Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

250. zk., 2008ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
Kultura Saila
7241

222/2008 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Eitbnet, S.A. sozietate anonimo publikoaren kapital-zabalkuntzan partaidetza izateko, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca ente publikoari baimena emateko dena.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak 110. artikuluan honako hau ezartzen du: Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Bere estatutuen arabera, baltzuaren helburua hauxe da: informazioaren gizartearentzako edukiak ekoitzi, erreproduzitu, argitaratu, erosi, merkatuan saldu eta ustiatu eta banatzea, bereziki zerbitzu- eta komunikazio euskarri berrietarako elkarreragileak eta multimediakoak eta sarekoak; euskarri berrietan, hau da, gau egungo telebista digitala, teletestu, internet, telefonia mugikor eta etorkizunean garapen teknologikoek gauzatzen dituzten komunikazio- eta zerbitzu-kanalak martxan jarri eta mantentzea; arlo horretako berrikuntzaproiektuetan zentro teknologikoekin elkarlanean aritzea; euskal ikus-entzunezkoen sektorearen grapena eta beste merkatu batzuetara hedatzea sustatzeko, enpresa-proiektu eta -aliantza estrategikoetan parte hartzea.

2008ko azaroaren 10an, Eitbnet, S.A. Sozietate Anonimo Publikoaren Batzar Nagusi Unibertsal Ezohikoak sozietatearen kapitala zabaltzea erabaki zuen, ehun eta hogeita hamasei mila zazpiehun eta hamar (136.710) eurotan, hamar (10) euroko balio nominaleko hamahiru mila seiehun eta hirurogeita hamaika (13.671) akzio berriko jaulkipena eginez; korrelatiboki zenbatuak direnak, 40.521etik 54.191ra, biak barne.

Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca SA sozietate horretan bazkide bakarra denez, aipatutako sozietatean bazkide bakarraren eskubideez balia daiteke, eta lehen idatz-zatian zehaztutakoarekin bat etorriz, akzio berriak eskuratzeko, Gobernu Kontseiluaren baimena behar du.

Azkenik, Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa den Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca Kultura Sailari atxikita dago.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Kultura sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca ente publikoari baimena ematea Eitbnet, S.A. sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan parte hartzeko. Zabalkuntza hori ehun eta hogeita hamasei mila zazpiehun eta hamar (136.710) eurokoa da, eta hamar (10) euroko balio nominaleko hamahiru mila seiehun eta hirurogeita hamaika (13.671) akzio berriko jaulkipenaz egiten da.

Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca ente publikoak hartutako partaidetza burututako zabalkuntzaren % 100ekoa da; beraz, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca ente publikoak aipatutako zabalkuntzaren ondoren sozietatean duen partaidetza bostehun eta berrogeita bat mila bederatziehun eta hamar (541.910) eurokoa da, berrogeita hamabost mila ehun eta laurogeita hamaika (54.191) akziotan banatua, hamar (10) euro balioa duelarik akzio bakoitzak. Horrek Sozietatearen kapitalaren % 100 egiten du.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala