Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2009ko martxoaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1533

AGINDUA, 2009ko otsailaren 26koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, merkataritzako zabalkunde- eta informazio-jardueretarako laguntzak ematea arautzen duen agindua bigarren aldiz aldatzen duena.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 15eko Aginduak (2003ko maiatzaren 28ko EHAAn argitaratu zen 103. zenbakiarekin) merkataritzako zabalkunde- eta informazio-jardueretarako laguntzak ematearen erregulazioa ezarri zuen. Horren helburua merkataritza-banaketaren sektorearen profesionalizazioa hobetzean oinarritzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, merkataritzako enpresaburuei sektorearen egoeraren, garapenaren eta ikuspegien inguruan informazioa ematera eta zabaltzera bideratutako jardueren bitartez.

2003ko maiatzaren 15eko Agindu hau Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko maiatzaren 24ko Aginduak aldatu zuen, laguntzak handitzeko eta laguntzen kudeaketa teknikoki hobetzeko.

Ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuak ekonomia sustatzeko hainbat laguntza-ildo ezartzen zituen Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean, eta horiek emateko prozedura biltzen zuen. Dekretu hori uztailaren 8ko 130/2008 Dekretuak indargabetu zuen; dekretu horrek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua gaitzen du bere eskumen-esparruan laguntza-programak aldatzeko eta indargabetzeko eta bertan honako hau adierazten da: beren indarraldiari eusten dioten aginduak Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren aginduaren bitartez alda edo indargabe daitezke.

Dagoeneko indargabetuta dagoen aipatutako dekretuan merkataritzako zabalkunde- eta informazio-jardueretarako laguntzak ematea arautzen duen aginduan aurreikusitako laguntzak emateko modua arautuz, beharrezkoa da hori aldatzea, bertan diru-laguntzak emateko prozedura gehitzeko helburuarekin.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko maiatzaren 15eko Aginduaren 2. artikulua aldatu da; agindu horren bitartez, merkataritzako zabalkunde- eta informazio-jardueretarako laguntzak ematea arautzen da, eta honela geratu da idatzita:

«2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Aurreko ataleko helburua lortzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan berariaz horretarako ezarritako aurrekontu-partidetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, laguntzen zenbateko osoak ezingo du gainditu aurrekontuetan esleituta dagoena, ezta, indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondorioz sortuko den zenbatekoa ere. Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuaren ebazpen bidez emango da zirkunstantzia horren berri.

Laguntzak behingoan bakarrik emango dira, lehiaketa-teknika erabili gabe, eta laguntzen gehieneko zenbateko orokorra onuradunen artean hainbana daiteke.»

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 26a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala