Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2009ko abuztuaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
4395

20/2009 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua aldatzen duena.

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak berregituratu ziren, hain zuzen ere, Jaurlaritzaren programa politikoa garatzen laguntzeko eta bere jardunean eraginkortasun eta arrazionaltasun maila altuena lortzeko.

Dekretu hori onartu zenetik hona igarotako denbora dela-eta, bidezkoa da haren edukian zenbait aldaketa egitea, Administrazio honek eskumenen eta kudeaketaren arloan arrazionaltasunez eta eraginkortasunez jardungo badu. Jaurlaritzaren eginkizun politiko administratiboek bere horretan jarraitu dezaten nahi da, inolako etenik gabe, eta, gainera, orain arte Administrazioak izan duen eraketa eta dekretu honen bidez sortzen dena moldatu nahi dira.

Hona hemen dekretu honek dakartzan aldaketak eta, labur-labur, horien zergatiak:

- Industria eta Berrikuntza Sailaren izena aldatu egingo da, sail horri dagozkion arloak hobeto identifikatze aldera. Horrela, Industria eta Berrikuntza Saila, aurrerantzean, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila izango da.

- «Metereologia»ren jardun-arloa Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren menpe egon da orain arte. Aurrerantzean, berriz, Herrizaingo Sailaren eskumenpean egongo da, lotura handiagoa baitauka sail horren egiteko eta jardun-arloekin.

- Ekonomia eta Ogasun Sailak atxikita dituen eskumen- eta kudeaketa-arloen arrazionaltasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, beste bi arlo hartuko ditu bere menpe. Batetik, «prezio-politika» izenekoa, orain arte Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailean egon dena. Bestetik, «kontratazioa»ren arloa: orain arte Justizia eta Herri Administrazio Sailaren menpe egon da eta, hemendik aurrera, berriz ere «ondarea» arloarekin bat eginda egongo da. Ondorioz, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza sortuko da, Ekonomia eta Ogasun Sailaren barruan, Ogasun eta Finantza Sailburuordetzan sartuta.

- Toki Administrazioaren arloan, Jaurlaritzaren jardunean bi eremu desberdin argi bereizi nahi dira. Batetik, indarrean dagoen araudiaren arabera, EAEko Administrazio Orokorrak toki administrazioekiko bete beharreko babes- eta kontrol-egitekoa. Justizia eta Herri Administrazio Sailak jarraituko du egiteko horiek betetzen. Bestetik, Administrazio Orokorraren eta toki administrazioen arteko harreman administratiboez gain, harreman instituzionalak ere indartu nahi dira. Hori dela-eta, Jaurlaritzaren Lehendakaritzak bere gain hartuko du eskumen hori. Hortaz, lehenago aipatutako egiteko administratiboak betetzeko beharrezko diren baliabide material eta giza baliabideak Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Auzibide Zuzendaritzari atxikita egongo dira aurrerantzean ere. Toki Araubidearen Zuzendaritza, berriz, Jaurlaritzaren Lehendakaritzan sartuta geratuko da, baina Toki Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritza izena hartuta.

- Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitako bi arloren izenak - Gizarte Ekonomia eta Gizarteratzearen Sustapena - aldatu egingo dira, gizartean dagokien errealitatearekin hobeto identifikatze aldera. Ildo horretatik, sail horri dagozkion jarduera-arloei beste bat gehituko zaie: «enpresen gizarte erantzukizuna». Horrekin batera, zehaztu egiten da Enplegu-politika izeneko arloan, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema osoa sartu dela, betiere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak pertsonen bizitza osoko ikaskuntza etengabearen arloan duen eskumenari kalterik egin gabe.

- Izen zuzena emango zaio NEIKER Baltzu Publikoari: Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B. Instituto Vasco de Investigación y Desarrollo Agrario.

- Justizia eta Herri Administrazio Saileko Araubide Juridikoko Idazkaritzako Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzan integratzen dira ondoko funtzio eta jardun-arloak, zeintzuk burutzen baititu Lan eta Gizarte Gaitako Saileko Kabinetearen Sailburuordetzako Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzak: elkarte, fundazio eta elkargo profesionalei buruzko erregimen orokorra.

- Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailean sartuko dira: Kabinetearen Zuzendaritza eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritza, biak ere desagertu den Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailekoak.

- Xedapen osagarri bat gehitu egiten da, hain zuzen ere maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua onartu ostean hasitako egituren arrazionalizazio-prozesuaren baitan onartutako langileen berregituratze-prozesuetan dekretu honek eragin ez dezan.

- Azkenik, zenbait aurreikuspen finkatzen dira, batetik, dekretu honek indarra hartzean bidean diren administrazio-espedienteak, baldin eta haren edukiak organikoki eragiten badie, haren banaketa antolamenduzkoarekin eta funtzionalarekin bat ebatziko dira, eta, bestetik, Ekonomia eta Ogasun Sailak burutuko ditu: dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezko aurrekontu-egiturak.

Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 8.c) artikuluak ematen dizkidan ahalmenen arabera, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuko 2. artikuluko f) idatz-zatiak honako idazketa izango du:

«f) Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa».

Bigarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuko 6. artikuluko 1. paragrafoari i) bis idatz-zatia erantsiko zaio:

«i bis) Meteorologia.»

Hirugarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuko 8. artikuluko 1. paragrafoko ñ) idatz-zatia aldatu egien da eta c) bis idatz-zati berria erantsiko zaio:

«c bis) Prezio-politika.

ñ) Ondarea eta kontratazioa.»

Laugarren artikulua.- Ezabatu egiten da 9. artikuluko 1. paragrafoko h) idatz-zatia, zehazki, ondoko araukoa: 4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

Bosgarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuko 9. artikuluko 1. paragrafoko p) idatz-zatiak honelako idazketa izango du:

«p) Toki Administrazioaren arloan legeek eta araudiek Jaurlaritzari esleitzen dizkioten egitekoak burutzea. Bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen diren toki araubideko gaiak ebaztea eta horiei buruzko irizpena ematea.»

Seigarren artikulua.- Ezabatu egingo da 10. artikuluko 1. paragrafoko j) idatz-zatia, zehazki, ondoko araukoa: 4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

Zazpigarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuko 11. artikuluko 1. paragrafoak eta tituluak honelako idazketa izango dute:

«11. artikulua.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila.

1.- Honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari:»

Zortzigarren artikulua.- Ezabatu egingo da 4/2009 Dekretuaren 11. artikuluko 1. paragrafoko i) idatz-zatia (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

Bederatzigarren artikulua.- Aldatu egingo dira 4/2009 Dekretuaren 12. artikuluko 1. paragrafoko b), c) eta d) idatz-zatiak eta c) bis idatz-zatia erantsiko zaio (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Honelako idazketa izango dute:

«b) Enplegu-politika, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema osoa barne dela, baina Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak pertsonen bizitza osoko ikaskuntza etengabearen arloan duen eskumenari kalterik egin gabe.

c) Gizarte ekonomia: kooperatibak, lan-sozietate anonimoak eta ekonomia solidarioa.

c bis) Enpresen gizarte-erantzukizuna.

d) Gizarteratzearen sustapena.

Hamargarren artikulua.- 4/2009 Dekretuaren 14. artikuluaren 2. paragrafoak (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) honelako idazketa izango du:

«2.- Honako sozietate publiko hauek atxikitzen zaizkio sail honi: Neiker Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea AB, Instituto Vasco de Investigación y Desarrollo Agrario; Nekazaritza Garapenerako Institutua AB, Landa Heziketa, Sustapen eta Garapenerako Zentro Integrala Itsasmendikoi SA; Ingurugiro Hobekuntza-Mejora del Medio Ambiente Ingurugiro Hobekuntzarako sozietate publikoa (Ihobe SA) eta Uraren Euskal Agentzia.

Hamaikagarren artikulua.- 3. paragrafoa erantsiko zaio 4/2009 Dekretuaren Lehenengo Xedapen Gehigarriari (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena). Honelako idazketa izango du paragrafo horrek:

«3.- Jaurlaritzaren Lehendakaritzan sartuta geratuko da Toki Araubidearen Zuzendaritza, baina Toki Administrazioekiko Harremanetarako Zuzendaritza izena hartuta. »

Hamabigarren artikulua.- 4/2009 Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarriaren 2. paragrafoak (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) honelako idazketa izango du:

«2.- Ekonomia eta Ogasun Sailean Ondare eta Kontratazio Zuzendaritza sortuko da, Ogasun eta Finantza Sailburuordetzaren barruan. Zuzendaritza berri honi eginkizun eta giza baliabide eta baliabide material hauek atxikiko zaizkio: Ondare Zerbitzuari dagokionez, Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzako Finantza Zuzendaritzan zeudenak; eta Kontratazio Zerbitzuari dagokionez, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Administrazio eta Zerbitzu Sailburuordetzako Baliabide Orokorren Zuzendaritzan zeudenak.

Hamahirugarren artikulua.- 4/2009 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriaren 1. paragrafoak (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) honelako idazketa izango du:

«1.- Ondoko organo eta unitateek osatuko dute Justizia eta Herri Administrazio Saila:

a) Desegindako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Saileko Justizia Sailburuordetzaren organoek eta unitateek.

b) Desegindako Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusiko organoek eta unitateek. Salbuespena izango da Toki Araubidearen Zuzendaritza: Jaurlaritzaren Lehendakaritzan sartuko da, baina bere giza-baliabideak eta baliabide materialak Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusiko Auzibide Zuzendaritzari atxikiko zaizkio.

c) Desegindako Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako Administrazioa Eraberritzeko eta Administrazio Elektronikorako Idazkaritza Nagusiaren organoek eta unitateek.

d) Administrazio eta Zerbitzu Sailburuordetzaren eta Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren organoek eta unitateek (sailburuordetza biak desegindako Ogasun eta Herri Administraziokoak dira).»

Hamalaugarren artikulua.- Ezabatu egingo da 4/2009 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriaren 2. paragrafoa (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

Hamabosgarren artikulua.- 2. paragrafoa erantsiko zaio 4/2009 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriari (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena); honako idazketa izango du:

«2.- Maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 9.1 artikuluaren e) idatz-zatian adierazitako egitekoak eta jardun-arloak, eta horiek gauzatzeko dauden giza-baliabideak eta baliabide materialak - egun Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Kabinetearen Sailburuordetzako Azterlanen eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzaren barruan daudenak-, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Araubide Juridikoaren Idazkaritza Nagusiaren Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzaren barruan egongo dira».

Hamaseigarren artikulua.- Honako idazketa izango du 4/2009 Dekretuaren Zazpigarren Xedapen Gehigarriak (4/2009 Dekretua, maiatzaren 8koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena):

«Honako hauek osatzen dute Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila: desegindako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak; desegindako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Lurralde Antolamendu eta Uren Sailburuordetzako eta Ingurumen Sailburuordetzako organoek eta unitateek; desegindako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Kabinetearen Zuzendaritzak eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak; eta desegindako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko Sailburuordetzako eta Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzako organoek eta unitateek.»

XEDAPEN GEHIGARRIA

Indarrean jarraituko dute Sailetako Zerbitzu Zuzendaritzen artean 2009ko uztailaren 29tik aurrerako eraginarekin onartutako langile-berregituratzeek, Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua onartu ostean hasitako egituren arrazionalizazio-prozesuaren baitan onartutakoek.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean jartzen denean bideratzen ari diren admnistrazio-espedienteak dekretu horretatik eratorritako egitekoen eta antolamenduaren banaketaren arabera ebatziko dira, baldin eta dekretuaren edukiak organikoki eragiten badie.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ekonomia eta Ogasun Sailak Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-eragiketak burutuko ditu.

Bigarrena.- Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.


Azterketa dokumentala