Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2010eko martxoaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1729

EBAZPENA, 2010eko otsailaren 26koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2010eko ekitaldian Europako gaien informazio- eta zabalkunde-proiektuak egiteko diru-laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Martxoaren 10eko 35/1998 Dekretuak, apirilaren 26ko 100/2005 Dekretuaren bidez aldatua izan zenak, Europako gaiei buruzko informazio eta zabalkunde proiektuak egiteko diru-laguntzak arautzen ditu (1998ko martxoaren 13ko EHAA, 50 zk., eta 2005ko maiatzaren 13ko EHAA, 89 zk., hurrenez hurren). Dekretu horretan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da 2010eko ekitaldirako diru-laguntzetarako deialdia egitea, EAEko Administrazioko aurrekontu orokorraren pentzutan.

Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 12ko 1/2010 Dekretuaren 15.5 artikuluan ezarritakoari jarraiki, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari dagokio bere eskumen-esparruari buruzko diru-laguntzetarako deialdia egitea.

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Deialdia.

Europako gaien informazio eta zabalkunde proiektuak egiteko laguntzen deialdia egitea, apirilaren 26ko 100/2005 Dekretuaren bidez aldatutako martxoaren 10eko 35/1998 Dekretuaren arabera; horretarako, 100.000 euroko diru-kopurua izango da, onartu eta eranskin bakarrean adierazten diren oinarrien arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan jasotakoaren arabera, diru-laguntza horiek minimis kalifikazioa dute, ez baita inola ere 200.000 eurotik gorakoa izango pertsona fisiko nahiz juridiko batek jasotzen duena hiru zerga-alditan zehar. Muga horren azpitik ulertzen da laguntzek ez diotela merkataritzari kalterik egiten edota ez dutela lehia faltsutzen, eta horren ondorioz, ez dira sartzen EE Itunaren 87. artikuluaren 1. atalaren ezarpen-eremuan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honetan eta martxoaren 10eko 35/1998 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutakoa, aplikatuko da.

Bigarrena.- Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hirugarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean ekarriko ditu ondorioak ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 26a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

GUILLERMO ECHENIQUE GONZÁLEZ.

ERANSKINA

EUROPAKO GAIEN INFORMAZIO ETA ZABALKUNDE PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.- Xedea.

Oinarri hauek onesteko ebazpenak diru-laguntzen deialdia du helburutzat; diru-laguntzok Europako Batasuneko ekintzaren norainokoa azaltzeko dauden jardueren informazio eta komunikazio proiektuak sustatzeko izango dira.

Bigarrena.- Laguntzen iraupena.

Proiektuak aurtengo ekitaldian burutu beharko dira. 2010ko abenduaren 31n bukatuko da proiektuak burutzeko epea.

Hirugarrena.- Diru-kopurua.

Deialdi honek 100.000 euroko diru-kopurua izango du.

Laugarrena.- Eskaera eta dokumentazio osagarria.

1.- Eskaerarekin batera, Europako gaiei buruzko informazio eta zabalkunde proiektuak egiteko diru-laguntzak arautzen dituen martxoaren 10eko 35/1998 Dekretuaren 4. artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkeztu beharko du eskatzaileak; baita adierazpen bat ere, non ziurtatzen duen ez duela diru-laguntza publikoak jasotzeko zigor penal edo administratiborik, ezta laguntzak lortzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

2.- Halaber, azken bi urteetan eta ekitaldi honetako hilabeteetan jaso dituen minimis diru-laguntzen zerrenda aurkeztu beharko du. Diru-laguntza horiek ezingo dira 200.000 euro baino gehiagokoak izan.

Bosgarrena.- Eskaerak aurkezteko lekua eta epea

1.- Eskaerak jarraian datorren helbidean aurkeztuko dira:

Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko Zuzendaritza

Lehendakaritza

Nafarroa kalea, 2

01007 Vitoria-Gasteiz.

Eskabideak halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein eratan aurkez daitezke. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.

2.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Seigarrena.- Epaimahaia.

Honako hauek izango dira epaimahaiko kideak:

Lehendakaria:

- Irune Aguirrezabal Quijera, Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko zuzendaria.

Bokalak:

- Rafael Hueso Vicent, Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko Zuzendaritzako teknikaria.

- Elena Iturrate Bizkargüenaga, Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko Zuzendaritzako teknikaria, idazkari lana egingo duena.

Zazpigarrena.- Ebazpena.

1.- Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren titularrak, Epaimahai kalifikatzaileak aurkeztutako proposamena ikusita, prozedura erabakiko du. Ebazpenak diru-laguntza jaso duten proiektuen zerrenda jasoko du, proiektuen titularrak eta diru-laguntzen zenbatekoa zehaztuta. Ezezkoa jaso duten proiektuen zerrenda ere jasoko du ebazpen horrek.

2.- Deialdiaren baldintzak betetzen dituzten proiektuak atenditu gabe gelditzen badira diru-laguntza horietarako krediturik ez dagoelako, ebazpenak gehienez ere hamar proiekturen zerrenda jasoko du lehentasun-hurrenkeran, uko egiteren bat balitz ordezkapena egiteko.

Proiektu horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, proiektu horien titularrak identifikatuko dira eta, diru-laguntzaren onuradunen batek diru-laguntzari uko eginez gero, jaso ahal duten diru kopuruaren gehiengoa ere adieraziko da. Diru kopuru hori ez da uko egitetik sortzen dena baino handiagokoa izango inoiz.

3.- Ebazpenak bide administratiboa agortuko du; ebazpenaren berri onuradunei jakinaraziko zaie; eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da guztiek ezagut dezaten, deialdiaren ebazpena indarrean jartzen denetik 6 hilabete igaro baino lehen.

4.- Epe hori igaro bada eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntza eskaera ez dela onartu ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44.1 artikuluan ezarrita dagoenarekin bat etorriz.


Azterketa dokumentala