Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2008ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
7247

227/2008 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Arabako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, A-2622 errepidea Langraitz-Okako saihesbidearen eta A-3314 errepidearen arteko elkargunea egokitzeko proiektua burutzeko behar diren ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.

Arabako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak 2008ko martxoaren 4an izandako bilkuran hartu zuten 128. Erabakian, hau ebatzi zuten: A-2622 errepidea Langraitz-Okako saihesbidearen eta A-3314 errepidearen arteko elkargunea egokitzeko proiektua gauzatzeko behar ziren ondasun eta eskubideak nahitaez hartzeko legezko izapideei ekitea; erabaki horren baitan zegoen proiektuak eragiten dien ondasun eta eskubideak herri-erabilerarako zirela adieraztea eta horien zerrenda banakatua jendaurrean jartzeko erabakia. Beraz, berriro jarri ziren jendaurrean. Ondoren, 2008ko uztailaren 15ean Diputatuen Kontseiluak egindako bilkuran hartu zen 497. Erabakiaren bidez, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adierazteko eskatzea adostu zen, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, alegazio batzuk aurkeztu eta ebatzi ziren.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Proiektuarekin trazadura hobetu eta erradio estuko bihurguneak kendu nahi dira, galtzadaren zeharkako sekzioa hobetu eta bazterbideak eraikitzea, errepidera sartzeko bideak berrantolatzea.

Adierazitako guztiarengatik, eta dagoeneko igaro den denbora kontuan izanda, ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla, adieraztea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, honen bidez adierazten da Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu behar dituela, A-2622 errepidea Langraitz-Okako saihesbidearen eta A-3314 errepidearen arteko elkargunea egokitzeko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala