Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2008ko otsailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
1189

30/2008 DEKRETUA, otsailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza planifikatu eta antolatzeko irizpide orokorrei buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen antolaketaren eta giza baliabideen eredu berria ezartzeko lehenengo fasean lehentasunez garatu dira lanpostua definitu eta haren ordainsari osagarriak zehaztea helburu duten elementuak, bigarren fasearen osagaiei eutsiko dieten zutabe nagusiak baitira, eta eredu berriaren muina: prestakuntza eta lanbide karrera.

Prestakuntza, testuinguru horretan, elementu estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan ari diren pertsonak kudeatu eta garatzeko. Prestakuntzaren arloko ekintza asko garatzen ari badira ere, antolaketaren eta giza baliabideen eredu berria ezarri ahal izateko prestakuntzari buruzko ikuspegia aldatu beharra dago. Egitekoak modu eraginkorrean betetzeko behar diren trebetasunak lortu eta mantentzea, prestakuntzak horixe izan behar du helburu nagusia, eta aldi berean Administrazioaren zerbitzuko langileen lanbide garapena ahalbidetu behar du. Prestakuntza planifikatua behar du izan, prestakuntza beharren azterketan oinarritua eta, oro har, ebaluatu egiten dena.

Dekretu honetan, beraz, prestakuntza politiken aplikaziorako irizpide orokorrak ezarri nahi dira, bai haren plangintzan eta antolaketan, bai prestakuntza ekintzen hartzaileen antolamenduan, prestakuntza jaso ahal izateko objektibotasunaren, gardentasunaren eta aukera-berdintasunaren irizpideei jarraituz.

Ildo horretatik, Prestakuntzako Plan Gidaria, prestakuntza planak eta hainbat motatako prestakuntza ekintzak definitzen dira.

Langile publikoen interes pertsonal eta profesionalak antolakundearen interesekin uztartzearren, funtsean bi motatako prestakuntza ekintzak bereizten dira: lanpostuari dagozkion egitekoak hobeto betetzea helburu dutenak, eta lanbide karrera erraztea helburu dutenak.

Prestakuntza ekintzen definizioan, kudeaketan, ebaluazioan eta homologazioan esku hartzen duten organoen eginkizunak ere definitzen dira.

Azkenik, langile publikoek prestakuntza arloan izango dituzten eskubideak eta betebeharrak ezartzen dira.

Horrenbestez, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorririk eta Lehendakariak onartu ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko otsailaren 19an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
APLIKAZIO EREMUA

1. artikulua.– Eremu objektiboa.

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza planifikatu eta antolatzeko irizpide orokorrak onestea.

2. artikulua.– Eremu subjektiboa.

1.– Dekretu hau aplikagarria da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan diharduten karrerako funtzionario eta lan-kontratuko langile finkoentzat.

2.– Bitarteko funtzionario eta aldi baterako lan-kontratudunentzat, berriz, dekretu honetan bertan ezarritako moduan izango da aplikagarria.

II. KAPITULUA
DEFINIZIOAK

3. artikulua.– Prestakuntzaren definizioa.

1.– Hona hemen zer den prestakuntza: zerbitzu publikoa eta dekretu honen aplikazio eremuko langileen lanbide garapena hobetuko dituzten ezagupenak, trebetasunak eta balioak lortu, atxiki eta transferitzeko ikaskuntza planifikatua.

2.– Prestakuntzaren bidez oinarrizko helburu hauek lortu nahi dira:

a) Lanpostuko egitekoak hobeto betetzea, orain edo etorkizunean.

b) Lanbide garapena eta sustapena erraztea.

4. artikulua.– Prestakuntza ekintzak: ikaskuntza ekintzak eta informazio jarduerak.

1.– Prestakuntza ekintza, oro har, langileei gai, arlo edo ezagutza-eremu jakin bati buruzko prestakuntza ematea xede duten eragiketen multzoa da.

Prestakuntza ekintzak honela sailkatzen dira:

a) Ikaskuntza ekintzak.

b) Informazio jarduerak.

2.– Ikaskuntza ekintzetan ezagupenak, trebetasunak, jarrerak eta abarrekoak eskuratzen dira, gutxienez ere ondoko osagai hauek izan behar dituen berariazko programa baten bidez:

a) Ikaskuntza ekintzaren helburuak.

b) Lortu nahi ziren helburuak zenbateraino lortu diren erakutsiko duen ebaluazio prozedura.

c) Haren onarpen eta ziurtapenerako baldintzak.

3.– Informazio jarduerak edukien eta esperientzien berri emateko edo trukatzeko egiten dira, programazio eta ebaluazio sistematikorik gabe.

5. artikulua.– Prestakuntza programak eta planak.

1.– Prestakuntza programa deritzo ikaskuntza ekintza bakoitzaren inguruko informazio guztia biltzen duen agiriari.

2.– Prestakuntza plana, berriz, prestakuntza programen multzo bat da, talde jakin bati zuzendua eta epeduna. Administrazio esparru jakin baterako nahiz ezagutza-arlo jakin bat lantzeko egina izan daiteke.

6. artikulua.– Prestakuntzako Plan Gidaria.

1.– Prestakuntzako Plan Gidariak langileen prestakuntzaren ildo estrategikoak, lehentasunak, planifikazioa eta irizpideak ezartzen ditu aldi mugatuetarako, arautzeko, koordinatzeko eta betearazteko tresnen bitartez.

2.– Gobernu Kontseiluak onesten du Prestakuntzako Plan Gidaria.

III. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA EKINTZEN TIPOLOGIA

7. artikulua.– Prestakuntza ekintzen motak.

1.– Egin daitezkeen prestakuntza ekintzen motak honako hauek dira:

a) Hasierako edo sarrerako prestakuntza.

b) Lanposturako prestakuntza.

c) Lanbide karrerarako prestakuntza.

2.– Hasierako edo sarrerako prestakuntzaren xedea da ikaskuntza ekintzak garatzea, prestakuntza helburuen lorpenari begira. Horrela, epe laburrean langileak errendimendu maila egokia lortu behar du esleituta dituen zereginetan.

Hasierako edo sarrerako prestakuntza gauzatzeko aukera desberdinak daude; besteak beste, lanpostuan egin beharreko praktiken programa selektiboak, edo langileak hautatzeko deialdian agindutako ikastaro trinkoak, hauek ere selektiboak, edo prestakuntza plan batean sartutako prestakuntza programa arruntak.

3.– Lanposturako prestakuntzak etengabeko lanbide trebakuntza eta garapena ditu helburu, egungo lanpostuko zereginak hobeto betetzeko, lanpostuari ezarritako eginkizunei loturik.

4.– Lanbide karrerarako prestakuntzak, beste helburu batzuen artean, norberaren lanpostua ez den beste edozeinetan aritzeko lanbide trebakuntza eta garapena ematea du xede.

5.– Norberaren lanpostuko zereginak hobeto betetzeko prestakuntza ekintzen ebaluazioa gainditu behar da ezinbestez, lanbide karrera garatzea helburu duten prestakuntza ekintzetara igaro ahal izateko.

6.– Lanposturako prestakuntzan eta lanbide karrerarako prestakuntzan eskaintzen diren plazen arteko oreka egokiari eusteko, aldian behin zehaztuko da, langileen ordezkariekin negoziatu eta gero, prestakuntza planetan, oro har, prestakuntza eskaintza osotik gutxienez zein portzentaje gorde behar den lehentasunez lanbide karreraren garapenerako.

IV. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA PLANAK

8. artikulua.– Prestakuntza planak.

1.– Prestakuntza planak, aplikazio eremuaren arabera, sail bakarrekoak edo sail anitzetakoak izan daitezke.

2.– Sail edo erakunde autonomo bakoitzak bere prestakuntza plana eduki behar du. Zuzendaritza guztietarako plan orokorra izan daiteke edo sailburuordetza mailaraino bereizia. Horrelako planek 7.1 artikuluan aipatutako prestakuntza ekintza guztiak bildu ahalko dituzte.

3.– Sail anitzetako plan edo programen bitartez, hainbat sail edo erakunde autonomotako langileen prestakuntza beharrizan orokorrak asetzen dira, edo Prestakuntzako Plan Gidariaren ondorioz sortutako ildo estrategiko zehatzak garatzen dira. Betiere Funtzio Publikoaren Sailburuordetzari dagokio haiek planifikatu eta koordinatzea.

IVAPek ezarri eta kudeatuko ditu sail anitzetako plan edo programak, halakoren bat eransten bazaio sailetako planen barruko prestakuntza-eskaintzari; eta, hala ez bada, erakunde horrek berak eskainiko ditu sail anitzetako plan edo programak.

9. artikulua.– Prestakuntza beharren azterketa.

1.– Sail edo erakunde autonomo bakoitzeko prestakuntza planean zein prestakuntza ekintza sartu behar diren zehaztu aurretik, bertako langileen prestakuntza beharren azterketa sistematikoa egingo da.

2.– Prestakuntza beharra deitzen zaio pertsona batek dakienaren eta bere egitekoak eraginkortasunez betetzeko jakin behar lukeenaren arteko aldeari, betiere, alde hori ikasiz berdindu badaiteke.

3.– Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak aldez aurretik ezarritako jarraibideei loturik egin behar da prestakuntza beharren diagnostikoa.

10. artikulua.– Prestakuntza planen edukia.

Prestakuntza planetan ondokoak jaso behar dira gutxienez:

a) Helburu estrategikoak.

b) Jakintza arlo edo eremuak.

c) Planaren barruko prestakuntza ekintzen izenak.

d) Helburu orokorrak.

e) Eragindako zentro organiko edo unitate administratiboak.

f) Hartzaileak.

g) Prestakuntza ekintzak lehenesteko irizpideak.

h) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

i) Prestakuntza ekintza bakoitzeko modalitate didaktikoak.

j) Prestakuntza ekintza bakoitzaren orduak.

k) Prestakuntza ekintzak burutzeko egutegiak.

l) Kudeatzeko irizpide orokorrak.

m) Programak eta emaitzak ebaluatzeko irizpide orokorrak.

n) Aurrekontua.

11. artikulua.– Prestakuntza plan eta programetarako aurrekontu xedapenak.

1.– Edozein prestakuntza ekintzaren gastuak ordaintzeko funtsak Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko dira, partida bakoitzerako ezartzen denaren arabera.

2.– Sail edo erakunde autonomo bakoitzaren aurrekontuan, ikaskuntza ekintzen prestakuntza-gastuetarako partidaz gainera, beste partida batzuk jarri ahalko dira informazio jardueren gastuetarako.

V. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA PROGRAMEN EDUKIAK ETA MOTAK

12. artikulua.– Prestakuntza ekintza baten programaren edukiak.

1.– Prestakuntza ekintzetan gai egokiak landu behar dira, kasuan kasuko lanpostuko zereginak betetzeko behar diren ezagupen eta trebetasunak lor daitezen.

2.– Edozein ikaskuntza ekintzaren programan ondoko hauek azaldu behar dira, gutxienez ere:

a) Prestakuntza programaren izenburua.

b) Prestakuntza helburuak.

c) Jakintza arloa.

d) Gaiak eta gaietako atalak, prestakuntza edukien xehetasunekin.

e) Programaren iraupena.

f) Egunak eta ordutegia.

g) Tokia eta guneak.

h) Irakasleak.

i) Ebaluatu eta ziurtatzeko prozedura.

j) Parte hartzeko baldintzak eta, hala behar denean, hautatzeko irizpideak.

k) Parte-hartzaileen gutxieneko eta gehieneko kopuruak, eta lanbide karrera garatu nahi duten langileentzat lehentasunez gordetzen diren plazen kopurua, halakorik bada.

l) Zein hizkuntzatan emango den.

13. artikulua.– Prestakuntza programen modalitate didaktikoak.

1.– Prestakuntza programen modalitate didaktiko nagusiak honakoak dira: ikasgelako ikastaroak eta urrutiko ikastaroak edo lanpostutik ordenagailuz egiten direnak.

2.– Halaber, bestelako modalitate didaktikoak erabil daitezke, ikaskuntzak aukera ematen badu eta prestakuntza programan hala aurreikusita badago.

VI. KAPITULUA
PRESTAKUNTZAREN ARLOKO ORGANO ESKUDUNAK

14. artikulua.– Prestakuntzaren arloko organo eskudunak

Prestakuntzaren arloan berariazko eskumenak dituzten organoak honako hauek dira:

a) Funtzio Publikoaren Sailburuordetza.

b) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza.

c) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea.

d) Prestakuntza Planen Jarraipenerako Batzorde Nagusia.

e) Sailetan eta erakunde autonomoetan langileriaren arloko eginkizunak dituzten organoak.

f) Prestakuntza plan bakoitzeko jarraipen batzordea.

15. artikulua.– Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren eginkizunak.

1.– Prestakuntzari dagokionez, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzak eginkizun hauek ditu:

a) Prestakuntza zuzentzea eta arlo horretako erabaki guztien ardura izatea.

b) Prestakuntza politikak definitu eta planifikatzea.

c) Prestakuntza politiken garapena koordinatu eta kontrolatzea.

d) Prestakuntza plan eta programen emaitzak ebaluatzea.

e) Prestakuntza jasotzeko irizpide orokorrak eta lehentasunak ezartzea.

2.– Funtzio Publikoaren Sailburuordetzari dagokio sail anitzetako programak planifikatu eta koordinatzea, prestakuntzaren arloko eta, bereziki, prestakuntza behar orokorrei buruzko ildo estrategiko zehatzak garatu behar direnean.

16. artikulua.– Prestakuntza Planen Jarraipenerako Batzorde Nagusiaren osaera eta eginkizunak.

1.– Prestakuntza Planen Jarraipenerako Batzorde Nagusiak 8 kide ditu. Funtzio publikoaren arloko eskumena duen saileko titularrak izendatzen ditu, eta ordezkaritza handiena duten sindikatuek haietako 4 proposatzen dizkiote.

2.– Prestakuntza Planen Jarraipenerako Batzorde Nagusiak eginkizun hauek ditu:

a) Prestakuntzako Plan Gidariaren helburuen betetze mailari buruzko txostenak egitea.

b) Sail bakarreko eta sail anitzetako planetan eskaintzen den prestakuntzaren eskuragarritasunari dagokionez, objektibotasun, gardentasun eta berdintasun irizpideak noraino betetzen diren adierazteko txostenak egitea.

c) Sail bakarreko eta sail anitzetako planen jarraipena egitea.

d) Prestakuntza ekintzen hartzaileek prestakuntza gaietan aurkezten dituzten eskariak bideratzea.

e) Organo eskudunei neurriak proposatzea prestakuntza planetan ikusten diren akatsak zuzentzeko.

f) Oro har, prestakuntza prozesuak hobetzeko egokitzat jotzen dituen neurriak proposatzea.

3.– Prestakuntza Planen Jarraipenerako Batzorde Nagusia Funtzio Publikoaren Sailburuordetzari atxikita dago.

17. artikulua.– Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren eginkizunak.

Prestakuntzari dagokionez, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak eginkizun hauek ditu:

a) Prestakuntza politikak diseinatu eta planifikatzea.

b) Egitekoak betetzeko behar diren prestakuntza helburuak eta edukiak zehaztea.

c) Prestakuntza politikak sustatu eta koordinatzea.

d) Prestakuntza eraginkorra ote den eta egitekoak betetzeko erabiltzen ote den ebaluatzea.

e) Prestakuntza plan eta programak koordinatzea.

f) Prestakuntza politikak ebaluatzea.

18. artikulua.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eginkizunak.

1.– IVAPek, 2. artikuluan aipatzen diren langileen prestakuntzari dagokionez, eginkizun hauek ditu:

a) Prestakuntza programen proposamena eta diseinu metodologikoa egitea.

b) Prestakuntza programak antolatu eta kudeatzea.

c) Prestakuntzaren ebaluazioa kudeatu eta koordinatzea, ikasitakoari, ikasleen gogobetetze mailari eta irakasleen trebetasunari dagokienez.

d) Prestakuntza ekintzak homologatzea eta dagozkien ziurtagiriak ematea.

2.– Aurreko atalean deskribaturiko eginkizunak honako jarduera hauen bidez beteko dira:

a) Sail anitzetako plan eta programen esparruan:

1) Kasuan kasuko administrazio organoekin lankidetzan aritzea prestakuntza beharren identifikazioan eta prestakuntzaren diseinuan.

2) Hornitzaileak, baliabideak eta tresnak hautatzea.

3) Prestakuntza ekintzak programatzea.

4) Prestakuntza ekintzen programak ezarri eta kudeatzea.

5) Prestakuntza ekintzen programak kontrolatu eta ebaluatzea.

6) Gaitasuna aitortzea eta prestakuntza programak homologatzea.

b) Sail bakarreko plan eta programen barruko prestakuntzaren esparruan:

1) Prestakuntza beharrak identifikatzea.

2) Prestakuntza plan eta programak garatzeko prozesuan aholku ematea.

3) Prestakuntza ekintzen programak kontrolatu eta ebaluatzea.

4) Gaitasuna aitortzea eta prestakuntza programak homologatzea.

19. artikulua.– Sailen eta erakunde autonomoen eginkizunak.

1.– Sailek eta erakunde autonomoek, zerbitzu zuzendaritzen bidez edo langileriaren arloko eginkizunak esleituta dauzkaten organoen bidez, prestakuntzako eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Prestakuntza plan eta programak onetsi, antolatu, koordinatu eta kudeatzea, beste organo batzuen eskumenak eragotzi gabe.

b) Langileei prestakuntza emateko sistema zuzendu eta administratzea kasuan kasuko sail edo erakunde autonomoan.

c) Prestakuntza ekintzetan parte hartzeko baimenak ematea.

d) Lortutako ezagutzak transferitu direla egiaztatzeko behar diren landa lanak egitea.

2.– Esleitutako eginkizunak garatu eta betetzeko, Zerbitzuen Zuzendaritzak edo antzeko beste organo batek hurrengo jarduerak egin behar ditu prestakuntza ekintza edo prestakuntza planei dagokienez:

a) Esparru jakin batean identifikaturiko prestakuntza beharrak proposatzea.

b) Prestakuntza helburuak proposatzea.

c) Prestakuntza edukiak proposatzea.

d) Lanpostuetan lana aztertzeko jarduerak erraztea.

e) Prestakuntza beharren azterketari buruzko txostena onestea edo hura onesteko izapideak egitea, aurretiaz.

f) Beste organo arduradunekin batera Saileko prestakuntza ekintzen planifikazioa eta programazioa erabakitzea.

g) Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileen behin betiko zerrendak onestea.

h) Prestakuntza antolatu eta kudeatzeko beharrei dagokien aurrekontua egitea eta behar diren baliabide ekonomikoak eta materialak jartzea.

i) Prestakuntza plan eta programen garapena koordinatzea Sailaren barruan.

20. artikulua.– Prestakuntza Planaren Jarraipenerako Batzordea.

1.– Prestakuntza Planaren Jarraipenerako Batzordea sail edo erakunde autonomoen prestakuntza planetarako ordezkaritza, plangintza, kudeaketa, kontrol eta ebaluazio organo kolegiatua da.

2.– Prestakuntza Planaren Jarraipenerako Batzordeko kideak honako hauek dira:

a) Zerbitzuen edo antzeko beste organo baten zuzendaria edo berak eskuorde izendatzen duena, eta batzordeburu izango da. Erakunde autonomoetan, zuzendaria edo berak eskuorde izendatzen duena izango da batzordeburu.

b) Saileko edo erakunde autonomoko teknikari bat, idazkari jardungo duena.

c) Funtzio Publikoaren Zuzendaritzako prestakuntza arloko arduraduna, edo berak eskuorde izendatzen duena.

d) IVAPeko prestakuntza arloko arduraduna, edo berak eskuorde izendatzen duena.

e) Langileen ordezkari bat.

3.– Prestakuntza Planaren Jarraipenerako Batzordeko kide guztiek hizpidea eta botoa izango dituzte.

4.– Prestakuntza planaren jarraipenerako batzorde bakoitza bere sail edo erakunde autonomoari atxikita egongo da.

21. artikulua.– Prestakuntza Planaren Jarraipenerako Batzordearen eginkizunak.

1.– Prestakuntza Planaren Jarraipenerako Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Egokitasun irizpideak ezartzea beharrak aztertzeko, prestakuntza plana planifikatu eta kudeatzeko eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren irizpide metodologikoei jarraituz.

b) Prestakuntza beharren azterketari buruzko txostenak egitea.

c) Prestakuntza planen proiektuei buruzko txostenak egitea.

d) Prestakuntza plana kudeatzeko ardura eman zaien batzordekideek plan horren betearazpena dela-eta aurkezten dituzten auziak ebaztea.

e) Urtean behin, gutxienez, prestakuntza planaren faseen jarraipena egitea.

f) Prestakuntza planaren nondik norakoa eta emaitzak ebaluatzea.

2.– Sail edo erakunde autonomo bakoitzean Prestakuntza Planaren Jarraipenerako Batzordeak prestatzen dituen argibide eta agiriak sindikatuen eskura egongo dira.

VII. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA ESKAINTZA ETA PRESTAKUNTZAREN HARTZAILEAK

22. artikulua.– Prestakuntza eskaintza.

1.– Administrazioak behar diren neurriak hartuko ditu bere zerbitzuan ari diren karrerako funtzionario eta lan-kontratuko langile finko guztiei prestakuntza ekintzen eskaintza egokia egiteko. Langile horiek prestakuntza ekintzetan ematen duten denbora lan denboratzat joko da.

2.– Aldian behin zehaztuko da zenbat prestakuntza ordu sartu behar diren eskaintza horretan. Aldez aurretik langileen ordezkariekin negoziatuko da.

23. artikulua.– Prestakuntza plan eta programen hartzaileak.

1.– Sail, sailburuordetza edo erakunde autonomo bakoitzak, Prestakuntza Planaren Jarraipenerako Batzordearen proposamenez, prestakuntza planeko prestakuntza ekintza bakoitza zein kolektiborentzat izango den zehaztu behar du.

2.– Eskuarki, prestakuntza ekintzak 2. artikuluan aipatutako funtzionario eta lan-kontratudunentzat izango dira. Baterako prestakuntza ekintzak nahiz prestakuntza ekintza bereiziak egin ahalko dira.

Bitarteko langileek eta aldi baterako lan-kontratudunek ere prestakuntza ekintzetan parte hartu ahalko dute, euren kontratuen ezaugarriek eta iraupenak horretarako bidea ematen dutenean.

3.– Erditze, adopzio edo harreragatiko baimena duten langileek ere prestakuntza planetako prestakuntza ekintzetan parte hartu ahalko dute.

24. artikulua.– Prestakuntza programetako saioetara joatea.

1.– Nahitaez joan behar da prestakuntza programetako saioetara, eta ez joateak lanera ez agertzeak bezalako ondorioak izango ditu.

2.– Prestakuntza saioetara ez agertzea laneko huts egite arruntak bezala justifikatu behar da, araudi bera erabiliz.

3.– Prestakuntza ekintza batean huts egindako aldiek, justifikaturik egon edo ez, programan ezarritako gehieneko kopurua gainditzen badute, prestakuntza ekintzaren edizio horretan ikasitakoa aitortua eta ziurtatua izateko eskubidea galduko da.

25. artikulua.– Prestakuntzan emandako denbora.

1.– Lanposturako prestakuntza ekintzetan eta hasiera edo sarrerako prestakuntzan egindako orduak lanaldiaren barruko denboratzat hartuko dira.

2.– Lanbide karrera garatzeko prestakuntza ekintzetan egindako orduetatik zenbat kontatuko diren lanalditzat, aldian behin zehaztuko da, langileen ordezkariekin negoziatu eta gero.

VIII. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA EKINTZETAN ERABILIKO DIREN HIZKUNTZAK

26. artikulua.– Prestakuntza ekintzetan erabiliko diren hizkuntzak.

Prestakuntza ekintzetan, salbuespenak salbu, EAEko bi hizkuntza ofizialak erabiliko dira, gaztelania eta euskara.

27. artikulua.– Hizkuntza eskakizuna.

Euskarazko prestakuntza ekintzetan parte hartu nahi dutenek euskaraz nahiko ondo dakitela frogatu behar dute aldez aurretik, ikasgaiak ikasi ahal izan ditzaten.

IX. KAPITULUA
ALDI BEREKO IKASKUNTZA EKINTZAK

28. artikulua.– Aldiberekotasuna.

1.– Oro har, langile publikoek ezin dute bi prestakuntza ekintzatan aldi berean parte hartu.

2.– Salbuespenez, sei hilabetetik gorako prestakuntza ekintza batean parte hartzen ari diren bitartean, langile publikoek aldi bereko beste prestakuntza ekintza laburrago batean parte hartu ahalko dute.

X. KAPITULUA
PRESTAKUNTZAREN EBALUAZIOA

29. artikulua.– Ikaskuntzaren ebaluazioa.

1.– Ikaskuntza ekintzei ebaluazio sistematikoa egingo zaie, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak koordinaturik eta gainbegiraturik.

2.– Ikaskuntza ekintzaren hasieran ebaluazioak egin daitezke, eta prestakuntza ekintzaren amaieran betiere ebaluazioa egingo da, ezarritako helburuak noraino bete diren jakiteko.

3.– Irakasle bakoitzak nahi dituen ebaluazio teknikak erabili ahalko ditu, baldin eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak programen ebaluaziorako onartutako estandarrak betetzen badituzte.

4.– Ebaluazioaren emaitzak interesdunei jakinaraziko zaizkie.

30. artikulua.– Prestakuntzak lanpostuan duen aplikazio edo transferentzia graduaren ebaluazioa.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritzari dagokio, ikaskuntza ekintzan parte hartzen duten guztien laguntzaz, ikasitakoa lanpostuan zenbateraino erabiltzen den ebaluatzea.

XI. KAPITULUA
PRESTAKUNTZAREN HOMOLOGAZIOA

31. artikulua.– Homologatu daitezkeen prestakuntza programak.

1.– Edozein sail edo erakunde autonomok antolatu edo bultzatutako ikaskuntza ekintzak homologatu egin daitezke, berariaz ezarritako araudiari jarraituz hala eskatzen bada.

2.– Sail bateko prestakuntza plan baten barruko ikaskuntza ekintzei edo IVAPek sustatutakoei ez zaie homologaziorik eskatuko, horretarako eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela ulertuko baita.

3.– Epea ez betetzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik ezinezkoa bada ikaskuntza ekintza bat homologatzea, eta horrek ondorioak baditu eskatutako ikaskuntza maila lortu duten pertsona guztiengan, gaitasuna banaka aitortu eta ziurtatzeko izapidea hasi ahal izango da.

32. artikulua.– Prestakuntza ekintzen homologazioaren arloan eskumena duen organoa.

Ikaskuntza ekintzak homologatzeko eskumena duen organoa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea da.

XII. KAPITULUA
GAITASUNA AITORTU ETA ZIURTATZEA

33. artikulua.– Gaitasuna aitortu eta ziurtatzearen xedea eta helburua.

Gaitasuna aitortu eta ziurtatzeko sistema baten xedea da pertsonek alegatzen dituzten ezagutzak badituztela egiaztatzea, ikasteko erabili dituzten prozesu formalak edo ez-formalak edozein direla ere.

34. artikulua.– Gaitasuna aitortu eta ziurtatzeko sistemaren osagaiak.

Oro har, gaitasuna aitortu eta ziurtatzeko sistema guztiek oinarrizko osagai hauek eduki behar dituzte:

a) Gaitasunaren aitorpena eskatzeko prozedura bat, erreferentziako prestakuntza programako matrikulazio prozeduraren antzekoa.

b) Alegatutako baliabideak ebaluatzeko programa bat, dela proben bidezkoa, dela lan esperientziaz nahiz bestelako ikaskuntza metodoez lortutako lanbide gaitasunak aitortzeko sistemen bidezkoa.

c) Gaitasunaren aitorpena, ebaluazioa gainditzen dutenentzat. IVAPek emango du, eta prestakuntza ekintzetako emaitzen ziurtagirien parekoa izango da.

XIII. KAPITULUA
PRESTAKUNTZAREN ARLOKO ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

35. artikulua.– Prestakuntzaren arloko eskubideak.

Langile publikoek etengabeko lanbide prestakuntzarako eskubidea dute, Euskal Funtzio Publikoari buruzko ekainaren 6ko 6/1989 Legearen 69. artikuluan eta Langileen Estatutuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskubide hori gauzatzeko bideak honako hauek izango dira:

a) Egitekoak hobeto betetzeko lehentasunezko prestakuntza ekintzetan parte hartzea, plan bakoitzean ezartzen diren planifikazioaren eta lehentasunen arabera.

Lanpostuko eginkizunak hobeto betetzeko prestakuntza ekintza batean parte hartzeko eskatzen duen langileari zerbitzu arrazoiengatik ezezkoa ematen bazaio, langile horrek lehentasunezko eskubidea izango du, baimena ukatu dion sail edo erakunde autonomoak hurrengo aldian antzeko beste prestakuntza ekintza bat antolatzen duenean.

b) Administrazio karrerarako prestakuntza ekintzetan parte hartzea, ezartzen diren lehentasun mailen arabera.

c) Lanbide gaitasuna aitortu eta ziurtatzea, erabilitako ikaskuntza metodoa edozein izanda ere.

d) Indarra duen araudian prestakuntzarako ezarritako lizentziak, baimenak eta kalte-ordainak.

e) Prestakuntza plan eta programei buruzko informazio orokorra eta zehatza eskuratu ahal izatea, baita prestakuntza sistemaren emaitzak ere.

f) Nork bere jarduera eta emaitzei buruzko informazio zehatza eskuratu ahal izatea, prestakuntza ekintzaren batean parte hartutakoan.

36. artikulua.– Prestakuntza programetan parte hartzen dutenen betebeharrak.

Langile publikoek betebehar hauek dituzte:

a) Aktiboki ikastea eta prestakuntza ekintza batean matrikulatuz gero jarduera guztietan parte hartzea huts egin gabe, ezinbesteko arrazoiak salbu.

b) Programaturiko jardueretara joatea eta puntual agertzea, programaturiko ordutegiak eta epeak errespetatuz.

c) Prestakuntza programetan parte hartzeko behar diren datu eta agiriak aurkeztea.

d) Ikaskuntza probak eta lortutako baliabideen aplikazioaren probak egitea hala eskatzen zaienean, betiere proba horien xedea prestakuntza plan eta programen ebaluazioa baldin bada.

e) Lortutako ezagupen eta trebetasunak nork bere eginkizunetarako erabiltzea, hori zailtzen edo eragozten duen muga objektiborik ez badago.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– 2008rako onetsita dauden sail bakarreko eta sail anitzetako planek indarrean iraungo dute, azken xedapenetariko lehenengoan ezarritakoa gorabehera.

Bigarrena.– 7.6 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, 2008-2010 bitartean eskaintzen diren prestakuntza ekintzetako plaza guztietatik, oro har, gutxienez % 15 gordeko dira lanbide karrerarako prestakuntza eskaria lehentasunez asetzeko.

Hirugarrena.– 22. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, prestakuntza ekintzen eskaintza, 2008-2010 aldirako, gutxienez 45 ordukoa izango da hiru urtean.

Laugarrena.– 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, 2008-2010 aldian, lanbide karrerarako prestakuntza ekintzetan ematen den denboraren heren bat joko da lanalditzat. Beste bi herenak berreskuratu egin beharko dira, Administrazio Orokorrean orduak berreskuratzeko ezarritako arau orokorrei jarraituz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Sailek eta erakunde autonomoek 2008rako euren prestakuntza planak dekretu honetan ezarritakoari egokitu behar dizkiote.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko otsailaren 19an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.


Azterketa dokumentala