Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2008ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2240

AGINDUA, 2008ko martxoaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez zehazten dira 2008-2009 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan Batxilergoa eta Heziketa Zikloak egiteko eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak; eta, halaber, ikasleak onartzeko jarraibideak onartzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren 9. artikuluak xedatzen du ikasleak onartzeko prozedura bera erabiliko dela hezkuntza-etapa bakoitzeko ikastetxe guztietan, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak emandako aginduen bitartez arautuko dela urtero.

Agindu horietan ezarriko dira eskabideak aurkezteko epeak eta, halaber, eskabide horiei buruzko erabakiak hartzeko epeak. Dekretuak ezarritakoari jarraituz, agindu horietan xedatuko da interesdunek, hala behar izanez gero, aurkeztu beharreko dokumentazioa, onartze-prozeduran kontuan hartzekoak egiaztatu ahal izateko.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan 2008-2009 ikasturtean Batxilergoan eta Heziketa Zikloetan arituko diren ikasleak onartzeko bete beharko diren egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira. Hori guztia dela-eta, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Agindu honek 2008-2009 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan Batxilergoan eta Heziketa Zikloetan arituko diren ikasleak onartzeko prozesua arautuko du.

2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko publiko eta ikastetxe itunduetan, honako hau da Batxilergoa egiteko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko egutegia:

a) Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko: maiatzaren 5etik 9ra, biak barne.

b) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 6a.

c) Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: ekainaren 11 arte, egun hori barne.

d) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 13a.

e) Behin betiko zerrendei erreklamazioak egiteko: ekainaren 20a arte, egun hori barne.

f) Matrikula egiteko aldi arrunta: ekainaren 30etik uztailaren 4ra, biak barne.

Prozesuan onartutako ikasleek eta prozesu horretan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen diren ikasleek) egutegian zehaztutako egunetan egin beharko dute matrikula. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

3. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan, honako hau da Erdi edo Goi Mailako Heziketa Zikloak egin nahi dituzten ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko egutegia:

a) Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko: ekainaren 2tik 13ra, biak barne.

b) Eskatzailearen espediente akademikoa edota sarrera-proba gainditu izanaren ziurtagiria -proba hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko deialdian egin ez bada- aurkezteko: ekainaren 24a arte, egun hori barne.

c) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 25a.

d) Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: ekainaren 26a arte, egun hori barne.

e) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 27a.

f) Behin betiko zerrendei erreklamazioak egiteko: uztailaren 4a arte, egun hori barne.

g) Matrikula egiteko aldi arrunta: ekainaren 30etik uztailaren 4ra, biak barne.

Prozesuan onartutako ikasleek eta prozesu horretan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen diren ikasleek) egutegian zehaztutako egunetan egin beharko dute matrikula. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

4. artikulua.– Ohiko matrikulazio-prozesua amaitu eta gero, Erdi edo Goi Mailako Heziketa Zikloetan plaza hutsik geratzen bada, aparteko epea irekiko da, agindu honen 3. artikuluaren a) atalean ezarritako epeen barruan eskaria aurkeztu eta uztailean sartzeko baldintzak betetzen dituzten ikasleak onartu eta matrikulatzeko.

Honako hau izango da aparteko aldi horretarako egutegia:

a) Ikasketa-ziurtagiria eskatutako zentroan aurkezteko: uztailaren 8a eta 9a.

b) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: uztailaren 11.

c) Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: uztailaren 15a arte, egun hori barne.

d) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: uztailaren 16a.

e) Behin betiko zerrendei erreklamazioak egiteko: uztailaren 22a arte, egun hori barne.

f) Matrikula egiteko aparteko aldia: uztailaren 17tik 22ra, biak barne.

5. artikulua.– Ikastetxeek ematen duten irakaskuntza-mota bakoitzaren aurrematrikularen eta matrikularen estatistika-datu guztiak gorde beharko dituzte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako diseinatu duen informatika-aplikazioan. Hona horretarako egutegia:

a) Batxilergoko matrikula eta Heziketa Zikloen aldi arrunteko estatistika-datuak aurrematrikula-matrikula aplikazioan gordetzeko: uztailaren 7a arte, egun hori barne.

b) Heziketa Zikloen matrikulak egiteko aparteko aldiko estatistika-datuak aurrematrikula-matrikula aplikazioan gordetzeko: uztailaren 24a arte, egun hori barne.

6. artikulua.– Halaber, Goi Mailako edo Erdi Mailako Heziketa Zikloak ematen dituzten ikastetxeek Heziketa Zikloetako ikasleen eskabide- eta matrikulazio-datuak gorde beharko dituzte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Lanbide Heziketarako berariaz diseinatu duen aplikazio informatikoan. Hona horretarako egutegia:

a) Ekainaren 2tik 13ra Heziketa Zikloetan sartzea eskatu eta sarrera-proba egin behar duten eskatzaileen datuak Lanbide Heziketarako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: ekainaren 13a arte, egun hori barne.

b) Benetan matrikulatu diren ikasle guztien (ikasle berrien, maila errepikatzen dutenen eta maila batetik bestera pasatzen diren ikasleen) matrikula-berresteak Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan gordetzeko: uztailaren 29a arte, egun hori barne.

7. artikulua.– Aurreko artikuluetan finkatutako epeetan matrikulazioa egin eta gero Agindu honetan aipatzen diren ikasketetan leku librerik balego, ikasleak irailaren 30a arte (egun hori barne) matrikulatu ahal izango dituzte ikastetxeek, ikasleek hala eskatu eta kasu bakoitzean eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte. Hala ere, epeak, betiere, hezkuntza-itunak baimentzeko araudian xedatutakoak izango dira.

Ohiz kanpoko matrikulazio horiek Heziketa Zikloetan egingo balira, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte ikasleen datuak eta matrikularen berrestea Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan.

Urriaren 1etik aurrera ikastetxeek ezin izango dute ikasle berririk matrikulatu, behar bezala justifikatutako kasu berezietan salbu, esaterako, dagokion Eskolatze-batzordeak ikaslea matrikulatzeko erabakia hartzen badu, bizilekua aldatzean matrikularen lekualdaketa egiten bada edota antzeko kasuren bat bada, betiere behar bezala egiaztatuta.

8. artikulua.– Heziketa Zikloetako ikasle guztien datuak grabatzeko eta matrikulak berresteko prozesua erabat amaituta egongo da 2008ko irailaren 30a.

9. artikulua.– Ikasleak onartzeko prozedura orokorrari buruzko jarraibideak eta Heziketa Zikloetako ikasleen datuak gordetzeko prozedurari buruzkoak onartzen dira. Agindu honen I., II. eta III. eranskinetan azaltzen dira jarraibideok.

10. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoak araututakoa betetzeko, onartzeko edo matrikulatzeko eskaera-inprimakia betez gero, interesatuak baimena emango du bertan adierazitako datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko fitxategi informatizatuetan jasotzeko. Hezkuntza Sailburuordetzara (Batxilergoko ikasleen kasuetan), eta Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzara (Heziketa Zikloetako ikasleen kasuetan), jo beharko da Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Heziketa Ziklo ez-itunduetakoren bat ematen duten ikastetxe pribatu guztiek (itunpekoak eta ez itunpekoak) sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Ziklo horietako edozein mailatan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2008ko irailaren 30ean bukatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe gelditzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko martxoaren 10eko Agindua, ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloak egiteko sarbidea arautzen duena. Halaber, indargabe gelditzen da Agindu hori aldatzen duen 1998ko maiatzaren 14ko Agindua. Agindu honek xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere indargabe gelditzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Lanbide Heziketako zentroen eta ikastetxeen zuzendariei baimena ematen zaie Agindu hau garatzeko behar diren arauak eman ditzaten, beren eskumenen esparruan.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 10a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

I. ERANSKINA
2008-2009 IKASTURTEAN BATXILERGOA ETA GOI MAILAKO HEZIKETA ZIKLOAK EGITEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXE PUBLIKO ETA ITUNDUETAN SARTU NAHI DUTEN IKASLEEN ONARTZE-PROZEDURARAKO JARRAIBIDEAK

Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.

2008-2009 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan Batxilergoa eta Goi Mailako Heziketa Zikloak egin nahi dituzten ikasleak martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak xedatutakoaren arabera onartuko dira; kontuan hartuko da, halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak emandako Agindua, eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak zehaztu eta 2008-2009 ikasturterako ikasleak onartzeko jarraibide hauek onartzen dituena.

Bigarrena.– Onartze-prozesuaren Berme Batzordeak.

1.– Batxilergoan eta Heziketa Zikloetan sartzeko onartze-prozesua bermatzeko, Lurraldeko Berme Batzorde bat osatuko da Lurralde Historiko bakoitzean, 2008ko apirilaren 30a baino lehenago. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, beste Berme Batzordeak osatu ahal izango dira, etapa eta/edo esparru geografiko zehatz bati dagozkionak. Kasu horietan, Lurraldeko Berme Batzordeek etapa eta/edo esparru geografikoei dagozkien Berme Batzordeen esku utziko du beren eginkizunen aplikazioa.

2.– Honako kide hauek osatuko dituzte Onarpena Bermatzeko Batzordeak:

a) Hezkuntza Administrazioko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.

b) Dagokion etapa edo etapetako ikastetxe publikoetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.

c) Dagokion etapa edo etapetako ikastetxe itunduetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.

d) Batzordearen eskumeneko lurralde-eremuko udalen ordezkari bat.

e) Bi guraso, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bat herri-ikastetxeren batekoa eta bestea ikastetxe itunduren batekoa, dagokion etapa edo etapetakoa. Dagokion lurraldean edo etapan ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta izateko eskubidea duten sektoretakoren batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako ikastetxe bateko Eskola Kontseiluko guraso bat izendatuko dute hango gurasoek.

f) Bi irakasle, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bat herri-ikastetxeren batekoa eta bestea ikastetxe itunduren batekoa, dagokion etapa edo etapetakoa. Dagokion lurraldean edo mailan ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako sindikatuak proposatuko dituzte haien izenak.

3.– Onartze-prozesuaren Berme Batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:

a) Ikasleen onartze-prozesua ikuskatu, dagokion esparru geografikoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatu, hezkuntzako ikuskaritzaren eskumenei kalterik egin gabe.

b) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku eman, ikastetxe bakoitzaren inguruko eragin-eremua eta haren mugakideak zehazteko.

c) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku eman ikasleak zein ikastetxetan eskolatu erabakitzeko, ikasle horiek eskatutako aurreneko ikastetxean plazarik lortzen ez badute. Horretarako, kontuan hartu beharko dituzte hutsik geratu diren plazak eta, ahal denean, eskatzaileek adierazitako bigarren eta hirugarren aukerak.

d) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku eman, ikasleren batek eskaera bat baino gehiago egin badu eta eskatzaileek aurkeztutako agirien faltsutasuna frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.

4.– 2008ko apirilaren 20a baino lehenago, hezkuntzako lurralde-ordezkari bakoitzak udal-elkarteei, guraso-elkarteei eta dagokion lurraldean eta mailan (edo mailetan) ordezkaritza handiena duten irakasle-sindikatuei eskatuko die onartze-prozesua bermatzeko osatuko diren Berme Batzordeetako ordezkariak izendatzeko. Erakunde horiek beren ordezkarien izenak jakinarazi beharko dituzte 2008ko apirilaren 30a baino lehenago. Hala egiten ez badute, Berme Batzordeak osatuta geldituko dira ordezkari horiek gabe, eta, hala ere, baliodunak izango dira.

5.– Halaber, 2008ko apirilaren 30a baino lehenago, hezkuntzako lurralde-ordezkariek izendatuko dituzte Berme Batzordeetan hezkuntza-administrazioko ordezkari izango direnak, eta zozketa publikoa egingo dute batzordeetako partaide izango diren ikastetxe publiko eta itunduetako zuzendariak aukeratzeko. Zozketak egiteko eguna eta lekua argitara emango da eta dagokien ikastetxe guztiei jakinaraziko zaie, zozketa bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

Hirugarrena.– Eragin-eremuak.

1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, Berme Batzordeetan eztabaidatu ostean eta zerikusia duten sektoreei entzunda, ikastetxe bakoitzaren eragin-eremuak zehaztuko dituzte, baita horien mugakideak ere. Hartara, edozein etxe, gutxienez, ikastetxe jakin baten eragin-eremuan egongo da.

2.– Eragin-eremuak eta horien mugak zehaztuko dira ikastetxean ematen den Batxilergo-modalitate bakoitzerako eta hizkuntza-eredu bakoitzerako. Eragin-eremuen mapak edota xehetasunak jendearentzat eskuragarri egongo dira dagozkien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.

3.– Hezkuntzako ordezkariek jarraibide honetan xedatutakoa ezartzeko, udalbatzei laguntza eskatzeko ahalmena dute, eta horiek eskatutako laguntza eman behar dute.

4.– Hezkuntza sailburuordeak Lurralde Historikoen lurralde-eremuak gainditzen dituzten eragin-eremuak jar ditzake, ikastetxe batean dauden ikasketen berezitasunagatik edota ezohizko egoerengatik.

Laugarrena.– Ikasleentzako plazak zehaztea.

1.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikastetxe publikoei jakinaraziko die zenbat talde izango dituzten eta zenbat ikasle onar ditzaketen, gehienez, maila bakoitzeko, hizkuntza-eredu bakoitzeko eta Batxilergo-modalitate bakoitzeko; halaber, Erdi eta Goi Mailako Heziketa Ziklo bakoitzean, maila eta hizkuntza-eredu bakoitzeko onar dezaketen ikasle-kopurua jakinaraziko da.

2.– Ikastetxe pribatu itunduen kasuan, irakaskuntzak eta ikasleentzako plazak baimentzen dituzten aginduek eta hezkuntza-itunek xedatuko dituzte taldeen kopurua eta maila bakoitzean, hizkuntza-eredu bakoitzean eta hezkuntza-etapa bakoitzean matrikula daitekeen ikasle-kopurua.

Bosgarrena.– Plazak gordetzea.

1.– Hezkuntza-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan modu orekatuan banatu eta ikasle horiek hezkuntza-sisteman txertatzeko baldintza egokiak sortzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariek xedatu ahal izango dituzte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan ikasle horiek eskolatzeko gorde beharreko plazak (maila bakoitzeko, hizkuntza-eredu bakoitzeko eta modalitate bakoitzeko). Ikastetxeek izen-emateen eta matrikulazioen epea amaitu arte gorde beharko dituzte plaza horiek.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek erabaki horiek jakinaraziko dizkie dagozkien ikastetxeei, 2008ko maiatzaren 5a baino lehenago.

Seigarrena.– 2007-2008 ikasturtean ikastetxe berean matrikulatutako ikasleak edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuak.

1.– Hezkuntza-etapa bereko ikasketak egin behar direnean eta hurrengo maila ikastetxe berean egin nahi denean, ez da onartzeko eskaerarik behar.

2.– 2007-2008 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutako ikasleek ikastetxe berean egin ahal izango dituzte Batxilergo ikasketak, onartzeko eskaera aurkeztu gabe, Arte Batxilergokoak salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek.

3.– Batxilergoko ikastetxe baten onartze-prozesuetan, lehentasuna izango dute 2007-2008 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastetxe horri atxikitako batean egin duten ikasleek. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira, Arte Batxilergorako salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek. Lehentasun hori izateko, beharrezkoa da, betiere, ikasleak ikastetxe horretan plaza eskatzea bere lehen aukera gisa.

Zazpigarrena.– Onartze-prozesuari buruzko informazioa.

Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek ondoko informazioa emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo tutoreei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio hau ikusi ahal izango da:

a) Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.

b) Ikastetxearen eragin-eremua eta eremu horren mugak.

c) Eskabideak egiteko epea.

d) Prozesuaren egutegia, onartutako eta onartu gabeko ikasleen zerrendak argitaratzeko data baita erreklamazioak egiteko epeak ere.

e) Eskabideen baremazioan berdinketarik badago, plazak norentzat izango diren erabakitzeko egingo diren zozketak non, zein egunetan eta zein ordutan izango diren.

f) Ikastetxeen eskola-kontseiluak eta ordezkaritza-organo gorenak puntuazioak emateko finkatutako irizpideak.

Zortzigarrena.– Onarpen-eskabideak nola eta non aurkeztu.

1.– Eskabide bakoitza dagokion epean aurkeztu behar da, Agindu honetan xedatutako epeen barruan, hain zuzen ere. Batxilergorako onarpen-eskabideak egiteko, Batxilergoko ikastetxeetan doan ematen diren inprimakiak bete behar dira. Heziketa Zikloetan sartzeko onarpen-eskabideak aukeratutako ikastetxean egin behar dira, eta ikastetxeko langileek Heziketa Zikloetarako berariazko informatika-aplikazioan sartuko dituzte datuak.

2.– Eskabideak aurkezteko epe bakoitzean, pertsona bakoitzak ikastetxe bakar batean egin dezake eskaera. Eskabideak aurkezteko epe berean eskabidea ikastetxe bat baino gehiagotan aurkezteak eskatzailearen eskubideak galtzea dakar. Dena dela, eskubide horiek galtzeko, dagokion audientzia-tramitea egin beharko zaio eskatzaileari.

3.– Eskabidea lehenengo aukeratzat hartutako ikastetxean aurkeztu behar da. Eskabide horretan, hizkuntza-eredu batean baino gehiagotan onartzeko eska daiteke, ereduak lehentasunen araberako ordenan adierazita. Eskatutako hizkuntza-ereduetatik ikastetxeak bakar bat ere ematen ez badu, eskabidea Lurralde Ordezkaritzara bidaliko da, eta han bideratuko dute. Halaber, Ordezkaritzara bidaliko dira ikastetxeak ematen ez dituen ikasketak egiteko eskabideak.

4.– Lehenengo aukeratzat hartutako ikastetxean, ikasketetan edota txandan (egunez edo gauez) plazarik ez egotea gerta daitekeenez, ikasleak beste aukerak izan ditzan, bi aukera gehiago adieraz ditzake eskabidean, bai ikastetxe berak ematen dituen beste ikasketak edota txandak hautatzeko, bai beste ikastetxe bat/batzuk aukeratzeko.

5.– Epea ireki baino lehenago aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko. Epe barruan aurkeztutako eskabide guztiak onartu eta, hala badagokie, barematuko dira.

6.– Eskabidea jasotzen duen ikastetxeak eskatzaile bakoitzari eskaera egin duela egiaztatzen duen kopia edo ordezkagiria emango dio, eguna eta zigilua jarrita.

7.– Eskaera-orriarekin batera, edo eskaerak aurkezteko ezarrita dagoen epearen barruan, barematzekoak diren egoerak egiaztatzeko beharrezkoak diren agiriak ere aurkeztu beharko dira. Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren ez da beste agiririk onartuko.

Halaber, hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleek ikastetxeari jakinarazi beharko diote egoera hori, dagokion ondorioa sor dadin. Horrela egiten ez bada, ez zaie emango beharrezkoa izan dezaketen laguntza.

Atal edo azpiatal batean puntuatzeko balio duten agirietako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da atal edo azpiatal hori. Horrek ez du eskaera baliogabetzen, ez eta gainerako ataletako edo azpiataletako puntuazioak ere.

Eskatzaileen baremaziorako ziurtagirien kopiak aurkezten badira, jatorrizko agiriekin egiaztatu behar dira.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean, ikastetxeek Batxilergoko eskatzaileen zerrendak (mailen, modalitateen eta hizkuntza-ereduen arabera) jarriko dituzte ikastetxeko iragarki-taulan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzara bidaliko dituzte, bi eguneko epean, erakunde horrek zehaztutako formatuan. Eskatzaile batek hizkuntza-eredu bat baino gehiagotan onartzea eskatu badu, hizkuntza-eredu bakoitzari dagokion zerrendan agertuko da.

Bederatzigarrena.– Baremazioa.

1.– Eskabide-kopurua plaza-kopuruaren berdina edo txikiagoa bada, ez da eskabiderik barematu beharko eta den-denak onartuko dira.

2.– Ikasketa-etapa, maila, hizkuntza-eredu, modalitate edota Heziketa Ziklo batean sartzeko eskabide-kopurua eskainitako plaza-kopurua baino handiagoa bada, ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenak edo ikastetxe itunduen titularrak, eskola-kontseiluaren ikuskapenarekin, eskatzaileen baremazioa egin beharko du, Agindu honen II. eranskinean agertzen den baremoaren arabera, eta jarraibide hauetan zehaztutako aplikazio-arauek adierazi bezala. Eskabide bakoitzaren atal eta azpiatal guztiak barematu behar dira. Baremazioa egin ostean, eskabideak honako irizpide hauen arabera ordenatuko dira:

a) Edozein Batxilergo-modalitatetan sartzeko, Arte Batxilergoan salbu, multzo batean ordenatuko dira atxikitako ikastetxeetatik datozen ikasleen eskabideak, eta beste multzo batean gainerako eskabide guztiak. Lehenengo multzoko eskabideek, betiere, lehentasuna izango dute, bigarren multzoko eskabideen aurretik. Bi multzo horietako bakoitzaren barruan, lortutako puntu-kopuruen eta berdinketak desegiteko irizpideen arabera ordenatuko dira eskabideak.

b) Arte Batxilergoan eta Erdi edo Goi Mailako edozein Heziketa Ziklotan sartzeko eskabide guztiak multzo bakarrean ordenatuko dira, lortutako puntu-kopuruaren eta berdinketak desegiteko irizpideen arabera.

c) Edozein Batxilergo-modalitatetan sartzeko, hizkuntza-eredu bat baino gehiagotan sartzea eskatzen duen ikaslerik badago, eskabide guztiak zerrenda bakarrean ordenatuko dira, lortutako puntuen arabera, eta plazak esleituko dira, zerrenda horren ordenari jarraituz eta eskatzaileek adierazitako lehentasunak kontuan hartuz.

3.– Batxilergoan sartzeko, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak xedatutako baremoa eta berdinketak desegiteko irizpideak aplikatuko dira. Irizpide horiek aplikatu ondoren geratzen diren berdinketak eskola-kontseiluaren edota ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenaren aurrean egindako zozketa publikoen bidez ebatziko dira.

4.– Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan sartzeko, espediente akademikoa edota sarrera-proban lortutako azken nota soilik hartuko da kontuan, eskatzaileak ikastetxe berekoak ala beste ikastetxe batetik etorritakoak diren aintzat hartu gabe.

Erdi Mailako Heziketa Ziklo batean sartu nahi duten ikasleen batez besteko nota kalkulatzeko, eskatzaileak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau mailetan -edota ikasketa horien baliokide akademikotzat jotako ikasketetan- lortutako nota guztien batez besteko aritmetikoa egin behar da, bi dezimalekin.

Goi Mailako Heziketa Ziklo batean sartu nahi duten ikasleen batez besteko nota kalkulatzeko, eskatzaileak Batxilergoko bi mailetan -edota ikasketa horien baliokide akademikotzat jotako ikasketetan- ateratako nota guztien batez besteko aritmetikoa egin behar da, bi dezimalekin.

Maila bakoitzeko batez besteko notak kalkulatzeko, eskatzaileak maila horretako irakasgai guztietan ateratako noten batez besteko aritmetikoa egin behar da, bi dezimalekin. Ikasgaiaren kalifikazioa kuantitatiboa bada, zenbaki hori hartuko da kontuan, dituen dezimalekin. Ikasgaiaren kalifikazioa kualitatiboa bada, kuantitatibo bihurtuko da honako baremo honen arabera:

Nahikoa: 5,50.

Ongi: 6,50.

Oso ongi: 7,50.

Bikain edota Bikain ohorezko matrikularekin: 9,00.

Sarrera-proban "gai": 6,00.

Sarrera-proba egitetik salbuetsita: 6,00.

Espediente akademikoaren batez bestekoan edo sarrera-probaren azken notan izandako berdinketak eskola-kontseiluaren edota ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenaren aurrean egindako zozketa publikoen bidez ebatziko dira.

Hamargarrena.– Familia-unitatearen errenta eta seme-alaben kopuruaren eragina barematzeko arauak.

1.– Familia-unitatearen urteko errentagatik lortzen diren puntuen kalkulua egiteko, 2006ko Ekitaldi Fiskalean familia osatzen duten kide guztiek lortutako diru-sarrerak zenbatuko dira. Diru-sarrera horiek 37.863 euro edo gutxiago badira (bost bider urte horretako lanbide arteko gutxieneko soldata) eskatzaileari 1,5 puntu emango zaizkio atal horretan.

Eskatzaileek, eskatutako ikastetxea dagoen Lurralde Historiko berean bizi badira, eta haien familia-unitateak 37.863 euro edo gutxiagoko diru-sarrerak badituzte, zin egindako aitorpena aurkeztu beharko dute, familia-unitateko kide guztiak kontuan izanik errenta diru-kopuru horretakoa edo gutxiagokoa dela esanez, eta Administrazioari baimena emango diote adierazitako datuak Foru Aldundiak egiaztatzeko. Baimen hori sinatzen ez badu, eskatzaileak uko egiten dio baremoaren atal honetako puntuak lortzeari. Pertsona horiek errenta-aitorpenaren agiririk ez dute aurkeztu beharko.

Eskatutako ikastetxea eta familiaren bizilekua Lurralde Historiko berean ez badaude, eta eskatzaileak atal honetako puntuak eskuratu nahi baditu, 2006ko errenta-aitorpenaren kopia aurkeztu beharko du (familia-unitateko kide guztiena eta dagokion Ogasunaren aurrean aurkeztua) eta jatorrizkoa erakutsi beharko du, konpultsa egin ahal izateko. Errenta-aitorpenik egin behar ez bazuten, hori ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko du eskatzaileak.

2.– Baremoak aplikatzean, familia-unitatearen urteko errenta kalkulatzeko 2006ko zerga-oinarri orokorra hartuko da kontuan, eta kide guztien diru-sarrerak zenbatuko dira.

3.– Jarraibide honen aurreko ataletan, familia-unitatetzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan kontuan hartzen den bera. Ezkontzaren baliogabetasuna, banantzea, dibortzioa edo izatezko bikoteen desegitea gertatu bada, ikaslearen zaintza (epailearen erabaki irmoz edota hitzarmen arautzailez) bere gain duen pertsonaren errentak soilik hartuko dira kontuan. Berdin jokatuko da epai-tutoretzarik, familia-harrerarik edo antzeko babes-neurririk izanez gero, ikasle adingabearen zaintza gurasoak ez diren pertsona fisikoen gain dagoenean. Tutoretza Administrazio publiko baten gain badago, gehieneko puntuazioa emango da atal honetan.

4.– Familia-unitatearen errentagatik lortutako puntuazioa edonolakoa dela ere, 0,25 puntu emango zaizkio eskatzailearen anaia-arreba adingabe bakoitzarengatik. Anaia-arreben kopurua egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztu behar da, eta anaia-arreba adingabeak soilik hartuko dira kontuan.

Hamaikagarrena.– Bizilekuaren gertutasuna edota ikasle, guraso edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna barematzeko arauak.

1.– Atal honi dagokion puntuazioa lau azpiataletako bati soilik emango zaio. Eskatzaileek azpiatal horietako bat aukeratu beharko dute puntuak lortzeko.

2.– Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adingabea bada, eta legez emantzipatua ez badago, ulertuko da ikaslea eta aita, ama edota legezko tutorea bizi diren etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, ikaslearen eta guraso edota tutoreen errolda-agiriak eta Nortasun Agiria aurkeztuko dira familiaren bizilekua egiaztatzeko (atzerritarren kasuan, NIE).

Ikaslearen guraso izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen tutore izatea egiaztatzeko epaiaren kopia edota dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da.

3.– Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adinez nagusia bada edota legez emantzipatua badago, ulertuko da ikaslea bizi den etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, familiaren bizilekua egiaztatzeko, dagokion Udalak emandako ikaslearen errolda-agiria aurkeztuko da, haren NA-aren kopiarekin batera (atzerritarra bada, NIE), eta, emantzipatua bada, horren ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar du.

4.– Ikaslearen, gurasoen edota legezko tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan badago, eskabidea aurkeztean eskatzaileak egoera hori kontuan hartzea aukeratu dezake, bizilekuaren gertutasuna kontuan hartu ordez.

Kasu horretan, lantokia egiaztatzeko, besteren kontura ari diren langileak badira, enpresaren titularrak edo langileen arduradunak sinatutako ziurtagiria aurkeztu behar da. Agiri horrek adierazi behar du ikasleak edo haren amak, haren aitak edo haren tutoreak enpresa horretan lan egiten duela.

Jarduera norberaren kontura bada, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu behar da lantokia egiaztatzeko. Indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea legezko betekizuna ez bada, dagokion Udalak emandako irekitze-baimenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

5.– Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da.

Zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

6.– Ikaslearen, gurasoaren edo tutorearen lantokia eragin-eremuaren eremu mugakide batean egotea ez da inolaz ere balioetsiko.

7.– Eskatzailearen, haren aitaren, amaren edota legezko tutorearen lantokiaren gertutasunagatik lortutako puntuak bateraezinak dira bizilekuaren gertutasunagatik lortzen diren puntuekin; eta, halaber, bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edota legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik lortzen diren puntuekin.

8.– Eragin-eremuan egoteagatik jadanik aipatutako egoerei dagokien punturik lortu ez baina ikastetxea dagoen udalerrian bizi direnek puntu bat lortuko dute atal honetan.

Hamabigarrena.– Eskatutako ikastetxean lan egiten duten edo ikasten duten familiartekoak izatea barematzeko arauak.

1.– Atal honetako puntuazioa haren baitan jasotzen diren bi egoeretako batengatik emango da; hau da, bederatzi puntu eskatzaileak neba edo arreba bat edo gehiago dituelako matrikulatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean. Zazpi puntu haren aita, ama edo lege-tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiten duelako. Bi egoerak batera ematen badira ere, bakarrarengatik emango da puntuazioa; beraz, ezingo dira atal horretan 9 puntu baino gehiago eskuratu.

2.– Atal honi dagokion puntuazioa emateko, beharrezkoa da aipatutako egoera horietako bat ikaslearen onarpen-eskabidea aurkezten den ikasturtean gertatzea, hau da, 2007-2008 ikasturtean.

3.– Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

4.– Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak ere anaia-arrebatzat hartuko dira.

5.– Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

6.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

Hamahirugarrena.– Ikaslearen edota haren aitaren, amaren, legezko tutorearen edo anaia-arreba baten minusbaliotasuna barematzeko arauak.

1.– Minusbaliotasuna ikasleak berak badu, bi puntu emango zaizkio, eta aurretik aipatutako familiarteko batek badu, puntu bat.

2.– Atal honi dagozkion puntuak emateko, aipatutako pertsona horietako batek % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna izan behar du. Minusbaliotasuna bi pertsonak edo gehiagok badute ere, puntuak horietako bategatik bakarrik emango dira; beraz, gehienez, 2 puntu lortuko dira atal honetan, minusbaliotasuna ikasleak berak badu, eta puntu bat, minusbaliotasuna aipatutako familiarteko batek badu.

3.– Minusbaliotasuna egiaztatzeko, dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuek edo estatuko antzeko beste organo batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar da. Minusbaliotasunaren aitorpen legala adierazi behar du ziurtagiri horrek eta minusbaliotasun gradua % 33koa edo gehiagokoa dela jakinarazi.

4.– Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

5.– Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, anaia-arrebatzat hartuko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak.

6.– Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

7.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

Hamalaugarrena.– Familia ugaria izatea barematzeko arauak.

Familia ugaria dela egiaztatzeko, estatuko edozein autonomia-erkidegok emandako agiri ofiziala aurkeztu behar da.

Hamabosgarrena.– Ordezkaritza Organo Gorenak edota eskola-kontseiluak nahierara erabakitako egoerak barematzeko arauak.

1.– Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenak eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluek ezar dezakete, hala nahi izanez gero, irizpide bat -edo gehiago- eskatzaileei puntu osagarriak emateko. Puntuazio osagarri horretan, gehienez ere, bi puntu emango dira.

2.– Puntuazio osagarri hori emateko irizpideek objektiboak izan behar dute; aginpidedun organoak onartu behar ditu, eta eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen jakinaraziko dira.

3.– Puntuak arrazoi bakar bategatik edota hainbat arrazoirengatik eman daitezke. Hainbat arrazoirengatik ematen badira, puntuak banatzeko bi aukera daude: guztira eman daitezkeen puntuak arrazoi horien artean banatu edo, arrazoi horietako bat betetzen denean, puntu guztiak eman.

4.– Puntu osagarriak emateko irizpideak desberdinak izan daitezke maila edo hezkuntza-etapa bakoitzean.

5.– Atal honetako puntuak emateko irizpideen artean, baremoaren beste ataletan aintzat hartutako arrazoi eta egoerak ere egon daitezke. Hartara, arrazoi eta egoera horiengatik ematen den puntuazioa gehituko da. Baina kontuan hartu behar da atal honetan gehienez ere bi puntu osagarri eman daitezkeela.

6.– Atal honetarako hartutako irizpideen artean ezin dira inolaz ere onartu jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak diren irizpideak.

7.– Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenei eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluei dagokie zehaztea zein agiri aurkeztu behar diren atal honetan aintzat hartuko diren irizpideak betetzen direla ziurtatzeko.

Hamaseigarrena.– Datuak egiaztatzea.

Ikastetxeek ikasleen baremazioa egin behar badute, aurkeztutako datuak egiaztatuko dira. Horretarako, honako hau izango da kontuan:

a) Errenta.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Lurralde Ordezkaritzara igorriko da beren diru-sarrerak egiaztatzea baimendu duten eskatzaileen zerrenda, horretarako ikastetxeetara bidaliko den eredua erabiliz.

b) Bizilekua.– Udal-erroldaren ziurtagirian agertzen den aita, ama, legezko tutore edota adinez nagusi edo emantzipatua den ikaslearen bizilekua NA-an (NIEn, atzerritarren kasuan) agertzen denarekin bat ez badator, ikastetxeak dagokion udaletxeari jakinaraziko dio, eskabide-epea bukatu ostean dagokion egiaztapena egiteko.

Errentaren eta bizilekuaren egiaztapenen emaitzak jaso arte, eskatzaileen datuak ontzat hartuko dira. Emaitzak jaso ondoren, dagozkien aldaketak egingo dira onartutakoen zerrendak osatzeko.

Egiaztapenen emaitzak jaso ondoren, Udalak eta Ogasunak emandako ziurtagiriak ontzat hartuko dira bizilekuarengatik eta errentarengatik, hurrenez hurren, eman daiteken puntuazioa erabakitzeko.

Egiaztapenen emaitzak, onartutakoen behin-behineko zerrendak argitaratu ondoren jasoko balira, ikastetxeak kontuan hartuko lituzke zerrenden aurkako helegiteen ebazpenerako. Egiaztapenen emaitzak, onartutakoen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren jasoko balira, ikastetxeak horren berri emango lioke Ordezkaritzari.

Hamazazpigarrena.– Onartu diren eta ez diren ikasleen zerrendak.

1.– Onarturiko eta ez onarturiko ikasleen behin-behineko eta behin betiko zerrendek zehaztu behar dute eskatzaile bakoitzak baremoaren atal eta azpiatal bakoitzean lortutako puntuazioa. Zerrendak dagozkien ikastetxeetan jarrita egongo dira, Agindu honen 2., 3. eta 4. artikuluetan xedatutako egunetan.

2.– Zerrenda horietan ezin da agertu eskabideak aurkezteko epea itxi ondoren Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzara bidalitako eskatzaileen zerrendan ageri ez den ikaslerik.

3.– Behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, bi eguneko epean, ikastetxeek Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzara bidaliko dituzte onartutako eta ez onartutako ikasleen izenen zerrenda, etaparen, mailaren, hizkuntza-ereduaren eta Batxilergo-modalitate edota Hezkuntza Zikloen arabera eginda. Plaza hutsik geratu bada, plaza horien zerrenda ere bidali behar dute. Gutunean, administraziorako eskabide-orrien kopiak ere bidaliko dira.

4.– Beste ikastetxeetatik datozen ikasleek jatorrizko ikastetxean zuten plaza galduko dute automatikoki, eta hutsik geratu den plaza hori lehenengo fase horretan onartu gabe gelditu diren ikasleak kokatzeko erabiliko da.

5.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, onartze-prozesuaren Berme Batzordearen aholkua jasota, ikastetxea esleituko die onartu gabe gelditu diren ikasleei, eskatzaileek adierazitako bigarren eta hirugarren aukerak aintzat hartuz, ahal bada. Nahitaezkoak ez diren hezkuntza-etapak direnez, ikasleak ahal den neurrian eskolatuko dira, dauden plazen arabera.

6.– Gero edozein aldaketa egiteko, Lurralde Ordezkaritzak eman beharko du baimena.

Hemezortzigarrena.– Erreklamazioak.

Onartutako eta onartu gabeko ikasleen behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak egin daitezke, ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenean edota eskola-kontseiluan aurkeztuta, Agindu honetan xedatutako epeetan.

Onartutako eta ez onartutako ikasleen behin betiko zerrenden aurka hezkuntzako lurralde-ordezkariari erreklamazioak aurkezteko aukera dago, Agindu honetan xedatutako epeetan.

Administrazioak aurkeztutako erreklamazioak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eska ditzake.

Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren ebazpena ikaslea egoki eskolatu ahal izateko epean jakinaraziko da, eta ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen du.

Hemeretzigarrena.– Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleak.

Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleen onartze-prozesua maila bakoitzeko ikastetxeetarako xedatutako prozedura eta egutegi komunaren arabera egingo da, eta Lurralde Ordezkaritzek arduratu behar dute prozesu hori gauzatu eta betetzeaz.

Hogeigarrena.– Ezartzea.

Jarraibide hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren egunaren biharamunetik aurrera aplikatu beharrekoak dira.

II. ERANSKINA
BATXILERGOAN ONARTZEKO BAREMOA

A) Familia Unitatearen Urteko Errenta (Azpiataletako puntuak metagarriak dira, atalari dagokion gehieneko puntuazioa lortu arte):

– 2006ko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria 37.863 euro baino gutxiago bada (5 aldiz lanbide arteko gutxienezko soldata): 1,5 puntu.

– 2006ko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria aipatutako kopurua baino gehiago bada: 0 puntu.

– Halaber, aurreko kasu guztietan, eskatzaileaz gain duen adin txikiko seme/alaba bakoitzagatik: 0,25 puntu.

– Atal honetako gehieneko puntuazioa: 3 puntu.

B) Bizilekuaren Gertutasuna (Azpiataletako puntuak ez dira metagarriak):

– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 5 puntu.

– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean egoteagatik: 2 puntu.

– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen udalerri berean egoteagatik (baina ez eragin-eremuan, ez eta mugakideetan ere): puntu 1.

– Aitaren, amaren, legezko tutorearen edota ikaslearen beraren lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 2 puntu (puntuazio hau bateraezina da ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik eskuratu daitezken puntuekin).

– Atal honetako gehieneko puntuazioa: 5 puntu.

C) Ikastetxean lan egin edo ikasten duten familiartekoak izatea (Azpiataletako puntuak ez dira metagarriak):

– Anaia-arreba bat edo gehiago eskatutako ikastetxean edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuta egoteagatik: 9 puntu.

– Aitak, amak edota legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik: 7 puntu.

– Atal honetako gehieneko puntuazioa: 9 puntu.

D) Beste Irizpideak (Azpiataletako puntuak metagarriak dira):

– Maila orokorreko familia ugarikoa izateagatik: puntu 1.

– Maila bereziko familia ugarikoa izateagatik: 1,5 puntu.

– Minusbaliotasunagatik (Azpiatal honetako gehieneko puntuazioa: 2 puntu).

Ikasle eskatzailearena: 2 puntu.

Aitarena, amarena, legezko tutorearena edota anaia-arreba batena: puntu 1.

– Familia-unitateko kide bat eskatutako ikastetxeko kide kooperatibista izateagatik: puntu 1.

– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edota eskola-kontseiluak nahierara erabakitako irizpideak; aurretik azaldutako irizpideetako bat/batzuk izan daitezke, eta betiere irizpide publikoak, objektiboak eta jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak ez direnak: 2 puntu (gehienez) (irizpideak ezagutzera emango dira eta dagokion hezkuntzako lurralde-ordezkariari jakinaraziko zaizkio eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen).

III. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXE PUBLIKO ETA ITUNDUETAN 2008-2009 IKASTURTEAN GOI EDO ERDI MAILAKO HEZKUNTZA ZIKLOETAN IKASLEAK MATRIKULATU ETA ONARTZEKO INFORMATIKA PROZEDURARI BURUZKO JARRAIBIDE OSAGARRIAK

Lehenengoa.– Agindu honen 5. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, informatika-prozedura berezi baten bidez onartuko dira ikasleak 2008-2009 ikasturtean Erdi eta Goi Mailako Hezkuntza Zikloetan. Prozedura hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak diseinatu du, baina ohiko prozedurari jarraituko zaio eskabideak barematzeko eta plazak esleitzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek informatika-aplikazio hori erabili beharko dute 2008-2009 ikasturtean Erdi edo Goi Mailako Hezkuntza Ziklorik eman behar badute. Horretarako, bai jarraibide hauek adierazitakoa, bai indarrean dagoen legedia bete beharko dute ikastetxeek.

Bigarrena.– Ikasleek zuzeneko sarbidearen bidez edo sarrera-proba gaindituz onartzeko eskatu ahal izango dute. Inork ezin izango du bide bietatik onartzea eskatu. Hori eginez gero, baztertuta geratuko da eta izan litzakeen eskubide guztiak galduko ditu.

Pertsona bakoitzak eskabide bakarra egin ahal izango du, lehen aukeratzat hautatzen den ikastetxean (nahitaez). Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, baztertuta geratuko da eta izan litzakeen eskubide guztiak galduko ditu.

Hautatutako ikastetxean egingo da eskabidea. Horretarako, interesdunak Nortasun Agiria edo identifikazio-agiria aurkeztuko du, eta ikastetxeko langileek informatika-aplikazioan sartuko dituzte datuak.

Horrez gain, hautatutako ikastetxean bertan aurkeztu beharko dira agiriak, jarraibide hauen hurrengo ataletan adierazten den moduan.

IKASTETXE, HEZKUNTZA ZIKLO, TXANDA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZAREN PLAZA ESKAINTZA ZEHAZTEA

Hirugarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak baimendutako Hezkuntza Zikloak eskainiko dituzte ikastetxe publikoek 2008-2009 ikasturterako.

Ikastetxe pribatuek, berriz, berek erabakiko dute zein Hezkuntza Ziklo eskaini, baldin eta Hezkuntza Ziklo horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onartuta eta planifikatuta badaude. Ikastetxe pribatu batek Hezkuntza Ziklo bat eskaintzeak ez du bermatzen Hezkuntza Ziklo hori ituntzea.

Laugarrena.– 2008-2009 ikasturterako eskainitako Hezkuntza Ziklo guztiak informatika-aplikazioan sartuko dituzte ikastetxe itundu guztiek, eta dagokien hizkuntza-eredua eta txanda adieraziko dute. Hezkuntza-administrazioak sartuko ditu ikastetxe publikoen eskaintzaren datuak. Kasu bietan, maiatzaren 23a izango da datuak sartzeko azken eguna.

Bosgarrena.– Maiatzaren 23ko 14:00ak baino lehen, fase honetan sartutako datuak ontzat eman beharko dituzte ikastetxe pribatu itunduek informatika-aplikazioan. Une horretatik aurrera, ikastetxeak ezin izango du sartutako daturik aldatu.

Jarraian, informatika-aplikazioak emango dion akta inprimatuko du ikastetxeak. Han, ikastetxeak 2008-09 ikasturterako eskainitako Hezkuntza Ziklo guztiak jasoko dira, bakoitzari dagozkion hizkuntza-eredu eta txandekin. Ikastetxeak akta sinatu eta zigilatu, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako atalera bidaliko du.

Seigarrena.– Ikastetxe publiko edota itundu batek informatika-aplikazioko datuetan ikastetxeak eskaintzen dituen zikloei buruzko informazioan akatsik antzemanez gero, berehala jakinarazi beharko dio Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako arduradunari (maiatzaren 29 arte, egun hori barne), eta hark aurkeztutako erreklamazioa egiaztatuko du; akatsa zuzendu, eta dagokion ikastetxeari jakinaraziko dio.

Zazpigarrena.– Maiatzaren 30erako, beren Lurralde Historikoko ikastetxe guztiek sartutako datu guztiak berrikusiko dituzte Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Lanbide Heziketako arduradunek; haiek zuzenduko dituzte ikastetxe bakoitzari baimendu zaionarekin bat ez datozen datuak, eta zuzenketa horien berri emango diote dagokion ikastetxeari.

Maiatzaren 30eko 14:00ak baino lehen, fase horretan sartutako datuak informatikoki ontzat emango dituzte Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Lanbide Heziketako arduradunek. Hortik aurrera ezin izango da inola ere aldatu eskaintzaren daturik.

AURRETIK SARRERA PROBA EGIN BEHAR DUTEN IKASLEEN IZEN-EMATEA

Zortzigarrena.– Erdi edo Goi Mailako Hezkuntza Ziklo bat egin nahi eta horretarako sarrera-proba egin behar duten ikasleek eskabidea aurkeztu beharko dute apirilaren 16tik 25era bitartean, egun bi horiek barne.

Bederatzigarrena.– Eskabidea Hezkuntza Zikloak ematen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko edozein ikastetxe publiko edo pribatu itundutan aurkeztu behar da.

Hamargarrena.– Eskabidea egiten denean, ikastetxeak datu hauek sartuko ditu informatika-aplikazioan:

a) Eskatzailearen datuak.

b) Sarrera-proba egiteko behar diren datu guztiak.

Datuok sartutakoan, ikastetxeak inprimaki bat erakutsiko dio eskatzaileari. Inprimaki horretan agertuko dira bai datu pertsonalak, bai sarrera-proba egiteko (eta, dagokion prezio publikoa ordaindu behar bada, ordainketa hori egin ahal izateko) beharrezkoak diren datuak.

Sartutako datuak aztertuko ditu eskatzaileak eta, onartzen baditu, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak zigilua jarriko dio sinatutako inprimakiari, eta aurretik sartutako datuak gordeko ditu. Inprimaki horiek, sinatuta eta zigilatuta, egindako eskaeraren frogagiri izango dira.

Eskatzaileak maiatzaren 3a arte, egun hori barne, dagokion prezio publikoa ordaindu behar izango du. Ordaintzen ez badu, automatikoki atzera botako da beraren eskaera.

Hamaikagarrena.– Eskatzaileek apirilaren 25a arte, egun hori barne, eskatu ahal izango dute gordetako datuak aldatzea edo zuzentzea. Egun horretatik aurrera ez da aldaketa edo zuzenketarik onartuko.

Zuzenketak egiteko behar-beharrezkoa izango da aurretiaz emandako jatorrizko frogagiri sinatu eta zigilatua aurkeztea. Dagozkion zuzenketak egin eta gero, beste inprimaki bat emango diote eskatzaileari. Datu berriak onartzen baditu, inprimaki hori emango diote eskatzaileari, sinatuta eta zigilatuta; aurreko inprimakia apurtuko dute eta datu berriak gorde.

Hamabigarrena.– Maiatzaren 6ko 14:00ak baino lehen, fase horretan sartutako datuak informatikoki ontzat emango ditu ikastetxeak. Hortik aurrera, ikastetxeak ezin izango ditu aldatu, eta gordetako datuak Lanbide Heziketako Zuzendaritzak erabiliko ditu, sarrera-probak prestatu eta egiteko.

Jarraian, informatika-aplikazioak emango dion akta inprimatuko du ikastetxeak. Han ikastetxean jasotako eskabideen zerrenda agertuko da. Ikastetxeak akta sinatu eta zigilatu, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako atalera bidaliko du.

Hamahirugarrena.– Halaber, izena eman duten ikasleen sarrera-probari dagokion dokumentazioa helaraziko dio ikastetxeak Lanbide Heziketako lurralde-unitateari. Dokumentazio hori bidaltzeko epea maiatzaren 7an bukatuko da.

EDOZEIN HEZIKETA ZIKLOTAN ONARTZEKO ESKABIDEA

Hamalaugarrena.– Erdi edo Goi Mailako Hezkuntza Ziklo bat egin nahi duten ikasleek eskabidea eta beharrezkoak diren ziurtagiriak aurkeztu behar dituzte ekainaren 2tik 13ra bitartean, egun bi horiek barne.

Hamabosgarrena.– Eskabidea lehenengo aukeratzat jotako ikastetxean aurkeztu behar da.

Hiru aukera eskatu ahal izango dira, lehentasunen arabera jarrita. Eskatutako ikastetxea, zikloaren izena, hizkuntza-eredua (A, D edo hiru hizkuntzakoa) eta txanda (egunekoa edo gauekoa) zehaztu behar dira eskaera bakoitzean. Eskabideetan aurreko elementu guzti-guztiak bat ez datozenean, eskabide desberdintzat hartuko dira.

Hamaseigarrena.– Sarrera-proba bidez sartzea eskatu eta proba hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurtengo deialdian gainditu dutenek ez dute horren ziurtagiririk aurkeztu behar.

Sarrera-proba bidez sartzea eskatu eta proba hori beste autonomia-erkidegoetan gainditu dutenek edota proba Euskal Autonomia Erkidegoko aurreko deialdietan gainditu zutenek, berriz, gaitasun-agiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri hori aurkezteko epea ekainaren 24ko 14:00etan amaitzen da. Eskatzaileak epe horretan ez badu ziurtagiri hori aurkezten, haren eskabidea ez da inolaz ere onartuko.

Hamazazpigarrena.– Heziketa Ziklo batean zuzeneko sarbidearen bidez onartzea eskatu dutenek ikasketa-ziurtagiria aurkeztu behar dute, sarbide-modalitate horren bidez onartze-prozesuan parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Ziurtagiri hori aurkezteko epea ekainaren 24ko 14:00etan amaitzen da.

Eskatzaileak ikasketa-ziurtagiria aurkezten ez badu, eskabidea onartuko da, baina ez da sartuko ekainean egingo den plazen esleipenean. Zuzenean sartzeko baldintzak geroago betez gero, uztailean, epe berezi bat izango du ikasketa-ziurtagiria aurkezteko, eta, kasu horretan, plazen bigarren esleipenean hartuko du parte. Bigarren esleipen hori uztailean egingo da.

Hemezortzigarrena.– Eskatzaileak bere eskabidea egiten duenean, ikastetxeak datu hauek sartu behar ditu informatika-aplikazioan:

a) Eskatzailearen datuak.

b) Egiten dituen eskaera guztiak, lehentasunen arabera ordenatuta.

Eskabidearen datuak sartu eta gero, dagokion inprimakia -datu pertsonalak, eskatutako zikloak eta aurkeztutako agiriei buruzko informazioa jasotzen duena- erakutsiko dio ikastetxeak eskatzaileari.

Sartutako datuak aztertuko ditu eskatzaileak eta, onartzen baditu, inprimakia sinatuko du. Sinatutako inprimaki horri zigilua jarriko dio ikastetxeak, eta aurretik sartutako datuak gordeko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta, eskatzaileak egindako eskaeren frogagiri izango da.

Hemeretzigarrena.– Eskatzaileek ekainaren 13a arte, egun hori barne, eskatu ahal izango dute gordetako datuak aldatu edo zuzentzeko. Egun horretatik aurrera ez da aldaketa edo zuzenketarik onartuko.

Zuzenketak egiteko behar-beharrezkoa izango da aurretiaz emandako jatorrizko frogagiri sinatu eta zigilatua aurkeztea. Dagozkion zuzenketak egin eta gero, beste inprimaki bat emango diote eskatzaileari. Datu berriak onartzen baditu, inprimaki hori emango diote eskatzaileari, sinatuta eta zigilatuta; aurreko inprimakia apurtuko dute eta datu berriak gorde.

Hogeigarrena.– Ekainaren 24ko 14:00ak baino lehenago, fase horretan sartutako datuak informatikoki ontzat emango ditu ikastetxeak. Une horretatik aurrera, ikastetxeak ezin izango ditu aldatu datu horiek.

Halaber, informatika-aplikazioak emango dion akta inprimatuko du ikastetxeak. Han, ikastetxean aurkeztutako eskabideen zerrenda agertuko da. Ikastetxeak akta sinatu eta zigilatu, eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako atalera bidaliko du.

ESKABIDEAK BAREMATZEA ETA PLAZAK ESLEITZEA

Hogeita batgarrena.– Prozedura honetan erabilitako informatika-aplikazioaren bidez, ikastetxeak jakingo du nork eskatu duen ikastetxe hori lehenengo, bigarren edo hirugarren tokian.

Ikastetxe bakoitzak barematuko ditu ikastetxea lehenengo aukeratzat eskatu duten ikasleen eskabideak, eta onartuen eta ez-onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko ditu, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak eta Agindu honek ezarritakoaren arabera.

MATRIKULA EGITEA

Hogeita bigarrena.– Prozesuan onartutako ikasleek eta prozesu horretan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen direnek) matrikulazio-epe arruntean egin beharko dute matrikula, hau da, ekainaren 30etik uztailaren 4a bitartean, egun bi horiek barne. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

Sartzeko baldintzak uztailean betetzen dituzten ikasleek ezohiko epean egin ahal izango dute matrikula, uztailaren 17tik 22ra, egun bi horiek barne.

Dagokion epean ikasleak matrikula egiten ez badu, onartze-prozesutik kanpo geratuko da, eta hasiera batean esleitu zioten plaza eta eskatu dituen gainerako plazen eskubide guztiak galduko ditu.

Hogeita hirugarrena.– Uztailaren 7a arte, egun hori barne, ikastetxeek aurrematrikula eta matrikulak egiteko erabiltzen duten informatika-aplikazioan grabatu beharko dituzte matrikulazio-epe arrunteko datu orokorrak.

Halaber, uztailaren 29a baino lehen, Hezkuntza Zikloetako berariazko informatika-aplikazioan gorde beharko dute benetan matrikula egin duten ikasle guzti-guztien matrikularen berrestea.

EPE BEREZIA, IKASKETEN ZIURTAGIRIA EKAINEAN AURKEZTU EZIN IZAN DUTEN ESKATZAILEENTZAT

Hogeita laugarrena.– Hamazazpigarren jarraibidearen azken paragrafoan azaltzen denez, zuzeneko sarbidearen bidez plaza lortzeko eskabidea ekainean aurkeztu baina une horretan baldintzak ez betetzeagatik ikasketen ziurtagiria aurkeztu ez zuten ikasleek epe berezia izango dute, eskatutako titulazioa lortu ostean, ziurtagiri hori aurkeztu ahal izateko. Horretarako, eskabidea aurkeztu zuten ikastetxera joan beharko dute, uztailaren 8an edo 9an, ikasketen ziurtagiria eramatera.

Epe horretan ikasketen ziurtagiria -zuzeneko sarbidearen bidez Hezkuntza Zikloetan matrikulatzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duena- aurkezten ez badute, eskatzaile horiek onartze-prozesutik kanpo geratuko dira.

Hogeita bosgarrena.– Ikastetxe bakoitzak ikasle horien eskabideak barematuko ditu, eta onartuen eta ez-onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko ditu, martxoaaren 4ko 35/2008 Dekretuak eta Agindu honek ezarritakoaren arabera.

Hogeita seigarrena.– Uztailaren 24rako, egun hori barne, ikastetxeek aurrematrikula eta matrikulak egiteko erabiltzen duten informatika-aplikazioan grabatu beharko dituzte ezohiko matrikulazio-epeko datu orokorrak.

Halaber, uztailaren 29a baino lehen, Hezkuntza Zikloetako berariazko informatika-aplikazioan gorde beharko dute benetan matrikula egin duten ikasle guzti-guztien matrikularen berrestea.

ONARTZE-PROZESUA BETE BEHAR EZ DUTEN HEZKUNTZA ZIKLOETAKO IKASLEEN DATUAK GORDETZEA ETA IKASLEAK MATRIKULATZEA

Hogeita zazpigarrena.– Aurreko jarraibideetan finkatutako epeetan matrikulazioa egin eta gero Agindu honetan aipatzen diren ikasketetan leku librerik balego, ikasleak irailaren 30a arte (egun hori barne) matrikulatu ahal izango dituzte ikastetxeek, ikasleek hala eskatu eta kasu bakoitzean eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte. Hala ere, epeak, betiere, hezkuntza-itunak baimentzeko araudian xedatutakoak izango dira.

Horrelako kasuetan, ikastetxeek berehala sartu beharko dituzte matrikulatutako ikaslearen datuak eta matrikularen berrestea Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan.

Ikastetxe bakoitzeko Hezkuntza Zikloetako ikasle guztien datuak gorde eta matrikulak berresteko prozesua 2008ko irailaren 30a burutu behar da.

Urriaren 1etik aurrera, ikastetxeek ezin izango dute ikasle berririk matrikulatu, behar bezala justifikatutako kasu berezietan salbu, esaterako, bizilekua aldatzeagatik matrikularen lekualdaketa egiten bada edo antzeko kasuren bat bada, betiere behar bezala egiaztatuta.

Hogeita zortzigarrena.– Heziketa Ziklo ez-itunduetakoren bat ematen duten ikastetxe pribatu guztiek sartu beharko dituzte, Lanbide Heziketako berariazko informatika-aplikazioan, ikastetxeko Heziketa Ziklo horietako edozein mailatan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2008ko irailaren 30ean bukatuko da.

Hogeita bederatzigarrena.– Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloak ematen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek bete behar dituzte jarraibide hauek guztiak, eta zehaztutako epeak errespetatu behar dituzte.

Ikastetxeek informatika-aplikazio horretan sartutako datuek osatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Heziketa Zikloetako ikasleei buruzko informazio-iturri ofizial bakarra. Ikasleei buruzko agiri edota ziurtagiri ofizialak egiteko -hala nola aktak, titulu ofizialak eta antzeko dokumentuak-, aplikazio horretan jasotako datuak soilik erabiliko dira.

MATRIKULA BALIOGABETZEA ETA DEIALDIARI UKO EGITEA

Hogeita hamargarrena.– Ikastetxeak ikasturteko matrikula baliogabetu dezake, edozein kasutan, abenduaren 31 baino lehenago. Egun horretatik aurrera, Lanbide Heziketako Zuzendaritzari honako kasu hauetan eskatu ahal izango zaio matrikula baliogabetzea: gaixotasun fisiko edo psikiko luzea, lanpostu batean hastea edota ikasten aritzea eragozten duten familia-betebeharrak zein betebehar pertsonalak izatea.

Lanbide-moduluen ohiko edo ezohiko deialdiei uko egiteko, dagokion ikastetxe publikoko zuzendariari egin behar zaio eskera (ikastetxe pribatuen kasuan, ikastetxe bakoitzari dagokion ikastetxe publikoko zuzendariari).

JARRAIBIDEOK APLIKATZEA

Hogeita hamaikagarrena.– Jarraibide hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean aplikatzen hasiko dira.


Azterketa dokumentala