Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2008ko abenduaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
7146

AGINDUA, 2008ko abenduaren 17koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, merkatu igorleetan Turismoa Sustatzeko Adituen Prestakuntzarako beken programa arautzen duena.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, besteak beste, turismo-jarduera sustatu nahi du, turistak igortzen dituzten merkatuetan sustapen egokia eginez, eta/edo gure turismo-eskaintzaren ezaugarriekin bat datorren eskaria duten merkatu berriak bilatuz. Zeregin hori aurrera eramateko, kualifikazio egokia duten eta gure turismo-merkatu igorleak behar bezala ezagutzen dituzten profesionalak behar ditu Sailak.

Testuinguru horretan, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak lankidetza-hitzarmena sinatzen du urtero Espainiako Turismo Institutuarekin, Institutu horrek atzerrian dituen egoitzetan lanbide-praktikak egiteko.

Hori dela-eta, Sailak egokitzat jo du ikasketak amaitu berri dituzten eta nazioarteko turismo-sustapenari buruzko jakintza zabaldu nahi duten tituludunentzako prestakuntza-bekak sustatzeari eustea.

Nolanahi ere, beka-programa honen arautze berri bat egitea premiazkoa dela egiaztatu dugu, beka-programa horrek hainbat aldaketa jaso ditzan. Besteak beste, titulazioak Euskadiko Hizkuntza Eskola Ofizialen ikasketa-plan berrira, hau da, Europako ereduzko esparru berrira, egokitu nahi ditugu.

Hala, eta azken deialdietako esperientzia ikusirik, hautaketa-irizpideak aldatu ditugu, baita beka baliatu ahal izateko betekizunak ere.

Egin nahi diren aldaketak aintzat hartuta, Agindu hori indargabetu behar da, eta, horren ordez, egindako aldaketak era sistematikoan antolatuko dituen xedapen berria ezarri.

Horrenbestez, honako hau

XEDATU DUT:

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen bitartez, merkatu igorleetan Turismoa Sustatzeko Adituen Prestakuntzarako beken programa arautu nahi da. Beka horien onuradunek egin beharreko jarduerak Espainiako Turismo Kontseilaritzetan (Espainiako Turismo Bulegoetan) gauzatuko dira.

Programa honetako diru-laguntzak ez dira itzuli behar, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura diru-laguntzak emateko indarrean diren arauak bete beharko dira.

Agindu honetan ezarritako laguntzak lehiaketaren prozeduraren bidez emango dira. Agindu honetan aipatzen diren egoeretarako, lehiaketa aipatzean, laguntzak edo diru-laguntzak emateko, aurkeztutako eskabide guztiak alderatu egingo direla esan nahi da, eskabideak hurrenkera jakin batean jartzeko, aldez aurretik arauetan balioespena egiteko ezarritako irizpideak jarraituz. Horrela, irizpideen arabera balioespen handiena lortu duten eskabideei bakarrik emango zaie laguntza.

2. artikulua.- Diru-baliabideak.

Aurreko artikuluan zehaztutakoa bete dadin erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira.

3. artikulua.- Onuradunak.

Eskabidea aurkezterakoan honako betekizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek eskuratu ahal izango dituzte bekak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea, 12 hilabete baino gehiagoko antzinatasunarekin. Nolanahi ere, EAEn aldez aurretik erroldaturik egon diren eta, Erkidegotik kanpo goi-mailako ikasketak egiten ari direlako, antzinatasun-betekizun hori betetzen ez duten eskatzaileak onartu egingo dira.

b) Goi-mailako unibertsitate-titulazioa, Turismoko diplomatura, edo Turismoko Enpresa eta Jardueren Teknikariko diplomatura edukitzea. Goi-mailako titulazioa hirugarren zikloko goi-mailako ikasketak egiteko bide ematen duena da. Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak behar bezala homologatu beharko ditu atzerrian edo publikoak ez diren Espainiako zentroetan lorturiko tituluak. Beharrezkoa da titulua lortu izana beka ematen den urtearen aurreko 3 urteen barruan.

c) Gehienez 30 urte edukitzea.

d) Bekaren helmugako herrialdearen hizkuntza menderatzea, ahoz eta idatziz.

e) Helburu berberak edo antzekoak dituzten bekak edo Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak deitutako beste beka batzuk ez jasotzea edo jaso ez izana.

f) Onuradunei arau honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi zen eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzea.

4. artikulua.- Beken kopurua, helmuga, iraupena eta hornidura.

1.- Urteko deialdi bakoitzean, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ekitaldian eman beharreko beken kopurua zehaztuko du, baita helmugak, eskaturiko hizkuntzak eta beka bakoitzaren zenbatekoa ere. Beken indarraldia martxoan hasiko da, eta hamar hilabeteko iraupena izango dute. Oporraldirik ez da aintzat hartuko.

2.- Esleituriko zenbatekoak bekaren garapen egokia bermatzeko gastu guztiak estaliko ditu, Eusko Jaurlaritzaren kargura izango diren istripuetarako eta bidaian laguntzeko asegurua izan ezik.

II. KAPITULUA

PROZEDURA

5. artikulua.- Laguntzen deialdia.

Agindu honek araututako laguntzak deialdien bidez iragarriko dira eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira. Turismo sailburuordearen Ebazpen bidez egingo da deialdia, eta, bertan, ekitaldi honetako bekak emateko bideratutako aurrekontu-kontsignazioaren zenbatekoa zehaztuko da, baita honako hauek guztiak zehaztu ere: beka kopurua, helmugako tokiak eta nahitaezko hizkuntzak, beken zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta tokia, eta interesdunek eskabide-ereduak jaso ditzaketen tokiak.

6. artikulua.- Eskabideen eta dokumentazio osagarriaren aurkezpena.

1.- Eskatzaileak bere datu pertsonalak adierazi behar ditu eskabidean, baita zer beka lortu nahi dituen ere.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Bulegoetan eskabide-eredu bat egongo da eskuragarri, baita Interneten helbide honetan ere: www.euskadi.net/turismo.

2.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak eta gainerako dokumentu osagarriak Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzara bidaliko dira, eta urteko deialdia egiten duen Ebazpenean zehaztutako tokietan aurkeztuko dira.

3.- Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

3.1.- Betekizunak egiaztatzeko nahitaezko dokumentazioa.

a) NANaren, edo, hala badagokio, eskatzailearen nortasuna eta nazionalitatea egiaztatzen dituen dokumentuaren, fotokopia, bi argazki berriekin batera.

b) Titulu akademikoaren edo titulua egiteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua.

c) Hala badagokio, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak titulua homologatzeko eginiko agiriaren fotokopia.

d) Hizkuntza Eskola Ofizialaren B2 ziurtagiria (B2.2), edo Europako Erreferentzia Esparruarekiko baliokidea, bekari dagokion herrialdeko hizkuntza ahoz eta idatziz badakiela egiaztatzeko.

e) Errolda-egiaztagiria; hartan, Euskal Autonomia Erkidegoan hamabi hilabete baino gehiago daramala egiaztatu behar du eskatzaileak. Une horretan goi-mailako ikasketak EAEtik kanpo egiteagatik beste Erkidego batean erroldaturik dagoenak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu: lehenago EAEn erroldaturik egon dela egiaztatzen duen errolda-egiaztagiria, eta goi-mailako ikasketak egiteagatik beste erkidego batean erroldaturik dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

f) Antzeko bekak edo Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak deituriko beste batzuk jaso ez dituela adierazten duen zinpeko aitorpena.

g) Eskatzaileak diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren zehapen penalik edo administratiborik ez duela jaso, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez dagoela (sexu-diskriminazioagatik gertatutako debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenen arteko seigarrenean ezarritakoaren arabera) adierazten duen zinpeko aitorpena edo erantzukizun-aitorpena.

Jatorrizko dokumentuak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak aurkeztu behar dira.

Eskabideak behar bezala osatuta edo eskatzen den dokumentazioarekin batera aurkezten ez badira, interesdunari 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Horrela egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

3.2.- Merezimenduak balioesteko bestelako dokumentuak.

a) Hautagaiaren espediente akademikoaren ziurtagiria, ikasturte guztietan lortutako kalifikazioak eta goi-mailako ikasketak noiz bukatu dituen azalduz (hala badagokio, karrera-amaierako proiektua eta lizentziatura-proba barne hartuta).

b) Currículum vitaea, dagozkion egiaztagiriekin batera. Lehentasunez, atzerriko hizkuntzen eta informatikaren jakintza-maila, egindako ikastaroak eta lanbide-esperientzia balioetsiko dira.

c) Eskabidea aurkeztean agiri bidez frogatu ezin diren merezimenduak ez dira kontuan hartuko. Lanbide-esperientzia egiaztatzeko, lan-bizitzaren txostena aurkeztu behar da.

4.- Honako hauek, hautaketa-prozesutik kanpo geratzeko arrazoiak izango dira:

a) Eskabideak urteko deialdian Turismo sailburuordeak ezarritako epeaz kanpo aurkeztea.

b) Agindu honen 3. artikuluan adierazitako betekizunak ez betetzea.

7. artikulua.- Hautaketa Batzordea.

1.- Hautaketa Batzordeak aurkezturiko eskabideak balioetsiko ditu eta hautagaiak hautatuko ditu. Jarraian zerrendatzen direnek osatuko dute batzorde hori, eta ebazteko eskumena duen organoari egingo diote proposamena:

- Turismoa Sustatzeko edo Merkaturatzeko zuzendaria, edo hark eskuordetuko duena; Batzordeko presidente izango da eta haren botoaz hautsiko ditu berdinketak.

- Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzako teknikarien artean hautaturiko bi kide.

- Idazkari bat, hitz egiteko eskubidea duena baina ez botoa ematekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak Saileko teknikarien artean aukeratua.

2.- Hautaketa Batzordeak aholkulari espezialistak izenda ditzake hautaketa-prozesu batean edo batzuetan parte har dezaten. Hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ez botoa ematekoa.

3.- Hautaketa Batzordea burujabea izango da erabakiak hartzerakoan; erabakiak bozketa bidez hartuko dira. Artikulu honetan jasotzen ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluaren II. Kapituluan ezarritakoa aplikatuko da.

8. artikulua.- Hautatzeko irizpideak.

1.- Batzordeak hautagaiak ebaluatu eta aukeratzerakoan honako hauek hartuko ditu kontuan:

a) Espediente akademikoa.

b) Hizkuntzak jakitea.

c) Informatikaz jakitea.

d) Turismoarekin loturiko ikastaroak, graduondoko ikastaroak edo masterrak.

e) Lanbide-esperientzia. Turismo-sektorearekin zerikusia duen esperientzia balioetsiko da bereziki.

f) Hautagaiak beketarako eskaturiko profilera egokitzea; elkarrizketa pertsonal baten bidez balioetsiko da hori.

2.- Batzordeak hurrengo artikuluan ezarritako baremoaren arabera balioetsiko ditu hautagaiak.

9. artikulua.- Hautaketa Prozedura.

1.- Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Lurralde Bulegoek, eskabideak eta dokumentazioa aztertu ondoren eta eskabideak behar bezala beteta daudela egiaztatu ondoren, edo, hala badagokio, Agindu honen 6.4 artikuluan aipaturiko zuzentze-epea eman eta gero, Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzari helaraziko dizkiote eskabideak.

2.- Hautaketa Batzordeak egingo duen eskabide-balioespena honako bi fase hauetan egingo da:

a) 1. fasea: Merezimenduen balioespena.

Hautagai bakoitzak aurkezturiko merezimenduak honela balioetsiko dira:

1) Espediente akademikoa: gehienez 20 puntu.

Espediente akademikoa modu haztatuan balioetsiko da karrerako irakasgai guztiak aintzat hartuta. Ohorezko matrikula, bikain, oso ongi eta nahiko bakoitzeko 4, 3, 2 puntu eta puntu 1 emango dira, hurrenez hurren.

2) Hizkuntzak jakitea; gehienez 20 puntu.

Gehienez 2 hizkuntza osagarri balioetsi ahal izango dira, eta hizkuntza bakoitzari gehienez 10 puntu emango zaizkio.

3) Azken hiru urteetan informatikari eta/edo Interneti loturik eginiko ikastaroak. Gutxienez 20 ordu behar dira, eta gehienez 5 puntu eman daitezke.

4) Egindako turismo-ikastaroak, graduondoko ikastaroak edo masterrak; gehienez, 15 puntu.

5) Lanbide-esperientzia; gehienez, 10 puntu.

Garatutako jarduerak hartuko dira kontuan, eta turismo-sektorearekin zerikusia dutenak balioetsiko dira bereziki.

b) 2. fasea: Elkarrizketa; gehienez, 30 puntu.

Hautaketa Batzordeak hautagaien jarrerak balioetsiko ditu, baita egin beharreko eginkizunetarako interesgarritzat joko dituen gainerako zirkunstantziak ere.

Hautaketa Batzordeak lehen 15 hautagaiak elkarrizketatuko ditu, behin eskabide guztiak balioetsi ondoren. Nolanahi ere, elkarrizketatuen kopurua handi liteke, baldin eta Hautaketa Batzordeak egokitzat jotzen badu. Hautaketa Batzordeak hautagaiak deituko ditu, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lurralde Bulegoetako iragarki-taulen bitartez.

3.- Behin prozesua amaiturik, Hautaketa Batzordeak bekak esleitzeko proposamena egingo du, hautagai-zerrendaren eta hautagai bakoitzak lorturiko puntuazioaren berri emanez. Puntuazioaren arabera esleituko dira bekak, goitik beherako ordenari jarraiki, hautagaiak beka bakoitzerako adierazitako lehentasunak aintzat hartuta. Gainera, beka bakoitzerako bi ordezko izendatuko dira.

4.- Hautaketa Batzordearen ustetan eskatzaileek beharrezko maila lortzen ez badute, beka bat edo batzuk eman gabe geratu ahal izango dira.

5.- Ebazpenaren oinarritzat hartu behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jardun guztiak egin ditzake Batzordeak.

10. artikulua.- Ebazpena.

1.- Agindu honetan araututako laguntzak emateko, Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko zuzendariak ebazpen bakarra emango du, Hautaketa Batzordearen proposamenari jarraiki. Ebazpen horretan, puntuazioak adierazteaz gain, onuradunak zerrendatuko ditu, bakoitzaren bekaren zenbatekoa finkatuko du, eta ordezkoen eta baztertuen zerrenda ezarriko du. Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58-61 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei.

2.- Ebazpena emango da eta interesdunei jakinaraziko zaie, gehienez ere hiru hilabeteko epean deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitutakoan interesdunei ebazpenaren berri eman ez bazaie, eskaturiko laguntza ezetsi ahal izango da, hori guztia eskumeneko organoak eskaturiko laguntzari buruzko esanbidezko ebazpena eman behar duela ahaztu gabe.

3.- Laguntza emateko ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraztea bazter utzi gabe, bekak emateko Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko zuzendariaren ebazpena argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

4.- Ebazpenak ez du administrazio-bidea agortuko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke interesdunak Turismo sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

5.- Bekak emateko ebazpenak aldatu ahal izango dira baldin eta haiek emateko kontutan hartutako baldintzak aldatzen badira edo, nolanahi ere, deialdi honen bidez jasotakoez gain beste administrazioetatik edo erakunde publiko edo pribatuetatik diru-laguntzak, laguntzak edo xede horretarako beste edonolako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira, betiere deialdi honen onuradun izateko arau honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira.

6.- Beka emateak eta baliatzeak ez du inolako kontratu- edo estatutu-harremanik ezartzen bekadunaren eta Euskal Autonomiako Administrazioaren, eta atzerrian dagokion Espainiako Turismo Bulegoaren eta Espainiako Turismo Institutuaren artean.

11. artikulua.- Bekak ordaintzea.

Bekak honela ordainduko dira:

Guztizkoaren % 40 beka eman ondoren ordainduko da, onuradunak helmugara jo aurretik; % 40 beka hasten den uneaz geroztik bost hilabete igarotakoan eta dagokion aurrerapen-txostena aurkeztu ondoren; eta, gainerako % 20a, aldia amaitutakoan, azken memoria aurkeztearekin batera.

Ordainketa guztietan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kontu-atxikipena egingo da.

12. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.- Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten zaien agiria jaso duten egunetik hamabost eguneko epea dute onuradunek emandako bekak esanbidez eta idazki bidez atzera botatzeko. Hala egin ezean ados daudela ulertuko da.

2.- Martxoan helmugan jardunean hasiko da onuraduna, salbu eta horretarako beste modu bat adosten bada Turespañarekiko hitzarmenean ezarritakoaren arabera (beste modu hori dagokion deialdian jaso beharko da). Hori gertatu aurretik, dokumentazio-lana egingo du Euskadiko turismoaren eta helmugako herrialdearen arteko erlazioari buruz, Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzaren jarraibideei jarraiki.

3.- Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dioten informazio guztia aurkeztea.

4.- Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari jakinaraztea helburu bera edo antzekoa lortzeko diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo lortu dituela, beste edozein Administraziokoak edo Erakunde publiko nahiz pribatukoak.

5.- Beka emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

6.- Beka baliatzen duten bitartean, onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Jardun Plana egitea, helmugako tokiko Espainiako Turismo Bulegoko Turismo Kontseilariak edo haren tutoretzaren ardura hartuko duenak zuzenduta eta ikuskatuta. Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko zuzendariak aldez aurretik onartuko du Plana; Plan horrek, horretaz gain, honako ekintza hauek barnean hartuko ditu, besteak beste: helmugako tokiaren eta haren enpresa eta turismo-produktuen sustapen- eta merkaturatze-ekintzak gauzatzea, eta hautatutako merkatuetan Euskadi aukeratuz egindako eskariaren bilakaerari buruzko ikerlanak egitea.

b) Bulegoko kide gisa integratzea, lanaldia eta funtzionamendu-arauak betez, eta bulegoak eskainitako lan-bitartekoak baliatzea.

c) Bekaren indarraldian, esleitzen dioten eremuan eta herrialdean bizitzea.

d) Agindutako jarduerak behar bezalako ardurarekin eta errendimenduarekin garatzea.

e) Helmugako eremuan, Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzak turismoa sustatzeko garatutako ekintzetan laguntzea.

f) Uztailean, jarduerari buruzko txostena egitea. Bulegoko zuzendariak onartu beharko du, eta Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzari helaraziko dio.

g) Jardun-plana gauzatzerakoan bekadunak sorrarazten dituen azterlanak, txostenak eta gainerako dokumentuak Espainiako Turismo Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzaren esku jartzea. Horrek ez die Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari edo Turespañari eskumenik ematen egindako lanak ondorenean erabiltzeko.

7.- Aurkezturiko eskabideak behar bezala ebaluatu eta ebazteko egokitzat jotzen dituen dokumentu eta/edo argibide osagarri guztiak eska diezazkieke Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak eskatzaileei.

13. artikulua.- Kudeaketako, kontroleko eta jarraipeneko organoa.

Bekadunek garatu beharreko jardunaren kudeaketa, kontrola eta jarraipena, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio.

Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzak bekei buruz bidezko iritzitako egiaztapenak egin ahal izango ditu; beraz, horretarako eskatzen dizkieten informazio osagarri guztiak eman beharko dituzte onuradunek.

14. artikulua.- Aseguratu beharra.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak istripuetarako eta erantzukizun zibileko asegurua egingo du bekadun bakoitzarentzat beka baliatu behar duen denborarako, beka onartzen duen egunetik zenbatzen hasita.

15. artikulua.- Bertan behera uztea edo uko egitea.

1.- Edozein unetan, Espainiako Turismo Bulegoko zuzendariak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari bekadunaren bekarekiko atxikimendua bertan behera uzteko proposamena egin diezaioke, Turespañaren bitartez, behar baino errendimendu okerragoa eskaintzeagatik, onarturiko jardun-planetik urruntzeagatik edo Bulegoaren funtzionamendu-arauetara ez egokitzeagatik. Neurri horrek beka bertan behera uztea ekar dezake berekin, baita Agindu honen 18. artikulua aplikatzea ere.

2.- Onuradunak bekari uko egiten badio, lehenik eta behin, bekarengatik kobraturiko eskubide ekonomikoen zati bat itzuli beharko du, salbu eta Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzak, bekadunak eginiko lana aintzat hartuta, horretarako baldintza objektiboak ez dituela betetzen ebazten badu. Itzuli beharreko diru-kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko da zenbat denbora gelditzen zaion bekaldia amaitzeko eta zenbat diru aurreratu dioten bekadunari denbora horregatik.

3.- Uko egitea bekaz baliatzeko lehenengo bi hilabeteren barruan gertatzen bada, beste bekadun bat aukeratuko da, ordezkoak egiteko izendatuta daudenen artetik, ordenaren arabera eta bekaldia betetzeko falta den aldirako.

4.- Uko egitea bi hilabeteak amaitutakoan gertatzen bada, Turismoa Sustatzeko eta Merkaturatzeko Zuzendaritzak ordezkoen artean beste bekadun bat izendatzea komeni ote den balioetsiko du, besteak beste, beka baliatzeko geratzen den denbora aintzat hartuta.

16. artikulua.- Bateraezintasunak.

Beka hauek bateraezinak dira aldi berean ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste edozein beka jasotzearekin.

17. artikulua.- Ez-betetzeak.

Diru-laguntza ematea eragin zuten baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretu bidez onartutako testu bateratuan, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

2005eko uztailaren 5eko Aginduak aldatutako 2003ko urriaren 15eko Agindua, jatorri-merkatuetako turismo-sustapenean adituak prestatzeko beka-programa arautzen duena indargabetzen da, eta baita Agindu honen aurka dagoen beste edozein xedapen ere, betiere horiek maila berekoak edota txikiagokoak badira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da indarrean.

Bigarrena.- Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 17a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala