Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

151. zk., 2009ko abuztuaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
4527

469/2009 DEKRETUA, uztailaren 28koa, honen bidez, Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu behar dituela honako proiektu hau egiteko behar diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko: N-622 autobidearen gaineko bidezubiari buruzko eraikuntza-proiektu aldatua, Etxabarri Dibinako auzobideak lotzeko.

Herrilan eta Garraio Saileko diputatuak 2009ko otsailaren 10ean emandako Foru Aginduaren bidez, ondoko proiektu hau onartzeko legezko izapideei ekitea erabaki zen: «N-622 autobidearen gaineko bidezubiari buruzko eraikuntza-proiektu aldatua, Etxabarri Dibinako auzobideak lotzeko». Proiektuak eragiten dien ondasun eta eskubideen zerrenda banakatua jendaurrean jartzeko erabakia ere hartu zen, nahitaez desjabetzeko. Ondoren, 2009ko ekainaren 16an Diputatuen Kontseiluak egin zuen bilkuran, ondasun eta eskubide horiek okupatzeko beharra adieraztea erabaki zen, eta Eusko Jaurlaritzari lanen premiazkotasunaren adierazpena eskatzea, desjabetze-dosierrak eragiten dien ondasun eta eskubide horien okupazioa Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluaren arabera egin ahal izateko.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen behar izan zenean, zenbait alegazio aurkeztu ziren, eta administrazio-dosierrean adierazten den moduan ebatzi ziren.

Zerbitzu teknikoek adierazi dutenez, ez dago dosierra izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luzaezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Etxabarri Dibinako lotunea eraikitzean N-622 errepidean geratu den bide-egituragatik, sarbide zuzenak kendu egin dira. Beraz, autobideak eteten dituen landa-bideen sarea lotzeko bidezubia eraiki behar da, nekazaritzako trafikoaren joan-etorriak bermatzeko. Proiektu horrek autopistaren proiektuari zor zaizkion okupazio berriak ere biltzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2009ko uztailaren 28an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, honako proiektu hau burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu behar dituela adieraztea: N-622 autobidearen gaineko bidezubiari buruzko eraikuntza-proiektu aldatua, Etxabarri Dibinako auzobideak lotzeko. Berariaz hasiarazitako dosierrean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean. Epeak dekretu honen argitalpenaren egunaren biharamunetik hasiko da.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko uztailaren 28an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala