Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2010eko martxoaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arartekoa
1720

ARAUDIA, Ararteko erakundearen antolaketa eta funtzionamenduarena.

Otsailaren 27ko 3/1985 Legearen bidez sortu eta arautu zen Ararteko erakundea. Lege horren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa garatuz, arartekoak Antolaketa eta Funtzionamendurako Araudia onartu zuen eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 1997ko uztailaren 4an.

Araudi hori indarrean jarri zenetik igaro diren urteotan, erakundea sendotu egin da, lan-arlo berriak zabaldu ditu eta euskal gizarteari egiten dizkion zerbitzuak areagotu diren neurri berean hazi da. Orobat, antolaketa ahalik eta modernoena eta eraginkorrena, eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko parametroen arabera lan egiteko asmoa duena lortu nahi bada, antolaketa horren eskakizunetara moldatu behar da erakundearen egitura.

Horrela, araudi berri bat onartu behar dela egiaztatu da, orain indarrean dagoenaren ordez. Beraz, arartekoak Ararteko erakundearen Antolaketa eta Funtzionamendu Araudia onartzea erabaki du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin agindu du.

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Helburua

Araudi honek Arartekoaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea du helburu, legez eman dizkioten eginkizunak bete ditzan.

2. artikulua.- Arartekoaren izaera eta eginkizunak.

1.- Arartekoaren erakundea edo bulegoa zuzentzen duen pertsona, arartekoa, Eusko Legebiltzarraren goi ordezkaria da eta Konstituzioko I. idazpuruan xedatutako eskubideak defendatzeko izendatu dute. Eskubide horiek legearekin bat etorriz bermatu behar ditu eta Autonomia Estatutuaren 9. artikuluan bildutako demokrazia-ordenaren irizpide orokorrak bete daitezen zaindu behar du.

2.- Eginkizun edo helburu hori betetzeko, Arartekoak bere gain hartuak ditu Euskal Herriko Autonomia Estatutuan agindutako betekizunak eta otsailaren 27ko 3/1985 Legeak -"Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak-" emandakoak.

3.- Arartekoak Euskal Autonomia Erkidegoko pertsonen eskubideak defendatzea du eginkizun nagusi, euskal administrazio publikoen agintekeria, nagusikeria, irregulartasun, zabarkeria eta, oro har, jarduera okerren aurrean. Horretarako, legerian ezarritakoaren arabera jardun behar du, eskubide horiek betetzeko eta bermatzeko mesedegarriena den moduan interpretatuz legezko xedapenak.

4.- Era berean, Ararteko erakundeak politika publikoak ebaluatzen ditu, horiek behar bezala erantzun diezaieten zuzenbidezko estatu demokratiko eta sozialaren balio, printzipio eta helburuei, eta euskal gizartea osatzen duten pertsonen errealitateei eta beharrei kasu egin diezaieten, pertsona guztien benetako berdintasun eraginkorra eta bereizkeriarik eza bermatuz.

5.- Arartekoaren bulegoaren eginkizuna da, orobat, giza eskubideak eta horien oinarrian dauden balioak sustatzea eta babestea, baita horiek errespetatzeko kultura ere.

6.- Eman dizkioten zereginak betetzean, Arartekoak euskal administrazio publikoen jarduerak eta politika publikoak ikuskatzen ditu eta bere jardueren berri ematen dio Eusko Legebiltzarrari.

3. artikulua.- Estatutua.

1.- Ararteko erakundea sortu eta arautu zuen otsailaren 27ko 3/1985 Legean ezarritakoaren arabera aukeratuko dituzte arartekoaren eta arartekoaren ondokoaren karguak beteko dituzten pertsonak.

2.- Ararteko kargua duen pertsonak, kargua bete bitartean, Euskal Herriko Autonomia Estatutuak Eusko Legebiltzarkideentzat 26.6 artikuluan ezartzen dituen ukiezintasun eta inmunitate bermeak izango ditu, azaroaren 6ko 36/1985 Legean ezarritakoaren arabera, baita lege horretan finkatutako gainontzeko bermeak ere.

3.- Ararteko kargua duen pertsona ez da ezein aginduri lotuta egongo eta erabateko autonomiaz, objektibotasunez eta askatasun osoz beteko ditu bere eginkizunak.

4.- Aipatu berri ditugun arau horiek arartekoaren ondokoari ere ezarriko zaizkio, bere eginkizunak betetzen dituenean.

5.- Ararteko kargua duen pertsonak Eusko Legebiltzarrari eman behar dio bere kudeaketaren berri, ez beste inori. Ondokoak, berriz, zuzenean Ararteko erakundearen titularrari emango dio bere kudeaketaren berri.

6.- Eusko Legebiltzarrak ziurtagiri ofizial bat egingo du Ararteko erakundearen titularra eta haren ondokoa nor diren eta zer kargu dituzten egiaztatzeko.

7.- Beren agintaldiaren hasieran eta amaieran, ararteko eta arartekoaren ondoko karguak betetzen dituzten pertsonek beren ondasunen aitorpena egingo dute.

4. artikulua.- Egoitza.

1.- Ararteko erakundearen egoitza Gasteizen dago.

2.- Halaber, lurraldeko bi bulego daude Bilbon eta Donostian, batez ere herritarrei argibideak emateko eta kasu egiteko, eta kexak edo beste idazki batzuk aurkezten eta erregistratzen laguntzeko ere bai.

II. KAPITULUA

ANTOLAKETA

LEHENBIZIKO ATALA

ARARTEKOAREN ORGANOAK

5. artikulua.- Organoak.

1.- Bere xedeak betetzeko asmoz, Arartekoa organo hauetan egituratuta dago:

a) Arartekoa.

b) Arartekoaren ondokoa.

2.- Bere zereginak betetzeko, ararteko kargua duen pertsonari Koordinazio Batzordeak lagunduko dio.

3.- Orobat, Arartekoaren eskumenak gauzatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion batzordeak eta sektoreko kontseiluak sortu ahal izango ditu.

BIGARREN ATALA

ARARTEKOA

6. artikulua.- Eskumenak.

1.- Ararteko erakundea arautzen duen Legean ezarritako oinarrizko eskumenenez gain, honako zereginak dagozkio:

a) Erakundearen ordezkari izatea.

b) Arartekoaren ondokoa izendatzea, Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordeak onespena eman eta gero.

c) Eusko Legebiltzarrarekin zuzeneko harremana izatea, hango presidentearen bitartez.

d) Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta sailburuekin zuzeneko harremana izatea; baita ere Batzar Nagusietako presidenteekin eta hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusiekin, eta hiru probintzietako hiriburuetako alkateekin.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Lehendakaritzarekin eta Fiskaltza Nagusiarekin zuzeneko harremana izatea.

f) Espainiako Herriaren Defendatzailearen eta gainontzeko autonomia erkidegoetako defentsa-erakundeetako titularrekin zuzeneko harremana izatea.

g) Koordinazio Batzordearen bileretarako dei egitea, gai-zerrendak finkatzea eta eztabaidak zuzentzea.

h) Erakundearen jarduera ikuskatzea.

i) Langileen eta lanpostuen zerrenda finkatzea, aurrekontuan dauden bitartekoak kontuan hartuta.

j) Erakundearen zerbitzura jarduteko aldi baterako langileak izendatzea eta kargutik kentzea.

k) Diziplina ahalmena erabiltzea.

l) Aurrekontuaren proiektua onartzea eta Eusko Legebiltzarrari bidal dakion agintzea; aurrekontua gauzatzeko irizpideak finkatzea eta urtero horren likidazioa bidaltzea.

m) Barruko jarduera zuzendu eta ikuskatzea, zerbitzua hobeto antolatzeko beharrezkoak diren jarraibideak onartuz.

n) Ofiziozko jardueren eta egingo diren txosten monografikoen gainean erabakitzea; kasu bakoitzean, gaiari begira egokienak iruditzen zaizkion pertsonei eman ahal izango die horiek burutzeko ardura.

o) Eusko Legebiltzarrari urteko txostena aurkeztea, bai txosten bereziak ere.

p) Lankidetzarako edo praktikak egiteko hitzarmenak edo itunak sinatzea erakunde publiko nahiz pribatuekin.

q) Bere jarduera, betekizunak eta txostenak ezagutaraztea, baita erakundearen jarduera hobeto hedatzeko ekimen guztiak ere.

r) Araudi honek ematen dizkion beste edonolako eginkizunak eta berariaz beste organo bati eman ez zaizkionak.

2.- Ararteko erakundea zuzentzen duen pertsonari zenbait aholkularik lagunduko diote. Aholkulari horiek sail edo arlo jakin batzuk zuzendu edo koordinatu ahal izango dituzte eta arartekoak libreki izendatuko ditu edo kenduko ditu kargutik, eta haien eginkizunak zehaztuko ditu.

Arartekoak, halaber, prentsa eta informazioko kabinete bat ezarri ahal izango du, baita bere zereginak betetzeko beharrezkoa iruditzen zaion beste edozein laguntza-organo ere.

HIRUGARREN ATALA

ARARTEKOAREN ONDOKOA

7. artikulua.- Izendatzea, kargutik kentzea eta erantzukizuna.

1.- Ondokoa izendatu eta kargutik kentzea arartekoari dagokio, Ararteko erakundea arautzeko Legearen 8. artikuluaren arabera.

2.- Eusko Legebiltzarraren Lehendakaritzaren eta ararteko kargua duen pertsonaren aurrean jabetuko da karguaz eta zin egingo du bere eginkizunak zintzo beteko dituela.

8. artikulua.- Eskumenak.

Arartekoaren ondokoari dagozkio honako ahalmenok:

1.- Ararteko erakundearen titularrari laguntzea.

a) Arartekoaren eginkizunak betetzea lanpostua hutsik dagoenean, titularra fisikoki ezinduta dagoenean edo aldi baterako kanpoan denean, karguaren titularrak horretarako esku eman ondoren.

b) Arartekoarekin elkarlanean jardutea Eusko Legebiltzarrarekiko harremanetan, bai urteko txostena eta txosten bereziak ematean, bai txostenak aurkezteko asmoz Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordearen aurrean agertzean.

2.- Arartekoari erakundearen betekizunetan laguntzea, erakundea arautzeko legean adierazi bezala eta hark ezarritako irizpideei jarraiki. Arartekoak ondokoaren esku utzi ahal izango du legean ezarritakoaren arabera dagozkion zenbait betekizun gauzatzeko ardura.

3.- Udalekiko harremanetan, kexa-espedienteak izapidetzen esku hartzea, probintzia hiriburuetako udalekikoetan izan ezik; espedienteak ixtean esku hartzea eta arartekoak ematen dizkion beste zeregin batzuk betetzea.

4.- Erakundearen titularrak ematen dizkion edo, hala badagokio, bere esku uzten dituen beste eginkizun batzuk: barne-araubidekoak eta Arartekoaren arlo eta batzordeak koordinatzekoak.

5.- Erakundearen titularrari proposamenak egitea, ikerketak hasteko edo herri-administrazioen ekintzei eta funtzionamenduari buruzko azterlanak egiteko edo Arartekoak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzeko.

9. artikulua.- Estatutua.

Aukeratua izateko baldintzei dagokienez, baita izango dituen eskumen eta bateraezintasunei dagokienez ere, arartekoaren ondokoari erakundea sortu eta arautzeko otsailaren 27ko 3/1985 Legeko artikuluetan Arartekoaren titularrarentzat ezarrita dauden baldintza berak ezarriko zaizkio.

LAUGARREN ATALA

KOORDINAZIO BATZORDEA

10. artikulua.- Izaera eta osaera.

1.- Koordinazio Batzordea Arartekoaren kontsulta- eta aholkularitza-organoa izango da erakundearen barruko funtzionamenduan.

2.- Arartekoa izango da batzordeburu, eta organo horretako partaide izango dira arartekoaren ondokoa, idazkari nagusia, Gizarte Harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko zuzendaria, Haur eta Nerabeentzako Bulegoko zuzendaria, Aurrekontu eta Ekonomia Kudeaketako eta Administrazioko zuzendaria, Kabinete zuzendaria eta Komunikazio zuzendaria. Ararteko erakundearen titularrak batzordekide izendatu ahal izango ditu erakundeko beste pertsona batzuk ere, baldin eta, bere ustez, horiek batzordekide izatea organo horri ematen zaizkion kide anitzeko aholkularitza-eginkizunak ahalik eta ondoen betetzeko lagungarria bada.

3.- Koordinazio Batzordea osatzean, emakumeen edo gizonen kopurua ez da izango % 40tik beherakoa.

11. artikulua.- Jarduera.

1.- Koordinazio Batzordea arartekoari beharrezkoa iruditzen zaion guztietan bilduko da.

2.- Gai-zerrenda arartekoak finkatuko du.

3.- Idazkari nagusia izango da batzorde horretako idazkari, eta egindako bileren eta hartutako erabakien akta egingo du.

4.- Kasu jakin batzuetan, informazioa jasotzeko eta behar bezala deituak izan ondoren, batzordeko bileretara joan ahal izango dira arartekoak zehazten dituen erakundeko pertsonak.

12. artikulua.- Eginkizunak.

Koordinazio Batzordearen eginkizunak honako hauek izango dira:

1.- Jardueren urteko plana finkatzea; plan horretako jarduerak gauzatu eta sortzea: txostenak, foroak, bekak, ikuskapen-bisitak, e.a.; baita erakundearen alderdi estrategikoak ere.

2.- Erakunde-harremanei buruz aholku ematea, erakundearen jardunaren bilakaera aztertzea eta gai garrantzitsuenak edo interesgarrienak aztertzea.

3.- Arartekoaren etengabeko modernizazioa eta hobekuntza bultzatzea.

4.- Ofiziozko eta sustapenezko jardueren gainean aholku ematea.

5.- Era askotako foroetan, defentsa-erakundeen koordinazio jardunaldietan eta defentsa-erakundeekin aldebiko bileretan parte hartzeko gonbidapenak baloratzea.

6.- Honako hauen berri izatea eta horietaz eztabaidatzea:

a) Urteko txostena: txostenaren edukia, metodologia eta egiteko prozedura, formatua eta diseinu estetikoa, hedabideei eta gizarteari aurkeztea, e.a.

b) Txosten bereziak. Urteko txostenari buruz aipatutakoez gain: txostenetako aztergaiak zehaztea eta txostena koordinatu eta bilakaera aztertzeaz arduratuko den pertsona edo pertsonak izendatzea.

c) Lankidetza hitzarmenak edo itunak egiteko proposamenak.

7.- Ikerketa bekak: beken aztergaia finkatzea; epaimahai ebaluatzailea nortzuek osatuko duten zehaztea eta ikerlanaren bilakaera aztertzeaz arduratuko den erakundeko pertsona izendatzea.

8.- Erakundea ezagutarazteko beharrezkoak diren jarduerak antolatu eta planifikatzearen berri jakitea eta informatzea.

9.- Arartekoaren aurrekontuaren proiektua onartzearen eta aurrekontuaren likidazioaren berri jakitea eta informatzea.

10.- Obra, zerbitzu eta horniduren gaineko proposamenez eta kontratuak esleitzeaz eztabaidatzea, Kontratazio Mahaiak dituen eskumenak gorabehera, Arartekoaren Araudian ezarritakoaren arabera.

11.- Araudi hau berriztatzeko proiektuaren berri ematea eta aholkatzea.

12.- Arartekoari haren iritzipean jarri nahi dituen gai guztien gainean aholku ematea.

BOSGARREN ATALA

BATZORDEAK ETA SEKTOREKO KONTSEILUAK

13. artikulua.- Ordezko batzordeak.

Koordinazio Batzordearen ordezko batzordeak osatu ahal izango dira erakundearen lana hobeto burutzeko. Horien osaera, eginkizunak eta jarduera bere garaian zehaztuko dira, araudi hau garatzeko barruko xedapenen bitartez.

14. artikulua.- Lantaldeak.

Era berean, lantaldeak osatu ahal izango dira. Horien osaera, eginkizunak eta jarduera ere barruko xedapenen bitartez zehaztuko dira.

15. artikulua.- Sektoreko kontseiluak. Haur eta Nerabeen Kontseilua.

Sektoreko kontseiluak sortu ahal izango dira, eta horietan gizarte-erakundeek, adituek edo interesa duten pertsonek parte ahal izango dute. Edonola ere, Haur eta Nerabeen Kontseilua eratuko da eta bertan 18 urtetik beherako pertsonek parte hartuko dute.

16. artikulua.- Sektoreko kontseiluetako kideei ordaina ematea.

Arartekoak sektoreko kontseiluetan parte hartzeko izendatzen dituen pertsonek ordainak jasoko dituzte joan-etorri eta dieta gastuengatik. Zenbatekoak, berriz, Eusko Legebiltzarraren zerbitzuko langileei ezarri behar zaien araudian -"zerbitzua egiteagatiko ordainak arautzekotan-" finkatutakoak izango dira.

III. KAPITULUA

ARARTEKO ERAKUNDEAREN EGITURA

LEHENBIZIKO ATALA

ADMINISTRAZIO ORGANOAK

17. artikulua.- Egitura.

Bere helburuak hobeto betetzeko, Ararteko erakundean administrazio-organo hauek eratuko dira:

1.- Idazkaritza Nagusia.

2.- Gizarte-harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko Zuzendaritza.

3.- Haur eta Nerabeentzako Bulegoa.

4.- Aurrekontu eta Ekonomia Kudeaketako eta Administrazioko Zuzendaritza.

18. artikulua.- Egiturazko gai orokorrak.

1.- Arartekoak libreki izendatu eta kargutik kenduko ditu organo horien arduradunak. Aldi baterako langileak izango dira eta, nolanahi ere, kargua utziko dute Ararteko erakundea sortu eta arautu zuen Legeak berak 40. artikuluan ezarritako xedapenak betetzen direnean.

2.- Ez da hierarkia-harremanik izango organoen artean, eta guztiak zuzenean Ararteko erakundearen titularraren mende egongo dira. Ararteko erakundearen barruko funtzionamendua antolaketa- eta jarduera-irizpide horizontalari jarraiki egingo da. Bertan, laguntza, lankidetza, taldeko lana eta erantzukizuna nagusituko dira.

3.- Idazkari nagusiak eta Gizarte-harremanetako zuzendariak aholkularien koordinazio-lanak egingo dituzte, norberari emandako eginkizunekin zerikusia baitute.

4.- Arartekoak, araudi hau garatuz, barruko ebazpenen bitartez erabakitzen dituen eginkizunak eta erakunde-harremanak burutuko dituzte idazkari nagusiak eta zuzendariek.

19. artikulua.- Idazkaritza Nagusia.

Idazkaritza Nagusiak, idazkari nagusiaren zuzendaritzapean, gutxienez eginkizun hauek beteko ditu Ararteko erakundearentzat:

1.- Kexak eta kontsultak zuzentzea, horien biderapena bultzatuz.

2.- Arartekoaren giza baliabideak kudeatzea, berariaz ematen zaizkion zereginetan.

3.- Kontratazioa eta kontratuen araubidea kudeatzea eta Kontratazio Mahaiko buru izatea.

4.- Erregistro Nagusia zuzentzea.

5.- Arloak koordinatzea, lan hori eman zaionean adierazitako moduan.

6.- Herritarrei argibideak emateko lurralde-bulegoak zuzentzea.

20. artikulua.- Gizarte-harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko Zuzendaritza.

Gizarte-harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko Zuzendaritzak gutxienez zeregin hauek beteko ditu arartekoaren mende:

1.- Gizarte-erakundeekiko harremanak koordinatzea.

2.- Arloak koordinatzea, lan hori eman zaionean adierazitako moduan, eta urteko jarduera-planak zuzendu eta sustatzea.

3.- Arartekoak esleitzen dizkion txosten eta azterlanak koordinatzea.

4.- Eskuordetzen zaizkion zerbitzuak zuzentzea.

5.- Modernizazioa eta kalitatea zuzentzea, zenbait ekintza bultzatuz eta ezarriz Arartekoa etengabe berriztatu eta hobetzeko, hala barruko funtzionamendua nola herritarrekiko harremanak.

21. artikulua.- Haur eta Nerabeentzako Bulegoa.

Bulego horren Zuzendaritzak kudeatuko ditu, ararteko kargua duen pertsonaren mende, haurrekin eta nerabeekin zerikusia duten erakundearen politika guztiak, batez ere honako hauek:

1.- Adingabeekin lotutako kexez eta kontsultez arduratzea.

2.- Haur eta Nerabeen Kontseilua kudeatzea.

3.- Haurrei kasu egiteko elkarte, erakunde eta plataformekin lankidetzan aritzea.

4.- Haurren eskubideen aldeko kultura zabaltzea, baita eskubide horiek haur eta nerabeen artean hedatzea ere.

5.- Adingabeen arloko txosten eta azterlanak koordinatzea.

22. artikulua.- Aurrekontu eta Ekonomia Kudeaketako eta Administrazioko Zuzendaritza.

Aurrekontu eta Ekonomia Kudeaketako eta Administrazioko Zuzendaritzak honako eginkizunok burutuko ditu:

1.- Aurrekontua eta ekonomia kudeatzea: aurrekontuaren aurreproiektua egitea, horren kontularitza-kudeaketa eta likidazioa, baita kontularitza eta diruzaintza lanak ere.

2.- Erakundearen funtzionarioak zuzentzea eta antolatzea, esleitzen zaizkion arloetan.

3.- Esleitzen zaizkion erosketa eta zerbitzuen arloetako administrazioa kudeatzea.

4.- Arartekoaren bulegoetan eta instalazioetan beharrezkoak diren mantentze-lanak kudeatzea.

BIGARREN ATALA

ARARTEKOARI ZUZENEAN LAGUNTZEKO ORGANOAK

23. artikulua.- Kideak.

Bere zereginak modu eraginkorrean betetze aldera, ararteko kargua duen pertsonak berari zuzenean laguntzeko talde bat izango du. Taldekideak honako hauek izango dira:

1.- Kabinete zuzendaria.

2.- Komunikazio zuzendaria.

24. artikulua.- Kabinete Zuzendaritza.

Kabinete Zuzendaritzak Ararteko erakundearen titularrari lagunduko dio, gutxienez zeregin hauek betez:

1.- Arartekoari bere mintzaldi publiko, ekitaldi, jardunaldi eta abarretan laguntzea, baita protokolo-lanak egitea ere.

2.- Arartekoaren titularrak erakundeekin, administrazioekin eta gizarte-erakundeekin dituen harremanak zuzentzea.

3.- Arartekoaren titularrak gainontzeko herriaren defendatzaileekin eta zenbait erakunde, instantzia eta koordinazio-fororekin dituen harremanak zuzentzea, baita horiek eta defentsa-erakunde edo ombudsmanek elkarrekin jarduteko harremanak ere.

25. artikulua.- Komunikazio Zuzendaritza.

Komunikazio Zuzendaritzak gutxienez zeregin hauetan lagunduko dio Arartekoaren titularrari:

1.- Hedabideen informazioa kudeatzen.

2.- Erakunde barruko informazioa kudeatzen.

3.- Hedabideekin eta hainbat erakunde, administrazio eta gizarte-erakundetako komunikazio bulego edo zuzendaritzekin dituen harremanak zuzentzen.

HIRUGARREN ATALA

AHOLKULARIAK

26. artikulua.- Aholkulari koordinatzaileak eta arloko aholkulariak.

1.- Arestian aipatu ditugun egiturazko eta laguntzeko lanpostuak betetzen dituzten aholkulariez gain, Ararteko erakundeak aholkulari talde bat izango du, zuzenean erakundearen titularraren mende.

2.- Bi aholkulari mota ezarri dira, bere gain hartzen dituzten arduren arabera: aholkulari koordinatzaileak eta arloko aholkulariak. Ematen zaizkien gaiak aztertu eta bideratzeko ardura dute, eta gaiok erakundearen titularrak zehaztuko ditu. Aholkulari koordinatzaileak Arartekoaren lan-arloen arduradunak izango dira, erakundearen titularrak agintzen duenaren arabera; arloko aholkulariak, berriz, titularrak erabakitzen duen arloei atxikita egongo dira.

3.- Orobat, herritarrei kasu egiteko hiru bulegoetako bakoitzak arduradun bat izango du, arloko aholkularien parekoa. Hala eskatzen duten pertsona guztiei eskainiko die arreta, Arartekoak dituen eskumenen berri emango du eta erakunde honi kexak edo iradokizunak egiteko modua adieraziko die herritarrei.

LAUGARREN ATALA

ARARTEKO ERAKUNDEKO IDAZKARITZAK ETA ZERBITZUAK

27. artikulua.- Idazkari pertsonalak.

Arartekoak nahiz arartekoaren ondokoak idazkari pertsonala izango dute. Idazkaritza Nagusiak eta gainontzeko zuzendaritzek ere laguntzeko langileak izan ditzakete.

28. artikulua.- Arartekoko zerbitzuak.

Ararteko erakundeak gutxienez honako zerbitzuok izango ditu eman dizkioten eginkizunak modu eraginkorrean betetzeko: Dokumentazio, Ikerketa eta Liburutegi Zerbitzua, Informazio Sistemen Zerbitzua, Itzulpen eta Zuzenketa Zerbitzua, Aholkulari Taldeari Laguntzeko Administrazio Zerbitzua, Kontularitzako, Aurrekontu eta Ekonomia Kudeaketako eta Langile Kudeaketako Zerbitzua, Ujierren Zerbitzua eta Gidari Zerbitzua.

IV. KAPITULUA

ERAKUNDEKO LANGILEAK

29. artikulua.- Osaera.

Ararteko erakundearen langile-taldea honako hauek osatzen dute, bere legean ezarritakoaren arabera: konfiantzako aldi baterako langileek, aholkulariek -"arartekoak libreki izendatuak dira horiek-" eta Eusko Legebiltzarraren plantillako langileek. Azken horiei erakundearen titularrak esleituko die destinoa.

30. artikulua.- Aldi baterako langileak.

1.- Konfiantzako edo aholkularitza bereziko lanpostutzat jotakoak betetzen dituzten Arartekoaren zerbitzuko langileek Eusko Legebiltzarraren Langileen Estatutuak eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoak bertako aldi baterako langileentzat ezarrita duen araubide bera izango dute, eta bertan xedatutako eskubide eta betebeharrak, bateraezintasunen araubidea eta erantzukizuna izango dituzte.

2.- Konfiantzako aldi baterako lanpostuetan diharduten pertsonek erabateko independentziaz eta alderdikeriarik gabe bete beharko dituzte beren eginkizunak, eta arartekoak ezarritako irizpideekin bat etorriz.

3.- Arartekoaren zerbitzura lan egiteko aldi baterako langileak erakundearen titularrak aukeratuko ditu libreki, merezimendu eta gaitasun irizpideen arabera.

4.- Arartekoaren zerbitzura beste herri-administrazio batzuetako langileak lanean hasten badira, langile horiek Ararteko erakundea sortu eta arautzeko Legearen beraren 39. artikuluan eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 62.1 l) artikuluan aurreikusitako egoeran geratuko dira.

31. artikulua.- Eusko Legebiltzarraren plantillako langileak.

1.- Arartekoaren gainontzeko langileak Arartekoari atxikita dauden Eusko Legebiltzarraren plantillakoak izango dira, eta horiei Eusko Legebiltzarraren Langileen Estatutuan eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoan xedatutako eskubide eta betebeharrak, bateraezintasunen araubidea eta erantzukizuna ezarriko zaizkie, baita beren kidegoen lansari-baldintzak ere.

2.- Eusko Legebiltzarraren plantillako langileek lanpostu-zerrendan lanpostua taxutu ondoren finkatzen den dedikazioa izango dute.

32. artikulua.- Eusko Legebiltzarraren plantillako langileen diziplina-araubidea.

1.- Arartekoaren zerbitzura atxikitako Eusko Legebiltzarraren plantillako langileak Eusko Legebiltzarraren Langileen Estatutuko eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoko diziplina-araubidean ezarritakoaren arabera zigortuko dituzte, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearekin lotuta eta aipaturiko estatutuan xedatutako prozeduraren arabera.

2.- Estatutu horretan legelari nagusiari eta Legebiltzarreko Mahaiari ematen zaizkion eginkizunak, berriz, erakunde honetan idazkari nagusiak eta erakundearen titularrak beteko dituzte, hurrenez hurren.

3.- Diziplina-zigorra zerbitzutik kentzea izango balitz, zigor hori Eusko Legebiltzarreko Mahaiak bakarrik ezarri ahal izango luke, edo, bestela, Langileen Estatutuak eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoak horretarako eskudun izendatzen duen legebiltzar organoak.

4.- Diziplina-araubidearen arloan hartzen diren erabakien kontra errekurtsoak egin ahal izango dira:

a) Idazkari nagusiak hartutakoen kontra, Ararteko erakundearen titularraren aurrean.

b) Arartekoak hartutakoen kontra, organo beraren aurrean.

5.- Errekurtsoa gehienez ere hilabeteko epean jarriko da, erabakia jakinarazi den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

6.- Diziplina arloko erreklamazioak ebazteko asmoz arartekoak hartzen dituen erabakien kontra, administrazioarekiko auzi errekurtsoa egin ahal izango da, jurisdikzio hori erregulatzen duen araudiaren arabera.

7.- Artikulu honetan araututako gaietan, osagarri gisa, Administrazio Prozedurari buruzko Legea ezarriko da.

33. artikulua.- Arartekoaren langileen betebeharrak.

1.- Arartekoaren zerbitzuko langile guztiek diskrezio handiz jokatu behar dute erakundean bideratzen diren gaietan. Betebehar hori ez betetzea zigortu egingo da, araudi honetan eta kasuan kasuko lanpostuari aplikatu behar zaizkion gainontzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

2.- Arartekoko langile guztiek erakundearen helburu eta eginkizunekiko leialtasunez egin beharko dute beren lana, askatasunez eta alderdikeriarik gabe, eta behar bezalako arduraz eta administrazio onerako irizpideak erabiliz zerbitzua eskaintzen zaien pertsonekin dituzten harremanetan.

3.- Arartekoko langileek modu eraginkorrean parte hartuko dute euskal herritarrei eskainitako zerbitzuak etengabe hobetu eta berriztatzeko asmoz erakundean burutzen diren ekintza guztietan.

34. artikulua.- Akreditazioa.

Arartekoak erakundeko langileei langile-maila egiaztatzen duen agiria egingo die, norberarena eta besterenezina. Agiri horrek gaitasuna emango du ikuskatu behar den herri-administrazioetako edozein organo edo funtzionarioren aurrean agertzeko, otsailaren 27ko 3/1985 Legean xedatutako ondorioak bete daitezen.

V. KAPITULUA

ARARTEKOAREN FUNTZIONAMENDUA

35. artikulua.- Funtzionamendu araubidea.

1.- Bere eskumenak erabiltzean, Arartekoaren jarduera bat etorriko da otsailaren 27ko 3/1985 Legean ezarritakoarekin, honako araudi honetan xedatutakoarekin eta arartekoak bere aginpidea erabiliz ematen dituen ebazpenetan edo jarraibideetan agindutakoarekin.

2.- Arartekoari kexa bat egiteak eta, hala badagokio, gero kexa hori bideratzeko onartzeak ez ditu inolaz ere geldiaraziko errekurtsoa jartzeko legeetan xedatutako epeak, administrazio-bidea nahiz auzibidea erabili, ezta ebazpena edo eragindako egintza gauzatzea ere; horren guztiaren berri eman beharko zaio herritarrari kexa egiten duen unean.

3.- Arartekoaren idazkiak kautotzeko, erakundearen titularraren sinadura edo hark ordezko izendatzen duenarena erabiliko dira, erakundearen anagrama duen zigiluarekin batera.

36. artikulua.- Hizkuntza ofizialak.

1.- Arartekoak herritarrei bidaltzen dizkien jakinarazpen eta komunikazioak herritarrek aukeratutako hizkuntza ofizialean idatziko dira.

2.- Arartekoak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eta administrazioei bidaltzen dizkien jakinarazpen eta komunikazioak bi hizkuntza ofizialetan idatziko dira.

3.- Herritarrei kasu egiteko bulegoetan eta Arartekoaren ahozko komunikazioetan, herritarrek bi hizkuntza ofizialetatik edozein erabiltzeko duten eskubidea bermatuko da.

37. artikulua.- Jardueren araubidea.

1.- Arartekoaren jarduerak laburpen eta sinplifikazio irizpideei jarraiki egingo dira, bide informalak, bizkorrak, araututako prozedurarik ez dutenak erabiliz jardungo da. Salbuespen bakarra erakundea arautzen duen legean ezarritakoa izango da.

2.- Arartekoak egiten dizkioten kexa guztiak erregistratu eta jaso dituela jakinarazi beharko du. Kexa horiek bideratzeko onartu ala ez onartu ahal izango ditu. Kexaren bat onartzen ez badu, interesdunari idazki baten bidez jakinarazi beharko dio. Idazki horretan, kexa ez onartzeko arrazoiak azalduko dizkio eta interesdunak bere eskubidea baliarazteko dituen bide egokien berri emango dio; nolanahi ere, kexa jarri duela egiaztatzen duen agiria emango dio.

3.- Era berean, Arartekoak, hala badagokio, egindako kexa zuzen dadin eskatu ahal izango du edo agiri osagarriak eskatu ahal izango ditu, beharrezko jotzen duenean. Interesdunak zuzenketa egiten ez badu, kexa indarrik gabe geratuko da.

4.- Kexak legeekin bat etorriz eta irizpide-askatasun osoz onartu ala ezetsi, bideratu eta ebatziko dira.

5.- Ofiziozko jarduerak alde batek eskatuta bideratzen diren kexak bezalaxe bideratuko dira funtsean; hala ere, jarduera-mota bakoitzak bere bereizgarri propioak izan ditzake.

6.- Ofiziozko jarduerei ekitea ez da inongo preklusio eperen mende egongo.

7.- Herri-administrazioei egiten zaizkien informazio-eskaeretan argi eta labur adieraziko da erantzuna zer gaitara mugatu behar duten.

8.- Arartekoa arautzen duen legean ezarritakoa bete dadin, erakundearen organoetako titularrek, baita erakundeko langile akreditatuek ere, beharrezkoak iruditzen zaizkien jarduera guztiak egin ahal izango dituzte agintariekin eta funtzionarioekin, ikertzen ari diren gaiak argitzeko.

38. artikulua.- Administrazio espedienteak eskuratzea.

Ararteko erakundearen zerbitzuko langileen eta pertsona bakarreko organoen bitartez eskuratuko dira ikertzen den gaiarekin zerikusia duten herri-administrazioen espediente eta agiriak, baita horien kopiak eta ziurtagiriak ere.

39. artikulua.- Isilpeko agiriak.

1.- Arartekoak eta, hala badagokio, arartekoaren ondokoak bakarrik jakingo dute ofizialki isilpekotzat jotako agirien edukiaren berri.

2.- Agiri horiek behar bezala zainduko dira, erakundearen titularraren zuzeneko erantzukizunaren pean.

3.- Barruko agiriak «isilpekotzat» jotzeari dagokionez, erakundearen titularrak bidezkoa dena aginduko.

4.- Arartekoak baloratuko du, arrazoizkotasunari eta proportzionaltasunari begira, ea Arartekoaren txosten eta erabakietan, baita kexagileari edo erakundearen esku-hartzea eskatu duenari bidalitako erantzun-idazkietan ere, isilpeko agiriak aipatzea komeni den ala ez.

40. artikulua.- Erregistroa eta Artxiboa.

1.- Idazkari nagusiaren mendean Erregistro Nagusiaren atala egongo da. Erregistro horretan sarrera zenbakia emango zaie Arartekora bidalitako idazki guztiei, eta irteera-zenbakia erakundeak igorritakoei.

2.- Halaber, Artxiboaren atala ere egongo da. Artxiboan erakundearen agiri guztiak zainduko dira, eta beharrezko neurriak hartuko dira agiri horiek babesteko, zaintzeko eta datu pertsonalak behar bezala babesteko.

VI. KAPITULUA

EKONOMIA ARAUBIDEA

41. artikulua.- Arartekoaren aurrekontua.

1.- Ararteko erakundearen aurrekontua Eusko Legebiltzarraren aurrekontuaren barruan sartuko da, atal independente gisa.

2.- Arartekoaren aurrekontuaren egitura Eusko Legebiltzarrarenaren egiturara egokituko da.

3.- Arartekoaren ardura izango da aurrekontuaren proiektua onartzea, Koordinazio Batzordeari entzun ondoren. Onarpen hori Eusko Legebiltzarraren aurrekontuaren proiektua arautzen duten arauen arabera bideratuko da.

4.- Arartekoari dagokio aurrekontuaren likidazioa onartzea -"Koordinazio Batzordearen txostena irakurri eta gero-" eta Eusko Legebiltzarrari bidaltzea.

42. artikulua.- Gastuak baimentzea, kredituak transferitzea eta soberakinak sartzea.

1.- Arartekoari dagokio, berak zuzenean edo ordezko izendatzen duen pertsonaren bitartez, gastuak baimendu eta prestatzea, obligazioak onartzea, gastuen eta diru-sarreren aurrekontu-agiriak baimentzea eta ordainketak egin daitezen agintzea.

2.- Aurrekontuko kapituluen eta kontzeptuen artean kreditu-transferentziak egiteko, Eusko Legebiltzarrean indarrean dauden arauak erabiliko dira.

3.- Ararteko erakundeak hurrengo ekitaldian sartu ahal izango ditu aurreko aurrekontuetako soberakinak, halakorik baldin badago.

4.- Ararteko erakundearen titularrak bere ondokoaren esku utzi ahal izango ditu gastuak baimentzeko eta ordainketak agintzeko dituen eskumenak.

43. artikulua.- Kontularitzako eta kontu-hartzailetzako araubidea.

Eusko Legebiltzarrean indarrean dagoen kontularitzako eta kontu-hartzailetzako araubidea ezarri beharko da Ararteko erakundean.

VII. KAPITULUA

KONTRATAZIOA

44. artikulua.- Kontratazio araubidea.

Kontratatzeko eta Arartekoaren eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren ondasunak eta zerbitzuak erosteko araubidea Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean ezarritakoa bera izango da.

45. artikulua.- Kontratazio Mahaia.

1.- Arartekoan Kontratazio Mahaia egongo da kontratazio organoari laguntzeko, araudiaren arabera kontratuak esleitzen direnean.

2.- Kontratazio Mahaiko kideak izango dira:

a) Lehendakaria: idazkari nagusia.

b) Karguagatiko kideak: Aurrekontu eta Ekonomia Kudeaketako eta Administrazioko zuzendaria eta Gizarte-harremanetako, Azterlanetako eta Modernizazioko zuzendaria.

c) Arartekoak izendatutako bi kide.

d) Mahaikide-idazkaria, arartekoak erakundeko aholkulari juridikoen artean izendatutakoa. Horrek Mahaiko aholkularitza juridiko eta idazkaritza lanak egingo ditu, eta hitz egin eta botoa emateko eskubidea izango du.

e) Informatika ondasun eta zerbitzuak kontratatzen direnean, beste mahaikide bat ere izango da, gaia bereziki ezagutzen duelako arartekoak izendatutakoa.

3.- Arartekoak, kontratazio organoa den aldetik, Mahaiak egindako proposamena alde batera utzi ahal izango du, arrazoitutako ebazpena emanez.

4.- Kontratazio Mahaiak, proposamena egin baino lehen, beharrezkoak iruditzen zaizkion eta kontratuaren helburuarekin zerikusia duten txosten tekniko guztiak eskatu ahal izango ditu.

5.- Kontratazio Mahaiko idazkaritza-lanak egiten dituen pertsona arduratuko da antolaketa eta instrukzio ekintzen bilakaera aztertzeaz, baita kontratuak prestatu, lizitatu, esleitu, formalizatu, gauzatu eta iraungitzeko ekintza guztiak idatziz jasotzeaz, artxibatzeaz eta horien bilakaera aztertzeaz. Era berean, administrazio baldintza zehatzen txostena egingo du eta aholkulari juridiko gisa jardungo du Mahaiak bere eginkizunak betetzean ezagutzen dituen espedienteetan sortzen diren gorabehera guztietan.

VII. KAPITULUA

GAI OSAGARRIAK

46. artikulua.- Adiskidetzeko bideak erabiltzea.

Indarreko legeriaren barruan, Arartekoak adiskidetzeko edo ados jartzeko bideak proposatu ahal izango dizkio eragindako sail, organismo edo erakundeari, kexak ondo eta azkar ebaztea errazteko.

47. artikulua.- Administrazioentzako txostenak. Jardunbide egokiak gomendatzea.

Arartekoak bere eginkizunari buruz komenigarriak iruditzen zaizkion txostenak bidali ahal izango dizkio ikuskatutako administrazioari, baita modu egokian jarduteko gomendioak ere, dela administrazioak herritarrekiko dituen eskumenak erabiltzean, dela Arartekoarekin dituen harremanetan.

48. artikulua.- Estatuko Herriaren Defendatzailearekin eta autonomia erkidegoetako beste defentsa-erakunde batzuekin dituen harremanak.

Bere eginkizunak betetzean, Arartekoak Espainiako Herriaren Defendatzailearekin eta beste autonomia erkidego batzuetako antzeko erakundeekin koordinatuko ditu bere egitekoak, Herriaren Defendatzailearen eta autonomia erkidegoetako tankera bereko erakundeen arteko harremanak arautzeko 36/1985 Legean, defentsa-erakunde bakoitza arautzen duen legerian eta koordinatzeko nahiz elkarlanean aritzeko sinatu diren hitzarmenetan edo itunetan ezarritako moduan.

49. artikulua.- Hitzarmenak sinatzea.

Arartekoak lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango ditu antzeko erakundeekin, administrazio eta erakunde publikoekin, elkarte edo erakunde pribatuekin, bere eskumen-eremuan burutzen dituen jarduerei dagokienez.

50. artikulua.- Bekak eta diru-laguntzak ematea.

Arartekoak, eman dizkioten eginkizunen eremuan eta aurrekontuko aurreikuspenen arabera, bekak eta diru-laguntzak eman ahal izango ditu erakundearentzat interesgarritzat jotzen diren jarduerak egiteko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Araudia garatzea.

Arartekoaren kargua betetzen duen pertsonari ahalmena ematen zaio araudi honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren ebazpenak eta jarraibideak emateko.

Bigarrena.- Organoak aipatzean generoa zehaztea.

Araudi hau ezartzean, pertsona bakarreko organoak aipatzen direnean, organo horiek betetzen dituen pertsona zehatzari dagokion generoa adieraziko da beti.

Hirugarrena.- Berdintasunerako eta bereizkeria eragozteko politikak.

Eguneroko zereginak betetzean, Ararteko erakundeak, arartekoak eta bere ondokoak eta bertako langile guztiek genero berdintasuna lortzeko eta bereizkeria eragozteko politikak ezarriko dituzte beren jarduera ororen zeharkako ardatz gisa; eta politika horien aldeko agente eraginkorrak izango dira.

Laugarrena.- Ingurumena errespetatzea.

Ararteko erakundearen ohiko jardunbidean ingurumena hobetzeko eta energia optimizatzeko politikak ezarriko dira.

Bosgarrena.- Teknologia eskura izatea.

Ararteko erakundeak berezko dituen lanak egitean, herritarrek teknologia eskura izateko ahaleginak egingo dira, ekainaren 22ko 11/2007 Legean finkatutako irizpideak ezarriz. Lege hori Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoa da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da Ararteko erakundearen Antolaketa eta Funtzionamendurako 1997ko ekainaren 23ko Araudia.

AZKEN XEDAPENA

Araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 18a.

Arartekoa,

IÑIGO LAMARCA ITURBE.


Azterketa dokumentala