauek izango ditu:

- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren ordezkari gorena izango da era guztietako pertsona eta erakundeen aurrean.

- Batzar Nagusien bileretarako deialdia egin eta Batzorde Betearazleko lehendakari izatea, baldin halakorik bada; kontuan izango ditu, kasuan kasu, gainerako kideek aurrerapen nahikoarekin egingo dituzten eskaerak.

- Batzar Nagusiak hartu beharko dituen erabakiak proposatzea eta Batzorde Betearazleko lehendakari izatea, baldin halakorik badago.

- Batzar Nagusiaren bileren buru izatea eta Batzorde Betearazleko lehendakari izatea, baldin halakorik badago; eta eztabaidak moderatu eta arrazoi justifikatuak direla-eta eztabaidak bertan behera uztea, une bakoitzean aplikagarri diren arauak interpretatuz.

- Batzar Nagusiaren aktei eta erabakien ziurtagiriei oniritzia ematea eta Batzorde Betearazleko lehendakari izatea, baldin halakorik badago.

- Batzar Nagusiari zuzendari nagusiaren izendapena proposatzea.

- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren zerbitzu guztiak ikuskatzea eta jarduerak zaintzea.

- Gastuen Aurrekontuaren % 5 baino zenbateko handiagoko ordainketak agintzea, zuzendari nagusiarekin batera.

- Premiazko kasuetan, bere interesak eta ondasunak defendatzeko Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari dagozkion ekintza eta errekurtso judizialak edo administratiboak egitea. Halakoetan, bere jardueraren berri emango dio Batzar Nagusiari egingo den lehenengo bileran, bere jarduera berreste aldera.

- Indarrean den legediak Administrazio Publikoko kide anitzeko organoetako lehendakariei ematen dizkien gainerako ahalmenak.

2.- Horiez gain, Lehendakaritzak erabil ditzake Estatutu hauetako 16. artikuluko 1. zenbakiko kk), ll) eta mm) letretan adierazitako gaiei lotuta Batzar Nagusiak eskuordetuko dizkion ahalmenak, baina horretarako ezarriko diren muga kuantitatibo edo bestelakoak izango ditu.

3.- Salbuespenez, eta Batzorde Betearazleko lehendakariaren alde ahalmenen eskuordetzerik egin ez bada, atzeratu ezin diren premiazko kasuetan, Lehendakaritzak hartu ahalko ditu Batzorde Betearazleari eskuordetu dakizkiokeen Batzar Nagusiaren eskumenekoak diren ahalmenei lotutako erabakiak. Hartutako erabakien berri eman beharko du Batzar Nagusiaren lehenengo bileran, berrets daitezen.

4.- Estatutu hauetako 11.2 artikuluko azken-aurreko paragrafoan azaldutako kasuan, Batzar Nagusiko lehendakariak Batzorde Betearazleko lehendakariaren esku utz ditzake aurreko 1. zenbakiko a), g) eta h) letretan jasotako gaiei loturiko ahalmenak, horretarako ezarriko diren muga kuantitatiboekin edo bestelakoekin.

5.- Lehendakariak esleituta dituen ahalmenak erabiltzean egingo dituen ekintzek administrazio-bidea amaitzen dute, eta horien aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke lehendakariari.

19. artikulua.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako Lehendakariordetza.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako lehendakariordea izango da Batzar Nagusiko lehendakariorde, bai eta Batzorde Betearazlekoa ere, baldin halakorik badago.

2.- Batzar Nagusiak hautatuko du lehendakariorde izango den pertsona, ordezkarien artean, hirugarren zenbakian -hurrengoa- xedatutakoaren arabera.

3.- Lehendakariorde-kargua txandakakoa izango da. Bi urtero txandakatuko dira Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkarietako bat eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarietako bat.

Horretarako, bi urterik behin, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzakoek Batzar Nagusiari proposatuko diote lehendakariorde-kargua betetzeko izen bana.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Lehendakariordetzan hasieran jarduten duen pertsona, Batzar orokorreko eraketa bilerarako aukeratua izango da.

4.- Lehendakariordearen eginkizunak egiten dituen pertsonak ordezkatuko du lehendakaria, eta haren ahalmenak izango ditu lehendakari-kargua hutsik dagoenean, lehendakaria ez dagoenean, gaixo dagoenean edo bestelako legezko kausaren bat dela-eta, bai eta lehendakariak lehendakariordearen esku uzten duenean bere jarduera.

III. ATALA

ZUZENDARI NAGUSIA

20. artikulua.- Zuzendari nagusia.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak zuzendari nagusia izango du.

2.- Batzar Nagusiak izendatu eta kenduko du zuzendari nagusia, eta berak ezarriko du zuzendari nagusia kontratatzeko araubidea eta lan-baldintzak. Batzar Nagusiko lehendakariak proposatuta egingo da izendapena.

3.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako langile den eta zuzendaritza-eginkizunak egiten dituen pertsonak ordeztuko du zuzendari nagusia haren postua hutsik dagoenean, zuzendari nagusia ez dagoenean, gaixo dagoenean edo legezko ezintasunen bat sortzen zaionean. Batzar Nagusiko lehendakariak izendatuko du ordezkoa.

21. artikulua.- Zuzendari nagusiaren ahalmenak eta ekintzen izaera.

1.- Nolanahi ere, zuzendari nagusiak honako ahalmen hauek izango ditu:

- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren ordezkaritzako, administrazioko eta kudeaketa arrunteko ahalmenak erabiltzea, Estatutu hauetan xedatutakoarekin bat. Ordezkatze-ahalmenak erabiliko ditu Batzar Nagusiko lehendakaria eta lehendakariordea ez daudenean, edo Batzorde Betearazleko lehendakaria ez dagoenean, baldin bera eskuordetu badute ahalmen horiek erabiltzeko.

- Zerbitzu, obra eta sail guztien buru goren izango da, eta bere gain hartuko ditu zuzendaritza, sustapena eta ikuskatzea, baldin ahalmen horiek eskuordetu badizkiote. Orobat, arlo teknikoko, ekonomiko eta administratiboko zerbitzuak zuzenduko ditu. Hori guztia, Batzar Nagusiko lehendakariaren edo Batzorde Betearazleko lehendakariaren aginpidearen pean eta hark gainbegiratuta.

- Garraio, sindikatu, erabiltzaile eta haien elkarteen arloetan eskumenak dituzten Administrazio Publikoetako kudeaketa-organo, organo betearazle eta operadoreekiko harremanak kudeatzea.

- Arduraz jakinaraztea Batzar Nagusiari eta, halakorik badago, Batzorde Betearazleari, bai eta Batzar Nagusiko lehendakariari eta, kasuan kasu, Batzorde Betearazleko lehendakariari egingo dituen jarduerak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren kudeaketari buruzko gaiak.

- Behin-behineko aurrekontuak egitea, bai eta urteko kontuetakoak ere, Batzar Nagusiari emateko.

- Plan estrategikoa egitea, Batzar Nagusiari emateko.

- Urteko kudeaketa-planak egitea, egoki denean, Batzar Nagusiari edo Batzorde Betearazleari emateko.

- Bere jarduera eta zerbitzuen tarifen proposamena egitea, egoki denean, Batzar Nagusiari edo Batzorde Betearazleari emateko.

- Garraio-zerbitzu eta -azpiegituren arloan era guztietako akordioak edo hitzarmenak egitea partzuergoko kide diren erakundeekin edo bestelako erakunde publiko edo pribatuekin, Batzar Nagusiari edo Batzorde Betearazleari emateko.

- Operadoreekin finantzaketa-hitzarmenak eta programa-kontratuak egitea, egoki denean, Batzar Nagusiari edo Batzorde Betearazleari emateko; bai eta haien jarraipenaren berri ematea ere.

- Antolaketa- eta langileria-egitura sortzea Batzar Nagusiak edo, kasuan kasu, Batzorde Betearazleak edo Batzorde Betearazleko lehendakariak ezarritako irizpide orokorren arabera.

- Zuzenean zuzentzea Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren zerbitzuan diren langileak.

- Langileak hautatzeko prozesuak antolatzea.

- Langileei laneko zigorrak ezartzea (ez dute kaleratzeko ahalmena izango, dena den).

- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari esleitutako sarrerak biltzea.

- Gastuak baimentzea eta xedatzea eta beharkizunak onartzea eta ordainketak agintzea, horien zenbatekoa gastuen aurrekontuaren % 5 edo txikiagoa denean. Halaber, edozein eratako kontratu espedienteak onartzea, gastuen aurrekontuaren % 5 edo zenbateko txikiagoa dutenak; eskumen horrek bere baitan hartzen ditu kontratu arloan legeriak kontratazio organoari esleitzen dizkion gainerako eskumen guztiak.

- Gastuen Aurrekontuaren % 5eko zenbatekodun ordainketak baino handiagoak agintzea, Batzar Nagusiko lehendakariarekin edo Batzorde Betearazleko lehendakariarekin batera, baldin berari eskuordetu bazaizkio kasuan kasuko ahalmenak.

- Behar den garaian gauzatzea Batzar Nagusiaren eta, baldin halakorik badago, Batzorde Betearazlearen hitzarmenak (Batzar Nagusiko eta Batzorde Betearazleko lehendakariak/lehendakariek gainbegira dezakete).

- Ondare erantzukizunari dagozkion erreklamazioak eta auzibide zibilaren eta lan-auzibidearen aurretiko erreklamazioak ebaztea.

- Estatutu hauek esleituko dizkioten bestelako egitekoak gauzatzea, bai eta indarrean diren xedapenek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari esleitzen dizkiotenak ere, azken horiek beste organo batzuei esleitu ezin zaizkienean eta kudeaketa arruntekoak direnean.

2.- Horiez gain, zuzendari nagusiak erabil ditzake Estatutu hauetako 16. artikuluko 1. zenbakiko ii), kk), ll), mm), nn) eta pp) letretan adierazitako gaiei lotuta Batzar Nagusiak eskuordetuko dizkion ahalmenak, baina horretarako ezarriko diren muga kuantitatibo edo bestelakoak izango ditu.

3.- Estatutu hauetako 11.2 artikuluko azken-aurreko paragrafoan azaldutako kasuan, zuzendari nagusiak bere ahalmenak erabiliko ditu Batzorde Betearazleko lehendakariarekin koordinazioan.

4.- Zuzendari nagusiak eskuordetu dizkioten ahalmenak erabiltzean egingo dituen ekintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Batzar Nagusiko Lehendakaritzari.

IV. ATALA

IDAZKARITZA

22. artikulua.- Idazkaritza.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako idazkari-lana egingo du zuzenbideko lizentziadun batek, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako edo partzuergoko erakunderen bateko langile denak. Honako ahalmen hauek izango ditu idazkariak:

a) Batzar Nagusiaren eta, baldin halakorik badago, Batzorde Betearazlearen bileretara joatea; hitza izango du, baina botorik ez.

b) Batzar Nagusiaren eta, baldin halakorik badago, Batzorde Betearazlearen bileretarako deia egitea, lehendakariak/lehendakariek aginduta; eta organo horietako kideei zitazioak egitea.

c) Kideek Batzar Nagusiari eta, baldin halakorik badago, Batzorde Betearazleari egindako komunikazioak eta, beraz, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak jasotzea.

d) Gaien bideratzea prestatzea; eta Batzar Nagusiaren eta, baldin halakorik badago, Batzorde Betearazlearen bileren aktak idatzi eta ziurtatzea, lehendakariaren/lehendakarien oniritziarekin.

e) Batzar Nagusiak eta, baldin halakorik badago, Batzorde Betearazleak onartutako kontsulten, irizpenen eta hitzarmenen ziurtagiriak ematea.

f) Legezko nahitaezko aholkularitza.

g) Idazkaritzari datxezkion bestelako ahalmenak.

2.- Batzar Nagusiak eta, baldin halakorik badago, Batzorde Betearazleak idazkariordea izenda dezake idazkaria ordezteko, baldin idazkariaren kargua hutsik badago, idazkaria ez badago, gaixo badago edo bestelako legezko arrazoiren bat dela-eta, bai eta idazkariak bere jarduera eskuordetzen dion guztietan ere. Idazkariordea ere zuzenbideko lizentziaduna izan beharko da, eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako edo partzuergoko kide den erakunderen bateko langile.

III. KAPITULUA

JARDUERAREN KUDEAKETA

23. artikulua.- Zerbitzuak emateko kudeaketa-moduak.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren zerbitzuak kudeatuko dira zerbitzuak emateko partzuergoko kide diren Administrazioei aplikagarri zaizkien legez xedatutako kudeaketa-moduetako edozeinen arabera.

Baldin erabakitzen bada merkataritza-sozietate bat eratzea:

a) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako Batzar Nagusiak (Estatutu hauetako 12. artikuluan eta ondokoetan arautua) eratuko du aipatutako sozietateko Bazkideen Batzar Orokorra.

b) Administrazio Kontseilu batek izango du sozietatea administratzeko ardura. Baldin Estatutu hauetako 11.2 artikuluan aipatutako Batzorde Betearazlea badago, Administrazio Kontseilua osatuko dute Batzorde Betearazlearen kide diren pertsona berek. Baldin Batzorde Betearazlerik ez badago, Batzorde Betearazlearen osaerari eta bertako kideak izendatzeari buruz Estatutu hauetako 11.2 artikuluan xedatu diren arauen arabera eratuko da Administrazio Kontseilua eta izendatuko dira kontseiluko kideak.

c) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako zuzendari nagusiak sozietateko kudeaketa-zereginak egingo ditu. Horretarako, Administrazio Kontseiluak dagozkion ahalmenak emango dizkio. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari lotuta, Estatutu hauetan eman zaizkion ahalmenen irismen bera izango dute ahalmen horiek, gutxienez.

2.- (i) Kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak oinarri, eta ardura-emate horiek antolatzen dituzten agiri juridikoen esparruan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak kudeatu ahalko ditu partzuergoko kide diren erakundeen eskumeneko zenbait zerbitzu, kasuan kasuko zerbitzurako berariazko kudeaketa bezala, eta eragina jasango duten partzuergoko erakundeen kudeaketan parte hartzea bermatuz.

24. artikulua.- Lankidetza.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, bere gain dituen helburuak eta zereginak hobeto bete eta egite aldera, edozein eratako akordio edo hitzarmenak egin ditzake entitate edo erakunde publiko zein pribatuekin, Espainiakoekin zein nazioartekoekin.

Bereziki, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak erakunde ofizialekin edo pribatuekin sinatu ahalko ditu hitzarmenak, bere jarduerarekin lotura duten funtsak, laguntzak eta finantza-tresnak bideratu, kudeatu eta administratzeko.

2.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, dituen helburuak betetzeko eta zereginak egiteko egoki denean, bestelako merkataritza-sozietateak sor ditzake hirugarrenekin (Estatutu hauetan aipatutakoak ez direnak). Halaber, beste mota bateko merkataritza-sozietateetan eta erakundeetan parte har dezake, hala nola, taldeetan, fundazioetan, elkarteetan edo mozkinik ateratzeko asmorik gabeko pertsona juridikoetan. Kasuan kasu, erakunde horietako Estatutuak ere onartu beharko ditu.

25. artikulua.- Emakidak.

(i) Kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak oinarri, eta ardura-emate horiek antolatzen dituzten agiri juridikoen esparruan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak emakidak erabil ditzake bere obra publikoaren eta zerbitzu publikoaren kudeaketaren aldaeretan, ekipamendu edo zerbitzu zehatzak hobeto kudeatzeko.

26. artikulua.- Sustapena.

1.- (i) Kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak oinarri, eta ardura-emate horiek antolatzen dituzten agiri juridikoen esparruan, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak diru-laguntzak eman ditzake, eta egokitzat joko duen edozein sustatze-modu erabil dezake, bere zereginak hobeto egiteko.

2.- Diru-laguntzak emateko honako bi arau hauetan xedatutakoa bete beharko da: 3/2007 Foru Arauan, martxoaren 27koan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Diru Laguntzei buruzkoan; eta Foru Arau hori garatzen duen Araudian (24/2008 Foru Dekretuak, apirilaren 29koak, onartzen du Araudi hori).

27. artikulua.- Hizkuntza-araubidea.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren jarduera kudeatzean, bermatuko da euskara eta gaztelania erabiliko direla herritarrekin harreman zuzena duten zerbitzuetan. Hortaz, 6/2003 Legean, abenduaren 22koan, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzkoan xedatutakoa eta lege horretako araudian agindutakoa beteko da.

2.- Batzar Nagusiak aztertu eta ezarriko ditu hizkuntza-helburuak, eta helburuok modu eraginkorrean betetzeko neurriak hartuko ditu.

IV. KAPITULUA

AURREKONTU-ARAUBIDEA, EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA, KONTABILITATE- ETA KONTROL-ARAUBIDEA, TARIFA- ETA ZERGA-ARAUBIDEA, ONDARE-ARAUBIDEA, KONTRATAZIO-ARAUBIDEA ETA LANGILEEN ARAUBIDEA

I. ATALA

AURREKONTU-ARAUBIDEA, EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA, KONTABILITATE- ETA KONTROL-ARAUBIDEA, TARIFA- ETA ZERGA-ARAUBIDEA ETA ONDARE-ARAUBIDEA

28. artikulua.- Araubidea.

1.- Garraio Agintaritzaren aurrekontu, ekonomia eta finantza eta kontabilitate araubidea egokituko da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak aurreikusten duenera (Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Erregimenari buruzkoa).

Garraio Agintaritzaren Batzar Orokorrak onartu ahal izango ditu kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren arloko jarraibideak, hauei dagokienez: aurrekontu kredituen lotura juridikoa, aurrekontu aldaketak (horiek onartzeko eskumenak zein organoren esku dauden adierazita), gastuak eta ordainketak onartzea, eskubideak onartzea eta abar.

Arlo horiek urteko aurrekontua gauzatzeko arauan ere erregula daitezke, eta erregulazio hori aplikatuko zaie dagokien ekitaldi ekonomikoan.

2.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza kontrol ekonomikoa, finantzarioa eta kudeaketakoa auditoria prozeduren bidez egingo da, kontrol ikuskatzailearen bidez egin ordez, eta haren zeregina izango da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza funtzionamendu ekonomiko-finantzarioa egiaztatzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak kontrolatuko du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza kudeaketa ekonomiko-finantzarioa.

3.- Urteko kontuen gaineko auditoria egingo da urtero, Batzar Orokorrak kontuak onartu aurretik. Auditoria hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak zuzenduko du.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza Batzar Orokorrak erabaki dezake beste auditoria mota batzuk egitea (betetzekoak, operatiboak edota sistema eta prozeduretakoak), egokitzat jotzen dituenean jarduera ekonomiko-finantzarioa behar bezala kontrolatzeko.

4.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza jarduera ekonomiko-finantzarioa lotuta egongo da Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kanpoko fiskalizazioari.

5.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza zerga-araubidea izango da bi arau hauetan ezarritakoa: apirilaren 10eko 6/2007 Foru Araua (Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalez gaindiko erakundeak arautzekoa) eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra.

6.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza ondare-araubidea izango da Gipuzkoako Lurralde Historikoari dagokiona.

29. artikulua.- Ekonomia- eta finantza-baliabideak.

Hona hemen Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren ekonomia- eta finantza-baliabideak:

a) Partzuergoko kide diren erakundeen diru- edo in natura ekarpenak.

In natura ekarpenek jatorriz duten jabari publikoko edo ondareko kalifikazio hori gordeko dute, eta administrazio titularrei itzuliko zaizkie lortu nahi diren helburuak bete eta gero.

b) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak emango dituen askotariko zerbitzuen kontraprestazio gisa ezarriko diren tarifak, tarifa horiek zerga, prezio publiko zein prezio pribatu izan. Hori guztia (i) kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak oinarri, eta ardura-emate horiek antolatzen dituzten agiri juridikoen esparruan.

c) Diru-laguntzak.

d) Administrazio edo erakunde publikoetatik datozen transferentzia arruntak edo kapital-transferentziak.

e) Zigorretatik datozen sarrerak, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren titulartasunekoak diren zigortzeko ahalmenak erabiltzen diren kasuetan. Hori guztia (i) kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak oinarri, eta ardura-emate horiek antolatzen dituzten agiri juridikoen esparruan.

f) Erakunde publikoek, pribatuek eta partikularrek emandako dohaintzak, ondareak eta bestelako ekarpenak.

g) Kreditu-eragiketen emaitza.

h) Bere ondaretik datozen sarrerak eta zuzenbide pribatuko gainerakoak.

i) Eman diezazkioketen bestelako baliabideak.

30. artikulua.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren finantzaketa

1.- Partzuergoko kide diren erakundeek ordainduko dituzte Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza eratzeko eta entitate horrek funtzionatzeko beharrezko diren ekarpenak, Batzar Nagusian duten ordezkapenaren ehunekoaren arabera.

2.- Aurreko 1. zenbakian azaldutakoa ulertzen da honako hauek kaltetu gabe:

a) Partzuergoko kide diren erakundeek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari egin behar dizkioten berariazko ekarpenak, Agintaritza horrek aipatutako erakundeen eskumenekoak diren jarduerak kudea ditzan. Halakoetan, partzuergoko erakundeek egin beharreko ekarpenak agiri juridikoetan ezarriko dira. Agiri juridiko horien bitartez antolatuko dira (i) kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak.

b) Partzuergoko kide diren erakundeek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari egin behar dizkioten berariazko ekarpenak, Agintaritza horrek partzuergoko erakundeetako zenbaiti etekina ekarriko dien jarduera egin dezan. Halakoetan, etekina jasoko duten partzuergoko erakundeek egingo dituzten ekarpenak ezarriko dira kasuan kasuko jarduera antolatzeko sinatuko diren hitzarmenetan.

31. artikulua.- Tarifa- eta zerga-araubidea.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak urtero finkatuko du berak emango dituen askotariko zerbitzuengatik kontraprestazio gisa jaso behar dituen tarifen zenbatekoa, tarifa horiek zerga, prezio publiko zein prezio pribatu izan. Hori guztia indarrean den legediak xedatuko dituen baldintzetan, eta (i) kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak antolatuko dituzten agiri juridikoetan ezarritako baldintzetan.

2.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak izango du ardura berak emango dituen askotariko zerbitzuengatik kontraprestazio gisa jaso behar dituen tarifak kudeatu, likidatu eta biltzeko, tarifa horiek zerga, prezio publiko zein prezio pribatu izan. Hori guztia indarrean den legediak xedatuko dituen baldintzetan, eta (i) kasuan kasuko esleipenak, transferentziak edo eskumen-eskuordetzeak edo (ii) kasuan kasuko kudeaketaren ardura-emateak antolatuko dituzten agiri juridikoetan ezarritako baldintzetan.

32. artikulua.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren ondarea.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren ondare dira honako hauek: bere ondasun eta eskubideak; partzuergoko kide diren erakundeen titulartasunekoak izanik, etorkizunean bere alde esleitzea edo lagatzea adostuko diren ondasun eta eskubideak; eta edozein pertsona edo erakundek emango dizkion bestelakoak.

2.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren titulartasuneko ondasunak jabari publikoko ondasun eta ondare-ondasunak izan daitezke.

II. ATALA

KONTRATAZIO-ARAUBIDEA

33. artikulua.- Kontratazio-araubidea.

Sektore publikoko kontratuetarako legedian partzuergoetarako xedatutako kontratazio-araubidea izango du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak.

III. ATALA

LANGILEEN ARAUBIDEA

34. artikulua.- Langileak.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako langileen araubidea izango da langile publikoen araubide juridikoari dagokiona.

2.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak bere eginkizunak egiteko beharrezko dituen langileak izango ditu.

3.- Oro har, eta aplikagarri den araudia betez, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako langileek lan-araubidea bete beharko dute, salbu administrazio-ahalak langile funtzionarioek bakarrik erabil ditzaketenean.

Langileak kontratatzeko berdintasun-, merezimendu-, gaitasun-, publizitate-, gardentasun- eta bereizkeriarik ez egiteko printzipioak beteko dira, bai eta aplikagarri diren legezko arauak ere, kasuan kasuko deialdi publikoaren bitartez.

Edonola ere, langileak kontratatzeko antolaketa- eta langileria-egiturako irizpide orokorrak beteko dira, eta Batzar Nagusiak edo, kasuan kasu, Batzorde Betearazleak edo organo horretako lehendakariak horretarako onartuko duen lanpostuen zerrendari egokituko zaio kontratazioa, Estatutuetan ezarritako baldintzetan.

4.- Nolanahi ere, langileen soldaten baldintzak zehaztu eta aldatzeko bete beharko dira horretarako Batzar Nagusiak edo, kasuan kasu, Batzorde Betearazleak edo organo horretako lehendakariak onartuko dituen arauak, Estatutu hauetan xedatutako baldintzetan.

35. artikulua.- Hitzarmen kolektiboak.

1.- Lan-arloko hitzarmen kolektiboak negoziatzeko izapideak hasteko, aurrez baimena eman beharko du Batzar Nagusiko lehendakariak edo Batzorde Betearazleko lehendakariak (baldin pertsona bera ez badira). Lehendakariak prozesuko faseen berri izan beharko du, eta prozesua bukatzean ere jakinarazi beharko zaio.

2.- Batzar Nagusiak edo, kasuan kasu, Batzorde Betearazleak onartu beharko ditu hitzarmenak.

V. KAPITULUA

ESTATUTUAK ALDATZEA

36. artikulua.- Estatutuak aldatzea.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Estatutuak alda daitezke Batzar Nagusiko lehendakariaren ekimenez, Batzorde Betearazlearen ekimenez edo Estatutu hauetako 13.2 artikuluan adierazitako botoen gutxienez % 5 izango diren Batzar Nagusiko kideen ekimenez.

2.- Behin aurreko paragrafoan aipatutako ekimena onartuta, eta ezohiko bilkuran deitutako Batzar Nagusia eratuta, Estatutuen aldaketa onartuko da Estatutu hauetako 16.2 artikuluan xedatutako gehiengoz. Hori egin aurretik, eskatzea egokitzat jo diren txostenak eman beharko dira, eta, kasuan kasu, egoki izango den jendea informatzeko izapidea bideratu beharko da.

3.- Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, onartutako Estatutuen aldaketak berekin badakar Estatutu hauetako 30., 36.3 eta 38. artikuluak aldatzea, partzuergoko kide diren erakundeak borondatez bereizi ahalko dira Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik. Hala eginez gero, Estatutu hauetako 38. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute, baina ez dute bete beharko artikulu horretako 1. zenbakian xedatutako aurreabisu-epea, eta ez dute ordaindu beharko Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak hartutako pasiboa, 2. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera.

4.- Onartutako Estatutuen aldaketa partzuergoko kide diren erakunde guztiei jakinaraziko zaie. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

VI. KAPITULUA

GIPUZKOAKO GARRAIOAREN LURRALDE-AGINTARITZARA SARTZEA, HANDIK BEREIZTEA ETA GIPUZKOAKO GARRAIOAREN LURRALDE-AGINTARITZA DESEGITEA

37. artikulua.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzara sartzea.

1.- Bestelako erakundeak sar daitezke Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzara, betiere organo horren xedeekin bat datozen interes publikoko helburuak badituzte, Batzar Nagusiak onartzen baditu eta Batzar Nagusiak partzuergora sartzeko jarritako baldintzak betetzen badituzte.

2.- Hona hemen Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzara sartzeko prozedura:

a) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzara sartzeko eskaera egiteko, erakunde interesdunak aldez aurretik hitzarmena egin beharko du, hitzarmenak egiteko bere araubidearen arabera.

b) Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, Batzar Nagusiaren bitartez, bide emango dio eskaerari, eta Estatutu hauetako 16.2 artikuluan xedatutako gehiengoz erabakiko du ea erakundea Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzara sartzea egokia den ala ez. Egokia dela erabakitzen bada, sartzeko baldintzak jarriko dira, eta berriz zehaztuko da Estatutu hauetako 13. artikuluan xedatutako partzuergoko erakundeek izendatutako ordezkarien boto-kopurua.

c) Azken kasu horretan, eta behin erabakiaren berri emanda, erakunde interesdunak bete beharko ditu Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak sartzeko ezarriko dituen baldintzak. Halaber, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Estatutuak onartzea erabaki beharko du, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan izango dituen ordezkariak izendatu beharko ditu eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari zein ondasun emango dion zehaztu beharko du, kasuan kasu.

d) Izapide hori formalizatu ondoren, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako Batzar Nagusiak Estatutu hauetako 16.2 artikuluan xedatutako gehiengoz onartuko du beste kide bat sartzea Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzara. Horrenbestez, partzuergoko kide diren erakundeek izendatutako ordezkariek Batzar Nagusian duten boto-kopurua berriz zehaztuko da, eta Estatutu hauetako 1.1 eta 13. artikuluak aldatuko dira.

e) Partzuergoko kide diren erakunde guztiei jakinaraziko zaie partzuergora kide berriak sartu direla, eta horrek ekarriko dituen Estatutu-aldaketen berri ere emango zaie. Orobat, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

38. artikulua.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik borondatez bereiztea.

1.- Partzuergoko kide den edozein erakunde borondatez bereiz daiteke Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik. Horretarako, baina, era baliozkoan hartu beharko du erabakia eta formalki jakinarazi beharko dio Batzar Nagusiari, lehendakariaren bitartez. Gutxienez 90 eguneko aurreabisu-epea izango du, eta likidatzeke dituen obligazioak likidatu beharko ditu aldez aurretik.

2.- Partzuergoko kide den erakundearen eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren arteko harreman ekonomikoak likidatzeko honako prozedura honi jarraituko zaio:

a) Erregularizatu egingo da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren eta partzuergoko kide den erakundearen arteko egoera ekonomikoa.

b) Partzuergoko kide den erakundeak ordainduko ditu bereizteak eragingo dituen gastuak, bai eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak hartutako pasiboaren zatia ere.

c) Batzar Nagusiak likidazioaren kontua onartzea eskatuko da.

3.- Partzuergoko kide den erakunderen bat bereizteak ez du berekin ekarri beharko arazorik Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak emango dituen zerbitzu edo jardueretara, eta ez ditu kaltetu beharko bere esku utzi diren interes publikoak.

4.- Partzuergoko kide den erakunderen bat bereizten bada, erakunde horrek galduko du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak egindako inbertsio eta azpiegituren gaineko eskubide oro.

39. artikulua.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik nahitaez bereiztea.

1.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako Batzar Nagusiak jotzen badu partzuergoko kide den erakunderen batek larriki eta behin eta berriz urratu dituela Legeetan edo Estatutuetan xedatutako betebeharrak, erabaki dezake erakunde hori Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik bereiztea, Estatutu hauetako 16.2 artikuluan adierazitako gehiengoz. Hori egin aurretik, kasu horretan egoki den espedienteari hasiera eman beharko dio.

2.- Erakundea nahitaez bereizteko aurreko artikuluan xedatutako likidazioko arauak beteko dira.

40. artikulua.- Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza desegitea eta likidatzea.

1.- Honako kausa hauetako edozein dela-eta desegin daiteke Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza:

a) Edozein egoera dela-eta, eratzean jarri ziren xedeak betetzea ezinezko izatea.

b) Legezko xedapenen batek organo hori desegin dadin agintzea edo interes publikoak hala eskatzea.

c) Batzar Nagusiak hala erabakitzea.

d) Beste erakunde publiko edo pribaturen batekin bat egitea, xurgatzea edo edonola sartzea. Horretarako, erakunde horren xedeek eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarenek bat etorri behar dute. Bat-egite, xurgatze edo sartze hori Batzar Nagusiak hitzartu beharko du, Estatutu hauetako 16.2 artikuluan xedatutako gehiengoz.

2.- Hona hemen Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza desegiteko prozedura:

a) Batzar Nagusiak Batzorde Likidatzailea izendatuko du hogeita hamar eguneko epean, desegiteko erabakia hartzen denetik zenbatzen hasita. Honako hauek izango dira Batzorde Likidatzaileko kide: Batzar Nagusiko lehendakaria, organo horretako lehendakariordea eta ordezkari bat. Aholkularitza-lana egiteko, Batzorde Likidatzailean sartuko dira bi teknikari, Batzar Nagusiko lehendakariak izendatuta, eta beste bi teknikari, lehendakariordeak izendatuta. Era berean, bileretarako deia egin dakieke gai horretan aditu direnei edo teknikariei, soilik haien iritzia entzuteko, edo beren berezitasuneko gai zehatzen gaineko txostenak edo irizpenak egin ditzaten.

b) Batzorde Likidatzaileak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren ondasun eta eskubideen inbentarioa egingo du, gehienez ere hiru hilabeteko epean. Erakundearen baliabideak, kargak eta zorrak jasoko ditu, eta langileen zerrenda egingo du.

c) Egindako inbentarioa ikusita, Batzorde Likidatzaileak Batzar Nagusiari proposatuko dio ondasunak, eskubideak eta zorrak bana eta osa ditzala partzuergoko erakundeen artean. Horretarako, Batzordeak likidatze-jarduerak egiteko egutegia eratuko du.

d) Likidatzeko proposamenak Batzar Nagusiaren aldeko botoa beharko du. Behin onartu ondoren, loteslea izango da partzuergoko erakunde guztientzat.


Azterketa dokumentala