Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2009ko abenduaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6763

AGINDUA, 2009ko abenduaren 2koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Glasgow-eko Unibertsitateko ikertzaile bisitarientzat dirulaguntza bat deitzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Glasgow-eko Unibertsitateak hitzarmen bat izenpetu dute, ikertzaile bat Unibertsitate horretako Kultur Politika ikertzeko Zentroan (Centre for Cultural Policy Research) egon dadin laguntzeko.

Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en helburua da mundu--mailako ikerketa enpiriko, teoriko eta analitikoak egitea, kultura, komunikazio eta komunikabide politikei buruzko eztabaida publiko bat sortzeko lagungarri izan dadin. Euskal Herriko ikertzaile bisitari bat, gai horretan especialista, zentro horretan egotea oso lagungarri izango da Euskal Herria gero eta gehiago ezagutu dadin.

Kontuan hartu da Lehendakariaren maitzaren 8ko 4/2009 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2009ko maitzaren 9ko EHAA).

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu espedientearen aurreratutako tramitazioa arautzen duen Ekonomia eta Herriogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta,

Horren ondorioz,

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen helburua da oinarriak finkatu eta prozedura arautzea 2010-2011 ikasturtean ikertzaile bisitariek Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en emango dituzten egonaldiak finantzatzeko dirulaguntzak emateko.

2.- Lanaren barruan, ikertzaile bisitariak, besteak beste, kultura, komunikazioa eta komunikabideak landu ahali zango ditu.

2. artikulua.- Iraupena.

Dirulaguntza bost hilabeteko bi alditarako (irailetik urtarrilera/otsailetik ekainera) izango da, izangaiek bost hilabeteko aldi bakarra aukeratu ahal izango duten arren. Azken kasu horretan, gelditzen den denbora beste izangai batek hartuko du.

3. artikulua.- Onuradunen baldintzak.

Dirulaguntza hau lortzeko, pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Aurtengo urtarrilaren 1ean Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez urtebete bizi izana.

b) Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta ez egotea ere. Era berean, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortua izan, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

c) Doktore-titulua izatea.

d) Edonola ere, eskatzaileek lana egin ahal izateko eta lehen egunetik unibertsitate-erkidegoarekin bizitzeko adina jakin beharko dute ingelesez.

4. artikulua.- Hautagaiak aurkeztea.

1.- Eskaera-orriak eta gainerako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

2.- Dirulaguntza hau jaso nahi dutenek eskaera bat, bidaliko diote datu-orri normalizatuaren (I. eranskineko) bi aletan Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari gainontzeko dokumentazioarekin batera:

a) Agindu honen 3.b) artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko aitorpena.

b) Doktore-graduaren egiaztagiria.

c) Erroldatze-egiaztagiria

d) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

e) Curriculum akademiko eta zientifikoa, ingelesez idatzia.

f) Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en egin beharreko ikerketa-proiektua. Agindu honen 1. artikuluan aipatzen den edozein disziplinatakoa izango da eta ingelesez idatzi beharko da.

g) Eskatzailea unibertsitate-irakasle bada, ikastetxearen legezko ordezkariak emandako agiri bat erakutsiko du, laguntza hartzen duen aldian eskatzaileari kanpoan egoteko baimena ematen diona.

h) Ingelesaren ezagutza-maila egiaztatzeko dokumentazioa.

i) Irakaskuntza- eta ikerketa-lana dela-eta hiru ikertzaile entzutetsuren erreferentzia-gutunak izan beharko dituzte ikasgaiek, eta ikertzaileok haien lana ezagutu beharko dute. Gutunok Politika Zientifikoko Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, eta, ahal izanez gero, ingelesez idatziko dira.

Eskabideak eta agiriak helbide honetara bidaliko dira:

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

Zientzia Politikarako Zuzendaritza.

Erref. «Laguntza: Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research».

Donostia kalea, 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideen bitartez ere bidal daitezke (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Deialdiaren testuak Internet-eko helbide honen bidez lortu ahal dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net

3.- Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, laguntza-eskabidea betetzeak adierazten du interesdunak baimena ematen duela eskabidean jasotako datuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko. Datuok ikusi, zuzendu edo ezabatzeko nahiz aurka egiteko aukera eskaintzen du lege horrek, eta horretarako Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzara (Zientzia Politikarako Zuzendaritzara) joko da. Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

5. artikulua.- Eskabideetan egin diren hutsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honetan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten; era berean, ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaera bertan behera utzi dutela esan nahiko duela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

6. artikulua.- Laguntza kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak kudeatuko ditu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko behar diren lanak.

7. artikulua.- Hautatze-batzordea. Ikertzaileak aukeratzeko irizpideak.

1.- Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea pasa ondoren, kide hauek osatuko duten aukeratze-batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak eta erabakiko du nori esleitu laguntza.

a) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea edo eskuordetzen duen pertsona. Batzordeburua izango da.

b) Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-eko zuzendari akademikoa edo eskuordetzen duen pertsona. Kalitateko botoa izango du.

c) Bi aditu akademiko, gehienez ere, Glasgow-eko Unibertsitatekoa bata eta Euskal Autonomia Erkidegokoa bestea, akordio honen diziplina nabarmenetan esperientzia zabala izango dutenak, Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-eko zuzendariak eta Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak hurrenez hurren aukeratuak.

2.- Aukeratze-batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak bi fasetan eta irizpide hauen arabera:

1. Lehiaketa-aldia.

Curriculum akademiko eta zientifikoa: 10 puntu.

- Masterrak eta gradu-ondoko beste ikastaro batzuk egitea: 2 puntu.

- Ikerketa-esperientzia, taldeko zuzendaria edo ikerketa-talde edo talde profesional finkatuetan parte hartzea: 3 puntu.

- Liburu eta artikulu zientifikoak: 4 puntu.

- Ingeleseko argitalpenak: puntu 1.

Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

- Interes zientifikoa, gaiak erkidego zientifikoan duen egoeraren arabera: 4 puntu.

- Emaitzek euskal gizartean duten eragina: 3 puntu.

- Euskal ikasketen konparatibismoa, Europako beste sistema edo erkidego zientifiko batzuekin harremanetan: 3 puntu.

Ikertzailearen prestutasuna: 5 puntu.

- Hamar hilabeteko egonaldia: 5 puntu.

2. Lehiaketa-aldia.

Elkarrizketa bat egingo da eta ikerketaren memoria ingelesez azaldu beharko zaio kalifikazio-epaimahaiari: 10 puntu.

1.- Aukeratze-batzordeak galderak egin ahal izango ditu azaldutakoari edo dirulaguntzaren helburuari lotutako beste gai batzuei buruz. Aukeratze-batzordeak, gehienez ere, lehen bost izangaiak elkarrizketatuko ditu. Dena den, elkarrizketatuko diren izangaien kopurua ordena zehatzean zabaldu ahal izango da, lehen bost izangaietako baten bat elkarrizketara joaten ez bada.

2.- Eskatzaileen ebaluazioa bukatu ondoren, batzordeak onuradunak izendatuko ditu eta ordezkoen lehentasun-ordena erabakiko du, uko egiten den kasuetarako edo diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzen den beste egoera batzuetarako. Lehiaketaren bi aldien zenbaketa osoan puntuaziorik handiena lortzen duen izangaia izango da esleipenduna. Berdinketa izanez gero, elkarrizketaren fasean puntuazio handiagoa lortu duen izangaia aukeratuko da.

3.- Esleipenduna ikasturte osoan egon ezean, puntuazio handiagoa lortu duen bigarren izangaiari eskainiko zaio diru-laguntzaren aldia osatzeko, ikasturtea bete arte.

4.- Aukeratze-batzordeak ez du diru-laguntzarik emango, eskaerik ez baldin badago edo izangaiek balorazio osoaren % 50 gainditzen ez badute. Halaber, egonaldi partzialetako aldietakoren bat hutsik gelditu ahal izango da.

8. artikulua.- Ebazpena eta esleipena.

1.- Aurreko artikuluan aurreikusitako aukeratze-prozesua gauzatu ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko da diru-laguntza.

2.- Ebazpenak puntu hauek adieraziko ditu: nor den edo nortzuk diren ikertzaile onuraduna edo onuradunak, egonaldiaren hasiera- eta bukaera-data, zenbateko diru-laguntza ematen den, 9. artikuluan aurreikusitako kontzeptuen arabera xehatuta eta, behar izanez gero, nortzuk diren ordezkoak eta haien lehentasun-ordena.

3.- Hartutako ebazpena interesatuei berei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hori guztia egin arren, eta guztiek ezagutzeko, dirulaguntza jaso duten eta ordezkoak izateko aukeratutako pertsonen zerrendak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.- Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta horren aurka gorako helegitea jarri ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari.

5.- Diru-laguntzak esleitzeko eta jakinarazteko epean, ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskaerak atzera bota direla interpretatuko da. Kasu honetan, eta Administrazioak espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe, hiru hilabetekoa izango da gorako errekurtsoa jartzeko epea, oinarri honen 1. atalean aurreikusitako epeak bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

9. artikulua.- Dirulaguntzaren zenbatekoa.

39.940 eurokoa da, guztira, 2010-2011 ikasturteko dirulaguntza osoa baina proportzionalki murriztu ahal izango da, onuradunak bost hilabeteko egonaldi partziala aukeratzen badu. 39.440 euro horietatik, onuradunak 32.000 euro jasoko ditu zuzenean, jarraian adierazten den eran xehatzen den moduan:

- 27.500 euro, 2.750 euro hilabeteko, ikertzaile bisitariaren mantenurako hileroko zenbatekoak ordaintzeko.

- 4.500 euro, ikertzaile bisitariak mintegi bat antolatu eta garatzeko (kontzeptu hori bakarrik ordainduko da egonaldi oso edo partzialetarako).

Halaber, 7.940 euroko diru-laguntza emango da Centre for Cultural Policy Research-ek ematen duen laguntza material edo teknikorako (administrazio-laguntza, lan-espazio baten erabilpena). Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Glasgow-eko Unibertsitateari emango dio dirulaguntza hori, sinatutako lankidetza-hitzarmenean xedatutakoaren arabera.

Era berean, onuradunak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru bat izango du.

10. artikulua.- Dirulaguntza ordaintzea.

Diru-laguntza ordaintzeko, arau hauek beteko dira:

a) Glasgow-eko Unibertsitateak, dirulaguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzaileak, hitzartutako zenbatekoak ordainduko dizkio hilero ikertzaileari. Lehenengo hileko ordainketa Glasgowera iristean egingo zaio.

b) Glasgow-eko Unibertsitateak mintegiak antolatzeak eragindako gastuak ordainduko dizkio ikertzaileari, aldez aurretik azalpen zehatza ikusi eta egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

Onuradunari diru-laguntza ordaindu ahal izateko, bukatuta egon beharko du dirua itzultzeko edo zigortzeko tramitatzen ari den edozein prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten diru-laguntzen prozesuaren barruan.

11. artikulua.- Bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina da helburu bererako ematen den beste edozein diru-laguntza jasotzearekin.

12. artikulua.- Onuradunaren betebeharrak:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamar eguneko epean onuradunak espresuki eta idatziz uko egin ezean, onartuta dagoela interpretatuko da. Diru-laguntza onartzeak esan nahiko du Agindu honetan agertzen diren arauak onartzen direla.

b) Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dioten informazioa ematea, diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko egiten dituzten jardueren barruan.

d) Mintegi bat antolatzea, egiten duen ikerketari buruz, eta haren emaitzak liburu, artikulu zientifikoetan eta gainontzeko komunikabideetan hedatzea. Ikasturte osoko ikertzaileek edo edo bost hilabeteko egonaldia egiten dutenek derrigorrez egin beharko dute mintegia.

e) Glasgow-eko Unibertsitateak duen Visiting Fellow estatusari dagozkion jarduera arruntetan parte hartzea; era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eskatuta, ezagutza Euskal Autonomia Erkidegoan hedatzeko jardueretan ere parte hartzea.

f) Egin duen ikerketari buruzko txosten bat bidaltzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-i, baita Glasgow-en eta Euskal Autonomia Erkidegoan parte hartu duen beste jarduerei buruzkoa ere.

g) Egindako gastuen azalpen zehatza eta jatorrizko egiaztagiriak Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-i bidaltzea, artikulu honen d) idatz-zatian jasotzen den kasuan.

h) Indarreko antolamendu juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren dirulaguntzei buruz ezartzen dituen eginbeharrak eta, bereziki, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.2 artikuluan xedatzen duena (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratua onartzen duena, dirulaguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruzkoa).

13. artikulua.- Uko egitea.

Diru-laguntzaren onuradunak uko eginez gero, eskubide guztiak galduko ditu.

Uko eginez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lehenengo ordezkoa izendatu ahal izango du ikertzaile, gelditzen den aldirako.

14. artikulua.- Ez betetzeak.

Diru-laguntzaren onuradunak bete ezean diru-laguntza emateko Agindu honetan eta gainontzeko araudietan ezarritako edozein baldintza, ebazteko eskumena duen organoak ebatzi eta ebazpena eman ahal izango du. Ebazpen horretan, deklaratuko du interesdunak jasotzeke dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela eta jasotakoak eta horien legezko interesak, berriz, derrigorrez itzuli beharko dizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratua onartzen duenak) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duenak eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak erregimena eta betebeharrak ezartzen dituenak), xedatutakoaren arabera.

15. artikulua.- Datuak babestea.

1.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, inprimakian jasotako datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan jasoko dira.

2.- Eskabidea sinatu duten pertsona fisikoak ez diren hirugarren pertsonen datu pertsonalak fitxategi automatizatu horretan bertan jasoko dira eta, beraz, haiek halaxe jakinarazi behar diete datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.

3.- Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak eta indarrean dagoen legeriak pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkien gainerakoak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan erabili ahal izango dira (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Agindu honek prozeduraren arloan xedatzen duenari begira, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hots, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.

Bigarrena.- Dekretu honetan aipatutako diru-laguntzak bat etorri beharko dute bertan finkatutakoarekin bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluan aurreikusitakoarekin ere; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartu zen lege hori.

Hirugarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioa Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitora-Gasteiz, 2009ko abenduaren 2a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA

IKERTZAILE BISITARIAREN BEKA CENTRE FOR CULTURAL POLICY RESEARCH. GLASGOWEKO UNIBERTSITATEA. 2010-2011 IKASTURTEA.

1.- Eskatzailearen datuak:

NAN Lehen abizena

Bigarren abizena Izena

Jaiotze-data Titulazio akademikoa

Helbide postala (kalea, zk., pisua)

PK Herria

Telefonoa. Email-a Faxa

2.- Proposatutako ikerketa-gaia

Ikerketa-lanaren izena:

Diziplina:

Egonaldiaren lehentasuna (X batez markatu )

5 hilabete

10 hilabete

Ondorio hauetarako, deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela eta dirulaguntzaren onuradunari ezarritako eginbehar guztiak, deialdi honen 12. artikuluan agertzen direnak, betetzea onartzen duela aitortzen du, haren ardurapean.

(n), 20 ko (a)ren a.

Izpta.:

Unibertsitate ETA IKERKETA SAILBURUORDE JAUNA.

1.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, inprimakian jasotako datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan jasoko dira.

2.- Eskabidea sinatu duten pertsona fisikoak ez diren hirugarren pertsonen datu pertsonalak fitxategi automatizatu horretan bertan jasoko dira eta, beraz, haiek halaxe jakinarazi behar diete datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.

3.- Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak eta indarrean dagoen legeriak pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkien gainerakoak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan erabili ahal izango dira (Donostia kalez, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).


Azterketa dokumentala