Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2009ko apirilaren 7a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Osasun Saila
1941

512/2009 EBAZPENA, 2009ko otsailaren 25ekoa, Arabako Osasun Eskualdeko zuzendari gerentearena, Arabako Osasun-barrutiko Arabako Eskualdean Lehen Mailako Atentzioko unitateburuak izendatzeko deialdi publikoa onartzen duena.

Uztailaren 23ko 195/1996 Dekretuaren bidez, Lehen Mailako Atentziorako Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari atxikitako baliabideen antolamendu-egitura onartu zen.

Aipaturiko dekretu horren 7. artikuluan eta hurrengoetan ezartzen denez, Lehen Mailako Atentzioko unitateburuak deialdi publiko bidez izendatuko dira, lehiatzaileen merezimenduak eta gaitasuna balioetsi ondoren. Hori dela eta, prozedura horretarako, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arauan bildutako xedapenak aplikatuko dira.

Horregatik guztiagatik, eta ekainaren 26ko 8/1997 Legeak eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ematen didaten ahalmenaz baliaturik, hau

EBATZI DUT:

Onartzea Arabako Osasun-barrutiko Arabako Eskualdearen menpeko Abetxuko, Alde Zaharra, Lakua-Arriaga, Lakuabizkarra, Lautada, Olarizu, Sansomendi, Ibarrak II eta Zaramagako Lehen Mailako Atentzioko unitateburuak izendatzeko deialdi publikoa. Hona hemen

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.- Arau orokorrak.

1.1.- Lan-baldintzak.

Deialdi honen bidez izendatutako langileek Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko lan-baldintzak arautzen dituen erabakiaren arabera lan egingo dute eta destinotzat izango duten osasun erakundeko enplegu-baldintzen menpe jardungo dute. Eginkizun horietan diharduten bitartean, osagarri berezi bat jasoko dute erantzukizunagatik, hain zuzen ere, 3/1987 Errege Lege Dekretuak araututako berariazko osagarriaren barruan egongo dena (osagarri bereziaren zenbatekoa eta ezaugarriak uztailaren 23ko 195/1996 Dekretuaren I. eranskinean daude zehazturik).

1.2.- Deialdiko burutzak:

Arabako Osasun-barrutiko Arabako Eskualdearen menpeko Lehen Mailako Atentzioko unitateburutzei dagokie deialdi hau. Ebazpen honen eranskinean adierazten dira unitate horiek.

2.- Hautagaien betekizunak.

2.1.- Ebazpen honetan arautzen den prozesuan parte hartzeko, hautagaiek beteta eduki beharko dituzte betekizunak eskabideak aurkezteko epearen azken egunean —3.2 oinarrian zehaztutako egunean, alegia—, eta ebazpena eman arte eutsi beharko diete.

2.2.- Betekizunak:

a) Araba Eskualdeari atxikita egotea, bai estatutupeko langile gisa, izendapena jabetzan edukita, bai karrerako funtzionario gisa edo lan-kontratu mugagabea izanik.

b) Aipatutako osasun-eskualdean jarduneko zerbitzuan egotea edo lanpostua gorderik izatea.

c) Lehen Mailako Atentzioko unitateburu izateko, lehentasunezko betekizuna izango da Medikuntza eta Kirurgiako lizentziatu tituluaren jabe izatea. Nolanahi ere, hautagaiek profil sanitarioa duen unibertsitate-titulu baten jabe izan behar dute, eta lanbidean gaitasun eta esperientzia aitortua eduki. Tituluek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandakoak izan behar dute edo, bestela, tituluak jasotzeko eskubideak ordainduta eduki beharko dira. Aipatu tituluak Europar Batasuneko beste estatu batek emandakoak badira, hauekin batera, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak tituluok onartzen dituela erakusten duen agindua aurkeztu beharko dute hautagaiek.

3.- Eskabideak.

3.1.- Aurkezteko modua eta tokia: eskabideak Arabako Osasun Eskualdeko zuzendari gerenteari bidali beharko zaizkio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako edozein bide erabiliz edo, bestela, ondoren adieraziko den egoitzako erregistroetan aurkeztuz:

Arabako Eskualdea (Adriano VI.a kalea 20, 7. solairua; 01008 Vitoria-Gasteiz).

3.2.- Epea: hautagaiek ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera 15 (hamabost) egun izango dituzte eskabidea ebazpen honetan xedatzen den bezala aurkezteko.

3.3.- Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

a) Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.

Interesdunek epe eta era egokian aurkeztu dituzten agirietan oinarrituta hartuko ditu erabakiak epaima­haiak. Orobat, hautagaiei zeinahi argibide eska diezaieke aurkeztutako agirien gainean.

4.- Lehiaketa nola egingo den:

Lehiaketak bi fase izango ditu: ariketa praktikoa eta merezimenduen balioespena. Epaimahaiak hautagaiei dei egingo die ariketa praktikoa egitera etor daitezen.

5.- Eginkizunak esleitzeko ebazpena.

Epaimahaiburuak unitate-buru izendatzeko diren hautagaien zerrenda proposatuko dio eskualdeko zuzendari gerenteari, honek onar dezan. Zuzendariaren erabakia loteslea izango da.

Uztailaren 23ko 195/1996 Dekretuaren 8. eta 9. artikuluetan xedatzen denez, izendatutako langileek eginkizun bikoitza izango dute, asistentziala eta kudeaketakoa, eta Osasun Eskualdeko zuzendari gerentearen menpe egongo dira zuzenean. Lehen Mailako Atentzioko unitateburuaren funtzioak betetzen diharduten bitartean, bai eta funtzio horiek amaitzen direnean ere, euren kategorian dagokion plazaren titularitateari eutsiko diote eta horren oinarrizko funtzioak betetzen jarraituko dute.

Esleipen honek ez dakar, inola ere, Lehen Mailako Atentzioko unitateburuaren funtzioak edo ordainsariak berariazko lanpostu gisa finkatzerik.

Osasun Eskualdeko zuzendari gerenteak bere kabuz ebatzi ahal izango du aipatutako eginkizunen esleipena etetea.

6.- Epaimahaia.

6.1.- Izendapena.

Epaimahai bat izendatuko da Arabako Osasun-barrutiko Araba Eskualdearen menpeko Abetxuko, Alde Zaharra, Lakua-Arriaga, Lakuabizkarra, Lautada, Olarizu, Sansomendi, Ibarrak II eta Zaramagako Lehen Mailako Atentzioko unitateburutzei dagozkien funtzioak esleitzeko, deialdi honen bidez eskainitakoak, alegia.

6.2.- Osaera.

Deialdi honetako prozedura epaituko duen epaimahaia 7 kidek osatuko dute.

Hautagaiei eskatzen zaien titulazioaren maila bera edo goragokoa eduki behar dute epaimahaikide guztiek.

Epaimahaiburua Araba Eskualdeko gerentea izango da edo, horren ordez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko beste osasun-eskualde bateko gerentea.

Hauek izango dira epaimahaikide:

- Araba Eskualdeko Zuzendaritza-taldeko bi kide, edo, horrelakorik ez badago, beste osasun-eskualde bateko Zuzendaritza-taldekoak.

- Araba Eskualdeko Kontseilu Teknikoko kide bat.

- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza/Lehen Mailako Atentzioko Zuzendariordetzako kide bat.

- Langileen ordezkari bat.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan eginkizun administratiboak dituzten eta goi-mailako titulazioa duten langile finkoen artean aukeratuko da idazkaria, eta ez du botorik izango hautagaiak kalifikatzeko gaietan.

Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketarik egonez gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak ebatziko du.

7.- Publizitatea.

Deialdi hau EHAAn argitaratuko da.

Prozedura hau garatzeko hartzen diren ebazpenak ere EHAAn argitaratuko dira.

8.- Errekurtsoak.

Ebazpen honen eta berau garatzeko hartzen diren behin betiko ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, horrelaxe xedatu baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 25a.

Arabako Eskualdeko zuzendari kudeatzailea,

ANTONIO DE BLAS DE BLAS.

ERANSKINA / ANEXO

ARABA ESKUALDEKO LEHEN MAILAKO ATENTZIOKO UNITATEBURUEN LANPOSTUAK

PLAZAS DE JEFES DE LAS UNIDADES DE ATENCIÓN PRIMARIA EN LA COMARCA ARABA

LEHEN MAILAKO ATENTZIOKO UNITATEAK

UNIDAD DE ATENCIÓN PRIMARIA LANPOSTU KOPURUA

N.º DE PLAZAS

Abetxuko

Alde Zaharra / Casco Viejo

Lakua-Arriaga

Lakuabizkarra

Lautada

Olarizu

Sansomendi

Ibarrak II / Valles II

Zaramaga

1

1

1

1

1

1

1

1

1

LANPOSTUAK GUZTIRA: / TOTAL PLAZAS: 9


Azterketa dokumentala