Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2009ko martxoaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1687

EBAZPENA, 2009ko otsailaren 26koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko Mendozan (Araba) dagoen Mendoza Dorrea Monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultura ondareari buruzko 7/1990 legera egokitu behar denez gero, espedientea berrireki, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapidea egiteko dena.

Uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez (abuztuaren 4ko EHAA, 132. zk.), Vitoria-Gasteizko Mendozan (Araba) dagoen Mendoza Dorrea monumentu historiko-artistiko izendatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluak jasotakoaren arabera, Kultura Ondarearen gaineko eskumen esklusiboa bereganatu zuen. Bere gain hartutako eskumen esklusibo horrez baliaturik onartu zen Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea. Lege horren lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, aurreko araudiaren arabera interes kulturala izendatu zitzaien ondasunak Sailkatutako Kultura Ondasun bihurtuko dira. Bestalde, interes kulturaleko ondasun izendapena 7/1990 legea indarrean jarri baino lehenago egin zitzaien ondasunen espedienteak ere lege horren menpe daude bigarren xedapen iragankorrean ezartzen denaren arabera.

Vitoria-Gasteizko Mendozan (Araba) dagoen Mendoza Dorrea sailkatzeko den espedienteak Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen ez dituenez eta lege hori baino lehenagokoa denez, ondasunaren izendapena legearen 12. artikuluaren arabera egokitu behar da.

Guzti horren ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Vitoria-Gasteizko Mendozan (Araba) dagoen Mendoza Dorrea monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea berriro zabaltzea. Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera espedientea egokitu ondoren espedientearen I. eranskinean ondasunaren mugaketa jaso da, II. eranskinean deskripzioa eta III. eranskinean bere babes-erregimena.

Bigarrena.- Espedientea jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea irekiko da, nahi duenak egokitzat jotzen dituen alegazioak egin eta dokumentuak aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan ezarritakoa betez. Hori egiteko 20 eguneko epea emango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.- Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluan aipatzen diren ezaugarriak interesdunei jakinaraztea, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 15 eguneko epean euren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak aurkeztu ahal izan ditzaten.

Laugarrena.- Espedienteak aurrera jarraitu dezala, indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.- Ebazpena Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea.

Seigarrena.- Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, guztiek honen berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 26a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA

MUGAK

Mugaketaren eremua.

Babes-inguruak muga hauek ditu:

Iparraldea: herriko kalea.

Hegoaldea: hegoaldeko bidetik sartzeko lur-saila.

Ekialdea: ibaia.

Mendebaldea: dorrea ondoko etxebizitzetatik bereizten duen aparkalekurako sarrera eta hegoaldetik sartzeko lur-sailaren muga.

Mugaketaren arrazoiak.

Dorreak aurrealdeko sarbidea dauka, hegoaldean, eta horrek osotasun-perspektiba ematen dio, gotorlekuaren tamaina eta sendotasuna ikusten baitira.

Ibaiak berak beste babes-lerro bat osatzen zuen, zubiraino eta zubi horretatik igarotzen zen kaleraino.

Mendebaldean dauden ondoko etxebizitzek eskalaren erreferentzia ematen dute, eta, etxebizitza horiek han egonda, kanpoko babes-harresitik oso hurbil sartu beharra dago. Dorreak berak indar handia dauka, eta horrexegatik hori bera da elementurik garrantzitsuena. Etxebizitza horiek, beraz, ez diote monumentuari konpetentzia formalik egiten.

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Etxebizitza-dorre gotortuaren adibide argia da. Eta Mendozatarren bizileku izan zen mende oso bat baino denbora luzeagoan.

Leinu hori Iñigo López Bizkaiko Jaunarengandik dator, XI. mendeko bigarren erdialdetik. Haren biloba Lope Sánchez Laudioko lehenengo jauna eta Arabako jauna izan zen Arriagako kofradian, eta Sancha Díaz de Fríasekin ezkondu zen; emazteak Mendozako eta Fríasko orubeak ekarri zituen dotean. Haren biloba Lope Iñiguezek erabili zuen lehenengo aldiz Mendoza abizena.

Horren semeak, Iñigo López de Mendozak, eraiki zuen jatorrizko dorrea, eta Navas de Tolosako batailan hartu zuen parte 1212an. Leinuaren adar nagusia Infanterriko Dukeena izan zen. Adar horrek laster utzi zuen jatorrizko orubea, eta Guadalajaran gelditu ziren behin betiko XV. mendean.

Gaur egun dugun dorrea Arabako Zaharrenetakoa da, XV. mendeko lehenengo hamarkadetan eraikia. Oinplanoa ia karratua da, hamaika metro luze ditu albo banatan, eta hogeita bat garaieran.

Dorreak lau angeluko eremua betetzen du eta harresiak ditu lau aldeetan. Harresiak, baita dorrea bera ere, kareharriz eginda daude, eta harriak ilara irregularretan jarrita daude. Itxitura horrek bost metro inguruko garaiera eta bi metro baino apur bat gutxiagoko lodiera dauka. Hogeita bost metro inguruko luzera du.

Hesi horretan badira defentsarako elementu batzuk, esate baterako, gezileihoak eta zilindro itxurako lau dorre izkinetan. Dirudienez, autore batzuen arabera, lubaki bat egon omen zen mendebaldean, baina gaur egun ez dago haren arrastorik ezta daturik ere. Eraikinean sartzeko atea hegoaldera begira dago, zorrotza da eta harrizko janba handiak ditu.

Lau isurkiko estalkia dauka, eta harresiak, 1963an zaharberritu aurretik, harrizko kakoak eta metxinalak zituen goiko partean; elementu horiek erakusten zuten egurrezko oholtzak edo plataformak bazirela, edo azkar batean eraiki zitezkeela, behar izanez gero. Gaur egun dorreak dituen matakanak, dorrea zaharberritu zenean eraikitakoak dira.

Fatxadetan bao gutxi daude: jatorrizko leihoak zorrotzak dira, eta gezileihoak dituzte perimetroan, babesteko. Beheko solairuak babesteko zenbait gezileiho dauzka. Solairu horretan bertan ate dinteldun txiki bat dago.

Dorrera sartzeko ate nagusia lehenengo solairuan dago, eta, ziurrenik, garai batean, egurrezko eskailera baten bidez igotzen ziren. Gaur egun harrizko eskailera batetik sartzen da.

Barneko egiturak erdiko zutikoa eta habeak ditu, besoekin. Eskuan zituzten datuetan oinarrituta berreraiki zuten dorrea 1963an; egurraren ordez, metalezko osagaiak erabili zituzten estalita.

III. ERANSKINA

BABESTEKO ARAUBIDEA

I. KAPITULUA

BABESTEKO ARAUBIDEAREN XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Babesteko araubidearen helburua.

Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorrita idatzi da, eta Mendoza dorrea Monumentu kategoriarekin kultura-ondasun kalifikatu modura izendatzeko legearen moldaketarekin bat etorrita, monumentua izendapen horretakoa baita.

2. artikulua.- Aplikazio-eremua.

Ondoren zehaztuko den babes-araubidea sailkatutako ondasunari ezarriko zaio, eraikinaren izendapen-akordioko I. eta II. eranskinetan jasotzen den mugaketaren eta deskribapenaren arabera.

3. artikulua.- Bereziki babestu beharreko osagaiak zeintzuk diren.

Sailkatutako eraikinean babes berezia behar duten elementuak ondorengo hauek dira:

Dorrearen perimetroa eta barruko eta kanpoko fatxadak osatzen dituzten harresiak eta bertan dauden elementuak, bai dorrean bertan baita kanpoko harresian ere. Berriki jarri dituzten elementuak (1963an zaharberritu zenekoak) salbuespen izango dira, berriki jarri dituztela objektiboki eta argi frogatzen bada.

4. artikulua.- Izaera loteslea.

Babesteko araubide honetako aginduak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako aginduek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta beraz, horiek ere bete egin beharko dute babesteko araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu arau hori betetzeko, babesteko araubidearen helburu den eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak, onartu aurretik, nahitaezkoa izango du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.

5. artikulua.- Agindu orokorrak.

1.- Babesteko araubide honen menpean dagoen ondareari dagokionez, baimenak, erabilera, jarduna, babesa, isunak, arau-hausteak eta gainerakoak arautzerakoan, 7/1990 Legeak dioenaren esanetara egongo da (lege hori Euskal Kultur Ondareari buruzkoa da).

2.- Babesteko araubide honen eraginpean dagoen ondasunaren jabeek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20 eta 35. artikuluek eta Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 24 eta 199. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

3.- Ondasunaren zatiren bat edo ondasuna osorik eraitsi behar izanez gero, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, baita azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren arabera ere. Dekretu hori sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta ondasun horiek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa da, eta aurretik aipatutako aginduak garatzen ditu.

II. KAPITULUA

ERABILERAK

6. artikulua.- Baimendutako erabilerak.

1.- Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: eraikinaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta eraikina modu egokian zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babesteko araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren osagaiei babes zuzena eta berariazkoa emango dieten erabilerak.

2.- Debekatuta egongo dira aurreko paragrafoan aipatzen ez diren gainerako erabilera guztiak.

7. artikulua.- Arautegira egokitzea, hala nola, Irisgarritasun Legera, eraikitzeko oinarrizko arautegira, instalazioen erregelamenduetara, instrukzio tekniko osagarrietara eta bestelakoetara.

Eraikina edozein erabilera berritara moldatzeko eta ondasunaren gain egin nahi den edozein esku-hartze burutzeko, dagokion gaiaren inguruan indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dira, betiere, babes-araubide honetako III. kapituluak eraikinari ezartzen dizkion mugen arabera.

III. KAPITULUA

ESKU-HARTZEKO ARAUBIDEA

1. ATALA

ESKU-HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK

8. artikulua.- Esku hartze-proiektuak.

Babes-araubide honen xede den ondasunean inolako esku-hartzerik egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua burutu beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:

a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko zehatza. Solairuak, 1/50 eskalan eginak; fatxada eta sekzioak, 1/20 eskalan, xehetasun arkitektonikoekin, argazki-dokumentazio osoarekin, plano historikoekin e.a.; eta bereziki, egitura-sistemaren altxaera zehaztua, neurtua eta akotatua.

b) Ondorengoak deskribatzen dituen dokumentazio grafikoa: egin beharreko esku-hartzeak, erabili beharreko materialak, lanak egiteko faseak, eta lehen aipatu eskaletan proiektatutako azken egoera.

c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakoak jasoko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa bat eta osagaiak babesteko erabaki diren neurriak.

d) Ondorengoak azalduko dituzten idatzizko agiriak: zein lan egingo diren, zein teknika erabiliko den, zein kalitatetako materiala erabiliko den, erabilitako materialak zenbateraino diren egokiak, eta material horiek gainerako osagaiekin nola lotzen diren eta zer-nolako eragina duten elkarrekiko.

e) Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala mantentzeko beharrezko teknikak eta baliabideak.

f) Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babesteko erregimen honek ezarritako aginduen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barne hartzen dituena.

Proiektuen dokumentazioa obren edo esku-hartzeen ondorioen eragina jasandako eraikin-zatiarena izango da.

9. artikulua.- Debekatutako esku-hartzeak.

Eraikinean egin daitezkeen esku-hartzeak mugatuta daude, eraikinaren balore historiko-arkitektonikoak babeste aldera. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko osagaien ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikinari; hain zuzen ere, babesteko araubide honetako 3. artikuluan aipatzen diren osagaiak dira.

Orokorrean, ondorengo esku-hartzeak galarazi egingo dira: babestutako eraikinaren balio historiko-arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkienak, bai eta babes-erregimen honen edozein zehazpenen aurka doazenak ere.

Babes berezia dutela-eta 3. artikuluan aipatutako elementuei dagokienez, debekatuta dago: estilo-eransketak egitea, nahiz eta obra amaituaren itxura nolakoa behar duen izan edo nola azaldu behar duen aditzera eman dezaketen dokumentu grafikoak egon.

2. ATALA

ESKU-HARTZEKO BERARIAZKO IRIZPIDEAK

10. artikulua.- Esku-hartzeko berariazko irizpideak.

1.- Babesteko araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuen gainean, 317/2002 Dekretuan berriztapen zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaitze-jarduketa babestuak arautzen ditu.

2.- Etxea beste zerbaitetarako erabiltzen bada, egokitzeko lanak ahalik eta gutxien izango dira, egiturari eta fatxadari dagokienez bereziki.

3.- Baimendutako lanak egiterakoan, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:

a) Ez da erabiliko eraikinaren kanpo-egitura edo akabatuen osaera betiko alda dezaketen garbiketa tratamendurik. Garbitu aurretik eta materialen analisia egin ondoren, elementu hauskorrenak babestu egingo dira, eta dauden junta eta pitzadurak itxi.

b) Hormak orokorrean: egoera txarrean daudenean, sendotzeko erabil daitezkeen teknikak aztertuko dira. Desmuntatzea eta berriro eraikitzea izango da azkeneko aukera.

c) Instalazioak: instalazioen bideratzeak egiterakoan kontuan izango da iristerrazak izan behar dutela, eta gainera, ez direla nabarmendu beharko. Ezin izango dira horma-egitura barruan egin.

d) Ondare babestuaren gain egindako esku-hartze orotan, etorkizunean birgaitzeko esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknikak eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna berriztatzeko lanak burutzeko, beharrezko gaitasun teknikoak behar bezala egiaztatzen dituzten enpresa espezializatuengana jo beharko da, lan horiek berme guztiekin egin daitezen.

11. artikulua.- Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.

Baimendutako esku-hartzeak ondorengoak izango dira, betiere, eraikinaren osagai tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzen dituzten artean:

a) Eraikinaren egokitzapen funtzionala, betiere, erabilera kanpoko fatxadekin eta eraikinaren egiturarekin bateragarria bada, Babesteko Araubide horrek ezarritakoaren arabera.

b) Fatxadak zaharberritzea. 1963 urtean jarritako elementuak kendu ahal izango dira, matakanak, leihateak, gezileihoak, almenak...; baina hori egin ahal izateko elementu horiek originalak ez direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da. Horretarako, eraikinaren azterketa estratigrafikoa egin beharko da nahitaez.

c) Eraikina finkatzea, berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatuz, jarraian adierazitako egitura-elementuen posizioa edo kota aldatu gabe:

- Kanpoko eta barruko sostengu-hormak.

d) Oinarrizko instalazio higieniko-sanitarioak jartzea, betiere, babesteko araubide honetako gainerako agindu guztiak errespetatuz.

12. artikulua.- Babestutako ondasuna berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.

Aurreko artikuluak esandakoa betez, ondasuna hondatzen bada, ondorengo lanak edo integrazioak onartuko dira:

1.- Eraikinean esku-hartze orokorra egin behar bada, ikerketa sakona egin beharko da, eta jatorrizko zatiak eta aurrerago jarritakoak bereizi beharko dira. Horrela, materiala, kokapena edo eraikitzeko modua direla-eta balio historikorik ez dutela egiaztatzen bada, kendu edo beste batzuekin ordezkatu ahal izango dira.


Azterketa dokumentala