Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

58. zk., 2009ko martxoaren 25a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1649

65/2009 DEKRETUA, martxoaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2010. urteko jaiegunen egutegia onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 12. artikuluan eta Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluan ezarritakoa betez, Jaurlaritzari dagokio 2010eko lanegunak eta jaiegunak finkatzea, urteak, gehienez ere, hamalau jaiegun izango dituela kontuan harturik.

Horregatik, ekainaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (oraindik ere indarrean daude abenduaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrean xedatutakoaren arabera), Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak proposatuta, Lan Harremanetarako Kontseiluari eta gaia doakien gainontzeko organo aholku-emaileei txostena eskatu ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko martxoaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Estatuaren legedia aplikatuz, bi mila eta hamarrean, Euskal Autonomia Erkidegoan, lan ondorioetarako urte osoko igandeak eta ondoren aipatzen diren zortzi egunak hartuko dira jaieguntzat: urtarrilaren 1a, apirilaren 2a, maiatzaren 1a, urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a, abenduaren 8a eta abenduaren 25a.

2. artikulua.- 1.- Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak baliatuz, lau egun hauek hartuko dira jaieguntzat:

- Urtarrilaren 6a, Erregeen eguna

- Martxoaren 19a, San Jose

- apirilaren 1a, Ostegun Santua

- Apirilaren 5a, Pazko Astelehena

2.- Lan ondorioetarako, bi mila eta hamargarren urtean, tokian tokiko jaietako bi egun ere jaiegun izango dira, hau da, ordaindu egingo dira eta ez dira errekuperatu beharko. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko lurralde ordezkariek zehaztuko dituzte egun horiek, udaletako osokoek proposatuta. Lurralde historikoko gainerako udalerriekin batera edo aparte hartu ahalko dira.

3.- Hilabeteko epea izango dute udalek, dekretua argitaratu ondoko egunetik hasita, proposamena egiteko eta beren lurralde ordezkaritzetara bidaltzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa ezarri eta betetzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena.- Dekretu hau azkena da administrazio bidean. Horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzaren kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.- dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxoaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala