Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2007ko abenduaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
7325

EBAZPENA, 2007ko urriaren 16koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak elkarrekin sustatutako "Trukutxo eta Amueri dagokienez Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planaren aldaketa" izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren 3. artikuluaren arabera bere aplikazio-eremua ere arautzen da eta horren barnean dago "Trukutxo eta Amueri dagokienez Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planaren aldaketa" izeneko plana.

Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago "Trukutxo eta Amueri dagokienez Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planaren aldaketa" izeneko plana. Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Eusko Jaurlaritzak du "Trukutxo eta Amueri dagokienez Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planaren aldaketa" izeneko plana onesteko funtsezko eskumena eta beraz, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 44. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumen-organoari dagokio, ingurumen ondorioetarako soilik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko txostena egitea. Bertan, proiektuak izan dezakeen eraginari buruzko iritzia eta, eragin horri aurre hartu, zuzendu eta konpentsatzeko beharko liratekeen neurriak jasoko dira.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailean 2007ko ekainaren 25ean jasotako idatziaren bidez, "Trukutxo eta Amueri dagokienez Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planaren aldaketa" izeneko planaren erreferentzia-dokumentua ematea eskatu du Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako Zuzendaritzak.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta apirilaren 28ko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen sailburuordeak honakoa

EBATZI DU:

1.– Ingurumen ondorioetarako soilik, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak elkarrekin sustatutako "Trukutxo eta Amueri dagokienez Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planaren aldaketa" izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.

2.– Txostena honakoa da:

2.1.– Aurrekariak.

Administrazio Publikoak planteatzen du Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planaren (2) aldaketa, Azpeitiko Udalerrian (Iraurgiko lurralde-eremua) kokatuta dauden Trukutxori eta Amueri dagokienez.

Proposatutako aldaketaren helburua da Trukutxo izeneko esparruan dagoen Badiolegi meandroan industria-garapenerako gune berri bat mugatzea. Horrela, Azpeitiko hirigunean, Amuen hain zuzen ere, kokatuta dauden industri jarduerak hara eraman litezke. Gainera, Amuek bere kokapenarekin, Azpeitiko hiri-erdian, egokiagoa den bizitoki-garapena (trinkoa eta mistoa) izan lezake.

2.2.– Eginiko kontsultak.

Ingurumen Sailburuordetza honek kontsultak egin ditu erakunde hauekin:

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.

– Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritza.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.

– Azpeitiko Udala.

– Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa IHOBE.

– EHNE nekazaritza sindikatua.

– Ekologistak Martxan elkartea.

Halaber, 2007ko uztailaren 8an, zabalera handiko bi egunkaritan iragarkia argitaratu zen, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko.

Ebazpenaren egunera arteko epean, honako hauek eman dute erantzuna: Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzak, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak.

2.3.– Ingurumen-irizpide estrategikoak.

Lurralde Plan Partzialaren (LPP) Aldaketa egiteko oinarritzat hartuko dira Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programan (IEP) (2007-2010) jasota dauden ingurumen-irizpide eta helburu estrategikoak, batez ere, honako hauek:

a) Lurraren artifizializazioa murriztea. Ahal dela, gaur egun garatu gabe dauden eta 100 urtean behingo birgertatze aldiko uhaldietan urak hartzeko arriskua duten zonaldeak artifizialtzea saihestuko da (3).

b) Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, nahitaezko mugikortasuna murrizteko. Gaur egun dauden beharrei eredu trinko, konplexu eta funtzio anitzetan oinarritutako konponbideak bilatu behar zaizkie, beti ere, lurraldean gero eta gehiago hedatzen ari den eredu zehaztugabea eta sakabanatua geldiarazteko helburuz, baita haiek hiriko bizigarritasunean eta iraunkortasun globalean eragiten dituzten ondorio kaltegarriak ere.

c) Bidaiariak motorerik gabeko garraiobide kolektiboetara bideratzea eta salgaiak trenez edo itsasoz garraiatzea sustatzea, errepidez egindako garraioa murrizteko.

d) Energia aurreztea, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea.

e) Hiriguneen ingurumenaren kalitatea hobetzea, berdeguneak bultzatuz eta hauen kopurua handituz.

f) Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu jasangarria berrituz eta babestuz; horretarako, Babespeko Naturguneetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie.

Aurrekoa eragotzi gabe, ondoren aipatuko diren programa eta testu arau-emaileetan jasotzen diren ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak hartuko dira kontuan:

– Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea.

– Batzarrak Kontseiluari eta Europako Parlamentuari egiten dion jakinarazpena, 1998ko ekainaren 3an, "Klima-aldaketa - Kioto ondorengo estrategia lortzerantz" [COM (98) 353].

– 2006ko urtarrilaren 11n Batzarrak egindako jakinarazpena hiriko ingurumenerako gaikako estrategiaren inguruan [COM (2005) 718].

– 2000/60/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta 2000ko urriaren 23ko Kontseiluarena; horren bidez uren politikaren esparruan jarduteko Europako Erkidegoaren eremua ezarri da.

– 10/1998 Legea, apirilaren 21ekoa, hondakinei buruzkoa.

– 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa.

– 16/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Babesten duena.

– 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duena. II. eta III. Tituluak, II. (Ingurumen Eraginaren Ebaluazioa) eta IV. Kapituluak (Hondakinak).

– Urei buruzko 1/2006 Legea, ekainaren 23koa.

Erreferentziazko irizpide hauetaz aparte, badaude kontuan hartu beharreko bestelako orientabideak edo printzipio orientatzaileak ere, honako bi agiri hauetan:

a) "Hirigintza-planeamenduak iraunkortasun-irizpidez idazteko eskuliburua".

b) EAEko etxebizitzetarako eraikuntza iraunkorrerako gidaliburua (EEE, IHOBE, Orubide, Visesa, 2006).

2.4.– Ingurumen-helburuen adierazleak eta iraunkortasun-irizpideak.

Ingurumen-helburu horien adierazleak, ingurumen Planaren eragin nabarmenak sor ditzaketenak, gutxienez, IEPko (2007-2010) Aginte Taula Integralean (ATI) adierazitakoak izango dira.

Bikoizketak saiheste aldera, adierazle horien gainbegiratze-lanak (ingurumenari buruzko informazio-bilketa, prozesatzea eta ebaluazioa) egiteko ardura IEPko (2007-2010) ATIn agertzen dena izango da. Arduradunak gainbegiratze hori Ingurumen Esparruko Programaren (2007-2010) konpromisoen jarraipena egiteko txostenean txertatuko du; hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak urtero herritarrei aurkezten dien txostenean.

2.5.– Ingurumen aldetik interes berezia duten baliabide eta espazioak eta horiek babesteko helburuak.

Aldaketari dagokion eremuan, hurrengo baliabide eta ingurumen aldetik interesgarriak diren zonak daude:

2.5.1.– Natura 2000 Sarea.

Trukutxo alorra, Izarraitz (ES2120003) Garrantzi Komunitarioko Lekutik (GKL) 1000 metro eskasera dago. Gaur gaurkoz, espazio horiek zaintzeko helburuak oraindik definitu gabe dauden arren, hainbat helburu ezar daitezke Europako Batzordeari bidalitako EUR-15 datu normalizatuen inprimakietan oinarrituta (inprimaki horiek Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian kontsulta daitezke).

2.5.2.– Faunaren aldetik interesa duten guneak eta habitatak.

Trukutxo eremua Belatz handiarentzat (Falco peregrinus) Sentibera den Gune (4) batetik gertu dago. Eguneko harrapari hori hegaztiei buruzko 79/409/CEE Zuzentarauaren I. eranskinean (5) sartuta dago, EAEn Bakantzat hartzen da (6) eta habiak egiten ditu Izarraitzeko ebaki harritsuetan. Espezie horiengan eragin daitezkeen kalteak zerikusia dute umaldiko (otsailaren 15etik ekainaren 15era bitartean) gorabeherekin, ibiltzeko dituzten eremuak murriztearekin eta azpiegiturekin talka egiteko duten arriskuarekin (haize-errotekin, linea elektrikoekin eta abar). Sentibera den gune hori non dagoen ikusita, Trukutxo zonaldea belatzen eremu bihurtzen da.

Bestalde, aipatu behar da, Trukutxo aldeko basoak gaur egun radiata pinuz eta atlantikoko belardiz osatuta badaude ere, badirela tokiko bertako zuhaizti txiki baina oso interesgarriak (haltzadi kantauriarrak eta harizti azidofiloak).

2.5.3.– EAEko Korridore Sarea.

Trukutxoko eremuaren zati bat Izarraizko moteltze-gunean, eta gune hori hego-ekialderago katalogatutako beste enklabe batzuekin lotzen duen barnebidean dago.

Alde horrek lotune izaten jarraitzeko, gaur egungo erabilerak bere horretan utzi behar dira; izatekotan ere, alde hori ingurumen aldetik berreskuratu beharko da. Eremu horretan Urola ibaiaren bi ertzak artifizialduz gero, ibaiertzaren ondoko tarteetan eragin sinergikoa izango luke; dagoeneko nahikoa artifizialduta dauden aldeak izanik, fauna ibai-ibilbide horretan zehar igarotzea galaraziko luke.

2.5.4.– Nekazaritzako lurzorua.

Oro har, ibaian zehar sedimentuak pilatu izanak ibai inguruetan nekazaritzako balio handiko lurzorua sortu du. Hori gertatu da esaterako, Badiolegiko meandroan; hala bada, Nekazaritza eta Basogintzako Lurraldearen Arloko Planean nekazaritzako eta abeltzaintzarako balio estrategiko handiko eremu bezala ageri da. Era berean, indarrean dagoen Urola Kostako Eremu Funtzionaleko LZPk Trukutxoko zati bat Nekazaritza-intereseko Eremu bezala mugatu zuen.

Edonola ere, interes handiko guneak identifikatu beharko dira, eskalan egindako azterlan batekin, eta behar izanez gero, baliabideak egoki kudeatzeko eta eragina gutxitzeko neurriak proposatuko dira.

2.5.5.– Kultura Ondarearen Ondasunak.

Aurreikusitako aldaketaren esparruan izendatutako balizko arkeologia guneak daude:

a) Emparan errota.

b) San Francisco komentua.

c) Badiolegi baserria.

Edonola ere, eraginda gerta daitezkeen Kultura Ondoreko Ondasunak zehaztu egin beharko dira, eta berariazko arautegian ezarritakoa aplikatu beharko da.

2.6.– Iraunkortasun-txostenaren zabalera, xehetasun eta zehaztasun-maila.

Apirilaren 28ko 9/2006 Legean, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoan, aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzkoan, adierazitako ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.

Beraz, "Trukutxo eta Amueri dagokienez Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planaren aldaketa" izeneko planak ingurumenean duen eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren prozedura arautzen duenaren eranskinean, eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoaren I. eranskinean.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:

1) Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.

2) Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

3) Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

4) Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

5) Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

6) Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

7) Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

8) Laburpen-agiria.

9) Dokumentazio grafikoa.

2.6.1.– Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.

Atal honek honako alderdi hauen inguruko informazioa jasoko du:

a) LPPren aldaketak zein jarduera-eremu hartuko duen eta noiz arte egongo den indarrean zehaztea.

b) LPPren aldaketaren helburuak eta bereziki ingurumen-arloko helburuak.

c) LPP aldaketa egiterakoan kontuan hartutako alternatiben deskripzioa: planaren jarduera bakoitzaren azalpena jasoko du. Atal honetan hartutako azken irtenbidea arrazoitu behar da, erkidegoko jarraibide estrategikoak eta Planaren ingurumen-helburu estrategikoak kontuan izanda.

d) Plana eta berau garatzen duten beste plan edo programa batzuk burutzeko faseak.

e) Antzeman diren informazio-hutsuneak.

2.6.2.– Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

Aplikazioko geografia-eremuari dagokionez aztertutako LPPri gainjartzen zaizkion beste plan batzuk egonez gero, IEEBren azterketan adierazi egin beharko dira plan horiek. Horrela, bidalitako dokumentazioa aztertuta, IEEBren azterlanak ondoren aipatzen diren planen izatea kontutan hartu beharko du:

– EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

– EAEko Ibaien eta Erreken ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

– EAEko Nekazaritza eta Basogintzaren Lurraldeko Arlo Plana.

– Kultura Ondarearen Lurraldearen Arloko Plana.

– Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.

– Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurzorua Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

– Uholdeak saihesteko EAEko osoko Plana.

– EAEko Landa-garapen Iraunkorrerako Plana (2000-2006).

– Euskal Baso Plana (1994-2030).

– Hondakin Arriskutsuen Kudeatzeko Plana 2003-2006.

– 2007-2012 Lurzoru kutsatuei buruzko Plana.

– Errepideen Lurraldearen Arloko Plana 1999-2016.

Aipatutako agirietatik, aipatzekoa da IEEBrako azterlanean LZPren Aldaketa ondorengo plan bereziekiko bateragarria den erabakitzeko egin beharreko azterketa:

2.6.2.1.– EAEko ibaien eta erreken ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

IEEBrako azterlanak ziurtatu egin beharko du LZPean ezarritakoaren arabera, urbanizazioek eta eraikuntzek ibaiarekiko utzi beharreko tarteak errespetatzen direla.

2.6.2.2.– EAEn Uholdeei Aurre egiteko Osoko Plana.

LZPren aldaketa Uholdeei Aurre egiteko Osoko Planarekin bat datorren eta bien artean bateraezintasunik dagoen aztertuko da.

Horrez gain, LZPren aldaketak kontuan izan beharko ditu Uraren arloko eskumenak dituen organoak (Uren Zuzendaritzak) Lurzorua uholde-arrisku mailaren arabera erabiltzeko emandako irizpideak uholde-arrisku garaian izan ditzakeen ahuleziak eta sor ditzakeen kalteak gutxitzeko.

Betiere, plan edota programa hauekin bateraezintasunak badaude, ekintzak baliogabetu edo ordezkatu egingo dira.

2.6.3.– Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

IEEBren azterlanak gaur egungo ingurumen-egoeraren alderdi garrantzitsuenak aipatu beharko ditu eta, plana aplikatu ezean, ingurumenak izango duen bilakaera.

Ahalik eta zehatzen identifikatuko dira honako alderdiok:

a) Eragin handia jasan dezaketen (7) guneetako ingurumen-ezaugarriak.

b) LPP aldatzeko garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak (urak har ditzakeen aldeak, kutsatutako lurzoruak, eta abar).

c) Ingurumen mailan garrantzi berezia duten aldeak, adibidez, gune kalteberak (8).

Gutxienez ondokoak izango dira kontuan:

– Europako Natura 2000 Sarea EAEn. Garrantzi komunitarioko lekuek eta hegaztientzako babes bereziko guneek osatzen dute.

– EAEko gune naturalen sarea. Parke naturalek eta babestutako biotopoek osatzen dute (deklaratuak edo deklaratuak izateko fasean), Natura 2000 Sarean sartutako espazioetako batzuekin osorik edo zati batez batdatozenak.

– EAEko Lurralde Antolaketako Jarraibideetan zehaztutako natur intereseko aldeak.

– EAEko Natur Intereseko Guneen katalogo irekia.

– EAEko Hezeguneetako Lurraldearen Arlo Planean dauden espazioak.

– EAEn Arriskuan dauden Espezieen Katalogoko fauna eta flora espezieen populazioen banaketa-eremuak, batez ere arriskuan dauden espezieak kudeatzeko onetsitako planetan zehaztu diren interes bereziko aldeak.

– EAEko korridore ekologikoak.

– EAEko Paisaia Berezi eta Nabarmenen Katalogoa.

– Interes komunitarioko espezieak (92/43/EE Zuzentaraua Natura 2000 Sarea): taxonetarako, gainera, haiekin harreman estua duten espezieak aintzat hartuko dira, eta horiek hazteko, elikatzeko, ugaltzeko e.a. babesleku diren habitatak ere bai.

– EAEn arriskuan dauden espezieen katalogoan dauden flora eta faunako populazioen edo indibiduoen banaketa-eremua, 1:5.000 eskalan.

– Arriskuan dauden espezieak kudeatzeko planak, administrazio eskudunek onetsiak eta adostuak.

– Kultur ondareko elementuak eta ustezko arkeologi guneak.

– Balio agrologiko handia duten lurzoruak.

Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

2.6.4.– Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

Kalte garrantzitsuak eragiten dituzten jardueretan (larriak) eskatuko da nazioartean, batasunean, estatuan eta erkidegoan ezarritako ingurumena babesteko helburuak eta plan aplikatuko den gunearen eremu geografikoa kontuan izango dituzten arrazoizko beste aukera batzuk (teknikoki eta ingurumen ikuspuntutik bideragarriak) aurkezteko. Beste proposamen horiek eskatuko dira erreferentziako ingurumen irizpideak (9) kontuan hartzen ez dituzten plan edo jarduerak direnean eta eragin kritikoak sor ditzaketenean.

Aukera desberdinen ingurumen-azterketa beti alderatu beharko da 0 aukerarekin, hau da, planik ezarekin.

2.6.5.– Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

Ingurumenean eragin ditzaketen (10) kalterik garrantzitsuenak (11) eta haien arteko erlazioa identifikatzen saiatu beharko da.

IEEBren azterlanak eragin kritikoak (12) identifikatu beharko ditu, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe.

Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.

2.6.5.1.– Natura 2000 sarea.

Trukutxo eremutik Izarraitzeko GKLra dagoen distantzia kontuan hartuta, lekua babesteko helburuetan eragin nabarmenak gertatzeko aukera gutxi dago. Dena den, puntu hori IEEBren azterlanak berak egiaztatu beharko du.

2.6.5.2.– Landaredia eta fauna.

Lehen aipatu den moduan, Trukutxo aldeko basoak gaur egun radiata pinuz eta atlantikoko belardiz osatuta badaude ere, badirela tokiko bertako zuhaizti txiki baina oso interesgarriak (haltzadi kantauriarrak eta harizti azidofiloak). Hala eta guztiz ere, gaur egun Trukutxon dagoen intereseko landaredian ez du kalte larririk sortuko. Larriena da, eremu hori artifizialduta ibaiertzak ingurumen aldetik berreskuratzeko izango den zailtasuna.

Bestalde, IEEBrako azterlanak zehaztu egin beharko du Trukutxon garatuko den industriak kalte larririk eragingo ote duen belatz handiaren (Falco peregrinus) bizimoduan.

2.6.5.3.– Barnebide ekologikoak.

Adierazi den bezala, Trukutxo aldea garatzearekin, eremu funtzional osoan zehar lotune ekologiko garrantzitsua den Urola ibaiaren tarte bat artifizialduko da. Gainera, ibaiaren ondoko beste tarte batzuk ere nahikoa artifizialduta daude dagoeneko; beraz, IEEBrako azterlanak ongi aztertu beharko du alor horren garapenak nola eragingo duen ibaiak barnebide ekologiko bezala betetzen duen funtzioan.

2.6.5.4.– Nekazaritzako lurzorua.

IEEBren azterlanak egun Trukutxo eremuan garatzen den nekazaritzaren aktibitatearen gaineko eragina zehaztu beharko du. Oinarritzat jotzen da planaren proposamenek nekazaritza-ustiategietan eragiten dituen ukipenak EAEko Nekazaritza eta Basozaintzaren Lurraldeko Arlo Planean dagokion atalean definituta dauden nekazaritzako aldagaietan oinarrituta ebaluatu beharko dira. Atal hori nekazaritzaren sektorean izango duen eraginaren ebaluazioari buruzkoa da eta egun hasierako onespena du. Ebaluatzeko orduan kontu hartu beharreko nekazaritzako aldagaiak honako hauek dira:

a) Antolamendu-kategoria bakoitzean eragindako azalera.

b) Eragindako nekazaritzako ustiategien kopurua eta horien orientazio tekniko eta ekonomikoa.

c) Ustiategi bakoitzean izango duen eragina: partzelen zatiketa, azalera osoaren neurriak, forma, irisgarritasuna eta balio agrologikoa.

d) Etorkizunean nekazaritzako unitate iraunkor gisa hartuta, zona horrek izango duen eragin orokorra.

e) Kutsatzaileek igor ditzakeen emisioek eragindako azalerak.

2.6.5.5.– Lurzoruaren kutsadura prebenitzea eta zuzentzea.

Aldaketaren eraginpeko aldean lurzoruaren kalitatea bermatuko da, otsailaren 4ko 1/2005 Legeari, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoari jarraituz. Bereziki, otsailaren 4ko 1/2005 Legearen, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoaren 17.1.d) artikuluari jarraituz, garai batean lurzorua kutsa zezakeen jardueraren bat egon den kokaguneari kalifikazioa aldatuko balitzaio, lurzoru horren kalitatearen adierazpena egin beharko da.

Lur-mugimenduak eta indusketa-lanak egiterakoan lurzoruan kutsadura atzemanez gero, jardueraren arduradun zuzenak horren berri eman beharko dio Udalari eta Euskal Autonomia Erkidegoan eskuduna den Ingurumen Organoari. Geratzen den lurzoruaren kalitatea kokaleku horretan jarriko den jarduerarako egokia dela bermatu beharko da.

2.6.6.– Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

LPP egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Edozein kasutan, planaren eragin negatibo posible eta esanguratsuenak, lehenago identifikatu direnak, prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko aurreikusitako neurriak zehaztuko dira.

Azkenean egingo diren jarduerak eta kapital naturala galtzea eragiten dutenak konpentsatu egin beharko dira kapital hori handitzearen edota hobetzearen bitartez (Ingurumen Esparruko bigarren Programa (2007-2010). Bigarren Lehentasuna). Lehentasun honekin bat etorriz, Trukutxo eremuaren zabalera Amue eremuko ekonomia-jarduerak lekuz aldatzeak sortuko dituen beharretara egokitu beharko litzateke, neurriak gainditzea saihesteko. Era berean, aurreikusitako kapital naturala galtzea konpentsatu beharko litzateke Urola Kostako Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Zatiko Planean planteatutako gainerako garapenen artean antzeko lurzoru kopurua libre utziz. Azkenik, Amue eremuan aurreikusitako bizitegi-garapenak Eremu funtzionaleko beste tokitan lurzorua libre uzteko aukera eman beharko luke.

Plana edo programa garatzeko agirietarako ingurumen-jardunbideak ezarriko dira. Jardunbide horien helburua ondoren aipatuko diren ingurumen-arloko berariazko helburuak garatzea izango da, planaren fase honen garapenerako planen edo jardueren eragin kaltegarriak (larriak, gogorrak...) mugatzeko asmoz eta, ondorioz, gerora neurri zuzentzaile edota konpentsazio-neurriak ezartzeko beharra murrizteko asmoz. Beraz, hurrengo baterako edo bakarkako ebaluazioetan eta proposamenak aurkitzea eta zehaztea helburu duten planetan jaso beharreko irizpideak ezarri behar dira.

Ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, planean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaien ingurumen-ebaluazioa eta zeini ez, planak, neurri handiagoan edo txikiagoan, ondoren datozen helburuak gara ditzan:

1) Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.

2) Energia-eraginkortasuna sustatzea.

3) Hondakinen sorrera murriztea.

4) Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.

5) Mugikortasun iraunkorra sustatzea (13).

6) 2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.

7) Dibertsitate biologikoa mantentzea.

Proposatuko diren neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoek kontuan izango dute:

2.6.6.1.– Landaredia.

IEEBrako azterlanean landaredia babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak proposatuko dira (Habitatei buruzko Zuzentarauan eta 16/1994 Legearen 39. artikuluan ezarritakoa betez (14)). Neurri horiek LZPan jaso beharko lirateke gero, industria alorra garatzeko jarraibide lotesle moduan, eta honakoa jasoko dute gutxienez:

a) Neurriak hartuko dira Urola ibaiaren ertzak ingurumen aldetik leheneratzeko. Ibaiertzetan landaredi trinkoa jarriko da ibaiertzetara ez iristeko, paisaiaren hesi bihurtu eta higadura egonkortzeko elementu gisa aritu dadin. Landaredi hori ohiko bertako zuhaitz eta zuhaixkaz osatuko da eta ibaien LAPan alde horretako eraikintzat ibaiertzarekiko utzi beharreko tartea adinako zabalera izango du.

b) Zuhaitzak eta zuhaixkak taldetan eta lerroetan kokatuko dira, inguruko landaredi naturalarekin bat egiteko.

c) Landareztatze bidez habitat naturalen antzekoak sortu nahi dira.

d) Neurri zorrotzak hartuko dira prozesu inbaditzaileak eragin ditzaketen espezieak kontrolatzeko (Fallopia japonica, Cortaderia selloana, banbua, eta abar) lur-mugimenduetan edo landareztatze-garaian.

e) Landareztatzeak edo landarediak berreskuratzeko lanek ez dute kalterik sortuko beste landare espezie batzuetan; arreta berezia jarriko da Trukutxoko meandroan, Urola ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen haltzadi kantauriar lerroa zaintzeko.

f) Eremu horretako ingurumena berreskuratzeko jarritako mugek sor ditzaketen kalteak aztertu ondoren, IEEBrako Azterlanak eremu funtzionalaren beste alde batzuetan tokiko bertako landaredia berreskuratzeko konpentsaziozko neurriak proposatuko ditu, Trukutxoko aldaketan eragindako azalera berdinean edo handiagoan.

2.6.6.2.– Barnebide ekologikoak.

IEEBrako Azterlanak neurriak proposatuko ditu Urola ibaia barnebide ekologikoa izaten jarraitu dezan, esaterako aurreko atalean proposatutakoa.

2.6.6.3.– Nekazaritzako lurzorua.

EAEko Nekazaritza eta Basozaintzaren Lurraldeko Arlo Planean dagokion atalean definituta dauden nekazaritzako aldagaietan oinarritutako ebaluazioa egin eta gero, neurri zuzentzaileak behar dituzten nekazari-ustiategien gaineko eraginak aurkitzen badira, IEEBren azterlanak honako neurriak kontuan izan beharko lituzke, nekazaritza-sektorearen egiturazko baldintzak hobetzeko:

a) Ustiategien neurriak berrezartzea.

b) Lekuz aldatutako ustiategiak lur alternatiboetan berriz jartzea.

c) Agroaldeak sortzea.

d) Eragindako ustiategien errentagarritasuna handitzea (ureztatzeko azpiegiturak, sarbideak, modernizazioa, etab.).

e) Proiektua betearaztean lurra mugituko dela aprobetxatuz, lurzoruak hobetzea.

f) Nekazaritza-eremuetako gizarte-zerbitzuak hobetzea.

g) Nekazaritza-eremuak infokomunikazio-azpiegiturez hornitzea.

h) Nekazaritza-paisaia eta baliabide naturalak babesteko bideratutako neurriak.

2.6.7.– Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

Planak eta bere baitako jarduerek sor ditzaketen eragin garrantzitsuenak (15), positiboak nahiz neurri babesle eta zuzentzaileak behar dituztenak, eta bakoitzarentzako adierazleak identifikatu ondoren, horiek guztiak gainbegiratzeko arduraduna nor izango den adierazi behar da eta gainbegiraketa zein fasetan txertatuko duen plangintzaren sisteman, edo bestela, neurri horien iraupena eta maiztasuna zein izango den.

Adierazleak ezarriko dira, gutxienez, planak eta bere baitako jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuenak (16) neurtzeko. Ingurumenaren gaineko eragin esanguratsuak badaude, jarraipen bat egin beharko da; horretarako adierazle batzuk ezarriko dira lehenik. Horixe egingo da plan honetan esanguratsuak izango diren ingurumen-helburu eta iraunkortasun-printzipioetan. Adierazleak ezartzeko, gutxienez, honako hauek aztertuko dira:

a) Oinarrizko adierazleak (17) [eredu kausalean oinarrituta (18)].

b) Goiburuko ingurumen-adierazleak (19).

c) EAEko iraunkortasunaren adierazleak (20).

d) Europako egiturako adierazleak.

2.7.– Informazio eta kontsultarako moduak.

Hainbat planek eta programak ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 9 eta 10. artikuluetan ezarritakoa betetzeko, atal honetan informazioa eskatu eta kontsultak egiteko modua definitzen da, eta eragindako administrazio publikoak nahiz herritar interesatua identifikatzen dira.

Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:

a) Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei (begiratu beheraxeago dagoen zerrendan) kontsulta egiteko planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren azterlana bidaliko zaizkie.

b) Planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren azterlana jendaurrean jarriko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratuko den iragarki bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

2.8.– Eragindako Administrazio Publikoak eta herritar interesatuak identifikatzea.

Ondorengo Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta, gutxienez:

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.

– Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritza.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.

– Azpeitiko Udala.

– Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa IHOBE.

– EHNE nekazaritza sindikatua.

– Ekologistak Martxan elkartea.

3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 16a.

Ingurumen sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

OHARRAK

(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

(2) Otsailaren 21eko 32/2006 Dekretuaren bidez behin betiko onartuta eta 2006ko martxoaren 24ko EHAAko 59. zenbakian argitaratuta.

(3) 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa.

(4) Gune txiki samar eta ondo mugatuak batzen dituzte; gune horiek espeziearen iraunkortasunerako interesa duten elementuak izateagatik sentiberatasun handiko lekutzat hartzen dira. Habiak, umealdi-koloniak, lurraldeen toki nuklearrak, ugalketa-urmaelak edo babeslekuak dira eta toki horiek galtzeak edo hondatzeak ondorio kaltegarriak eta larriak ekarriko lizkioke poblazioari. Lekuen kokapena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek edo Eusko Jaurlaritzak eskatutako eta argitaragabeko txostenetik edo ornitologia-elkarteek beren kabuz egindako txostenetik hartu dira.

(5) Garrantzi komunitarioko espeziea. 4. artikulua: I. eranskinean aipatzen diren espezieen habitaterako bereziki zaintzeko neurriak hartuko dira, espezieak bere eremu propioan bizi eta ugaltzen direla ziurtatzeko.

(6) 167/1996 Dekretua, uztailaren 9koa, Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoa arautzen duena (1996ko uztailaren 22ko EHAAko 140. zenbakia)(eta horren hedapenak).

(7) Kontuan izan beharreko ingurumen mailako eraginak, arrazoizko probabilitate-maila aurreikus dakiekeenak izan daitezke. Arretaren printzipioa aplikatzea: ez da ziurtasun-kontua, kalte handiak eragin daitezkeelako probabilitatea baizik.

(8) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 51. artikulua eta hirugarren xedapen iragankorra.

(9) Orokorrean balio duten arau eta azterlan teknikoetan ezarritako balio-gidak. EAEko Ingurumeneko Esparru Programa; Hirietako ingurumenari buruzko gai-estrategiaren gainean Batzordean egindako komunikazioa; Tokiko Agenda 21; Aalborg-eko gutuna (sinatuta baldin badago); 16/1994 Legea, Natura Zaintzeari buruzkoa; Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EE Zuzentaraua, habitat naturalak eta basa-landaredia eta fauna zaintzeari buruzkoa; Lurzorua eta Hirigintzako 2/2006 Legea, LAG, LAP…

(10) Kontuan izan beharreko ingurumen mailako eraginak, arrazoizko probabilitate-maila aurreikus dakiekeenak izan daitezke. Arretaren printzipioa aplikatzea. Ez da ziurtasun-kontua, kalte handiak eragin daitezkeelako probabilitatea baizik.

(11) 2001eko ekainaren 27ko 2001/42 Zuzentaraua, II. eranskina, planek eta programek ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoa. 2001/42 Zuzentaraua aplikatzea, 3.48-.61 bitarteko idatz-zatiak.

(12) 1. eranskina. Irailaren 30eko 1131/1988 EDko kontzeptu teknikoak. Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia.

(13) Tokiko Agenda 21. Mugikortasun iraunkorrerako Udalerri Planak lantzeko gida praktikoa.

(14) Ekainaren 30eko 16/1994 Legea, Euskal Herriko Natura zaintzeari buruzkoa.

(15) Atzeman diren eta izan daitezkeen eraginetatik garrantzitsuenetan sakontzea komeni da plan-motaren arabera eta, batez ere, plana aplikatzeko fasearen arabera (I. eranskina 2001/42/EE Zuzentaraua aplikatzea-Gainbegiraketaren norabide praktikoa).

(16) Atzeman diren eta izan daitezkeen eraginetatik garrantzitsuenetan sakontzea komeni da plan-motaren arabera eta, batez ere, plana aplikatzeko fasearen arabera (I. eranskina 2001/42/EE Zuzentaraua aplikatzea–Gainbegiraketaren norabide praktikoa).

(17) EAEko ingurumenaren egoera lantzeko oinarri dira, eta Euskal Herriko Ingurumena babesteko Lege Orokorrean ezarrita dagoen bezala, hiru urtean behin landu beharko da.

(18) Kate kausalaren eredu bat gaur egun DPSIR da (Driving forces, Pressures, State, Impacts, Responses/Mugimen-indarra, Presioa, Egoera, Inpaktua eta Erantzuna) / Un modelo actual para la cadena causal es el DPSIR.

(19) Oinarrizko adierazleetatik adierazle gutxi batzuk aukeratzen dira eta horiek emango dituzte ezarri diren ingurumen-helburu nagusien joera orokorrak. Adierazle horiek, gainera, hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren arteko hartu-emanak lotzen dituzte. Horiekin urteko txosten bat prestatzen da, Euskal Herriko ingurumenaren bilakaera modu erraz eta azkarrean adierazten duena.

(20) Euskal gizartearen bilakaera islatzen du bere osotasunean, hau da, ekonomia, gizarte eta ingurumen dimentsioetan. Europako egiturako adierazleetatik abiatuta ezartzen dira.


Azterketa dokumentala