Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2008ko abenduaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
7056

EBAZPENA, 2008ko abenduaren 9koa, Ingurumen sailburuordearena; honen bidez aldatu egiten da garapen jasangarria sustatuko duten ekintzak egiten dituzten udalei, mankomunitateei, tokiko beste erakunde batzuei eta garapen-agentziei diru-laguntzak emateko aurrekontu-zuzkidura.

Garapen jasangarria sustatuko duten ekintzak egiten dituzten udalei, mankomunitateei, tokiko beste erakunde batzuei eta garapen-agentziei diru-laguntzak ematea, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren 2008ko apirilaren 30eko Aginduaren bidez arautu zen. Deialdi hori 2008ko maiatzaren 15eko EHAAn argitaratu zen (91. zk.).

Agindu horren xedapen gehigarrian hau ezartzen da: «Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren laguntza-programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan gelditzen bada, 3. artikuluan adierazitako diru-kopuruak aldatu egin daitezke, eskatutako diru-laguntza kopurua kontuan hartuta. Kopuru hori aldatzea edo ez aldatzea diru-laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik erabakiko da. Horren berri Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuordearen Ebazpenaren bidez emango da».

Eskaerak jaso eta aurkeztutako proiektuak aztertu ondoren, aurrekontuan dirurik ez zegoela eta proiektu jakin batzuk kanpoan geratuko zirela egiaztatu zen. Hala ere, proiektu horiek deialdiaren helburuetarako egokiak direla iritzi zaio; izan ere, sail honek bere gain hartuta dituen interes publikoak asetzeko lehentasun handia dutela uste da, garapen jasangarria bultzatzen duten ekintzak sustatzen baitituzte.

Eskatutako laguntzak kontuan izan dira; interes publikoaren aldetik interesgarria izango litzateke diruz laguntzea; eta xedapen gehigarrian aipatzen diren beste bi eskakizunak bete egiten dira, hau da, badago kreditu soberakina, eta diru-laguntzak oraindik ez dira esleitu.

Deialdia egiten duen aginduaren xedapen gehigarria ikusi da, eta Ingurumen Sailburuordetza da organo eskuduna aurrekontu-zuzkidura hori aldatzea erabakitzeko.

Xedapen hauek ikusi dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekre­tua eta garapen jasangarria sustatuko duten ekintzak egiten dituzten udalei, mankomunitateei, tokiko beste erakunde batzuei eta garapen-agentziei diru-laguntzak ematea arautzen duen 2008ko apirilaren 30eko Agindua, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuarena.

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Garapen jasangarria sustatuko duten ekintzak egiten dituzten udalei, mankomunitateei, tokiko beste erakunde batzuei eta garapen-agentziei diru-laguntzak ematea arautzen duen Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren 2008ko apirilaren 30eko Aginduaren babesean eskatutako diru-laguntzak emateko aurrekontu-zuzkidurari 1.405.347 euro gehitzea. Horrela, aurrekontu-zuzkidura, guztira, 8.845.347 eurokoa izango da.

Bigarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluen arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 9a.

Ingurumen sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLESTEGUI.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana