Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2010eko martxoaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun eta Kontsumo Saila
1653

ERABAKIA, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2009ko otsailaren 17an egindako bileran hartutakoa. Horren bidez, tokiko korporazioei 2010. urtean laguntzak emateko deialdia eta oinarri-arauak onartu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoak titularitate publikoko baliabide-dotazioa izan behar du, osasun-arloko beharrizanei egokituta, eta baliabide horiek zentzuz eta eraz erabiltzea, horixe izango da planifikatzerakoan aintzat hartuko den irizpidea. Horrela izan dadin bermatuko da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean jasotako xedapenen arabera.

Jakina denez, osasun-arloan zerbitzu egokiak emateko, beharrezkoa da leku eta ekipamendu egokiak erabilgarri izatea, eta baldintza horri lotuta dago estu-estuan zerbitzuaren kalitatea. Egiaztatu denez, askotan, lokalak eta ekipamenduak ez zaizkie ondo egokitzen gaur egungo beharrizanei, eta, beraz, hobetu beharrekoak hobetu daitezen, laguntza-programa egin da, eta laguntzak emateko modua arautu.

Ildo horretatik, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak, herritarrek osasun-arloan dituzten beharrizanei osasun-zerbitzu egokiekin erantzun nahian, eta helburu hori behar bezala betetzeko, bere gain hartu du osasun-zerbitzuak hobetzeko sustapen-lan hori, eta oraingoan ere zeregin horretan dihardu, helburu horrekin egin baitu toki-korporazioei laguntzak emateko urteroko deialdi hau.

Horrenbestez, honako xedapen hauek oinarri hartuta: Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. Titulua, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, laguntzak eta diru-laguntzak arautzekoa, eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak onartutako erakunde publikoaren estatutu sozialetan Administrazio Kontseilu honi ematen zaizkion eskumenak, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak ondorengo erabaki hau hartu du

ERABAKIA:

Lehenengoa.- Toki-korporazioei 2010. urtean diru-laguntzak emateko deialdia eta oinarri-arauak onartzea, I. Eranskinean ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.- Honako erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 17a.

Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

I. ERANSKINA

1.- Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko korporazioei laguntzak esleitzerakoan nola jokatu zehaztuko duten oinarri arauemaileak ezartzea, horixe da deialdi honen xedea. Laguntza horiek betiere helburu izango dute osasun-zentroak eta horiei lotutako mediku-kontsultategiak handitzeko, eraberritzeko edo konpontzeko lanak egitea, oin berriko obrak egitea, horiei buruzko proiektuak idaztea, eta beharrezko diren altzariak eskuratzea.

2.- Finantziazioa.

Deialdi honetako laguntzak ordaintzeko, honako kontabilitate-kontu hau erabiliko da: «Beste batzuei emandako kapital-laguntzak», 65310000 zenbakia.

Programak guztira erabilgarri izango duen kopurua: 700.000 euro.

3.- Onuradunak.

Funts publikoak norentzat, horiexentzat dira laguntza hauek ere; beraz, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Korporazioak izan litezke onuradun, baldin osasun-zentroetan edo mediku-kontsultetan altzariak erosi, edo obrak zein proiektuak egiten hasten badira 2010ean (edo lehenago hasitakoekin jarraitzen badute).

Laguntza-eskaera egin duenak baldintza hori betetzen duela egiaztatzeko, aurkeztu beharreko dokumentazio guztia aurkeztu beharko du eskabideak egiteko dagoen epe horretan bertan.

4.- Diruz lagun litezkeen gastuak.

4.1.- Diru-laguntzak honako gastu hauek ordaintzen lagunduko du:

- Proiektuak idatzi.

- Oin berriko obrak.

- Handitze-lanak.

- Eraberritze-lanak.

- Osasun-zentroa konpontzeko eta zaintzeko lanak.

- Altzariak erosi.

Proiektu eta obra horien xede, betiere, diru-laguntza jaso duen tokiko korporazioak titular modura jabetzan dituen orubeak, eraikinak eta lokalak izango dira.

Halaber, proiektu eta obra horiek legez ezarritako prozeduren bitartez gauzatuko dira.

Legezkotasun hori kontrolatzeko, eranskin honetako 9.2.f atalean adierazten den betebeharra ezarri zaio diru-laguntzaren onuradunari.

Baina Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak ez du bermatuko administrazio-kontratazioaren alorrean indarrean dagoen legeria betetzea; aitzitik, burutzen den kontrola, diru-laguntza eman behar den edo ukatu behar den jakiteko egingo da bakar-bakarrik.

4.2.- Hala dagokionean, egin beharreko inbertsioaren kopuru osoa ere har lezake diru-laguntzetako bakoitzak.

5.- Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

5.1.- Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5.2.- Eskabideak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiari zuzenduta aurkeztu behar dira (Araba kalea 45, 01006 posta-kodea, Vitoria-Gasteiz).

Halaber, 4/1999 Legeak aldatu zuen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako lekuan eta moduan ere aurkeztu ahal izango dira agiriak (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

5.3.- Eskabidea egiteko dokumentuan ondo jasota egongo dira 1.1 eranskinean agertzen diren datu guztiak, eta horri erantsita aurkeztuko dira 1.2 eranskinean eskatutako agiriak.

5.4.- Eskabidea jasotakoan akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, horren berri emango zaio eskabidea egin duenari, eta hamar eguneko epea emango zaio dena delako akatsa edo okerra zuzen dezan. Epe hori amaituta okerra edo akatsa zuzendu ez badu, eskabidea artxibatu egingo da bestelako izapiderik egin gabe.

6.- Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa baloratzea.

6.1.- Eskabideak baloratzeko orduan, batzordea izendatuko da, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren zuzendari nagusiak horretarako berariaz ebazpena emanda, eta ebazpena EHAAn argitaratuta.

6.2.- Ondoren azalduta datozen irizpide hauek aintzakotzat hartuta egin beharko da balorazio-lan hori:

a) Begiratu behar da ea zenbateraino laguntzen den edo arintzen den Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-arloan lehen mailako arreta ezartzeko prozesua; horretarako, kontuan hartu behar da ea zer-nolako lehentasunak dauden lehen mailako arreta eskaintzeko ekipoak martxan jartzeko orduan.

b) Begiratu behar da ea arrazoizko bestelako aukerarik ba ote dagoen eskatu den hobekuntza hori finantzatzeko.

c) Aintzat hartuko dira tokian-tokian nolako ezaugarriak dauden, esaterako, kontuan izan behar da konpondu edo eraberritu beharreko eraikina salbuetsia den edo eraikinak zor historiko-artistikorik ba ote duen.

d) Lehentasuna emango zaie zentroen kanpoaldean eta barrualdean dauden arkitektura-oztopoak kentzeko obrei eta horietarako sarbidea egokitzeko obrei.

6.3.- Erabaki honetan azaldutako baldintza guztiak beteta ere, horrek ez du esan nahi besterik gabe laguntza jasotzeko eskubidea lortu denik.

6.4.- Gainfinantzaketa gertatzen bada, bateraezina izango da laguntza hauetakoren bat jasotzea, eta, xede eta kontzeptu berbera duen beste edozein eratako laguntzarik jasotzea.

Kofinantzaketarik izanez gero, helburu bererako hartutako laguntza guztien diru-kopuru osoa handiagoa denean kostu osoa bera baino, erabaki honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoa ere murriztu egingo da: kostutik gora zenbat, horrenbeste.

6.5.- Batzordearen balorazioan hauek adierazi beharko dira:

a) Onuradunen zerrenda eta diruz lagundutako kontzeptuak.

b) Diru-laguntzak zenbatekoak diren guztira, diruz lagundutako kontzeptuetako bakoitzari zenbat dagokion ondo zehaztuta.

7.- Ebazpena.

7.1.- Balioespena aztertu ondoren, Administrazio Kontseiluak eskuordetzea emanda Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du Balorazio Batzordearen proposamenean oinarrituz; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Aldi berean, laguntza-esleipenean onuradun izan den tokiko korporazioari onarpen-agiria bidaliko zaio, eta agiri hori behar bezala beteta itzuli behar da hamabost eguneko epean, agiria jasotzen denetik kontatzen hasita.

Onarpen-agiria epe horretan itzultzen ez bada, diru-laguntzari uko egin zaiola esan nahiko du, eta ondorioz, laguntza jasotzeko eskubidea ere galduko da, erabaki honen 7.2 puntuan ezarritakoari jarraituz.

7.2.- Balorazioan kontuan hartutako baldintzetakoren bat gerora aldatzen bada, emandako ebazpena ere moldatu egin ahal izango da.

Zehatzago esanda, esleitutako laguntzari uko egiten bazaio edo baldintzak ez betetzeagatik jasotako dirua itzularazi egin behar bada, eskabidea aurkeztu duten gainerakoen artean esleituko da berriz bueltan jasotako kopuru hori, betiere, hasieratik aintzat hartutako irizpide berberak oinarri.

Era berean, xede bererako beste laguntzaren bat ere lortuz gero, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion kitapen-ebazpena emango du esleitutako laguntzen kopuruak berriz doitu eta egokitzeko; egoera horretan, aldez aurretik ordainketarik egin bada, onuradunak itzuli egin beharko du zegokionetik gora jasotako kopurua.

7.3.- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

7.4.- 2010eko abenduaren 31 baino lehenago esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, ebatzi gabeko eskaerak ezetsi egin direla ulertu beharko da, halaxe ezarrita baitago, 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan, ahaztu gabe lege berak Administrazioari esanbidez ebatzi behar duela ere agintzen diola.

8.- Esleitutako laguntzak ordaintzea.

Esleitutako diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, onuradunak laguntza onartu duela jakinarazi ondoren; ordainketa egin ahal izateko, onuradunak aurrez erakutsi beharko du laguntzaren helburua bete dela, eta dirua zertarako eman, horretarakoxe erabili dela; horretarako, onuradunak kasuan-kasuan dagokion jatorrizko dokumentazioa aurkeztu behar du: proiektua idazteagatiko ordain-sariak, obra-ziurtapenak (arkitekto-zuzendariak baloratu eta sinatutakoak), edo altzariak eskuratu direla egiaztatzen duten fakturak, baita ordainketa onartzen duen erabakia edo dekretua ere (udalbatzarena zein gobernu-batzordearena edo alkatetzarena).

Ordainketa egiteko dokumentazioa aurkezteko epea 2011ko abenduaren 31n bukatuko da. Salbuespen modura, ordainketa egiteko epea atzeratu egin liteke, baldin eta onuradunak, gehienez epea bukatu baino bi hilabete lehenago, eskaera egiten badu, horretarako nahikoa arrazoi baduela modu egokian erakutsita.

Goian esandakoa horrela izanda ere, laguntza dela-eta egiaztagiriak aurkeztutakoan ere egin litezke konturako ordainketak. Konturako ordainketa horiek zatikako ordainketak izan ahalko dira, eta, beraz, diruz lagundutako jardunak burutu ahala ordainduz joango dira: aurkeztutako justifikazioa zenbatekoa, ordainduko den laguntza-zatia ere horrenbestekoa.

Salbuespen modura, aurreratutako ordainketak ere egin litezke; alegia, inoiz funtsak eman litezke aurrez justifikatu gabe, baldin eta finantziazio hori diruz lagundutako jardun horiek burutu ahal izateko beharrezkoa bada.

9.- Onuradunen betebeharrak.

9.1.- Ebazpen honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Onuradun izan nahi duenak diru-laguntza jaso ahal izateko egoeran egon behar du.

b) Diru-laguntza emango duen erakundean onuradunak egiaztatu behar du laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen dituela, bai eta egin beharreko jarduna egin duela ere.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, deialdi honi lotuta emandako diru-laguntzak direla-eta lanean ari direla, eskatutako informazio guztia ematea.

d) Onuradunak laguntza eman dion erakundeari jakinarazi behar dio ea beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batetik bestelako laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.

e) Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak jakinaraztea. Berariaz eskatzen da osasun-zentroaren kalifikazioa ez moldatzea edo aldatzea.

9.2.- Onuradunak, zehazki, honako konpromiso hauek hartuko ditu:

a) Esleitu zaion diru-laguntza onartzea, deialdi honetako 7.1 puntuan ezarritakoari jarraituz.

b) Laguntza zertarako eman zaion, horrexetarako erabiltzea eta ez beste ezertarako.

c) Proiektuak idazterakoan eta obrak egiterakoan, Eusko Jaurlaritzaren urriaren 11ko 396/1994 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da, osasun-arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduak irekitzeko, jardunean jartzeko eta aldatzeko baimenei buruzkoa (1994ko urriaren 28ko EHAA, 206. zenbakia).

d) Osasun eta Kontsumo Sailarekin eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuarekin lankidetzan jardun behar du onuradunak, haiek hasitako jarduera-programetan laguntzen.

e) Osasun Sailak ezartzen dituen ikuskapenak eta kontrolak onartu behar ditu onuradunak.

f) Era berean, diru-laguntzaren arauak eta baldintzak benetan betetzen ari direla egiaztatzeko, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren iritziz, beharrezko diren gainbegirapen, ikuskapen eta egiaztapen guztiak ere onartu behar dira.

g) Baldin eta Arkitektura eta Ingeniaritza Zuzendariordetzak, txosten tekniko baten bidez, beste agiri osagarri batzuk edo aldaketa batzuk eskatzen baditu, 15 egun naturaleko epean erantzun beharko zaio.

10.- Itzulketa edo laguntza baliogabetzea.

10.1.- Ondoren adieraziko diren egoeretakoren bat gertatuz gero, onuradunak ezin izango du eskatu laguntza ordain diezaioten, eta, gainera, hala dagokionean, jaso duen diru-kopurua ere itzuli egin beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes eta guzti:

a) Egiaztagiriekin justifikatu behar duena justifikatzen ez badu.

b) Onuradunak laguntza jasotzen badu, horretarako bete beharreko baldintzak bete gabe.

c) Emandako helbururako gabe, laguntza beste zerbaiterako erabiltzen badu.

d) Laguntza jaso duela-eta ezarri zaizkion betekizunak betetzen ez baditu.

e) Onuradunak ezarri zaizkion kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo traba egitea.

f) Laguntza hauekin batera beste batzuk ere jasotzea eta gainfinantzaketa gertatzea.

10.2.- Balorazioan kontuan hartutako baldintzak aldatzeagatik baliogabetu ahalko da laguntza, osorik edo zati bat, 7.2 puntuarekin bat etorriz.

Bereziki, baliogabetuta geratuko da laguntza baldin eta 9.1.d, 9.1.e, 9.2.b, 9.2.g eta 10.1. idatz-zatietan jasotakoa bete gabe uzten bada edo faltsutzen bada.

10.3.- Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.2 eta 3 artikuluetan ezarritakoaren arabera eta dekretu horren 5. artikuluko prozedurari jarraiki finkatuko da kasu hauetarako organo eskuduna.

11.- Araubide juridikoa.

Prozeduraren inguruan oinarri-arau hauetan aurrez zehaztu ez diren gaietan, 4/1999 Legean ezarritakoa aplikatuko da (lege horrek azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

I.1 ERANSKINA

(Hemen jaso beharreko datuak):

Tokiko korporazioa

Kontsultategia edo osasun zentroa (herria).

Osasun-zentroaren edo z. medikoaren helbidea

Harremanetarako telefonoa eta faxa:

Osasun-eskualdea

Deialdia

Laguntza eskatzeko arrazoia:

(Proiektua idaztea, oin berriko obrak egitea, osasun-zentroa handitzea, eraberritzea edo konpontzea).

Inbertsioaren kopurua, guztira:

Lanak hartuko duen azalera:

Goian adierazitako Udalbatzak, deialdiari jarraituz:

Hau ESKATZEN DU:

Gorago adierazitako inbertsioak ekarri dituen gastuei aurre egitearren, .................................euroko diru-kopurua eman diezaiotela; honako dokumentazio hau ere aurkeztu da eskaerari erantsita:

(zehaztu zein dokumentazio aurkeztu den, deialdi honetako 1.2 eranskinean eskatutakoari jarraituz).

Data

(Alkatearen sinadura)

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUKO ZUZENDARI NAGUSIA.

I.2. ERANSKINA

(Aurkeztu beharreko dokumentazioa):

Kontsultategi berria eraikitzekotan, proiektua idatzi behar denean, honako hauek aurkeztu behar dira:

Diru-laguntza emateko:

- Kokapen-planoa, eraikina non egingo den zehaztuta.

- Plan Funtzionala, dagokion Osasun Eskualdeko arduradunek egina.

- Aurreproiektua edo oinarrizko proiektua, halakorik dagoenean.

Ordainketa justifikatzeko:

- Proiektua, dokumentazio grafikoan eta informatizatua.

- Osasun-zentro edo zentro mediko berria eraiki edo gaitzeko, edo oin berriko obrak egiteko, hauek aurkeztu behar dira:

- Aurreproiektua edo burutzapen-proiektua, onartua izan dadin, eta

- Plan Funtzionala, dagokion Osasun Eskualdeko arduradunek egina.

Egungo osasun-zentroa edo zentro medikoa handitzeko edo eraberritzeko denean, hauek aurkeztu:

- Egungo egoeraren planoa.

- Eraberritzeko proposamen-planoa.

- Urbanizazioaren edo sarbidearen planoak eta argazkiak, zentroaren kanpotiko irisgarritasuna aztertu ahal izateko.

(Kasu batean zein bestean irisgarritasun-arauak eta arkitektura-oztopoak kentzeko arauak bete beharko dira).

Osasun-zentroa mantentzeko konponketa-lanak egin nahi direnean, honako hauek erantsi:

- Egungo egoeraren planoa.

- Urbanizazioaren edo sarbidearen planoak eta argazkiak, zentroaren kanpotiko irisgarritasuna aztertu ahal izateko.

Laguntza altzariak erosteko denean, hauek aurkeztu:

- Kontsultategiaren /osasun zentroaren planoa.

- Erosi nahi diren altzarien aurrekontua, aleka zehaztua.

Kasu guztietan aurkeztu behar dira honako agiri hauek:

5.3.a.- Txostena, laguntza zein helburutarako erabiliko den zehazteko.

5.3.b.- Aurrekontu xehekatua.

(Burutzapen-proiektua aurkezten denean, bertan agertu behar da a) eta b) ataletan eskatutako dokumentazioa).

5.3.c.- Udalak osasun-arloan dituen baliabideei buruzko txostena (langile sanitarioak).

5.3.d.- Agiri batean adierazi behar da ea inbertsio osoa eskatzen den, edo Udalak ere diru-kopururen bat jarriko duen.

5.3.e.- Ziurtagiri batean azaldu behar da ea beste erakunderen bati laguntzarik eskatu ote zaion xede bererako.

- Laguntzotakoren bat jasota, xede bererako ondoren bestelako laguntzarik jasotzen bada, ezinbestekoa da hori jakinaraztea.

Tokiko korporazioa orube, eraikin edo lokalaren jabea dela egiaztatzen duen agiria, behar bezala betea (agirian, jabetza osasun-kontsultategi gisa jasota ez badago, ziurtagiri bat aurkeztuko da, ematen diren agiriak horri buruzkoak direla adierazten duena).

Teknikari eskumendunak sinatu beharko ditu agiri tekniko guztiak.


Azterketa dokumentala