Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2010eko irailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
4156

AGINDUA, 2010eko irailaren 8koa, Kulturako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako 2010eko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Irailaren 30eko 164/2008 Dekretuak (uztailaren 13ko 200/2010 Dekretuak aldatu duenak) Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen du.

Aipaturiko dekretuaren 5. artikuluan adierazten denez, araututako diru-laguntzen deialdia urtean urteko ekitaldi ekonomikoan egin eta jakinaraziko da Kulturako sailburuaren agindu baten bidez. Deialdian ondokoak zehaztuko dira: diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko zuzkidura, aurkeztutako programak edo jarduerak burutzeko epealdia, eskabideak aurkezteko tokia eta epealdia, entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa, eta, azkenik, kasuan kasu esleitutako diru-laguntza justifikatzeko epealdia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Aipatutako dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honen bidez gorago aipatutako kontu horiek guztiak zehaztuko dira, bertan ezarritako diru-laguntzen deialdia 2010eko ekitaldian aplikatzeko.

Halaber, eta kudeaketako irizpide gisa, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien (IKT) erabilera sustatu nahi da, laguntzak kudeatzeko prozesuen izapideak telematikoki egin ahal izateko.

Horri jarraiki, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen xedea hauxe da: Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako 2010eko diru-laguntzetara biltzeko dei egitea. Diru-laguntza horiek emateko modua irailaren 30eko 164/2008 Dekretuak arautzen du (uztailaren 13ko 200/2010 Dekretuak aldatu du).

2. artikulua.- Diru-zuzkidura.

1.- Agindu honen bidez deitutako 2010eko diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontu orokorra hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa da.

2.- Uztailaren 13ko 200/2010 Dekretuak aldatu duen irailaren 30eko 164/2008 Dekretuko lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz, eta eskatutako laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan hartuta, eskaerak ebatzi aurretik aurreko puntuan zehaztutako kreditua aldatu ahal izango da Kultura Sailaren beste programa batzuetan agortzen ez diren aurrekontuko kopuru erabilgarriaren arabera. Hala gertatuz gero, aldaketaren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kulturako sailburuaren agindu baten bitartez.

3. artikulua.- Programak edo jarduerak burutzeko epealdia.

Agindu honen babesean diru-laguntza jasotzeko aurkezten diren programak edo jarduerak 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira nahitaez.

4. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epealdia.

Agindu honen babesean eskabideak aurkezteko epealdia hilabetekoa izango da, aginduak ondorioak sortzen dituen egunetik aurrera.

5. artikulua.- Aurkeztu beharreko eskabideak, justifikazioak eta dokumentazioa, kasuan kasukoa.

1.- Eskaera-izapideak bertatik bertara (paperean) aurkeztea:

a) Eskabideak eta justifikazioak toki hauetan aurkez daitezke:

a.1.- Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Erregistroa: Donostia kalea 1 - Lakua I, 2. solairua - 01010 Gasteiz.

a.2.- Eusko Jaurlaritzako Erregistro Orokor Nagusia: Donostia kalea 1 - 01010 Gasteiz.

a.3.- Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza ofizialeko Erregistro Laguntzailea: Kale Nagusia, 85 - 48001 Bilbao.

a.4.- Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitza ofizialeko Erregistro Laguntzailea: Andia kalea, 13 - 20004 Donostia.

a.5.- Herritarren Arretarako Bulegoak.

a.6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren beste erregistro orokor nagusi eta laguntzaileak (72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa; EHAA, 102. zk., 2008ko maiatzaren 30ekoa).

b) Eskabideak eta justifikazioak bi modutara aurkez daitezke: zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen (hemendik aurrera, AJL-APE) azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz:

b.1.- Eskabideak: eredu normalizatua erabili behar da, eta bertako atal guztiak bete (I. eranskina); horrekin batera dokumentazio osagarria aurkeztu behar da (II. eranskina).

b.2.- Justifikazioak: eredu normalizatua erabili behar da, eta bertako atal guztiak bete (III. eranskina); horrekin batera dokumentazio osagarria aurkeztu behar da (IV., V. eta VI. eranskinak).

c) Eskabidea edo justifikazioa posta-bulego batean aurkeztu nahi izanez gero, kartazal irekian aurkeztu behar da, posta-funtzionarioak data eta zigilua jar diezazkion inprimakiari.

2.- Laguntzen izapideak elektronikoki aurkeztea: Eskabidea eta justifikazioa.

Laguntza hauen izapideetan (eskabideak zein justifikazioak aurkezteko) baliabide elektronikoak erabiltzeko modua ondoko bi dekretu hauetan arautu da: 232/2007 Dekretua, abenduaren 18koa, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautu duena; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta beraren erakunde autonomoen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa.

3.- Izapideak bertatik bertara (paperean) zein telematikoki aurkeztuz gero:

a) Laguntza-eskabideak agindu honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio eta justifikazioak III. eranskinean argitaratutako ereduari. Eskabideak eta horien dokumentazio osagarria (II. eranskina) zein justifikazioak eta horien dokumentazio osagarria (IV., V. eta VI. eranskinak) Kultura Saileko Zerbitzu zuzendariari bidali behar zaizkio.

b) Laguntza-eskabideak (I. eranskina) eta haiekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa (II. eranskina) eta justifikazioak (III. eranskina) eta beren dokumentazio osagarria (IV., V. eta VI. eranskinak), haien inguruko informazioa eta aurkezpenerako prozedura kulturaren alorreko eskumena daukan organoak euskadi.net atarian daukan egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

c) Entitate eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskabideak eta justifikazioak eta haiei lotutako dokumentazioa. Orobat, laguntza-eskabideen eta justifikazioen aurkezpenaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

d) Eskabideei eta justifikazioei lotutako betekizunak bete direla eta behar diren agiriak aurkeztu direla frogatzeko modua kulturaren alorreko eskumena daukan organoak euskadi.net atarian daukan egoitza elektronikoan argitaratuko diren jarraibideetan zehaztuko da.

e) Eskabide-formularioko zein justifikazioko atal batean laguntza eskatzen duen entitateak zein onuradunak baimena eman dezake agiri batzuk laguntzak kudeatzen dituen organoak eskuratzeko edo egiaztatzeko. Baimen horrek ez ditu ezertan eragotziko Administrazio Publikoaren egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak.

f) Eskabide-formularioan zein justifikaziokoan zehaztu behar da zein frogagiri edo bestelako agiriren ordez egiten duen eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena. Halako kasuetan entitate eskatzailearen legezko ordezkariak edo laguntzaren onuradunak agiri bat sinatzen du adierazteko betetzen dituela indarreko araudian diru-laguntza (edo diru-laguntzaren bigarren zatia) jasotzeko ezarritako betekizun guztiak eta badauzkala hori frogatzen duten agiriak (laguntza eskatzen den kasuetan baita diru-laguntza gozatzen duen aldi osoan betekizun horiek betetzeko konpromisoa onartzen duela ere bai), bai eta adierazitako guztiaren erantzukizuna onartzen duela ere.

g) Erantzukizunpeko adierazpenean berariaz eta modu argi eta zehatzean azaldu behar dira betekizunak.

h) Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura etengo da horren berri jakin bezain laster, eta baliteke erantzukizunak gertatzea ere (penala, zibila edo administratiboa).

Gainera, gorago azaldutakoa adierazteko ematen duen ebazpenean Administrazio Publikoak ezarri ahal izango du interesdunak diru-laguntza itzuli behar duela, bidezkoa izanez gero.

4.- Eskabidea aurkezteko bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du ekarriko berekin prozedurako hurrengo izapideetan ere nahitaez bitarteko horiek erabili behar izatea. Gainera, entitate interesdunak jakinarazpenak bitarteko telematikoz egiteko emandako adostasuna baliogabetu ahal izango du; hori egin nahi izanez gero, organo eskudunari adierazi beharko dio eta aurrerantzean jakinarazpenak non jaso nahi dituen zehaztu beharko du, administrazio prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautu duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuko 4.4 eta 21.2 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, hurrenez hurren.

6. artikulua.- Eskabideak zuzentzea eta justifikaziorako aurkeztutako dokumentazioa osatzeko edo argitzeko errekerimendua.

1.- Baldin eta eskabide-orriarekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertzean Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritza ohartzen bada agiriren bat falta dela edo akastuna dela, epealdi bat emango dio eskatzaileari izapideak burutzeko falta dena ekartzeko edo akatsa zuzentzeko: hamar egun baliodun bertaratuz gero (dokumentazioa paperean entregatuz gero), eta egutegiko hamar egun telematikoki eginez gero, akatsaren edo faltaren berri ematen dion jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera; gainera, azaroaren 26ko 30/1992 AJL-APEren 42. eta 71. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, ohartaraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ebatziko dela (ebazpena jakinaraziko zaio) edo izapidea egiteko eskubidea galdu duela adieraziko dela.

2.- Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazioa osatzeko edo hori argitzeko errekerimendua egin behar izanez gero, eguneko epealdi bat emango zaio eskatzaileari hari erantzuteko:, hamar egun baliodun bertaratuz gero (dokumentazioa paperean entregatuz gero), eta egutegiko hamar egun telematikoki eginez gero, eskatutakoaren berri ematen dion jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera; gainera, jakinarazpenean eskatzaileari azaldu behar zaio errekerimenduari erantzun ezean uztailaren 13ko 200/2010 Dekretuak aldatu duen irailaren 30eko 164/2008 Dekretuaren 15. artikuluak aipatzen dituen ez-betetzeetako bat gertatuko dela.

Hori gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta bertan agindutakoa bete ondoren, Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari ezin eskatu izango zaio ordaintzeko diru-laguntza, eta, behar den kasuetan, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta haien legezko korrituak.

Aurreko paragrafoan adierazitako itzulketaz gainera, balizko zigor-prozedura ireki daiteke ikusten bada Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntza eta diru-laguntzei buruzko xedapenak urratu direla, lehen aipaturiko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.

3.- Berariazko ebazpena (eskatzaileak atzera egin duela zein laguntza itzuli behar duela agintzen duena) kasu bakoitzean ezarritako epealdia amaitu eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen jakinaraziko da.

7. artikulua.- Jakinarazpenak, izapideak egiteko moduaren arabera.

1.- Izapideak bertaratuta eginez gero (papera erabilita), jakinarazpena entitate interesdunak, edo haren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak, Postaren hartu-agiria sinatzen duenean egintzat joko da, eta, egintzaren arabera, kasuan kasu ezarritako epealdia hura jaso eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

2.- Aldiz, administrazio prozeduretan baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak nola erabili behar diren arautu duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuko 22.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, izapideak baliabide telematikoen bitartez eginez gero, jakinarazpena entitate interesdunak, edo haren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak, jaso izana elektronikoki sinatzen duenean egintzat joko da.

Indarrean dagoen legeriak ezarritako hamar (10) eguneko epealdian, jakinarazitako egintza aipatutako dekretuko 23. artikuluan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik zenbatu beharrekoan, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Hori horrela izanda, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

8. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzeko epealdia.

Emandako diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko epealdia bi hilekoa izango da diru-laguntza jaso duen programa edo jarduera bukatzen den egunetik aurrera, eta ezinbestekoa da 2011ko otsailaren 28rako aurkeztuta egotea.

9. artikulua.- Justifikaziorako epealdia luzatzea.

1.- Ofizioz edo entitate interesdunak eskatuta, diru-laguntza ematen duen organoak justifikazioa aurkezteko epealdia luzatzea erabaki ahal izango du, baina bi baldintzarekin: luzapenaldia ezin da izan justifikazioa aurkezteko epealdiaren erdia baino luzeagoa eta ezin zaie kalte egin hirugarrenen eskubideei. Epealdia luzatzeko erabakia entitate interesdunei jakinarazi behar zaie.

2.- Bai entitate interesdunen eskaera, bai epealdia luzatzeko erabakia justifikaziorako epealdia amaitu baino lehen gauzatu behar dira. Mugaeguneratutako epealdiak ezin izango dira luzatu. Epealdiak luzatzeari edo ez luzatzeari buruzko erabakien aurka ez dago errekurtsoa jartzerik.

10. artikulua.- Diru-laguntzaren likidazioa.

1.- Irizpideak.

a) Justifikatutako zenbatekoa eskabidearekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino gehiago izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa gehitzeko.

b) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, emate-ebazpena aldatuko da, eta gauza bera gertatuko da estatuko zein nazioarteko beste administrazio edo entitate publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzekin bat eginez gero, jasotako guztirako diru-kopurua diru-laguntzaren xede izan den jardueren kostua baino gehiago izanez gero ere. Halako kasuetan entitate onuradunak jasotako diru-kopuruak itzuli beharko ditu.

b.1.- Hasieran esleitutako diru-laguntzen aldaketa balizkoek eragin ditzaketen diru-kopuruen murrizketak modu proportzionalean aplikatuko dira, kontuan hartuz zenbat proiektu aurkeztu diren eta zenbat burutu diren eta zenbat diru aurreikusi zen burutzapen-aurrekontuan eta benetan zenbat erabili den.

b.2.- Diruz lagundutako proiektuaren zein jardueraren burutzapenean alterazio partzialen bat gertatuz gero, itzuli beharreko zenbatekoa finkatzeko proportzionaltasunaren printzipioa aplikatuko da, eta kontuan edukiko da erabateko burutzapenean intzidentzia adierazgarririk izan denentz eta onuradunak konpromiso guztiak betetzeko asmoarekin jardun duen ala ez.

b.2.1.- Hori dela eta, diru-laguntzaren xedea bete arren horretarako aurreikusitako aurrekontuaren eta benetan erabilitako diru-kopuruaren artean aldea gertatzen bada, ondokoak gertatu beharko dira diru-laguntzaren zenbatekoa ez txikitzeko:

b.2.1.1.- Burutzapenak eragindako gastuaren eta hasierako aurrekontuaren arteko aldea % 15 baino gehiago ez izatea.

b.2.1.2.- Behin betiko diru-laguntza ez izatea burutzapen-gastuaren % 70 baino gehiago.

b.2.1.3.- Gainfinantzaketarik ez gertatzea.

b.2.2.- Bestela, bidezko likidazioa egingo da eta emandako diru-laguntzatik bete ez den alderdiari dagokion zenbatekoa kenduko da.

2.- Prozedura.

Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, dena delako arrazoiarengatik bigarren zatiaren ordainketa gutxitu behar izatekotan edo hura ezeztatu behar izatekotan, eta, hala badagokio, jasotakoa, osorik nahiz haren zati bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar izanez gero, Kulturako sailburuak kitapen-ebazpen indibidualizatua emango du egiaztagiriak aurkezteko epealdia bukatzen denetik bi hilabeteko pasatu baino lehen. Halaber, bidezkoa izanez gero, diru itzulketa egin ahal izateko bi hilabeteko epealdia emango du ebazpenaren jakinarazpen-idazkia jasotzen denetik. Ebazpen honek administrazio-bidea agortu du; beraren aurka ondoko bi errekurtsoak jar daitezke: berraztertzeko errekurtsoa ebazpena eman duen organoaren aurrean, hilabeteko epealdian, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskadiko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, jakinarazpenaren dataren biharamunetik bi hilabete pasatu baino lehen.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautu ez diren alderdiei dagokienez, diru-laguntzen arloko gaietan Euskadiko Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilean ezarritakoari jarraituko zaio, eta prozedurari dagozkion gaietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea agortu du; beraren aurka entitate interesdunek hautazko berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kulturako sailburuari argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskadiko Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete pasatu baino lehen.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Gasteiz, 2010eko irailaren 8a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA

DIRU-LAGUNTZAREN EDO LAGUNTZAREN ESKABIDEA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

ENTITATE ESKATZAILEARI BURUZKO ETA PROIEKTUAREN INGURUKO BESTE DATU BATZUK, ETA ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

DIRU-LAGUNTZAREN EDO LAGUNTZAREN JUSTIFIKAZIOA

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

DIRU-LAGUNTZA JASO DUEN PROIEKTUAREN INGURUKO BESTE DATU BATZUK ETA HAREN JUSTIFIKAZIO-INPRIMAKIAREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

GASTU-FROGAGIRIEN ZERRENDA(1 eta2)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala