Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2008ko uztailaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura Saila
4270

125/2008 DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, Eskolako Kirolari buruzkoa.

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak kirol sistema osoaren atal giltzarrietako bat aztertzen du bere V. tituluan: eskolako kirola. Kirol adierazpide hori funts-funtsezkoa da eskola-umeen heziketa integralari begira, haien nortasuna era armoniatsuan garatzeari begira eta geroko adinetan ere kirola modu jarraituan egin ahal izatea bermatuko duten baldintza fisiko eta prestakuntzari begira.

Eusko Legebiltzarrak, bestalde, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea onartu zuen. Bertan esaten denez, Haurrek eta nerabeek eskubidea dute kirolak eta jarduera fisikoak egiteko, eta saihestu egin behar da jarduera horietan lehiakortasuna lehenbiziko baliotzat sustatzea. Gainera, Legeak dioenez, lehiaketa-kiroletan parte hartzea borondatezkoa izan beharko da, beti, eta entrenamendu plan eta metodoek errespetatu egin beharko dituzte haien egoera fisikoa eta hezkuntza-beharrizanak. Legearen 35. artikuluan, halaber, xedatzen da ezen herri-administrazioek, beren eskumenen esparruan, haur eta nerabeen jardueren edukia indartzeko betebeharra dutela.

Dekretu honek 14/1998 Legea garatzen du, eskolako kirolari dagokionez, eta aldi berean orain indarrean dagoen Eskolako kirolari buruzko ekainaren 5eko 160/1990 Dekretua ordeztuko du, zeina lehengo “Soin-kulturaren eta kirolaren otsailaren 19ko 5/1988 Legea” (jada indargabetuta) oinarri hartuta onartu baitzen.

Dekretu honen bidez, 14/1998 Legeak diseinaturiko eskolako kirolaren eredua ezarri nahi dugu, Kirolaren Euskal Kontseiluak landu eta Eusko Jaurlaritzan onartutako 2003-2007 Euskadiko Kirolaren Euskal Planean jasotako jarraibideekin bat.

2003-2007 Kirolaren Euskal Planak dio eskolako kirola dela Euskal Kirola Ereduak dituen lau jarduera motetako bat. Plan horretantxe zehazten dira Eskolako Kirolaren Ereduaren edukia, helburuak eta ezarpenerako printzipioak.

Eskolako kirolaren helburu nagusia haur kirol-egilearen hezkuntza-garapena osatzea izango da, bai eta kirolari bakoitzaren banakako beharrizanak asebetetzea ere. Hala, eskolako kirolak haurren heziketa integrala bilatuko du, beren sarbidea eta parte hartzea bermatuz berdintasunez eta sexu-estereotipo eta roletatik kanpo; haurren nortasuna era armoniatsuan garatzea bilatuko du, bai eta geroko adinetan ere kirola modu jarraituan egin ahal izatea eta bizimodu osasuntsua eramatea bermatuko duten baldintza fisiko eta kirol ohitura batzuk eskuratzea ere.

Eskola garaia da kirol praktikari ekiteko adin egokiena, garai horretako kirola haurraren heziketaren osagai berezkotzat hartu behar baita, balio positiboak transmititzeko bidetzat eta geroko kirol praktikaren bermetzat.

Helburu horiek gauzatzeko, dekretu honen bitartez Euskal Autonomia Erkidegoan Eskolako Kirolaren eredua ezartzeko oinarrizko arauak finkatuko dira, Foru Aldundien eskolako kirolaren programak garatuz. Horrenbestez, tokian tokiko lurralde historikoaren eredu propioak homogeneizatu nahi dira, lurralde bakoitzaren ezaugarri soziodemografiko eta geografikoetara egokituz, baina une oro errespetatuz ezarritako printzipio orokorrak, ezaugarriak eta helburuak. Horietaz gainera, beste printzipio batzuk ere erdietsi nahi dira; besteak beste: haurrek beren ingurune naturalean kirola egitea, kirol modalitate eta ibilbide ezberdinak ezagutzea eta haien arteko oreka arrazoizkoa eskuratzea ahalbidetuko duen kirol aniztasuna, eta, azkenik, adin txikikoekin harremanetan dauden eragileen gaitasuna eta prestakuntza ziurtatzea.

Asmoa, laburbilduz, eskolako kirolarekin lotutako jarduera-eskaintza oso bat definitzea da, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean finkaturiko helburuak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean finkaturikoak eta Kirolaren Euskal Planean bertan jasotakoak bete ahal izateko.

Eskaintza bideratzeko, onartuta dauden eragileak barnean sartuko dira -batik bat ikastetxeak-, horiek baitira kirol jardueraren hasierako ernamuina, kirol klubak, kirol sozietate anonimoak, kirol federazioak, bestelako kirol erakundeak eta herri-erakundeak. Gainera, bikoiztasunak saihestuko dira lehiaketa-jarduerak eta errendimendu-jarduerak antolatzerakoan, eta horretarako gutxieneko adina ezarriko da programa jakin batzuetan parte hartzeko, jardueren eremu geografikoa mugatuko da eta programa horietan parte hartzeko eragileen egitura egokiak zein diren definituko da.

Dekretuak organo berri bat sortu eta arautuko du, Eskolako Kirolaren Euskal Batzordea, zeinak definitutako printzipio oinarrizkoak beteko dituen eta Autonomia Erkidego osorako baliagarri den eskolako kirolaren eredu homogeneoaren eta lurralde historiko bakoitzeko bereizgarritasunetara egokitutako ereduaren arteko bateragarritasuna zainduko duena.

Azkenik, eskolako kirolaren programak lantzeko prozesuan parte hartzeko eskaintzen zaie inplikatutako sektore guztiei, eta, bestalde, askatasun-tarte zabala uzten zaie Foru Aldundiei programok lantzeko eta gauzatzeko.

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 4.2 artikuluak Autonomia Erkidegoko erakunde komunei esleitzen die eskolako kirolaren oinarriak eta printzipioak finkatzeko eskumena, bai eta kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzekoa ere.

Azkenik, esan behar da dekretu honen formulazioan eta tramitazioan estuki bete dela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 22. artikuluan xedatutakoa eta generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzeko txostena lantzeko jarraibideak eta desberdintasunak baztertu eta emakume-gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak, Euskadiko Gobernu Kontseiluak 2007ko otsailaren 13an egindako bileran onartutakoak.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, Kirolaren Euskal Kontseiluaren aldeko txostena, Aholku Batzorde Juridikoarena eta gainerako nahitaezko txostenak aintzat hartuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko uztailaren 1eko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Kontzeptua.

1.– Dekretu honen ondorioetarako, eskolako kirola da eskola-umeek nahitaezko eskola-aldian baina eskola-orduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera.

2.– Eskolako kirola osatzen duten jarduerek hezigarriak izan behar dute, alegia, eskola-umeen heziketa integralaren barruan kokatuta egongo dira eta heziketa sistemaren eta haren etapen helburuekin bat egingo dute oro har, bereziki gorputz-hezkuntzaren alorreko helburuekin.

3.– Alderdi hezigarri horretatik ondorioztatzen denez, eskolako kirol eskaintza antolatzen parte hartzen duten Kirolaren Euskal Planeko egitura edo eragileek 6 eta 16 urte bitarteko haurrek egin beharreko mugimenduzko jarduerak, jarduera fisikoak eta/edo kiroletakoak sustatu behar dituzte.

2. artikulua. – Eskolako kirolaren funtzioak eta ezaugarriak.

1.– Eskolako kirola nagusiki kirol anitzekoa izango da eta ez da soilik lehiakortasunera bideratua egongo. Horrenbestez, eskola-ume orok hainbat kirol modalitate ezagutu eta praktikatuko dituela bermatuko da, bakoitzaren gogo, gaitasun fisiko, jarrera eta adinaren arabera.

2.– Herri-administrazioak eskolako kirola ikastetxeen heziketa proiektuetan txerta dadila bultzatuko du, bai eta ikastetxeen urteko planetan ere.

3. artikulua.– Eskolako kirolaren programak eta lehiaketak.

1.– Lurralde historikoetako foru organoek urtez urte onartuko dituzte eskolako kirolari buruzko programak, eta hainbat betebehar izango dituzte ezinbestez: haurren eskolako heziketa osatu beharko dute, haurren nortasuna era armoniatsuan garatu beharko dute, halako baldintza fisiko egoki eta osasuntsuak eskuratu, eta geroko adinetan ere kirola modu jarraituan egin ahal izatea bermatuko duen prestakuntza eskaini beharko dute.

2.– Lurralde historikoetako foru organoek onartuko dituzte eskolako kirol jarduerak arautuko dituzten joko eta lehiaketa araudiak, aldez aurretik Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak emandako txostena ikusi ostean.

3.– Eskolako kirolari buruzko programek gehienez ere hiru kirol ibilbide jasoko dituzte:

a) Kirolean parte hartzeko ibilbidea.

b) Errendimenduari ekiteko ibilbidea.

c) Kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidea.

4.– Kirol ibilbide horien barruan, honako jarduera motak eskaini ahal izango dira:

a) Ikaskuntza jarduerak.

b) Lehiaketa jarduerak.

c) Hautemate jarduerak.

d) Bestelako jarduerak.

5.– Eskolako kirolari buruzko programek ez dute iraungo urtebete baino gehiago. Programan bertan adieraziko dira hasiera eta bukaera datak.

6.– Eskolako kirolari buruzko programak lurraldean lurraldeko aldizkari ofizialetan argitaratuko dituzte bertako foru organoek. Joko eta lehiaketa araudiak, aldiz, gutxienez informazio eta komunikazio teknologia berrien bidez zabalduko dira.

7.– Euskadiko Eskolako Kirol Txapelketak Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen saileko sailburuaren aginduz arautuko dira.

4. artikulua.– Eskolako kirolaren kategoriak.

Eskolako kirola honako kategoria hauetan antolatuko da:

a) Benjaminaurrekoak: programa bukatzen den urtean 7 edo 8 urte betetzen dituzten eskola-umeak.

b) Benjaminak: programa bukatzen den urtean 9 edo 10 urte betetzen dituzten eskola-umeak.

c) Kimuak: programa bukatzen den urtean 11 edo 12 urte betetzen dituzten eskola-umeak.

d) Haurrak: programa bukatzen den urtean 13 edo 14 urte betetzen dituzten eskola-umeak.

e) Kadeteak: programa bukatzen den urtean 15 edo 16 urte betetzen dituzten eskola-umeak.

5. artikulua. – Jardueren lurralde-eremua.

1.– Eskolako kirolaren jarduerak honako lurralde-eremu hauetan egingo dira, kategoriaren arabera:

a) Benjaminaurrekoak eta benjaminak: toki/eskualde eremua.

b) Kimuak: lurralde historikoa.

c) Haurrak: Autonomia Erkidegoa.

d) Kadeteak: erkidegoz gaindikoa.

2.– Oro har, jarduera horiek ez dituzte aipatutako lurralde-eremuak gaindituko. Eremuok bidezko baimenik gabe gainditzea arau-hauste administratibotzat joko da, eta k administrazio-haustea ekarriko du, eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 128.e) artikuluan aurreikusten den moduan zigortuko da.

3.– Aurrekoa gorabehera, baldin eta kirol modalitateren baten ezaugarri berezkoek hartaratuta beharrezko ikusten bada, lurralde historikoetan foru organo eskudunek salbuespenez baimena eman dezakete lehen aipaturiko lurraldez gaindiko jarduerak antolatzeko edo bertan parte hartzeko, betiere Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak bidezko txostena eman ondoren. Foru aldundien baimen horiek ez dute eraginik izango autonomia selekzioen alorrean euskal federazioek eta Eusko Jaurlaritzak dituzten eskumenetan.

6. artikulua. – Jardueren ezaugarriak.

1.– Jarduerei buruzko joko eta lehiaketa araudiak, hezkuntza programak eta gainerako ezaugarriak eskola-umeen bereizgarritasunetara egokituta egongo dira, eta neskato eta mutikoen kokagune eta baldintza propioetara begira prestatuko dira.

2.– Sei urtetik aurrera eta eskola-umeen bilakabide fisiko, psikologiko, intelektual eta sozialen erritmoaren arabera, eskolako kirolaren jarduerek kirolari ekiteko hasierako prozesua bultzatuko dute. Horrekin, haurrak hezkuntza balio positiboak -kirol lehiaketaren balio espezifikoak barne- bermatzen dituzten inguruneetan garatzeko prozesua osatuko da, kirol modalitate ugariren berri jasotzea sustatuko da, kirol ohiturak sortzea, bizimodu osasungarri batez heztea, eta modalitate ezberdinetako kirolariak eta kirol ikusleak prestatzea.

3.– Eskolako kirolaren barruan, gainera, errendimenduan eta helburuetan gora egitea xede duen kirol praktikari ekitea bultzatuko da, haien gaitasun eta jokamoldeengatik hauteman eta aukeratzen diren balizko talentu eta promesak beharrezko teknifikazio-baldintza egokiez balia daitezen. Errendimenduko kirolaren praktika bultzatzen duen ekimen honek haurraren garapen armoniatsu eta integrala errespetatu beharko du, alegia, haren garapen fisiko, intelektual zein soziala.

4.– Errendimenduari ekiteko ibilbidetik kanpo eta kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidetik kanpo geratzen diren eskola-umeek kirola egiteko jarraitzeko moduko kirol eskaintza egokia izango dutela bermatuko da.

5.– Eskolako kirolari buruzko programetan ahalmen-urritasunak dituzten eskola-umeak beren eskola-kideekin arazorik gabe integratzea sustatuko da. Hori ezinezkoa bada, jarduera berariazkoak aurreikus daitezke ahalmen-urritasunak dituzten taldeentzat.

7. artikulua. – Jarduera motak.

1.– Ikaskuntza jarduerak. Lehiaketatik kanpoko kirol prestakuntzarekin lotutako jarduerak dira.

Bi ikaskuntza jarduera mota daude:

a) Hasiera jarduerak. Kirol modalitateak irakasteko jarduerak dira, bertan parte hartu nahi duten eskola-umeei zuzenduta.

b) Teknifikazio jarduerak. Entrenamendu-saioak dira, errendimenduari ekiteko ibilbidean parte hartzen dutenei eta kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidean aukeratutako eskola-umeei zuzenduta, haien kirol gaitasuna hobetzeari begira.

2.– Lehiaketa jarduerak.

a) Lehiaketa aldatuak edo parte hartzaileak. Eskema hautatzaile hutsetik kanpo egiten diren lehiaketak dira.

b) Errendimenduari ekiteko lehiaketak. Haien helburua errendimenduan eta helburuetan gora egitea xede duen kirol praktikari ekitea da.

c) Lehiaketa murriztuak. Hartzaileak jarrera eta gaitasun benetakoagatik eta potentzialagatik identifikatzen eta hautatzen diren gazteak dira.

3.– Hautemate jarduerak. Saio bakan batzuk dituzten jarduerak dira, kirol modalitate jakin batean errendimendu ona izateko halako gaitasun eta jarrera bereziak dituzten eskola-umeak hautematera bideratuak.

4.– Beste jarduera batzuk.

a) Kirol eta kultur jarduerak. Kirolen historiarekin eta garapenarekin loturiko kultura jarduerak dira, bai eta olinpiar mugimenduarekin edo eskolako kirolarekin loturikoak ere.

b) Aisialdiko jarduerak. Kirol modalitatea bat lehiakortasunik gabe praktikatzea helburu duten jarduerak dira.

8. artikulua.– Kirolean parte hartzeko ibilbidea.

1.– Kirolean parte hartzeko ibilbidearen helburua da gazteek kirola eta jarduera fisikoa egitea, kirol modalitate ezberdinak ezagutzea, eta kirol ohiturak eta bizimodu osasungarria bereganatzea.

2.– Kirolean parte hartzeko ibilbidean honako jarduera hauek sartzen dira:

a) Hasiera jarduerak.

b) Lehiaketa aldatuak edo parte hartzaileak.

c) Aisialdiko jarduerak.

d) Kirol eta kultur jarduerak.

3.– Kirolean parte hartzeko ibilbidearen barruan lehiaketa aldatu edo parte hartzaileetan jarduteko gutxieneko adina benjaminen kategoriako lehenengo urteari dagokiona izango da, kirol modalitate guztietan eta lurralde historiko guztietan. Ibilbide horretako gainerako jardueretan parte hartzeko gutxieneko adina, ordea, benjaminaurrekoen kategoriako lehenengo urteari dagokiona izango da.

4.– Salbuespenez, adin hori bete gabe duten kirolarien parte hartzea baimenduko du foru organo eskudunak, aldez aurretik Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak aldeko txostena eman ostean.

5.– Honelako programek eskola-umeek kirola egiteko jarraitzeko moduko kirol eskaintza egokia izango dutela bermatuko dute, hau da, ibilbidearen ezaugarriak aintzat hartuta (aurrerapena, hobekuntza eta aisialdia) jarduera fisikoa edo kiroletakoa egin nahi duten eskola-umeentzako eskaintza.

9. artikulua.– Errendimenduari ekiteko ibilbidea.

1.– Errendimenduari ekiteko ibilbidearen helburua da errendimenduan eta helburuetan gora egitea xede duen kirol praktika erraztea beren borondatez parte hartu nahi duten eta horretarako baldintzak betetzen dituzten haurrei.

2.– Errendimenduari ekiteko ibilbidean honako jarduera hauek sartzen dira:

a) Hautemate jarduerak.

b) Teknifikazio jarduerak.

c) Errendimenduari ekiteko lehiaketak.

d) Kirol eta kultur jarduerak.

3.– Errendimenduari ekiteko ibilbidearen barruan hautemate jardueretan parte hartzeko gutxieneko adina kimuen kategoriako lehenengo urteari dagokiona izango da,. Ibilbide horretako gainerako jardueretan parte hartzeko gutxieneko adina, ordea, kimuen kategoriako bigarren urteari dagokiona izango da. Salbuespenez, adin hori bete gabe duten kirolarien parte hartzea baimenduko du foru organo eskudunak, aldez aurretik Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak aldeko txostena eman ostean.

4.– Lurralde historiko bakoitzeko eskolako kirolari buruzko programetan errendimenduari ekiteko ibilbideko jardueretan parte hartzeko gehienezko kupoak ezarriko dira, halako oreka bat bilatzeko asmoz kirol modalitate eta ibilbideen artean.

5.– Oro har, lurralde historiko bakoitzean errendimenduari ekiteko ibilbidean parte hartuko duten eskola-umeen gehienezko kopurua kimuen kategoriako bigarren urtean daudenen % 20 izango da, eta haurren kategoriako urte bakoitzari dagozkion umeen % 25. Ehuneko horiek ezberdin aplikatuko dira mutilen eta nesken kasuan.

10. artikulua.– Kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidea.

1.– Kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidearen helburu nagusia da haien gaitasun eta jokamoldeengatik balizko talentu eta promesatzat jo daitezkeen eskola-umeak hautematea, aukeratzea eta garatzea.

2.– Kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidean honako jarduera hauek sartzen dira:

a) Hautemate jarduerak.

b) Teknifikazio jarduerak.

c) Lehiaketa murriztuak.

d) Kirol eta kultur jarduerak.

Jarduera hauek eskola-ume kopuru jakin bati zuzenduko zaizkio.

3.– Honelako programetan parte hartzeko gutxieneko adina kimuen kategoriako lehenengo urteari dagokiona izango da hautemate jardueretarako, eta horretarako behaketa hutsez jardungo da edo ume guztien ohiko kirol jardueraren kontrol teknikoaren bidez. Ibilbide horretako gainerako jardueretan parte hartzeko gutxieneko adina, ordea, kimuen kategoriako bigarren urteari dagokiona izango da.

4.– Eskolako kirolari buruzko programetan kirol talentuak eta promesak hautemateko jardueretan parte hartzeko gehienezko kupoak ezarriko dira, halako oreka bat bilatzeko asmoz kirol modalitate eta ibilbideen artean.

5.– Oro har, lurralde historiko bakoitzean kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidean parte hartuko duten eskola-umeen gehienezko kopurua ez da izango modalitate horretako errendimenduari ekiteko ibilbidean -edo, besterik ezean, kirolean parte hartzeko ibilbidean- parte hartzen dutenen % 20 baino altuagoa. Ehuneko horiek ezberdin aplikatuko dira mutilen eta nesken kasuan.

6.– Errendimenduari ekiteko ibilbidean eta kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidean ezarritako ehunekoak ez dira metagarriak. Ibilbide bietan parte hartzen dutenen kopuruak, osotara, ezingo du gainditu kategoriari dagokion kopuru osoaren % 25.

7.– Ibilbide honetako eskolako kirolari buruzko programek zehaztuko dute, Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak bidezko txostena eman ondoren, kirol talentuak eta promesak hautemateko programetan sartzeko sistema zein izango den.

11. artikulua.– Eskolako kirolari buruzko urteko programetan jasotzen ez diren jarduerak baimentzea.

1.– Ezin izango da eskolako kirolari buruzko programetan jasotzen ez den kirol jarduerak antolatu benjaminaurreko, benjamin, kimu eta haurren kategorietan.

2.– Aurreko puntuan ezarritakoa gorabehera, lurralde historikoetako organo eskudunek baimena eman ahal izango dute eskolako kirolari buruzko programetan jasotzen ez den kirol jarduerak antolatzeko, baldin eta parte hartzeko egiturak, lehiaketen lurralde-eremuak eta parte hartzaileen gutxieneko adina bat badatoz dekretu honetan foru aldundien urteko programak lantzeko ezarritakoekin.

3.– Foru organoek eskolako kirolari buruzko programetan jasotzen ez den kirol jarduerak baimentzeko prozedurak arautu beharko dituzte.

4.– Lehiaketa-jarduerak, aisialdikoak eta kirolari buruzko kultura jarduerak baimentzeko, honako baldintza hauek beteko dira:

a) Eskolako kirolaren printzipio eta helburuekin bat etorriko dira.

b) Kirol modalitateak egokiak izango dira eskola-umeen adinerako.

c) Bateragarriak izango dira programako jarduerekin (egunak eta orduak).

d) Dekretu honetan definituriko partehartze-egiturak.

e) Koherenteak izango dira kasuan kasuko modalitatearen ordenamenduarekin.

f) Jardueraz arduratzen direnek nahikoa gaitasun izango dute.

g) Eskola-umeen ezaugarri berezietara egokitutako ikasketa-programak izango dituzte.

h) Instalazioek beharrezko segurtasun eta higiene baldintzak beteko dituzte.

i) Parte hartzaileen arrisku-estaldura bermatu behar da.

j) Lehiaketa aldatuen edo parte hartzaileen kasuan, Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak definitutako lehiaketaren ezaugarri teknikoekin bat etortzea.

12. artikulua.– Eskolako kirolari buruzko urteko programetan jasotzen ez diren hasiera-unitateetako eta teknifikazio-unitateetako jarduerak baimentzea.

1.– Ikaskuntza jarduerak “kirol hasierako unitateak” izeneko egituretan gauzatuko dira hasierako jardueren kasuan, eta “kirol teknifikaziorako unitateak” izenekoetan teknifikazio jardueren kasuan.

2.– Jarduera hauek eskolako kirolari buruzko programetan adierazitako hasiera- eta teknifikazio-unitateetan baino ezin dira egin, edota, hala badagokio, foru organo eskudunen administrazio-baimena jasotzen dutenetan.

3.– Jarduera hauei baimena emateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Zuzendaritza teknikoan hasiera-jardueraren ezaugarriekin bat datorren titulu ofizial baten jabe den pertsona bat, gutxienez, egongo da. Pertsona edo erakunde antolatzaileak, gainera, eskola-umeek ikaskuntza jarduera kalitatez eta segurtasunez gauzatu dezaten behar diren beste pertsona izango ditu eskura.

b) Jarduerak egokiak izango dira adin eta sexuen ezaugarri berezi eta propioei begira.

c) Jarduerak kirol instalazio egokietan egingo dira, kirol ekipamendu eta material egokiz hornituak dauden instalazioetan alegia.

d) Pertsona edo erakunde antolatzaileak aseguru-poliza bat izango dute, jardueretan parte hartzaileek edo hirugarren batzuek izan ditzaketen kalte eta galerengatiko erantzukizun zibila estaliko duena.

e) Pertsona edo erakunde antolatzaileak, jarduerak egiten direnean, beroriek bateragarriak direla Eskolako Kirolari buruzko Programarekin eta prestakuntza akademikoarekin begiratuko du.

f) Foru organo eskudunak kirol modalitate bakoitzarentzat ezarritako ordenamendu-irizpideak errespetatuko dira.

13. artikulua.– Eskolako kirolaren lizentzia.

1.– Eskolako kirolaren lehiaketetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da eskolako kirolaren lizentzia izatea. Lizentzia kirolariaren bizitokiari dagokion foru aldundiko organo eskudunak emango du.

2.– Eskola-umeentzako lizentzia haien lurralde historikoan egoitza duten erakundeei baino ezin zaie eman. Beste lurralde historikoetako erakunderen batekin parte hartzeko, kasuan kasuko foru aldundiaren baimena beharko da.

3.– Beren egoitzari dagokion lurralde historikotik kanpoko beste baten urteko programetan parte hartu nahi duten erakunde edo eskola-umeek beren foru aldundiaren baimena beharko dute aldez aurretik.

4.– Lurralde historikoetan kirolaren eskumena duten foru organoek federazio lizentziak eman ahal izango dizkiete eskola-umeei.

5.– Foru aldundietako organo eskudunek emandako eskola-lizentziak federazio-lizentziatzat homologatu ahal izango dituzte euskal kirol federazioek.

6.– Federatutako kirol lehiaketetan parte hartzeko izan ezik, homologatutako lizentziek gainerako ondorio guztietarako gaitu egiten dituzte beren titularrak.

14. artikulua.– Azterketa medikoak.

Eskolako kirolaren lizentziak tramitatzeko eta emateko nahitaezkoa izango da, aurretik, araudiz ezartzen den azterketa medikoa gainditzea.

15. artikulua.– Egitura eta eragileak. Eginkizunak.

1.– Eskola-umeen jarduerak kasuan kasuko parte hartzeko egitura ahalik eta egokienen bitartez garatu beharko dira.

2.– Eskolako kirolaren jarduerak antolatu, haiei laguntza teknikoa eman eta jarduerak berak gauzatzeko erabiltzen diren eragile edo egituren gaitasuna bermatu egingo da kasu guztietan.

3.– Ikastetxeak izango dira kirolean parte hartzeko ibilbidearen barruko jardueretan parte hartzeko lehentasunezko esparrua, eta haiek arduratuko dira prestakuntza, antolakuntza eta administrazio alderdiez.

4.– Herri administrazioek ikastetxeen eta kirol klub eta elkarteen arteko elkarlana sustatu beharko dute, jardueren prestakuntza-alderdiari begira.

5.– Kirol federazioak eskolako kirolaren jardueretan eman beharreko laguntza teknikoaz arduratuko dira, Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean eskolako kirolarekin loturiko eginkizun publiko eta administratiboei dagokienez xedatutakoaren indarrez. Horretarako, partaide eta kolaboratzaile izango dira eskolako kirolaren programetan, aldez aurretik tokian tokiko foru aldundiekin akordioak adostu ondoren. Akordio horiek lankidetza-hitzarmenen bidez mamituko dira.

6.– Hona laguntza teknikotzat zer ulertzen den: da edozein jardueraren inguruko alderdi tekniko guztiak zuzendu, koordinatu eta haiek jarraipena egiteko behar diren egiteko guztiak.

7.– Lehiaketa-jardueren kasuan, laguntza edo kontrol teknikoak honako zeregin hauek ere bilduko ditu bere baitan: egutegiak eta jardunaldiak prestatzea, arbitrajeak izendatzea eta kontrolatzea, aktak egitea, sailkapenak egitea eta zabaltzea, eta, hala badagokio, zigor-araubidea aplikatzea lehiaketa-batzordearen bitartez.

8.– Gainerako jardueretako laguntza teknikoak jasoko ditu, baita ere, hezkuntza programak eta balioak hautemateko programak diseinatzea eta lantzea, balioak hautematea…, eta horien exekuzioa.

9.– Foru aldundiek edo, hala badagokio, kirol federazioek diziplina ahalmena erabiliko dute eta Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak exekutatuko dituzte, halakorik egonez gero.

10.– Kirol federazioek ez badute esleitu zaizkien eginkizunak betetzen, foru organo eskudunek beste entitateren batzuk izendatu ahalko dituzte horiek betetzeko.

11.– Kirol klubak, kirol sozietate anonimoak eta kirol elkarteak izango dira errendimenduari ekiteko ibilbidean eta kirol talentuak eta promesak hautemateko ibilbidean sartuta dauden jardueretan parte hartzeko lehentasunezko esparruak.

12.– Udalak izango dira lurralde historikoetako foru organoek onarturiko programak exekutatzeko ardura izango dutenak, foru organo horiekin elkarlanean; beste ekintza batzuen artean, jarduerak egiteko instalazioak lagako dituzte, nagusiki.

16. artikulua. – Eskolako Kirolaren Euskal Batzordea.

1.– Eskolako Kirolaren Euskal Batzordea sortzen da, Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen sailari atxikia. Bere helburua izango da bateragarri egitea eskolako kirolaren euskal eredu homogeneoa eta lurralde historiko bakoitzeko bereizgarritasunetara egokitutako eredua.

2.– Eskolako Kirolaren Euskal Batzordea lurralde historikoetako foru organoetako kirol zuzendariek eta Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak osatuko dute.

3.– Presidentea Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen organoaren ordezkaria izango da.

4.– Idazkaria Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen organoak izendatutako pertsona bat izango da, hitzarekin baina botorik gabe jardungo duena.

5.– Batzordearen presidenteak, berak eskatuta edo beste edozein kideren eskariz, bileretako eztabaida teknikoetan parte hartzeko deia egin diezaieke kirol federazioen, ikastetxeen edo udal administrazioaren ordezkariei edo bestelako adituei, kasuan kasuko gaiak aztertzen dituztenean. Gonbidatu horiek hitzarekin baina botorik gabe jardungo dute.

6.– Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeko kideak beren karguetan dirauten bitartean izango dira batzordeko kide, kargu horiek betetzearren izendatu baitira.

7.– Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak batzorde-atal bereziak sortzea erabaki dezake gai zehatzei buruzko lanak eta txostenak egiteko. Batzorde-atal berezi horiek funtzionamendua beren eratze-erabakian zehaztutakoa izango da.

17. artikulua.– Funtzioak.

Dekretu honetan aurreikusitako kasuez gainera, honako kasu hauetan ere landuko ditu bidezko txostenak Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak:

a) Hiru ibilbideen ezaugarri teknikoak.

b) Jardueretan eta modalitateetan parte hartzeko adina.

c) Eskolako kirolaren egituren eta eragileen kalitatea bermatzen duten irizpideak.

d) Eskola-umeek adinaren arabera egin beharreko jarduerak egokiro ezaugarritzen dituzten irizpideak.

e) Kategoria bakoitzari dagokionaz gaindiko lurralde-eremuetako lehiaketetan parte hartzeko irizpideak.

f) Lehiaketetan parte hartzeko egiturak eta ezaugarri nagusiak.

g) Kirol talentuak eta promesak hautemateko programetan sartzeko sistema.

h) Kiroletako hasiera- eta teknifikazio-unitateak garatzeko irizpideak.

i) Programa eta jardueretan genero-ikuspegia egokiro txertatzen direla ziurtatzeko irizpideak.

18. artikulua.– Quoruma eta erabakiak hartzea.

1.– Eskolako Kirolaren Euskal Batzordea legez osatu ahal izateko kideen erdiak eta bat gehiago egon behar dute bertan. Bilerak baliozkoak izateko nahitaezkoa da presidentea eta idazkaria bertan egotea.

2.– Batzordearen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira. Berdinketak presidentearen kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira.

3.– Botoa zuzenekoa eta pertsonala izango da. Botoa sekretua izango da edozein kidek presidenteari hala izatea eskatzen dionean.

19. artikulua. – Txostenen ezaugarriak eta emateko epeak.

1.– Eskolako Kirolaren Euskal Batzordearen txostenak ez dira lotesleak izango, salbu eta araudiz kontrakoa xedatzen bada.

2.– Eskaera egiten denetik hilabete baino lehen emango ditu bere txostenak Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak. Epe hori igaro eta txostenik eman ez badu, aldeko txostena emandakotzat ulertuko da.

20. artikulua.– Bilera deialdia.

Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeak hiru hilean behin, gutxienez, egingo ditu bere ohiko bilerak. Horietaz gainera, nahi beste aparteko bilera egin ahal izango ditu, bai presidentearen beraren eskariz bai bi kidek presidenteari egindako eskariz.

21. artikulua.– Funtzionamendu-gastuak.

1.– Eskolako Kirolaren Euskal Batzordearen funtzionamendu-gastuak Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen sailaren aurrekontuen pentzudan izango dira.

2.– Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeko kideei edo bertan parte hartzen duten adituei ez zaie ordainsaririk emango. Dena dela, gastu eta dietak bai, ordainduko zaizkie, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan zerbitzu-arrazoiengatik oro har aurreikusten diren baldintza, kopuru eta mugen arabera.

22. artikulua. – Kirol diziplina.

1.– Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen sailak ezarritako diziplina arauak erabiliko dira eskolako kirolaren lehiaketetan.

2.– Honako hauei dagokie kirol arloko diziplina-ahalmena erabiltzea, zeinek bere eskumen-esparruan:

a) Lehen instantzian, parte hartzaileen gaineko eskolako kirolaren organo eskudunei.

b) Bigarren instantzian, Eskolako Kirolaren Euskal Batzordeari.

23. artikulua. – Ikuskatzeak.

1.– Eusko Jaurlaritzak eta lurralde historikoetan kirolaren eskumena duten foru organoek, bakoitzak bere eskumen-esparruaren barruan, eskolako kirolaren gaineko ikuskatze funtzioak egingo dituzte. Horretarako, eskolako kirolaren alorreko lege- eta arau-xedapenak betearazi egingo dituzte.

2.– Kasuan kasu gaitutako pertsonek, dagokien espezializazio teknikoaz hornituta, egingo dituzte ikuskatzeak.

24. artikulua.– Zehapen-araubidea.

1.– Zehapen-prozedura honako lege-xedapen hauetan ezarritako zehapen-ahalmenaren gaineko printzipioetan oinarrituko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Zehatzeko Ahalmena Erabiltzeko Prozedurarako Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehapen Ahalmena arautzen duen otsailaren 20ko 2/1998 Legea.

2.– Arau-hausteak gertatzen direnean, dekretu honetan xedatutakoa eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeko zigor-araubidea aplikatuko dira.

25. artikulua.– Eskolako kirolaren jarduteko titulazioak.

1.– Eskolako kirolean zuzendaritza zereginak, programazioa, planifikazioa, koordinazioa, kontrola, gainbegiratzea eta antzekoak burutzeko, beharrezkoa izango da Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatuaren titulua edo dagokion graduaren titulu baliokidea izatea.

2.– Kirol zuzendaritzako zeregin horiek kirol modalitate bakar batean burutzen badira, nahikoa izango da modalitate edo espezialitate horren Goi-mailako Kirol Teknikari titulua edo baliokidea izatea.

3.– Ikastetxeetan eskola-orduz kanpo programatzen diren eskolako kirolaren zuzendaritza-jarduera horietan baliozkoa izango da, baita ere, gorputz-hezkuntzaren espezializazioan egindako Maisu-Maistra titulua edo baliokidea.

4.– Kirolaren Euskal Eskolak, lurralde historikoetako foru organoekin adostuta, prestakuntza-eskaintzak sustatuko ditu eskolako kirolari buruzko programetako entrenamendu, lehiaketa eta bestelako jardueretan parte hartzen duten pertsonei begira.

5.– Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen saileko titularrak agindu bidez egokitu ahal izango ditu dekretu honetan jasotako tituluen ezinbestekotasuna, prestakuntza-eskaintza berrien ondorioz onartzen diren titulazio berriak barne hartzeko.

6.– Titulazio horiek eskatzeak ez du eraginik kirolaren esparruko lanbideetan lege bidez eskatzen diren titulazio ofizialetan.

26. artikulua.– Aseguruak.

1.– Lurralde historikoko foru aldundiak honako aseguru-mota hauek, gutxienez, bermatu beharko dizkie eskolako kirolari buruzko programetan parte hartzen duten haurrei, langile teknikoei eta epailei:

a) Osasun-laguntzako asegurua, baldin eta osasun sistema publikoak estaldurarik ematen ez badu eta kirolariak ez badu beste asegururik gorabeherei aurre egiteko.

b) Erantzukizun zibilerako asegurua.

c) Kalte-ordainen asegurua, gorputz-atalen bat galduz gero edo galera funtzionalak nozituz gero, edo, aseguruei buruzko legediak ahalbidetzen duen kasuetan, heriotza gertatuz gero.

2.– Aurreko idatz-zatiko a) letran aipatutako prestazioak gutxienez ekainaren 4ko 849/1993 Errege De-kretuan ezarritakoak izango dira (nahitaezko kirol-aseguruaren gutxieneko prestazioak ezartzen dituen Errege Dekretua) edota dekretu honetan ezarritakoak.

3.– Erantzukizun zibilerako aseguruak gorputz-kalteak eta kalte moralak estaliko ditu, 125.000 euroko mugarekin biktima bakoitzeko eta 375.000 euro ezbehar bakoitzeko, eta kalte materialak 100.000 euroko mugarekin ezbehar bakoitzeko.

4.– Erantzukizun zibilerako aseguruak eskatutako diru-kopuruaren 1.000ko 1erainoko gutxieneko salbuetsia eduki dezake, betiere 12.000 euro gainditu gabe.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskolako kirolari buruzko programa publiko guztiek jasoko dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa, bai haien diseinuan bai programon exekuzioan ere.

Eskolako kirolean eskumena duten herri-agintaritzek emakumeen kirola sustatuko dute eta kirol diziplinetan emakumeek ere benetan parte har dezaten bultzatuko dute, eskola-garaiko programa espezifikoak garatuz.

Herri-agintaritzek, halaber, ahalmen-urritasunik duten pertsonak eskolako kirolari buruzko programetan integratzen direla bermatuko dute.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau, salbu eta 9.4, 10.4 eta 10.6 artikuluak, horien 2009-2010 ikasturtean jarriko baitira indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira dekretu honen aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, espresuki Eskolako kirolari buruzko ekainaren 5eko 160/1990 Dekretua eta Eskola kirola arautzen duen Dekretua aldatzen duen uztailaren 28ko 337/1994 Dekretua.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko uztailaren 1ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala