Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2009ko martxoaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
1650

33/2009 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana onartzen duena.

Gune hori Babestutako Biotopo deklaratu aurretik, Natura Baliabideak Antolatzeko Plana egin eta onartzeari ekin zaio, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen arabera.

Xede horrekin, eta Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat denez Deba eta Zumaia arteko itsasertzari babes-araubide berezia ematea Babestutako Biotopo deklaratuta, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak 2006ko ekainaren 14ko Agindua eman zuen, gune horretako Natura Baliabideak Antolatzeko Plana egin eta onartzeko prozedurari hasiera emateko, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak, alegia, plana idatzi duen organoak, beste dokumentu bat egin zuen aurrez. Gipuzkoako Foru Aldundiak dokumentu horri buruzko txostena egin zuen, eta, ondoren, entzunaldia egin zen; hain zuzen, interesdun, gune horretako interes sozialen titular, ingurune naturalarekin lotutako elkarte eta eragindako udalen entzunaldia. Kontsulta horiek egin ondoren, Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailburuak 2008ko apirilaren 23ko Agindua eman zuen, Natura Baliabideak Antolatzeko Plan honi hasierako onespena emateko eta dokumentua jendaurrean jartzeko, 2008ko apirilaren 22an Euskal Herriko Natura Zaintzeko Aholku Batzordeak aldeko txostena eman ondoren.

Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea eginik eta aurkeztutako alegazioak kontuan harturik, behin-behineko onespena eman zitzaion Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Natura Baliabideak Antolatzeko Planari, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren 2008ko uztailaren 28ko Aginduaren bidez. Behin-behingoz onartutako Plana Euskal Herriko Lurraldearen Antolamendurako Batzordera igorri zen, nahitaezko txostena egin zezan, eta 2008ko azaroaren 6an egin zuen txosten hori.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko otsailaren 10ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren,

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Natura Baliabideak Antolatzeko Plana behin betiko onartzea, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera (Dekretu honi erantsita argitaratu da Plana).

XEDAPEN IRAGANKORRA

Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Deba eta Zumaia udalerriei (Gipuzkoa) eragiten dieten lurralde-antolamenduko edo antolamendu fisikoko bitartekoak Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko Natura Baliabideak Antolatzeko Planean ezarritako zehaztapenetara egokituko dira urtebeteko epean. Egokitzapen hori egin bitartean, Antolamendu Planeko zehaztapenak ezarriko dira beti, lurralde-antolamenduko edo antolamendu fisikoko bitarteko horien gainetik daude eta.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko otsailaren 10ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.

ERANSKINA OTSAILAREN 10EKO 33/2009 DEKRETUARENA

DEBA ETA ZUMAIA ARTEKO ITSASERTZEKO NATURA BALIABIDEAK ANTOLATZEKO PLANA

Edukia

1.- Deskribapena

1.1.- Arrazoiketa

1.2.- Xedapen orokorrak eta aurrekariak

1.2.1.- Izaera

1.2.2.- Aplikazio-Esparrua

1.2.3.- Helburu orokorrak

1.2.4.- Indarraldia eta berrikuspenerako baldintzatzaileak

1.2.5.- Eremuaren kudeaketa

1.3.- Lurzoruaren jabetza eta legezko eskubideak

1.4.- Ezaugarri fisiko eta biologikoen deskribapena eta interpretazioa

1.4.1.- Eskualdeko klima

1.4.2.- Ozeanografia

1.4.3.- Geologia eta geomorfologia

1.4.4.- Gainazaleko hidrologia

1.4.5.- Itsasertzeko eta itsasoko flora eta fauna

1.4.6.- Lehorreko ekosistemak eta landaredia

1.4.7.- Lehorreko fauna

1.4.8.- Paisaia

1.5.- Gizarte-ingurunearen eta giza erabileraren deskripzioa eta interpretazioa

1.5.1.- Aisia eta turismoa

1.5.2.- Nekazaritza eta abeltzaintza

1.5.3.- Ehiza eta arrantza profesionala

1.5.4.- Itsas arrantza

1.5.5.- Bide-sarea eta eraikinak

1.5.6.- Naturaren kontserbazioa eta interpretazioa

1.5.7.- Ikerketa geologikoak

1.5.8.- Kanpo-eraginak

1.6.- Deskribapenerako material gehigarria

2.- Baliabideen, ekosistemen eta paisaien kontserbazio-egoera: diagnostikoa eta aurreikuspena

2.1.- Eremuaren ebaluazioa

2.2.- Balio potentziala

2.3.- Faktore mugatzaile edo aldarazleak

3.- Jarduketaren helburuak eta estrategiak

3.1.- Irizpide eta helburu orokorrak

3.2.- Jarduera estrategiak eta helburu espezifikoak

4.- Antolamendua eta araudia

4.1.- Zonakatzea

4.2.- Erabileren eta jarduerak arautzeko helburuak, jarraibideak eta arauak, zonaka

4.2.1.- Erreserba Zona

4.2.2.- Erabilera Bereziko Zona

4.2.3.- Itsas Babeseko Zona

4.2.4.- Landa Paisaiaren Babeseko Zona

4.2.5.- Ekosistemak Hobetzeko Zona

4.2.6.- Lehengoratu Beharreko Zona Narriatua

4.2.7.- Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zona eta Landazabala

4.2.8.- Ibilguen Babeserako Gainjarritako Baldintzatzaileak

4.2.9.- Azpiegituren Zorpenerako Gainjarritako Baldintzatzailea

4.2.10.- Santa Katalina eta Talaimendiko Sistema Orokorren Gainjarritako Baldintzatzailea

4.2.11.- Lurralde-eredua

4.3.- Baliabideen babeserako helburu, jarraibide eta arauak

4.3.1.- Baliabide geologikoen babesa

4.3.2.- Habitaten, flora eta faunaren babesa

4.3.3.- Lehorreko baliabide hidrologikoen babesa

4.3.4.- Paisaiaren babesa

4.4.- Erabilerak eta jarduerak arautzeko helburuak, jarraibideak eta arauak

4.4.1.- Nekazaritza eta abeltzaintzako erabilera

4.4.2.- Basogintza-erabilera

4.4.3.- Erabilera publikoa

4.4.4.- Ehiza - eta arrantza-jarduerak lehorrean

4.4.5.- Arrantza-jarduera itsasoan

4.4.6.- Jarduera zientifikoak eta ikerketa

4.4.7.- Eraikuntza- eta azpiegitura-jarduerak

4.5.- Babes-erregimenak

4.6.- Beste babes-erregimen batzuk

5.- Ingurumen-eraginaren ebaluaketaren mendeko jarduerak

6.- Kartografia

Eranskinak

I. eranskina.- Antolamendu-esparruaren deskribapen xehekatua

II. eranskina.- NBAP-ren esparruan dauden lurralde-antolamendurako zein antolamendu fisikorako tresnak

1.- Lurralde Antolamenduko Artezpideak

2.- Lurralde Plan Partzialak

3.- Lurralde Plan Sektorialak

4.- Udal-planeamendua

5.- Lurraldea planifikatzeko tresnen eta NBAP honen bateragarritasunaren analisia

III. eranskina.- Antolamendu-esparruan eragin berezia duten araudiak

1.- 22/1998 Kosta legea

2.- Arrantzari eta itsaski-bilketari buruzko legeria

IV. eranskina.- Ondare geologikoaren elementu nagusiak eta horiek babestu eta kudeatzeko proposamenak

Garrantzi geologiko berezia duten guneak

V. eranskina.- Lurralde-ereduan baliatutako erabilera- eta jarduera-tipologiak

1.- Ingurumenaren babesa

2.- Aisia eta atsedena

3.- Oinarrizko baliabideen ustiapena

4.- Azpiegiturak

5.- Eraikuntza-erabilerak

VI. eranskina.- NBAP hau garatzeko dokumentuak

1.- Erabilera publikoko plana

2.- Ehizaren plan teknikoa

3.- Laginketa geologikoen plana

4.- Jarraipen-plana

VII. eranskina.- Argazki-erreportajea

1.- Deskribapena.

1.1.- Arrazoiketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko 16/1994 Legeari jarraiki, herri-administrazioak, beren eskumenen baitan, natur baliabideak modu antolatuan kudeatzeaz arduratuko dira, lurzorua, urak, landaredia, basa-flora eta -fauna kontserbatuz eta babestuz, nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-erabilerari nahiz azpiegitura eta eraikuntzen ezarpenari begira inguruneak duen ahalmena errespetatuko dela bermatuz eta ingurune hori hezkuntza- eta kultura-eremu gisa erabiltzea sustatuz. Natur Baliabideak Antolatzeko Planak (NBAP) printzipio horiek betetzeko berariazko tresnetako bat dira.

NBAPren lehen zehaztapena izango da antolatuko den lurralde-eremua mugatzea eta haren ezaugarri fisiko eta biologikoak deskribatu eta interpretatzea. Era berean, natur baliabideen, ekosistemen eta paisaien kontserbazio-egoera zehaztu behar da, eta haren diagnostikoa zein etorkizunean izango duen bilakaeraren aurreikuspena egin. Horrez gain, ezarri beharreko erabileren eta jardueren mugaketa orokor eta berariazkoak xedatu behar ditu NBAPk, babestu beharreko eremu eta espezieen kontserbazioaren nahiz lurraldearen zonakatzearen arabera.

Gipuzkoako itsasertzaren mendebaldera, Haitzandi (Deba ibaiko badiaren ekialdeko muturra, Deban) eta Haitzabal (Urola ibaiko bokalearen ezkerraldea, Zumaian) artean dagoen lur-zerrendan, itsaslabarrez osatutako 8 km-ko tarte bat dago, oinarrian abrasio-plataforma zabalak dituena. Euskal Autonomia Erkidegoa osoki harturik, geologia-, paisaia- eta natura-balio handia duten elementuak daude eremu horretan 1. mapa)

Itsasertzeko zerrenda horretan gehien nabarmentzen diren alderdiak haren geomorfologia, nazioartean ere bakana, eta, eremu isolatua eta iristen zaila izaki, gizakiak inguruan izan duen eragin txikia dira. Geologiaren ikuspegitik berebiziko interesa du, marearteko zabalgunearen handiagatik, flyscharen materialen higadura diferentzialaren ondorio, eta bertan Kretazeo eta Tertziario arteko zerrenda bat, agerikoa oso, ikus daitekeelako.

Paisaiaren ikuspegitik, itsasbazterraren fisiografiak higadura-arrasto interesgarriak ageri ditu eremu honetan, hala nola haran esekiak, oinarria atzeratua duten itsaslabarrak eta, bereziki, marearteko zabalgune handi bat. Interesgarriak dira, halaber, itsasertzeko gune horretara ematen duten ikus-eremuak. Habitatak, faunak eta florak duten natur interesa higadurak sortu duen ingurune-aniztasunean datza. Izan ere, askotariko txoko ekologikoak eta landare zein animalien dibertsitate handia biltzen dira zabalgunearen marearteko eremuan.

Bertako natur balioak direla medio, eremuak Biotopo Babestu deklaratua izateko baldintza guztiak betetzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko 16/1994 Legearen 15. artikuluarekin bat etorriz. Nolanahi ere, deklarazio horren aurretik, eta aipatu legearen 18. artikuluari jarraiki, beharrezkoa izango da zonalde guztirako Natur Baliabideak Antolatzeko Plan bat taxutzea, baliabide horien kontserbazioa eta erabilera planifikatu eta eremuaren lurralde-mugak ezarriko dituena. Ekainaren 30eko 16/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babestekoa, 9. artikuluan xedatzen duenez, Plana taxutu eta izapidetzeko prozesua Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren Agindua medio abiarazi behar da. Aipatu Agindua, 2006ko ekainaren 14koa, 2006ko uztailaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.

1.2.- Xedapen orokorrak eta aurrekariak.

1.2.1.- Izaera.

Deba eta Zumaia arteko itsasertzaren Natur Balioak Antolatzeko Plana ekainaren 30eko 16/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babestekoa, xedatutakoaren anparoan ondu da. Lege horren II. Tituluan, tankera horretako plangintza-tresnen xedeak, irismena, edukiak, ondorioak eta prozedura orokorrak ezartzen dira.

1.2.2.- Aplikazio-esparrua.

Deba eta Urola ibaietako bokaleen artean kokatutako itsasertzeko zerrenda Gipuzkoako ipar-mendebaldean dago. Ingurua berezi eta bakan egiten duen natur elementua 8 km inguruko itsaslabarren eremu malkartsua da, oinarrian abrasio-plataforma zabalak dituena. Barrualdera, bertara isurtzen duten eta elkarren segidan doazen arro txikiek landazabaleko itsas paisaia orekatu eta estetikoki erakargarria osatzen dute. Antolamendu-plan honek barne hartzen duen eremua Deba ibaiaren bokalearen (Debako udalerria) eta Haitzabalen (Zumaiako udalerria) artekoa da. Barrualdera, itsas eragin handieneko ikus-eremuek mugatzen dute, nagusiki, antolamendu-esparrua. Itsas zabalean, muga Barruko Urena izango da (1. mapa).

Dokumentu honen I. eranskinean, esparru hau xeheki deskribatzen da.

Horrela mugatutako barne-perimetroak 4.300 ha inguruko azalera hartzen du; horietatik 3.756 ha itsasoari dagozkio eta 495 ha lehorreko eremuari, Debako udalerrian (% 84) eta Zumaian (% 16). Gainerako 49 ha-k Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikokoak (ILJP) dira.

1.2.3.- Helburu orokorrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko 16/1994 Legearen arabera, antolamendu-planak dira natur baliabideak planifikatzeko tresnak, eta horiei jarraiki herri-administrazioek beren eskumenak baliatuko dituzte, oinarrizko printzipio batzuei atxikiz:

- Paisaia babestea.

- Natur baliabideak modu antolatuan kudeatzea.

- Lurzorua erabiltzeko orduan, hura kontserbatu eta babestea.

- Nekazaritza-erabilera bermatzea, horretarako egokiak diren lurretan.

- Baliabide hidrikoak babestea.

- Landaredia kontserbatzea, bereziki basoak, heskaiak eta erriberako landareak.

- Landaredia eta ecosistema naturalak lehenera ekartzea.

- Basa-fauna eta -flora errespetatzea.

- Naturaren ikerketa eta hezkuntza proiektuak egin daitezen sustatzea.

- Natur ingurunea kultura- eta aisialdi-eremu gisa erabiliko dela bermatzea.

- Balizko mugaketengatik konpentsazioak bermatzea.

1.2.4.- Indarraldia eta berrikuspenerako baldintzatzaileak.

Antolamendu Plan honen indarraldia mugagabea izango da. Haatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko 16/1994 Legearen 5. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez aldatu edota eguneratuko da, gorabehera hauetakoren bat gertatuz gero:

- Antolatutako eremuaren baldintza natural, ekonomiko edo sozialetan aldaketa nabarmenak ematea.

- Antolamendu Plan hau taxutzean funtsezkoak izan diren helburuak eta irizpideak aldatzea.

- Bi urtez behingo txostenetan edo sei urtez behingo berrikuspen orokorrean hori gomendatzea, jarraipen-planak eskainitako datuei jarraiki.

1.2.5.- Eremuaren kudeaketa.

1) Naturgune babestuaren kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio.

2) Organo Kudeatzaileak, 16/1994 Legearen 35.2 artikuluan aipatzen den lankidetzaren esparruan, Herri Administrazioekin hitzarmenak sinatuko ditu, batez ere Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Sailburuordetzarekin, itsas ingurunea zaintzeko eta ikuskatzeko. Gogoan izanik Zumaiako udalak kudeatzen duen Algorri Interpretazio Zentroaren ibilbidea, udal horrekin hitzarmen berriak sinatuko ditu bi organismoen arteko beharrezko lankidetza bermatzeko.

1.3.- Lurzoruaren jabetza eta legezko eskubideak.

ILJPren zedarripen-lerroak eta antolamendu-esparruaren mugaketa-lerroak barne hartzen duten 495,2 ha-tik, antolatutako alderdiko lurren ia erdiak jabari publikokoak dira (5. mapa); Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako bi lurzati dira, guztira 213,3 ha hartzen dituztenak. Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren zedarripenak 48,5 ha-ri erasaten dio guztira.

Gainerako lurrak titularitate pribatukoak dira, gehientsuenak lurzati txikiak. Lursailen titularitate pribatuak berekin dakartza legeriak aitortzen dituen erabilera- eta probetxamendu-eskubideak. Halaber, lursail eta bide publiko edo finkatu gehienen gainean igarotze- eta aisia-eskubideak daude.

Lursailen titularitate-banaketa hori Mendata muturrean zentral nuklear bat eraikitzeko proiektuak, gaur egun bertan behera utzia, baldintzatu du. 70eko urteetan, Iberduerok 120 ha baino gehiago erosi zituen Sondabeltza eta Aitzbeltz arteko gunean. Garaitsu hartan, Debako Udalak, argi eta garbi zentrala eraikitzeko proiektuaren aurka zegoelarik, zenbait lursail erosi zituen Elorriaga eta Galarreta artean, bertan parke publiko bat paratzeko asmoz. Lursail horiek guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoak dira gaur egun, eta bertan zenbait baserri daude, titularitate publikokoak izan arren garai bateko jabeen edo haien ondorengoen bizileku direnak (1. taula). Jabetza horiek Herriaren Onurako Mendi gisa kalifikatuta daude, Mendata Muturra izendapenaz; eremu hori azaroaren 21eko 108/1995 Foru Dekretuak onartutako Gipuzkoako Herriaren Onurako Mendien Katalogoan jasota dago 1.029.1 zenbakiaz.

1. taula.- Esparruaren barruan kokatutako baserrien zerrenda, horien udal-barrutia eta jabea. Oraindik orain Mendata eta Iturrieta baserriak eraitsiak izan dira, eta Arantza Behekoa, berriz, aurri-egoeran dago, berehalako eraispena sumatzen delarik.

Izena

Nombre Udal barrutia

Término Municipal Jabetza

Propiedad

Sakoneta Deba GFA/DFG

Mendata Deba GFA/DFG

Iturrieta Deba GFA/DFG

Uzkanga Goikoa Deba GFA/DFG

Uzkanga Behekoa Deba GFA/DFG

Arantza Goikoa Deba GFA/DFG

Arantza Behekoa Deba GFA/DFG

Sorginetxe Deba Partikularra/Particular

Pikote Zumaia Partikularra/Particular

Sta Klara Zumaia Partikularra/Particular

Ardantza Berri Zumaia Partikularra/Particular

Ardantza Txiki Zumaia Partikularra/Particular

Ardantza Zumaia Partikularra/Particular

Itxasondo Zumaia Partikularra/Particular

Talaimendi Zumaia Partikularra/Particular

Andikara Berri Zumaia Partikularra/Particular

NBAPren esparruaren baitan dago, halaber, Debako Hondakin Uren Araztegia (Arranomendi).

1.4.- Ezaugarri fisiko eta biologikoen deskribapena eta interpretazioa.

Kapitulu hau lantzeko orduan, eta bereziki marearteko eta itsas inguruneari buruzko atalerako, Aztiren bi txosten tekniko hartu dira oinarri gisa: «Algorriko marearteko zabalgunea ezagutzeko oinarri teknikoak ezartzea Biotopo Babestua deklaratzeko ahal izateko», Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskariz 2000. urtean egina, eta «Deba eta Zumaia arteko itsas tarterako dagoen informazioa zabaltzea», Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren eskariz 2007ko abenduan egina. Azken txosten hori dokumentu honen beste kapitulu batzuetako zati garrantzitsuen oinarri ere bada.

1.4.1.- Eskualdeko klima.

Antolatutako zonaldeak Kantauri Itsasoaren klima leuna du; alegia, euri ugari urte osoan zehar, eta tenperatura epelak. Tenperaturaren epela eta uraren ugariagatik, landarediaren hazkunde-garaiak ia ez du etenik.

Urtean, prezipitazioak 1.040 eta 2.180 mm artekoak dira, eta euria 150-200 egunetan egiten du. Prezipitazio gehien udazkenean izaten dira, eta muturreko balioak abenduan ematen dira. Aitzitik, uda hasiera arorik lehorrena izan ohi da.

Urteko batez besteko tenperatura 13 ºC ingurukoa da; hil beroenaren (abuztua) eta hotzenaren (abendua) batez besteko tenperaturen arteko aldea, berriz, 12 ºC inguruko da. Izotzaldiak eta tenperatura altuak (> 35 ºC) oso gutxitan izaten dira; batez besteko maiztasunak urteko 5 eta 10 egunekoak dira, hurrenez hurren.

Haizeei dagokienez, iparraldekoak dira ohikoenak, eta gehieneko maiztasunak udan markatzen dituzte; hego-haizeak urriagoak dira, eta udazken-neguan dira ohikoen. Ondorioz, tenperaturak leunak dira neguan eta neurritsuak udaran, eta urteko laino-egunak (% 12) espero baino gutxiago dira, hezetasun erlatiboaren balio altuei (% 80) erreparatuz gero behintzat.

1.4.2.- Ozeanografia.

1.4.2.1.- Olatuak.

Bizkaiko Golkoaren iparraldeko plataforma kontinentalean, itsasoaren egoera era askotakoa izan daiteke, bai olatuaren garaierari bai jatorri-puntutik igarotzeko batez besteko aldiari dagokionez, eta energia-iturri baliagarritzat jotzen da.

Olatuaren gehieneko garaiera 7,5 m-koa da urtean, 9 m-koa 10 urtero eta 11,5 m-koa 100 urteko birgertatze-aldi baterako. Olatualdi bakoitza 4 eta 22 s bitartekoa da, eta tarte ohikoenak 8 eta 12 s bitartekoak dira. Udaran (apiriletik irailera), olatuak txikiak dira eta olatualdien % 80 10 s-tik azpikoak. Ordea, neguan (urritik martxora) gehieneko garaieren (H) % 75 baino gehiago 1 m-tik gorakoak dira, eta olatualdien % 80 10 s-tik gorakoak. Olatuen norabideen azterketa estatistikoak agerian uzten duenez, distantzia handietara sortutako olatuak (swell motakoak), iparraldetik etorriak, dira maizkoenak, eta tankera horretakoak dira, hain zuzen ere, zonaldean izaten diren olaturik handienak. Olatuen % 77 laugarren koadrantetik datoz. Hurbilean sortutako olatuak (sea motakoak) swell motakoak baino txikiagoak dira garaieran eta jatorri-puntutik igarotzeko batez besteko aldian, eta jatorria ere askotarikoa dute.

1.4.2.2.- Marea.

Inguruko marea egun-erdikoa da. Marea-uhina mendebaldetik sartzen da Bizkaiko Golkora eta ekialdera hedatzen, eta golkoan barneratu ahala handiagotuz doa. Azter-eremuan, batez besteko marea-maila 1,5 m ingurukoa da marea hiletan eta 4 m-koa marea bizietan. Urteko gehieneko maila 4,5 m-tik gorakoa da.

Datu horien arabera, marea hileko aldietan kostaldea mesomareal baxu gisa definitzen da, eta marea biziak direnean, berriz, mesomareal altu gisa.

Marea igotzen ari denean, sakoneko tirainak materia organiko eta ez-organikoko kopuru handiak ostera mugimenduan jar daitezen eragiten du. Fenomeno hori 10 m inguruko sakonera arte gertatzen da abrasio-plataformetan, eta azken urteotan areagotu egin da, Pikote aldean izan diren luizien ondorioz.

1.4.2.3.- Inguruko korronteak.

Urazalean, hirugarren koadrantean dira korronteak maizkoen, eta gehieneko abiadurak hirugarren koadrante horretan zein laugarrengoan ematen dira. Abiaduren batez besteko baliorik altuena NNW norabidean aurkitu da.

Hondoan, hegoaldeko korronteak dira jaun eta jabe. Gehieneko abiadurak 50 cm.s-1-tik gorakoak dira ESE eta SSE norabideetan, eta batez besteko altuenak ere norabide horietan ematen dira.

1.4.2.4.- Uraren tenperatura.

Sakonera txikieneko eremuetan, homotermia nabarmena da (urazalaren eta hondoaren arteko aldea ez da 1,5 ºC-tik gorakoa); itsasbazterrerako distantzia eta, horrenbestez, sakonera areagotu ahala, geruzapen termikoa ere handiagoa da, ur-geruza hotzagoak agertzean. Dena den, gune sakonenetan ere ez dago tenperatura-gradiente nabarmenik.

Bokaleetatik hurbileko itsasertz-inguruetan, Deba eta Urola ibaietako urek, hotzagoak eta ez hain gaziak, gainazalean irauten dute, harik eta denboraleek ur-zutabearen nahasketa mekanikoa eragiten duten arte.

1.4.3.- Geologia eta geomorfologia.

8 km luze inguru dituen Zumaia eta Deba arteko itsasertzaren bereizgarri nagusia itsasoaren higaduragatik eboluzio handiagoa edo txikiagoa ageri duten abrasio-plataformekiko labarrak dira. Ezponda arrokatsuen gaineko olatualdi zakarrak harri-blokeak multzoka jausarazten ditu eta, ondorioz, urertzak ere atzera egiten du, labarren oinarrian aipatu abrasio-plataformak eratuz. Geruza litologiko gogorrenek puntak edo lurmuturrak eratuz eusten dute, eta ahulenak, berriz, itsasoak gupidagabe irensten ditu, badia zabalak sortuz.

Ondorioz, -10 m-ko kota labarraren oinetik 700 m baino gehiagora dago, Aitzuriko badiaren parean, eta -30 m-koa 2 km ingurura. Zabalgunearen urpeko zatiari dagokionez, egindako batimetriek erakusten dute itsas hondoa arras irregularra dela eta flyscharen harkaitzezko irtenune oso geruzatuek osatzen dutela. Salbuespen gisa, Urolaren bokalearen parean hondar ertain eta xeheko zerrenda bat dago, irtenune arrokatsuez inguratua. Sakonune horrek, sedimentu berriez betea, 1 eta 5 m arteko lodiera du; -15 eta -25 m-ko koten artean, lodiera 5 m-koa da. Gainerakoan sakonune txikiak daude, aipatzeko moduko bakarra Itzurungo hareatza.

Itsasbazterreko eremu honen beste bereizgarri garrantzitsu bat da 1 km baino laburragoak diren malda txiki eta profil irekiko erreken presentzia. Itsas mailatik 10 eta 30 m-ra zintzilik daude eta ur-jauzi moduan nahiz labarreko hormetatik irristatuz isurtzen dute itsasora. Haran luzeagoak ere (2-3 km) badira, hondartza harritsuak eratuz eta labarraren aurrealdea etenda (Arranomendi, Oskon edota Sakoneta) itsasoratzen direnak.

Geologiaren ikuspegitik, itsasertza osatzen duten materialen izaerari eta haien antolamendu geometrikoari erreparatuz, Deba eta Zumaia artean lau zona bereiz daitezke (2. mapa):

1) Endata edo Mendata muturraren eta Debaren arteko eremua.

Behe Kretazeoko turbidita-erako harearri eta lutiten geruza dezimetrikoez osatua, labarraren aurrealdetik paraleloan doa. Horrenbestez, labarra zuzena da eta geruza horietakoren bat ageri du. Geruzak tolestuak eta hautsiak dauden guneetan, itsaslabarrak oro har berezko duen ezegonkortasuna areagotu egiten da, labarraren harrotze-prozesuei bide eginez (Itxaspeko badia). Haitzandin, alpe zuzeneko tolestura angelukarak eta alpeen elkartze-gune murritzak ikus daitezke, zentimetro batzuetako lodiera duten geruzetan paratutako hareharri eta lutiten antolaera asaldatuz. Turbidita-erakoak dira, Behe Kretazeokoak.

2) Endata edo Mendata muturraren eta Aitzuri muturraren arteko eremua.

Behe Kretazeoko turbidita-erako kareharriez eta marga-kareharriez osatua. Mendata Erreka Aurrean, izen bereko ubidea itsasoratzen da; mailaz maila behera doan haran batetik zehar bidea egin ondoren, bortizki ur-jauzi gisa erortzen da itsaslabarraren gainean esekita dagoen haranaren oinean kokatutako harri-koskorreko hondartzarantz. Labarreko geruzen eta inguruan nagusi den tirainaren norabidea bat bera izateak labarraren oinean zuloak eta azpijan-fenomenoak sortzea dakar. Antzeko fenomenoa gertatzen da Sakonetako senaian; bertan, harri-koskorreko hondartzak labarraren kontrahormak ditu bi alboetara, higadura diferentzialaren eta azpijanaren adibide garbia agertuz.

3) Sakoneta eta Aitzgorri muturren arteko eremua, Aitzuriko senaian, Goi Kretazeoko margek eta marga-kareharriek, horiek ere turbidita-erakoak, definitzen dute. Itsaslabarraren atzerakada hain azkarra izan da, ezen haranak labar azpibertikaletan zintzilik baitaude, egoera oso ezegonkorrean gainera, 100 m-tik gorako altueretan.

4) Aitzgorri muturraren eta Marianton muturraren arteko eremua.

Zumaian kokatua, Tertziarioko kareharri, marga-kareharri, marga eta lutiten geruza dezimetrikoez osatua dago. Bi muturren artean San Telmo hondartza dago, Euskal Herrian interes geologiko handien duen guneetako bat, harkaitzezko irtenuneen kalitateagatik eta Goi Kretazeotik Tertziariorako iragaitea erakusten duelako (2. mapa). Iragaite hori kareharrizko tarte baten sekuentziaren oinarrian ikus daiteke.

Deba eta Zumaia arteko itsasbazterreko zerrendan, ageriko estratuen ondoz ondoko geruzak geologia-liburu baten pareko dira, zortzi bat kilometrotan Lurraren historiako 50 milioi urte inguru barne hartzen dituena, hasi Haitzandi aldeko 100 milioi urteko arroketan kokatutako Goi Kretazeoaren oinarritik eta Marianton aldean ageri diren Tertziarioaren hasierako hareharrietara.

Beraz, antolamendu-esparruko labarrak bizitzaren historiari buruzko datuen zain agortezina dira joan den mendearen 50eko urteetatik abrasio-plataforma honetan ikertzen ari diren ehunka zientzialarirentzat. Material bigun eta gogorren ondoz ondoko segidak informazio aski baliotsua eskaintzen du itsasoko zein lehorreko organismoen fosiletan islatua, planetan gertatu diren klima-aldaketei, hondamendi naturalei eta espezieen suntsipenei buruzko informazioaz gain.

Bestalde, K/T mugan 5 mm inguruko lodiera duen buztinezko geruza bat ageri da, osmio eta iridioan -lurrazalean urria izan arren izarrarteko espazioan ugaria den elementua- aberatsa. Horrek Iraungipen Handia deitutakoaren teoria bermatzen du, alegia duela 65 milioi urte Mexikoko Golkoan eroritako meteorito erraldoi baten inpaktuak Lurra hauts eta zatikien laino-mataza batean murgildu zuela eta dinosauroak eta beste hainbat espezie iraungi zituela. Antolamendu-esparru honetan orobat aurki daitezke geroago desagertu ziren beste espazio fosildu batzuk.

Azter-eremuko irtenuneen proportzioa ez da ohikoa, haien tamainagatik, hartzen duten aro geologikoaren zabalagatik eta irisgarriak izateagatik. Era Sekundarioaren eta Tertziarioaren arteko mugaz gain (K/T, Kretazeo-Tertziario muga), beste aro geologikoen arteko trantsizio aski markatuak ere badira, hala nola Era Tertziarioaren lehen bi aroak bereizten dituen Paleozeno-Eozeno muga edo Goi eta Behe Kretazeoaren artekoa. Muga horien garrantzi zientifikoa berebizikoa da, Lurraren historian gertatu diren krisi biologikoen edo ingurumen-aldaketen adierazgarri direlako.

Irtenuneetan garbi ikus daitezke korronteen norabideak seinalatzen dituzten xafla paralelo eta gurutzatuak zein flute edo korronte-markak, dish egiturak, xafla-zerrenda kiribilduak, slumpak eta pikorren kokapenaren araberako estratuen sailkapena. Era berean, Kretazeo-Tertziarioko ozeano artean finkatu gabearen hondoko sedimentuetatik lerratu ziren organismoek sortutako pistak ikus daitezke gune batzuetan.

Dokumentu honetako IV. eranskinean, antolamendu-esparruan garrantzi handiena duten gune geologikoak deskribatzen dira.

1.4.4.- Gainazaleko hidrologia.

Deba eta Zumaia arteko itsasertzean, errekasto batzuek labar-lerroekiko zut dauden bailara txikiak drainatzen dituzte.

Esparruaren mugak erreka labur horietako gehienen arroak barne hartzen ditu, askotan drainatze-arroaren muga ikus-eremuarenarekin bat datorrelako, azken muga hori delarik lehorreko eremua zedarritzeko erabili den irizpidea. Haran luzeagoak ere (2-3 km) badira, hondartza harritsuak eratuz eta itsaslabarraren aurrealdea etenda (Arranomendi, Oskon edota Sakoneta) itsasoratzen direnak.

Debaren bokaletik hasita mendebaldera joz (Urolaren bokalea), urak marearteko zabalgunera isurtzen dituzten errekak hauek dira: Arranomendi (Iribearko), Mendata, Sakoneta, Errota Berri, Arantza, Galarreta, Oreisto erreka eta Andikara erreka.

Arranomendiko erretenak Itziarko mendi-mazeletan du iturburua, A-8 autobidearen gainetik. Beherago, ezkerraldetik, Iparragirre eta Santa Katalinako mazelak drainatzen dituen San Joango erretenaren urak hartzen ditu. Bi ubideok bat egiten duten gunetik aurrera eginez, Debako Hondakin Uren Araztegia dago. Puntu horretatik, erreka haran eseki batetik aurrera doa, itsaslabarrera amiltzen den arte. Araztegiaren isurkiak uren konposizio kimikoa aldatzen du, jariakinen gehikuntza dela-eta.

Drainatze-arro handiena duen erreka Errota Berri da. Jatorria Mauko errekak (iturburua Itziar inguruan du, eta A-8 autobidearen azpitik doa, lurpean) eta Urtzabe errekak (Urberuagako harana drainatzen du eta lurpetik N-634 errepidea zeharkatzen du) bat egiten duten gunean du, antolatutako esparruaren muga-mugan. Errota Berri eta Uzkanga-Berri igarota, errekak iparraldera egiten du ibar batetik zehar, Portu Txikiko mendebaldeko muturraren labar-horma pikoek itsasertzaren paraleloan bira egitera behartzen duten arte; Sakonetako errekarekin bat egin ondoren, izen bereko hondartzara isurtzen ditu urak. Erriberako berezko landaredia erreka honen ertzetan da oparoen antolatutako esparruaren barruan.

Aipatu gainerako ubideak laburragoak dira. Alboetara erriberako landaredia duten errekasto txikiak dira, eta bertan solifluxio-fenomenoak (1) beha daitezke, flyscharen geruzen antolaera eta indar eskasaren eraginez.

Horrez gain, tarteka ura daramaten ubide txikiak badira, isurketa-urak itsaslabarraren hormetara bideratzen dituztenak, Arantzazpin, Liñaputzuetan, Aitzbeltzen, Oreisto errekan eta Andikara errekan.

EAEko uren kalitatearen jarraipena egiten duen sareak ez du jarraipen-estaziorik antolatutako esparruaren barruan. Edonola ere, ebidentzien arabera esparruko erreketako uren kalitatea baserri batzuetako nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerek eta ur beltzek baldintzatzen dute. Itziarko araztegia eraiki aurretik Arronamendiko errekastoaren kalitatea problematikoagoa zen.

1.4.5.- Itsasertzeko eta itsasoko flora eta fauna.

1.4.5.1.- Planktona.

1.4.5.1.1.- Fitoplanktona.

Azter-eremuan, fitoplankton-komunitateek ekialdeko Kantauri itsasoan eta, eremu geografikoa zabalduz, Bizkaiko Golkoan ohikoak diren joerak ageri dituzte. Beraz, urteko zikloan gehieneko kopuruak udaberrian izaten dira, diatomeoak nagusi diren komunitateez, udaran behera egiten dute eta dinoflagelido handien presentzia handiagoa da, eta udazkenean zertxobait igotzen dira. Ibaiek (kasu honetan Urolak) ongarri gisa jokatzen dute, eta beraz bokaleen ingurumarietan handiagoa da zelulen dentsitatea.

1.4.5.1.2.- Zooplanktona.

Azter-eremuko zooplankton-komunitateak Kantauri itsasoaren eta, hedaduraz, Bizkaiko Golkoaren ohikoak dira. Kopuru handienak udaberri-uda partean izaten dira, eta talde nagusietatik, ia garai guztietan kopepodoak dira ugarien komunitateetan, zehazki Acartia clausi, Paracalanus parvus, Temora longicornis eta Centropages typicus espezieak. Beste talde garrantzitsu batzuk dira zirripedioen larbak, moluskuenak, kladozeroak, apendikulariazeoak eta doliolidoak. Egoera jakin batzuetan, talde horietako batzuen populazioak oso handiak izatera hel daitezke, kopepodoenak gainditzeraino.

1.4.5.2.- Komunitate bentikoak.

1.4.5.2.1.- Datu kualitatiboak.

Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgune edo abrasio-plataformaren bereizgarri nagusia azalera handi horrek ageri duen malda txikia da (% 1,5ekoa batez beste). Estratu litologikoen kokaera eta olatuen oldarra direla medio, askotariko txoko ekologikoak sortu dira, eta horrek landare eta animalien dibertsitate handia ekarri du.

Hizpide dugun itsasertzeko zabalgunea erdi babestua dagoelarik, biotaren zenbait elementu zonalde honen berezkoak dira, hala nola Padina pavonea edo Laurencia pinnatifida algak edota Balanus perforatus zirripedioa; beste batzuk, berriz, zona babesgabeetan ohikoak dira, esaterako supralitoraleko likenak, Chthamalus stellatus eta abar.

Azpimarragarria da alga-landareen garapen handia eta oparotasuna; izan ere, marearteko eremuaren maila ezberdinetan gerriko zabalak eratzen dituzte. Ingurune honetan, gainera, landare-mota horiek ikertzeko baldintzak aproposak dira. Alga horien artean, zenbait espeziek euskal kostaldean dute banaketa-muga; esaterako, Bifurcaria bifurcata algak gerriko trinkoak osatzen ditu antolamendu-esparruko kostaldearen mendebaldera, baina zabalgunean bakan ageri da. Era berean, beste espezie infralitoral batzuk, esaterako Plocamium cartilagineum eta Cystoseira tamaristifolia, behe-mediolitoraleko ageriko eremuetan edo urpeko kubetatan aurki daitezke, gutxi edo gehiago barreiatutako orban irregularrak eratuz.

Beste zenbait espezie, hala nola Corallina sp. eta Lithophyllum incrustans, zabalgune osoan zehar zabal eta homogeneoki sakabanaturik daude, eta beste espezie batzuk, Halopteris scoparia eta Cladostephus spongiosus kasu, gune mugatuagoetan ageri dira.

Azkenik, espezie-talde batzuk, esaterako Lichina pygmaea (likena) eta Lithophyllum tortuosum, noizbehinka agertzen dira zabalgunean.

Marearteko zabalguneko faunaren bereizgarri nagusiak dibertsitatea (animalien 200 espezie baino gehiago) eta espezie jakin batzuetako banakoen dentsitate handia nahiz itsas ornogabeen talde gehienetako banakoen presentzia dira.

Poliketo iragazle batzuek, Sabellari alveolata kasu, uharri-egiturak eratzen dituzte, fauna askotariko eta aberatsa gordetzen duten zuloguneak sortuz. Espezie hori, Littorina neritoides eta Mytilus edulis moluskuak eta Balanus perforatus zirripedioa bezala, noizbehinka agertzen da zabalgunean. Zenbait kasutan, malda handiagoa duten itsasertzeko beste leku batzuetan, garbi definitutako horizonteak osatzen dituzte aurrez aipatu diren molusku-espezieek; hizpide dugun kasuan, ordea, maldaren txikiak eta zabalgunearen goiko aldean abrasio-indar handiko errekarriak egoteak espezie horien presentzia iraunkorra eragozten dute.

Beste espezie batzuk zabal eta nahiko homogeneoki barreiaturik daude, esaterako Patella depressa lapa eta Chthamalus sp. zirripedioa. Tarteko egoeran, hau da, horizonte nahiko mugatuetan sakabanatuta dauden espezieen kasuan, aipatzekoak dira Patella aspera eta P. Vulgata lapak zein Anemonia viridis eta A. sulfata anemonak.

Krustazeo ugari ere bada, hala nola Palaemon elegans eta P. serratus izkirak, Liocarcinus puber bezalako txamarrak edo Porcellana platycheles bezalako kauriak, Eriphia spinifrons txangarra eta Galathea squamifera galatea beltza.

Zabalgunean interes handiko beste espezie batzuk ere aurki daitezke, esaterako Octopus vulgaris olagarroa eta Hypselodoris cantabrica gisako nudibrankio eder kolore askotarikoak. Bestalde, Campecopea hirsuta eta Chthamalus stellatus artropodoak, Patella moduko lapa-espezieak eta Littorina neritoides karrakela goraguneetan (zero mailatik 3,5 eta 6 m bitartean) egon ohi dira.

Azkenik, Paracentrotus lividus trikua gisako espezieak han eta hemen sakabanaturik ageri dira, nahiz eta zenbait kubetatan 600 ind·m-2-ko dentsitatea izatera hel daitezkeen.

Marearteko zonaren erdialdean, itsas mailatik 1,5 eta 3,5 m bitartean, Corallina kare-alga eta Lithophyllum incrustans alga txertakaria dira nagusi. Faunari dagokionez, Chthamalus stellatus zirripedioa nabarmentzen da, eta ugariak dira mitilidoak, batez ere Mytilaster minimus eta Mytilus edulis espezieak. Oparo ageri dira, halaber, Hyale stebbingi artropodoa eta Lasaea rubra bibalbioa. Algorriko transektuaren kasuan, alderik badago bigarren mailako espezieen presentziari dagokionez (Littorina neritoides gehiago ageri da, eta beste espezie batzuk gutxiago).

Marearteko zonaren behealdea (infralitoral edo behe-mediolitoral ere deitua) 0 eta 1,5 m artekoa. Alga nagusiak Corallina eta Lithophyllum incrustans dira, baina beste batzuk ere nabarmentzen dira: Mesophyllum lichenoides, Gigartina acicularis, Cladophora pellucida eta abar.

Faunari dagokionez, oparo ageri dira Mytilaster minimus bibalbioa eta Hyale nilsoni, H. stebbingi eta Tanais dulongii artropodoak. Beste espezie batzuk, oparoak izan arren, ez dira estazio guztietan agertzen: Barleeia rubra, Poliophthalmus pictus, Dynamene bidentata eta abar.

15 m-ko sakoneran dauden estazioetan, errotiko aldaketa dago Deba eta Urolaren bokaleen parean: Mutrikun eta Algorrin substratua arrokatsua bada, horietan biguna da. Izan ere, estuarioetako bokaleen parean egonda, paleoarroaren gainean kokaturik daude, eta ibaiak garraiatutako ale lodieneko jalkinak metatzen dira bertan.

Beraz, zona horietan espezie sarraskijaleak biltzen dira, Hinia reticulata gastropodoa edo Diogenes pugilator bezalako artropodoak kasu.

Substratu harkaiztsuan ere aldeak badira; Mutrikun Cystoseira baccata, Lithophyllum incustans edo Cryptopleura ramosa gisako algak nabarmentzen dira, eta Algorrin, berriz, Cystoseira espezieak du nagusitasun erabatekoa.

Faunaren aldetik, zirripedioak dira oparoen, ez leku guztietan baina: Mutrikun Verruca stroemia nagusitzen da, eta Algorrin Balanus.

Estazio sakonenetan, 25 eta 30 m artekoetan alegia, bereizketa bera ematen da. Bokaleen parean substratua biguna da hemen ere. Gainera, itsasertzetik urrunago daudenez, sedimentu finago eta materia organikoan aberatsagoak jalki ohi dira, eta horrek, zalantzarik gabe, kutsaduraren adierazle den Capitella capitata espeziearen presentzia bermatu du.

1.4.5.2.2.- Azterketa kuantitatiboa.

Algorriko zonan, espezie-kopurua handituz doa supralitoraletik 15 m-ko sakonera bitarte jaitsi ahala, eta 25 m-tik gora sakondu ahala, berriz, txikiagotuz doa. Deban, substratu gogorretik bigunera pasatzean berezko aberastasuna asko murrizten da.

Deba ibaiko bokalaren ekialdera dagoen zonaldean, espezie-kopurua txikiagoa da; jaitsiera nabarmena da marearteko zonaren erdialdean, eta txikixeagoa behealdean. Ibaiko ur-korrontearen deribaren ondorio izan liteke hori, uraren kutsadurak zonaldean eragina izan bailezake. Hain zuzen ere erdialdea da, mareen eraginpean dagoelarik, gainazaletik irteten diren dentsitate txikieneko urekin etengabeko ukipenean dagoena.

Supralitoraletik 25 m-ko sakonerara, banakoen kopurua pixkanaka jaitsiz doa; hala, Debak eta Algorrik 10.000 eta 15.000 ind.m-2 arteko dentsitatea dute. Erdi eta beheko zonetan dentsitateak 10.000 eta 50.000 ind.m-2 tartean daude. Itsas hondo bigunek, 25 m-tara, 25 eta 500 ind.m-2 tarteko dentsitatea dute; itsas hondo gogorrek, ordea, 1.000 eta 5.000 ind.m-2 tartekoa.

Biomasari dagokionez, gehieneko kopuruak marearteko zonaren erdialdean eman dira, 3.000 g.m-2-rainoko pisuez; marearteko goiko eta beheko zonetan, ostera, 1.000 g.m-2-koak dira. Gehieneko kopuruak zona horretan hauteman dira, baina beheraxeago, biomasak askoz txikiagoak diren arren (5-7 aldiz txikiagoak). Mareapeko zonaren biomasari dagokionez, 25 m-ra 100 gm-2 ingurukoa da arrokan eta 10 gm-2 ingurukoa sedimentuan.

Kopuruetan, dibertsitateak gora egiten du marearteko zonaren behealdera, supralitoraleko 0,2-0,5 eta infralitoraleko 3,9-4,7 mailen artean, eta 25 m-tan jaitsi egiten da. Antzeko zerbait gertatzen da biomasaren dibertsitateari dagokionez. Supralitoralean, 0,4 eta 1,1 artean dago; mediolitoralean 1,7 eta 2,7 artean; infralitoralean 1,9 eta 3 artean; 25 m-ra, hondo gogorretan, 1,2 eta 1,9 artean legoke, eta hondo bigunetan 1,4an.

Transektuen arteko bilakaera alderatzean, antzeman daiteke biomasaren dibertsitateak antzeko bilakaera duela marearteko zonaren goiko aldean. Deban 15 m-ra jaisten da, hondo-motaren aldaketak eta ibaiaren irteerak sortutako «estresaren» eraginez, eta Algorri tartean dago, ibaiaren eragina ere nozitzen baitu.

1.4.5.2.3.- Komunitate bentikoak.

Zabalgunean dagoen ingurumen-aniztasuna dela-eta, komunitate bentiko ugari bereiz daitezke:

- Lichina pygmaea komunitatea

Komunitate honek osatzen duen taldeari L. pygmaea likenak eman dio izena, eta lau espezie barne hartzen ditu. Marearteko zona harkaiztsuaren goialdeko guneetan (supralitorala eta goi-mediolitorala) ageri da, 3,5 eta 6 m arteko altueran, olatuen eraginaren arabera. Inguru horietako arrakaletan berezkoak dira Lasaea rubra bibalbioa eta anelidoak (Eulalia viridis eta Perinereis marioni).

- Chthamalus-Littorina komunitatea

Talde hau, bi espezieek bakarrik -Ch. stellatus zirripedioa eta L. neritoides gastropodoa- osatua egon arren, oso arrunta da euskal kostaldean. Espezieak arruntak izaki, eskuarki aurreko taldearekin nahasian ageri da. Kasu honetan, komunitatea aurrekoa baino beheraxeago ageri da, supralitoraletik erdi-mediolitoralera, eta ugariagoa da azken horretatik goi-mediolitoralera (3 eta 4 m artean), beti ere arroka gainean.

- Corallina officinalis komunitatea

Corallina izenaren pean egituratutako taldeak korrelazio indartsua (> 0,93) duten zenbait espezie barne hartzen ditu. Euskal kostaldean, komunitate hau marearteko zonaren erdiko guneetan aurki daiteke, 1,5 eta 3,5 m artean.

Eitez oso altua ez den kare-alga honek (10 cm baino txikiagoa da) olatualdien aurkako erresistentzia handia du, eta beraz olatuen eraginpeko guneetan ikus daiteke. Gainera, gure itsasertzean kutsadura organikoaren ondorioz eraldatu diren lekuetan ohikoa da.

Alga horrekin batera Cladophora pellucida, Enteromorpha edo Dictyopteris membranacea bezalako alga epifitoak aurki daitezke, eta haien hondo nahaspilatuetan zenbait animalia sarraskijale eta karniboro janari bila ibiltzen dira, hala nola Polydora caeca, Platimereis dunerilii edota Syllis prolifera anelidoak eta abar.

- Jania rubens komunitatea

Aurreko komunitatearen fazies gisa har litekeen arren, espazioa J. rubens kare-algaren bidez -Gigartina acicularis espeziea lagun- egituratzen duen talde hau komunitate moduan identifikatzea erabaki da. Halopteris filicina gisako espezie esziafilorik ere gehitzen zaio mediolitoralaren behe-mailaren (1 eta 2 m artean) berezkoa de talde honi, eta anelidoak (Pseudobrania clavata) zein moluskuak (Apicularia guerini) ere aurki daitezke bertan.

- Gelidium latifolium komunitatea

Taldea G. latifolium espeziearen inguruan egituratzen da. Alga-espezie hau marearteko zonaren behe-mailetan egon ohi da, 0 eta 1 m artean (infralitorala); bertan Mesophyllum lichenoides espeziaren substratu basala dago. Harekin batera aurki daitezke, halaber, Hiatella arctica eta Rocellaria dubia moluskuak gisako espezie zulatzaileak eta hainbat anelido karniboro eta sarraskijale (Anaitides mucosa, Nematonereis unicornis, Mediomastus fragilis eta abar). Azpitalde horretan sartzen diren espezietako batzuk marearteko zonan goraxeago dauden beste maila batzuetan ohikoak dira, eta sakonera handiagoetan berezkoak diren espezieak ere ageri dira bertan, Verruca stroemia zirripedioa kasu.

- Bifurcaria bifurcata faziesa

Horrela deskribatuak izan ez diren arren, espezie hauek marearteko maila baxuenetan, eta inoiz erdialdekoetan, ageri ohi dira. Alga arrea nagusitzen da bertan, zenbait anelido lagun dituelarik, esaterako Syllis gracilis, Odontosyllis ctenostoma eta abar.

- Gelidium sesquipedale komunitatea

Zonalde honetan, komunitatea 0 eta 5etik 10 m-ra bitarteko sakoneran egon ohi da, Gipuzkoako ekialdean baino nahasiago ageri bada ere.

Komunitatea egituratzen duen alga (G. sesquipedale) Mesophyllum lichenoides kare-algak osatutako ehun baten gainean, Hiatella arctica moluskuak zulatua, zabaltzen da. Algaren gainean Plocamium cartilagineum eta Dictyota dichotoma bezalako beste epifita batzuk hazten dira. Horien artean animalia belarjaleak bizi dira, hala nola Apherusa jurinei, Cymodoce truncata edota Aplysia punctata. Gelidium algaren gainean, haren oinak ehuntzen dituzten espeziak hazten dira, Crisia eburnea kasu.

- Cystoseira baccata komunitatea

Taldea 10 eta 20 m bitarteko sakoneran aurkitu ohi da. Trantsizio-eremua da hori; sakonera txikienekoan (0 eta 10 m artean) Gelidium sesquipedale komunitatea da nagusi, eta 20-25 m-tan hasi eta 50 m artekoan, berriz, H. filicina eta Peyssonnelia espezieak egon ohi dira. 15 m-tan, espezie egituratzailea Cystoseira baccata da, tamaina handiko alga arrea, eta goiko mailan nagusi den Gelidium komunitatearen arrastoak ere aurki daitezke. Inoiz edo behin espezie orrikarak ere ageri dira.

- Halopteris filicina komunitatea

Alga honek 25-30 eta 50 m arteko sakoneran dagoen komunitatea egituratzen du. Argi gutxi dagoen lekuetan bizitzera ohituta dauden espezieek eratzen dute, eta aipatu algaz gain Phyllophora crispa eta Peyssonnelia rubra beste batzuez osatua dago. Verruca stroemia espezieak tapizatutako substratu harkaiztsu batean hazten dira, eta algen artean fauna-talde batzuk iku daitezke: Modiolus barbatus, Sertularella ellisi eta Aspidosiphon clavatus.

- Belaki-faziesak

15 eta 50 m artean, argi gutxiko guneetan, belakiak eta knidarioak gisako animaliek osatzen duten taldea aurki daiteke, arroketan multzoak eratuz. Sakonera txikieneko lekuetan alga esziafiloren bat ere ikus daiteke, Dictyota dichotoma kasu, 6 eta 8 m-z azpira dauden beste alga batzuen epifitoa izan ohi dena.

1.4.5.3.- Espezie exotikoak.

Inguruan diren espezie exotikoei buruz datu partzialak baino ez ditugu. 2004-2005 urtean «Gipuzkoako kostaldean, itsasertzeko ekosistemetan espezie inbaditzaileen agerpena zaindu eta kontrolatzeko programa» izeneko azterlana egin zen. Horretarako, Haitzaindi inguruan marearteko zabalgunearen zona berariaz lagindu zen, eta 26 espezie identifikatu ziren. Talde ugariena alga gorriena izan zen, 15 espezie ezberdin aurkitu zirelarik. Espezie-kopurua handia bada ere, horietako ezeinek ez du presentzia oso nabarmenik. Alga exotikoetako asko tamainaz txikiak eta beste alga batzuen gainean bizi ziren (epifitoak), eta beraz erraza liteke haien presentzia oharkabean joatea. Mediolitoral eta infralitoraleko kubeta babestu batzuetan Hypnea musciformis eta Centroceras clavulatum errodofitoak nolabaiteko erregulartasunez aurkitu ziren, eta kasu bakar batean Sargassum muticum sargazoa. Infralitoralean, Asparagopsis armata eta Codium fragile tomentosoides espezieen ale bakan eta sakabanatuak agertu ziren. Faunari dagokionez, harri zabalen arteko korridore ilunetan eta bloke harkaiztsuen aurpegi gordeetan Thais haemastoma gastropodoaren banako bakanak atzeman ziren. Blokeetako baten aurpegi esziafilo batean, Adocia simulans belakiaren ale bat identifikatu zen. Mejiloi eta ostren koloniek bizileku duten gune argitsuetan, berriz, Urosalpinx cinerea barraskiloa bildu zen, ostra-merkataritzaren bidez Atlantikoko ekialdeko itsasertzetik Europara sartutako moluskua.

Aurrez aipatu denez, Amphiroa rigida kare-alga eta Hypnea musciformis errodofitoa ere aurkitu ziren.

1.4.6.- Lehorreko ekosistemak eta landaredia.

Ikuspegi biogeografikotik, antolamendu-esparrua eurosiberiar eskualdearen muino-estaian dago. Egungo klima-baldintzetan, Quercus robur espezieko harizti azidofiloa egongo litzateke mazelen beheko aldean, hareharrizko substratuetan Quercus pyrenaica ameztiari eta kareharria nagusi denetan erkameztiari leku eginez. Artadi kantauriarra harrizko lurzoruekiko itsasaldeko zonalde agerikoenetan hedatuko litzateke. Itsasoaren aurrean, labarretako berezko landaredia haziko litzateke.

Gaur egungo landaredi-paisaia nabarmen aldatuta dago unitateen hedapenari dagokionez (ikus 3. mapa), itsasertzeko labarretan izan ezik; horiek antzera mantendu dira, bertako topografia malkartsuari, ezegonkortasunari eta lurren elkorrari esker. Hain zuzen ere, itsaslabarretan, ezponda harkaiztsuaren ezegonkortasunak, haren malda bortitz eta material apurkorrez, lurzoruaren formazioa eragozten du. Arrakala eta erlaitz txikietan baino ez dira landare-sorta sakabanatuak hazten, hala nola landare halofiloak (Plantago marina, Crithmum maritimum&) edota kareharrizko harkaizti edo oinarrizko lurzoru arrokatsuetako berezkoak (Globularia nudicaulis, Helichrysum stoechas, Reichardia picroides...). Malda leunagoko eremuetan, non posible baita lurzorurik eratzea, labarretako eta itsasertzeko oinarrizko mazeletako berezko komunitateak hazten dira, landare zukutsu eta kresalarekiko erresistenteez. Zona gorenetan, landareri belarkara -Festuca rubra- aurki daiteke, eta harekin batera, txilar-sortekiko sastrakak: -Erica vagans, Genista occidentales, Helictotrichon cantabricum&- nahiz Lathyrus nidicaulis eta Schoenus nigrican bezalako espezieak, besteak beste. Itsaslabar garaienetan eta zonalde babestuenetan, haizeari eta kresalari aurre egite aldera eite bitxia hartzen duten arte eta gurbitzak ageri dira.

Esparruaren paisaia nagusia landazabal atlantikoak eratzen du; larreak konifero-sailei, hostozabalen arboladiei eta txilardi-otadi-irasail orbanei nagusitzen zaizkie, batik bat antolamendu-esparruaren ekialdeko erdian. Abandonatuta utzitako edo artzaintzaren dentsitateak behera egindako alderdietan, sastrakak eta zuhaixkak ostera hazi dira. Heskaiak, ordea, oso urri eta esparru osoan sakabanaturik ageri dira.

2005ean egindako habitaten kartografiak adierazten duenez, sega-belardiek 123,97 ha hartzen dituzte, eta larre-belardiek 75 ha inguru. Bi komunitate belarkara betiberde eta espezie anitzekook inguruko baserriekin lotura dute, horiek behi-aziendaren eta, neurri txikiagoan, artalde txikien ustiapena baitute bizibide. Sega-belardien berezko aberastasuna murriztuta dago oso, arras emankorrak diren espezie apur batzuk ereitean sortu zirelarik. Espezie ugarienak, besteak beste, Cynosurus cristatus, Poa pratensis, Dactylis glomerata eta Trifolium repens dira.

Esparruaren barrualdera, txilardi-sorten unitateak, suteak lagun, azalera handiak hartzen ditu antolatutako alderdiaren mazeletan. Ordezkapen-etapen aztarnak dira, baso azidofiloenak Euskal Herriko isurialde atlantikoan, eta harizti zein ameztienak azter-eremuan.

Otadiek azalera mardula hartzen dute (37 ha inguru) Elorriagatik iparraldera labar-lerrora arte. Orban trinko eta garaia osatzen dute, interesa duten espezie erabat mediterraneoen babesleku bilakatuz. Horrez gain, Arantza errekaren ondoko erlaitzetan itsasaldeko txilardien orban txiki bat dago, Erica vagans espeziea nagusi duena.

Guztira, zuhaiztiek 158 ha hartzen dituzte, gehienak antolamendu-esparruaren mendebaldera.

27 ha-ko harizti azidofiloa jatorrizko baso-eremuen artean ordezkaritza onena duena da, fazies aski narriatuak ageri dituen arren. Arranomendi errekaren arroan eta Mendata errekaren iturburuan zehar hedatzen da. Oihanpean liana-tankerako espezie arantzatsu ugari, artadi kantauriarraren berezkoak, barne hartzen ditu. Gune batzuetan sasiakazia harro nabarmentzen da, kasik espezie bakarreko arboladiak eratzeraino; nolanahi ere, horien tamaina txikia izaki, ez dira kartografiatuak izan. Gaur egun hariztiaren egitura eta zuhaitzen eitea murritzak badira ere, garai batean itsasontzien fabrikaziorako aski gutiziatuak ziren aleak ikus zitezkeen. Erkamezti atlantikoa, maiz hibrido zehazgaitzez, substratu aberatseneko alderdietan hedatzen da, Uzkanga eta Arantza baserrien ingurumarietan 18 ha batuz.

Artadi kantauriarra baso txikietan barreiaturik dago esparru osoan zehar, eta guztira 15 ha hartzen ditu. Tamaina txikiko zuhaitz-multzoak dira, baina orban sarri eta trinkoak eratzen dituzte, oihanpe itxiak ehunduak. Espezie ohikoenak hauek dira: Smilax aspera, Phillyrea latifolia, Arbutus unedo, Rosa sempervirens, Rhamnus alaternus, Rubia peregrina& Baso-mota hau sarri eta itxia izaten den arren, Arantzamendiko mendebaldeko hegalean multzo sareagoak ikus daitezke.

Haltzadi kantauriarrak ordezkaritza urria du antolatutako alderdiaren ibai-ibilguetan. Unitate hori Errota Berri errekaren ertzetan kartografiatu da kontserbazio-egoera hoberenean. Arranomendi eta Mendata haranen barrenetik doazen erreken ertzak baso misto batek estaltzen ditu, batik bat lizar eta zumeez osatua. Oro har, kontserbazio-egoera ez da onegia, komunitatea justu ertzeraino hedatu diren baso-sailek hesitua baitago. Hala ere, han-hemen ale ederrik aurki daiteke.

Urak labarraren hormetatik isurtzen dituzten erreketako pareta izerditsuetan, ur-korronteen inguruan bizi diren beste landare-multzo batzuk hazten dira. Goroldio hezezaleen eta hepatikoekin batera, Athyrium filix-femina da nagusi. Komunitate horren multzorik ederrena Andikara errekaren hormetan aurkitu da.

Pinus radiata baso-sailek 30 ha inguru hartzen dituzte (sail jada helduak eta landatu berriak batuta), lurzati txikietan banaturik, itsasertzeko alderdiaren mendebaldeko muturrean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako lurretan, ordea, sail misto gazteak, konifero (Pinus pinaster) eta hostozabalenak (Quercus ilex eta Quercus pyrenaica), gailentzen dira, Arantza baserriaren aldameneko eremuan guztira 11 ha hartuz. Elorriagako aisialdi-alderdiaren ondoan dauden Diputazioko lurretan, hostozabalen sailak 15 ha-z goiti hedatzen dira. Sail gazte eta espezie askotarikoak dira, baina nagusiki Acer sp., Fraxinus excelsior eta Quercus robur espezietakoak.

Robinia pseudoacacia sasiakazia, 9 ha-tan hedatzen da; zatirik handiena Debatik heltzen den errepidearen ondoan kokaturik dago, Santa Katalinako ermitaren inguruan, Arranomendi eta Mendata haranetan. Lekadun aloktono honen populazio bertakotuek eta, akaso, sail txikiek osatzen dituzte arboladi horiek.

1:10.000 eskalako habitaten kartografiari begiratuz gero, esparruaren barruan ez da hezegunerik ageri, baina Uzkanga eta Sakoneta baserrietara doazen pistek bat egiten duen lekuan hezegune txiki bat aurkitu da, ingurune horrek berezkoak dituen espezieekin.

Esparruan ez dago landa-eremu nabarmenik, NBAP honetan sartzen diren baserriak bakartuak daudelako, edo gehienez ere biko taldetan (Uzkanga baserriak). Elorriaga eta Usarraga landa-guneak ingurumarietan daude. Baratzeak eta fruta-arbolen sailak baserri horien inguruan eta Ardantzan daude, baina guztizko azaleraren portzentaje urria hartzen dute. 2. taulak atal honetan deskribatutako landaredi-unitatea nagusiak erakusten ditu:

(Ikus .PDF)

Bestalde, nabarmentzekoak dira esparruan dauden Europar Batasunaren intereseko habitatak (Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren I. eranskinean barne hartutakoak). Erantsi den kartografian, habitat horien kokagunea adierazten da (4. Mapa); kontuan izan behar da habitat nagusi bat duten «unitateak» eta habitat nagusi horri atxikitako bigarren mailakoak zehaztu direla. 3. taulan, antolatutako esparruan habitat bakoitzak duen hedadura jaso da, kartografiatutako «unitateetan» hartzen duten eremua oinarri hartuta.

3.- taula.- Izena, kodea 92/43/EEE Zuzentarauaren arabera, hedadura (ha) eta kodea.

(Ikus .PDF)

1.4.7.- Lehorreko fauna.

Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasotako fauna-espezieei dagokienez, azter-eremuko bereizgarri nagusia belatz handia (Falco peregrinus) dabilen bi lurralde dira; habia harkaitzetan egiten duen harrapari hau nahiko arrunta da Gipuzkoako kostaldean. Itsasertz arrokatsu edo malkarrak baliatzen dituen beste hegazti bat ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) da. EAEn, Bizkaiko kostaldean bakarrik ditu kume-kolonia egonkorrak, baina azken urteotan Gipuzkoako zenbait gunetan habia egin du, horien artean azter-eremuaren ondoan dagoen Getariako zonaldean. Hala ere, urte osoan zehar ale heldugabe eta ugaltzeko ahalmenik gabeak aurki daitezke bertan. Kaio iluna (Larus fuscus graellsii) eta ekaitz-txori txikia (Hydrobates pelagicus) antzeko egoeran daude: esparruan ez da habia egiteko gune egonkorrik ezagutzen, baina noizean behin ager daitezke. Alabaina, baliteke lau espezie hauen kontserbazio-egoerak berriki okerrera egin izana, bai azter-eremuan bai EAEko itsasertzaren gainerakoan, 2002an Prestige petrolio-ontziak egindako isurpena dela medio.

Oro har, Euskal Herriko kostaldean habia egiten duten itsas hegaztien komunitateak Europako beste eskualde atlantikoetan daudenak baino urriago eta sakabanatuagoak dira, harrapakin eta kumeak hazteko leku apropos gutxiago dagoelako. Joera hori are handiagoa da Gipuzkoako kostaldean, non ez baita itsas hegaztien kume-koloniarik aurkitu. Dena den, zangaluzeez gain zabalgunera maiz joaten den espezie ugari dago, batik bat negu partean. Azter-eremua espezie askoren -itsastar nahiz lehortar- migrazio-bidean dago, eta beraz migrazio eta negualdirako alderdi erakargarria da hainbat espezierentzat, hala nola aliotak, zanga (Morus bassanus), martin arrunta (Uria aalge), pottorro arrunta (Alca torda), antxeta mokogorria (Larus ridibundus) eta gabaia (Puffinus spp.). Espezie lehortarrei begira, hazkuntza-guneetatik negualdirako migrazioan zehar hegazti-saldo handiak ibili ohi dira labar hauen gainetik. Negualdi ondoko migrazioa, berriz, apenas nabari da. Usoa da maizenik eta kopuru handigoetan ingurua hegaldatzen duen espezietako bat da, eta horrexegatik migrazio-denboran parada-lerro ezberdinetatik ehizatu ohi da.

Estratuen kokaera eta ezegonkortasunagatik itsaslabarren eremua hegaztientzat paraje babesgabea den arren, abrasio-plataformak elikagaia eskaintzen die itsas hegaztiei, zenbait zangaluzeri, itsas mikei (Haematopus ostralegus), harri-iraulariei (Arenaria interpres) edo kuliska txikiei (Actitis hypoleucos), zabalguneko arroka, arrakala, putzu eta alga arteko baliabideez elikatzen direlarik.

Lehorreko hegaztiei dagokienez, kostaldeko landazabal kantauriarrek paseriforme migratzaileentzat (urdus spp. birigarroak eta Sylvia spp. txinboak, besteak beste) duten erakarmena aipatu dugu jada; izan ere, klimaren epelari esker ekosistemaren emankortasun primarioa beti mantentzen da neurri batean, baita neguan ere.

Ingurune-mota hau, nekazaritza eta abeltzaintza tradizionalari lotua eta larre eta belardi zabalen artean mosaiko moduko baso-orban txikiak ageri dituena, ohikoa da azter-eremuaren lehorreko zonaldean. Hain zuzen ere, baso-txatalok aniztasuna nabarmen sustatzen dute, horiei esker eskualdeko baso-hegaztien komunitate esanguratsuak (paseriformeak, korbidoak) atxiki baitira bertan, mikrougaztun, haragijale txiki eta narrastien babesleku izateaz gain. Azken horien artean, aipatzekoak dira Eskulapioren sugea (Elaphe longissima) eta Schreiber muskerra (Lacerta schreibersii); bi espezieok EAEn duten banaketa-area azter-eremura mugatzen da, eta Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasota daude.

Ur-ibilguei lotutako faunari dagokionez, azter-eremu honetan, bertako karramarroaren (Austropotamobius pallipes) presentzia aipagarria da, Gipuzkoako Foru Aldundiak espezie honentzat burutu dituen kontserbazio ekintzei esker.

1.4.8.- Paisaia.

Labar malkartsuak, Santiago, Lapari eta Itzurungo hondartzak, itsasoaren gaineko abrasio-plataforma eta landazabal atlantikoa dira inguruko paisaia bikainaren bereizgarri nagusiak. Elementu horiek guztiak batera begizta daitezke lehorreko zenbait gunetik.

Paisaiaren ikuspegitik, itsasbazterraren fisiografiak higadura-arrasto interesgarriak ageri ditu eremu honetan, hala nola haran esekiak, oinarria atzeratua duten itsaslabarrak, hondartzak eta, bereziki, marearteko zabalgune handi bat.

Eraikuntza seinalatu batzuk eta esparruaren ezaugarri fisiografikoak berak dira alderdiak paisaia aldetik eskaintzen dituen mugarri garrantzitsuenak. Eraikinen artean, nabarmentzekoak dira Santa Katalinako ermita, mendebaldeko muturrean, eta Itzurungo hondartzaren aldamenean dagoen San Telmo ermita. Ezaugarri fisiografikoei erreparatuz, aipagarriak dira higadura-arrastoak, esaterako aurrez aipatu haran esekiak, abrasio-plataforma zabala, oinarria atzeratua duten itsaslabarrak, lurmutur ugari -Haitzandi, Aitzuri, Mendata, Sakoneta, Algorri eta Marianton- eta Santiago, Lapari eta Itzurungo hondartzak.

Esparruaren barruan gutxi dira ikusmenean nabarmen eta kalterako eragin duten giza jardueren ondoriozko inpaktuak. Bistakoenak trenbidea, Debako Hondakin Uren Araztegia eta oraindik orain egindako baso-soiltze eta -landaketak dira. Alabaina, begirada lehorreko esparruaren barrualdera luzatuz gero, esparrutik kanpo dauden zenbait elementu ondo agerian ikusiko ditu behatzaileak: autobidea, harrobia, auto-hilerria, baso-soiltzeak...

«EAEko paisaiaren kartografia (1:25.000 eskala)», Madrilgo Ekologiako unibertsitatearteko departamentuak egina, hiru ikus-eremu handi identifikatu zituen antolatutako alderdian, hau da, behatzaile bakar batek begiradaz har ditzakeen hiru unitate. Ekialderago dagoena, Aitzuri deitua, Marianton muturretik Arantzamendira hedatzen da. Hegoaldera, ia Elorriagaraino heltzen diren muino txiki batzuek mugatzen dute. Muga hori eta antolatutako esparruarena ia bat datozenez, esan liteke ikus-eremu osoa antolamendu-esparruaren baitan dagoela. Ez da eremu trinkoegia, ekialde-mendebalde ardatza gailentzen delarik, eta txikia da, 270 ha ingurukoa. Garaierak itsas mailatik 20 m artekoak dira. Itsas hondoak hartzen du ia ikus-eremu osoa, labarrera amiltzen diren haran txiki hertsien etena ikus badaiteke ere. Izaeraz landakoa eta naturala da oso, eta paisaiak ez du inpaktu handirik pairatu. EAEren eguneroko paisaia islatzen du, kontuan izanik gainera gune populatua dela.

Itxaspe mendebalderago dagoen ikus-eremua da. 815 ha inguru ditu, eta garaieran gorabehera handiagoak, 460 m-ko altuerara heltzen baita. Askoz eremu trinkoagoa da, bi ardatz nagusiren inguruan egituratua: N-S eta E-W. Eremua antolatutako esparrutik kanpo hedatzen da, Itziarko herrigunea, A-8 autobidea, N-634 errepidea eta Donostia-Bilbo trenbidea hartuz; beraz, gizakiaren esku-hartzea nabarmena da. Dena den, landako izaera sendoa ere badu, eta basoek leku garrantzitsua dute. Itsasoa ikus-eremu osotik begizta daitekeen arren, kostaldetik hurbilen dagoen zonan bakarrik gailentzen da, hain zuzen ere plan honen azter-eremuan.

Inguru honetan, paisaiaren gaineko eragin nagusiak hauek dira: A-8 autobidea -esparrua 2,1 km-tan zeharkatzen du-, N-634 errepidea -7,8 km-tan- eta Donostia-Bilbo trenbidea -2,9 km-tan-. Bertan errepide oso erabiliak eta trenbidea daudelarik, EAEko eguneroko paisaiaren zati da.

Antolatutako alderdiaren atal txiki bat Zumaia izeneko ikus-eremuan sartzen da, NBAP honek mugatutako esparruaren hego-ekialdeko muturrean. Ikus-eremu nahiko handia da, 2.200 ha-tik gorakoa. Paisaiaren aldetik oso anitza da, paisaia-egituraren erdia landak hartu arren badirelako bestelako zonaldeak ere, esaterako basokoa eta baita hiritarra ere. Paisaia aldetik aniztasun handikotzat hartu da.

Paisaiaren gaineko eraginik handiena bide-azpiegituren sare zabalak du, maila ezberdineko errepideak -A-8 autobidea barne- eta trenbidea barne hartzen baititu. Hori horrela, eta aintzat hartuz bertan ia 10.000 pertsona bizi direla, eremua oso eguneroko paisaia gisa kalifikatua izan da.

EAEko Paisaia Bikain eta Berezien Katalogoaren Aurreproiektuak Aitzuriko ikus-eremua jasotzen du, eta baita Itxaspeko itsas eragineko zona ere. Beraz, Arranomendiko haranak, Mendata, Uzkanga eta Errota Berri erreken iturburuak eta alderdiaren hego-ekialdeko ertza izan ezik -Zumaia izeneko ikus-eremuaren zati txiki bat baino ez direnak- antolatutako esparru ia osoa paisaia bikain eta berezi gisa kalifikatuta dago.

1.5.- Gizarte-ingurunearen eta giza erabileraren deskripzioa eta interpretazioa.

1.5.1.- Aisia eta turismoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuaren bitartez, antolamendu-esparruaren barruan kokatuta dauden bi aisialdi-alderdiak kudeatzen ditu. Alderdi horiek dira Elorriagakoa (Galarreta), landa-gunearen aldamenean, eta Errota Berriren ondoan dagoen Uzkanga Berrikoa, hedaduraz txikiagoa eta azpiegitura gutxiago dituena.

Santiago Bideak, itsasertzetik, antolatutako esparrua zeharkatzen du, Zumaiatik Debaraino.

Antolamendu-esparruan bi mendi-ibilaldi seinaleztatu daude markaturik. Itsasaldeagotik doanak esparru osoa zeharkatzen du, GR 121 Gipuzkoako biraren «Zumaia-Elorriaga-Deba» etapa osatuz. 14 km-ko ibilbidea da; Zumaian hasi eta, San Telmo ermitatik barrena, Deban amaitzen da, bide honi lotuz: Arritokieta - Ollaostogana - Elorriaga-Pagoeta - Pagoetagana - Arantza Goikoa Arantza Behekoa - Sakoneta - Mendata eta Santa Katalina.

Barrualderago doan xendra PR GI-45 (Elorriaga-Itziar-Deba) izenekoa da. Elorriagatik Sakoneta ingurura arte, aurreko ibilbidearen trazatu bera egiten du, baina azken gune horretan Errota Berri errekatik gora abiatzen da Itziar aldera, handik Debara jaitsiz.

PR GI-44 (Deba-Lastur-Itziar-Deba) bidea azter-eremutik doa tarte labur batean, zehazki Santa Katalina inguruan, non Itziartik behera datorren xendra Debako herrigunera abiatzen baita.

Antolatutako esparruaren aldamenean, Itxaspeko auzunean (Deba) izen bereko kanpina dago. Kanpineko eraikin nagusiak harrera-lekua, taberna, jatetxea eta apartamentuak barne hartzen ditu, eta horrez gain bungalowak, kanpin-eremua eta beste hainbat zerbitzu daude bertan. Bisitari gehienak udako goi-denboraldian bertaratzen dira zalantzarik gabe.

Itzurungo hondartza, Algorriko labarren ondoan, turismo-erakargune jendetsua da, batez ere uda partean. Urtearen gainerakoan oso bisita gutxi izaten dira, eta bertara hurbiltzen direnak batik bat surflariak, itsaskilariak, arrantzaleak, geologia-ikasleak eta kosta gustoko duten pertsonak izan ohi dira. Hondartza horretatik gertu, Mariatonaitzen, Joxemite eskalada-eskola dago. Eskolak IV+ eta 6b+ arteko hamar bat zailtasun-bide eskaintzen ditu, hareharrian.

Itzurungo hondartza baino jendetsuagoak dira akaso Debako Santiago hondartza eta haren aldameneko Laparikoa, Debako herrigunean txertatuago daudelako eta ekipamendu zein zerbitzu gehiago eskaintzen dituztelako, horien artean 600 aparkalekuko eremu bat.

1.5.2.- Nekazaritza eta abeltzaintza.

Lurralde honetan, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak, munta handi edo txikiagokoak, martxan daude. Mugen barruan edo horien aldamenean kokatutako 5 baserritan (Pikote, Santa Klara, Andika, Agerre eta Saraskate) haragitarako behi-aziendak dituzte. Maila apalagoan, beste baserri batzuek ardi-aziendak dituzte. Abeltzaintza-erabilerak esparruak duen azaleraren erdia hartzen du gutxi gorabehera.

1.5.3.- Ehiza eta arrantza profesionala.

Tradizionalki, azter-eremu honetan ehiza-jardun nagusia kontrapasa-garaian (egun debekatuta dagoena) eta udazkeneko pasan izan da

Itsasertzeko aldean, guztira gaur egun erabiltzen diren 7 parada-lerro daude, 4 Deban (Atxuri, Iturrita, Uskanga eta Arantzamendi), 2 Zumaian (Xoxokua-Santa Klara-Agerre eta Talaimendi) eta Pikoteko postu lerroak (bi udalerrien artean kokatutatoak). Guztiak Gipuzkoako Ohiko Pasabide eta Postuen Erregistroaren barnean daude.

Zonaldean sustraituta dauden beste ehiza jarduera batzuetan oilagorrak, galeperrak, usapalak «jauzi» modalitatean hartzea, birigarroak, zozoak, hegaberak, anatidak eta abar ehizatzea dira.

Azter-eremuko ur-ibilguak munta eskasekoak izaki, ibai-arrantzak ez du garrantzi handirik.

1.5.4.- Itsas arrantza.

Ikerketa-inguruko arrantza jarduerei buruz dugun informazioa urria da. Beraz, oso interesgarria litzateke ikerlanen bat burutzea edo era sistematiko batean informazioa jasotzen hastea, datu kuantitatiboak izateko. Jarraian ikerketa-inguruan dagoen arrantza profesionalari, kirol-arrantzari eta itsaski-bilketari buruzko informazio erabilgarria aurkeztuko da. Horretarako funtsezko informazio iturriak bi izan dira: (i) AZTI Fundazioko Itsas Ikerkuntza Sailan bertan eskura dagoen informazioa eta (ii) Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak eskainitako informazioa.

a) Arrantza profesionala.

Euskal Herriko itsasbazterreko artisau-arrantza neurri txiki eta ertaineko ontzi askok egiten dute (175 unitatek) eta arrantza-tresna sorta handiarekin arrantzatzen dute itsasertzetik gertu dauden kaletan eta iraupen laburreko mareak egiten dituzte, 24 ordu baino gutxiagokoak. Kostaldeko artisau-arrantza egiten duten ontziek arrantza modalitate askotako erroldatan izena eman dute, horien artean azpimagarriak dira «Tresna txikietako» edo «Hondoko tretzako» erroldak (Arregui et al., 2004).

Beita bizirako inguraketa edo arrastea bezalako azpisektoreekin alderatzen badugu artisau-ontzien arrain-hartze kopurua mugatua izan arren, ezin da ahaztu ontzi horiek dauden kostaldeko udalerrietan duten garrantzi soziala eta ekonomiko-kulturala.

Hauxek dira kostaldeko flota artisanalaren ezaugarri nagusiak:

- Erabilitako arrantza-trena hauexek tresna txikiak dira, hondoko tretza, azaleko trebes-tretza, piedra-bola tretza, bolanta, zapo-sarea eta algentzako zapo-sarea (Gelidium spp.). Lehenengo horien artean esku-lerroak, aparailua, otarrea eta zenbait mailasare daude.

- Iraupen laburreko mareak egiten dituzte, 24 ordukoak orokorrean.

- 1000 metroko sakonera baino gutxiago duten sakoneretan arrantzatzen dute (hegaluzeetarako mareetan izan ezik).

- Arrantza jarduera eskumeneko itsasaldearen mugen barnean egiten da (12 millako mugapena).

- Ontziak, orokorrean, neurri txiki edo ertainekoak dira.

Euskal Herriko itsasbazterreko artisau-flotak arrantza-tresna sorta zabala erabiltzen du. Horietatiko gehienak, «tresna txiki» gisa ezagutzen dira. Tresna horiek berezko legeria dute, eta batez ere itsasbazterreko artisau-flotak erabiltzen ditu. Horien artean, mailasareak, amu-aparailuak eta otarreak daude.

Aipaturiko «tresna txikiez» gain, Euskal Herriko itsasbazterreko artisau-flotak, neurri txikiago batean, beste arrantza-tresna batzuk erabiltzen ditu. Horietariko bakoitzak berezko legeria du, eta hauxek dira erabilienak: hondoko tretza, tretza erdipelagikoa edo piedra-bola, azaleko trebes-tretza marrazoak arrantzatzeko, zapo-sarea eta bolanta (azkeneko biak ez dira kontuan hartzen aztertutako flotaren oso ontzi gutxietan erabiltzen baitira, eta erabiltzen badira oso noizbehinka izaten delako).

Beraz, itsasbazterreko artisau-flotak erabiltzen dituen arrantza-tresna eta -aparailuak lau taldetan bana daitezke:

- Mailaseak, mailabakarrak eta tresmailak.

- Amu-aparailuak (tretza, lerroa, koraina, kazako aparailua eta tretza txikia).

- Otarreak.

- Tramankuluak.

Arrantza-ofizioak (arrantzaleen artean oso termino erabilia eta arrantza-tresna, helburu den espeziea, garaia eta lekua eta arrantzan kalen arteko konbinazioa dela eta jaso du izen hori) Euskal Herriko itsasertzeko artisau-flotan identifikatutakoak hamasei izan dira (4. taula). Horietatik sei mailasarekoak dira (bi mailabakar eta miñoko lau), otarreko hiru, hiru esku-aparailu, kazako aparailu bat eta algei zuzendutako eskuare bat.

4. taula.- Euskal Herriko artisau-flotan identifikatutako arrantza-ofizio nagusiak (Arregui et al., 2004)

(Ikus .PDF)

Proposatu antolamendu esparruaren kasu zehatzean, jarduera garaiko profesionala horrela definitzen da:

- Irailetik otsailera azaleko tretza egiten du flotak Zumaia-Debako eremuan. Helburu dituen espezieak lupia, eta neurri txikiagoan, muxarra dira. Horretan ematen duten ontzi profesionalen kopurua eguneko 3 eta 5 artekoa da. Horrez gain, egun jakinetan inguraketa-arrantza egiten da, eta kopurua aldakorra da eremuan harrapatutakoan oinarritzen delako.

- Neguan, abendutik otsailera, Lekeitioko eta Pasaiako hondoko tretzako ontziek ahalegin handia egiten dute (bi edo hiru guztira) itsas aingiraren arrantzatzeko. Gauez, eremu horretan inguraketa-ontziak (6-8 itsasontzi) izaten dira.

- Berdelaren sasoian, martxotik apirilera, berdel-sasoian, biltzen dira itsasontzi gehien espezie horri jarraiki (inguraketa- eta amu-arrantza). Jarduera ez profesionala ere (arrantza eta itsaski-bilketa) bizia da, batez ere marea handietan. Berdelaren kanpainan aritzen den flota profesionala Euskal Herriko flotak osatzen du, baina udaberria eta uda iristen direnean, Kantabriako eta Galiziako flota bertaratzen da. Flota horren kopurua beste inguruetako arrantzarako lekuen eta kalen egoeraren araberakoa da.

- Udan, maiatzetik urrira, itsas kabra harrapatzeko trasmailuak bordatzen dira, eta zenbaitetan, kanpoaldean harrapaketa eskasak suertatuz gero, trabes-sareko zenbait ontzi sakonera txikiagoko uretan sartzen dira. Guztira sei motordun ontzi daude Getarian (Amest, Kastillo anaiak, Manuelak, Itsas Eder, Agustina, etab.) eta noizean beho beste portuetako ontziak hurbiltzen dira (Donostiatik, Pasaiatik edo Mutrikutik).

Aipatu beharrra dago, ingurusareko arrantza inguruan onartu ez arren (baimen berezia izan ezean), inguru horretan inguraketa-ontziak arrantzan izaten direla.

Gainera, kontuan izan behar da beita biziko flotak (batez ere Hondarrabikoa eta, neurri txikiagoan, Getariakoa eta Oriokoa) noizean behin ur horietan arrantzatzen duela.

Bestalde, tradiziozko ingurusareko flotak ere (6 ontziz osatutakoa) inguru horren inguruan arrantzatzen du.

Zabalgune beran ere espezierik bilatuena olgarroa da, beste hauez gain: izkirak, nekorak, txangarrak eta lapak. Gertuko uretan, bestalde txipiroi bilatzaileek eta txalupa motordunek lupiak, urraburuak, berdela eta arraintxikiak arrantzatzen dituzte. Ingurua hondoko itsasora oso irekia dago eta horrek bainatzea eta urpekaritza oztopatzen du, baina azken aldian urpekaritzak jarraitzaile asko bertaratu ditu, bai biriketako urpekaritza zein botilarekin egiten dutenak.

b) Kirol-arrantza.

Araudi-atalean azaldu denez, kirol-arrantza azalekoa, lehorretik edo ontzi batetik egiten denean, edo urpekoa, alegia igerian edo hauspoen indar hutsez urperatuz, izan daiteke. Azaleko kirol-arrantza egiteko erabiltzen diren aparailuak kordela (ontziari lotua egon daiteke edo eskuan nahiz kanaberaz erabili) edo amu-aparailua (horien artean, koraina eta arrain edo beita artifizialak) dira.

Antolamendu-esparruan dabiltzan ontzien kopurua asko aldatzen da egun batetik bestera, eguraldia nahiz arrantzaren berezko dinamikak direla medio. Eguraldi ona eta espezie ugari dagoen sasoietan, posible da 50 kirol-ontzi baino gehiago topatzea, txipiroi eta arraitxikien xerka.

Beste egun batzuetan, berriz, eguraldia ona bai baina arrain gutxi badago, kopuru hori 5 edo 10 ontzira jaits daiteke. Kirol-ontzien beste jarduera batzuk dira kazako arrantza (txitxarroa), kanabera-arrantza lehorretik eta gau-arrantza.

c) Espezieak.

Espezie-kopurua handituz doa supralitoraletik 15 m-ko sakonera bitarte jaitsi ahala, eta 25 m-tik gora sakondu ahala, berriz, txikiagotuz doa, bai Mutrikun bai Algorrin (Zumaia).

Beti urpean dauden lekuetan bizi diren espezieei dagokienez, eta ia zonalde osoan hondoak harkaiztsuak izaki, ohikoenak arrain txiki territorialak (arraitxikiak) dira, hala nola kabuxak, karraspioak eta dontzeila (labridoak). Itsas kabra, karraspio atlantikoak eta itsas aingira dira kiloa gainditzera heltzen diren espezie bakarrak; azken hori, hain zuzen ere, 30 kilo izatera hel daiteke.

Olagarroa ere ugaria da; zoru hain malkartsu eta organismo txertakariez estalitako lurrazal batean eskas ez diren txamarrez eta beste krustazeo batzuez elikatzen dira. Hareazko orban urrietan, paneka, barbarina, arraingorria eta kabra bezalako espezieak metatzen dira. Elikagaiaren ugariak harrapariak ere erakartzen ditu, esaterako lupia eta esparido handiak (muxarra, urraburua...), eta batez ere kumeak (pantxoak). 30 brazatik (50 m inguru) 3 braza (5 m) arteko hondoetan, azaleko tretzako arrantza profesionala (amu-lerroa lupia eta esparidoak harrapatzeko) egin ohi da, eta ontzi bat otarreekiko arrantzan (txamarretarako) aritzen da.

Datuen arabera, azter-eremuan 30 bat espezie harrapa daitezke, eta horien artean hauek nabarmentzen dira:

- Lupia (Dicentrarchus labrax) eta muxarra (Diplodus spp.): iraila, urria, azaroa, abendua eta otsaila.

- Itsas kabra (Scorpaena porcus): maiatza, ekaina eta uztailaren hasiera.

- Itsas aingira (Conger conger): azaroa, abendua, urtarrila eta otsaila.

- Barbarina (Mullus surmuletus eta barbatus): maiatzaren bukaera, ekaina, uztaila eta iraila.

- Olagarroa (Octopus vulgaris) eta txamarrak (Necora puber): martxoa, apirila, urria, azaroa.

- Panekak (Trisopterus luscus): urte osoa, baina batez ere udara.

- Berdela (Scomber scombrus): urtarrilaren erdialdea, otsaila, martxoa.

- Mihi-arraina (Solea spp.): udara.

- Txibia (Sepia officinalis): urtarrilaren bukaera, otsaila, martxoa.

- Txipiroia (Loligo vulgaris): urte osoa, baina batez ere udara.

- Lapa (Patella spp.): urte osoa, baina batez ere udara.

- Txangarra (Eriphia verrucosa): martxoa, apirila, azaroa, abendua.

- Izkira (Crangon spp.): urte osoa, baina batez ere udara.

- Muskuilua (Mytilus edulis): abuztua, iraila.

- Karrakela (Littorina littorea): urte osoa, baina batez ere udara.

Deba ibaiaren bokalea dezenteko arrantza-jarduera duen antxoa-eremua da; beraz, biotopoaren mendebaldeko muga zabaltzen bada, horrek izan ditzakeen ondorioak aintzat hartu beharko dira.

1. irudian, Euskal Herriko aparailu finkoko ontzien arrantza-zona nagusiak ageri dira, arrantzaleek eskainitako arrantza-egutegietan oinarrituta ezarriak Arregui et al. (2004); alabaina, itsasertzeko eremu batzuetan ez dira arrantza-zonak irudikatu, hurbileko portuetako arrantzaleen daturik lortu ez zelako. Hori da, hain zuzen ere, Deba eta Zumaia arteko zerrendarekin gertatutakoa.

Borjak (1987) euskal kostaldean otarre bidez harrapatzeko txamarren (Liocarcinus puber) kala nagusiak identifikatu zituen. Deba eta Zumaia arteko itsasertzean (2. irudia) bi arrantza-zona identifikatu zituen, bata Marianton eta Aitzgorri muturren inguruan eta bestea Haitzandi eta Aitzuri muturren inguruan.

1. irudia.- Artisau-arrantzako modalitate batzuen (aparailu finkoak) banaketa espaziala. Iturria: Arregi et al. (2004).

(Ikus .PDF)

2. irudia.- Otarre bidezko txamar-arrantzako zona nagusiak Deba eta Zumaia arteko itsasertzaren inguruan. Iturria: Borja (1987).

(Ikus .PDF)

Arregi eta besteren (2004) arabera, otarre bidezko txamar-arrantza, aintzat hartu diren arrantza-modalitate guztietatik itsasbazterrekoena da. Txamarraren harrapaketa baimendua dagoen sasoian (urriaren 1etik apirilaren 30era), otarreak 10-20 brazatik (18-36 m) azpiko sakonera duten hondo harkaiztsuetan botatzen dira, eta, eskuarki, sakonera zenbat eta txikiagoa izan orduan eta handiagoak dira harrapaketak. 1999. urtearen ondoren, otarreen erabilera mugatu egin da sakonerari dagokionez: azpiko muga 5,46 brazatan (10 m) ezarri da, urtarrilaren 24ko 212/2000 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren itsasbazterrean arrantza-tresna xumeekin egiten den arrantza arautzen duena, xedatutakoa betez.

d) Eragina.

5. taulan, proposatutako antolamendu-esparruaren inguruan urte-sasoiaren arabera izaten den itsasontzi profesionalen zein kiroletakoen kopurua ikus daiteke, eta baita lehorretik egiten den jarduera profesionala eta kiroletakoa ere.

5. taula.- Gutxi gorabeherako kalkulua, proposatutako antolamendu-esparruaren inguruan neguan, udaberrian, udaran eta udazkenean izaten den itsasontzi profesionalen zein kiroletakoen kopuruarena, eta baita lehorretik egiten den jarduera profesional eta kiroletakoarena ere.

Kodea:

A: Zonaldean arrantzan aritzen diren itsasontzi profesionalen eguneroko batez bestekoa.

B: Zonaldean arrantzan aritzen diren kirol-itsasontzien eguneroko batez bestekoa.

C: Lehorrean marearekin batera egindako jarduera profesionalaren eraginaren eguneroko batez bestekoa.

C`: Lehorrean egindako kirol-jardueraren eraginaren eguneroko batez bestekoa.

(Ikus .PDF)

Tresna txikiko ontzi profesionalen artean, bai eta ingurun erabiltzen dituzten aparailuak, ondorengoak daude:

- Donostia-San Sebastián:

SS-1-296-Aita Jose, azaleko mailasarea

SS-1-5-04-Guk, azaleko mailasarea

SS-1-2354-Marrajo, azaleko mailasarea

SS-1-2380-JJ Gaztelu, azaleko mailasarea

SS-1-3-02-Gure Aita Jose, azaleko mailasarea

- Getaria:

SS-3-2-98-Berriz Agustina, mailabakarra eta tresmaila

SS-1-2-94-Amets, mailabakarra eta tresmaila

SS-3-1421-Castillo anaiak, mailabakarra eta tresmaila

SS-3-1498-Alain -Bi, azaleko mailasarea

SS-3-1399-Bixi, azaleko mailasarea

SS-3-1327-Errekatxo, azaleko mailasarea

SS-3-1-96-Itsas -ederra, azaleko mailasarea

SS-3-3-05-Koasta, azaleko mailasarea

SS-3-1-05-Manuelak, azaleko eta otarreko mailasarea

SS-3-1-05-Nere gogoa, azaleko mailasarea

- Mutriku:

SS-3-3-03-Elenita berria, mailabakarra eta tresmaila

SS-3-3-05-Krexal, mailabakarra eta tresmaila

- Ondarroa:

BI-4-2-02-Beti Oitz, hondoko mailasarea

e) Itsaski-bilketa.

Euskal Herrian molusku bibalboen ustiapena Mundaka, Plentzia eta Txingudiko itsasadarretan izaten da batez ere. Zumaia eta Deba arteko itsasertza ez da moluskuen eta bestelako itsas ornogabeen produkzio-inguru gisa deklaratua izan (hauetan bizirik dauden molusku bibalboak, molusku gastropodoak, tunikatu eta itsas ekinodermatu biziak; APA/1029/2003 Agindua, apirilaren 23koa)

Itsaski-bilketak dezenteko eragina du inguruan, azken hamarkadan behera egin duen arren (IKT, 2006)

Olagarro eta itsaskien bilketa, harrapaketen berezko eraginaz gain, garrantzizko kalte eragilea da zabalgunearen substratuko lauzak eta harriak iraultzen direnean, habitat horren egoerak jasaten duen aldaketa sistematikoa dela eta.

- Olagarroa

Zumaiako udalerrian, bereziki, zabalgunearen eremuan olagarroak harrapatzeko tradizio handia dago. Antzinako jarduera honetarako berariazko harrapaketa-tresnak daude, eta udalerrian berezkoak diren lehortze- eta kontsumo-teknika bereziak erabiltzen dira.

Zumaian, olagarroa itsasbeheran harrapatu ohi da, arroka artean eta eskuz. Erabiltzen diren bi harrapaketa-sistemek (marka bidezkoa eta sarea botaz) 8 mm inguruko diametroa duten kakoak baliatzen dituzte (Carballo, 2005).

Marka bidezko arrantza Algorri eta Portu Txiki arteko gunean egin ohi da. Olagarroek beren gordelekuen sarreran uzten dituzten markak edo arrastoak (zuloetan sartu ahal izateko metatzen dituzten hondar-piloak edo harri txikiak, karramarroen oskolak, lapen maskorrak eta abar) bilatu ondoren, arrantzaleek kakoa gordelekuetan sartzen dute, barruan olagarrorik ote dagoen ikusteko; olagarroa topatzen badute, kako bat edo birekin heldu, zulotik atera eta akabatzen dute.

Itzurun, Inpernupe, Paol, Orrua eta Planeiran, ordea, olagarroa kanaberaz harrapatzen da, harkaitz-bloke handiekiko zona horietan, markak ez hain argiak ez izateaz gain, olagarroak blokeen azpiko zuloetan ezkutatzen baitira. Sistema honetan, apeu bat (karramarro bat, arrain-buru bat eta abar) jartzen da olagarroaren gordelekuaren sarreran jartzen den makila edo kanabera baten muturrean. Olagarroak beitari heltzen dio bere garroetako batekin, arrantzaleak kakoaz harrapatzen du eta ondoren akabatu egiten du.

Olagarroa harrapatzeko beste sistema bat gauez egiten zen, zonaldea kriseiluez edo kanpin-gaseko lanpara batez argituz; gaur egun, ordea, olagarroaren gau-arrantza debekaturik dago.

Aipatu behar da, araudiari buruzko atalean adierazi denez, olagarroaren arrantzak ez duela debekualdirik eta egunean ale bakarra, gutxienez 750 g izango dituena, harrapa daitekeela. Zonaldean olagarro bat baino gehiago zeramaten arrantzaleak begiztatu direlarik, ondoriozta daiteke araudia ez dela betetzen, eta horrenbestez beharrezkoa litzateke zaintza zorrotzagoa ezartzea, partaidetza-prozesuan islatu zen moduan.

1.5.5.- Bide-sarea eta eraikinak.

Kostaldeko eremua N-634 errepideak, Debatik Errota Berri pareraino, eta A-8 autobideak, Itziarko gainean, inguratzen dute. Debaren ingurumarietan, errepide nazionala antolatutako esparruaren barnealdera sartzen da, eta Santa Katalinarako sarbidearen eta Langa Berriko inguruaren artean alderdiaren muga zehazten du.

Errepide horretatik Biotopoaren esparruko zenbait gunetara hel daiteke; esaterako, Santa Katalinara heltzeko ibilgailuen sarbidea debekaturik dagoela adierazten duen pista hartu behar da. Beste pista asfaltatu bat Atxili baserriaren ondotik Debako Hondakin Uren Araztegiraino jaisten da, Arranomendiko haranerako sarbidea eskainiz.

Itziartik Itxaspe auzora iristen da, hortik, pista asfaltatuetatik barrena, Mendata muturrera (Aitzuri eta Mendatarako sarbidea) eta Txertudi baserrietara heltzen da, eta handik aurrera, Iturrietara, Uzkanga baserrietara eta Sakoneta baserrira.

N-634 errepideko beste sarbide batzuk Errota Berrira, Urberuaga-Arantza Goikoa-Arantza Behekora, Elorriaga-Galarreta-Aisialdi gunera eta Erdaineta-San Martinera doaz. Santiago Bideko zementuzko pista bat Ardantzatik Pikotera igotzen da, Karmengoa-Agerre-Andikoa-Saraskate-San Martin ibilbidea osatuz.

Esparru osoan pista-sare ugari dago; Baratza Zaharrak aldean, pista itsaslabarren justu oineraino iristen da. Antolatutako eremuaren erdialdean, egoera eskasean dauden pista batzuek Andikara eta Galarreta baserriak lotzen dituzte.

Bilbo eta Donostia lotzen dituen Euskotrenen trenbideak esparruaren mendebaldeko koadrantea zeharkatzen du, zatirik handienean lur azpitik. Behinola, trenbidearen trazatua urertzetik gertuago zihoan, eta Sakonetaren ondoan (Itziar) geraleku bat zegoen. Ibilbidea aldatu zelarik, gaur egun garai bateko trazatua alderdiko pista- eta xendra-sarearen zati da.

Aurrez aipatu baserriez gain, antolatutako esparruan bestelako eraikinik ere bada. Sakonetan, Guardia Zibilaren kuartel zaharraren aurriak eta elkarte baten jabetzako eraikin erdi lurperatu bat aurki daitezke. Baratza Zaharrak aldean, txabola batek zutik dirau itsaslabarraren oinean. N-634 errepidean bi behatoki daude (La Hilandera eta La Salve). Arranomendiko haranean, errepidetik edo Hondakin Uren Araztegira heltzeko pistatik gertu, zenbait txabola daude kontserbazio-egoera ezberdinetan.

1.5.6.- Naturaren kontserbazioa eta interpretazioa.

2005eko ekainaren hasieran, Algorri Interpretazio Zentroa zabaldu zen hiltegi zaharrean. Zentroa herriko udalak sustatua dago, eta udalerriko geologia- eta natura-balioak ezagutzera ematea du helburu.

Algorri zentroak duen ekipamendu didaktiko osatuari esker, itsaslabarraren eta zabalgunearen, Artadiko artadien eta Santiagoko duna eta paduren ezaugarrien berri jakin daiteke bertan. Erakusgune zabal batez gain, multimedia-emanaldiak eta -dokumentuak eskaintzeko eta konferentziak antolatzeko auditorio bat du. Halaber, artxibo- eta dokumentazio-aretoak nahiz tailerra egiteko gelak ere badira bertan.

Urte osoan zehar bisitak hartzeaz eta gaikako unitateak erakusgai jartzeaz gain, zentroak zabalgunearen eta itsaslabarren ezaugarri geologiko eta naturalak zehatz-mehatz ezagutu ahal izateko bisitaldiak eskaintzen ditu. Eraskusketa eta multimedia-emanaldietarako baliabideekin batera, interpretazio-zentroak gidarien zerbitzu bat badu deskribatutako lurretan ibilbide bat egin nahi dutenei laguntzeko.

Interpretazio-zentro honen beste eginkizunetako bat da mundu osoko geologoek egin ohi duten bisita-andana bideratzea. Udalerriak natura, paisaia eta geologiari begira dituen balioak jendarteratzeaz eta horiek hezkuntzarako baliatzeaz bat, espero da zentroa lagungarria izango dela zabalgunearen substratu geologikoko laginen nahiz fosilen zein bestelako materialen bilketa ordenatzeko lantegian.

1.5.7.- Ikerketa geologikoak.

Adierazi den bezala, Deba eta Zumaia arteko itsasertza mundu-mailako erreferentzia-gunea da Behe Kretazeotik Eozenora bitarteko aro geologikoan zehar itsas eremu sakonetan jalkitako harri sedimentarioen behaketa eta ikerketarako.

Arroka-multzoaren ikusgarritasun eta kontserbazio-egoera bikainak ikerketa ugari erakarri ditu, gehienak 50eko urteetatik eta, batik bat, azken 15 urteetatik hona.

Itsaslabarrean hartzen diren laginak askotarikoak dira: laginketa litologikoak, mikropaleontologikoak, geokimikoak eta paleomagnetikoak nahiz makrofosilen laginketak, besteak beste. Arroka-alerik biltzea beharrezkoa ez duten beste laginketa-mota batzuk ere egiten dira.

Oro har, laginketak ikerketa geologikoak egin bitartean gauzatzen dira, eta baliatzen diren metodoek apenas erasaten diote, edo batere ez, natur inguruneari. Adierazi beharra dago, bestalde, itsaslabarretik biltzen den arroka gogor edo bigunen lagin-kopurua higadura naturalaren ondorioz egunetik egunera desagertzen dena baino hagitzez txikiagoa dela. Nolanahi ere, nabarmentzekoak dira makrofosilen hondarrak biltzea eta laginketa paleomagnetikoak egitekoa beharrezkoa duten ikerketak. Azken horietan, batzuetan lekuko zilindrikoen bidez zuloak egiten dira laginak biltzeko, labarraren horman ondo agerikoak diren zuloak utziz.

Azkenik, urtero eskolako haur ugari zabalgunera joaten da bisitan, bertako ezaugarri geologiko eta naturalak in situ ezagutzeko. Kasu horietan, ohikoa da animalia-espezimenak biltzea, eta bisitaldi jendetsuetan dezenteko asaldura eragin liteke.

1.5.8.- Kanpo-eraginak.

Deba eta Zumaiako herriguneen inguruetan (Santiago eta Lapariko hondartzak lehen herrian, eta Marianton muturra, Itzurungo hondartza, San Telmo ermita eta Algorriko hondartza bigarrenean), aisialdi-jardueren presioa esparruaren gainerakoak jasaten duena baino askoz handiago da, batez ere oporraldietan. Jarduera horien eragin nabarmena jasaten dute, halaber, Uzkanga Berri eta Elorriagako aisialdi-guneek eta, neurri txikiagoan, Sakonetako hondartzak.

Eragin handia duen beste elementu bat N-634 errepidea da; egunero 4.000-5.000 ibilgailu inguru igarotzen da, eta azter-eremuak pairatzen duen inpaktu nagusia zaratarena da.

Itsasoko uren kalitatea Deba ibaiaren ekarriak eta Itziarren, Itxaspe edo Arranomendi errekaren bokale ondoan, kokatutako araztegiaren isurketatik datorren karga organikoak baldintzatzen dute. Itsas korronteek Urola ibaitik datozen urak zabalguneko urekin nahastea eragozten dute.

Kostaldea drainatzen duten ubideetako uren kalitatea ez da zehazki ezagutzen, baina kasu batzuetan antzeman diren zantzu puntualen arabera, kutsadura-arazoak badira, han-hemen kokatutako baserriek eta nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerek eragindakoak.

1.6.- Deskribapenerako material gehigarria.

Azter-eremuari buruzko informazio osagarria aurki daiteke erreferentzia hauetan:

- Arantzadi Zientzi Elkartea, 1987. Mendatako parkearen ingurune fisikoaren, antolamenduaren eta erabileren azterketa. Gipuzkoako Foru Aldundia.

- Azti, 2000. Establecimiento de las bases técnicas de conocimiento de la rasa mareal de Algorri con vistas a su posible declaración como Biotopo Protegido. Donostia, 1998ko abendua. Angel Borja et al. Txosten teknikoak, 89. zka. Eusko Jaurlaritza, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

- Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Saila, 2001. Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertza babestu eta antolatzeko Lurraldearen arloko planaren aurrerapidea. Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz.

- Lizaur, X. & Morante, G. 1996. Euskal Autonomia Erkidegoko garrantzizko espazio naturalen katalogo irekia. Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz.

- Azti, 2007. Ampliación de la información disponible para el tramo marino comprendido entre Deba y Zumaia. Eusko Jaurlaritzaren Biodibertsitate Zuzendaritza.

2.- Baliabideen, ekosistemen eta paisaien kontserbazio-egoera: diagnostikoa eta aurreikuspena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko 16/1994 Legearen arabera, bereziak edo ederrak diren zein interes zientifikoa duten ekosistemak, komunitateak edo natur elementuak babesteko guneak dira biotopo babestuak. Oro har, biotopoetan mugatu egingo da baliabideen ustiapena, ustiapena bera eta babestu nahi diren balioen kontserbazioa bateragarriak izan ezean.

Deba eta Zumaia arteko itsasertzaren Biotopo Babestuan, ezaugarri geomorfologikoek berebiziko garrantzia dute, gurean ez ezik baita nazioarte-mailan ere. Aipatzekoa da, halaber, abrasio-plataforman eta itsaslabarretan giza eragina eskasa izan dela, batik bat eremuok irisgaitzak direlako. Bestalde, lehorreko esparruan landazabal atlantikoaren kontserbazio-egoera ona da orokorrean. Horri esker, itsasertzeko zerrendaren paisaia kalitate handikoa da. Era berean, txoko ekologikoen ugariak eta abrasio-plataformaren berezko ezaugarriek eskualde mailan balio handikoak diren komunitate biologikoen presentzia bermatu dute.

Alderdiak jasaten dituen presio nagusiak aisialdi-, zientzia- eta arrantza-erabilerek eta ikerketa edo bildumarako espezimenen bilketak eragindakoak dira. Paisaiaren aldetik, mehatxurik larrienak lehorreko eremuari dagozkio, lurzoru-erabileren aldaketak edo azpiegituren eraikuntza direla medio. Ez dira ahaztekoak, bestalde, N-634 errepidearen ondoriozko presioak.

Unitateen kalitatean eta urrakortasunean oinarritutako zonakatzearen arabera irizpideak eta mugaketak ezartzean, elementu baliotsuenak kontserbatzea, natur dinamikak errespetatzea eta ekosistemak onera ekartzea lortu nahi da. Lehorreko esparruaren funtsezko elementua den paisaia kontserbatze aldera, beharrezkoa da lehen sektoreari eta bereziki abeltzaintzari eustea. Deba eta Zumaiako Hiri Antolaketako Arauetan jasotako araudiak esparruan natur ingurunea babestea bultzatzen du, eta etxebizitza- eta azpiegitura-hazkundeari mugak jartzen dizkio.

2.1.- Eremuaren ebaluazioa.

Antolatutako eremuak Euskal Autonomia Erkidegoaren testuinguruan duen garrantzia azaltze aldera azpimarra daitezkeen irizpide ekologikoak labur-labur jaso dira hasteko Aginduan (EHAA, 2006ko uztailaren 7koa). Honetan Deba eta Urola ibaien bokalen artean dagoen kosta zatiak duen berezitasuna aipatzen zen, geologia, geomorfologia eta paisaiari dagokionean.

Jarraian, ezaugarri ekologiko adierazgarri batzuk zehaztuko dira:

- Urrakortasuna. Antolamendu-esparruko substratu geologikoaren ezaugarriek ezegonkortasuna eta dinamismo handia ematen diote eremuari; izan ere, flyscharen, itsaslabarren eta abrasio-plataformaren berezko ezaugarriak dira horiek. Itsasertzaren kalitatea Deba ibaiaren bokaleak baldintzatzen du, EAEko ibai kutsatuenetakoa baita. Esparruaren urrakortasuna baldintzatzen dute, halaber, erabilera publikoak, arrantzak, itsaski-ustiapenak, fosilak eta lagin geologikoak hartzeak edota espezimenen bilketak. Itsaslabarreko elementu batzuk, habia bertan egiten duen hegazti-fauna kasu, urrakor gisa kalifika daitezke. Era berean, itsasertzeko zerrendan espezie exotiko ugari egoteak oso urrakor bihurtzen ditu han finkatutako komunitate autoktonoak.

- Bakantasuna. Itsaslabarraren ezaugarri geomorfologikoen bakantasuna nazioartean aitortua izan da, hain zuzen ere marearteko zabalgunearen handitasunagatik eta estratu litologikoen kokaera zein hedaduragatik. Ez da inondik ere ohikoa aro geologikoen arteko muga hain garbi markatzen duen gune bat aurkitzea.

- Naturaltasuna. Tradizionalki alderdi honi eman zaizkion erabilerei eta jasan dituen presioei erreparatuz, nekez esan liteke sistema hau erabat naturala denik. Hala ere, Biotopoaren eremua, alegia zabalgunea eta itsaslabarrak, naturaltasun-arrasto nabarmenak ageri dituzten sistemak dira, oso gutxi eraldatu direlako. Itsasertzeko esparruaren lehorreko aldeak ere naturaltasun-maila interesgarria ageri du, aspaldi handitik gizakiak moldatua izan den arren.

- Interes berezia. Kretazeo eta Tertziarioaren arteko trantsizioa -justu dinosauroak bat-batean iraungi ziren aroa- garbi markatzen duen zerrendak mundu osoko aditu ugari erakartzen du urtero, mundu osoan fenomeno bakana delako. Bestalde, marearteko zabalgune honek beste aro geologiko batzuetako trantsizioak ere agertzen ditu, Paleozeno-Eozenoa edo Goi Kretazeoa-Behe Kretazeoa kasu, eta horregatik esan liteke benetako geologia-entziklopedia bat dela. Fosilen ugariak, batez ere zabalgunearen ekialdeko muturrean, Europako fosil-hobi garrantzitsuenetakoa bihurtzen du ingurua. Bestalde, itsasertzeko fisiografiak higadura-arrasto interesgarriak eskaintzen ditu antolatutako esparruan, hala nola haran esekiak, oinarria atzeratua duten itsaslabarrak eta, batik bat, marearteko zabalgunea, Europako handienetakoa eta flyscha zein bertan ikus daitezkeen sekuentzia geologikoak ikertzeko gune paregabea. Horri esker, itsasertzeko zerrendaren paisaia kalitate handikoa da. Gune adierazgarrien artean, nabarmentzekoak dira Itzurungo hondartza, San Telmoko muturra, Elorriaga, Sakonetako mutur eta senaia eta Endata edo Mendata muturra.

- Hedadura. Eremu antolatua tamainaz txikia da baina Deba eta Urola ibaietako bokaleen arteko itsasertzeko zerrenda osoa barne hartzen du, euskal kostaldeko itsasbazter bitxi eta erakargarrienetako bat babestuz.

- Dibertsitatea. Habitatei dagokienez, dibertsitate handia dago kopuruari erreparatuta eta naturgunea txikia dela kontuan hartuta. Deigarria da ornogabeen espezie-dibertsitatea eta aniztasun morfologikoa marearteko zabalgunean, txoko ekologikoen oparotasunari esker. Higadurak sortutako ingurumen-aniztasunak fauna bentiko aski bitxia erakarri du zabalgunera; bertan, euskal kostaldean sakabanatuta dauden komunitate asko biltzen dira, baina gune jakin honetan aniztasuna bereziki handia da.

- Egonkortasuna eta ezegonkortasuna. Itsasertzeko zerrendaren ezaugarri litologiko eta geomorfologikoak direla-eta, ekosistema konplexu eta dinamikoa da, itsas dinamikaren eraginpekoa, eta beraz elementu babesgabeenak etengabe eraldatuz doaz. Baratza Zaharrak eta Andikara erreka arteko zerrenda bereziki ezegonkorra da. Gune horretan, itsaslabarreko alderdi babesgabeenetan ohikoak dira irristatze-fenomenoak (adibidez, Pikote baserriaren aldamenean). Aitzitik, kostaldeko agrosistemetan dinamika kontrajarriak garatzen dira: progresiboak, lurzatien abandonuak eta sastraken kolonizazioak eragindakoak, eta erregresiboak, nekazaritza-lanek eta noizbehinka gertatzen diren hondamendiek, suteek kasu, eragindakoak. Azken hamarkadetan, balantze orokorra dinamika progresiboen aldera lerratu da, Euskal Herriko nekazaritza-paisaiaren joera orokorrari jarraituz.

- Eskualdeko egitura ekologikoan duen lekua. Eremu antolatuak Gipuzkoako kostaldean dagoen plataforma kontinentalik handiena barne hartzen du. Substratuak lodiera txikiko geruzatan paratutako material gogor eta bigunen alternantzia islatzen du, eta haren higadura diferentzialak Europako marearteko zabalgune handiena sorrarazi du. Abrasio-plataforma honen marearteko zonan handia da txoko ekologikoen aniztasuna eta, beraz, landare eta animalien dibertsitatea. Zonaldea garrantzitsua da, bestalde, Kantauri aldeko migrazio-korridorean sartzen delako.

- Ordezkatzeko erraztasuna. Natura, paisaia eta geomorfologiari begira interesa duten elementuak (marearteko zabalgunea, itsaslabarrak eta itsasertzeko zerrenda) desagertuko balira, zaila edo ezinezkoa litzateke horiek ordezkatzea, berritze-lanetarako beharko liratekeen ahalegin tekniko eta ekonomikoei erreparatuta. Edonola ere, gogoratu behar da, alderdi positibo gisa, esparruaren zati handi bat titularitate publikokoa dela. Lehorreko eremuan, Gipuzkoako Foru Aldundia Herriaren Onurako Mendi kalifikatutako bi lurzati handiren jabe da.

2.2.- Balio potentziala.

- Hezkuntza-erabilerak. Ibilbide didaktikoak sortu edota bermatzeko lagungarria da esparrua Deba eta Zumaiako herriguneetatik gertu egotea, bide finkatuak edukitzea eta bertan elementu geologiko, geomorfologiko zein paisaia aldetikoak (eta neurri txikiagoan fauna eta florakoak) uztartzea.

- Ekosistema bereziak babestu eta hobetzea. Biotopo Babestuaren eta Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren figurak berekin dakarren egitura administratiboak erabilerak mugatzeko eta kontserbazio-jarduketak ezartzeko bidea ematen du.

- Paisaia hobetzea eta erabilera publikoa antolatzea. Ibilgailu eta pertsonentzako bideen erabilera antolatuta, sistema urrakorrenen gaineko eragina leun liteke.

- Mugaketa zorrotzak erreserba-zonetan. Erauzketa-erabilerak (alde batetik, itsaski-bilketa eta arrantza, eta bestetik, bildumagileentzat fosilak erauztea, espezimenak biltzea...) behar bezala antolatuz gero, zabalgunearen gaineko presioak arinduko dira.

- Ekosistema naturalak lehenera ekartzea: eremu batzuetan konifero-sailak edo sasiakazia bertakotuen arboladiak ikus daitezke. Jabetza publikoa eta eremu hau kudeatze aldera lortzen diren baliabideak uztartuta, posible liteke alderdi horietan ekosistema naturalak lehenera ekartzea.

2.3.- Faktore mugatzaile edo aldarazleak.

- Urtaro jakinetan turismo-erabilerak areagotzea. Uda partean, turismo-eskaria izugarri hazten da. Aisialdi-jardueren ondorioz fauna kaltetzea. Udaldian senaietara heltzeko itsaslabarretarako bideak erabiltzea edota Zumaiako herrigunetik gertu dagoen Itzurungo hondartza mukuru betetzea.

- Arrantza-ustiapenak zabalgunearen kanpoaldeko eremuan. Duela zenbait urtetik hona eta egunero-egunero, zenbait arraste-ontzik zabalgunearen hondoak soiltzen dituzte itsasertzetik hurbileko lekuetan. Jarduera horrek zabalgunearen zona sakonenetako biozenosian duen eragina ez da neurtua izan, baina handia dela susmatzen da, inolako kontrolik ez dagoelako.

- Itsaski-ustiapenak. Gaur egun munta txikikoak izan arren, itsaski-ustiapenek abrasio-plataformaren eta urpeko hondoen aberastasuna eta berezko espezimenen dibertsitatea murrizten dute.

- Lagin geologikoak hartzeari edo fosilen bilketari buruzko erregistrorik ez dago.

- Aleak biltzea, ikerketarako edo bildumagileek zuzenean. Duela zenbait urtetik hona, eta baita gaur egun ere, zabalgunerako sarbide errazek, batik bat San Telmotik, eta geomorfologia, geologia, naturaren historia eta espezieen biologia ikertzeko baldintza berdingabeek ikasle-talde ugari erakarri dituzte.

- Deba ibaitik eta Itziarko araztegitik heldutako kutsadura kimiko eta fisikoak ingurunearen kalitate ekologikoa murrizten dute.

- Eremu antolatua aldatzen duten faktoreak dira, berebat, itsasertzeko esparruak bizi dituen higadura- eta solifluxio-prozesuak nahiz itsaslabarraren ertzean ematen diren luiziak.

- Ehiza. Arautu gabeko ehiza. Pasan erabiltzen diren 7 postu-lerro ez daude Gipuzkoako Ohiko Pasabide eta Postuen Erregistroan, eta beraz araudi espezifikotik kanpo daude.

- Baliabideak eta langileak. Deba-Mutriku-Mendaro eta Zumaia-Getaria zonetarako basozaintza-hornidura iraunkorrak badiren arren, oraingoz ez dago soilik eremu horretan babes- edo mantentze-lanak egingo dituen langilerik.

- Suteak. Ohikoa izaten jarraitzen du larreetan sasiak kontrolpean edukitzeko sua egitea, gero eta gutxiago egiten bada ere. Sua sasiak kentzeko erabili izanaren arrastoa garbi ikus daiteke gaur egun, otadi eta txilardi trinkoek hartutako zonetan.

- Hondakin solidoak eta materialak botatzea. Noizean behin, gune jakin batzuetan material organikoak eta hondakinak pilatzen dira. Alde horretatik, deigarria da Pikote baserriaren aldameneko itsaslabarretan metatzen den zaborra. Zabalgunean bertan, itsasoaren indarrak plastiko- eta hondakin-kopuru handiak uzten ditu labarraren oinean.

3.- Jarduketaren helburuak eta estrategiak.

3.1.- Irizpide eta helburu orokorrak.

Aurreko atalean azaldutako diagnostikoari jarraiki, antolamenduaren helburuak zehaztu eta leheneste aldera irizpide hauek finkatu dira:

a) Antolatutako eremuan, funtsezko alderdia zabalguneak eta itsaslabarrek osatua da, babesaren xede nagusia den ondare arkeologikoa barne hartzen duelarik. Zonalde horretan, gainera, sistema eta prozesu ekologiko baliotsu eta hauskorrenak daude. Horregatik, erabilera-maila murriztaileenak eta muga handienak alderdi horretan ezarri dira.

b) Gune hori inguratzen duten lehorreko eta itsasoko eremuen egoerak eta kalitateak aipatu elementu nagusiaren gain zeharka eragiten dute. Lehorreko esparruan, balioak batik bat paisaia aldetikoak (naturari eta ondareari nahiz giza erabilera tradizionalei lotutako elementuak) eta naturalak (basoei eta ibai-ibilguei lotutakoak) dira. Itsasoan, paisaiaz gain komunitate bentikoak eta fauna nabarmentzen dira.

c) Paisaiak eta prozesu ekologikoak babesteaz bestalde, giza jarduera tradizionalak gorde eta garatu nahi dira. Izan ere, horiei esker heldu zaigu daukagun ingurunea gaurdaino, neurri handi batean gaur dituen balio estetiko eta naturalak atxikiz; horren adibidea da landazabala. Itsasoan arrantza-jarduerari eutsi nahi zaio, baliabideen kudeaketa iraunkorra bermatzen duela sinetsita.

d) Natur ondarearen babesari lotutako alderdiek lehentasuna dutela ulerturik, posible da, eta are komenigarria, natur eremu babestuen barruan hezkuntza eta aisialdia sustatzea, jarduera horiek eskura ditugun baliabideen ustiapenarekin bateragarri eginez eta baliabide horiek eskaintzen dituzten aukerei probetxua atereaz. Deba eta Zumaia arteko itsasertzeko zerrendaren kasuan, beste jarduera bat erantsi behar da, ikerketarena alegia; izan ere, lantegi horretarako eremu berdingabea da inondik ere, baina jarduera antolatu eta are bultzatu egin behar da.

Irizpide horiek oinarri harturik, helburu orokor hauek ezarri dira:

1.- Itsaslabarren aurrealdearen ondare geologikoaren kontserbazioa ziurtatzea.

2.- Alderdian abian diren prozesu geomorfologikoek, batik bat zabalgunean eta itsaslabarretan ematen direnak, beren bilakaera jarraitzen dutela ziurtatzea.

3.- Itsasertzeko zonaren paisaia kudeatzea, haren narriadura eta soiltzea eragotziz.

4.- Alderdian garatzen ari diren sistema eta prozesu ekologiko berezien jarraipena ziurtatzea, marearteko zerrendatik hurbilekoei arreta berezia eskainiz.

5.- Kontserbazioarekin bateragarriak diren erabilera tradizionalak mantendu eta garatzea.

6.- Natur ingurunea kontserbazioarekin bateragarria den ikerketa- eta aisialdi-eremu gisa erabiliko dela bermatzea.

3.2.- Jarduera estrategiak eta helburu espezifikoak.

Helburu horiek lortzeko, bide egokia irizten zaio Biotopo Babestuaren erregimena ezartzeari, horretarako Organo Kudeatzaileak, udalekin eta interesa duten bestelako erakundeekin batera, kontserbaziora bideratutako giza eta administrazio-baliabideak abiarazi behar dituelako.

Natur Baliabideak Antolatzeko Planak lurraldean esku hartzen du bertan garatuko diren erabilerak eta jarduerak mugatuz, eta lurzorua alderdi bakoitzaren izaeraren eta elementu baliotsuak babesteko premiaren arabera zonakatuz. Bestalde, Organo Kudeatzaileak garatu ahal izango dituen jarduketa-estrategiak proposatu nahi ditu. Berariazko helburuak gauzatzeko eperik ez da jarri, ordea, eginkizun hori kudeaketa-plan bati dagokiolako.

Aurrez aipatu diren faktore aldarazleak aintzat hartuta, Antolamendu Planak faktore horien eragina eta babeserako helburu orokorrak desitxuratzeko duten ahalmena murriztu eta arintzeko arauak eta jarraibideak ezartzen ditu.

Horrenbestez, jarduketak egikaritze aldera tresna hauek erabiliko dira:

A) Antolatutako lurraldea zonakatzea, alderdien izaerari eta babes-premiei erreparatuz.

B) Natur baliabideak antolatzea.

C) Erabilerak eta jarduerak antolatzea.

Helburu orokorrak lortzeko, eta kontuan izanik estrategia hauetariko bakoitzak baimentzen dituen baliabideak, helburu zehatzak eratu dira.

Ondoren, estrategia bakoitzeko multzokatutako helburu zehatzak zehazten dira. Eta tresnak eta helburu orokorrak lortzeko bere ekarpena azaltzen ditu.

Ondoren, eta proposatutako helburu orokorren estaldura bistaratzeko, grafikoki eskema bat agertzen da eta, bertan, helburu zehatzekin eta tresnekin lotzen dira. Horrela proposamenen egituratze eta trazabilitate maila hauteman daiteke.

A Estrategia.- Lurraldea zonakatzea. Helburu zehatzak, antolatzea eta helburu orokorrei laguntzea.

(Ikus .PDF)

B Estrategia.- Baliabide naturalen antolaketa. Helburu zehatzak, antolatzea eta helburu orokorrei laguntzea.

(Ikus .PDF)

C Estrategia.- Erabileren eta jardueren antolaketa. Helburu zehatzak, antolatzea eta helburu orokorrei laguntzea.

(Ikus .PDF)

HELBURU OROKOR, HELBURU ESPEZIFIKO ETA ESTRATEGIEN ARTEKO ERLAZIOA

RELACIÓN ENTRE OBJETIVOS GENERALES, ESPECÍFICOS Y ESTRATEGIAS

(Ikus .PDF)

4.- Antolamendua eta araudia.

NBAPren arabera bultzatuak edo onargarriak ez diren erabilera guztiak debekatutzat hartuko dira, eta horiek ezabatu eta okupatutako lurra lehenera ekartzeko bitartekoak jarri beharko dira. Lurralde-eredu honen eta plangintza- edo kudeaketa-tresnetan jasotako irizpide edo mugaketen artean kontraesanik badago, Antolamendu Plan honetan xedatutakoa gailenduko da, 16/1994 Legean araututakoari jarraiki. NBAP honetan bildutako xedapenak interpretatzeko orduan egon litezkeen aldeak Organo Kudeatzaileak ebatziko ditu.

Lurralde-eredua taxutzeko orduan, aintzat hartu dira Lurralde Antolamendurako Artezpideetan zehaztutako erabileren eta jardueren tipologiak (28/1997 Dekretua). Alabaina, Planaren helburuak eta antolatutako zonaldearen ezaugarri bereziak direla medio, zenbaitetan berariazko definizioak eman dira. VI. eranskinean, erabilera- eta jarduera-mota nagusiak azaltzen dira.

4.1.- Zonakatzea.

Antolatutako esparruak 4 atal garbi bereiziak ditu: itsasertzeko lehorreko eremua, itsaslabarren zona, marearteko alderdia eta urpeko zonak. Hala ere, lurraldea unitate homogeneotan zonakatzea erabaki da, erregulazioa unitateon balio naturalen eta erabileren, problematikaren, faktore baldintzatzaileen eta ahalmenen arabera moldatze aldera. Zona horien mugaketa erantsitako kartografian (7. mapa) eta 4. taulan ezarri da. 4.2 puntuan, mugatutako zona bakoitzari dagozkion antolamendu-irizpideak eta aplikazio-arauak definitzen, aztertzen eta xedatzen dira.

- Erreserba Zona

- Erabilera Bereziko Zona

- Itsas Babeseko Zona

- Landa Paisaiaren Babeseko Zona

- Ekosistemak Hobetzeko Zona

- Lehengoratu Beharreko Zona Narriatua

- Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zona eta Landazabala

Bestalde, hiru Gainjarritako Baldintzatzaile definitzen dira:

- Ibilguen Babeserako Gainjarritako Baldintzatzailea (Lurraldearen Antolamendurako Artezpideetan dagoen «Lurazaleko Uren Babesa» izeneko antolamendu-kategoriaren baliokidea)

- Santa Katalina eta Talaimendiko Sistema Orokorren Gainjarritako Baldintzatzailea

- Azpiegituren Zorpenerako Gainjarritako Baldintzatzailea

4. taula.- Zona bakoitzaren azalera udalerrien arabera.

(Ikus .PDF)

4.2.- Erabilerak eta jardukerak erregulatzeko helburuak, jarraibideak eta arauak, zonaka.

4.2.1.- Erreserba Zona.

4.2.1.1.- Definizioa: Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoak zedarritutako ingurua da, jabaritik kanpo dauden itsaslabarren zonak nahiz itsasaldeko paisaiarekin lehorrekoarekin baino lotura handiagoa duten beste zona batzuk barne. Santiago, Lapari eta Itzurungo hondartzak kanpo utzi dira. Itsasaldeko guneari dagokionez, abrasio-plataforma barne hartzen du 10 m-ko sakonera batimetrikora arte bi zonen artean. Horietatik lehena Sakoneta lurmuturra (2º 18’37,5'’N; 43º 17’52,9'’W) eta Mendata lurmuturraren (2º 19’11,4'’N; 43º 17’51,9'’W) artean dago. Bigarrena Pikote Azpia (2º 16’42,49'’N; 43º 17’43,6'’W) eta Aitzbeltza (2º 17’33''N; 43º17’40'’W) artean, Deba eta Zumaiako udalerrien tartean.

4.2.1.2.- Testuingurua:

a) Deba eta Zumaia arteko itsasbazterreko zerrendak Lurraren historiako 50 milioi urte inguru barne hartzen ditu, hasi Haitzandi aldeko Goi Kretazeoaren oinarritik eta Marianton aldean ageri diren Tertziarioaren hasierako hareharrietara. Era Sekundarioaren eta Tertziarioaren arteko mugaz gain, beste aro geologikoen arteko trantsizio aski markatuak ere badira, hala nola Paleozeno-Eozeno muga edo Goi eta Behe Kretazeoaren artekoa.

b) Horrenbestez, Deba eta Zumaia arteko itsasertza mundu-mailako erreferentzia-gunea da Behe Kretazeoaren amaieratik Eozenora bitarteko aro geologikoaren ikerketarako. Arroka-multzoaren ikusgarritasun eta kontserbazio-egoera bikainak ikerketa ugari erakarri ditu, gehienak 50eko urteetatik eta, batik bat, azken 15 urteetatik hona.

c) Eremu honek, gainera, hezkuntzarekin lotura garrantzitsua du, eta urtero hainbat ikastetxetako ikasle-talde ugari bertaratzen da bisitan.

d) Landarediari dagokionez, malda bortitz eta material aski apurkorren zonetan, landare-sorta sakabanatuak baizik ez da hazten, hala nola landare halofiloak edota kareharrizko harkaizti edo oinarrizko lurzoru arrokatsuetako berezkoak. Malda leunagoko eremuetan, non posible baita lurzorurik eratzea, itsaslabarren eta itsasertzeko oinarrizko mazelen berezko komunitateak hazten dira, landare zukutsu eta kresalarekiko erresistenteez. Zona gorenetan, landareri belarkara -Festuca rubra- aurki daiteke, eta harekin batera, txilar-sortekiko sastrakak (aipagarrienak Baratza Zaharrak eta Arantzazpiko inguruetan daude). Itsaslabar garaienetan eta zonalde babestuenetan, arteak eta gurbitzak ageri dira.

e) Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunearen bereizgarri nagusia azalera handi horrek ageri duen malda txikia da (% 1,5ekoa batez beste). Estratu litologikoen kokaera eta olatuen oldarra direla medio, askotariko txoko ekologikoak sortu dira, eta horrek landare eta animalien dibertsitate handiko komunitate bentiko bat ekarri du.

f) Itsaslabarrek garrantzi handia dute, zenbait hegazti mehatxaturen hazkuntza inguru gisa, azter-eremuan dauden belatz handi (Falco peregrinus) habiagintzako bi puntu daudelako. Gainera, beste zenbait espezieen noizbehinkako presentzia ere eman zitekeen, ubarroi mottodunarena (Phalacrocorax aristotelis) esaterako, azken urteotan Getariako itsaslabarretan habia egin duena, edota kaio iluna (Larus fuscus graellsii) eta ekaitz-txori txikia (Hydrobates pelagicus) kasuetan.

g) Itsaski-bilketa eta kirol-arrantza marearteko zabalgune osoan egiten dira, batik bat eskuz:

- Aipatzekoa da olagarroak harrapatzeko dagoen zaletasuna.

- Azaleko kirol-arrantzan txipiroiak, arraitxiak eta txitxarroa harrapatzen da nagusiki, horretarako amu-aparailuak erabiliz.

- Ohikoak dira, halaber, kanabera-arrantza lehorretik eta gau-arrantza.

h) Sakoneta eta Mendatako hondartzek, Itzurun eta Santiagokoek baino gutxiago bada ere, bisitari-andana erakartzen dute uda-sasoian.

4.2.1.3.- Helburua:

Marearteko zabalgunearen eta itsaslabarren ezaugarri morfodinamikoak eta natur balioak (fauna eta flora) kontserbatzea.

4.2.1.4.- Jarraibideak:

a) Esku-hartze antropikoa ahalik eta gehien mugatuko da.

b) Zonaldean garatzen diren hezkuntza-jarduerak eta ingurumena ezagutzera ematekoak kudeatu eta arautuko dira, horiek baliabide geologiko eta biologikoetan eragin dezaketen presioa murritzagoa izan dadin.

c) Ikerketa zientifikoa kudeatuko da.

4.2.1.5.- Arauak:

a) Debekaturik daude era guztietako erabilera, jarduera, eraikuntza-lan edo bestelako esku-hartze antropikoak.

Salbuespenik bada:

- Ingurumenaren inguruko ikerketa nahiz hezkuntza- eta zabalkunde-jarduerak, Organo Kudeatzailearen baimenaz.

- Aisia estentsiboa.

- Ibilgailuen zirkulazioa, segurtasunagatik edo suteei aurre egiteko bakarrik.

- Sorginetxe eta Itxasondoko eraikinen eta inguruneen hobekuntza, mantentze eta apainketa lanak, Organo Kudeatzailearen aurretiko baimenarekin.

- Organo Kudeatzaileak berariaz baimendutako jarduerak.

b) Baliabide geologikoen babesa erregulatzen duten arauak dagokion atalean jaso dira (4.3.1).

4.2.2.- Erabilera Bereziko Zona.

4.2.2.1.- Definizioa: Itzurun, Lapari eta Santiago hondartzak eta Errota Berri eta Elorriagako aisialdi-guneak dira. Aipatu hondartzen kasuan, zonalde hau itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren zedarripenetik itsasalderantz 500 m-ra kokatuta dagoen zonaraino doa.

4.2.2.2.- Testuingurua:

Erabilera publiko intentsiboak arriskuan jar ditzake eremuan kontserbatu nahi diren natur balioak eta prozesu ekologikoak. Eremuan erabilera-mota horren eskaria dagoenez eta Natura Babesteko Legearen exijentzia denez naturguneen kontserbazioa eta jendartea horietan ibiltzea bateragarri egitea, beharrezkoa da erabilera bereziko zonak ezartzea, alde batetik eskari horri erantzuna emateko eta bestetik jende-oldea bideratuz eremua kaltetua izan dadin eragozteko.

4.2.2.3.- Helburua: Erabilera publiko intentsiboaren eskaria zona horietara bideratzea.

4.2.2.4.- Jarraibideak:

a) Zona horietan aipatu erabilera kalitate eta segurtasuneko estandar altuez garatu ahal izate dadin, beharrezkoak diren ekipamendua eta zerbitzuak jarriko dira.

b) Nolanahi ere, eremua naturgune babestu batean dagoelarik, hartzen diren neurriek kontserbazioa, ingurumenaren hobekuntza, ikerketa eta ingurumen-hezkuntza sustatu beharko dituzte.

4.2.2.5.- Arauak:

a) Onargarriak dira aisia estentsiboa eta intentsiboa. Jarraian doazen erabilerak ere onargarriak dira, beti ere aurrez Organo Kudeatzailearen baimena badute:

- Erabilera publikoko eraikinak eta instalazioak (mantentze- eta handitze-lanak barne) eraikitzea, eremuaren kudeaketa edo pertsonen segurtasuna bermatzeko badira eta eraikuntzen kokapenak natura- eta paisaia-balioak narriatzen ez baditu.

- Airetiko eta lurpeko linea berriak eraikitzea.

- NBAP onartzeko unean dauden azpiegiturak mantendu, hobetu eta handitzea.

- Harea lekuz aldatzea.

b) Santiago, Lapari eta Itzurun hondartzetan kirol-arrantza baimenduta dago, beti ere berariazko araudia betetzen bada, dokumentu honen III. eranskinean jasotzen dena.

c) Debekaturik daude gainerako erabilerak.

4.2.3.- Itsas Babeseko Zona.

4.2.3.1.- Definizioa: Abrasio-plataformaren gainerakotik Barruko Uren mugara bitartekoa da, Erabilera Bereziko Zona gisa kalifikatutakoak izan ezik.

4.2.3.2.- Testuingurua:

Azter-eremuko arrantza-jarduerei buruz dugun informazioa urria da. Edonola ere, jarraian jarduera honen ezaugarri nagusiak laburbilduko dira, AZTIren Itsas Ikerkuntzako Unitatean eskura dagoen informazioa eta Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuak eskainitako datuak oinarri harturik.

a) Arrantza profesionala:

Artisau-ontzidiaren ezaugarriak:

- Aipagarriak dira «Tresna txikiak» eta «Hondoko tretza» izeneko erroldak.

- Arrantza-tresna erabilienak txikiak (mailasarea, aparailuak eta otarreak) eta tretza (hondokoa, trabes-tretza eta piedra-bola), bolanta eta zapo-sarea dira.

Jarraian, jarduera profesionala urtaroen arabera sailkatu da:

(Ikus .PDF)

b) Kirol-arrantza:

Ontzien kopurua asko aldatzen da egun batetik bestera; eguraldi ona eta espezie ugari dagoen sasoietan, posible da 50 kirol-ontzi baino gehiago topatzea, baina beste egun batzuetan kopuru hori 5 edo 10 ontzira jaits daiteke.

Gehien harrapatzen diren espezieen artean, hauek nabarmentzen dira: lupia, muxar handia, itsas kabra, itsas aingira, barbarina, olagarroa eta txamarrak, panekak, berdela, mihi-arraina, txibia, txipiroia, lapa, txangarra, izkira, muskuilua eta karrakela.

Olagarroaren harrapaketari buruzko zenbait daturen arabera, zonaldean harrapatutako banakoen pisua legez ezarritako gutxieneko 750 g baino txikiagoa izaten da askotan.

- Oro har, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuak eskainitako informazioaren arabera, ikus daiteke zonaldean arrantza-arautegia ez dela orokorrean betetzen, batik bat olagarroaren harrapaketari dagokionez.

4.2.3.3.- Helburua: Itsas biodibertsitatearen eta arrantza-baliabideen kontserbazioa bermatzea.

4.2.3.4.- Jarraibideak:

a) Zabalguneko animalia- eta landare-komunitate nagusien banaketa, kopuru eta bilakaeraren jarraipena egingo da.

b) Arrantza-legeria nahiz NBAP honetan ezartzen den erabileren eta jardueren erregulazioa zorrotz beteko direla bermatuko duen berariazko figura bat sortuko da.

4.2.3.5.- Arauak:

a) Kontserbazioa, ingurumenaren hobekuntza, ikerketa eta ingurumen-hezkuntza sustatuko dira.

b) Erabilera onargarriak dira honakoak:

- Erabilera publiko estentsiboa.

- Arrantza eta itsaski-bilketa, kiroletakoa nahiz profesionala, berariazko araudia bete behar duena, dokumentu honen III. eranskinean jasoa, betzen bada.

c) Debekaturik daude bultzatuen eta onargarrien artean sartu gabeko gainerako erabilerak.

d) Inguraketa-arrantza debekaturik dago, salbuespenik gabe.

4.2.4.- Landa Paisaiaren Babeseko Zona.

4.2.4.1.- Definizioa: Landazabal atlantikoaren mosaikoa ageri du, alegia baratzeak eta abeltzaintzara emandako lur larreez hartuak. Zona horretan sar litezke, berebat, baserriak edo beste eraikin batzuk eta arboladi txikiak edo sastraka-guneak.

Nekazaritza eta abeltzaintzako zona garaienak, eta beraz agerikoenak, barne hartzen ditu:

- Santa Katalina eta ingurumariak

- Langa Berri eta ingurumariak

- Uzkanga baserriak eta ingurumariak

- Arantza Behekoa eta Arantza Goikoa baserriak eta ingurumariak

- Elorriagako gunearen iparralderako belardiak

- Muzurgaindik Saskarategainera, iparralderantz Pikote baserriraino hedatuz

- Santa Klara eta Ardantza inguruko belardiak

- Talaimendi

4.2.4.2.- Testuingurua:

a) Esparruaren paisaia nagusia landazabal atlantikoak eratzen du; larreak konifero-sailei, hostozabalen arboladiei eta txilardi-otadi-irasail orbanei nagusitzen zaizkie, batik bat antolamendu-esparruaren ekialdeko erdian.

b) Antolamendu-esparruan, mugen barruan edo horien aldamenean kokatutako 6 baserri nekazaritza eta abeltzaintzako jardueretara emanak daude: Uzkanga, Pikote, Santa Klara, Andika, Agerre eta Saraskate; batik bat haragitarako behi-aziendak dituzte, eta maila apalagoan ardi-aziendak.

c) Abandonatuta utzitako edo artzaintzaren dentsitateak behera egindako alderdietan, sastrakak eta zuhaixkak ostera hazi dira.

d) Faunari dagokionez, Lehorreko hegaztiei dagokienez, kostaldeko landazabal kantauriarrek paseriforme migratzaileentzat (txinboak eta birigarroak, besteak beste) duten erakarmena aipatu dugu jada; izan ere, klimaren epelari esker ekosistemaren emankortasun primarioa beti mantentzen da neurri batean, baita neguan ere.

4.2.4.3.- Helburua: Nekazaritzako ekosistemen eta paisaien kontserbazioa bermatzea.

4.2.4.4.- Jarraibideak:

a) Landazabaleko paisaiaren kontserbazioa sustatuko da, hain zuzen ere baserriari lotutako larre- eta nekazaritza-baliabideen probetxamendua oinarri harturik.

b) Nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerak mantentzeko ardura hartuko da; erabilera horiek izango dira tradizionalki zona horretan egin direnak.

c) Ganadua maneiatzeak eragindako hondakinen isurketa Organo Kudeatzaileak kontrolatuko du, batez ere simaurra eta minda nahiz tratamendu zoosanitarioetatik eratorriak, abeltzainekin bat etorrita hondakin horiek kudeatu edo ateratzeko beharrezkoak diren neurriak bultzatuz.

d) Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan ingurunean eragin txikia duten teknikak erabiltzea bultzatu eta diruz lagunduko da.

e) Heskaien lehengoratzea eta ezarpena bultzatuko da.

f) Talaiamendiko gunean, gaur egun, lursail-zatiketak eta txabolek paisaia narritzen dute, eta paisaia leheneratzerako jarduerak sustatuko dira.

4.2.4.5.- Arauak:

Erabilera hauek bultzatuko dira:

a) Nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerak.

b) Kontserbazioa, ingurumenaren hobekuntza, ikerketa eta ingurumen-hezkuntza.

c) Onargarriak izango dira aisia estentsiboa nahiz jarraian zerrendatuko diren erabilerak, beti ere aurrez Organo Kudeatzailearen baimena izanez gero:

- NBAP onartzeko unean dauden azpiegiturak mantendu, hobetu eta handitzea.

- Dauden airetiko lineak kentzea eta lurpeko lineak eraikitzea.

- Erabilera publikoko eraikinak eta instalazioak (mantentze- eta handitze-lanak barne) eraikitzea, eremuaren kudeaketa edo pertsonen segurtasuna bermatzeko badira eta eraikuntzen kokapenak natura- eta paisaia-balioak narriatzen ez baditu.

- Dauden eraikinak mantendu eta finkatzeko ekintzak aurrera eramatea eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien lehiakortasuna areagotze aldera beharrezkoak direla egiaztatu diren instalazio berriak eraikitzea.

d) Debekaturik daude bultzatuen eta onargarrien artean sartu gabeko erabilera guztiak.

4.2.5.- Ekosistemak Hobetzeko Zona.

4.2.5.1.- Definizioa: Mendata eta Errota Berri erreken arroak dira, kontserbaziorako balio handia dutenak. Zona horretan sartzen dira narriadura-fasean dauden baso autoktonoak (hariztia, baso misto atlantikoa eta haltzadia), batik bat espezie inbaditzaileak, Robinia pseudoacacia kasu, eta koniferoen baso berriak gero eta ugariagoak direlako, zenbaitetan ur-ibilguraino iristen direlarik.

4.2.5.2.- Testuingurua:

a) Unitate honen zatirik handiena titularitate publikokoa da, Mendata errekaren iturburuko basoak eta Errota Berri errekaren ekialdeko hegalean dagoen baso-saila izan ezik.

b) Mendata errekaren arroan, baso misto atlantikoa Robinia pseudoacacia espezieko arboladi handi samarrek eta Pinus radiata espezieko baso-sailek eteten dute.

c) Errota Berri errekaren arroan, bestalde, esparru osoko erkamezti-harizti kaltzikolaren eta artadi kantauriarraren sail handienak aurkitzen dira. Uzkanga Berritik aurrera, errekastoaren albo banatan haltzadi kantauriarren zerrenda estu bat ikus daiteke. Belardi eta larre batzuk ere badira, Uzkanga Berriko baserrien nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenari lotuak.

4.2.5.3.- Helburua: Baso autoktonoa eta ibai-ekosistema onera ekartzea.

4.2.5.4.- Jarraibideak:

a) Koniferoen baso-sailak eta Robinia pseudoacacia arboladiak pixkanaka baso autoktonoez ordezkatzea.

b) Erriberako basoak suspertzeko jarduketak sustatuko dira.

4.2.5.5.- Arauak:

a) Kontserbazioa, ingurumenaren hobekuntza, ikerketa eta ingurumen-hezkuntza sustatuko dira.

b) Onargarriak dira erabilera hauek:

- Aisia estentsiboa.

- Nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerak.

- NBAP onartzeko unean dauden baso-sailei probetxua ateratzea.

- NBAP onartzeko unean dauden azpiegiturak mantendu, hobetu eta handitzea, beti ere Organo Kudeatzailearen baimenaz.

c) Debekaturik daude bultzatuen eta onargarrien artean sartu gabeko erabilera guztiak.

4.2.6.- Lehengoratu Beharreko Zona Narriatua.

4.2.6.1.- Definizioa: Aurreko kategoriakoek baino lehengoratze-ahalmen eta ingurumen-balio txikiagoak dituzten alderdiak dira. Itxaspetik antolamendu-esparruaren mendebaldera hedatzen diren arboladi eta txilardiak dira; eremu horretan, azaleraren zatirik handiena koniferoen baso berriek eta Robinia pseudoacacia espezieko orbanek hartzen dute.

4.2.6.2.- Testuingurua:

a) Unitate hau osoki titularitate pribatukoa da.

b) Zonaren erabilera nagusiki basokoa da, azaleraren zatirik handiena konifero-sailek hartzen dutelarik. Zona batzuetan Robinia pseudoacacia gailentzen da, harizti azidofiloen eta artadi kantauriarraren arboladi txikiak ere badiren arren.

4.2.6.3.- Helburua: Kalitate ekologiko handiagoa lortzea.

4.2.6.4.- Jarraibideak:

a) Ingurumena hobetzeko jarduketak sustatuko dira, horiek egungo erabilerekin bateragarri egiten ahaleginduz.

b) Zuhaitzik gabeko alderdietan, bertako haziekiko zuhaitz/zuhaixka autoktonoak landatzea bultzatuko da.

c) Flora aloktono inbaditzaileak ezabatzea edo landare-komunitate autoktonoez ordezkatzea bultzatuko da.

d) Baso-ustiapen iraunkorra sustatuko da.

4.2.6.5.- Arauak:

a) Kontserbazioa, ingurumenaren hobekuntza, ikerketa eta ingurumen-hezkuntza sustatuko dira.

b) Onargarriak dira erabilera hauek:

- Aisia estentsiboa.

- Nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-jarduerak.

Jarraian doazen erabilerak ere onargarriak izango dira, beti ere aurrez Organo Kudeatzailearen baimena badute:

- NBAP onartzeko unean dauden azpiegiturak mantendu, hobetu eta handitzea.

- lurpeko lineak eraikitzea.

- Erabilera publikoko eraikinak eta instalazioak (mantentze- eta handitze-lanak barne) eraikitzea, eremuaren kudeaketa edo pertsonen segurtasuna bermatzeko badira eta eraikuntzen kokapenak natura- eta paisaia-balioak narriatzen ez baditu.

c) Debekaturik daude bultzatuen eta onargarrien artean sartu gabeko erabilera guztiak.

4.2.7.- Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zona eta Landazabala

4.2.7.1.- Definizioa: Antolatutako esparruaren gainerakoa Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zona eta Landazabalan sartzen da. Balio txikiagoa duten larreak eta sastrakak nahiz kalitate eta emankortasun eskaseko lurzoruen gaineko nekazaritza-zonak dira.

4.2.7.2.- Testuingurua: Ekologiaren, paisaiaren eta alderdi zientifiko-kulturalaren ikuspegitik balio nabarmenik ez duten zonak dira.

4.2.7.3.- Helburua: Antolamendu Planak erdietsi nahi dituen helburu orokorrak lortzea.

4.2.7.4.- Irizpideak:

Gaur egungo erabilerak eta Antolamendu Planak lortu nahi dituen helburu orokorrak bateragarri egingo dira; helburu horiek dira alderdiaren paisaia aldetiko ezaugarriak bermatzea, gaur egun garatzen ari diren sistema eta prozesu ekologiko baliotsuen jarraipena ziurtatzea, erauzketa-, aisia- eta turismo-jarduerak kontrolatzea, eta ingurumena onera ekartzera eta esparruaren balioei zabalkundea ematera bideratutako ekimenak gidatzea.

4.2.7.5.- Arauak:

a) Kontserbazioa, ingurumenaren hobekuntza, ikerketa eta ingurumen-hezkuntza sustatuko dira.

b) Onargarriak dira erabilera hauek:

- Aisia estentsiboa.

- Nekazaritza-, abeltzaintza- eta basogintza-jarduerak.

Jarraian doazen erabilerak ere onargarriak izango dira, beti ere aurrez Organo Kudeatzailearen baimena badute:

- NBAP onartzeko unean dauden azpiegiturak mantendu, hobetu eta handitzea.

- Lurpeko lineak eraikitzea.

- Erabilera publikoko eraikinak eta instalazioak (mantentze- eta handitze-lanak barne) eraikitzea, eremuaren kudeaketa edo pertsonen segurtasuna bermatzeko badira eta eraikuntzen kokapenak natura- eta paisaia-balioak narriatzen ez baditu.

- Dauden eraikinak mantendu eta finkatzeko ekintzak aurrera eramatea eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien lehiakortasuna areagotze aldera beharrezkoak direla egiaztatu diren instalazio berriak eraikitzea.

c) Debekaturik daude bultzatuen eta onargarrien artean sartu gabeko erabilera guztiak.

4.2.8.- Ibilguen Babeserako Gainjarritako Baldintzatzaileak.

4.2.8.1.- Definizioa: Jabari Publiko Hidraulikoaren zedarripen-lerrotik bi alboetara ubidea babesteko babes-lerro bat da, 20 m zabal dena antolatutako esparruaren erreka handienetan (Arranomendi eta Errota Berri) eta 10 m zabal gainerako erreka iraunkorretan (Mendata, Sakoneta, Arantza, Pagoeta, Aitzbeltz, Makalalde, Galarreta, Oreisto, Andikara). Ibilgu ez iraunkorretan, ubidea babesteko lerroa 5 m zabal da albo bakoitzean.

Terminologiaren ikuspuntutik, «Ibilguen Babeserako Gainjarritako Baldintzatzailea», Lurralde Antolamenduko Artezpideetan agertzen den «Lurrazaleko Uren Babesa» antolamendu-kategoriaren baliokidea da.

4.2.8.2.- Testuingurua:

a) Arranomendi (edo Iribearko) errekak ongi kontserbatutako haltzadi/lizardi bat du hasierako zatian, gune batzuetan konifero-sailak ubideraino bertaraino iristen badira ere. Antolatutako esparruan barneratu ahala, ordea, erriberako basoa asko murrizten da.

b) Neurri handiagoan edo txikian erriberako basoa kontserbatzen duten beste ubide batzuk dira Mendata erreka, gehienbat harizti azidofiloez eta baso misto atlantikoez inguratua, eta Errota Berri erreka, haltzadi kantauriar interesgarri baina murritza gorde duena. Antolatutako esparrutik barrena doazen gainerako ibai-ibilguek apenas daukate erriberako basoen arrastorik.

4.2.8.3.- Helburua: Ubideen osotasuna berreskuratzea eta haien erriberako landaredia onera ekartzea.

4.2.8.4.- Jarraibideak:

a) Lur gaineko nahiz lurpeko uren kalitatea babestuko da, eta gutxieneko emari ekologikoak ziurtatuko dira.

b) Erreken ertz eta iturburuen zuhaitzezko estaldura berriztatu eta mantentzea bultzatuko da.

4.2.8.5.- Arauak:

Kokatzen diren zonarako ezarritako erabileren erregulazioaz gain, Ibilguen Babeserako Gainjarritako Baldintzatzaile gisa kalifikatutako alderdietan araudi hau izango da aplikagarri:

a) Kontserbazioa, ingurumenaren hobekuntza, ikerketa eta ingurumen-hezkuntza sustatuko dira.

b) Erabilera onargarriak izango dira NBAP hau onartzeko unean dauden azpiegiturak mantendu, hobetu eta handitzea, beti ere Organo Kudeatzailearen baimenaz. Aisia estentsiboa ere onargarria izango da.

c) Gainerako erabilerak debekaturik daude.

4.2.9.- Azpiegituren Zorpenerako Gainjarritako Baldintzatzailea.

4.2.9.1.- Definizioa: Antolamendu-esparruan dauden azpiegiturak dira (hondakin-uren araztegia, errepideak, bideak, trenbidea, linea elektrikoak edo telekomunikazioenak, lurpeko hodieria...), horiek legez ezarrita dituzten zorpenek erasandako lursailez gain.

4.2.9.2.- Testuingurua: NBAPren lurraldeak zenbait azpiegitura barne hartzen ditu. Batzuek eremuarekin loturarik ez dute, maila lokalaz gaindiko garrantzia dutelarik; esaterako, N-634 errepidea edo Bilbo-Donostia trenbidea. Oso bestelako eginkizuna dute esparruan edo haren aldamenean dauden eraikinak elektrizitatez, edateko urez edo telekomunikazioez hornitzen dituzten beste azpiegitura batzuk.

LAAek N-634 errepidea, Deba eta Zumaia tartean, «Interes paisajistikoa duen kostaldeko ibilbidea» izendatzen dute.

4.2.9.3.- Helburua: Antolamendu Planak erdietsi nahi dituen helburu orokorrak lortzea.

4.2.9.4.- Irizpideak:

- Esparruko azpiegituren zainketa, kontserbazioa, hobekuntza eta handitzea bultzatzea, aplikagarri zaizkien arauen markoan eta NBAPren kontserbazio-helburuekin bat etorriz.

- Azter-eremutik igarotzean N-634 errepideak duen interes paisajistikoa dela eta, honetan egiten den edozein hobekuntza ekintzak paisaiarekin arreta berezia izango du.

4.2.9.5.- Arauak: Kokatzen diren zonarako ezarritako erabileren erregulazioaz gain, Azpiegituren Zorpenerako Gainjarritako Baldintzatzaile gisa kalifikatutako alderdietan berariazko araudi sektoriala izango da aplikagarri.

4.2.10.- Santa Catalina eta Tailamendiko Sistema Orokorren Gainjarritako Baldintzatzailea.

4.2.10.1.- Definizioa: Santa Catalina eta Tailamendiko kanpoaldeko parkeei dagokio, Deba eta Zumaiako Arau Subsidiarietan jasotakoak SF24 eta SG20 Sistema Orokor gisa, hurrenez hurren, eta Tailamendiko gainjarritako baldintzaren Sistema Orokorraren mugaketa «Erreserba Inguruarekin» ez gainjartzeko egokitu den arren.

4.2.10.2.- Helburua: Inguru horietan erabilera publikoari eta paisaia birgatzeari laguntzea, NBAPeko artatze helburuekin era bateragarrian.

4.2.10.3.- Arauak: Inguru horiek Deba eta Zumaiako Arau Subsidiarioetan jasotako erabakien arabera gidatuko dira, NBAPek inguru horietarako ezartzen dituen helburu eta erabakiak txertatu behar dituen arren. Txertatze hori Organo Kudeatzaileari egindako txosten-eskaeraren bidez egingo da, dokumentu horrekin aurreikusi zitezkeen jardueren bateragarritasuna azalduko duen txostenaren bidez.

4.2.11.- Lurralde eredua.

Ondoren atxiki den taulak aurretik aipaturiko zonifikazioaren araberako erabileren arautzea era erraztuan laburbiltzen ditu. Nolanahi ere, erabileren araudi hori erabilera eta jardueren araudiaren jokabide eta arau zehatzek baldintzatzen dute.

5. taula.- Lurralde-ereduaren matrizea. Matrizean berariaz adierazitako erabilerak erabat debekaturik daude. Nolanahi ere, erabilerak NBAP honen jarraibide eta arauen mende daude.

(Ikus .PDF)

4.3.- Baliabideen babeserako helburu, jarraibide eta arauak.

4.3.1.- Baliabide geologikoen babesa.

4.3.1.1.- Testuingurua:

Azken urteotan, nazioarteko komunitate zientifikoak interes handia agertu du NABPren esparruaren baitako datu geologikoekiko, eta beraz esan liteke alderdi honen balio geologikoak nazioarteko interesekoak direla. Hori dela-eta, ikertzaile ugarik laginak hartu ditu eremu honetan, eta eztabaida sortu da horrek ondare geologikoaren kontserbazioan izan lezakeen eraginari buruz.

Ikerketa geologikoetan egiten diren laginketek eta baliatzen diren metodoek, gehienek bederen, apenas erasaten diote natur inguruneari. Adierazi beharra dago, bestalde, itsaslabarretik biltzen den arroka gogor edo bigunen lagin-kopurua higadura naturalaren ondorioz egunetik egunera desagertzen dena baino hagitzez txikiagoa dela.

Alabaina, arreta berezia eskaini behar zaie, eragin lezaketen inpaktua dela-eta, paleomagnetismorako laginketei eta makrofosilen aztarnen bilketari. Paleomagnetismoko azterketatan, batzuetan lekuko zilindrikoen bidez zuloak egiten dira laginak biltzeko, labarraren horman ondo agerikoak diren zuloak utziz. Makrofosilak, berriz, erlatiboki ugariak izan arren ez dira baliabide berriztagarriak.

4.3.1.2.- Helburua: Lagin geologikoak hartzeko jarduera baliabideen babesa bermatzeko moduan kudeatzea.

4.3.1.3.- Jarraibideak:

a) Organo Kudeatzaileak Laginketa Geologikoen Plan bat taxutuko du, dokumentu honetako IV. eranskinean zehaztutako kontrol- eta kudeaketa-irizpideak oinarri harturik.

b) Datu-base bat sortuko da hartutako laginez eta laginketa horietatik abiatuta garatzen den produkzio zientifikoaz (ikerketak, doktoretza-tesiak, artikuluak eta abar).

c) Laginketa paleomagnetikoen ondorioz egindako zuloak material egoki batez beteko dira, ikuste-inpaktua murrizte aldera.

4.3.1.4.- Arauak:

a) Debekaturik dago bildumagile eta zale ez espezializatuek (txangozaleak, eskolako haurrak eta abar) lagin fosilak biltzea.

b) Helburu zientifikoak dituen lagin-hartze oro Organo Kudeatzaileak baimendu beharko du.

c) Lagin paleomagnetikoak edo makrofosilen laginak hartzeko, Organo Kudeatzailearen berariazko baimena beharko da.

4.3.2.- Habitaten, flora eta faunaren babesa.

4.3.2.1.- Testuingurua:

NBAPren esparruak ingurune aski ezberdinak barne hartzen ditu: itsasokoa, lehorrekoa eta mareartekoa. Gainera, hiru alderdiotan garatzen diren prozesu geomorfologikoek txoko ekologiko ugari sorrarazi dituzte. Hori guztia dela medio, eremu honetan habitat edo flora zein faunako espezie berezirik egon ez arren dibertsitate biologikoa handia da, guneari natur balio berezia ematen diona.

4.3.2.2.- Helburua:

Antolatutako esparruaren dibertsitate ekologikoa kontserbatzea.

4.3.2.3.- Jarraibideak:

a) Antolatutako esparruan egoera basatian bizi diren fauna eta florako espezieak eta habitataren dibertsitatea zein eduki genetikoa kontserbatzeko ardura hartuko du Organo Kudeatzaileak.

b) Habitat urri edota urrakorrak babestuko dira, beharrezkoa duten espezie, populazio eta komunitateentzat berariazko babes-neurriak ezarriz.

c) «Ekosistemak Hobetzeko Zona» eta «Lehengoratu Beharreko Zona Narriatua» gisa mugatutako zonetan, ekosistema naturalak lehengoratzea bultzatuko da, Europar Erkidegoaren mailako nahiz eskualde-mailako habitat garrantzitsuenak hobetze aldera, zehazki honakoak: artadi kantauriarra, hariztia, erkameztia eta haltzadia. Nolanahi ere, landazabal atlantikoaren berezko mosaikoa mantentzeko ahaleginak egingo dira.

d) Antolamendu-esparruaren baitako ibai-ekosistemak lehengoratuko dira, eta baita Sakonetatik eta Uzkanga baserrietatik datozen pistek bat egiten duten lekuan dagoen hezegune txikia ere.

e) Agindutako esparru egokitik kanpoko birgaitze programentan parte hartuko da.

f) Heskaien birgaitzea eta zaintza sustatuko da, bai larreen barnean zein labarren mugetan daudenak.

g) Beharrezko neurriak hartuko dira bertako flora eta faunako espeziekin lehiatu daitezkeen kanpoko espezieen sartze eta hedapena saihesteko.

4.3.2.4.- Arauak:

a) Debekaturik dago animaliak hil, kaltetu, asaldatu edo urduritzea nahiz haien kumeak, arrautzak edo habiak biltzea, Plan honetan jasotako jardueretan salbu edo Organo Kudeatzaileak berariazko baimena izan ezean.

b) Debekaturik dago landareak erauzi, suntsitu edo hondatzea, Plan honetan jasotako jardueretan salbu edo Organo Kudeatzaileak berariazko baimena izan ezean.

4.3.3.- Lehorreko baliabide hidrologikoen babesa.

4.3.3.1.- Testuingurua:

Antolatutako esparruan ez da lurpeko ur-masarik aurkitu, eta beraz gainetik doazen ibai eta erreka txikiak dira lehorreko baliabide hidrologiko bakarrak.

NBAPren esparruan edo gertuko ingurunean ez da lur gaineko eta lurpeko urak kutsa ditzakeen jarduerarik hauteman, abeltzaintza-jarduerak eta Debako hondakin-uren araztegiak eragindako hondakinak izan ezik; araztegiak Arranomendi errekako azken zatian uren kimika aldarazten du, jariakinen gehikuntza dela-eta.

4.3.3.2.- Helburua:

Ubideen osotasuna berreskuratu eta mantentzea.

4.3.3.3.- Jarraibideak:

Uraren kalitatea babestuko da, eta gutxieneko emari ekologikoak ziurtatuko dira.

4.3.3.4.- Arauak:

a) Debekaturik dago isurketarik egitea eta ziklo hidrologikoan edo uren kalitatean eragin kaltegarria izan lezakeen edozein gai kimiko erabiltzea.

b) Antolatutako esparruaren barruan kokatuta dauden eraikin eta instalazioek, uren kalitatea arriskuan jartzen duten hondakin-urak isurtzen badituzte, arazketa-sistemak ezarri beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, emaria erregulatzeko sistemak, indarrean dagoen legeriari jarraiki.

c) Itsasertzeko uren kalitatea kontrolatzeko sistema egongo da, kutsaduraren jarraipena egingo duena, bereziki Debako ibaian eta udalerri horretako hondakin-uren araztegian jatorria duenean.

4.3.4.- Paisaiaren babesa.

4.3.4.1.- Testuingurua:

Topografiaren anitzak, askotariko prozesu geomorfologikoen emaitza, eta paisaiaren aurkako inpaktuen murritzak kalitate handiko paisaia utzi dute antolatutako esparruan, alderdiaren natur balio nagusietakoa izateraino.

4.3.4.2.- Helburuak:

Paisaia aldetiko balioak mantentzea, esparruan dauden erabilerak behar bezala kudeatuz.

4.3.4.3.- Jarraibideak:

a) NBAPren esparruaren paisaiaren berezko erabilerak sustatuko dira, erabilera horiek sozialki zein ekonomikoki bideragarriak izateko moduan.

b) Organo Kudeatzaileak baloratuko du erabilera-aldaketek eremuaren paisaian duten eragina, aldaketon ondorioz paisaia definitzen duten ezaugarriak sinplifikatzea eragotziz.

c) Belardiak edo sailak ebaki, birpopulatu edo ezarri beharreko zonetan, forma sobera geometrikoak saihestuko dira. Oro har, lerro zuzenak saihestuko dira, batik bat sestra-kurbekiko paraleloak edo zutak badira.

d) Eraikuntza berriak ezartzerakoan, diseinuan kontuan hartu beharko da materialen erabilera, koloreak eta formak, eraikinak inguruan duten paisaian behar bezala txerta daitezen.

e) Seinaleztapen eta informazioko kartelen diseinuak ingurunearekin bat etor daitezen saiatu beharko da.

f) Nekazaritza eta abeltzaintzako, basogintzako eta aisialdiko erabilerak prozesuak, komunitateak eta paisaia kaltetuko ez dituzten eremuetan garatzeko ahaleginak egingo dira.

4.3.4.4.- Arauak:

a) Edozein eraikuntzen diseinuak Organo Kudeatzailearen paisaiaren gaineko eraginari buruzko aldeko txostena izan beharko du.

b) Mahasti laborantza berriek Organo Kudeatzailearen baimena izan beharko dute paisaian eta lurra egokitzean sortzen duten eragina dela eta (lur mugimenduak, mailakaketak, topografiaren aldaketak, etab).

c) Edozein erabilera-aldaketa Organo Kudeatzaileak onartu beharko du.

4.4.- Erabilera eta jarduerak arautzeko helburuak, jarraibideak eta arauak.

Araudi sektorial aplikagarrian xedatzen denaz gain (III. eranskinean zehaztutakoa), Biotopo Babestuaren naturaren baliabideen erabilera eta jarduerak arautzeko jarraibide eta arauak zehazten dira.

4.4.1.- Nekazaritza eta abeltzaintzako erabilera.

4.4.1.1.- Testuingurua: Alderdiaren balio nagusietako bat landazabaleko paisaia da, baserriei esker neurri handiagoan edo txikiagoan mantendu den nekazaritza eta abeltzaintza tradizionaleko probetxamenduaren emaitza.

4.4.1.2.- Helburua: «Landa Paisaiaren Babeseko Zona» kalifikatutakoan nekazaritza eta abeltzaintzako erabilera tradizionalak mantendu eta sustatzea, beti ere ingurumenaren babesarekin eta ingurunearen kontserbazioarekin bateragarri izateko moduan.

4.4.1.3.- Jarraibideak:

a) Landazabaleko paisaiaren kontserbazioa sustatuko da, hain zuzen ere baserriari lotutako larre- eta nekazaritza-baliabideen probetxamendua oinarri harturik.

b) Horretarako, ustiapen-mota tradizionala sustatuko da, Nekazaritzako Praktika Egokien Kodean (390/1998 Dekretua) belardiak ongarritze aldera xedatutako irizpideak aintzat hartuko dituena.

c) Modu eraginkorrean sustatuko da ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzaren alorrean ingurumenari begira hartu beharreko neurriei buruzko legerian (243/2004 Dekretua, 10/2001 Foru Dekretua edo horien ondoren etor litezkeenak) aurreikusita dauden laguntzak balia ditzaten; neurri horien bidez hainbat alderdi bultzatu nahi dira, hala nola produkzioaren hedapena edota biodibertsitatearen, faunaren eta paisaiaren kontserbazioa.

4.4.1.4.- Arauak:

a) Antolamendu-esparruko larreetan ibiltzen den ganaduak dagozkion osasun-arauak nahiz aplikagarri zaizkion gainerakoak bete beharko ditu.

b) Larre berrietan, azaleraren % 5 gutxienez hostozabal autoktonoen arboladiak sortzeko erabili beharko da, edo hostozabal autoktonoen landaketa bat egin beharko da, gutxienez 25 oin/ha-ko dentsitatea izango duena.

c) Landazabaleko zonetan dauden heskai eta arboladiak mantendu beharko dira, Organo Kudeatzaileak aurkakorik baimendu ezean.

d) Sua nekazaritza-xedeekin erabili ahal izateko, Organo Kudeatzailearen berariazko baimena beharko da.

e) Mahasti berriek pasaian izango duten eraginaren eta lurra egokitu eta gero sortutako ondorioen (lur mugimenduak, mailakaketak, topografiaren aldaketak, etab.) inguruko Organo Kudeatzailearen baimena izan beharko dute.

4.4.2.- Basogintza-erabilera.

4.4.2.1.- Testuingurua:

a) Pinus radiata baso-sailek 30 ha inguru hartzen dituzte lurzati txikietan banaturik, itsasertzeko alderdiaren ekialdeko muturrean.

b) Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako lurretan, ordea, sail misto gazteak, konifero (Pinus pinaster) eta hostozabalenak (Quercus ilex eta Quercus pyrenaica), gailentzen dira, Arantza baserriaren aldameneko eremuan guztira 11 ha hartuz. Elorriagako aisialdi-alderdiaren ondoan dauden Diputazioko lurretan, hostozabalen sailak 15 ha-z goiti hedatzen dira. Sail gazteak dira, nagusiki Acer sp., Fraxinus excelsior eta Quercus robur espezietakoak.

c) Eremuaren balio nagusietako bat paisaia denez, haren kontserbazioari begira arriskugarria izan liteke basogintza-jarduera areagotzea edo espezie berriak sartzea.

4.4.2.2.- Helburua: Kudeaketa batik bat ingurunea kontserbatzera bideratzea.

4.4.2.3.- Jarraibideak:

a) Alderdian baso-erabilerarako lurrak nabarmen haztea eragotziko da, eta baita espezie berriak sartzea ere.

b) Mozketak egiteko baimenak irizpide teknikoak, ekonomikoak, paisaia aldetikoak eta ekologikoak aintzat hartuta emango dira.

c) Ahal den neurrian, zuhaiztiak mugatzeko lerro zuzenak egitea saihestuko da, bai espezieen kudeaketan bai mozketatan eta suhesiak egitean.

d) Landaredi autoktonoa errespetatuko da, batez ere ibar eta erriberatan.

e) Baso-ustiapenetan, ingurunean eragin txikia duten tekniken erabilera sustatuko eta diruz lagunduko da.

f) Baso-berritze guztietan espezieen nahasketa bultzatuko da.

4.4.2.4.- Arauak:

a) Debekaturik dago, basogintza-jarduerari lotutako edozein lanetan, baliabide mekaniko estentsiboak erabiltzea.

b) Debekaturik dado antolatutako esparruko landaketetan Eucalyptus generoko espezieak erabiltzea.

c) Debekaturik dago Organo Kudeatzailearen berariazko baimenik gabe zuhaitzik moztea; aipatu Organoak mozketa- eta erauzketa-metodoetan nahiz urte-sasoi jakinetan mugak ezarri ahal izango ditu.

d) Birpopulaketa oro Organo Kudeatzaileak onartu beharko du.

e) Sua basogintza-xedeekin erabili ahal izateko, Organo Kudeatzailearen berariazko baimena beharko da.

4.4.3.- Erabilera publikoa.

4.4.3.1.- Testuingurua:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiak, Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuaren bitartez, antolamendu-esparruaren barruan kokatuta dauden bi aisialdi-alderdiak kudeatzen ditu. Alderdi horiek dira Elorriagakoa (Galarreta), landa-gunearen aldamenean, eta Errota Berriren ondoan dagoen Uzkanga Berrikoa, hedaduraz txikiagoa eta azpiegitura gutxiago dituena.

b) Santiago Bideak, itsasertzetik, antolatutako esparrua zeharkatzen du, Zumaiatik Debaraino. Beste ibilbide batzuek ere, GR 121, PR GI-45 eta PR GI-44 kasu, antolatutako esparrua zeharkatzen dute, tarte labur edo luzeagoan.

c) Itzurungo hondartza, Algorriko labarren ondoan, turismo-erakargune jendetsua da, batez ere uda partean. Itzurungo hondartza baino jendetsuagoak dira akaso Debako Santiago hondartza eta haren aldameneko Laparikoa, Debako herrigunean txertatuago daudelako eta ekipamendu zein zerbitzu gehiago eskaintzen dituztelako, horien artean 600 aparkalekuko eremu bat.

d) Erabilera publikoak, eta bereziki intentsiboak, arriskuan jar ditzake eremuan kontserbatu nahi diren natur balioak eta prozesu ekologikoak. Eremuan erabilera-mota horren eskaria dagoenez eta Natura Babesteko Legearen exijentzia denez naturguneen kontserbazioa eta jendartea horietan ibiltzea bateragarri egitea, beharrezkoa da NBAPren esparruan aisialdi-erabilera behar bezala kudeatzea.

4.4.3.2.- Helburua: Aisialdi-erabilera eta natur ingurunearen kontserbazioak zein tokiko garapenak sortutako premiak bateragarri egitea.

4.4.3.3.- Jarraibideak:

a) Edozein jarduera aurrera eramateko, aurrez egokitzapen-, mantentze-, sustapen-, zabalkunde- eta sentsibilizazio-lanak egin beharko dira dagokion alderdian, behar bezalako funtzionamendua izan dezan.

b) Ibilbideen sare orokor bat sortuko da ibilgailu motordunik gabeko aisia sustatzeko.

c) Esparruaren barruan erabilera publikora zabalik dauden bide edo pistak egotea saihestuko da. Eremuaren aisialdi-erabilera funtsean oinezkoei zuzendua izango da.

d) Erabilera Publikoko eta Irisgarritasuneko Plan bat (VI. eranskina) taxutuko da, jarduerak, instalazioak eta jendearentzako zerbitzuak antolatuko dituena, beti ere eremuaren zonakatzea, harrera-ahalmena eta kontserbazio-helburuak kontuan izanda.

e) Gune sentikorretara doazen zenbait pisten erabilera mugatuko da, bereziki Sakoneta eta Mendata hondartzetako sarbideak eta labarren sarbidea Elorriagako atsedenlekutik.

f) Inguruari basozaintza, zaintza eta mantenu zerbitzuak emango zaizkio, baimendutako jardueren garapen zuzena kontrolatuko dituztenak.

4.4.3.4.- Arauak:

a) Debekaturik dago aisiarako egurra moztea.

b) Organo Kudeatzaileak beste jarduera batzuen behar bezalako garapena edota ekosistemen funtzionamendua nabarmen aldarazten duen edozein jarduera debekatu edota arautu ahal izango du.

c) Debekaturik dago ibilgailuak aparkatzea, Erabilera Publikoko eta Irisgarritasuneko Planean erabilera horretarako ezarritako guneetan izan ezik.

d) Babes Bereziko Zona gisa mugatutako Errota Berri eta Elorriagako aisialdi-guneetan, sua euskarri egokietan bakarrik (barbakoa finkoak, eramangarriak eta gas-aparailuak) egin ahal izango da.

4.4.4.- Ehiza- eta arrantza-jarduerak lehorrean.

4.4.4.1.- Testuingurua:

Tradizionalki, azter-eremu honetan ehiza-jardun nagusia kontrapasa-garaian izaten da (egun debekatua dagoena) eta udazkeneko pasan.

Itsasertzeko aldean, guztira 7 postu-lerro daude, 5 Deban (Aitzuri, Iturrita, Uzkanga eta Arantzamendi) eta 2 Zumaian (Pikote eta Talaimendi). Gaur egun, parada horiek pasa-garaian erabiltzen dira. Itsasertzeko aldean, guztira gaur egun pasan erabiltzen diren 7 postu-lerro daude, 4 Deban (Atxuri, Iturrita, Uskanga eta Arantzamendi), 2 Zumaian (Xoxokua-Santa Klara-Agerre eta Talaimendi) eta Pikoteko parada-lerroak (bi udalerrien artean kokatutatoak). Guztiak Gipuzkoako Ohiko Pasabide eta Postuen Erregistroaren barnean daude.

Zonaldean sustraituta dauden beste ehiza jarduera batzuk oilagorrak, galeperrak, usapalak «jauzi» modalitatean hartzea, birigarroak, zozoak, hegaberak, anatidak eta abar ehizatzea dira.

Eskura ditugun datuekin, ez dirudi ehizak ingurunean kalte handirik egiten duenik. Hala ere, aisialdi-jardueran eragin handia izan lezake, eta beraz komeni da antolatzea.

4.4.4.2.- Jarraibideak:

a) Organo Kudeatzaileak jarduera hau antolatzeko Ehizaren Plan Tekniko bat (ikus VI. eranskina) moldatuko du, eta haren xedea izango da ehiza-probetxamendu orekatu bat eta eremuaren aisialdi-erabilera bateragarri egitea.

b) Isileko ehizaren aurka modu eraginkorrean borrokatzeko eta indarrean dagoen araudia zein Ehizaren Plan Teknikoa betearazteko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriko dira eremuan.

C) Gipuzkoako Ohiko Pasabide eta Postuen Erregistroan agertzen ez diren eta pasan erabiltzen diren postuak antolatu eta arautu, aipatutako erregistroan sartuz.

4.4.4.3.- Arauak:

a) Ehizaren Plan Teknikoa erredaktatu bitartean, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Urteko Debekualdi Aginduen bidez arautuko da jarduera, eta Organo Kudeatzaileak ehiza-baliabideak antolatzeko beharrezkoak diren berariazko neurriak hartu ahal izango ditu.

b) Debekaturik dago antolatutako esparruko ibai-ibilguetan arrantza egitea.

4.4.5.- Arrantza-jarduera itsasoan.

4.4.5.1.- Testuingurua:

Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzuak eskainitako informazioaren arabera, ikus daiteke zonaldean arrantza-arautegia ez dela orokorrean betetzen, batik bat olagarroaren harrapaketari dagokionez.

4.4.5.2.- Helburua: Itsas biodibertsitatearen eta arrantza-baliabideen kontserbazioa bermatzea.

4.4.5.3.- Jarraibideak:

a) Zabalguneko animalia- eta landare-komunitate nagusien banaketa, kopuru eta bilakaeraren jarraipena egingo da.

b) Arrantza-legeria nahiz NBAP honetan ezartzen den erabileren eta jardueren erregulazioa zorrotz beteko direla bermatuko duen berariazko figura bat sortuko da.

4.4.5.4.- Arauak:

a) Erreserba Zona gisa mugatutako eremuan, arrantza-jarduera oro debekaturik dago.

b) Itsas Babeseko Zonan, onargarria da arrantza eta itsaski-bilketa, kiroletakoa nahiz profesionala, beti ere berariazko araudia, dokumentu honen III. eranskinean jasoa, betez.

c) NBAP honen esparru osoan debekaturik dago, salbuespenik gabe, inguraketa-arrantza profesionala.

d) Santiago, Lapari eta Itzurun hondartzetan kirol-arrantza baimenduta dago, beti ere berariazko araudia betetzen bada.

4.4.6.- Jarduera zientifikoak eta ikerketa.

4.4.6.1.- Testuingurua:

Adierazi den bezala, Deba eta Zumaia arteko itsasertza mundu-mailako erreferentzia-gunea da Behe Kretazeotik Eozenora bitarteko aro geologikoan zehar itsas eremu sakonetan jalkitako harri sedimentarioen behaketa eta ikerketarako. Horrek jarduera zientifiko bizia erakarri du, azken 15 urteotan bereziki areagotu dena.

4.4.6.2.- Helburua:

a) Antolamendu-esparruan prozesu naturalen dinamika eta bilakaera ezagutzea.

b) Lurraren historiari buruzko ezagutzan sakontzea (Planetaren bizitzaren funtsezko uneak markatu dituzten klima-aldaketak, hondamendi naturalak edota espezieen suntsipenak).

4.4.6.3.- Jarraibideak:

a) Antolatutako esparruan habitatak, komunitateak eta natur baliabideak ezagutzera emateko, inbentariatzeko eta baloratzeko jarduerak sustatuko dira, dagokion alorrean adituak diren lantalde edo pertsonen eskutik, kontserbazio-egoera eta kudeaketaren emaitzak ebaluatzeko tresna baliotsua diren heinean.

b) Organo Kudeatzaileak horretarako jarduketak bultzatuko ditu, eta biotopo babestua ikerketa- edo jarraipen-programa orokorragoetan (uren kalitatea zaintzeko sareak, biodibertsitatea estuario-sistematan eta abar) txertatzea sustatuko du.

c) Antolatutako esparruan egin beharreko zientzia- edo ikerketa-lan guztietan ingurunean ahalik eta eragin txikiena duten teknikak eta metodoak erabili beharko dira.

d) Datu-base bat sortuko da hartutako laginez eta laginketa horietatik abiatuta garatzen den produkzio zientifikoaz (ikerketak, doktoretza-tesiak, artikuluak eta abar).

4.4.6.4.- Arauak:

a) Egiten den zientzia- edo ikerketa-jarduera oro Organo Kudeatzaileak baimendu beharko du.

b) Zientzia- edo ikerketa-helburuez edozein material hartu edo bildu ahal izateko, Organo Kudeatzailearen berariazko baimena beharko da.

c) Lagin geologikoen bilketa erregulatzeko orduan, 4.3.1 atalean adierazitakori jarraituko zaio.

d) Zientzia- edo ikerketa-jarduerak egin ahal izateko, materiala eta pertsonak garraiatze aldera pasabide mugatuak erabiltzeko baimen bereziak eman ahal izango dira.

e) Egindako ikerketen arduradunak eremua aurrez zeuden baldintza naturaletara itzultzeko beharrezkoak diren lanak egin beharko ditu.

4.4.7.- Eraikuntza- eta azpiegitura-jarduerak.

4.4.7.1.- Testuingurua:

a) Kostaldeko eremua N-634 errepideak, Debatik Errota Berri pareraino, eta A-8 autobideak, Itziarko gainean, inguratzen dute. Debaren ingurumarietan, errepide nazionala antolatutako esparruaren barnealdera sartzen da, eta Santa Katalinarako sarbidearen eta Langa Berriko inguruaren artean alderdiaren muga zehazten du. Horrez gain, esparru osoan pista-sare trinkoa dago.

b) Bilbo eta Donostia lotzen dituen Euskotrenen trenbideak esparruaren mendebaldeko koadrantea zeharkatzen du, zatirik handienean lur azpitik. Behinola, trenbidearen trazatua urertzetik gertuago zihoan, eta Sakonetaren ondoan (Itziar) geraleku bat zegoen. Ibilbidea aldatu zelarik, gaur egun garai bateko trazatua alderdiko pista- eta xendra-sarearen zati da.

c) Debako Hondakin Uren Araztegia Arranomendi eta San Joan errekek bat egiten duten gunetik behera dago.

d) Antolatutako esparruan kokatutako baserriez gain (Sakoneta, Mendata, Iturrieta, Uzkanga Goikoa, Uzkanga Behekoa, Arantza Goikoa, Arantza Behekoa, Sorginetxe, Pikote, Santa Klara, Ardantza Berri, Ardantza Txiki eta Andikara Berri), Sakonetan Guardia Zibilaren kuartel zaharraren aurriak eta elkarte baten jabetzako eraikin erdi lurperatu bat aurki daitezke, Baratza Zaharrak aldean txabola bat dago itsaslabarraren oinean, eta Arranomendiko haranean, errepidetik edo Hondakin Uren Araztegira heltzeko pistatik gertu, zenbait txabola daude.

4.4.7.2.- Helburua: Natur ingurunearen babes eta kontserbazioarekin bateragarriak ez diren eraikin eta azpiegitura berrien eraikuntza mugatzea.

4.4.7.3.- Jarraibideak:

Eraikin eta azpiegitura berriak ingurunean txertatu beharko dira, sor lezaketen inpaktua ahalik eta gehien murriztuz.

4.4.7.4.- Arauak:

a) Debekaturik dago eraikuntza-jarduera oro, erabilera publikoko edo gizarte-intereseko eraikin eta instalazioen eraikuntza (mantentze- eta handitze-jarduketak barne) izan ezik, horiek eremuaren kudeaketa edo pertsonen segurtasuna bermatzeko badira, eraikuntzen kokapenak natura- eta paisaia-balioak narriatzen ez baditu eta aurrez Organo Kudeatzailearen baimena badute; baldintza horietan, eraikuntza zona hauetan baimendurik egongo da: Landa Paisaiaren Babeseko Zona, Lehengoratu Beharreko Zona Narriatua, Erabilera Bereziko Zona eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zona eta Landazabala.

b) Landa Paisaiaren Babeseko Zonan nahiz Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zona eta Landazabalan, baimendua dago dauden eraikinak mantendu eta finkatzeko jarduketak aurrera eramatea eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien lehiakortasuna areagotze aldera beharrezkoak direla egiaztatu diren instalazio berriak eraikitzea, beti ere Organo Kudeatzailearen baimena izanez gero. Erreserba Zonan bakarrik onartzen dira Sorginetxe eta Itxasondoko eraikinen eta inguruneen hobekuntza, mantentze eta apainketa lanak, Organo Kudeatzailearen aurretiko baimenarekin.

c) Ez da baimenduko azpiegitura-sare berriak (behe-tentsioko airetiko lineak, saneamendu-kolektoreak, sartzeko pistak ta bideak, eta abar) ezartzea, honakoak izan ezik, beti ere aurrez Organo Kudeatzailearen baimena izanez gero:

- Lurpeko linea berrien eraikuntza, zona hauetan: Erabilera Bereziko Zona, Landa Paisaiaren Babeseko Zona, Lehengoratu Beharreko Zona Narriatua eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zona eta Landazabala.

- Airetiko linea berrien eraikuntza Erabilera Bereziko Zonetan.

- Gaur egun dauden azpiegiturak handitzea eta horietan konponketa- eta apainketa-obrak egitea; nolanahi ere, Erreserba Zonan lan horiek debekaturik egongo dira.

- NBAPen helburuak lortzeko (leheneratze, ikuskaritza edo antzerako jarduerak) beharrezko diren pista eta sarbideak egitea, Organo Kudeatzaileak hala eskatuta.

4.5.- Babes-erregimenak.

Biotopo Babestu deklaratuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko 16/1994 Legearen arabera, NBAP honen esparru osoa, dokumentu honetako 1.2.2 puntuan definitua.

Erdiguneko Zona itsaslabarrek eta marearteko zabalguneak -10 m-ko sakonera arte- osatzen dute, eta 600,50 ha hartzen ditu. Esparruaren gainerakoa (3.699,1 ha), 16/1994 Legearen ondorioetarako, Babes Zona Periferiko deklaratua izango da. Bai Erdiguneko Zona bai Babes Zona Periferikoa 6. mapan irudikatzen dira.

4.6.- Beste babes-erregimen batzuk.

Antolatutako eremu osoa «zona ingurumenari begira urrakor» gisa hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko 3/1998 Lege Orokorraren ondorioetarako.

5.- Ingurumen-eraginaren ebaluaketaren mendeko jarduerak.

Antolamendu Plan honetan zehaztutako lurralde-ereduak hainbat jarduera eta erabilera debekatzen ditu antolatutako eremu osoan edo ezarritako zonetako batzuetan, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko 3/1998 Lege Orokorrean ingurumen-eragina ebaluatzeko prozedurari buruz xedatutakoa betez.

Onargarritzat jo diren edo ereduan jaso ez diren beste jarduera batzuetarako, Organo Kudeatzailea plan edo proiektu horrekiko ados agertuko da soilik dagokion lekuari kalterik ez diola egingo ziurtatu ondoren eta, beharrezkoa izanez gero, neurri zuzentzaile edo konpentsatzaileak ezarri eta plana edo proiektua jendaurrean ezagutzera eman ondoren.

Antolatutako eremua «zona ingurumenari begira urrakor» gisa kalifikatua izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko 3/1998 Lege Orokorraren 51. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

6.- Kartografia

1. mapa.- Antolamendu-esparruaren kokapena

2. mapa.- Mapa geologikoa

3. mapa.- Habitaten mapa (EUNIS)

4. mapa.- Erkidegoko habitat interesgarrien mapa

5. mapa.- Jabetza-erregimena

6. mapa.- Babes-erregimenak

7. mapa.- Zonakatzea

8. mapa.- Informazio-mapa

(Ikus .PDF)

I. ERANSKINA

ANTOLAMENDU-ESPARRUAREN DESKRIBAPEN XEHEKATUA

Jarraian, Antolamendu Plan honetan barne hartutako esparruaren mugak deskribatuko dira, lehorreko ipar-mendebaldeko muturretik hasi eta iparraldera eginez, erlojuaren orratzen norabidean. Mugaketa hori lurraldean erraz antzeman daitezkeen muga iraunkorrez identifikatzen da, edo mugak eratzen dituzten barneko azpilurzatiak berariaz seinalatuz, Deba eta Zumaia udalerrietako landa-katastroari jarraiki.

- Debako Santiagoko hondartzaren ekialdeko muturretik iparraldera, kostaldeko lerroarekiko zut, barruko uren mugarekin bat egin arteko punturaino.

- Barruko uren mugatik, Haitzabaldik trazatutako luzapen zutaren elkarguneraino.

- Babes bereziko lurzoru hiritarrezinaren mugatik, Zumaiako udalerriaren ipar-ekialdean, Andikararaino, Debako udalerriarekiko mugan.

- Andikaratik, bideari lotuz San Martin baserriraino. San Martindik aurrera, Muzurgain eta Ollastoagaineko hego-hegaletik doan pista bati jarraituz, Galarretako aisialdi-guneraino, eta hortik Elorriagako herriguneraino.

- Elorriagako herrigunetik Arantzamendira, eta hortik Errota Berri baserri eta aisialdi-guneraino.

- Errota Berritik, Uzkangako mendiaren eta Iturrietamendiren hegoaldetik, Itxusbururaino, Mendatako errekaren iturburuko arboladiaren ertzetik joanda.

- Itxusburutik Itxasperaino Aitzuri aurrerako bideari jarraituz, eta hortik Arranomendi errekaraino -Iribearko ere deitua-, ondoren lerro zuzena eginez Langa Berriraino.

- Langa Berritik N-634 errepide nazionaleraino, Kaminero etxea eta Puntarroko gasolindegiak atzean utzita.

- Santa Katalinara heltzeko bidetik Buenos Aires baserriraino, 54, 115, 87, 86, 84 eta 88 lurzatien eta 10 industrialdearen kanpo-mugari jarraituz, eta hortik Lapariko hondartzaraino, ondoren itsasoaren erribera-mugari lotuz, Santiagoko hondartzaren mendebaldeko muturreraino.

II. ERANSKINA

NBAPREN ESPARRUAN DAUDEN LURRALDE-ANTOLAMENDURAKO ZEIN ANTOLAMENDU FISIKORAKO TRESNAK

Ekainaren 30eko 16/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babestekoa, 6. artikuluaren 2. puntuan honakoa xedatzen du:

«- Natur Baliabideak Antolatzeko Planak derrigorrezkoak eta betearazleak izango dira lege honetan arautzen diren alorretan; planen xedapenek lurralde-antolamendurako edo antolamendu fisikorako beste edozein tresna mugatuko dute, eta tresna horietako zehaztapenek ezingo dituzte aipatu xedapenak aldatu edo bestelakotu. Indarrean dauden lurralde-antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak Natur Baliabideak Antolatzeko Planekin bat ez badatoz, lehenak azken hauetara egokitu beharko dira, Planak behin betiko onartzen direnetik urtebeteko epean.

- Egokitzapen hori ematen ez den bitartean, Plan horietako zehaztapenak indarrean dauden lurralde-antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnen gainetik egongo dira beti, eta horrela aplikatuko dira.»

Atal honen helburua alor horri buruz indarrean dauden lurralde-antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak aztertzea da, egiten dituzten aurreikuspenak ezagutzeko eta horien eta NBAP honen artean egon litezkeen kontraesanak argitzeko, tresnen derrigorrezko egoitzapenari begira.

1.- Lurralde Antolamenduko Artezpideak

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduko Artezpideetan (LAA), otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez behin betiko onartuak (EHAA, 1997ko otsailaren 12koa), Natur Intereseko Alderdi eta Eremuen Zerrenda Irekia jasotzen da 3. eranskinean, eta bertan Aitzuri (Mendata) muturreko itsasertzeko zerrenda, Euskal Autonomia Erkidegoko garrantzizko espazio naturalen katalogo irekian ere sartua, barne hartzen da.

2.- Lurralde Plan Partzialak

2.a.- Deba Beheko LPP (Eibarko Eremu Funtzionala)

LPPak idazteko esparruak ezartzen dituzte LAAek, eta horien artean dago Eibrko Eremu Funtzionala (Deba Behea). Lurralde Antolamenduko 4/1990 Legearen arabera, LPPak lurraldea antolatzeko beharrezko tresnak dira aipatu artezpideei hirigintza- eta lurralde-irizpide osagarriak eskaintzeko, horrela udal-esparruko planak zehaztasun handiagoz gara daitezen eta LPSak gauzatzean lurraldea modu koherenteagoan antolatua izan dadin.

Deba Beheko Lurralde Plan Partziala apirilaren 12ko 86/2005 Dekretuaren bidez (EHAA, 2005eko ekainaren 6koa) behin betiko onartua izan zen. Antolatutako esparruari dagokionez, Planak natur intereseko alderdiak eta intereseko beste alderdi batzuk ezartzen ditu Arranomendiko sakana, Aitzuriko muturra, Elorriaga Zumaiarekiko mugaraino, eta «uholde arriskua duten alderdiak» Mendata eta Errota Berri erreketako ibarretan. Era berean, LPPak hobetu edota onera ekartzeko alderdiak ezartzen ditu «Arboladi naturalak kokaleku geografiko bereziak» deitutakoetan, eta horietan sartzen dira Haitzandi eta Mauko arteko itsasertzeko arboladiak. Horrez gain, Sakonetan, Elorriagan eta beste zenbait lekutan dauden orban bakanak sartu dira. Azkenik, LPPak Nekazaritza Intereseko Alderdiak ezarri ditu Santa Katalina inguruan, Uranga baserrien alderdian, Arantza baserrien alderdian nahiz Elorriaga eta Galarreta ondoko ibarretan.

2.b.- Urola Kostako LPP (Zarautz-Azpeitia Eremu Funtzionala)

Zarautz-Azpeitia Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala otsailaren 21eko 32/2006 Dekretuaren bidez (EHAA, 2006ko martxoaren 24koa) behin betiko onartua izan zen.

NBAP honen antolamendu-esparruari dagokionez, LPPak Aitzuriko zabalgunea eta senaia Natur Intereseko Alderdien barruan sartzen du, eta Natura 2000 Sarean sartua izan dadin proposatzen, Deba Beheko Eremu Funtzionalean mendebalderantz hedatuko dela aurreikusiz. Bestalde, Nekazaritza Intereseko Alderdiak ezartzen ditu Andika eta Amesmendi baserrien eta Santa Klarako ermitaren inguruan.

3.- Lurralde Plan Sektorialak

3.a.- Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala

Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak (LPS) martxoaren 13ko 43/2007 Dekretuaren bidez behin betiko onartua, Kosta Legean definitutako Eragin Eremua hartzen du antolamendu-esparru gisa: «gutxienez 500 m zabal izango den zerrenda, itsasoaren erriberako barne-mugatik neurtzen hasita». Beren ingurumen-balioaren arabera daukaten harrera-ahalmena aintzat harturik, antolamendu-kategoria ezberdinetan zonakatua izan da zerrenda hori: Babes Berezikoa, Ingurumena Hobetzekoa, Basokoa, Nekazaritza eta Abelazkuntzako Landazabalekoa, eta Erabilera Bereziko Zonak: Hiri Hondartzak. Kategoria horietako bakoitzerako lurzoru-erabileren eta jardueren erregulazioa zehazten da, eta horrek baldintzatuko du lurren erabilera eta probetxamendua. Itsas ingurunean (itsasbeherako lerro eskoratu edo gehienezko ekinozio-lerroak eta 50 m-ko isobara-lerroak mugatutako zabalera aldakorreko zerrendaren baitako mareapeko zona), planifikazio-eremu batzuk ezarri dira, horietarako proposamenak eta gomendioak eskainiz.

Zumaia eta Deba arteko itsasartea, NBAP honetan proposatutako mugaketaren arabera, LPSren kategoria hauetan sartzen da (lehorreko zona): Babes Bereziko Zorrotza (itsaslabarren zerrenda osoa hartzen du eta LPSko «kontserbaziorako gehieneko balioa» duen zona da), Babes Bereziko Bateragarria (2), Ekosistemak Hobetzekoa, Lehengoratu Beharreko Zona Narriatua, Nekazaritza eta Abelazkuntzako Landazabalekoa eta Basokoa. Itsas ingurunearen planifikazio-eremuei dagokienez, marearteko zabalgunearen eta urpeko labarren 50 m-ko zerrenda Babes Bereziko Zonetan sartzen da; zona horretan, xedea «esku-hartze antropikoa ahalik eta gehien mugatzea» da, soilik ikerketa eta instalaziorik gabeko erabilera didaktikoa bultzatuz.

Natur balio nabarmena duen eta «etorkizunean presioak saihesteko babes eraginkorra behar duen» zona gisa definitu du LPSk Zumaia eta Deba arteko itsasertzeko zerrenda, eta beraz Naturgune Babestua izan dadila proposatu du, 16/1994 Legea betez; horrez gain, eremua antolatzeko NBAP baten beharra adierazi du.

3. artikuluan, LPSk NBAP hori indarrean dauden beste ingurumen-plangintzekin zein natur ingurunea kudeatzeko plangintzekin koordinatzeko mekanismoak finkatzen ditu. Horrenbestez, berariaz honakoa adierazten da: «Biotopo Babestu deklaratutako alderdiak antolatzeko oinarri gisa hartuko dira Natur Baliabideak Antolatzeko Planak edo ekainaren 30eko 16/1994 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babestekoa, garatuz sor litekeen gainerako araudia».

Araudi horren arabera, NBAP honena izango da Algorriko marearteko zabalgunea antolatzeko ardura, eta beraz eremua Itsasertzeko Lurralde Plan Sektorialaren antolamendu-esparrutik kanpo geratzen da.

3.b.- EAEko Ibai eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala

EAEko Ibai eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak (LPS), abenduaren 22ko 415/1998 Dekretuaren bidez behin betiko onartua, bi ibai-ibilgu identifikatu ditu antolatutako esparruaren barruan: Arranomendi eta Errota Berri.

Alderdi hidraulikoaren ikuspegitik, bi errekek 1 eta 10 km2 arteko hedadura dute drainatze-arroen barruan. Arranomendiko ubidea kanalizatuta dago hasierako tartean eta ondoren estalia, Itziarko hondakin-uren araztegiaren ingurumarietan. Azpiegitura horretatik behera eginez, ibilguak aske jarraitzen du aurrera plan honen azter-eremuaren barnean sartuz.

Ingurumenaren ikuspegitik, LPSk kontserbazio-egoeraren arabera katalogatzen ditu ertzak: Errota Berri errekaren azken zatia Lehentasunezko Natur Intereseko (LNI) gisa, eta Errota Berri baserritik gora hasten den erreka bereko ezkerraldea, antolamendu-esparruaren mugan, Ongi Kontserbatutako Ertz gisa.

Azkenik, hirigintzaren ikuspegitik, bi errekek landa-eremuan dituzte ertzak. LPSren araudiak xedatzen du hirigintzari begira ertz gisa hartzen diren guneetan, ubide publikoaren mugaketa-lerroarekiko edo itsasoaren erriberaren barne-mugarekiko gutxienez 15 m-ko tartea errespetatu beharko dela 1 eta 10 km2 arteko arroa isurlea duten erreketarako.

LPS honek xedatzen du eremua Natur Parke edo Biotopo Babestu bat denean, Erabilera eta Kudeaketa Plan Gidari baten edo NBAP baten mende dagoena, edota «Natura 2000» Europako Sare Ekologikoan sartutako leku bat zein Natur Intereseko Alderdien zerrendan jasotako zona bat, ubidearen Babes Eremuaren definizioa eta ertzetarako ezartzen diren erabilera eta jarduera baimendu, onargarri eta debekatuak izango direla onartuta dauden antolamendu dokumentuetan edo etorkizunean onartuko direnetan finkatutakoak. Hori da, beraz, aztergai dugun kasua.

4.- Udal-planeamendua

4.a.- Debako Hiri Antolaketa Arauak

2007ko urtarrilaren 30ean, Debako Hiri Antolaketako Arauen Berrikuspena behin betiko onartua izan zen.

NBAPren esparrua bat dator Debako Hiri Antolaketako Arauek lurzoru hiritarrezinerako ezartzen dituzten antolamendu-kategoria hauekin:

- Babes Berezikoa, Santiagoko hondartzatik Pikote Azpirainoko itsasertzeko zerrenda barne hartzen du.

- Mendiko Larreak, Arantzamendi eta Galarreta arteko txilardi-otadiak.

- Ingurumenaren Hobekuntza, Arranomendi eta Mendatako sakanak, Iturritzamendi eta Errota Berriko errekaren ekialdeko hegala.

- Nekazaritza eta abeltzaintzako landazabalekoa.

Gainjarritako baldintzatzaileak hauek dira:

- Interes Hidrologikoko Eremuak eta Itsasertza (Itsasertza eta Padurak)

- Natur Intereseko Eremuak eta intereseko beste gune batzuk (Itsaslabarrak eta marearteko zabalgunea, Elorriagako parkea, Arranomendiko sakana)

- Interes Zientifiko eta Kulturaleko Eremuak (Santiago, Lapari, Endata eta Sakonetako hondartzak).

Antolamendu Arauek «Zumaia eta Deba arteko itsaslabarrak eta marearteko zabalgunea» zonari buruz 159. artikuluan ezartzen dutenez, Urola ibaiko eta Deba ibaiko bokaleen arteko eremua, Zumaiatik Debaraino, Biotopo deklaratzeko izapidea bultzatu eta abian jarri den honetan, eremuaren muga zehaztu behar da: Bilabier baserritik hasi eta Elorriagako gunera, Errota Berri, Uzkanga eta Itxaspeko baserriak zeharkatuz eta Iribearko eta San Joan erreken arroetaraino, N-634 errepidea mendebaldeko muga dela, eta handik Debako hondartzara. Eremuak guztira 5.558.883 m2 ditu. Biotopoaren izapideak eta mugaketak amaitzean, automatikoki Naturgune Babestu bilakatuko da.

Santa Katalinako aldiriko parkea Lurzoru Hiritarrezineko Sistema Orokorretan sartu da, eta jabeen eta Debako Udalaren arteko 2002ko abenduaren 27ko hirigintza-hitzarmenaren mende dago; hitzarmenaren arabera, Santa Katalinako finka Debako Udalaren jabetza izatera pasako da (Debako Santa Katalinako lurretan gauzatzeko jardueren inguruko hirigintza-hitzarmena). Xedea eremua herritarren aisialdiari begira antolatzea da, ingurua pasaiaren behatoki bikain eta aparteko gisa ulerturik, eta Santiago Bidearen funtsezko osagai moduan, Itziarko santutegiaren eta Santa Maria elizaren artean. Santiago bideari lotutako instalazioen baitan, erromesentzako aterpetxeak baimenduko dira.

Hiri Antolaketako Arauen 140. artikuluak, «Natur intereseko ibilbide-sarea» izenburuduna, Biotoporako proposatutako mugaketan barne hartutako bi elementu aipatzen ditu:

- Santiago Bidea Kultur Intereseko Ibilbidea (1 KII): Irun eta Santiago artean kostaldetik doan bidearen zati bat.

- Itsasertzeko Bidea Paisaia Intereseko Ibilbidea (1 PII): Elorriaga-Pikote-Arronamendi, Sakoneta eta Mendata muturrerako sarbideaz.

Lurzoru hiritarrezinean barrena doazen Komunikazioen Sistema Orokorraren baitako bide horiek, azaroaren 25eko 17/1994 Foru Arauak, Gipuzkoako errepide eta bideei buruzkoak, IV. tituluan xedatutakoa bete beharko dute, eta bide-ertzetarako gutxieneko tarteak ezarri dira eraikin berrientzat (10 m) eta finken itxiturentzat (1,5 m); Udalak, gainera, bidearen bi alboetara 30 m-ko zerrendaren barruan kokatutako eraikinen eta itxituren forma eta materialak finkatzeko baldintza bereziak ezarri ahal izango ditu.

Debako udalerriko Kultur eta Natur Intereseko Ondare Eraikiaren Katalogoan, ondare historiko-arkitektonikoaren atalean, Santa Katalinako ermita aipatzen da.

4.b.- Zumaiako Hiri Antolaketako Arauak

Zumaiako Hiri Antolaketako Arauen Testu Bategina Diputatuen Kontseiluak 2004ko otsailaren 17an hartutako Erabakiaren bidez behin betiko onartua izan zen, eta GAOren 24. zenbakian, 2006ko otsailaren 6koa, argitaratuta dago (3).

NBAP honen antolamendu-esparruan barne hartutako lursail guztiak Babes Bereziko Lurzoru Hiritarrezin gisa sailkatuta daude; kategoria honetan sartzen dira «ongi kontserbatuta dauden baso autoktonoak, itsasadar eta estuarioak, egoera oneko ibai-guneak, hondartzak, barrrualdeko zona hezeak, itsaslabarrak, goialdeak, landaretza bereziko areak eta, oro har, ekologia, kultura edo paisaia aldetik (edo dena batera) balioa duten elementu guztiak» (Hiri Antolaketako Arauen 137. artikulua). Babes Bereziko kategoria hori Lurralde Antolamenduko Legearen (LAL) 6. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoa -Lurralde Antolamenduko Artezpideen (LAA) 21. artikuluko 3. eranskina duena: «Natur Intereseko Eremuen Zerrenda Irekia»- betetze aldera gehitu da.

Zumaiako herrigunetik datorren Santiago Bidea da Babes Bereziko lurzorua mugatzen duena Debarekiko mugan dagoen Andikara Berri baserriraino. San Telmo ermita, Itzurungo hondartza eta Talaimendi barne hartu dira, Urolaren bokalearen ezkerraldera dagoen itsasargiraino.

Babes Bereziko Zona horrek 544 ha inguru hartzen ditu guztira Zumaiako udalerrian -horietatik 3,2 ha Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren baitakoak-, eta azpizonetan banatzen da: Natur eta Paisaia Intereseko Interes Berezikoa, Gailurretakoa, Itsaslabarretako eta Itsasertzekoa, Erreka eta Sakanetakoa, Intereseko Egitura Geologikoetakoa, Interes Arkeologiko eta Monumentu Megalitikoetakoa, Zona Narriatuak Paisaia aldetik eta Funtzionalki Lehengoratzekoa, Basokoa, Akuiferoen Babesekoa eta Sistema Orokorrak.

Babes Bereziko eremuetan, irizpide nagusia esku-hartze antropikoa ahalik eta gehien mugatzea da, aurrez zegoen egoera mantenduz eta, zonan probetxamendurik egonez gero, hura modu iraunkorrean sustatzea, erabilitako baliabidea berrituko dela bermatuz. Zona horiek, lurralde-mailan eta erabilerak esleitzean Hiri Antolaketako Arauek eta haien ondoriozko lurralde-planeamenduak ematen dieten babesa edozein delarik ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko 16/1994 Legeak ezartzen dituen berariazko babes-figuretako batean sartu ahal izango dira, administrazio eskudunak hala proposatuta. Alderdi horietan, kontserbazio-jarduerak eta ekosistemaren ingurumena hobetzekoak (4) soilik sustatuko dira; izan ere, ongi kontserbatutako natur eremuak dira eta, horrez gain, erakunde publikoen kontrolpean daude.

Nolanahi ere, onargarritzat joko dira, Garapeneko Planeamenduaren bidez erregulatuak izan ondoren, erabilera hauek (5): aisia estentsiboa, abeltzaintza, basogintza-erabilera, airetiko lineak, lurpeko lineak, B motako zerbitzuen instalazio tekniko ez linealak eta Herri Erabilgarritasuneko zein Gizarte Intereseko eraikinak.

Debekatuta daude irizpide orokorrarekin bateraezinak diren jarduerak (6), eta, zehazki, aisia intentsiboa, nekazaritza, berotegiak, nekazaritzako industriak, erauzketa-jarduerak, garraiobideak, A motako zerbitzuen instalazio tekniko ez linealak, zabortegiak eta hondakindegiak, eta eraikuntza-erabilera guztiak, Herri Erabilgarritasuneko zein Gizarte Intereseko eraikinak izan ezik. Plan hau onartu aurretik jadanik baziren eraikinak finkatutzat jotzen dira, eta baita horietan egiten diren erabilera baimenduak ere, antolamenduz kanpoko gisa definitzen ez badira behintzat. Hiri Antolaketako Arauek deskribatzen duten moduan, gailurren babes bereziko zona baso- eta nekazaritza-ustiapenera emanda dago nagusiki, eta dauden erabilerei eustea proposatzen da.

Zumaiako Hiri Antolaketako Arauek, halaber, EAEk deklaratutako ondasun higiezinak (San Telmo ermita eta Arritokietako ermita), ondare historiko-arkitektonikoaren aurkibide zehatza (Kresala etxea, Zumaiako itsasargia, Itzurungo eskultura-multzoa) eta Zumaian dauden interes historiko-arkitektonikoko zonak (San Telmo ermita, Arritokietako Andre Mariaren ermita/Goiko Ospitalea, Santa Klarako ermita eta Agerre Goikoa baserria).

Azkenik, Santiago Bideak herritik barrena egiten duen tartea -Getariatik Pikotera, Deba udalerriaren ondoan, behin-behineko trazatua- Kultur Intereseko Ibilbide (1 KII) kalifikatua izan da, eta beraz bidearen bi alboetara babes-zona bat ezarri da, bertan eraikin eta finken itxitura berriak paratu ez daitezen.

5.- Lurraldea planifikatzeko tresnen eta NBAP honen bateragarritasunaren analisia

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

ANTOLAMENDU-ESPARRUAN ERAGIN BEREZIA DUTEN ARAUDIAK

Eranskinean, antolamendu-esparruan eragina duten antolamendu fisikoko edo lurralde-antolamenduko tresna nagusiak aztertuko dira. Atal honetan, NBAP honek errespetatu behar dituen mugak baldintzatzen dituzten araudietako bi aztertuko dira: kostaldeari buruzko legeria eta itsaski-bilketa eta itsas arrantzari buruzkoa.

1.- 22/1998 Kosta Legea

Uztailaren 28ko 22/1988 Kosta Legeak xedatutakoaren arabera, itsasoaren eta lehorraren arteko eremuak jabari publikoko zerrenda bat, itsasoaren erriberaren barne-mugatik lehorraldera 100 m-ko babes-zorpen bat eta gutxienez 500 m izango dituen eragin-zona bat barne hartzen ditu. Jabetzari ezarritako mugak eta erabilera debekatu, baimengarri eta baimenduen erregimena 1471/1989 Errege Dekretuan eta 1112/1992 Errege Dekretuan jasotzen dira. Gaur egun, Deba ibaiaren bokaletik Urola ibaiaren itsasadarrerainoko itsasbazterreko zerrendak behin betiko zedarripena eta zorpena ditu.

Jabetzaren mugak, itsasondoan dauden lurzatien gainean, itsaslehorreko herri jabaria babesteagatik.

a) Itsas-lurreko herri jabariaren erabilera kostaldeei buruzko Legearen III. Tituluan zehaztutakoarekin bat etorriz arautzen da.

b) Babes-zortasunak ukitzen duen aldean, Kostaldeei buruzko Legearen 24 eta 25. artikuluetan ezarritako erabilerak soilik onartuko dira. Baimenduriko erabilera horiek burutzeko, beste alde batetik, Autonomia Erkidegoaren organo eskudunak emaniko baimena beharko da, Kostaldeei buruzko Legearen Araudia partzialki aldarazi duen 1192/1992 Errege Dekretuaren 48.1 eta 49. artikuluetan zehaztu denaren arabera. La concesión de autorizaciones de uso en estas zonas de servidumbre corresponde, de acuerdo con el Decreto 196/1997, al Departamento de Ordenación del Territorio y Medio Ambiente del Gobierno Vasco.

c) Igaro-zortasunak eta itsasorako sarbidea errespetatu behar dira, Kostaldeen Legearen 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoa, hurrenez hurren, bai eta 30. artikuluan azaltzen diren baldintzak eraginpeko eremuan.

d) Kostaldeen Legea indarrean jartzean jabetza publiko edo zortasuneko aldean kokatzen diren daudeneko Lan eta instalazioak, Kostaldeen Legeko Laugarren Aldi Baterako Xedapenean zehazten denagatik arautuko dira.

e) Saneamendu-sarearen instalazioek Kostaldeei buruzko legearen 44.6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, baita lege horren araubideari datxezkonak ere.

Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren eremua eta antolamendu-esparruaren kostaldeko zerrenda babesteko zorpena «zona ingurumenari begira urrakor» gisa kalifikatu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen 3/1998 Lege Orokorraren II. Kapituluan aurreikusitako ondorioetarako, eta aipatu Legearen hirugarren xedapen iragankorraren arabera.

f) Obrak eta instalazioak behar dituzten erabilerek gaikuntza-titulua behar izango dute, itsasertzeari buruzko Legearen arabera.

g) Interes orokorreko obreei dagokienez, aplikagarri den araudia hartuko da kontuan. Itsasertzeari buruzko Legea garatzeko eta betearazteko 1471/1989 Errege Dekretuaren 204. artikuluak arautzen ditu obra horiek.

2.- Arrantzari eta itsaski-bilketari buruzko legeria

Kontuan izanik azter-eremua barruko uren baitan dagoela eta ur horietan arrantzaren eskumen esklusiboa Eusko Jaurlaritzak duela, atal honek Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion araudia du hizpide, 1. taulan aurkeztuko dena.

2.1.- Itsas arrantza profesionala

Arrantza arautzea beharrezkoa da itsas baliabideak babestu eta kontserbatzeko, horiek zentzuz baliatzeko eta denona den aberastasun honetaz denok goza gaitezen antolatzeko.

Arrantza-tresnek eragin zuzena dute kalen arrantza-ahalmenean. Hori dela-eta, erabili beharreko tresnen tamainak eta ezaugarriak zehatz definituta egon beharko dira, eta haien erabilera arautua, kontrolik gabe ugari daitezen eragoztearren. Euskal itsasertzeko barruko uretan, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da arrantza egin dezaketen itsasontzien guztizko kopurua finkatzea haien edukiera eta ahalmenaren arabera, arrantzarako tresna, aparailu eta ekipamenduen araudia eta erabilera garatzea, eta arrantzaldia, debekualdia eta espezieen gutxieneko tamaina nahiz baliabideak babestu eta kontserbatzeko beste edozein neurri ezartzea.

Oro har, agintaritza eskudunak bainurako behar bezala mugatutako itsasertzeko zonetan, portuetan ontzien sarrera eta irteerako maniobrak egiten ari direnean, nabigazio-bideetan ontziak iragaiten ari direnean eta erreserba biologikoko zonetan, zona debekatuetan, arrezife artifizialetan, babes bereziko zonetan haien arau erregulatzaileek hala xedatzen dutenean, eta araubidez adierazten diren zona guztietan, arrantza debekatuta dago (6/1998 Legearen 17. artikulua).

1. taula.- Euskal Autonomia Erkidegoan aplikagarria den arrantza-araudia eta arau bakoitzak jomuga duen jarduera.

(Ikus .PDF)

Arrantza-tresna profesionalei dagokienez, erabilera debekaturik dago hondartza, itsasadar, portu eta bokaleetan (204/1994 Dekretuaren 5. artikulua), eta baita arraste-sareekiko arrantza ere barruko uretan (6/1998 Legearen 11.2 artikulua). Bestalde, arrantza-ontziek ezingo dituzte aldi berean arrantza-tresna ezberdinak erabili, dagokion administrazio-baimena eduki ezean (6/1998 Legearen 15. artikulua).

Inguraketa-sareari dagokionez, barruko uretan debekaturik badago ere (204/1994 Dekretuaren 2.1 artikulua), Administrazioak aldi baterako baimenak eman diezazkieke (204/1994 Dekretuaren 3.1 artikulua) baldintza hauek betetzen dituzten ontziei (204/1994 Dekretuaren 4. artikulua):

a) Mailaren neurria ez da 14 mm baino txikiagoa izango, diagonalean neurtuta, sarea erabilita eta bustita dagoela.

b) Inguraketa-sarearen gehieneko neurriak honako hauek izango dira: 450 m luze, kaloiak eta hegalak kontutan hartu gabe, eta 90 m garai.

c) Astean-astean 48 orduko atsedenaldia hartu beharko da, igandearen 24 orduak atsedenaldi horren barnean daudela, eta ontziek denbora horretan portura itzuli eta bertan egon beharko dute, zehaztuko diren ordutegi-moten arabera.

Beita bizia harrapatzen diharduten ontziek arau hauek bete beharko dituzte:

a) Beita bizia harrapatzeko mailaren neurria ez da 10 mm-tik beherakoa izango, diagonalean neurtuta, sarea erabilita eta bustita dagoela.

b) Harrapatzen diren beita biziak garnata gisa bakarrik erabili ahal izango dira eta, beraz, guztiz debekaturik dago beita horiek saldu edo merkaturatzea.

c) Ontziek, beita bizia argi artifizialaz harrapatzeko lanetan, txalupa laguntzaile bakarra erabili ahal izango dute.

Tresna txikien artean, EAEren itsasbazterreko uretan baimendutakoak dira (212/2000 Dekretua) mailasareak (beta edo mailabakarrak eta trasmailuak; zapo-sarea eta bolanta debekaturik daude), amu-aparailuak (esku-aparailua, koraina, kazako aparailua eta korda) eta otarreak (212/2000 Dekretuaren 5.4 artikuluari jarraiki, debekaturik dago ontziaren barruan arrainak harrapatzeko otarreak eduki eta erabiltzea; alabaina, azken hiru urteotan arrainetarako otarreez arrantzan aritu izan direla egiaztatzen duten ontziek beren jarduerarekin jarraitu ahal izango dute martxan dauden bitartean).

Tresna txikiak askatzeari dagokionez, 212/2000 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera debekaturik dago kasu hauetan halakorik egitea:

a) 5,46 braza (10 metro) baino gutxiagoko sakoneran, itsasbehera eskoratua abiapuntutzat hartuta, edo lehorretik 100 m baino hurbilago.

b) Beste arrantza-tresna edo aparailu profesional urperatutik 100 m baino gutxiagora.

c) Portuetan, portuen bokaleetan edo portuetara sartzeko kanaletan, eta portu-zonetan.

d) Bainua hartzeko tokietan, lehorretik 500 m-ra.

e) Itsas zirkulazioaren ohiko bideetan.

f) Nabigazioari traba egin diezaiokeen beste edozein tokitan.

Arrantza tresna txikiez egiteko baimena duten ontziak baldintza hauek betetzen dituztenak dira (212/2000 Dekretuaren 10. artikulua):

a) Jarduneko Arrantza Ontzidiaren Erroldan erregistratuta egotea.

b) Kantauri Itsasoko eta Ipar-mendebaldeko Arrantzatoki Nazionaleko tresna txikien Erroldaren barruan izatea.

c) Ontzien motoreen gehieneko potentzia 250 CV izango da, eta perpendikularren arteko eslora ez da 15 m baino gehiago izango, edo, bestela, guztizko eslora ez da 18 m baino gehiago izango.

d) Arrantza-tresna txikiez baliatzeko eraikitako ontzi berriek 5 m-ko guztizko eslora izango dute, gutxienez, eta gutxieneko tonajea edo edukiera 1,5 GT edo 2,5 ETG.

Arraunontzi edo belaontziek debekatua dute arrantza-jarduerak egitea (212/2000 Dekretuaren 11. artikulua).

2.2.- Itsasoko kirol-arrantza

Itsasoko kirol-arrantza da aisialdi, kirol edo zaletasun hutsagatik egiten dena, inolako irabazi-asmorik gabe; ez da zilegi, beraz, harrapaturikoa salgai jartzea, eta ezta beste edonolako merkataritza-trukerik egitea ere (6/1998 Legearen 18. artikulua).

Itsasoko kirol-arrantzan aritzeko, baimen egokia eduki behar da, hau da, arrantza-motaren araberakoa. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak emango du baimena (198/2000 Dekretuaren 3. artikulua), eta arrantzaleak 16 urte baino gehiago izan beharko ditu (198/2000 Dekretuaren 7. artikulua). Itsasoko kirol-arrantzan aritzeko bi baimen-mota daude (198/2000 Dekretuaren 4. artikulua):

- Itsasoko urazaleko kirol-arrantzako baimena: lehorretik edo Matrikula Erregistroko Zazpigarren Zerrendako ontzi batetik kirol-arrantza egiteko eskubidea ematen du. 5 urteko gehieneko indarraldia du (198/2000 Dekreatuaren 5. artikulua).

- Itsasoko urpeko kirol-arrantzako baimena: igeri eginez edo urpean birika hutsekin arrantzan aritzeko eskubidea ematen du. 1 urteko gehieneko indarraldia du (198/2000 Dekretuaren 5. artikulua).

198/2000 Dekretuaren 16. artikuluari jarraiki, urazaleko zein urpeko itsasoko kirol-arrantza eguzkia sortu eta sartu bitartean egingo da. Gogora ekarri behar da itsaspeko kirol-arrantzan, urpekari guztiek beren kokalekua markatu behar dutela aise ikusteko moduko buia gorri edo laranja-koloreko batez (198/2000 Dekretuaren 11. artikulua).

Garrantzitsua da kirol-arrantzaleek uneoro jakin dezatela non ari diren arrantzan, barruko uretan (eskumena soilik Euskal Autonomia Erkidegoarena da) edo kanpoko uretan (Estatuaren eskumenekoak), batzuetan eta besteetan aplikagarria den legeria dezente aldatzen baita, baimendutako espezieei dagokienez ez ezik, baita arau-urraketei eta ezarri beharreko zigorrei dagokienez ere. Nolanahi ere, barruko urei buruz ariko gara hemen, itsas biotopo deklaratua izan litekeen Deba eta Zumaia arteko eremua ur horietan dagoelako. Horrenbestez, 198/2000 Dekretuaren 18. artikuluan zehazten den moduan, zona hauetan debekaturik egongo da urazaleko arrantza:

a) Legezko arrantza profesionala egiten den zonetan, ezarritako gutxieneko distantzia errespetatzen ez bada; tarte horiek 198/2000 Dekretuaren 14. artikuluan ezarri dira:

- Gutxienez 100 m-ko tartea beste edozein arrantza-tresna edo aparailu profesionaletatik.

- Inguraketa-sareez arrantzatzen den tokitik 300 m-ko tartea, edo 500 m-koa tunidoak kanaberaz -edozein modalitatetan eginda ere- arrantzatzen diren tokietatik.

b) Portuetan, ontziak sartu edo irteteko maniobrak egiten diren bitartean, eta nabigazio-kanaletan, ontziak igarotzen diren bitartean.

c) Behar bezala seinaleztaturik dauden eta bainua edo beste edozein ur-kirol egiten den zonetan; horietan, gutxienez 100 m-ko tartea errespetatu beharko da.

d) Debekualdi-esparruetan, erreserba biologikoetan, biotopoetan, babes bereziko zonetan eta arrezife artifizialetan, arau erregulatzaileek hala ezartzen dutenean.

Bestalde, itsaspeko arrantzan ezin aritu ahal izango da bainurako edo beste edozein ur-kirol egiteko behar bezala zedarrituta dauden zonetatik 250 m baino gutxiagora. Era berean, arrantza profesionala egiten ari den zonetan itsaspeko arrantzan aritu nahi izanez gero, aurretik aipatu gutxieneko tarteak gorde beharko dira.

Arrantza-aparailuei dagokienez, kirol-arrantzaleek baimendua duten bakarra amu-aparailua da, hau da, ontziari lotutako edo eskuaz heldutako zein kanabera bati atxikitako amu-lerroak (198/2000 Dekretuaren 8. artikulua). Aparailu horien baitan sartzen dira koraina eta arrain edo beita artifizialak, eta eskuaz nahiz baliabide mekanikoez botatako arpoia (198/2000 Dekretuaren 18. artikulua).

Itsasoko urazaleko kirol-arrantzarako, ontzitik egiten bada, gehienez 6 amu edo 2 korain erabili ahal izango dira, eta ontzi bakoitzeko arrantza-baimenen kopurua ez da inoiz ontziaren despatxo-agirian agertzen den eskifaiaren pertsona-kopurua baino handiagoa izango (198/2000 Dekretuaren 9. artikulua).

Bestalde, kirol-arrantzaleentzat debekaturik egongo dira metodo hauek (198/2000 Dekretuaren 18. artikulua):

- Trakzio mekaniko edo elektrikoko tresnak, hala nola txirrika hidraulikoak edo elektrikoak.

- Argia edo apeuak.

- Propultsio-indar gisa nahastura detonatzaile edo lehergarriak erabiltzen dituzten aparailuak.

- Lehergaiak edo gai toxikoak, geldiarazleak, lo-eragingarriak edo korrosiboak.

- Mailasareak, tretza, otarreak eta gainerako sare finko edo trabesekoak (6/1998 Legearen 20. artikulua).

Espezie baimenduei dagokienez, barruko uretan baimenduta dago kanpokoetan debekatuta dauden zenbait espezie harrapatzea (koralak, molusku bibalbioak edo gastropodoak, krustazeoak eta Europako Erkidegoko edo Espainiako arautegiak nahiz Espainiak sinatutako nazioarteko hitzarmenek harrapatzea debekatzen duten beste edozein espezie, 1999ko otsailaren 26ko Aginduaren arabera; 53. BOE, 1999ko martxoaren 3koa), beti ere gehieneko harrapaketak errespetatuz, eta baita Kantauri Itsasoaren Ipar-mendebalderako ezarritako debekualdiak zein gutxieneko neurriak ere, 198/2000 Dekretuaren II. eranskinari (2. taula) jarraiki; gutxieneko neurri baimenduak ez dituzten aleak ostera itsasora itzuli beharko dira.

Bestalde, kirol-arrantzako baimen baten titularrek eguneko eta baimen bakoitzeko itsaski-espezie baten edo zenbaiten 500 g harrapatu ahal izango dute gehienez, beti ere espezie horiek debekaturik ez badaude (3. taula) edo 2. taulan ageri ez badira. Arrainei dagokienez, Kantauri Itsasoan arruntean aurki daitezkeen espezieetako batzuk 4. taulan jaso dira.

Gutxieneko neurriei dagokienez, barruko nahiz kanpoko uretan errespetatu egin beharko dira honako arauek ezarritakoa: Itsas erakundeek arrain gazteak babesteko hartutako neurri teknikoen bidez arrantza-baliabideei eusteari buruzko 1998ko martxoaren 30eko 850/98 Erregelamenduaren XII. eranskina (L 125 zenbakidun aldizkari ofiziala, 1998ko apirilaren 27koa) eta arrantzako espezie jakin batzuen gutxieneko neurriak ezartzen dituen apirilaren 7ko 560/1995 Errege Dekretua (84. BOE, 1995eko apirilaren 8koa).

2. taula.- Gutxieneko neurriei eta debekualdiei buruzko baldintzak (198/2000 Dekretua, II. eranskina).

(Ikus .PDF)

3. taula.- Kirol-arrantzako baimen baten titularrek ezin harrapa ditzaketen espezieak.

(Ikus .PDF)

4. taula.- Kantauri Itsasoko espezie arruntenak eta haien arrantzaldia.

(Ikus .PDF)

Azkenik, kirol-arrantzaleei baimendutako gehieneko harrapaketa-kuotak hauek dira (198/2000 Dekretuaren 12. artikulua):

- Gehienez 5 kg eguneko eta baimen bakoitzeko, edo ale bat eguneko eta baimen bakoitzeko alearen pisua handiagoa bada. Pisu horretatik gorako harrapaketa onar liteke, baldin eta azken harrapakinaren ondorio bada.

- Ontzi batetik arrantzatuz gero, eskifaian 5 pertsonek edo gehiagok baimena badute, kuota 25 kg-koa izango da ontzi osorako eta egun bakoitzeko. Ontzi bakoitzeko arrantza-baimenen kopurua ez da inoiz ontziaren despatxo-agirian agertzen den eskifaiaren pertsona-kopurua baino handiagoa izango.

- Itsaspeko kirol-arrantzaren kasuan, gehieneko kuota 5 kg izango da.

Aurrekoa gorabehera, pelagiko handien kasuan -atun hegaluzea  (Thunnus alalunga), atun hegalaburra (Thunnus thynnus), atun moja (Thunnus obesus), ezpata-arraina (Xiphias gladius), makaira-espezieak (Makaira spp.), akulak (Tetrapturus spp.), belarrain atlantikoa (Istiophorus albicans) eta legatza (Merlucius merlucius)- harrapaketa-kopuruak beste batzuk dira, 5. taulan ageri direnak hain zuzen ere.

5. taula.- Pelagiko handietarako gehieneko harrapaketa-kuotak.

(Ikus .PDF)

Gainera, aipatu espezieok berariazko babes-neurriak dituzte, eta horiek arrantzatzeko baldintza hauek bete beharko dira:

- Itsas Arrantzako Idazkaritza Nagusiaren berariazko baimena edukitzea itsasontzirako.

- Lehorreratutakoaren aitorpena aurkeztea. Itsasoko kirol-arrantzaren arautegia onartzeko den urriaren 3ko 198/2000 Dekretuaren 19. artikuluak ezartzen du kirol-ontzien kapitain edo patroiek edo, hala dagokionean, baimenen titularrek, beren kabuz edo  beraien kirol-elkarte onetsien bidez, lehorreratutakoaren aitorpena aurkeztu edo igorri behar dutela Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzura, baldin eta babes-neurri berezien menpeko espezierik harrapatzen badute, eta, horretarako, eredu ofiziala erabili behar dutela (aipatu Dekretuaren II. eranskina); aitorpena Itsas Arrantzako Idazkaritza Nagusira bidaltzeko, lehorreratzea egiten denetik gehienez ere 7 egun natural izango dituzte.

2.3.- Itsaski-bilketa

Arrantza-jarduera itsaski-bilketaren modalitatean egin ahal izateko, beharrezkoa izango da Itsaski Biltzaileen Erroldan erregistratua egotea; errolda bi liburuk osatzen dute, bata urazaleko itsaski-bilketarako eta bestea oinezko bilketarako (122/1988 Dekretuaren 1. artikulua).

Urazaleko itsaski-bilketari dagokionez, itsasaldeko eremuan itsaski-harrapaketa edo -bilketa («merkatura daitekeen edozein itsas animalia ornogabe», 6/1998 Legearen 29.1 artikulua) araututako tresnak erabiliz eta Jarduneko Arrantza Ontzidiaren Erroldan eta Ontzidi Erregistroan sartuta dauden arrantza-ontzietatik bakarrik egin ahal izango da, erauzketa azterketa- edo ikerketa-xedeez egiten denean izan ezik (6/1998 Legearen 30.1 artikulua). Baimena arrantza-arloan eskuduna den departamentuak emango die ontziei berariei edo arrantza-enpresei (6/1998 Legearen 31.1 artikulua).

Bestalde, oinezko itsaski-bilketa profesionalean aritu ahal izateko, hau da, itsasoaren erriberan edo itsasadarretan itsaskiak biltzeko, ezinbesteko betekizuna da itsaski-biltzaileen erroldan erregistratua egotea, baimen pertsonal eta indibidualizatua edukitze aldera (6/1998 Legearen 31.2 artikulua). Sistema honen oinarria errolda itxi bat eratzea da bertan erregistratuta dauden pertsonei esleitutako arrantza-eskubideez, eta helburu nagusia berezko bankuak («ustiatu eta merkaturatzeko moduko itsaski-espezie bat edo batzuk, edozein garapen-fasetan, berez aurki daitezkeen gunea») behar bezala kudeatzea da.

Erroldan erregistratzeak 5 urteko indarraldia izango du, eta epe hori igaro ondoren luzapena eskatu ahal izango da, dagokion Arrantzale Kofradiaren eta Arrantza Zuzendaritzako Zerbitzu Teknikoen aldeko txostenaz.

171/1986 Dekretuaren 26. artikuluan jasotzen den moduan, debekaturik dago:

- Krustazeo-eme arrautzadunen harrapaketa, edozein garai eta lekutan.

- Itsasadarren barruan, ontzitik itsaskiak biltzeko edozein tresna arrastean eramatea.

- Itsaskiak debekualdian biltzea, edo arauzko neurria ez duten aleak biltzea. 6. taulan, itsaski-biltzaile profesionalek harrapa ditzaketen espezieei begira ezarritako debekualdiak eta gutxieneko neurriak jaso dira.

- Aurreko atalean aipatu denez, kirol-arrantzaleek egunero eta gehienez debekaturik ez dauden espezieetako baten edo batzuen 500 g bildu ahal izango dute, beita bizi gisa edo beste arrantza nagusi baten osagarri moduan, beti ere 198/2000 Dekretuaren II. eranskinean kopuruari, debekualdiei eta neurriei buruz ezartzen diren mugak errespetatuz (ikus 2. taulan eta 3. taulan bildutako informazioa).

6. taula.- Gutxieneko neurriei eta debekualdiei buruzko baldintzak itsaski-biltzaile profesionalentzat.

(Ikus .PDF)

Gaur egun, oraindik debekaturik dago muskuilua (Mytilus sp.) biltzea, egindako ikerketa zientifikoen gomendioei jarraiki; debekua arau honetan jasota dago: Agindua, 2004ko urtarrilaren 28koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, 2003ko irailaren 29ko Aginduan zehaztutako hainbat debeku, itsaski-bilketari eta alga zein arribazoien erauzketa eta bilketari buruzkoak, kentzen dituena.

2.4.- Algak

Algen (8) eta arribazoien (9) erauzketa itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 2. atalean arautua dago.

Itsasaldean, algen eta arribazoien erauzketa edo bilketa behar bezala baimenduta dauden ontzietatik egingo da; ontziok Ontzien Erregistroko Lehen Liburuan erregistraturik egon beharko dira (43. artikulua). Arribazoiak ingurumena asaldatzen ez duen edozein bitarteko edo tresnaren bidez bildu ahal izango dira itsasoaren eta itsasadarren erriberan (43. artikulua).

Algen hazkuntzan edo erauzketan aritzeko, jarduera aurrera eramateko plan edo proiektu bat bete beharko da; plan horrek, besteak beste, honakoak barne hartu beharko ditu: hazkuntza- edo erauzketa-metodoa, itsasertzeko zona, erabiliko diren giza baliabideak zein baliabide materialak, lan egiteko epea, algen ekoizpen- edo erauzketa-kopuruak eta jarduerak itsas ekosisteman izan lezakeen eragina.

1986tik aurrera, Nekazaritza eta Arrantza Sailak euskal kostaldean dagoen Gelidium sesquipedale algaren ustiapena kudeatzeko programa bat abiatu zuen. 1986an eta 1987an, Gipuzkoan eta Bizkaian -hurrenez hurren- dagoen biomasa ebaluatu eta kartografiatzeko kanpaina bana egin zen (Borja - 1987, 1988).

Geroago, algaren ustiapenari buruzko lan bat egin zen (Borja, 1992), baliabide horren kudeaketa arrazionala diseinatzea ahalbidetu zuena. Plan horretan, urtero ekainean zenbait jarraipen egitea aurreikusi zen, besteak beste Gelidium algaren stocken ebaluaketa azkarra burutze aldera, horrela ustiatutako alorren egoera ezagutzeko, urtez urte ustiapenak duen bideragarritasuna egiaztatzeko eta harrapaketa-kuotak emateko. Zeregin horiek AZTIk egin behar lituzke, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eskariz.

1993an horrelako ebaluazio bat egin zen, eta hura oinarri harturik 1993ko udarako algen kanpaina abian jarri zen (Borja, 1993). Orduz geroztik, aldian-aldian antzeko eskaerak jaso dira urtero, eta beraz 1994ko urrian jarraipen-proiektu bat proposatzea erabaki zuen AZTIren Ozeanografia Sailak; proiektua AZTIk Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailarekin duen Programa Kontratuaren baitan onartua izan zen, eta urtero berritzen da.

IV. ERANSKINA

ONDARE GEOLOGIKOAREN ELEMENTU NAGUSIAK ETA HORIEK BABESTU ETA KUDEATZEKO PROPOSAMENAK

Eranskin hau UPV-EHUren Estatigrafia eta Paleontologia Departamentuko ikertzaile Xabier Orue-Etxebarria doktoreak, Juan Ignacio Baceta doktoreak, Estíbaliz Apellániz doktoreak, Gilen Bernaola doktoreak, Maite Martín doktoreak eta Victoriano Pujalte doktoreak ondutako «Biotopo protegido del tramo litoral Deba-Zumaia. Principales elementos del patrimonio geológico y propuestas para su protección y gestión» dokumentuan oinarritua dago.

Garrantzi geologiko berezia duten guneak

Ondare geologikoa zehatz-mehatz ebaluatu ondoren, Zumaiako herritik gertu dauden itsaslabarretan kokatutako 3 gune hautatu dira elementu geologiko garrantzitsuenak bezala (3. irudia). Era berean, Debako udalerrian dauden beste bi elementu proposatu dira, bakanak izanik babes bereziko gune gisa hartu beharko liratekeenak.

3. irudia.- Gune geologiko garrantzitsuak Zumaia inguruan

(Ikus .PDF)

1. gunea: Kretazeo-Tertziario trantsizio-unea

Aitzgorri muturraren eta ondoko senaiaren artean. Sekzio hau K/T mugaren nazioarteko erreferentzia da.

Iridioan aberatsa den buztinaz gain, zeinak muga hori ezartzen baitu, bi aro geologikoen arteko trantsizioa markatzen duten gertakari paleontologiko ezberdinen erregistro konplexua aurki daiteke bertan, eta, era berean, eremu magnetikoaren polaritatean inbertsio-fenomeno batzuk, haien kokapen kronologikoa neurtzeko erabili ohi direnak.

Bestalde, Zumaiako K/T tartea mundu osoko ikusgarrienetakoa da, eta tarte horretan lurraren orbitaren aldaketak adierazten dituzten zikloen esposizio-maila ondoen ageri duenetakoa.

Aurreko guztia da 4. irudian zehaztutako tartea babestu beharreko elementua izateko arrazoia.

4. irudia.- Kretazeo-Tertziario trantsizio-unea

(Ikus .PDF)

2. gunea: Daniar/Selandiar eta Selandiar/Tanetiar estaien mundu-mailako estratotipoak barne hartzen dituen tartea

Itzurungo hondartzaren hegoaldeko erdiaren aldameneko itsaslabarretan kokaturik dago (3 eta 5. irudiak), San Telmo ermitaren eta hondarren erdialdeko harkaitzaren artean.

2007ko ekainean, Paleocene Working Group UNESCOk sustatutako adituen nazioarteko taldeak egindako workshoparen ondorio moduan, adierazitako zonaldea Daniar/Selandiar eta Selandiar/Tanetiar estaien arteko muga kronologikoen estratotipo gisa proposatua izan da.

5. irudia.- Selandiar eta Tanetiar estaien mundu-mailako erreferentzia diren estratotipoak

(Ikus .PDF)

Bi estratotipoen arteko arroka-multzoa mundu-mailan ezagutzen den konplexuena eta kontserbazio-egoera onena ageri duena da, batez ere itsas planktoneko multzoen segidari, lurreko eremu magnetikoen inbertsioei eta Milankovitch-zikloei (aldizkakotasun laburreko klima-zikloak) dagokienez. Horrez gain, Selandiar-Tanetiar estratotipotik oso gertu «Erdi Paleozenoaren klima-berotze bizkorra» ageri duen multzoa dago (5. irudia); gertaera horren jatorria eztabaida-iturri beroa da komunitate zientifikoaren baitan, eta oraintsu arte Ozeano Barearen erdialdeko eta Atlantikoaren hegoaldeko urpeko zundaketatan bakarrik hautemana eta karakterizatua izan zen. Zumaia, beraz, fenomeno hori lur gaineko irtenuneetan ikus daitekeen munduko lehen herria litzateke.

Horrek guztiak 5. irudian zehaztutako zona babestu beharra justifikatzen du.

3. gunea: Paleozeno-Eozeno trantsizio-unea

Itzurungo hondartzaren iparreko erdian dauden labar txiki batzuetan dago (3 eta 6. irudiak).

Itsas sedimentu sakonetako Paleozeno-Eozeno mugaren mundu-mailako erreferentzia da, eta azken 10 urteotan zonaldea sakon ikertzen ari dira, batik bat UPV/EHUko eta Zaragozako Unibertsitateko ikertzaileak.

Muga hori marga gorrixken zerrenda batek identifikatzen du, eta haren oinean azken 100 milioi urtetan foraminifero bentikoen taldeak jasandako iraungipen garrantzitsuenaren arrastoa ikus daiteke. Iraungipen-zerrenda hori eta margen tartea klima-berotze bizkorreko aro batean (5-6 ºC, 50.000 urte eskasetan) eratu ziren, ozeanoen hondoetatik astmosferara jariatu ziren berotegi-efektuko gasen isuri masibo baten ondorioz.

Bestalde, estratigrafikoki tarte horren azpian eta gainetik kokatutako arroka-multzoek bi aroen arteko trantsizioa bideratu zuten gainerako gertakarien erregistro aski osatua gordetzen dute. Hori guztia dela-eta, gune geologikoaren babesak 6. irudiak erakusten duen tartea barne hartu beharko luke.

6. irudia.- Paleozeno-Eozeno trantsizio-unea

(Ikus .PDF)

Balio erantsi berezia duten beste elementu geologiko batzuk (4 eta 5. guneak)

Debako udal-barrutian kokatutako beste bi guneri erreparatu zaie, bakanak direlako babes berezia ezarri behar litzaiekeena.

Lehenengoa Debatik gertu ageri den arroka-multzoa da (4. gunea), septarioen adibide bikainak dituena (7. irudia).

Septarioak jatorrizko sedimentuak trinkotzean eratzen diren nodulu moduko konkrezioak dira, eskuarki kaltzio-karbonatoaren metaketak eragindakoak. Ondorengo etapa batean, horrela eratutako noduluak uzkurtu egin daitezke, zartadura erradial eta zentrokideak garatuz, eta arrakalak beste fase mineral batzuez betetzen dira.

Duela zenbait hamarkadatik hona, Debako septarioen irtenunea ongi ezaguna dute bildumagileek eta geologiaren zaleek, eta, hain justu, maila oparoenetako bat Itziarko herrira igotzen den errepidean ageri da.

7. irudia.- Deba aldeko septarioak

(Ikus .PDF)

Interes geologiko handia duen beste elementua (5. gunea) Sakoneta muturra osatzen duten labarrak dira (8. irudia).

Irtenune horretan ezin konta ahala aztarna fosil aurki daiteke, batik bat flyscharen pausaleku diren hondo ozeanikoetan bizi ziren askotariko organismoen pausagune-markak, mugimenduen arrastoak eta elikadura-galeriak. Arrasto fosilak Deba eta Zumaia arteko gune askotan antzeman daitezkeen arren, Sakonetako muturra babestea bereziki interesgarria da iristen erraza delako eta hainbat motako aleen izugarrizko kopuruak daudelako.

8. irudia.- Aztarna fosilak Sakonetako muturrean

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

LURRALDE-EREDUAN BALIATUTAKO ERABILERA- ETA JARDUERA-TIPOLOGIAK

1.- Ingurumenaren babesa.

1.1.- Kontserbazioa. Oraingo ezaugarriei eta egoerari eustea, eta esku-hartzerik ez egitea edo zientzia- edota kultura-arloko esku-hartzeak egitea soilik, gehien bertakotu diren kasuei dagokienez, edo oraingo erabilerarekin segitzea eta gizakiak eraginkortasunez esku hartzea garapen iraunkorra sustatuz, gainerako kasuei dagokienez.

1.2.- Ingurumena hobetzea. Kultur tratamenduak dira, alderdia hasiera-hasierako egoerara edo egoera orekatuetara eramateko balio dutenak. Hobekuntza hori modu askotara egin daiteke, kasuan kasuko unitateek dituzten ezaugarri berezien arabera (mozketa selektiboak, artzaintza kontrolatua, garbiketa, landareak ezabatzeko lan selektiboak, izurrien zein gaixotasunen tratamendua, eta abar).

1.3.- Ikerketa. Zientzia- edo teknika-arloko jarduerak dira, baliabide naturalak hobeto ezagutzera eta balioestera zuzendutakoak. Jarduerak deskriptiboak izan daitezke, eta paisaiako elementu berezien inbentarioa egiteko helburu soila eduki; edo, bestela, plangintza eta garapen jakin bati jarraitu ahal diote, landa-lanaren bidez egiaztatu nahi diren laneko hipotesietan oinarrituta.

2.- Aisia eta atsedena.

2.1.- Aisia estentsiboa. Aisialdia, turismoa, hezkuntza eta natur ingurunearen interpretazioa helburu duen erabilera eta gozamena da, ekipamendu berezirik behar ez duten jarduera bigunetan oinarritutakoa. Horien adibide dira ibilaldiak eta behaketa; izan ere, jarduera horiek oso eragin txikia dute ingurune fisikoan, oinezkoen joan-etorria besterik ez baitute ondorio, eta horretarako ez da azpiegitura edo egokitzapen berezirik behar, errekak zeharkatzeko, bidezidorrak hobetzeko nahiz mantentzeko, eta behatokiak egiteko obra txiki batzuk izan ezik; obra horiek, bestalde, kontu handiz egin behar dira, eta paisaian behar bezala integratu. Itsasertzari dagokionez, erabilera horiek izango dira paseatzea, egonean egotea, bainua hartzea, nabigatzea, itsasoratu eta lehorreratzea, eta inolako instalaziorik behar izanik gabe kostei buruzko legeria betez egiten diren antzeko beste batzuk.

2.2.- Aisia intentsiboa. Aisialdia, turismoa, hezkuntza eta natur ingurunearen interpretazioa helburu duen erabilera eta gozamena da, baina aisialdi- edota harrera-ekipamendua behar duten jarduerak hartzen ditu barne; erabilerok gune bat egokitzea behar dute era askotako aisialdi-jarduerak egiteko, hala nola kanpinak, aparkalekuak, mahaiak, eserlekuak, barbakoak, iturriak, komunak, umeentzako jokoak, paperontziak, zaborrak erretzeko tokiak nahiz horrelakoetan ohikoak diren zerbitzuetarako eraikinen bat. Erabilera honetan sartuta daude, halaber, golf-zelaiak eta ibilgailu motordunen zirkulazioarekin zerikusia duten jarduerak, hala berariaz egokitutako zirkuitukoak nola interes orokorrekoak diren bideetakoak, bai antolatutako jardueratan bai eta norberak bere aldetik egindakoetan. Itsasertzeko eremuetan, erabilera intentsitate-, arriskugarritasun- eta errentagarritasun-irizpideez ezarri da, esaterako balizen bidez bainu-eremuak mugatuz, orotariko ontziak lehorreratzeko guneak paratuz edo hondartzetan denboraldiko zerbitzua eskainiz.

2.3.- Arrantza-jarduera. Kirol-arrantza ur kontinentaletan eta itsaso zabalean, itsaski-bilketa eta olagarroen harrapaketa.

2.4.- Ehiza-jarduera. Ehizan aritzea.

Ingurumen-hezkuntza. Biztanleek natura osatzen duten elementuak eta prozesuak ezagutu, balioetsi eta errespeta ditzaten egiten diren zabalkundeko jarduerak dira. Jarduera hauek egiteko, hezkuntza formaleko mekanismoak eta baliabideak erabil daitezke. Azken helburua pertsonen banakako jokaerak aldatzea da, banakako jokaera hori orokor bihurtu eta ingurumenerako onuragarria izan dadin.

3.- Oinarrizko baliabideen ustiapena.

3.1.- Nekazaritza. Lurra laborantzarako prestatzeko egin behar diren jarduerak dira, besteak beste, uztak biltzea, hautatzea eta sailkatzea, gero garraiatu, biltegiratu eta kontsumitu ahal izateko, eta, era berean, sail ureztatuak edo berotegiak daudenean, uztak dauden lekura ura eramatea eta probetxamendu handiagoa lortzea. Honakoak ere barne hartzen ditu: tresneria, lanabesak eta nekazaritzako produktuak gordetzeko eta biltegiratzeko instalazioak; nekazaritzako produktuak ekoiztea, ateratzea eta sailkatzea; salgai jartzeko produktuek behar duten lehen transformazioa egitea edo eskuz eraldatzea, eta sail ureztatuetan eta berotegietan beharrezkoak diren obrak egitea eta instalazioak jartzea. Nolanahi ere, eraikitako azalerak lotura estua eduki behar du ustiategiak edo ustiategiek -elkar hartutako ekoizleak direnean- ekoizteko duten gaitasunarekin. Antolamendu-kategorien arabera, berariazko mugaketak ezarri ahal izango dira.

3.2.- Berotegiak. Instalazio iraunkor eta iristen errazak, landaketak sendotzeko edo babesteko itxiturak dituztenak; horietan landaketen zikloko fase batzuk edo fase guztiak egin ahal dira.

3.3.- Abeltzaintza. Oro har, larreak eta bazka-laboreak babeste aldera eta artzaintzarako lurra prestatzean egiten diren jarduerak.

3.4.- Basogintza. Zuhaitz-espezieen kudeaketa, landaketa edo ereintza barne hartzen ditu, helburu batik bat ekonomiko edo babesgarri batez. Erabilera honen baitan sartzen dira basoko zuhaiztietan aritzeko behar diren instalazioak nahiz baso-ustiapenari lotutako eraikinak.

Ingurumena hobetze aldera zuhaitz autoktonoak landatzeko jarduera baso-erabileratik kanpo utzi da.

3.5.- Nekazaritzako industriak. Etengabeko estabulazio-erregimenean abeltzaintzako ekoizpen intentsiboetarako erabiltzen diren eraikinak, eta ustiategi bati zuzenean loturik ez dauden lehen transformazioko nekazaritzako elikagaien industriak.

3.6.- Arrantza profesionala. Itsas arrantza komertziala, Itsaski-bilketa profesionala eta alga-bilketa profesionala.

3.7.- Erauzketa-jarduerak. Mineralak erauzteko jarduerak, eta jarduera horiei lotutako jarduera osagarriak dira. Erabilera honek barne hartzen ditu alderdian dauden baliabide geologikoak erauzteko eta lehen tratamendua egiteko erabiltzen diren eraikin eta instalazioak. Harea dragatu eta lekuz aldatzeko lanak ere sartzen dira.

4.- Azpiegiturak.

4.1.- Garraiobideak. Autobideak, autobiak, errepideak, trenbideak eta horien instalazio osagarriak. Halaber, kategoria honetan sartzen dira pertsonak edo salgaiak garraiatzen dituzten eta ingurune fisikoan antzeko eragina duten bestelako bide batzuk.

4.2.- Airetiko lineak. Energia elektrikoa garraiatu edo banatzeko sareen multzoa eta bestelako helburua duten airetiko beste linea batzuk, eta, orobat, sarearen euskarri eta instalazio osagarriak.

4.3.- Lurpeko lineak. Gasa, petrolioa eta haren deribatuak, ura, saneamendua, telekomunikazioak eta lurpeko gainerako azpiegituren sarea garraiatu edo banatzeko sareen multzoa nahiz lurpeko bestelako azpiegitura-sareak eta instalazio osagarriak.

4.4.- A motako zerbitzuen instalazio tekniko ez linealak. Instalazioen multzo handia sartzen da atal honetan, hala nola ibilgailuak kanpoan aparkatzeko eremu handiak, edateko uren araztegiak, urtegiak edo ur-biltegi handiak, energia elektrikoa sortzeko zentralak, 100 m2-tik gorako azalera duten transformazioko estazioak, gasa hartzeko edo ekoizteko zentralak, araztegiak eta hondakin solidoak tratatzeko plantak, eta herri-onurakoak izanik ingurune fisikoan antzeko eragina duten bestelako instalazio guztiak.

4.5.- B motako zerbitzuen instalazio tekniko ez linealak. Instalazio hauek sartzen dira multzo honetan: irrati, telebista eta satelite bidezko komunikaziorako dorreak, antenak eta instalazioak nahiz faroak, irrati-faroak eta antzeko eragina duten bestelako komunikazio-instalazioak.

4.6.- Obra-hondakindegiak eta hondakin solidoen zabortegiak. Obra-hondakinak eta hiriko edo industriako hondakin solidoak botatzeko tokiak dira.

4.7.- Dauden azpiegiturak mantendu eta handitzea. NBAP hau onartzeko unean zeuden azpiegiturak handitu, konpondu eta apaintzeko jarduerak barne hartzen ditu.

5.- Eraikuntza-erabilerak.

5.1.- Hirigintza-hazkundeak. Lehendik zeuden herriguneetan oinarrituta ala ez egon litezkeen hirigintza-garapenak dira. Egoitzakoak, industrialak edo zerbitzuetakoak, beren izaerari dagozkion ekipamendu, hornidura eta erabilera osagarri guztiak barne har ditzakete, lehendik zeuden herriguneetan oinarrituta ala ez.

5.2.- Etxebizitza bakana. Oin berriko etxebizitza bakana da, eta nekazaritzako ustiategi bati atxikia egon daiteke ala ez.

5.3.- Lehendik zeuden nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiei atxikitako eraikinak eta bestelako instalazioak mantendu eta finkatzea. NBAP hau onartzeko unean zeuden eraikinak mantendu eta finkatzeko jarduketak barne hartzen ditu, eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien lehiakortasuna areagotze aldera beharrezkoak direla egiaztatu diren instalazioak.

5.4.- Herri-onurako eta gizarte-intereseko eraikin eta instalazioak. Eman behar dituzten zerbitzuen izaera eta ezaugarriengatik ezinbestean landa-ingurunean kokatu behar diren komunitate-ekipamendu publiko zein pribatuetarako eraikin eta instalazioak, beti ere aurrez herri-onurako edo gizarte-intereseko deklaratuak izan badira.

5.5.- Industria edo biltegiratze arriskutsuak. Gai edo prozesu produktiboak biltegiratu eta garatzea, horien izaerari, ezaugarriei edo manipulatutako materialei erreparatuz arrisku larriak eragin ditzaketenean eta, beraz, lurzoru hiritar zein hiritargarri gisa kalifikatu ezin direnean.

VI. ERANSKINA

NBAP HAU GARATZEKO DOKUMENTUAK

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesteko 16/1994 Legeak ezartzen du Natur Parkeetarako berariazko dokumentu bat egongo dela -Erabilera eta Kudeaketa Plan Gidaria-, eremuaren erabilera eta kudeaketa xedatuko duena. Horrelako aurreikuspenik ez dago Biotopo Babestuetarako. Alabaina, eremu honetan bideratuko diren erabilera eta jarduera jakin batzuek duten garrantzia aintzat hartuz, beharrezkoa iritzi zaio NBAP hau garatuko duten dokumentuak taxutzeari.

1.- Erabilera Publikoko eta Irisgarritasuneko Plana.

Gutxienez atal hauek barne hartuko ditu:

a) Abiapuntuko egoeraren analisia:

- Dauden erabilera publikoko baliabideak.

- Erabilera publikoko eskaintza.

- Eskariaren analisia (bisitarien zenbaketa eta karakterizazioa)

- Harrera-ahalmenaren balorazioa

- Inpaktuen hautemate eta aurreikuspena, eta dagozkien neurri zuzentzaileak

- Planifikazio-ereduaren baldintzatzaileen eta funtsezko puntuen analisia

b) Erabilera publikoaren eredua, espazioaren zonakatzearen eta espazioaren zein haren baitako zona jakinen harrera-ahalmenaren arabera.

c) Espazioa garatuko duten programen eta ondoren programa horiek lantzeko jarraibideen identifikazioa Gutxienez agiri hauek landu beharko dira:

- Harrera-programa.

- Komunikazio eta Informazio Programa.

- Ingurumenaren arloko Interpretazio eta Hezkuntza Programa.

Oro har, agiriok honakoa barne hartuko dute:

- Helburu orokorrak eta operatiboak

- Jarduketak

- Kokapena

- Hartzaileak

- Programak egikaritzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide material zein ekonomikoak

- Gauzatze-kronograma

2.- Ehizaren Plan Teknikoa.

Gutxienez atal hauek barne hartuko ditu:

a) Biotopoaren barruko ehiza-jardueraren diagnostikoa:

- Azter-eremuaren eta ehizako oinarrizko baliabideen deskribapena

- Legezko xedapenak

- Ehiza-intereseko espezieak

- Zonakatzea

b) Aisialdi-erabilera Parkean

c) Hautemandako arazoak

- Natur baliabideen kontserbazioari buruzkoak

- Ehiza-probetxamenduaren eta gainerako erabilera publikoaren arteko talkari buruzkoak

- Ehiza-baliabideei buruzkoak

d) Kudeaketarako proposamenak. 3. atalean deskribatutako arazoak ahalik eta gehien murriztera bideratuak.

3.- Laginketa geologikoen plana.

Deba-Zumaia itsasertzeko tarteako ondasun geologikoaren kontrolak eta erregulazioak ondorengo dokumentua izan du abiapuntutzat: «Deba-Zumaiako itsasertzeko tarteko biotopo babestua. Ondare geologikoaren elementu nagusienak eta babesteko eta kudeatzeko proposamenak». Dokumentua UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia saileko ikertzaileek egin dute: Xabier Orue-Etxebarria dr., Juan Ignacio Baceta Dr., Estíbaliz Apellániz Dr., Gilen Bernaola Dr., Maite Martín Dr., eta Victoriano Pujalte Dr.

Atal honetan arrazoitutako zenbait proposamen agertzen dira balizko erregulazioaren inguruan, aplikagarria izan daitezkeenak aurreko ataletan proposatutako garrantzizko elementu geologiko guztietara eta Deba-Zumaiako Biotopo babestuaren ondare geologikoaren osotasunera. Proposamen horiek, bereziki, eremuaren interes zientifikoa kontuan hartuta ezartzen dira, eta etorkizunean proposatu daitekeen edozein ikerketa zientifikoren garapena kontrolatzeko.

Ikuspegi horretatik aipamen berezia izan behar du Itzurungo hondartzan Daniar-Selandiar eta Selandiar-Thanetiar estratotipoen tartean aplikatu beharreko trataerak. Munduko estratotipo horien izendapen formala lortzeko baldintzetako bat, horietan edozein ikerketa zientifiko burutzea eskuragarri egotea da. Hori dela eta, egoera hori antolamendu planean jaso behar da, baina horrek ez du esan nahi egindako jarduerek erregulatuta egon behar dutela eta une oro bermatu behar dutela elementu geologikoaren zaintza (estratotipoen zaintza eta babesaren arduradun diren organismo edo zientifikoen taldea izendatzearekin jaso beharreko alderdia).

Deba-Zumaia inguruko ikerketa geologiko guztiek helburu zientifikoak bilatzen dituzte soilik, irabazasmorik gabe egiten dira eta nagusiki hainbat organo ofizialek emandako proiektuen bidez finantzatzen dira (zenbait unibertsitate, foru gobernu eta autonomoen ikerketa zerbitzua, elkarte zientifikoak, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa, Europako Batzordea, etab.). Ikuspegi horretatik, jarduera horiek mugatzea edo galaraztea, osotasunean gizarte lana osatzen dutenak, babes berezia duen esparruan, ez da oso gomendagarria, ezin dugulako alde batera utzi ikerketa zientifikoa izan dela Deba-Zumaia tarteko ondare geologikoa behar bezala ezagutzeko eta baloratzeko motore nagusia. Horrek ez du esan nahi, bestalde, lan horiek eskudun agintari eta organismoek erregulatzen eta kontrolatzen dituztenik. Zentzu horretan, Deba-Zumaia biotopoaren inguruko edozein araudik, landa-lanak egiteko gutxieneko baldintza ezarri beharko lituzke. Biotopoaren inguruan ikerketak egin nahi dituzten zientifiko guztientzako baldintza horien ezarpenean zientifikoek egingo dituzten lanen, ekipo eta ikerlarien eta bataz beste iraupen denboraren berri eman beharko lukete. Hori zuzenean tartean dauden organismoei, udalak esaterako, txosten txikia bidalita egin daiteke. Horretarako, neurri erraz bat labarretarako sarbideen inguru garrantzitsuenetan hainbat hizkuntzatan dauden kartelak jartzea da. Kartel horien bidez inguruaren babes maila azalduko dute eta ikerlariei gonbidatuko die bere kudeaketaren arduradun diren organismoekin harremanetan jartzera. Era berean, baldintza hori babestutako inguruaren informazioa duten hainbat web orritan sartu beharko litzateke.

Oro har, ikerketa geologikoan egiten diren laginketa mota guztiak eta aplikatzen diren metodoak ez dira erasotzaileak, edo baldin badira, oso gutxi, ez dutelako inolako isuririk edo arrokan suntsitze garrantzitsurik eragiten. Zentzu horretan, labarrean jasotzen diren arroka gogorren edo bigunen laginen kantitatea infinituki txikiagoa da egunero higadura naturalak, olatuek, haizeak, euriak edo bat-bateko tenperatura aldaketek edo hezetasun mailak mugitzen duten kantitatearekin alderatuz gero.

Ildo horretatik, aipamen berezia behar dute paleomagnetismorako edota makrofosilen aztarnak jasotzeko laginketak dituzten ikerketek. Paleomagnetismoko ikerketek, zenbaitetan, zilindro zentimetriko laginak zulatzearen ondorioz, labarraren paretan zulo handiak sortzen dituzte, bat ere estetikoak ez direnak. Gehienetan, arrokei eragiten dien higadurak, zulo horiek, hilabete gutxitan desagerrarazten ditu. Hala ere, horien eragina ikuspen edota interes handieneteko puntutan desagertarazi daiteke jasotze-lanekin bukatu ondoren material egokiarekin betetzen badituzte. Bestalde, makrofosilen laginketa, oso urria delako, nolabaiteko mugapen maila izan beharko luke. Horrela, interesatutako edozein ikerlarik horretarako baimen berezia izan beharko luke.

Onartutako neurri guztiek, ahal duten neurrian, fosilen aztarnak bereizterik gabe jasotzea ekidin beharko lukete. Egoera askotan, espezializatu gabeko bildumagile eta zaletuen ekintzek fosilen aztarnak galtzea sortu dute (adibide on gisa Deba inguruan dauden septaria maila dugu). Horiei guztiei esan beharko litzaieke aurkikuntzen berri eman behar dutela eta labarraren higaduraren ondorioz aurkitutako edozein aztarna eman ditzaten. Eta horiek, ikasgela didaktikoetan gorde edota dibulgaziozko bildumak egiteko erabil daitezke.

4.- Jarraipen-plana.

Beharrezkoa da Antolamendu Plan honetan jasotako xedapen eta jarduketen jarraipena egitea, bertan ezarritako helburuen betekizunari buruzko datuak biltze aldera. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Naturgune Babestuen Sarean aplikagarriak diren irizpideak edo metodologiak finkatzen baditu, horiek aintzat hartuko dira jarraipen-plan hau taxutzeko orduan. Horrelakorik ez badago, jarraian aurkezten direnak ezarriko dira.

Bi urtean behin gutxienez, gauzatutako proiektuak eta jarritako baliabideak nahiz ezarritako kontserbazio-neurriak berraztertuko ditu Organo Kudeatzaileak, helburuak eta emaitzak alderatzeko. Bestalde, hautemandako arazoak konpontzeko irtenbideak proposatuko dira eta hurrengo aldian zehar abiarazi beharreko proiektuak eta lanak planifikatuko dira.

Prozedura moduan, komenigarria litzateke denboraren joanean urtetik urtera alderatuko diren adierazleak hautatzea, horrela komunitate biologiko garantzitsuenen eta haien kontserbazio-egoeraren bilakaerari buruzko ondorioak atera ahal izateko.

a) Habitatak eta landaredia. Gertatzen diren aldaketak, kasu honetan gutxienez itsasertzeko txilardiek zein txilardi atlantikoek, sega-larreek eta belardi-larreek, haltzadiek, hariztiek, erkameztiek eta artadiek hartutako azaleran, estalduran, dibertsitatean edo egonkortasunean emandako aldaketak, birsorkuntza naturalaren ebaluaketa, egoera fitosanitarioa eta erabilerek landaredian duten eragina.

b) Fauna. Ornodun eta ornogabeen komunitate urtar nahiz lehorrekoen inbentarioa, horien aberastasuna eta ugaritasuna jasoz.

Arrantzatu daitekeen populazioen segimendua egitea beharrezkoa da, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzarekin koordinatuta egin beharko dena.

c) Paisaia. Ustekabeko, aldi baterako edo behin betiko aldaketak.

d) Urak. Uren kalitatea abrasio-plataforman, kalitatea zaintzeko sareak eskainitako datuetan oinarrituta; sare horretan, eremu antolatuaren itsasertzeko aldean kokatutako bi estazio leudeke. Horrez gain, antolatutako esparruko ubideetako uren kalitatearen jarraipena.

e) Erabilera publikoa. Eremura hurbiltzen den pertsona-kopuruari eta gunea erabiltzeko moduari buruzko datuak (zabalgunera etortzen diren bisitarien erregistroaren jarraipena), bisitaldiek izan dezaketen eragin kaltegarriaren analisia (kalteak landaredian edo lurzoruan, zaborra uztea...) eta araudiaren betekizuna.

f) Arrantza erabilera. Inguruan diarduten ontzi profesionalen eta aisialdiko ontzien errolda.

Antolamendu Plan hau onartu zenetik sei urte igaro direnean, ezinbestekoa da analisi kritiko bat egitea, eta horri buruzko txosten bat landuko da. Txosten horretan, Antolamendu Plana aldatzea komeni ote den aztertuko da, «Indarraldia eta berrikuspenerako baldintzatzaileak» atalean aurreikusitako gorabeheretako batzuk egiaztatzen badira. Era berean, Biotopo Babestu deklaratutako esparruan aldaketarik egin behar ote den aztertuko da, esaterako proposatutako antolamendu-esparruaren aldameneko lurrak sartzea.

Sei urteko epea ezartzen da baita ere NBAPen garapenerako Plan Teknikoak, eranskin honetan deskribatzen direnak, egiteko. Arlo bakoitzean eskumena duenak du idazteko erantzukizuna

VII. ERANSKINA

ARGAZKI-ERREPORTAJEA

(Ikus .PDF)

1. argazkia.- Kostaldearen ikuspegia Haitzanditik

(Ikus .PDF)

2. argazkia.- Santa Katalinako ermita

(Ikus .PDF)

3. argazkia.- Sakonetako marearteko zabalgunea

(Ikus .PDF)

4. argazkia.- Sakonetako hondartza

(Ikus .PDF)

5. argazkia.- Andika erreka

(Ikus .PDF)

6. argazkia.- San Telmo ermita

(Ikus .PDF)

7. argazkia.- Itzurungo hondartza, Marianton muturra eta Urolaren bokalea

(Ikus .PDF)

8. argazkia.- Flyscharen eitea Sakonetako hondartzan

(Ikus .PDF)

9. argazkia.- Portura heltzeko bidea

(Ikus .PDF)

10. argazkia.- Fosilen aztarnak

(Ikus .PDF)

11. argazkia.- Uzkanga Berriko aisialdi-gunea

(Ikus .PDF)

12. argazkia.- Elorriagako aisialdi-gunea (Galarreta)

(Ikus .PDF)

13. argazkia.- Sakonetako baserria eta ingurumariak

(Ikus .PDF)

14. argazkia.- Uzkangako baserriak eta ingurumariak

(Ikus .PDF)

15. argazkia.- Arantza Behekoa baserria, gaur egun aurri-egoeran

(Ikus .PDF)

16. argazkia.- Zumaiako landazabaleko zona

OHARRAK

(1) Buztin-masaren grabitate bidezko lerratze masibo eta geldoa, haren plastikotasuna edo karga hidrikoa dela-eta.

(2) Babes Bereziko Zorrotza eta Babes Bereziko Bateragarria kategoriatan, irizpide nagusia esku-hartze antropikoa ahalik eta gehien mugatzea da, aurrez zegoen egoera mantenduz eta, zonan probetxamendurik egonez gero, hura modu iraunkorrean sustatzea.

(3) Argitaratutako Testu Bategin partziala baldintza hauekin onartu zen: «Lurzoru Hiritarrezinari buruzko araudiaren 143. artikuluko 3. atalean jasotako erregulazioaren arabera, debekaturik dago nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietara loturik ez dauden etxebizitzen eraikin berriak egitea, indarrean dauden hirigintza-legeriari zein lurralde-planeamenduari jarraiki. Lurzoru Hiritarrezinaren zonakatzean «Lur gaineko uren babesa» kategoria gehitu beharko da, eta bertan sartuko dira udalerrian eta haren babes-zonetan eragina duten ibai eta erreka guztiak, EAEko Ibai eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean xedatutako zerrenden arabera.»

(4) Hiri Antolaketako Arauen 139. artikuluak, Babes Bereziko eta Ingurumena Hobetzeko zonetan erabilerak zehazten eta erregulatzen dituena, xedatzen duenez, «erregulatzen ez diren bitartean lurraldearen antolamendurako gidalerroen 6.8.1.3 eta 6.8.2.3 ataletan ezarritako jarduera bultzatuen araberako esku-hartzeak bakarrik onartuko dira, betiere erakunde publiko eskudunen kontrolpean eta behar bezala justifikaturik badaude.»

(5) Erabilerak bat datoz LAAen ingurune fisikoaren matrizean ezarritakoekin, Zumaiako Hiri Antolaketako Arauen memorian adierazten den moduan.

(6) Hiri Antolaketako Arauen 111 eta 112. artikuluak.

(7) Espezie hauetarako oro har ezarritako debekualdia 198/2000 Dekretuaren II. eranskineko 2. puntuak ezartzen duenak baldintzatuko du; puntu horretan adierazten denez, izaera esperimentalez, itsaski-espezie hauen guztizko harrapaketa eguneko (50 unitate) urriaren 1etatik abenduaren 31ko aldiari dagokio.

(8) Algak dira itsasoko uretan bizi diren landare talofito zelulabakar zein zelulanitzak.

(9) Arribazoiak dira olatuen eraginagatik edo beste gorabehera natural batengatik substratutik askatu eta hondartzetan zein itsasertzeko beste eremu batzuetan pilatzen diren algak.


Azterketa dokumentala