Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2010eko abuztuaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
3722

EBAZPENA, 2010eko uztailaren 12koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Informatika Fakultatearen arautegia EHAAn argitara dadila agintzeko dena.

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Esukal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluak, bi mila eta hamarreko ekainaren 24ko bileran, Informatika Fakultatearen Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Eranskinean aipatzen den Informatika Fakultatearen Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Bigarrena.- Ebazpen hau irmoa da eta amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da haren kontra, hilabeteko epearen barruan, erabakia hartu zuen organoan. Bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, Bilboko Administrazio Auzietako Epaitegietan bi hilabeteko epearen barruan. Beti ere, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Leioa, 2010eko uztailaren 12a.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

ERANSKINA

UPV/EHUko INFORMATIKA FAKULTATEAREN ARAUTEGIA

I. TITULUA

IZAERA, OSAERA ETA ESKUMENAK

1. artikulua.- Definizioa.

1.- Informatika Fakultateak bertan eskaintzen diren unibertsitateko tituluak eta graduko eta graduondoko ikasketak (bestelako ekintza akademikoak) lortzeko prozesu akademiko eta administratiboak antolatu, gidatu eta gestionatzen ditu.

2.- Arautegi honetako I. eranskinean jasota daude Informatika Fakultateak, berak bakarrik edo beste ikastegi batzuekin batera, eskaintzen eta koordinatzen dituen graduko eta graduondoko tituluak eta beste titulu batzuk. Eranskina aldatu egingo da irakats eskaintza aldatzen den bakoitzean.

3.- Ikastegiaren izen ofiziala, gaztelaniaz, Facultad de Informatica da eta euskaraz, Informatika Fakultatea.

2. artikulua.- Araubide juridikoa.

1.- Informatika Fakultatea honako hauen bidez arautuko da: indarreko legeria, UPV/EHUko Estatutuak, arautegi hau, eta aplika dakizkiekeen gainerako arautegiak.

2.- Informatika Fakultateak UPV/EHUren Donostiako campusean dauka egoitza, helbide honetan: Manuel Lardizabal pasealekua, 1 - 20018 Donostia.

3.- Informatika Fakultatean irakaskuntzako lana betetzen duten sailak II. eranskinean zehaztutakoak dira, eta eranskin hori, beraz, aldatu egingo da sail horiek aldatzen diren bakoitzean.

4.- III. eranskinean jaso dira Informatika Fakultatean irakaskuntza eta ikerketa laguntzeko dauden zerbitzuak.

5.- Informatika Fakultatearen anagrama IV. eranskinean jasotakoa da eta UPV/EHUren anagrama ofizialarekin batera erabili ahal izango da.

6.- Fakultateko kideek edo taldeek (sailek, ikasleen kontseiluak...) dekanotza taldeari kexuak agertu edo erreklamazioak edo iradokizunak egin ahal izango dizkiote, iradokizunetarako kutxen bidez edo, modu formalagoan, erregistroan idatzia aurkeztuta. Dekanotza taldeak idatziz erantzungo du, arrazoiak azalduta, astebeteko epean (arrazoitutako salbuespenetan izan ezik).

3. artikulua.- Osaera.

1.- Informatika Fakultatea ikastegiko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek osatzen dute.

2.- Ondokoak dira Informatika Fakultateko kideak:

a) Ofizialki fakultateari atxikita dauden irakasle guztiak.

b) Fakultatean irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

c) Fakultateari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako pertsonala.

3.- Informatika Fakultatera lotuta egongo dira, baina kide izan gabe, ikastegiari atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten gainerako irakasleak, fakultatean egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta fakultatean zerbitzuak ematen dituztenak.

14. artikulua.- Eginkizunak.

Hauek dira Informatika Fakultateko eginkizunak:

a) Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, fakultatean ematen diren UPV/EHUko titulu akademiko ofizialak edo berezkoak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio-ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzako ikastaroak ere, horretarako beharrezko diren baliabide guztiak ipinita eta etengabeko hobekuntza izanik helburu. Hori guztia, ikastegian irakaskuntza lana betetzen duten sailekin lankidetzan.

b) Urtero ikasturteko irakats eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa programazioaren arabera, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekin koordinazioan.

c) Ikasketa planen onespena edo aldaketak proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatu eta horrek ikastegian eragina daukanean, ikasketa planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

d) Fakultatean ematen diren titulazioen funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

e) Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.

f) Eskolaren aurrekontua gestionatu, baliabideak administratu eta atxikitako langileak gidatzea.

g) Ikastegiaren urteroko plana garatu eta betetzea.

h) Urteko memoria egitea.

i) Hizkuntza plangintza orokorra garatu eta ikastegira egokitzea.

j) Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

k) UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea beren eginkizunak betetzen.

l) Ikastegiko sailekin batera, Informatika Fakultateko kideak ikerketan aritzea bultzatzea eta sutatzea; zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

m) Legeak, Estatutuek edo unibertsitate arautegiak bere gain uzten dituen gainerako eginkizun guztiak.

II. TITULUA

GOBERNU, ORDEZKARITZA ETA AHOLKULARITZA ORGANOAK

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

5. artikulua.- Gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

Informatika Fakultatearen gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak Fakultateko Batzarra, dekanoa, dekanordeak, idazkari akademikoa eta administratzailea dira.

II. KAPITULUA

KIDE ANITZEKO ORGANOAK

6. artikulua.- Definizioa.

Fakultateko Batzarra da Informatika Fakultateko kide anitzeko gobernu organoa. Funtzionamendua ahalik eta eraginkorrena izan dadin, Ikastegiko Batzarrak arautegi honetan zehaztutako lan taldeak eratuko ditu eta talde horiek proposamenak egingo dizkiote Fakultateko Batzarrari hark onar ditzan.

LEHEN ATALA

FAKULTATEKO BATZARRA

7. artikulua.- Osaera.

1.- Fakultateko Batzarrak 30 kide ditu. Fakultateko Batzarreko berezko kide dira dekanotza taldeko kideak (dekanoa, dekanordeak eta idazkari akademikoa) eta ikastegiko administratzailea. Gainontzeko kideak, 30 osatu arte, taldeetako kideen artetik aukeratuko dira.

2.- Fakultateko Batzarreko 30 kideak era honetara banatuko dira: % 51 irakasle iraunkorrak; % 20 ikasleak; % 11 administrazio eta zerbitzuetako langileak; eta gainontzekoak irakasle eta ikertzaile ez iraunkorrak.

3.- Fakultateko Batzarreko kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira, ikasleen ordezkariak zian ezik, horiek urtero aldatuko baitira.

4.- Fakultateko Batzarreko kideak hautatzean Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura bete beharko dira.

8. artikulua.- Fakultateko Batzarraren eskumenak.

1.- Fakultateko Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu organoa ikastegian.

2.- Fakultateko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

a) Ikastegiko arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

b) Gobernu organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

c) Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak fakultatera egokitzeko plana onartzea.

d) Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko, ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

e) Fakultateari atxikitako irakasle lanpostuen eskariez iritzia ematea.

f) Ikasketa planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

g) Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta fakultateari atxikitako sailen iritzia.

h) Fakultateak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dela bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

i) Zereginak betetzeko egoki izan daitezkeen batzordeak eratzea.

j) Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena ikastegiko Ikasleen Kontseiluak egingo du.

k) Fakultateak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

l) Estatutuek eta horiek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

3.- Fakultateko Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizun plana eta urteko txosten ekonomikoa, dekanoak aurkeztuta. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu Kontseiluari bidaliko zaizkie, jakitun egon daitezen.

BIGARREN ATALA

BATZORDEAK

9. artikulua.- Akademia Antolakuntzako Batzordea.

1.- Akademia Antolakuntzako Batzordearen eginkizuna da ikasturte bakoitzerako irakats eskaintza osatzea (irakasgaiak, ikasgelen eta laborategien gestioa, eskola orduak, azterketen egutegia...), ondoren Fakultateko Batzarrak onar dezan. Era berean, arlo horretan Fakultateko Batzarrak agintzen dizkion gainontzekoak era egin beharko ditu.

2.- Akademia Antolakuntzako Batzordeak, aipatutako eginkizunez gain, ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde horrek hartutako erabakien kontra, behin Fakultateko Batzarrak onartuta, errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari.

3.- Akademia Antolakuntzako Batzordeak ondoko osaera izango du: dekanoa edo haren eskuordetza daukan pertsona (bera izango da batzordeburua); fakultatean egoitza daukaten sailetako zuzendariak edo haien eskuordetza daukaten pertsonak; Fakultateko Batzarreko bi irakaslea, beren ordezkariek aukeratuak; bi ikasle, batzarrean dituzten ordezkariek aukeratuak.

10. artikulua.- Euskara Batzordea.

1.- Euskara Batzordearen helburua da euskararen erabilera sustatzea eta kalitatea hobetzea fakultateko kideen artean eta, oro har, fakultateko irakaskuntza jardueretan, zabalkundeko ekintzetan, ikerketan, administrazio lanetan eta irudian, bai eta arlo horretan Fakultateko Batzarrak agintzen dizkion gainontzeko eginkizunak ere.

2.- Euskara Batzordea era honetara egongo da osatuta: dekanotza taldeko kide bat (bera izango da batzordeburua); fakultatean egoitza daukaten sailetako irakasle bana, sailak berak proposatua; AZPko bat, Fakultateko Batzarrean talde horretakoek dituzten ordezkariek aukeratua; ikasle bat, Fakultateko Batzarreko ikasleen ordezkariek aukeratua.

11. artikulua.- Kalitate Batzordea.

1.- Kalitate Batzordearen eginkizuna da ikastetxeak eskainitako irakaskuntzako jardueren kalitate jarraipena egitea, jarduerok hobetzeko proposamenak egitea, kalitate prozesuak eta horien emaitzak ebaluatzea; adierazleak egiaztatzea... bai eta arlo horretan Fakultateko Batzarrak agintzen dizkion gainontzekoak ere.

2.- Kalitate Batzordea era honetara osatuta egongo da: dekanotza taldeko kide bat, bera izango da batzordeburua; titulazioetan koordinazio lana betetzen duten irakasleetatik bat; graduko programetan koordinazio lana betetzen duten irakasleen artetik bat; batzarreko kide diren bi irakasle, beren ordezkariek proposatua; AZPko kide bat, batzarrean talde horretakoek dituzten ordezkariek proposatua; bi ikasle, batzarrean dituzten ordezkariek proposatuak.

12. artikulua.- Irakaskuntza eta Ikerketa Laguntzeko Informatika Zerbitzuaren Batzordea.

1.- Informatika Zerbitzuen Batzordearen eginkizuna da ikastegiko informatika zerbitzuen ardurapeko laguntzako teknikoa, irakaskuntzako laborategietarakoa, planifikatzea: instalazioak, hardwarea eta softwarea eguneratzea eta mantentzea, sareko konexioak, irakasleen eta ikasleen kontu zerbitzuak eta abar. Arlo horretan, eta ahal duten heinean, ikerketako laborategiei eta ikastegiko ikertzaileei ere emango diete laguntza.

2.- Informatika Zerbitzuen Batzordea era honetara egongo da osatua: dekanotza taldeko kide bat, bera izango da batzordeburua; titulazio bakoitzeko irakasle bat; graduondoko programetako irakasle bat; batzarreko irakasle bat; informatika zerbitzuetako kide bat; eta ikasle bat, batzarrean dituzten ordezkarien artetik aukeratua.

13. artikulua.- Beste batzorde batzuk.

Fakultateko Batzarrak beste batzorde batzuk ere izendatu ahal izango ditu arlo zehatz batzuetarako, esaterako, bibliotekako ondorea, gradu amaierako proiektuak eta abar. Batzarrak zehaztuko du zein osaera izango duen batzordeak eta batzordearen indarraldia.

HIRUGARREN ATALA

FAKULTATEKO BATZARRAREN FUNTZIONAMENDURAKO ARAUBIDEA

14. artikulua.- Bilera motak eta bileren aldizkakotasuna.

1.- Bileretarako deiak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

2.- Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Fakultateko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, gutxienez, seihileko bakoitzean.

3.- Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean, bai eta kasuan aplikatu beharreko arautegiek hala xedatzen dutenean ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez da agertuko aurreko akten onespena, ez eta galde eskeetarako punturik ere.

4.- Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi beharko da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

15. artikulua.- Bilerarako deia egitea.

1.- Fakultateko Batzarreko buruak egingo du bileretarako deia. Fakultateko Batzarreko kideen % 25ek hala eskatzen badu, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta, gehienez ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik kontatzen hasita.

2.- Bilerarako deiak Fakultateko Batzarreko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta bertan zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdietan. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute batzarreko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

3.- Gai zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, batzarreko kideen gutxienez % 10ek behar den garaian eta moduan eskatutakoak agertu behar dira. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina batzarreko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

4.- Deialdia argitara emango da, batzarreko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

16. artikulua.- Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.- Fakultateko Batzarreko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuen 228. artikuluan aipatutako arrazoiengatik utziko dio organoko kide batek kide izateari.

2.- Batzarra behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari-eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.

17. artikulua.- Fakultateko Batzarreko kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.- Fakultateko Batzarreko kideek batzarraren bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu batzarreko kideak, baina batzarrak beharrezko neurriak hartuko ditu betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

2.- Fakultateko Batzarreko kideek eskura izan dezaten euren eginkizunak betetzeko beharrezkoa duten dokumentazioa eta informazioa, deialdiarekin batera bidaliko zaie, ahal den neurrian behintzat, komunikatzeko erabiltzen den bideren baten bitartez.

18. artikulua.- Fakultateko Batzarra eratzea.

1.- Batzarra balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea 15 minutukoa izango da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

2.- Batzarra bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

3.- Botoa Fakultateko Batzarreko beste kide baten esku utzi daiteke. Batzarreko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Batzarreko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio. Batzarra eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak.

19. artikulua.- Bileren nondik norakoak.

1.- Batzarburuak bilera behar bezala gara dadila bermatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera uztea erabaki dezake.

2.- Eztabaidak aztergai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, batzarrak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

3.- Batzarburuak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitekeen parte-hartzeen kopurua ere.

4.- Batzarreko kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuentzako proposamenak direnean, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

5.- Batzarreko buruak, egoki iritziz gero, batzarreko kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai zerrendako punturen bati buruzko iritzia edo informazioa eman diezaioten batzarrari. Gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango, eta aktan jasota ageri beharko da bileran gonbidatuak izan direla.

Fakultateko Batzarraren bileretara Informatika Fakultateko kide guztiak joan ahal izango dira eta bileran hitz egiteko eskubidea izango dute.

20. artikulua.- Botazioa.

1.- Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; hala ere berdinketa izanez gero, batzarburuaren kalitate botoak erabakiko du.

2.- Botazioek isilpekoak izan behar dute, kideren batek eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

3.- Aurkako botoa ematen dutenek edo abstenitu egiten direnak horretarako arrazoia azalduta, ez dute erantzukizunik izango batzarrak hartutako erabakietan. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio batzarreko idazkariari boto txartelarekin batera. Boto txartela eta testua aktari erantsi behar zaizkio.

21. artikulua.- Bilerako akta.

1.- Idazkariak egin behar du bilerako akta. Akta hurrengo bileran onartuko da, ondo arrazoitutako kasuetan izan ezik, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko da. Aktak, behin onartuta, idazkariak sinatu eta batzarburuak ontzat eman behar ditu.

2.- Aktan honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez direnen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia, eguna eta ordua; bileran aztertutako gaiak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, hala dagokionean, arrazoiaren azalpen laburra.

3.- Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, eskaria berariaz egin bada. Batzarkideek euren parte-hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, batzarburuak adierazitako epean.

4.- Batzarreko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.

5.- Batzarra aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, Fakultateko Batzar berriak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

6.- Aktak, behin onartuta, fakultatearen intraneten emango dira argitara (edo pareko bide telematikoren batez bidez), eta fakultateko kideen eskura egongo dira, kontsultetarako.

22. artikulua.- Erabakiak argitaratzea.

1.- Idazkariak batzarrak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

2.- Hartutako erabakiak fakultatearen intraneten emango dira argitara (edo pareko bide telematikoren batez bidez), gehienez ere hiru egun balioduneko epean, eta pertsonen intimitatea behar bezala babestuta. Idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete daudela jendaurrean; izan ere, hilabetekoa izango da errektoreari errekurtsoa aurkezteko epea.

3.- Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak interesdunei jakinarazi beharko zaizkie. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

23. artikulua.- Erabakiak betearaztea eta errekurtsoak jartzea administrazio bidean.

1.- Fakultateko Batzarrak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoei jakinaraziko zaizkie.

2.- Fakultateko Batzarrak hartutako erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, hilabeteko epean.

III. KAPITULUA

KIDE BAKARREKO ORGANOAK

24. artikulua.- Dekanoa.

1.- Dekanoa fakultateko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoa da.

2.- Dekanoa unibertsitatearekin lotura iraunkorra izanik ikastegiari atxikita dauden irakasleen artetik aukeratuko da eta errektoreak izendatuko du.

3.- Dekanoa sufragio unibertsal haztatuaren bidez aukeratuko dute fakultateko kideek, UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

4.- Dekanoa errektoreak izendatuko du, eta izendapenarekin batera hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da, eta karguan elkarren segidako bi agintaldi bete ditzake gehienez.

25. artikulua.- Kargua uztea.

1.- Dekanoak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

a) Hiltzea.

b) Legezko ezintasuna.

c) Dimisioa aurkeztea.

d) Fakultatekoa izateari uztea.

e) Agintaldia amaitzea.

f) Fakultateko batzarrak zentsura mozioa onartzea.

2.- Zentsura mozioa dekanoari zuzendu behar zaio gutxien dela Fakultateko Batzarreko kideen heren baten babesarekin, eta idatzia arrazoitua izan behar da. Zentsura mozioa ezohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko da eta hori izango dira batzar horretako aztergai bakarra. Bilera eguna mozioa aurkeztu eta gutxienez zapi egunera eta gehienez bi astera izango da.

Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen batzarkideetako batek, eta, ondoren, dekanoak erantzuna emango dio. Ondoren, hitza eskatu duten batzarkideek parte hartuko dute. Parte-hartzeak behin amaituta, bozketa egingo da; dekanordeek ezin izango dute botorik eman eta ez da onartuko botoa eskuordetzea. Zentsura mozioa onartu egingo da, baldin eta boto eskubidea dutenen artetik gehiengo osoak eman badu aldeko boto.

Zentsura mozioa onartzeak dekanoak unean bertan kargua uztea ekarriko du eta dekanoa aukeratzeko hauteskundeetarako deia egitea gehienez ere hilabeteko epean; bitartean, ikastegian irakaskuntzako jardueraren ardura daukan dekanordeak beteko ditu ezinbesteko zuzendaritza lanak.

3.- Ahal den kasuetan, dekanoak jardunean jarraituko du dekano berria izendatu arte.

4.- Dekanoa gaixorik edo kanpoan badago, izendapenean beren-beregi zehaztutako dekanordeak egingo dio ordezkoa. Halako izendapenik ez badago, Fakultateko Batzarrak izendatuko du ordezkoa egingo duen dekanotza taldeko kidea. Fakultateko Batzarrareko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko dekanoak hauteskundeetarako deia egingo du hilabeteko epearen barruan.

5.- Jarraiko bi hauteskunde prozesuk huts eginez gero, Fakultateko Batzarrak ikastegiko irakasle bat aukeratu ahalko du dekanoaren eginkizunak betetzeko. Horrelakoetan, irakaslea ados egon behar da eta ezohiko bilerara deitutako batzarkide hautatuen bi herenen aldeko botoa; agintaldia urtebetekoa izango da eta, ondoren, hauteskundeetarako deia egin behar da.

6.- Fakultatean kide bakarreko organo bat ere ez badago, kategoria eta antzinatasun handiena daukan ikastegiko arduraldi osoko irakasleak hartuko ditu bere gain dekanoaren eginkizunak. Irakasle horrek ikastegiko dekanoa aukeratzeko deia egin behar du gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

26. artikulua.- Irakats betebeharretatik salbuestea.

1.- Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du dekanoa, neurri batean edo erabat.

2.- Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslana egitetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzan eta ikerkuntzan eguneratze aldera. Dena dela, horretarako, hiru urte emanda izango ditu karguan, gutxienez.

27. artikulua.- Dekanoaren eginkizunak.

1.- Hauek dira dekanoaren eginkizunak:

a) Fakultateko ordezkaria izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

b) Fakultatearen jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

c) Fakultateko Batzarreko buru izatea.

d) Fakultateko Batzarraren, gobernu organo orokorren eta campus bakoitzeko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

e) Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

f) Fakultateko Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

g) Arloan eskumena duten zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

h) Fakultateko kideen eskariak eta iradokizunak zuzendu eta bideratzea.

i) Ikastegiaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

j) Ikastegiari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, UPV/EHUren Estatutuetako 102.2 eta 103.2 artikuluetan adierazitako moduan.

k) Tokiak esleitzea ikastegian diharduten sail, institutu eta zerbitzuei, Fakultateko Batzarrak onartuko dituen irizpideei jarraituta. Era berean, ikastegiko azpiegiturak erabiltzeko lehentasunak ezarriko ditu.

l) Lankidetza eta koordinazio programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

m) Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainontzeko eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren beregi beste organo batzuei esleituta ez dauden eta eskolarekin zerikusia daukaten eginkizunak.

2.- Era berean, dekanoak sinatuko ditu lankidetza hitzarmenak, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei jarraituz.

28. artikulua.- Dekanotza taldea.

1.- Fakultateko dekanotza taldeko burua dekanoa izango da eta honako hauek osatuko dute: dekanordeek eta idazkari akademikoak.

2.- Dekanotza taldeak laguntza eman behar dio dekanoari bere eginkizunetan, batez ere arlo hauetan:

a) Titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean.

b) Ikasketa planak eguneratzeko zereginean, modu horretan gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko.

c) Ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean.

d) Ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

e) Irakaskuntza-plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaskuntza lanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio lanean ere.

f) Titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean.

g) Ikastegiko kideen I+G zereginak bultzatzeko lanean sailekin elkarlanean.

h) Euskararen erabilera unibertsitateko jarduera guztietan erabiltzea bultzatzeko zereginean.

i) Ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko aitzindari izateko lanean.

29. artikulua.- Dekanordeak.

1.- Errektoreak, dekanoak proposatuta, dekanordeak izendatuko ditu baldintzak betetzen dituzten ikastegiko arduraldi osoko irakasleen artetik.

2.- Dekanordeek dekanoak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Fakultateko Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

3.- Dekanorde kopurua UPV/EHUko Ikastegien Oinarrizko Arautegiko eranskinetako batean dago zehaztuta.

4.- Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, legezko ezintasuna, ikastegiko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, dekanoak proposatuta.

5.- Dekanoak dekanotza taldean gertatuko aldaketen berri emango du Fakultateko Batzarraren hurrengo bileran.

30. artikulua.- Dekanordeak irakats betebeharretatik salbuestea.

1.- Errektoreak irakats lanetik salbuetsi ahal izango ditu dekanordeak eta idazkaria, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

2.- Agintaldia amaituta, eskubidea izango dute irakats lanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, hiru urte emanda izan beharko dituzte karguan, gutxienez.

31. artikulua.- Idazkari akademikoa.

1.- Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, dekanoak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da. Eginkizunak behar bezain ondo bete ditzan, ahalegina egingo da idazkari akademiko kargurako UPV/EHUko bi hizkuntza ofizialak dakizkien irakasle bat aukeratzeko.

2.- Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, legezko ezintasuna, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, dekanoak proposatuta.

32. artikulua.- Eginkizunak.

Hauek dira ikastegiko idazkari akademikoaren eginkizunak:

a) Fakultateko Batzarraren bileretara joatea, bai eta bere karguagatik idazkari izatea dagokion gainerako batzordeen bileretara ere, eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

b) Fakultateko Batzarrerako deia egitea dekanoaren aginduari jarraituz.

c) Fakultateko Batzarraren ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

d) Ikastegiko erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta zuzentarauei jarraituz.

e) Ikastegiko Batzarrak hartzen dituen erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu organoari.

f) Oro har, laguntza ematea ikastegiko dekanoari, eta fakultateko idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

33. artikulua.- Idazkari akademikoa irakats lanetik salbuestea.

1.- Errektoreak irakats lanetik salbuets dezake fakultateko idazkari akademikoa, arduraldiaren erdiraino, gehienez ere.

2.- Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakats lanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren alorrean eguneratu ahal izateko, baldin eta karguan, gutxien dela, hiru urte egin baditu.

34. artikulua.- Ikastegiko administratzailea.

1.- Ikastegiko zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

2.- Administratzaileak menpekotasun funtzionala izango du dekanoarekiko eta ikastegiko administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatuko ditu. Horrez gain, ikastegiko organoen erabakiak betearaziko ditu bere eskumeneko eremuan eta zerbitzuen funtzionamenduaren erantzulea izango da.

3.- Ikastegiko administratzaileak eguneratuta izango du ikastegiari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Fakultateko Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio dekanotza-taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Fakultateko Batzarrak.

IV. KAPITULUA

ARAUBIDE EKONOMIKO ETA ADMINISTRATIBOA

35. artikulua.- Autonomia.

Fakultateak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak izango ditu, eta bere sailak autonomiaz gestionatuko ditu.

36. artikulua.- Aurrekontua.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du fakultatearen aurrekontuko hornidurarako emango duen diru sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

a) Beren jarduerengatik dagozkion etekinak.

b) Jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzetarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

c) Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkieten dohaintzak eta legatuak, emandako baldintza berberetan.

d) Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarrerak direla-eta dagokien zatia.

37. artikulua.- Gestio ekonomikoa eta administratiboa.

1.- Fakultatearen jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

2.- Fakultateak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabiderik badu, dekanotza taldeak jakinaren gainean jarriko du gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztu du Fakultateko Batzarrean, batzarrak ontzat eman dezan.

V. KAPITULUA

ARAUTEGIA ALDATZEA

38. artikulua.- Arautegia aldatzeko prozedura.

1.- Arautegi hau zati batean edo erabat aldatzeko ekimena dekanoari dagokio, edo Fakultateko Batzarreko kideen % 25i gutxienez. Aldaketarako proposamena dekanotzako idazkaritzan aurkeztutako idatzi bidez egingo da eta aukeran proposatutako testua izan behar du jasota.

2.- Dekanoak Fakultateko Batzarraren ezohiko bilerarako deia egingo du, proposamena aurkeztutako egunetik hilabeteko epean, aldaketa-proposamenari buruzko iritzia emateko. Fakultateko Batzarreko kideen erdia bertaratu behar da quoruma osatzeko, eta emandako botoen gehiengo osoa behar da proposamena onartzeko. Onartuz gero, Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio, legezkotasun kontrola igaro ondoren, kontseiluak behin betiko onar dezan.

ERANSKINAK

1 ERANSKINA

UPV/EHUKO INFORMATIKA FAKULTATEAK EMATEN EDO KOORDINATZEN DITUEN TITULAZIOAK

2009ko uztailean, ondokoak dira Informatika Fakultatean ematen ziren ikasketak:

> Graduko titulazioak:

- Informatikako Ingeniaritza (5 urte).

- Sistemen Informatikako Ingeniaritza Teknikoa (3 urte).

> Masterretako titulazioak:

- Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua (euskaraz).

- Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak.

- Sistema Informatiko Aurreratuak.

- Autonomia Pertsonalerako Teknologia.

- Sistema Txertatuen Ingeniaritza (Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoarekin lankidetzan).

2. ERANSKINA

INFORMATIKA FAKULTATEAN ESKOLAK EMATEN DITUZTEN SAILAK

2009ko uztailean, ondokoak dira Informatika Fakultatean eskolak ematen zituzten sailak:

> Fakultatean egoitza dutenak:

- Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia.

- Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala.

- Hizkuntza eta Sistema Informatikoak.

> UPV/EHUko beste sail batzuk:

- Zuzenbide Zibila.

- Euskal Filologia.

- Materialen Fisika.

3. ERANSKINA

INFORMATIKA FAKULTATEAN IRAKASKUNTZARI ETA IKERKETARI LAGUNTZEKO DAUDEN ZERBITZUAK

2009ko uztailean, ondokoak ziren Informatika Fakultatean irakaskuntzari eta ikerketari laguntzeko zeuden zerbitzuak:

- Informatikako Zerbitzu Teknikoa.

- Biblioteka.

- Kopiagintza.

4. ERANSKINA

INFORMATIKA FAKULTATEAREN ANAGRAMA

Fakultatearen anagrama UPV/EHUrenarekin batera erabili ahal izango da:

(Ikus .PDF)

Diseinatzaileek honela azaldu zuten anagramaren irudia:

Anagramak informatika lengoaiak sorreratik izan duen oinarria adierazten du, hain zuzen ere, «0» eta «1» zenbakiekin osatutako lengoaia bitarra. Bi zenbakiok positiboan eta negatiboan daude jasota irudian. «0» zenbakiaren barruko aldeak puntu bat dauka goian eta, horrela, informatika hitzaren hasierako «i» letra osatzen du. Hiru osagai horiek (0, 1 eta i) erpinak leunduta dituen errektangulu batean daude bilduta, hartara ertzen zorroztasuna goxatuz. Barruko elementuak etzanda jarrita dinamismoa eman zaio multzoari.


Azterketa dokumentala