Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2008ko urtarrilaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
471

AGINDUA, 2007ko abenduaren 19koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, "Fundación Euskadi Kirola Fundazioa" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeari buruzkoa.

Getxoko (Bizkaia) "Fundación Euskadi Kirola Fundazioa" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Radio Televisión Vasca - Euskal Irrati Telebista – EITB Ente Publikoak "Fundación Euskadi Kirola Fundazioa" eratu dute, 2007ko azaroaren 14an Bilboko Javier Mota Pacheco notarioaren aurrean egindako escritura publikoaz. Notario horrek egoitza bereko Manuel López Pardiñas jaunaren ordez jardun du protokoloaren ondorioetarako, beronen dekano-karguari lotutako arauzko absentzia dela-eta (2398 protokolo-zenbakia).

2.– "Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren" sortze-helburua estatutuetako 3. artikuluan dago jasota eta honako hau da:

"Goi mailako euskal kirolaren garapena sustatzea, goi mailako nazioarteko txapelketetan eta, batez ere, goi mailako kirol ekitaldietan ordezkari ugari izateko eta goi mailako emaitzak lortzeko".

Helburu zabal horien artean, hona hemen, zehaztuta, berehala egingo diren ekintza garrantzitsuenak:

a) Goi mailako kirolariei eta euren entrenatzaileei laguntza ekonomikoa ematea, prestakuntza optimizatzeko.

b) Inguru berekoak izan eta entrenatzeko baldintza eta helburu berak eta kalitate-maila nahikoa duten kirolari-taldeei laguntza ekonomikoa ematea.

c) Kalitateko edo emaitza bikaineko guneak garatu eta horiei epe luzean eusteko aukera duten kirol-erakundeei laguntza ematea.

d) Erakunde horiei zerbitzu osagarriak ematea, haien kirol-prestakuntza optimizatzeko, hala nola, prestakuntza akademiko eta profesionala, laneratzeko aholkularitza, laguntza biomedikoa, entrenatzeko lekuak erabiltzeko erraztasunak eta dagokion unean egoki irizten direnak.

e) Ikerketa- eta prestakuntza-lanak sustatzea, goi mailako euskal kirolaren esparruan.

f) Goi mailako kirolaren eremu orokorrean lanean diharduten edozein erakunde publiko edo pribaturen aurrean mintzakide izatea.

g) Goi mailako kirola sustatu eta garatzeari lotutako proiektuetan lagundu eta parte hartzea; hartarako, beste entitate eta fundazio batzuekin elkarlanezko eta lankidetzazko harremanak finkatuz.

h) Goi mailako euskal kirolaren gizarte-komunikazioa sustatzea.

i) Fundazioaren interesen alde egiteko, bere eskumenpeko arazoetan parte hartzea.

3.– Fundazioaren egoitza, Fundazioaren Estatutuetako 4. artikuluan jartzen duenez, hau da: Makalen etorbidea, z/g, Fadura (Getxo).

4.– Hasierako dotazioa hamabi mila (12.000) eurokoa da, eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37. artikuluak.

Ondarea askitzat jotzen da fundazioaren lehenengo programa lortzeko. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 9. artikuluak hala eskatuta, aditu independente batek egindako bideragarritasuneko ekonomia-azterketak hori erakusten du; azterketa hori, bestalde, administrazio-espedienteari erantsi zaio.

5.– Fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea Patronatuaren esku utzi da. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 18. artikuluarekin bat.

6.– Fundazioa eratzeko eskrituran ezarritakoaren arabera, hauek izango dira patronatuko kide:

Indarraldia

Lehendakaria: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Miren

Karmele Azkarate Villar Kultura sailburuak ordezkatuta.

Lehendakariordea: Radio Televisión Vasca – Euskal Irrati Telebista – EITB Ente Publikoa,

Andoni Mirena Orzar Arruabarrena zuzendari nagusiak ordezkatuta.

Batzordekideak: Gurutz Larrañaga Zubizarreta jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011-11-14

Administrazio Orokorrak izendatuta.

José Ramón Garai Iturriondobeitia jauna, Euskal Autonomia 2011-11-14

Erkidegoko Administrazio Orokorrak izendatuta.

Miriam Anitua Aranzábal andrea, Radio Televisión Vasca – Euskal 2011-11-14

Irrati Telebista – EITB Ente Publikoak izendatuta.

Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala dago aginduta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4. artikuluan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako eskakizunak.

Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretua. Ondorioz,

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Gaurko egunean Getxoko (Bizkaia) "Fundación Euskadi Kirola Fundazioa" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan F-218 erregistro zenbakiarekin inskribatzeko agintzea, baita patronatuaren hasierako osaerarena ere. Seigarren aurrekarian, zeregin hori modu adieraziz onartu duten pertsonak aipatzen dira.

Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan inskribatzea, kultura, gazteria eta kirolen fundazioen sekzioan hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2. artikuluan agindutakoaz bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 19a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala